Itzulges: itzulpengitzarako tresna berria
Itzulpengintza arloan baliabide informatikoen garapena ziztu bizian doa. Oraingo honetan, Iberban egin dugun Itzulges aplikazioa aurkeztu nahi dizuegu. Bere izenak dioen moduan, itzulpenak kudeatzeko sortu da aplikazio hau, baina horrez gain, udal, erakunde edo enpresetan langileek euskaraz lan egiteko tresna praktikoa ere bada.
Erabiltzaileak
Aplikazio honek bi erabiltzaile mota ditu:
Enpresak, udalak… Batetik, itzulpenak egiten dituzten enpresak izan daitezke aplikazio honen erabiltzaileak eta beraren bidez, haiek behar izaten dituzten itzulpen eskaerak egin, jaso, egindako itzulpenak kontsultatu, beraien berezko hiztegia sortu, elikatu eta kontsultatu eta abar egin dezakete.
Beraz, dokumentazio eleanitza kudeatzen duten enpresei zuzenduta dago aplikazio hau, ez soilik euskara-gaztelaniarako, edozein hizkuntzatarako baizik.
Itzulges, testugintza eleanitzan langileak parte aktibo izatea nahi duten enpresa zein erakunderi zuzenduta dago. Izan ere, itzulpen laburrak egiteko edota kanpo itzultzaileek edo erakundeko langileek egindako testu zein itzulpenak zuzentzeko aukera eskaintzen du. Aukera hau administrazioetan, hala nola, udal, aldundi, erakunde publiko eta abarretan oso praktikoa da, Itzulges langileek eurek euskarazko testuak sortzeko edo itzulpenak egiteko tresna praktikoa delako.
Itzultzaile autonomoak edo itzulpen enpresak. Aplikazio hau itzultzaile autonomoentzat erabilgarria da oso, itzulpenak egiteko erabiltzeaz gain, bezeroei zerbitzu gehigarriak eskaintzeko aukera ematen dielako: zuzenketa zerbitzu arina, itzulpenak erraz gestionatzeko era berria, hiztegi propioak sortzeko aukera, etab. Itzulpen enpresentzat ere tresna praktikoa da, itzulpenen fluxu handia dutenez, itzulpenen esleipena, jarraipena, zuzenketa, zuzenketen jarraipena eta abar, egiteko aukera dutelako.
Funtzio nagusiak
Beraz, eta orain arte esandakoaren haritik, Itzulgesek lau funtzio nagusi dauzka:
1. Itzulpen eskaerak kudeatzea
Itzulgesek itzulpen eskatzaileen, itzultzaileen eta zuzentzaileen artean fluxua bideratzen du.
Eskatzaileak. Eskatzaileak, gero azalduko den moduan, aldi berean, itzulpenak egin edo euskara hutsezko testuak sor ditzake.
Itzultzaileak. Hauek ere aldi berean zuzentzaileak izan daitezke, beraien testuenak edo beste batzuek egindakoenak. Hau garrantzitsua da itzultzaileek zerbitzu berriak eskaintzeko, izan ere, udal eta enpresetarako lan eginez gero, erakunde horietako langileek egin ditzaketen testuen zuzenketa lana erraz eskain dezakete.
Itzulitakoa. Aplikazioak itzulpen eskaerak egiterakoan, itzuli nahi den testua aurretik itzulita dagoen jakinarazten du. Kasu horietan, eskatzaileari horren berri ematen dio eta zuzenean biltegitik hartzeko aukera dauka.
Kontrol panela. Aplikazioak kontrol panela dauka eta bertan, itzulpenei buruzko informazio guztia ikusten da: eskatzaileak, itzultzaileak, zuzentzaileak, jatorrizko eta itzulpenaren hitz kopuruak, egoera (itzultzeke, zuzentzeke, amaituta, ezabatuta…), epeak, etab. Bezeroaren beharretara moldatzeko aukera asko dauka: nahi diren eremuak jartzen ditu ikusgai eta nahi den ordenan, eskaerak aukeratutako eremuaren arabera ordenatzen ditu, datu guztiak excelera esportatzen ditu fakturak errazago egiteko, etab.
Jakinarazpenak. Logikoa denez, aplikazioak posta elektronikoarekin batera egiten du lan eta eskaerak daudenean edo itzulpenak amaitzen direnean, e-postaren bidez mezua bidaltzen dio hartzaileari horren berri izateko, itzulpenak edo zuzenketak atxikita.
Malgutasuna. Administratzaileak malgutasun handia du dena kudeatu dezakeelako: eskatzaileen altak, bajak, pasahitzak, memoriak, zuzenketak... Egunen batean administratzailea lanean ez badago eta itzulpenak zuzentzerik edo egiterik ez badu, bere itzultze edo zuzenketa lana beste bati esleitu ahal dio.
Hizkuntza askotarako eskaerak. Testu bat 3-4 hizkuntzatara itzuli behar baldin bada eskaera berberean adieraziko da eta aplikazioak itzultzaile bakoitzari bideratuko dio.
2. Itzulpenak egitea
Itzulgesen funtzio nagusia itzulpenak egin ahal izatea da. Horretarako, noski, itzulpen memoria batzuen bidez funtzionatzen du. Ikus ditzagun ezaugarri nagusiak:
Itzulpenak egitea Itzulpenak egiteko bi zutabetan kokatzen ditu testuak: jatorrizko testua ezkerrean eta itzulpena egiteko lekua eskuinean. Memoriatik bi modutara zurrupatzen ditu testuak: %100 berdina denean urdinez eta %75etik gora denean marroiz. Kasu horretan, jatorrizko esaldian zegoen esaldi osoa agertzen da bi hizkuntzetan, aldatu den %25 hori arinago detektatzeko.
Itzulpenak egiteko behar diren beste funtzio batzuk ere baditu: esaldiak gehitzea (txarto moztuta dagoenean), kentzea (esaldia moztu behar denean), banan-banan edo automatikoki hitzak ordeztea (itzulpena egin ahala kontzepturen bat aldatu nahi dugunean), letra-tamaina handitzea, zuzentzaile ortografikoa eta gorriz azpimarratzen duenean hitz proposamena eman, jatorrizko esaldia helmuga esaldian automatikoki kopiatzea (obren edo atzerritar izenak direnean...), etab.
Itzulpen automatikoak. Interneten dauden itzulpen motoreak ere sartuta ditu. Euskarazkoan merezi ez badu ere, beste hizkuntzetan (gaztelaniatik katalanera edo galizierara) lagungarria da: nahi izanez gero hasieran aplikatzen da eta gero esaldiak banan-banan zuzentzen dira.
Memoria eta hiztegi kontsulta. Logikoa denez, itzulpena egiten ari garenean hitzak kontsultatu behar izango ditugu. Horretarako goian bilaketa gelaxka agertuko da eta bertan nahi duzun hitza idatziz gero zenbait lekutan bilatzen du: itzulpen memorietan, enpresa bakoitzerako sor daitekeen hiztegi propioan eta Interneteko hiztegi erabilienetan. Horri esker, eskaera bakar batean, hitz horri buruz egon daitezkeen baliokideak kontsultatuko ditu.
Zuzenketa. Itzulgesek garrantzi handia ematen dio zuzenketa prozesuari eta horretarako, itzulpen prozesu barruan urrats berezitua da. Batetik, nahi izanez gero, beste pertsona bati eman ahal zaio zuzenketaren ardura eta horrela, itzulpena amaitzen denean, berak jasoko du eta berak egingo du zuzenketa.
Zuzentzeko aplikazioak hirugarren zutabea sortzen du eta bertan aldatu nahi den esaldia kopiatzen du, gero, nahi den aldaketa egiteko. Zuzenketak egiterakoan ohartxoa ere jartzeko aukera dago, egindako zuzenketaren azalpena jartzeko.
Horrez gain, norberak egiten dituen edo berari egiten dizkioten zuzenketen historiala gordetzen du eta horrela, zuzenketa lanaren jarraipena egitea errazten da.
Memoriak. Bezero bakoitzak bere memoria badu ere, itzultzaile batek bere bezero guztien memoriak kontsulta ditzake aldi berean. Horrez gain, beste itzultzaileren baten esku jar ditzake memoria hori on line, itzulpenean lagun diezaion, adibidez, txosten handi bat egiteko zatitu eta batzuen artean itzuli behar denean. Hau da, memoria on line dagoenez, erraz konpartitzen da behar den itzultzailearekin.
Zuzenketa hirugarren zutabean egiten da
Egindako zuzenketen historiala gordetzen du
Aplikazioa memorien mantentze lana erraz egiteko pentsatuta dago eta horretarako, memorien atalean, fitxak bilatu, ordezkatu, daturen bat aldatu (itzultzailea, data...) eta beste funtzio batzuk badauzka. Horri esker, erakunde batean sail baten izena aldatuz gero, aurreko izena automatikoki ordeztu daiteke memoria osoan.
Horrez gain, wordfast, excel zerrendak eta bestelako euskarrietan dauden memoriak erraz inportatu zein esportatzen ditu. Adibidez, itzulpen bakoitzerako wordfast memoria bana sortzen du.
Memoria eguneratzeko menua 3.
3. Langileek euskaraz lan egitea erraztea
Langileek itzuli edo idaztea. Aurreko funtzioez gain, Itzulgesek langileak euskararen normalizaziorako eragile aktibo bihurtzen laguntzen du. Izan ere, langileei testuak euskara hutsean sortzeko tresna erabilgarria ere eskaintzen zaie, hiztegi eta guzti. Itzulpen laburrak egiteko aukera ere badu.
Testu prozesadorea. Itzulgesek testu prozesadore gisa funtzionatzen du eta beraz, akats ortografikoak egiten direnean hitza gorriz azpimarratzen du, testu prozesadoreek egiten duten moduan.
Horrez gain, zuzentzaile ortografikoak zenbait aukera ematen du, esaterako berba berriak igotzeko aukera.
Testuak zuzentzea. Testua amaitutakoan zuzentzera bidaltzen da, itzulpenekin egiten den moduan. Zuzendu ondoren, posta elektronikoan testua jasoko du bi zutabetan: batean berak idatzitakoa egongo da eta beste zutabean zuzendutako testua. Fondo horian egin zaizkion zuzenketak zehaztuta egongo dira.
Akats ortografikoak detektatu eta hitz proposamenak egiten ditu
Zuzenketa zirkuitu horri esker, langileek idatzitako testuetan kalitatea ere berma daiteke.
Idazmen ikastaroak. Zuzenketa zerbitzu honi esker, adibidez, enpresa eta udalei zerbitzu berriak eskaini ahal zaizkie, esate baterako, idazmen ikastaroak.
4. Terminologia eta memoria sozializatzea
Enpresa bakoitzak bere hiztegi propioa sortu dezake eta, horri esker, itzulpenak egiterakoan langileek zein itzultzaileek beti terminologia bera eta memoriako itzulpen eguneratu berberak kontsultatuko dituzte. Sistema hau testu bateratuagoak lortzeko baliabide ona da.
Itzultzaileek zerbitzu berri hau eskaini ahal dute, hau da, erakundearen terminologia zerrenda prestatzea, memoria urtean behin eguneratzea (sailen izenak aldatu edo produktu berriak... egonez gero).
Beste aplikazioekiko abantailak eta desabantailak
Itzulgesek itzulpenak egiteko aplikazioekin alderatuta (Wordfast...) abantaila asko baditu ere desabantailaren bat ere badu. Adibidez, irudi edo argazkiak dituzten testuak edo formatu bereziak dituzten itzulpenak Wordfastekin hobeto itzultzen dira, itzulgesen irudiak gordetzea ez delako praktikoa.
Hala ere, arazo hau konpontzeko aukera badago, Itzulgesek itzulpen bakoitzean Wordfastekin bateragarria den memoria sortzen du. Horrela, testua itzuli eta zuzendu ondoren, word dokumentua zabaldu, itzulgesek sortutako memoria aukeratu eta doako Wordfasten bidez ordezkatu daitezke testuak automatikoki.
Beste arazo bat itzulpenak egiteko Internetera konektatuta egon beharra izan daiteke. Baina hau abantaila ere bada, Itzulges erabiliz gero ez delako beste itzulpen aplikazioekin lan egin ahal izateko behar den asistentzia teknikorik behar, Interneten zuzenean egiten delako lan, inolako aplikaziorik instalatu behar izan gabe.
Kostua eta doako bertsioa
Itzulgesek doako bertsioa dauka, nahi duenak proba egiteko: itzulpenak, zuzenketak, memoriekin lan egitea, etab. Bertsio horrek muga bat dauka eta sor daitezkeen itzulpen memorietan, guztira, 1.500 esaldi gorde daitezke. Aplikazioarekin gustura egonez gero, ohiko bertsiora pasatzeko ez dago arazorik.
Itzulges aplikazio berria izanik, urrian abian jarri zenetik hona hobekuntza asko egin dira (itzulpen motoreak sartu, zuzenketa fluxua hobetu, ehunekoak automatikoki euskaratzea...) eta etengabe ari da hobetzen. Zentzu horretan, erabiltzaileek bidalitako proposamenak kontuan hartzen dira eta kostu gehigarririk gabe, horietako asko garatzen dira.
Aplikazioaren kostua erabiltzaile kopuruaren araberakoa da eta tarifa webgunean ikusgai dago.