Estilo ertainaren bila
Egilearen asmoa gogoeta bat eskaintzea zen, orain 18 urte Arantxa Urretabizkaiaren 'Koaderno gorria' gaztelaniara itzuli izanaren esperientziaz. Hartara jarrita, ordea, gogoak beste bide batzuetatik eraman du, eta, azkenean, oroimen-ariketa bihurtu zaio saioa. Ricardo Pigliaren estilo medio kontzeptua hartu du abiapuntutzat: azken 40-50 urteotan, ia hutsetik hasita, estilo ertain bat mamituz joan dira hezkuntzan, administrazioan, komunikabideetan, literaturan dabiltzan idazlari eta itzultzaileak. Hiru baieztapen proposatzen ditu autoreak: 1) Koaderno gorria estilo ertaineko ariketa bat da; 2) bere itzultzaile-ibilbideari begira jarrita, estilo ertaina izan du helburu inplizitu, oinarrizkoenetako bat; 3) azken 40-50 urteotako euskal literaturan, suma daiteke zain bat, estilo ertaina berariaz xede literarioz darabilten obrek osatua.
Itziar Otegik posta elektronikoz galdetu zidanean ea Koaderno gorria itzultzearen esperientziaz ezer kontatzerik ba ote nuen Idazleak Itzultzaileen Lantegian1 saioetan, larritu nintzen pixka bat: aspaldiko kontua zen hura, joan den mendekoa; ez nuen ia ezertxo ere gogoan itzultze-prozesu hartaz; zer konta nezakeen nik? Gehienez ere, lantegian parte hartzen zuten itzultzaileek jatorrizkoan aurkitutako arazoren bat edo beste argitzen saia nintekeen; horixe zen nire ekarpen posiblea, eta hori egitekotan esan nion baietz Itziarri.
Hala ere, gero, nire errotak bere lana egiten jardun du, eta ideia batzuk agertu eta elkarrekin lotuz joan zaizkit. Hainbesteraino, non, azkenean, El cuaderno rojo itzulpenaz baino gehiago, beste gauza batzuez dihardudan. Atzera begira jartzeko joera sumatzen dut azkenaldian; erretiro-haizea jotzen hasita dagoelako izango da.
Kontzeptu bat eta hiru proposamen
Bota dezadan hasieratik nire jardunaren kontzeptu nagusia: estilo ertaina. Estilo ertaina, Ricardo Pigliak kontzeptu hori –estilo medio– darabilen zentzuan; geroago azalduko dut. Kontzeptu hori ardatz hartuta, hiru proposamen egingo ditut:
- Urretabizkaiak Koaderno gorrian egin duena estilo-ariketa bat da: estilo ertainezko ariketa bat, zehatzago.
- Nire itzultzaile-ibiliari begirada emanda, orain ageri zait estilo ertaina lortzea izan dela helburu inplizitu bat, oinarrizkoenetakoa; oinarrizkoena, beharbada.
- Nire aburuz, azken 40-50 urteotako euskal literaturaren (eta, beraz, euskal itzulpengintzaren) historian, suma daiteke zain bat, estilo ertaina literatura-asmo zehatzez erabiltzen duten obrek osatua.
Estilo ertaina
Hizkuntza orok du estilo ertain, konbentzional bat, bere unibertso formalaren erdialdean. Estilo hori kontsentsuz lortzen da, eta, kontsentsugintza horretan, era guztietako idazlariek esku hartzen dute: hezkuntza-mundukoek, kazetariek, esatariek, idazleek, itzultzaileek… Eguneroko hizkuntza konbentzionala zertuz, errepikatuz, berretsiz, landuz, etengabe jartzen dituzte zirkulazioan estilo hori osatzen duten esapideak, moldeak, hitzak…
Euskaraz ere modu nabarmenean ari gara horretan azken 40 urte honetan. Estilo ertain hori gauzatzeko eta zabaltzeko ahaleginean ari gara, gehien erabili ohi diren formak atzematen, inguruan aurkitzen ditugun hiztun klasikoen esamoldeak jasotzen, idazle eredugarriengandik ikasten, zabalduz doazen hizkerez jabetzen… Laburtuz, Juan Garziak «lan kolektibo, ez-ozen, iraunkor, errealista, egunerokoa» hitzez deskribatzen zuen lantegi horretan ari gara (Garzia, 2013).
Ricardo Pigliak leku berezia egozten zigun eginkizun horretan itzultzaileoi (2000: 90):
La práctica casi invisible, casi anónima de los traductores registra y cristaliza las normas del estilo literario. Todo traductor acata esas normas implícitas y al traducir reproduce los registros posibles del estilo literario dominantes en una época.
Literatura-estiloaz ari da Piglia, baina, gure kasuan, esan bezala, oinarrizkoagoa da lan hori: euskararen unibertso formala osatzen duten administrazioak, hezkuntzak, komunikabideek ere parte hartzen dute eginkizun horretan, literaturak ez ezik. Eta, sail horietan, denak izan dira, izan gara itzultzaile, hein batean edo bestean.
Nire itzultzaile-ibilbidea, estilo ertainaren atzetik
Nire lehen liburua itzultzen hasi berri nintzeneko pasadizo bat datorkit gogora. Vladimir Arseniev-en Dersu Uzala zen liburua, eta Josu Zabaletaren erronkari erantzunez ekin nion itzultzeari; gaztelaniatik, ez errusieratik. Akira Kurosawaren filma zabaldu berria zen gure artean, eta egokia iruditu Josuri liburu hura euskaratzea. Egun haietako batean, gogoan dut Pello Lizarralderekin egin nuela topo kalean. Zehatz dezaket noiz eta non gertatu zen hori: 1980ko ekainean, San Juan eguna urrun ez zela; Donostiako Prim kalean, Bellas Artes zinearen inguruan. (Arzak-en afaltzekoak ginen pisukideak, ikasturtean sobratutako diruak gastatze aldera. Arzaken izan naizen lehen eta azken aldia izan zen hura; beharbada, horrexegatik geratu zaizkit xehetasunok gogoan). Pello Lizarralderekin egin nuen topo, eta Dersu Uzala itzultzen hasia nintzela kontatu nion; ulertzen ez zuelako aurpegia jarri zuen, «Zertarako? Bazegok gehiago merezi duenik» esango balit bezala, eta nik esan nion eleberri arrunt bat, kontakizun konbentzional bat euskaratzea erronka bat zela, hala ikusten nuela nik; kontakizunak modu konbentzionalean, arruntean, artistikoki markatu gabean kontatzen ikasi behar genuela, esperimentazioan jardun baino lehen; edo esperimentazioak normaltasuna konkistatu ondoren –estilo ertaina konkistatu ondoren– zuela zentzua, ez aurretik. Edo nahikoa esperimentazio zela normaltasun hori bilatzea. Ez dakit oso ados zegoen. Ezetz esango nuke.
Orain, nire itzultzaile-ibilbideari begira jarrita, agertzen zait hasieratik izan dudala xedetzat estilo ertainaren bilaketa. Ideia hori beti egon da hor, inplizituki, ez oso modu ohartuan: nire eta, oro har, itzultzaileon helburu oinarrizkoenetako bat (garrantzitsuena?) naturaltasun egoki bat lortzea zela; estilo ertaina, alegia. Niretzat, itzultzean –edozein testu itzultzean: panfleto politikoa, enpresa bateko memoria, literatur testu bat– ordena horretan hurbildu bainintzen ni lehenengoz itzulpenera-, helburua, senak eskatzen zidana, zen sorburu-hizkuntzako testu bat eraldatzen hasi, eta hasieran artefaktu gordin, gozakaitz, irakurgaitz zena pixkanaka testu natural, ondu, xede-hizkuntzan berez sortua balitz bezala irakurtzeko modukoa bihurtzea. Hitzak, esaldiak, modurik naturalenean kateatzea. Euskarara isuritako testua berez berria izanik, hala ere natural gertatzea; sinpletasun aratz, estilizatu, dotore bat lortzea.
Estilo ertain baten konkistaren historia
Euskal itzultzaileok joan deneko hogeita hamar-berrogei urte honetan egindako bidea ere ikus daiteke naturaltasunaren bilaketa gisa. Alfabetatu berritan hasi ginen itzultzen, ia hutsetik. Orduan ere bazen tradizioa, hari mehe ezkutu bat, baina ez genuen ezagutzen edo ez zigun balio (hala iruditzen zitzaigun behintzat). Nola izan naturaltasunik? Kontraesanaren muinetik ari ginen, ezetik baia sortuz. Naturaltasunak ohitura, errepikapena, egunerokotasuna esan nahi baitu; eta gure egunerokotasuna perla berrien aurkikuntza sorta bat zen; Aldizkari Ofiziala itzultzea, poesia hutsa egitea.
Nola edo hala, ordea, egin dugu bidea, iritsi gara norabait. Itzultzaileok (eta kazetariok, eta irakasleok, eta beste idazlari guztiok) arau inplizituei men egiten, aldian-aldian garaiko komunikazio- eta literatura-estilo nagusiko erregistroak erreproduzitzen saiatuz, estilo ertain, konbentzional bat helburu: gauzak natural esateko moduaren bila, testu gordin, belarria mintzen zutenak nagusi ziren garai haietatik gaur arte.
Azken 40-50 urteoi begira, uste dut normaltasuna konkistatu nahi baten historia gisa konta litekeela itzultzaileon jarduna. Eta euskararen bilakaera, eta euskal kulturarena. Estilo ertaina lortu nahia normaltasuna lortu nahiaren barruan dago; normaltasuna, esaldien sintaxian ez ezik, euskal itzulpengintzaren eta euskal literaturaren sisteman; euskal kulturan, euskal gizartean...
Poesian, eleberrian, ipuinean eta abarretan estilo ertaina berariaz erabiltzen denean, ariketa literario gisa ageri da. Asmo literarioak gidatutako estilizazio berezi bat agertzen da orduan, estilo ertainari dagozkion ezaugarriak (euskara arrunta, ahozkotik gertukoa...) xede artistiko baten zerbitzuan jartzen direnean.
Euskal literaturan ere segi daiteke zain horren arrastoa. Aurkitu daitezke estilo ertaina literatura-asmoz erabiltzen duten ariketa batzuk. Koaderno gorria da haietako bat, hasieran proposatu dudanez.
Beste bat –zain horren arrastoaren bila hasita, jo dezadan hasierara– Arestiren Harri eta Herri bera dateke. Harrituko da norbait, proposamen honen aurrean. Bai, poesia da, baina hasierak nahasiak dira beti; poesia modu hura gertuago zegoen prosatik, hots, prosaikoagoa zen. Eta horregatik zen berria guretzat, hain zuzen ere. Arestik euskera klaroa aldarrikatzen zuenean, jende arruntaren euskara errealetik gertuago zegoen euskara ari zen aldarrikatzen (euskara mantxatua ere aldarrikatu zuen; Anaitasunan, oker ez banago; gauza beraz ari zen). Harri eta Herrin, euskara klarua aldarrikatzeaz gainera, euskara hartaz baliatu zen, hots, literatura-asmoetarako baliabide bihurtu zuen. Adibidez (Aresti, 1986: 11)2:
Orain Jurgi Oteitza ez dakit non egonen den. Ni hemen nago, Basurtun. Kontuak atera ditut, eta, etxera bihurturik, ikusten dut oraindik telebista erosteko ez dudala aski irabazten. Bista laburra dut, eta nire sudurraren aurrean dagoena ikusten dut bakarrik. Zer egin behar dudan inork esan diezadan nahi nuke.
Hitzak bertsotan paratu ordez, denak segidan jarri, eta horra zer ageri zaigun: hurbileko norbaiti egiten zaion gutun arrunt bat dirudi. Euskara klarua, estilo ertaina. Estilo ertainezko ariketa da Harri eta Herri ere.
Ibon Sarasolaren Joan eta Ane zigarro bat erretzen izan daiteke beste ale bat arrasto horretan. Esku-eskura nuelako aipatzen dut. Irakurtzen hasi orduko, hara zer aurkitu dudan (1977: 7-8):
-Ez dakit, burua nahasturik dut.
Anek hasperen nekatu bat egin du, makalki. Arnasa apur bat hartzen du.
-Pasa egidazu zigarro bat. Ez dakit. Ba ote duen sentidurik pentsatzen dut.
-Zer?
-Sentidurik ote duen. Honek.
-Nola sentidurik.
Joanek tapaki azpitik eskua ateratzen du, mahai txikirantz. "Ez dakit. Beharbada kontraproduzentea da guzti hau"entzuten du. Hotza sentitzen du beso biluzian ohe barrutik iluntasun etsaira ateratzen duenean. "Kontraproduzentea"pentsatzen du eta aurreko mementoez gogoratzen da. Kristala behatzen puntaz ukitzen du, han eta hemen, paketea aurkitu nahiz. Orain arte ez da konturatu mahai txikiak kristal bat duela gainean...
Eszena arrunta: neska-mutil batzuk ohean, zigarro bat erretzen. Eszena arrunt hura, ordea, oso berria zen 1977an euskal literaturan. Literatura minimoa, keinu txikiak: besoa luzatu tabako-paketearen bila, hotza sentitu, kristala ukitu... Kontakizun hori, hala ere, hirugarren pertsonan dago egina, ez lehenengoan, Harri eta Herrin bezala; hurbilago gaude Koaderno gorriatik. Are gehiago, badute antzik bi kontaerek.
Abangoardia vs estilo ertaina...
Pello Lizarralde aipatu dut lehen. Haren ibilbidean ere –beste inorenean baino gehiago, beharbada–, azter daitezke estilo ertainaren inguruko ariketa horiek; literatura minimoa, keinu txikiak, une-unekoa... Baina Pellorenak beste azterbide bat eskatzen du; orain ez naiz horretan ari. Orain, duela 40 urteko hasiera haietara jo nahi dut.
Dersu Uzala itzultzen hasia nintzela esan nionean, Pellok ez zirudien oso ados. Izan ere, nola onartuko dizu hori artista abangoardista batek? Abangoardiaren, esperimentazioaren, aurkikuntzaren sutan erretzen zen orduan Pello, Ustelan plaquette poetikoak argitaratzen zituenean (Hilargiaren hotzikarak, Ustela, 1978), Haizea musika-talde neofolkarentzat (Oskorri jaio berriaren pareko taldea, Txomin Artola eta Amaia Zubiria buru zituela) letrak idazten zituenean, haien emanaldietan aholkulari artistiko aritzen zenean, kontzertuetan agerraldi harrigarriak egiten zituenean (bat-batean musikarien artetik jendaurrera azalduz, ballet garaikideko pauso eta jauzi ausartak eginez, eta ikus-entzule guztiok txundituta utziz, «Aupa Pello! Heu haiz handiena!», «Pello, zer ari haiz hor leotardo horiek jantzita!» oihuka gu, hura ezagutzen genuenok, ustekabean harrapatuta, haren jardun espresionista hari harri eta zur begira). Halako artista totalaren bokazioa baitzuen Pellok bere 21-22 urtetan: poeta, Argiako kazetari, koreografo eta dantzari... Eta ni kontaera arrunt, konbentzional, ez-artistikoaren konkista genuela erronka esanez hari: nola egongo zen, ba, ados?
...edo Hilargiaren hotzikarak vs Koaderno gorria
Hain zuzen ere, Pello Lizarralderen Hilargiaren hotzikarak (Ustela saila, 1978) egokia liteke estilo ertainarena kontrastez hobeto atzemateko. Izenburutik bertatik hasita: Hilargiaren hotzikarak; Hilargia H larri hori aurre-aurrean duela, garai hartako zeinu adierazkor askoa; Hilargiaren hotzikarak, titulu espresionista, poetikoa, fantastikoa... estilo ertainetik urrun, nolanahi ere. Eta liburuxkaren hasiera:
... hilotzak berriz blai ura hilobietaraino iritsi baita
gaueko erotasun zahar honek bultzatzen nau espaloien ilunpe hau goxatzera. Ladrailu bakoitza kontatzen dut mozkorrean hilargiaz blai teilatu ertzetik darion itukin izoztuaren bila lore zapuztuez betetako kolkoa erdibiturik ezartzen gara atari zikinaren ondoan eta hilargiaren ura bizkarretik behera besteak ere gaueko farolek ematen duten argi itsuetan labainduko direla itxadoten...
Hasiera horretan, ez da ez nor, ez non, ez zer argirik; jario subjektibo inpresionista askotariko bat baizik.
Horren ondotik, har dezagun Koaderno gorria. Izenburutik bertatik hasita: Koaderno gorria, objektu arrunt bat izendatze hutsa, deskribapenik sinpleena, izena gehi izenondoa, roman objectif baterako balio dezakeena. Eta ikus dezagun hasiera (Urretabizkaia 1998: 7):
Emakume gazte bat heldu da Caracaseko aireportura. Bakarrik egin du hegaldia eta poltsa bat darama eskuan. Maleten zain dagoen bitartean ez du poltsa lurrean uzten, pisu handi samarra badu ere. Emakumearen ondoan, orga txiki bat, hutsik.
Esaldi arruntak, kanpotik deskribatzen dutenak; sintaxi soila; kontaera sintetikoa. Bizpahiru esalditan, gauza asko laburbildu zaizkigu: nor, non, nola, zer… galdera oinarrizkoei erantzuten dieten esaldiak; hala nola kazetaritzaren hizkeran; izan ere, kazetaritza-hizkera da estilo ertainari ekarri ugarien egiten dioten adarretako bat.
Elipsia oharkabean bezala dabil hor. «Ez du poltsa lurrean uzten, pisu handi samarra badu ere». Esaldi horrek, bere sinplean, zerbait du gordea. Emakumeak ez du poltsa lurrean utzi nahi, nahiz eta astuna izan. Zerbait baliosa dago poltsa horretan, emakumeak halako arduraz eta arretaz begira dezan. Gero jakingo dugunez, poltsak koaderno gorri bat du gordea, eta koaderno gorriak, berriz, emakume baten historia, hots, ama baten eta haren seme-alaben historia dauka; eta, historia horren barruan, bada klandestinitate-historia bat ere, doi-doi sumatzen utziko zaiguna… Oharkabean, matrioxka moduko bat planteatzen zaigu hasiera-hasieratik: poltsa > koadernoa > amaren eta seme-alaben historia > klandestinitate baten historia. Baina horretaz gerora ohartuko gara, eleberrian aurrera egin ahala.
Beraz, titulu arrunt bat, bai; estilo ertaina, bai, baina literatura-asmo baten esanera; estilizazio neurtua, estilo-borondate ezkutua.
Koaderno gorria......
Kontaera horrek bere legeak ditu, gauzak ezin dira edonola esan: emakumea «andre gazte bat» da hasieran; bigarren kapituluaren hasieran, berriz, «Aireportuan maleta galdu zuen andrea» da; eta, aurrerago, eskuz idatzi duen ohar bat «L» sinatzen ikusten dugunetik aurrera, ez lehenago, emakumea L izango da irakurleontzat. Letra bakar horretan gordetzen, ezkutatzen da haren nortasuna.
Estilo eutsi, neurtu, estilizatu, ertain hori, hain justu ere, kontakizunari doakiona da: oharkabean pasatu nahi duen norbait da L, «emakume gazte bat»; keinu doiak, ez nabarmentzeko modukoak egiten ditu. Horixe, hain justu ere: ez nabarmentzen saiatzen da, misio klandestino batean ari baita. Kontakizun horri dagokion kontaera ere erraza, ez nabarmentzeko modukoa da; hizkuntza argia, gardena, ikusten ez dena.
Emakume ezezagun horren jarduna ere, iruditzen zait orain, estilo ertaina egiten ari garen idazlariona bezalakoxea da, «ez-ozena, iraunkorra, errealista, egunerokoa»… Hitzok berdin balio dute bai L pertsonaiaren aribidea deskribatzeko bere xede sekretuaren atzetik dabilelarik, bai idazlariok estilo ertain horren peskizan egiten duguna deskribatzeko.
...eta El cuaderno rojo
Azkenean, iritsi naiz Lantegiko saioetan aztergai genuen lanera (alegia, azken-azkenean iritsi naiz).
Hasteko, esan behar dut Koaderno gorria gaztelaniara itzultzea eskaini zidatenean erronka gisa hartu nuela. Horretaz, kontuan izan beharreko pare bat gauza:
Nire formazio-urteak, unibertsitatekoak barne, gaztelaniaz izan ziren ia oso-osorik. 18 urte bete arte, gaztelaniaz egin nituen irakurketa ia guztiak. Ni ere, Arantxa bezala, 18-20 urtetan alfabetatu nintzen; batez ere, euskaraz argitaratzen zen guztia irakurriz, orduan posible baitzen hori, gaur ez bezala. Itzultzaile gisa ere, autodidakta naiz; jardunaren poderioz ikasi dut batik bat, joan den mendean hasi ziren beste itzultzaile asko bezala, gero zenbait irakurketa eta graduondorekin osatu banaiz ere. Alegia, Arantxaren eta nire kasuaren kontrakoa da Garazirena eta Itziarrena3: haiek euskaraz egin dituzte ikasketa guztiak; eta, horrez gainera, itzulpengintza ikasi dute unibertsitatean.
Baina, horrekin batera, gaztelaniara itzultzeko esperientzia oso mugatua da nirea (hiru liburu guztira: literaturaren didaktikari buruzko unibertsitate-saiakera bat, eta bi eleberri –orain hizpide dudan Koaderno gorria eta Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion–). Horregatik diot erronkatzat hartu nuela Koaderno gorria itzultzea.
Koaderno gorria gaztelaniara itzultzeko prozesuaz ezertxo ere ez nuela gogoratzen uste nuen hasieran, baina akordatzen naiz orduan, 1998 edo 1999an, Arantxarekin hitz egin nuela eginkizunaz, eta atalak itzuli ahala berari pasatzekotan geratu nintzela. Nik, egia esan, espero nuen zuzenketa asko egingo zizkidala, berak adierazi nahi zuena ez zuelako ikusiko behar bezala islatuta nire itzulpenean. Baina, nire harridurarako, ez zen halakorik gertatu. Ia ezertxo ere ez zidan ukitu: «zeu zara profesionala, eta, irakurketa hori egin baduzu, onartzen dut» esan zidan. Nire esperientzia falta eta guzti, nitaz fidatu zen.
Koaderno gorria gaztelaniara itzultzea: estilo ertainean dagoen jatorrizkoa estilo ertainean ematea xede-hizkuntzan; horra eginkizuna. Orain arte esandakoaren kontrako norabidean, alegia. Euskaraz estilo ertainean idatzitako eleberri bat gaztelaniara aldatzea proba bat da; proba bat, ikusteko ea nola funtzionatzen duten bi estilo ertainek parez pare jarrita; ikusteko nola islatzen den Koaderno gorriaren estilo ertain, garabidean dena, gaztelaniara pasatuta, hau da, estilo ertain konbentzional sendoa, landua, tradizio luzeak aberastua duen hizkuntza batera. Proba bat da, noski, behin eta berriro egiten dudalako topo neure mugekin.
Itzulpenari gainbegira
El cuaderno rojori gainbegiratu azkar bat emanda (Urretabizkaia, 2002), honako ohar hauek bururatu zaizkit:
1. Testua berrirakurtzen hasi, eta bat bestearen atzetik aurkitu ditut kirrink egiten didaten hitzak eta esaldiak. Adibide batzuk besterik ez:
Ispilu aurrean ilea ondo lehortzen ari zaiola egiaztatu ondoren…
Tras comprobar ante el espejo que el pelo se le está secando bien... (!?)
Beti iruditu zaio atsegina gidatzea, are gehiago, lasaigarri.
Conducir siempre le ha parecido placentero, incluso tranquilizante. (->tranquilizador)
Negarrerako duen joera
Su facilidad al llanto (->facilidad para el llanto eta propensión al llanto, bien arteko nahasketa egin nuen)
Bat-batean, Amaren begiak sumatzen ditu bereekin korapilaturik.
De pronto, ve los ojos de la Madre enlazados con los suyos. (->fijos en los suyos)
2. Planteatu zitzaidan arazo bat: zer motatako gaztelaniara itzuli? Gure artekora? Espainiakora? Nazioartekora? Esango nuke El Paísen irakurle potentzial bat-edo nuela gogoan; baina orain diot hori, ez eleberria itzuli nuenean. Irakurle birtual hura gogoan itzuli nuen Euskal Herrian = en el País Vasco (eta ez en Euskal Herria, gure arteko askok esan ohi duten bezala); ikastola jarri nuen, jatorrizkoan ikastola zetorrenean; eta las Landas, jatorrizkoan Iparraldea ageri zenean.
3. Esango nuke El cuaderno rojoko gaztelania literario ertain hori, oro har, aldenduagoa dagoela ahozkotik (gure ahozkotik, behintzat), Koaderno gorriako euskara literario ertaina baino. Pentsa liteke hori normala dela, euskarazko estilo ertaina oraindik tradizio gutxikoa delako, oraindik meharra, gaztelanizkoaren aldean. Edo pentsa liteke itzultzaileari egotzi behar zaiola hori, ez duelako asmatu gehiago -hobeto- hurbiltzea. Jatorrizkoa dotoretu nahi inkontzientez jokatu ote nuen? Hona adibide batzuk:
Aho zabalik
perpleja
Maleta galdu(ak)
maletas extraviadas
Agian daraman elastikoaren azpian bular tontorrak nabaritzen zaizkiolako (20)
Quizá porque bajo la camiseta se insinúan incipientes sus pechos (15)
Min gehiago egin dio
Más afectada se ha sentido
Argia kolorez aldatu arte deika izan baditu ere.
Aunque han seguido reclamando su atención hasta que el semáforo ha cambiado de color.
4. Euskaratik gaztelaniara pasatzean, kontuan hartu behar da genero-marken kontua: euskaraz neska eta mutila azaltzen diren guztietan ez dagoela beti el chico eta la chica itzuli beharrik, aski dela él eta ella erabiltzea:
Neskak, mutilak bizkarretik zintzilik zeraman motxila eskuetan hartu eta…
Ella ha cogido la mochila que él llevaba colgando de la espalda…
5. Euskarazko zehar-estiloa itzultzean (osagarriak, zehar-galderak…), gaztelaniak zehar-estilo librearen aukera eskaintzen zidan. Kirrinkaren kontrako efektua sentitu nuen kasu horietan:
Biharamunean, goizean goiz, L-k aireportura deitzen du. Ezetz, ditxosozko maleta ez dela oraindik azaldu, baina ez lukeela etsi behar.
Al día siguiente, muy de mañana, L llama al aeropuerto. No, la maleta no ha aparecido todavía, pero no desista, vuelva a llamar.
Ezetz, ez nuela negarrik egin behar, ez zela luzarorako izango, eta nik baimena eman bezain laster ekarriko zituela umeak nik esandako lekura.
No, no debía llorar, aquello no iba a ser por mucho tiempo, y en cuanto yo diera mi consentimiento él traería a los niños a donde le dijera.
Bibliografia
Aresti, G. (1986). Harri eta Herri, Susa.
Garzia, J. (2013) «EEEAAA elkartea (Egoera Errealeko Euskararen Aurrerabide Arruntaren Alde)
eta magia», 31 eskutik, 2013/01/02.
Sarasola, I. (1977). Joan eta Ane zigarro bat erretzen, Ustela saila.
Piglia, R. (2000). Formas breves, Anagrama.
Urretabizkaia, A. (1998). Koaderno gorria, Erein.
_____ (2002). El cuaderno rojo, Ttarttalo.
1. Idazleak Itzultzaileen Lantegian saioak Tabakaleran egin dira aurten, ekainaren 20, 21 eta 22an, eta Itzultzaile Berriak programako zortzi itzultzaileek hartu dute parte, Joseba Sarrionandiaren poema batzuk eta Arantxa Urretabizkaiaren Koaderno gorria langai zituztela.
2. Ukitutxo ortografiko xume batzuk egin dizkiot, hobeto ikus dadin zer esan nahi dudan.
3. Garazi Arrula eta Itziar Otegi, haiek ere lantegiko saioan baitziren.