Polonia helmuga, bigarren geltokia
Elizabete Manterola

'Idazlea itzultzaileen lantegian' ekimenaren hamargarren ekitaldia 2013ko udazkenean egin zen. Irailaren 26an eta 27an elkartu ziren itzultzaileak eta idazlea eta bi egunez aritu ziren hautaturiko testu zatiekin lanean UPV/EHUren Donostiako Campusean, Carlos Santamaria zentroan. Itzulpengintzaren egunean, irailaren 30ean egin zen jendaurreko aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bigarren jendaurreko saio bat ere izan zuen edizioak; oraingo honetan, Polonian, Wrocławn, urriaren 5ean.

Juan Kruz Igerabide. Korapiloak deskorapilatzen

Idazlea itzultzaileen lantegian ekimenaren hamargarren ekitaldia 2013ko udazkenean egin zen. Irailaren 26an eta 27an elkartu ziren itzultzaileak eta idazlea eta bi egunez aritu ziren hautaturiko testu zatiekin lanean UPV/EHUren Donostiako Campusean, Carlos Santamaria zentroan. Itzulpengintzaren egunean, irailaren 30ean egin zen jendaurreko aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Bigarren jendaurreko saio bat ere izan zuen edizioak; oraingo honetan, Polonian, Wrocławn, urriaren 5ean.

Parte-hartzaileak:

  • Juan Kruz Igerabide, idazlea
  • Aritz Branton, ingeleserako itzultzailea
  • Monika Czerny, polonierarako itzultzailea
  • Elizabete Manterola, koordinatzailea

Atal honetan, beraz, lantegi horren emaitza ikusiko duzu. Elizabete Manterolaren artikulua," Korapiloak deskorapilatzen, edo hari matazan korapilaturiko hari muturrak askatu nahian", eta prozesuan bilduriko perla ugari, hiru hizkuntzatan.


Korapiloak deskorapilatzen, edo hari matazan korapilaturiko hari muturrak askatu nahian

Idazlea itzultzaileen lantegian (2013)

Hamar urte bete ditu Idazlea itzultzaileen lantegian ekimenak 2013an. Euskal idazleen lanak euskaratik beste hainbat hizkuntzatara itzultzea izan da egitasmoaren helburu nagusia orain artean, eta hemendik aurrera ere hala segituko du, sendotuz baitoa itzulpen-mintegia urtez urte. Hamar izan dira orain arte gonbidatu ditugun idazleak eta hainbat motatako lanak itzuli izan dira, hamaika hizkuntzatara itzuli ere, zubigile kopuru zabalari esker. Aurtengoan, haur eta gazte literaturari begiratu dio lehenengoz mintegiak. Baina ez horri soilik. Aurreko edizioetan helduentzako narratiba lanak landu izan dira batez ere, baina baita antzerkia eta poesia ere, eta 2013an haur eta gazte literaturara gerturatzea izan da EIZIE elkartearen asmoa. Juan Kruz Igerabiderengana jo genuen horretarako zalantza handirik egin gabe, erreferentziazko idazlea baitugu genero horretan. Baina haren lanari begirada bat ematea nahikoa dugu bere ibilbide oparoaz ohartzeko, hainbat eta hainbat genero landu baititu Juan Kruzek, izan helduentzako narratiba, haurrentzako ipuinak, haur eta gazteei zuzenduriko poesia, aforismo bildumak, eta beste. Hortaz, haur eta gazte lanez gain, idazlearen ekoizpen osoa hartu genuen jomuga itzulpen-mintegirako. Halaber, idazle izateaz gain itzultzaile ere bada Juan Kruz. Itzuliz hasi zuen hain zuzen bere literatur ibilbidea, mintegian azaldu zigunez, eta urte luzetan lan eskerga egin du bide horretan ere, besteren lanak euskarara ekarriz eta bereak gaztelaniaratuz.

Itzultzaileei dagokienez, berriz, mintegian itzultzaile kopuru zabala bildu izan da urtez urte, euskarazko testuak nork bere ama hizkuntzara itzuliz. Aurrekoetan bezala, hizkuntza nahastea eta eleaniztasuna itzulpen mintegiaren ardatz bilakatu dira, nahiz eta itzultzaile kopurua murritzagoa izan den aurtengoan. Monika Czerny eta Aritz Branton aritu dira zubigile, euskara abiapuntu hartuta, eta poloniera eta ingelesa, xede. Gaztelania, berriz, hor nonbait presente: idazleak itzultzaile larruan sortutako lanak eskura izanik, xede itzultzaileen lanerako lagungarri.

Azken bi edizioetan Etxepare Euskal Institutuarekin aritu da elkarlanean EIZIE Idazlea itzultzaileen lantegian antolatzerakoan, Euskal Herritik kanporako jauzia eginez horren bitartez. Ekimenak Paue izan zuen jomuga 2012an; aurtengoan, berriz, Wrocław. Itzulpen-mintegia bera Donostian egin genuen irailaren 26an eta 27an, EHUren Carlos Santamaria eraikinean, eta jendaurreko lehenengo saioa ere Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean izan zen, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, irailaren 30ean. Alabaina, bigarren aurkezpen bat ere izan zuen edizio honek urri hasieran, 2016an Donostiarekin batera Europako Kultur Hiriburutza izango duen Wrocław hirian (Polonia). Hiri horretan egiten den ipuin laburren jaialdiaren baitan osatu genuen ekimenaren aurkezpena eta irakurraldi eleaniztuna, Elite liburu- dendan.

Itzulgaia eta zubigileak

Igerabideren lan oparoa kontuan izanik, haren sorkuntza lanaren lagin laburrak hartzea izan da aurtengoan nobedade itzulgaiei dagokienez. Testu jakin bat itzuli ordez, hainbat liburutako zatiek osatu dute lantegirako itzulgaien puzzlea, Juan Kruzen lanaren eta ibilbidearen erakusgarri. Puzzle horri forma emateko lagungarriak izan ziren idazle-itzultzaileak bere ibilbidearen inguruan emaniko azalpenak mintegiaren hasieran, bere eskarmentuaren kontaketak kolorez zipriztindu baitzuen mintegiaren lehenengo zatia. Oroimenari tiraka atzera begiratzeak hausnarrerako balio izaten du zenbaitetan, mingarri behar du beste batzuetan, eta pozerako bide ere egin ohi du. Norbere lana denborak eskaintzen duen talaiatik berrikusteak sentimendu kontrajarriak ere sorraraz ditzake, harrotasuna edo ahaztu nahia. Bost lagunen artean duela zenbait urte sorturiko testua disekzionatzean halako egonezin bat, halako lotsarik eragingo digu, denborak ematen duen distantzia lagun. Eskuartean genituen lanak aztertzerakoan, euskaratik gaztelaniarako eta atzera bueltan euskararako itzulietan halako sentipenik izan zuen Juan Kruzek. Izan ere, testuek bere bidea egiten dute. Ikusi ahal izan genuen moduan, euskaratik gaztelaniarako hainbat olerki itzultzeko erabaki ausartak hartu zituen bere garaian, eta euskarazkoa eta gaztelaniazkoa parez pare agertuko zirenez, euskarazkoa atzera berriro moldatu zuen idazleak. Badu hainbesterako askatasunik idazle-itzultzaileak. Azken batean, Igerabideren ustez, ikuspegi formalistatik hasiz gero norbere lana itzultzen, sufrimendua izango du nagusi idazleak, eta berak, plazera nahiago, horixe baita Juan Kruzentzat itzultzea, plazera. Hortaz, bere lanaren itzulpenak bibentzia musikal bat islatzen du, jatorrizkoaren jarraipen bat da gaztelaniazko bertsioa. Idaztea inoiz amaitzen ez den lana izanik, testuaren hurrengo urratsa da itzulpena, puntu jakin batean amaitutzat eman zen testuarekin lanean jarraitu eta testu horren garapenaren hurrengo fasea.

Helmuga berrietarako bidean, baina, euskarazko testuez gain eskura zuten itzultzaileek, nahi izanez gero, idazleak gaztelaniaz sorturiko bertsioa. Abiapuntu, helduleku edo igarobide aukera ugari, hortaz, Igerabideren lanetan. Euskarazkoa soilik hartu zuten erreferentzia batzuetan; beste zenbaitetan, ordea, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa nahasturik sorturiko bertsioa izan da emaitza.

Ingelesa eta poloniera, xede. Aritz Branton eta Monika Czerny, gidari. Globalizazio ditxosozkoaren mesede, ingeleserako itzultzailearen lana eztabaidatzeko aukera eta grina nabaria zen bidaideen artean, eta taldekideen ingeles-ezagutza azken emaitza hobetzeko nahian islatu zen. Bestetik, ordea, poloniera hizkuntza arrotza eta ezezaguna zitzaigunez, miresmenez eta misterioz jantzi zen Monikaren lana. Ulertu nahia eta saiakera, baina korapiloak askatzeko laguntza eman ezina. Hizkuntza nagusi bat eta hizkuntza ez hain hegemoniko bat parez pare, azken batean. Munduko errealitate linguistikoaren isla. Itzulpen mintegiak balio izan digu, modu batera edo bestera, bi itzultzaileen lana sakonki lantzeko eta ahalik eta laguntza handiena emateko bi itzultzaileei, euren lana hobetzeko.

Korapiloak

Itzulpen mintegiak eman zuenaren errepaso bat egin nahiko genuke jarraian. Aipatu dugun moduan, hainbat liburutako testu zatiak landu zituzten itzultzaileek mintegiaren aurretik, eta guztion artean eztabaidatu genituen gero. Hona hemen landutako testuen zerrenda: haur eta gaztentzako poesia lanei dagokienez, Haur korapiloak eta Begi-niniaren poemak liburuko laginak itzuli zituzten Monikak eta Aritzek; narratibari dagokionez, Bota ura eta Sagutxo ameslaria liburuetako ipuinak; Elurra sutan izeneko helduentzako eleberriko bi lagin ere izan zituzten itzultzaileek esku artean, bai eta Egia hezur liburuko hainbat aforismo ere. Testu bakoitzak arazo edo zailtasun ezberdinak erakusten dituzte, hariak modu batera edo bestera korapilatzen dira mataza bakoitzean, kolore eta mota ezberdinetako hariak izaki. Hari muturrak modu batera edo bestera korapilaturik ageri dira sarritan, eta horiek askatzeak buruko min handiak eman ditzake. Baina hariak askatu eta orratz egokiekin heldu eta harilkatzen asmatuz gero, artelan polit askoak sor litezke.

Norbaitek pentsa lezake HGL itzultzea erraza dela, esaldi labur eta sinpleez osaturiko testuak izanik, aparteko zailtasunik ez duela izango zubigileak. Baina, beste edozein generok bezala, haur eta gazteentzako literaturak baditu bere-bereak diren ezaugarriak, eta ideia, irudia zein lortu nahi den efektua identifikatu behar da kasuan kasu lan txukuna sortu nahi bada. Igerabideren iritziz, sinpletasun horretan nabarmen gera daiteke itzultzailea, edo idazlea, erraza da. Izan ere, bi mugen artean aritzen baita HGL idazlea: txorakeria idazteko mugaren eta pedante izatekoaren artean, hain zuzen ere. Bien arteko oreka bilatu beharko dute idazleak zein itzultzaileak.

Gogoan izan beharreko hainbat konturekin egin dute topo ingeleserako eta polonierarako itzultzaileek mintegiko itzulgaien zerrendan. Esaterako, testu bakoitzaren ezaugarriak kontuan harturik egin beharreko lana da kasuan kasu agertzen diren anbiguotasunak interpretatzea. Polisemia kasuek ere arazoak sor ditzakete, eta zaila izaten da zenbaitetan jatorrizkoan iradokitzen diren zentzu edo oihartzun guztiak xede testuan jasotzea. Konparazio batera, Ilunpearen korapiloa izeneko poema haurrei zuzenduriko erritmo biziko olerkia da, argia eta ilunarekin jolasten duena. Horretaz gain, helduek bigarren zentzu bat ere harrapatuko diote, konnotazio erotikoak dituena. Hori xede hizkuntzan ere biltzea ez da hain erraza, kontuan izanik poemaren erritmoa eta errima ere jaso beharko dituela itzultzaileak.

Ilunpearen korapiloa
Bat, bi, hiru,
kandela ezin piztu.
Hiru, bi, bat,
kandela lo daukat.
Hiru, bat, bi,
pospolo bila ni
A Knot in the Darkness
One, two, three:
Can’t light the candle.
Three, two, one:
The candle’s gone to sleep.
Three, one, two:
My matches, where are you?
Supeł ciemności
Raz, dwa, trzy,
płomień świecy lekko drży
Trzy, dwa, raz,
zachwiał się i zgasł
Raz, trzy i dwa,
zapałek szukam ja.

Zentzu erotiko hori galdu egin da ingelesezko bertsioan, eta polonierazkoan, berriz, kandela amaieran itzali egingo da.

Elementu kulturalak ere beti izaten dira askatu beharreko korapilo, eta itzultzaileak estrategia egokia bilatu beharko du itzulgaiaren ezaugarrien edo irakurle motaren arabera, edo testuak lortu nahi duen efektua lortze aldera. Igerabideren testuetan halako zailtasunekin egin zuten topo itzultzaileek. Elurra sutan eleberriaren sarrerako ipuinean Errodrigo aipatzen da, honako esaldi honetan: «Hasieran, pentsatu nuen Ama Birjina agertua ote zitzaidan, Errodrigotxori elorri gainean bezala, eta belaunikaturik otoitzean hasi nintzaion». Ama Birjinaren agerpena irudikatzea ez zaio zaila izango xede irakurleari hor, baina informazio gehiagorik gabe ezin antzemango du Errodrigo Baltzategiz ari dela idazlea, 1468an Arantzazu inguruan Ama Birjina ikusi zuen artzainaz. Azaldu behar al zaio, baina, hori guztia xede irakurleari? Errodrigo nor den? Zer den Arantzazu? Non dagoen? Zer esanahi ote duen euskal kulturan? Ala Ama Birjinaren eta haren aurrean belaunikatzen den pertsona horren irudia nahikoak izango ote ditu?

Haur korapiloak liburuan bilduriko olerkiek jolasteko aukera ugari eskaintzen dizkiote itzultzaileari. Ahalegin ugari egin behar izan zituzten Monikak eta Aritzek, ahalik eta xehetasun eta ñabardura gehien biltzeko, nahiz eta zenbaitetan galera ezinbestekoa izan. Beste hainbatetan, baina, jolasak sorkuntza lan politak eskaini dizkigu, Faustinaren begi handiak izeneko poemaren kasua dugu horren adibide.

Faustinaren begi handiak
(limerick)
Faustina Goikokalekoaren begiak/
hain ziren handi eta argiak
non betaurrekoen ordez
eta neurri juxtuak gordez,
parabrisak jarri zizkion begilariak./

Polly’s Big Eyes

Little Polly from Aduna had eyes/
Which were said to be as big as pies;/
With no specs on her face,
And with so much space,
A wind-screen kept her from flies./

Duże oczy Faustyny
(limeryk)
Oczy Faustyny Zaczkiewiczowej
Są tak duże i nietypowe,
Iż okulista miast okularów,/
Dokonawszy niezbędnych pomiarów,
Przepisał jej szyby samochodowe./

Faustina nongoa den aipatu ordez, abizen bat gehitzea erabaki zuen polonierarako itzultzaileak, bere birramonaren abizena hain zuzen ere (Zaczkiewicz), errimarekin egoki zetorrelako. Ingelesezko testuan, berriz, toki izena «Aduna» bihurtu zuen itzultzaileak, idazlearen jaioterriaren omenez.

Kultur kontuei loturiko eztabaida gehiagorik ere izan zen mintegian. Konparazio batera, Frantses burusoila izeneko limerick bat bazen itzulgaien artean, eta bertako pertsonaiaren frantses izaera izan genuen hizketagai. Frantses kulturak badu oihartzunik jatorrizkoan. Izan ere, Igerabideren azalpenen arabera, frantses kulturak bazuen nolabaiteko kutsu exotikorik gurean bere umezaroan, oso urruneko lurralde modura irudika zezaketen umeek. Mugaren beste aldean bazen hegoaldean ez zegoen askatasunik, urrun irudika bazitekeen ere hortxe aldamenean zegoena. Frantses burusoilak, hortaz, garai haietako arroztasuna irudikatzen du. Ñabardura horiek dagoeneko egungo jatorrizko irakurle gaztetxoen baitan desagertu badira ere, hor daude testuan. Eta testua beste hizkuntzetara itzultzerakoan kontuan izan beharko da Frantziak edo frantses kulturak zein izaera duen xede hizkuntzan edo xede herrialdean, pareka ote daitekeen jatorrizkoan duenarekin. Konparazioak eginda ikusi beharko da erreferentzia hori testuan mantentzeak ba ote duen efektu jakinik eta zenbateko garrantzia duen.

Bestalde, badira testu motaren edo generoaren araberako arazo edo korapiloak ere. Horietan, irakurle mota bakoitzari egokituriko soluzioa bilatu behar izaten da, eta hizkuntza bakoitzeko ohiturak ezagutzeak lagundu egiten du bide horretan.

Alderdi formalari dagokionez, Juan Kruzek lan ugari egin du poema mota ezberdinak geureratuz. Gure tradizioaz haraindi joan eta haikuak zein limerickak ekarri ditu euskarara, eta horiekin osatu ditu bere lan asko eta asko. Poemak kontrako norabidea hartu dutenean harrigarria izan da ikustea limerickak zein natural ageri diren ingelesez. Ingeles kulturako poesia neurria izanik, nolabait, atzera itzulera horretan eroso ageri dira testuak. Poemaren neurria eta hizkuntzaren arteko lotura estua denaren erakusgarri.

Poesia itzultzeak badu berezitasunik. Erritmoa, errima, aliterazioa eta beste hainbat baliabide literarioren erabilera izango da nagusi, eta elementu horiek identifikatu beharko ditu itzultzaileak eta xede hizkuntzara eramaten saiatu, ahalik eta emaitza biziena eta egokiena lortze aldera. Hori horrela izanik, poesia-itzultzaileak lizentziak hartuko ditu, behar duen efektua lortze aldera. Poesia itzultzerakoan itzultzaileak abiapuntu bat hartu beharko du eta hortik aurrera joan bere lana osatzen. Abiapuntua izan daiteke errima jakin bat, edo poeman ageri den pertsonaia edo elementu bat, edo erritmo jakin bat lortzeko nahia. Esaterako, ondorengo poema honetan, Aritzek trikuaren irudia hartu zuen abiapuntu (hedgehog, ingelesez) eta hortik aurrera osatu errima eta poeman aipatzen diren gainerako elementuak.

Limerick puntaduna
Bazen Mutrikun triku bat
eta hondartzan izan zuen istripu bat;/
sartu zitzaion arantza
sudur-zuloan gorantza.
Eginarazi nion doministiku bat./
A Pointed Limerick
There was a Mutriko hedgehog/
On the beach got lost in the fog;/
A fish came up from his toes,/
Went right the way up his nose/
And made him fall into a bog./
Limeryk z kolcami
Pewnemu jeżowi z miejscowości Łazy/
Przytrafił się wypadek na plaży
Gdy coca-colę pił
Kolec w nos mu się wbił
Sprawiłem, że kichnął dwa razy.

Formari dagokionez, errima izaten da irakurleak lehen begiratuan jasotzen duen lehenengo elementua. Jatorrizkoaren errima identifikatu eta xede testuan biltzea ez da erraza izaten beti eta zalantza ugari sor daitezke: errima mota bera erabili beharko al nuke? Ahapaldi berdinetan mantenduz? Zer izango da garrantzitsuagoa, poemaren forma ala edukia? Zein efektu lortu nahi ote zuen idazleak? Zenbaitetan, itzultzailea ez da guztiz eroso sentituko lortutako azken emaitzarekin; beste batzuetan, berriz, oso harro, lortutako itzulpenak jatorrizkoaren efektua bere baitan biltzea lortu ondoren. Hona hemen halako adibide bat:

Itzal korapiloak
(nire gela mugikorrean)
Kandelaren argian
ene gelaren erdian
dantzatu dira kristalak,
dantzatu dira itzalak,
handitu dira nire hatzak,
handitu dira ile latzak,
ene gelaren erdian
kandelaren argian.
Shadow Knots
(In My Mobile Room)
In the candle’s shine,
In this room of mine,
Dancing window panes,
Dancing in the shade,
Bigger are my hands,
And my hair in bands.
In the candle’s shine,
In this room of mine.
Poplątaniec cieni
(w moim pokoju w nocy)
W moim pokoju w nocy
W drżącym blasku świecy
Szyby tańczą w okien ramach,
Cienie tłoczą się na ścianach,
Palce mi się wydłużają,
Włosy dziwnie nastarszają,
W moim pokoju w nocy
W drżącym blasku świecy.

Ondorengo adibidean, errimak eta erritmoak indar handia dute jatorrizko testuan. Erritmoak, konparazio batera, metronomoaren mugimendu jarrai eta homogeneoa irudikatzen du. Baina horretaz gain, irudi bat ere ezkutatzen da poemaren atzean, eta hori kontuan izatea garrantzitsua da testua itzultzerakoan.

Korapiloa balantzaka
(zurezko zaldikoa)
Arre, arre, zaldiko,
tximista bezain bizkor./
Arre, zaldiko, arre,
zerua jo arte.
Arre, zaldiko, arre,
zorua jo arte.
Arre, arre, zaldiko,
kendu penak betiko./
Nudo balanceándose1
(caballito de madera)
Arre, arre, caballo,
trotando como un rayo./
Arre, caballo fiel,
corre a tocar el ciel…
Arre, arre, al vuelo
corre a besar el suel…/
Arre, caballo, arre,
y mis congojas barre./

A Swinging Knot

Gee up, gee up, little horse,/
Just as fast as lightning.
Gee up, gee up, little horse,/
Right until you reach the clouds./
Gee up, gee up, little horse,/
Right until you reach the ground./
Gee up, gee up, little horse,/
And please don’t be sad again./

Rozkołysany poplątaniec
(konik na biegunach)
Wio mój kary koniku,
Niczym błyskawica.
Wio koniku, przed siebie,/
Popędzimy po niebie.
Wio koniku, galopem,
Przeszyj ziemię stukotem./
Wio koniku malutki,
Przegnaj wszystkie me smutki./

Honako poema hau errezitatzerakoan haurra gure belaun gainean eserita gora eta beherako mugimendua errepikatu ohi dugu, zaldiaren trosta irudikatu nahian. Eta bi belaunak batuta baditugu, azken bertso-ahapaldian hankak ireki eta umea lurrera erortzen utziko dugu, jolasa poemaren barruan txertatuz. Ezustekoa eman nahiko zaio umeari, haren irribarrea bilatu. Hori guztia kontuan izan beharko dute itzultzaileek, poemak dioena errespetatuz, eta lurrera erortzeko efektu hori biltzen saiatuz. Horretaz gain, trostaren erritmoa ere bildu beharko luke poemak xede hizkuntzan, noski

Esan berri dugun moduan, poema batek bere baitan gordetzen duen irudia identifikatzeak garrantzia izango du zenbaitetan, eta bide horretan idazlearen eta itzultzailearen arteko elkarrizketa erraztu dezake noski Idazlea itzultzaileen lantegian moduko mintegi batek. Sorkuntzari buruzko azalpenen bitartez, ezkutuko irudi horiek azaleratu eta itzulpena aberastea posible izango baita. Horretaz gain, testu bakoitzeko elementuen garrantziaz ere jardun liteke. Aurrez galdetzen genuen moduan, zer da garrantzitsuagoa, poemaren forma ala edukia? Juan Kruz Igerabide berak errima errazago sakrifikatuko luke errima eta irudiaren artean hautatu behar izatera, irudiaren alde eginez. Idazle eta itzultzaile eskarmentuak eraginiko hausnarketa, inondik ere.

Poesia lanez gain, haur eta gazteentzako ipuin laburrak ere baziren itzulgaien artean. Irakurle gazteenentzako testuetan ohikoa denez, hitz joko ugarirekin egin genuen topo. Bota ura liburuan, esaterako, bada «Sator bat» izeneko ipuin bat. Hiru elementu aipatzen dira ipuin horretan, marraskiloa, satorra eta txapela, eta hirurak nahastuz hitz berriak sortu ditu idazleak: txarraskilo, satokilo eta marrastorra. Hitz horien ordainak elkartuz edo nahasiz itzultzaileek hitz berriak sortzea izan zuten erronka, hitz berri barregarri eta xelebreak derrigor. Beste hainbat hitz joko mantentzea, berriz, ez zen hain erraza izan, Begi-niniaren poemak liburuko ondorengo adibideak erakusten duen moduan:

Txorimaloa
Txorimaloak inguruko guztiak
besarkatuko lituzke:
txoririk ttikiena ere ez datorkio, ordea,
ez debalde, ez musu truke
Marginado
Abrazar a todos
el espantapájaros quisiera:
no se acerca a él
ni un pajarillo siquiera.
The Scarecrow
The scarecrow’d hug
everything and even a tree;
But not even the birds go
up it, not even for free.
Strach na wróble
Strach na wróble przytuliłby do swej piersi
Każdego ptaka
Lecz żaden się do niego nie zbliży
Ani za darmo, ani za buziaka

Debalde eta musu truke sinonimoak ditugu euskaraz, baina poema honen amaieran aipatzen den musu truke horrek bigarren zentzu bat ere har dezake, maitasun edo laztan eske dabilen pertsona bat irudika baitezakegu. Hortaz, itzultzaileak beste bide batzuk arakatu beharko ditu, jatorrizkoak sentiarazten digun bakardadea eta bihozmina xede testuan ere jasotzeko. Hitz jokoekin jarraituz, Bota ura izeneko haurrentzako ipuin bilduman bi animaliaren arteko harremana aipa dezakegu: itsas trikua eta lurreko trikua, biak ala biak lehengusuak. Izendapenean sortzen da hitz jokoa euskarazkoan, eta, noski, baliteke hizkuntza guztietan antzerako izendapenik ez izatea. Polonieraz, esaterako, ez da ohikoa itsas trikuari hala deitzea, ba omen da ohikoagoa den beste izendapen bat. Hala ere, jatorrizkoan dagoen hitz jokoa mantentze aldera, arraroagoa suertatu daitekeen izena eman zaio animaliari (jeż wodny).

Isekak ditugu haur eta gazte hizkeraren baitan kokatu beharreko beste elementu bat. Euskarazko liburuetan iseka irudimentsuak topa ditzakegu, eta ohikoa izaten da asmaziotara jotzea: zozo alaena, mozolo muturzikin, etab. Gaztelaniaz ere badira halako asmazioak eta mintegian landuriko testuetan topatu dugu adibiderik (tontorrón pringoso). Alabaina, Aritz Branton itzultzailearen iritziz, ingelesez ez da hain arrunta iseka berriak asmatzea, eta ohikoagoak direnak erabiltzea hobetsi du bere lanean, irudimena gehiegi harrotu gabe. Bestela, kontrako efektua lortuko bailuke testuak, jendeak bere buruari galdetzea zer dela eta sortuko ote zuen iseka berria idazleak edo itzultzaileak, isekarekin barre eginaraztea lortu ordez.

Izen berezien itzulpenari dagokionez, berriz, mintegian landuriko itzulpenetan aldea topatu genuen irakurle motaren arabera, izan ere, irizpide horren arabera hautatu baitzuten itzultzaileek kasu bakoitzari zegokion itzulpen estrategia. Bai ingelesez eta baita polonieraz ere, izen bereziak mantendu egin dira helduentzako testuetan: Elurra sutan liburuan Iñigo eta Mirentxu pertsonaia nagusienak, adibidez. Istorioa Euskal Herrian kokaturik dagoenez, egoki iritzi diote itzultzaileek izenak mantentzeari. Haur eta gaztetxoentzako lanetan, ordea, xede kulturetan ezagunagoak diren izendapenak bilatu dituzte, haurrenganako gertutasuna helburu hartuta. Abididez, Sagutxo ameslaria ipuin-bildumako «Periko kaskazua» izeneko pertsonaia egokitu egin dute bai ingelesera eta baita polonierara ere.

Helduei zuzenduriko testuetan badira jatorrizkoa ongi interpretatzeko identifikatu behar diren hainbat oihartzun, intertestualitate kasuak oro har. Horiek jasotzen saiatu eta itzulpenetan mantentzea izan dute helburu itzultzaileek. Aforismoak itzultzerakoan nabaritu genuen hori batez ere. Hala dio mintegian landuriko aforismoetako batek:

Elkarri ziria sar iezaiozue, nik sartu dizuedan bezala. 

Elizari egiten zaion erreferentzia mantendu egin beharko litzateke esaldi horretan, eta ahal dela xede hizkuntzan ezagutzen den formulazioa erabili horretarako. Mintegian landuriko xede hizkuntzek ere kristautasunaren oinordekotza nabarmena dute eta, horri esker, ez da arazo handiegirik izan aforismo honekin.

Testuinguru gabe aurkezten diren esaldi solteak dira aforismoak, eta esaldi bakarrean bildu beharko dira ñabardura guztiak horiek itzultzerakoan ere, ez dago gerora biltzeko haririk. Aforismoa idazleak zein itzultzaileak iradoki egin behar du, txinparta bilatu. Sarritan bi zentzu hartuko ditu esaldiak, hor bildu ohi da aforismoaren grazia, eta hortik etorri ohi dira aforismoak itzultzeko zailtasunak ere. Mintegian Egia hezur izeneko liburuko aforismoak izan genituen esku artean eta, egia esan, izenburutik beretik hasi ziren zailtasunak, «egia gezur» esamoldearen oihartzun nabarmena biltzen baita bertan, «egiaren bila noa baina gezurra besterik ez dut topatzen» esango baligu bezala idazleak. Zentzu hori jasotzea izan zen itzultzaileen eginbeharra mintegian. Igerabidek berak gaztelaniaratutako bertsioak También las verdades mueren (2004) zeraman izenburu. Ingeleserako itzultzaileak «Bare Naked Truths?» proposamena plazaratu zuen. Egia horien nolakotasuna bi aldiz markatuta zalantzan jartzen da eta galdera ikurrarekin azpimarratu gainera. Mintegiko eztabaidetan «The Whole Half Truth» izan zen aipaturiko beste aukera bat, aurrekoa baino ironikoagoa.

Aforismo batean informazioa nola dagoen antolatuta ere kontuan izan beharko du itzultzaileak, bai trinkotasunari dagokionez bai aipaturiko elementuen ordenari dagokionez. Elementu bakoitza esaldiaren hasieran edo amaieran kokatu, aditzaren aurretik edo ondoren, esaldiaren zati bat edo bestea nabarmendu nahiko baita. Batzuetan ezin izan da ordena guztiz mantendu edo azpimarratu nahi den elementua indar berdinez nabarmendu, xede hizkuntzaren arauek ez baitute halakorik ahalbidetuko. Beste bide batzuk bilatu behar izaten dira halakoetan antzerako efektua lortze aldera. Honako aforismo hau sakon eztabaidatu zen mintegian:

Gutxitan izaten da sendoa esku gogorra.

Esku gogorra nola itzuli izan zen eztabaida puntuetako bat, euskaraz eta gaztelaniaz esan ohi dena ez baita hain erraz moldatzen ingelesez edo polonieraz. Sendo eta gogorraren arteko dikotomia bilatzean datza aforismo honen gakoa.

Hizkuntza bakoitzak baditu bere ezaugarriak eta batetik besterako zubi-lanean horietako batzuen indarraz jabetu ohi da itzultzailea. Genero marka dugu halako ezaugarri bat. Kontu jakina da euskaraz generoa ez dela markatzen inguruko beste hainbat hizkuntzatan markatzen den modu berean, anbiguotasun handiagoa eskaintzen du. Inguruko hizkuntzetan, berriz, generoa artikuluetan soilik irudika daiteke, edo izenondoak jokatuz, edo aditzetan bilduz pertsona marka. Polonieraz aditza lehenaldian jokatzen denean sujetaren genero marka gehitu behar zaio aditzari, eta horrek zenbait buruhauste sortu zizkion Monikari. Azaldu zigunez, ez da gauza bera izango esaldiaren sujeta elefantea, sagua, inurria edo mikrobioa izan. Sagutxo ameslaria liburuko «Koadrozko jertsedun elefantea» kontakizunean, koadrozko jertsedun elefantea, koadrozko jertsedun sagu bilakatuko da, eta gero koadrozko jertsedun inurri, eta koadrozko jertsedun mikrobio azkenera. Genero marka maskulinotik femeninora igarotzean eta hortik berriro maskulinora, aditza ez litzateke modu berean errepikatuko eta indarra galdu lezake, hortaz, ahalegin berezia egin behar izan zuen itzultzaileak errepikapena ahalik eta antzerakoena izan zedin. Azkenean, istorioa orainaldira eramanez eman zion konponbidea.

Generoari loturiko beste adibiderik izan genuen. «Eguzki bidea (kuttunari)» (Begi- niniaren poemak) izeneko poemaren izenburuan aipatzen den kuttun hori nor ote den jakin beharko genuke lehenik, maskulinoan edo femeninoan itzuli behar ote den jakiteko, ala euskaraz bezala zehaztu gabe uzten saiatu. Gaztelaniaz a quien más quiero zehaztuta arazoa ekidin daiteke, eta modu berean ingelesez (to my dearest). Hasiera batean polonierazko itzultzaileari zehaztapena egin beharra zegoela iruditzen zitzaion, eta femeninoa markatzea erabaki zuen, baina azkenean bientzako baliagarria den konponbide neutroago bat topatu ahal izan du: mojej miłości.

Generoari loturik, halaber, ezin aipatu gabe utzi hitanoaren erabilera. Aditz alokutiboak erabiltzean, nori ari garen hizketan markatzen dugu, eta pertsona hori arra ala emea den. Hitanoaren marka hori, baina, zail izaten da mantentzen itzulpenean. Bestalde, euskaraz markatu gabeko elementuak ditugunetan (hau edo hura), nahitaez markatu behar xede hizkuntzetan (he edo she, esaterako, ingelesez).

Bestalde, euskaraz ohikoa izaten da poemetan aditzaren elipsia, estrategia oso egokia baita arintasuna eta erritmoa lortzeko. Beste hainbat hizkuntzatan, ordea, ez da hain erraza izango elipsia mantentzea, eta antzerako erritmoa eta efektua lortzeko ahalegina egin beharko dute itzultzaileek. Hona hemen lantegian landuriko poema bat, esku artean izan genituen bertsio guztiekin:

Babes2
Eurijasa:
Haurra negarrez,
Estalpe beharrez



Euria goian-behean;
Haur bat negarrean;
Aingeru doinua airean./

Concierto
Hoy llueve a cántaros;/
Un niño llora:
Coro de ángeles.
Shelter
A sudden storm.
A child cries:
Shelter need his eyes./
Schronienie
Ulewa:
Dziecko płaczem się zanosi/
O schronienie głośno prosi./

Poema honen atzean ezkutatzen den irudia 10 urterekin seminariora joandako mutikoak sentitzen zuen babes falta dugu. Poemaren bertsio ezberdinak irakurrita, euskarazko lehenengo bertsioan islatzen den irudia gogorragoa dela esango genuke, beldurra ere ematen du haur dohakabe horren negarrak. Euskarazko bigarren bertsioan eta gaztelaniazkoan moldatu egin da jatorrizkoa, goxoagoak direla iruditzen zaigu. Bertsio batetik besterako bidean poemak bizia hartu du, mugimenduan dago, nolabait

Aurreko adibide hori ikusita, gaztelaniaratzearen testuingurua ongi azaldu behar da, jatorrizkotik xede bertsiora igarotzean gertaturiko aldaketak ulertzeko. Begi-niniaren poemak liburuko olerkiak bertsio elebidunean jartzerakoan, bata bestearen parez pare, biek oso antzerako agertu behar zuten. Eta horrek euskarazkoa aldarazi zuen, nolabait. Aurrez esan bezala, itzulpen prozesuan testuaren eguneraketa bat dator, eta atzera elikatze bat ere bai, euskarazko bertsioa bera testuinguru berrira moldatu duena. Euskarazko proposamen berria bertsio elebidunean ulertu behar da: bi hizkuntzetako poemak parez pare jarrita, anaia bikiak bailiran, elkarren arteko antzekotasunen bila ibil dadin irakurlea. Bada aipagarria iruditzen zaigun beste kasurik ere, Elurra sutan liburuaren gaztelaniarako itzulpenarena, hain zuzen. Liburuko lehen atalaren gaztelaniazko itzulpena Diario de Navarrak ateratako antologia baterako bertsioa izan zen. Tamainak aginduta ipuinaren luzerak laburragoa behar zuen, eta horrek itzulpena baino bertsio bat sorrarazi zuen. Ikus dezakegunez, hortaz, argitalpen motaren eraginez, moldaketa norabide baterantz ala besterantz bideratzen da.

Amaitu aurretik, mintegiaren izaera bera nabarmendu nahiko nuke. Itzultzailea ordenagailu aurrean bere bakardadean lanean, horixe izaten da buruan itsatsita dugun irudia. Baina halako topaketek bestelako lan-erritmo bat planteatzen dute. Zalantza eta arazoak elkarrekin eztabaidatuz, testuaren inguruko ñabardurak plazaratuz, testua hobetzea helburu harturik. Testu beraren hainbat bertsio izanik esku artean, gainera, ikuspuntuak zabaldu egiten dira eta arazo baten irtenbideak hizkuntza batean zein bestean balio dezaketela ikusteko parada eskaintzen zaigu, abiapuntu eta igarobide ugari izan baititzake itzulpenak.

Aritz Branton eta Monika Czerny itzultzaileek gogor egin zuten lan itzulpen mintegiaren aurretik itzulpenak zirriborratzen, eta mintegian euren zalantza eta iradokizunak plazaratzen. Juan Kruz Igerabide idazleak ere, idazleari zegozkion azalpenak emateaz gain, bere-berea duen itzultzaile azalean ere jarri behar izan zuen, gaztelaniazko testuak birgogoratzen eta baita euskarazkoaren egokitzapenak berrikusten ere. Itzultzaileen lana hobetzeko eginiko ahalegin eta proposamenak ere baliagarriak izan ziren guztiz.

Ahaleginak ahalegin, bada askatu gabeko korapilorik, oraindik ere hari mataza trabesturik. Jarraian datorrena dugu horren adibide. Aforismo horretan esan ezina dena itzulezin bilakatu zen mintegiko partaideontzat.

Musilek dio ez daitekeela hitz bat errepikatu esanahia aldatu gabe. Aldatzen ez dena esan ezina da.

Ingelesez honako aukera posible hauek lantzen aritu zen itzultzailea: batetik, Musil said you can't repeat a word without changing its meaning; and you can't ever say the meaning of what's not changing; bestetik, A word's meaning changes whenever you say it and yet the unchangeable's unsayable. Polonieraz ere hainbat bertsio izan zituen esku artean Monikak, nahiz eta ez ginen adostasun batetara heldu. Honakoa dugu aipaturiko aukeretako bat: Musil twierdzi, że nie można użyć dwa razy tego samego słowa, nie zmieniając jego znaczenia. Niezmienna pozostaje niemożność wyrażenia istoty rzeczy słowami.

Hortxe dugu, hortaz, amaitu gabeko lana. Itzulpenak eta idazketak berak ere hori baitute ezaugarri behinen: inoiz bukatzen ez den lanketa da, beti dago zer hobeturik, zer hausnarturik, zer eztabaidaturik, ikuspegi berririk testuari begiratzeko.

Korapiloak deskorapilatze prozesu horretan perla ugari bildu genuen, baina ezinezkoa izan zaigu guztiak ere Senez-en ale honetan biltzea. Mintegian landuriko testu eta itzulpen bilduma osoa EIZIEren webgunean dauzkazu eskura, irakurle.


1. Igerabidek eginiko gaztelaniarako itzulpena Trabaletras liburuan argitaratu zen. Itzulpen mintegian berariaz landu ez bazen ere, aurrean izan genuen erreferentzia gisa eta aberasgarria iruditu zaigu hemen ere biltzea.

2. Begi-niniaren poemak liburuko poesia hau 1992an argitaratu zen lehenengoz, Ereinen. 1995ean, berriz, euskarazko eta gaztelaniazko bertsio elebiduna kaleratu zuen Igerabidek, Hiperión argitaletxearen eskutik. Taulan ageri den lehenengo poema euskara hutsezko argitalpenean argitaratu zen eta bigarrena, berriz, argitalpen elebidunean.