Alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literatura. Tesiaren ideia nagusiak
Artikulu honek 2013an aurkeztutako doktore-tesia laburtzea du helburu. Ikerketa gaia alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literatura da (aurrerantzean, HGL). Hala, metodologia deskribatzaileari jarraiki, katalogo bat osatu dugu aurrena, eta, irizpide jakin batzuen arabera, corpus bat osatu dugu ondoren. Corpusa ustiatzeko, hizkera ez-formaleko elementu batzuk aukeratu ditugu, hala nola isekak eta madarikazioak eta alemanezko hainbat moduzko partikula. Horiek corpusean bilatu eta aztertu ahala, alemanetik zuzenean eta zubi-bertsio baten bidez zeharka egindako itzulpenak erkatu ditugu, eta itzulpen mota bakoitzak agertzen dituen estandarizazio eta interferentzia mailak neurtu. Atera dugun ondorioetako bat izan da estandarizazioa nahiko fenomeno orokorra dela, nahiz zeharkako itzulpenetan are orokorragoa den. Bestalde, askotan, zuzeneko eta zeharkako itzulpenen arteko mugak ez dirudi hain argia denik.
Ikerketaren testuingurua
Bi dira tesiak lantzen dituen arlo nagusiak: batetik, HGLaren itzulpena, literatur genero horrek berez dauzkan berezitasun guztiekin, eta, bestetik, alemanetik euskararako itzulpen-konbinazioa. Euskal literatur sistemaren barruan, pisuzko generoa dugu HGLa: euskaraz argitaratutako liburuen herena osatzen du, gutxi gorabehera (Etxaniz, 2011: 85). Bestalde, euskal HGLa aztertu nahi bada, funtsezkoa deritzogu euskal HGL itzulia aztertzeari, HGL-liburuen ia % 60 baita itzulpena (Lopez Gaseni eta Etxaniz, 2005: 44). Ildo horri jarraiki aurkeztu zuen Lopez Gasenik euskaratutako HGLari buruzko tesia (2000), katalogazio-lan sendo batean oinarritutako lan deskribatzailea. Ondoren, Gomez Zubiak Grimm anaien ipuinen itzulpenen eta egokitzapenen azterketa kuantitatibo eta kualitatiboa aurkeztu zuen (2004). Izan ere, alemanezko produkzioa erreferente izan da nazioarteko HGL-sisteman, eta euskal HGL-sisteman ere pisu berezia izan du. Gaur egun ere, ezinbestean kontuan hartzen den literatur sistema dugu, eta, HGL-lanen inportazioan bestelako herrialdeak nagusitu badira ere, alemanetik euskaratutako HGL kopurua adierazgarria da oraindik orain. Are aipagarriagoa dena: alemanetik gehien euskaratzen den generoa dugu HGLa; Aleuska1 katalogoko sarreren % 422 HGL generokoak dira. Alemana- euskara itzulpen-konbinazioan, beraz, ezinbestean aztertu beharrekoa da HGLa, eta horixe izan da gure aztergaia, baina zehaztapen batekin: alemanetik ustez zuzenean egin diren eta zeharka, zubi-hizkuntza baten bitartez egin diren itzulpenak konparatu eta aztertu ditugu. Tesiak ukitzen dituen jakintza-arloak hainbat direnez, horietako bakoitzak agertzen dituen berezitasunak hartu ditugu kontuan, eta hemen labur- labur azaldu nahi genituzke.
Itzulpen ikasketei dagokienez, Touryk landutako adar deskribatzailean oinarritu gara, itzulpen ikasketa deskribatzaileetan, alegia. Adar deskribatzaileak datu enpirikoen behaketa du oinarri, itzultzaileek sortutako produktuen azterketa, betiere kontuan hartuta itzulpenak kultur gertakizunak direla, itzultzaile profesional edo ez hain profesional batek egoera jakin batean egindakoak. Dena egiaztatu beharrezkotzat jotzen duenez, xede-kulturako itzulpenenen izaera bera zalantzan jartzen du Touryk (assummed translation), ikerketaren bidez egiaztatuta ala ezeztatuta geldituko den zerbait baita (Toury, 1995: 36). Hala, itzulpenek agertzen dituzten datuak behatuz, erregulartasunak aurkituko dira, eta horiek emango dizkigute xede-kulturan indarrean dauden itzulpen-arauen berri. Nolanahi den, harago doa Toury bere teoriagintzan eta, hainbat azterketatan oinarrituta, lege bi ondorioztatzen ditu: estandarizazioaren legea eta interferentziaren legea. Estandarizazioaren legearen arabera, itzulpenek hizkuntza lauagoa erabiltzen dute: «in translation, items tend to be selected on a level which is lower [jatorrizkoan nabarmendua] than the one where textual relations have been established in the source text» (Toury, 2012: 305). Interferentziaren legeari dagokionez, berriz, Touryk dio interferentzia berez gertatzen dela itzulpen-prozesu guztietan, itzulpena adimen-ariketa bat delako, eta sorburu-hizkuntzak beti uzten duelako, maila handiagoan ala baxuagoan, bere arrastoa xede-hizkuntzan: «[...] phenomena pertaining to the make-up of the source text tend to force themselves on the translators and be transferred to the target text» (Toury, 2012: 310). Touryk berak ondorioztatzen duenez, ikerketa zehatzen bidez egiaztatu beharrekoak dira bi legeok, literatur sistemak dinamikoak baitira, eta kasuan kasu aztertuz garatu behar dira teoriak. Touryk eta bere teoriagintzak ez du, hala ere, kritikarik falta izan: behaketa hutsera mugatzea eta kulturaren alderdi soziologikoari eta gizartean indarrean diren botere-harremanei ez erreparatzea aurpegiratzen zaio (Hermans, 1999: 159-160). Gure lanean metodologia deskribatzailea aplikatu dugu (ikusi 2. atala), eta Touryk proposatutako legeak gure aztergaian zer/nola betetzen diren aztertu dugu, haren teoriari ekarpen bat egin nahian.
Kontuan hartzeko beste kontu bat HGLaren generoa bera da. Ezaugarri esanguratsuenetako bat generoaren komunikazio asimetrikoa da: haur eta gazteei bideratuta egon arren, helduak topatzen ditugu komunikazio-sistemaren maila guztietan, hala nola sorkuntzan (egileak), zabalkundean (argitaletxeak) nahiz transmisioan (eskolak, HGL-kritikariak etab). Hala, helduek gehienetan hartzaile ezkutu gisa jarduten dutenez, HGLaren hartzailea hartzaile anitza dela esan ohi da (O'Sullivan, 2000: 124). Hala, helduak komunikazio-sistemaren katebegi gehienetan daudenez, sistema biren partaide da HGLa, literatur sistemarena, baina baita hezkuntza-sistemarena ere, eta horrek guztiak bere ondorioak ditu: esan genezake baduela eraginik, oro har, generoak bizi duen estatus txikiarekin; aldi berean, idazteko erabiltzen den hizkuntzan du eragina, eta guk, itzulpenak aztertu ditugun neurrian, hizkuntzari erreparatu diogu. Izan ere, normalizazio-prozesu gaztea duen hizkuntza gutxitua izanik, interesgarria deritzogu euskal HGL itzuliaren hizkuntza- ereduari erreparatzeari. Idatzia ez da inoiz ahozkoaren isla (Larringan eta Idiazabal, 2008: 30), baina ahozkotasunari berezkoak zaizkion ezaugarriak aurkitzen ditugu maiz HGLan. Hain zuzen ere, HGLko elkarrizketa fikzionatua aztertzen duten hainbat lan egin da beste hizkuntza-konbinazioetan, ahozko jardunaren berezko bereizgarriak idatzian nola islatzen diren aztertzeko. Guk ere gure lanean bereizgarri horietako batzuk aztertu ditugu (ikusi 3. atala), zehazki, iseken eta alemanezko zenbait moduzko partikulen itzulpena aztertu dugu gertuagotik.
Itzulpen ikasketen testuingurua eta HGLarena gaingiroki aipatu ondoren, ezin aipatu gabe utzi HGLaren itzulpenaren eremua. Hainbat dira HGLaren itzulpenaren inguruan jardun duten egileak; guri, hala ere, O'Sullivanen (2000) teoria iruditu zaigu bereziki interesgarria. O'Sullivanek komunikazio-eskema oinarritzat hartu eta itzultzailearen figura sartzen du bertan. Ez dugu eskema bera osorik eta sakon aztertu nahi (gaia sakonago aztertzeko, jo egilearen bibliografiara), baina aipagarriena da itzultzaile inplizituaren figura erabiltzen duela: itzultzaile inplizitua itzultzailearen kontzientzia da, nolabait esateko. Hala, figura horretan ez da soilik itzultzaile fisikoaren figura sartzen, era berean sartzen dira argitaletxearen aginduak, gizartea eta, oro har, testuinguru osoa (O'Sullivan, 2000: 245). Egileak dioenez, HGLan beste generoetan baino errazago antzeman daiteke itzultzaile inplizituaren ahotsa, hala nola paratestuetan edo testu nagusian bertan, aldaketak eta egokitzapenak ugariagoak direlako beste generoetan baino.
Horrenbestez, jakintza-eremu horiek guztiak kontuan hartuta burutu dugu gure lana, ondoren zehaztu dugun metodologiari jarraiki.
Metodologia
Lana egiteko erabilitako metodologiari dagokionez, aurretik aipatu ditugun itzulpen-ikasketa deskribatzaileak hartu genituen oinarri gisa; zehazki, Lambert eta van Gorpek 1985ean itzulpen-lanak modu deskribatzailean aztertu ahal izateko ezarri zuten eskemari jarraitu diogu (Lambert eta van Gorp, 1985: 52-53).
Beraz, eskema horri jarraiki, lehenik eta behin, itzulpenean xede-kultura izan den horren HGL-sistema, haren historia eta egoera aztertu ditugu, euskal HGLarena, alegia, eta gauza bera sorburu-kulturarekin. Aldi berean, katalogazio-lan bat egin dugu, alemanetik euskaratutako HGL-lanei buruzko datuak jasoz, eta datu horiei buruzko ondorioak atera ditugu (Zubillaga, 2009). Katalogoaren deskribapenean eta bertatik ateratako ondorioetan oinarrituta, irizpide batzuk finkatu genituen, horien arabera gure corpusa osatuko zuten lanak hautatzeko: 80ko hamarkadatik hona argitaratutako itzulpenak hautatu genituen, orduantxe hasi baitzen euskal HGL-sistema osatzen (Etxaniz eta Lopez Gaseni, 2005: 9); aniztasuna mantentzen saiatu ginen, nola egileei nola itzultzaileei nahiz argitaletxeei zegokienez; bestalde, ustez zuzenean egindako itzulpenak eta zeharka egindako itzulpenak hautatu genituen. Ustez diogu, ikerketaren urrats honetan sailkapenak egin, egin behar baitira, baina behin-behineko izaera eman nahi izan diegu. Izan ere, argitaletxeek eta, askotan, baita itzultzaileek eurek esandakoan oinarrituta egin dugu zuzenean/zeharka sailkapena; argi genuen, ordea, corpusaren testu-azterketak emango zizkigula katalogo mailako behin-behineko sailkapena egiaztatzeko frogak.
Corpusa osatuko zuten lanak hautatuta (Zubillaga, 2012: 85), corpusa gorpuzteari ekin genion, lerrokatua eta digitala izatea nahi baikenuen. Lehenik eta behin, testu guztiak eskaneatu eta digitalizatu genituen (nahiz eta batzuk formatu digitalean ere lortu genituen), eta, ondoren, testuak txukundu eta garbitu genituen, TXT formatuan eta eskanerraren ondoriozko akatsik gabe nahi genituelako. Ondorengo urratsak emateko, Iñaki Albisua informatikariaren laguntza jaso genuen: testuak esaldi mailan etiketatu eta hiru bertsioak lerrokatzen zituen programa bat garatu zuen. Horrek esan nahi du, bertsio bakoitzeko esaldi bakoitzari etiketa bat ematen ziola programak, eta, ondoren, hautatutako bertsioak (alemanezkoa, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa; edo, zuzenean egindako itzulpenetan, alemanezkoa eta euskarazkoa) esaldi mailako etiketa horren arabera lerrokatzen zituela. Jakina, literatur itzulpenak izanik, bertsio batetik bestera aldaketa sintaktikoak daude, eta, beraz, programak automatikoki egindako lerrokatzea ez dator bat jatorrizkoaren sintaxiarekin. Hala, programak berak zituen agindu- botoiak erabiliz, lerrokatzea eskuz moldatu behar izan genuen. Ondoren, jatorrizkoaren arabera lerrokatutako testu-masa MySql datu-baseen kudeatzailera igo, eta, azkenik, datu-baseari bilatzaile bat lotu genion.
Labur-labur kontatu badugu ere, prozesu osoa ez da egun batetik bestera gertatu. Are, oraindik orain, programa fintzen eta garatzen ari gara. Hala ere, orain hirueledun corpusak osatu eta kudeatzeko tresna bat dugu, etorkizunean ere erabiltzen jarraitu ahalko duguna.
Bilaketa baten emaitza erakusten digu 1. irudiak. Kasu horretan, bilaketa ez dugu zuzeneko ala zeharkako itzulpenetara mugatu, eta, beraz, bilatzaileak emaitza guztiak erakutsi dizkigu. Hala, bi edo hiru bertsioak lerrokatuta ageri zaizkigu zutabeetan, eta bilatutako hitza kokatuta dagoen esaldiaren aurreko eta ondorengo esaldiak ere ematen dizkigu, testuinguruaz hobeto jabetzeko.
Metodologia honen helburua, beraz, modu sistematikoan eta enpirikoan lan egitea da, testuei erreparatuz, eta, beraz, itzulpen-prozesu osoa begi bistan dugula: zuzenean egin diren itzulpenen kasuan, jatorrizkoa eta itzulpena; zeharka egin diren itzulpenen kasuan, jatorrizko alemana, zubi-bertsio gisa erabili den testua (gaztelaniazkoa gehienetan) eta euskarazko xede-testua. Emaitzak aztertzeko unean, eta batez ere zeharkako itzulpenak aztertzean, jakin badakigu bestelako ikuspegi bat izan dugula: zeharka itzuli duen itzultzailearentzat zubi-bertsioa izan da jatorrizkoa, eta ez du alemanez idatzitako jatorrizkorik ikusi ere egin; guk ordea, hiru testuak dauzkagu begi bistan. Helburua ez da, hala ere, zubi-bertsiotik itzulitakoan gertatzen dena alemanezko jatorrizko testuarekin erkatzea eta zeharkako itzulpen prozesuan aldatzen dena salatzea. Aitzitik, oso kontuan izan dugu zeharka itzuli duen itzultzaileak zubi-bertsioa izan duela jatorrizko testu gisa; hala ere, zuzeneko itzulpen-prozesuarekin erkatzeko, beharrezkoa genuen zeharkako itzulpen-prozesua ere osorik edukitzea begi bistan, prozesu bien arteko aldea zein den ondo aztertzeko.
Emaitza nagusiak
Corpusa hautatu eta osatu ondoren, azterketa egin dugu. Metodologia deskribatzaileari jarraiki, paratestuen eta makrotestuaren azterketarekin hasi gara, eta ondoren, mikrotestuari heldu diogu, hau da, bilatzailea erabiliz, testuak aztertu ditugu. Jarraian, beraz, azterketa horien emaitza nagusiak laburbildu ditugu.
Paratestuen eta makrotestuaren azterketa
Paratestuen azterketa bideratzeko oinarriak Genettek ezarri zituen (Genette, 1987), eta itzulpengintza-ikasketetan berriki egin diren azterketek frogatu dutenez, ondorio adierazgarrien iturri dira (Manterola, 2012: 122-124). Katalogoko behin-behineko datuak osatzeko epitestuari dagokion informazioa bildu genuen; hala, argitaletxeekin eta itzultzaileekin harremanetan jarri eta itzulpena zuzenean ala zeharka egin zen galdetu genuen, edota itzultzaileari edo itzulpenari buruz sarean dagoen informazioa kontsultatu genuen. Ondoren, ordea, corpusa osatzen duten lanen peritestuei erreparatu diegu, hau da, testu nagusitik kanpo dauden elementuei (izenburua, hitzaurrea, kredituak etab). Itzulpena zuzenean ala zeharka egin den inon adierazten ote den aztertu dugu berariaz.
Jatorrizko izenburuari dagokionez, corpuseko 33 lanetatik 3k ez dute kredituetan halakorik adierazten; horietako 1 ustez zeharka itzulitakoa da, eta beste biak, ustez, zuzenean. Dena dela, jatorrizko izenburua ez agertzearena, adierazgarria izan arren, oharkabean pasatako detailetzat hartu dugu, eta, nolanahi den, horrek ez luke adieraziko itzulpena nahitaez zeharka egin denik. Ilustrazioei ere erreparatu nahi izan diegu; horiek ere ez dute nahitaez erabakitzen itzulpena zuzenean ala zeharka egin den, baina eremu horretan gertatu litezkeen aldaketak esanguratsuak iruditzen zaizkigu. Azaleko ilustrazioa, adibidez, 23 kasutan mantendu da jatorrizkoaren berbera. Liburu barneko ilustrazioei dagokienean, berriz, gehienetan mantendu da, kasu bakar batean salbu; kasu bakar horretan bertako ilustratzaile batek hartu du marrazkiak egiteko ardura. Jatorrizko ilustrazioak aldatzeak xede-hartzailearengan eduki dezakeen eragina gorabehera, horrek guztiak ilustrazioen egile-eskubideekin ere izan lezake zerikusia.
Zuzenean ala zeharka itzuli den adierazten duen informazioari xeheago begiratuta, lanetako bakar batean ere ez da berariaz adierazten zeharka egindako itzulpena denik. Espero izateko emaitza da hori, zuzenean egin dela berariaz aitortu ohi den arren (gure corpusean 3 kasutan), ez baita gauza bera gertatzen zeharka egindako itzulpenekin. Hala ere, liburuaren kredituetan agertzen diren egile eskubideetan begiratuta jakin liteke, teorian, liburu bat zuzenean ala zeharka itzuli den, zeharka itzuli bada, jatorrizko alemanezko testuari dagozkion egile- eskubideez gain, zubi-bertsio gisa erabilitakoaren egile-eskubideek ere agertu beharko bailukete. Gure corpusean zeharkako itzulpen gisa sailkatutako 14 lanetatik, ordea, 4 kasutan baino ez dira zubi-bertsioaren egile- eskubideak aitortzen. Hori horrela izanik, badirudi gainerako lanek zuzenean erosi dizkietela egile-eskubideak argitaletxe alemaniarrei. Nolanahi den, kontu handiagoz aztertu beharreko gaia da hau, gerora jakin baitugu Elkar argitaletxeak, esaterako, Baionan zuen egoitzatik zuzenean erosten zituela kanpoko argitaletxeetako egile-eskubideak, Espainian HGLko argitaletxe nagusienek espainiar estatu osorako egile-eskubideak erosten zituztelako, eta, beraz, lan horien euskararako itzulpena bereganatu edo urtetan blokeatzen edo atzeratzen zuten. Modu hartan, Elkarrek zuzenean erosten zituen frantziar estatutik egile-eskubideak, nahiz gero gaztelaniazko itzulpena hartu jatorrizko gisa itzulpena egiteko; horrela azal liteke, kasu askotan, zubi-bertsioaren egile- eskubideak kredituetan ez agertzea. Esan bezala, paratestuen azterketak hainbat egoera bitxi azalera ditzake, eta sakonago aztertzen jarraitzeko bidea zabaltzen du.
Corpusaren makrotestua aztertzeko, corpuseko lanen egitura orokorrari erreparatu diogu, hala nola bertsio bakoitzaren atal banaketari, bai eta paragrafo, esaldi eta hitz kopuruari ere. Makrotestuaren azterketak ez digu emaitza harrigarririk erakutsi, baina bada atal kopurua aztertzerakoan gure arreta deitu digun xehetasun bat: ustez zuzenean itzuli diren bi lanen kasuan, jatorrizkoak duen hitzaurre eta atal kopurua ez datoz bat itzulpenak ageri dituztenekin. Ez dira aldaketa handiak: die Wolke liburuaren kasuan, itzulpenak ez dakar jatorrizkoak liburuaren hasieran gehitzen duen hitzaurre modukoa (prentsa-artikulu baten pasarte bat), eta Liebe Oma deine Susi liburuaren itzulpenak bi-hiru lerroko gutun bat gehitzen du (gutunez osatuta dago liburua). Gaztelaniazko bertsioak kontsultatuta, gauza bera errepikatzen dela egiaztatu ahal izan dugu. Bigarren liburuaren kasuan, euskarazko itzulpena SM Ediciones argitaletxean argitaratu zen, gaztelaniazkoa bezala; beraz, argi dago argitaletxearen irizpideei jarraitu zaiela. Die Wolke lanaren itzulpenaren kasuan, Elkarren argitaratu bazen ere, litekeena da kasu horretan ere gaztelaniazko bertsioak erabilitako irizpideei jarraitu izana. Jakina, hori ez da bi lan horiek berez zeharka itzuli direla egiaztatzen duen argudioa; ez dugu halakorik adierazi nahi. Adieraziko luke, hala ere, zuzenean itzuli arren, zubi-bertsioaren irizpideei ere jarraitzen zaiela.
Paratestuak eta makrotestua aztertu ostean, corpusaren mikrotestua aztertu dugu. Lehen ere aipatu dugun moduan, iseken eta madarikazioen itzulpena aztertu nahi izan dugu, bai eta zenbait alemanezko moduzko partikulen itzulpena ere.
Mikrotestuaren azterketa
Corpusaren mikrotestuaren azterketa egiteko, erregistro ez-formalari dagozkion elementuak hautatu nahi izan ditugu. Iseken itzulpena berariaz aztertu duen lanik ez dugu topatu, baina bai hizkera ez-formala aztertu dutenak, eta horietan oro har aipatzen da itzulpenek maiz eufemizatu egiten dutela jatorrizkoaren hizkera. Marcelok, Nöstlinger HGLko egilearen lanen itzulpenak aztertu baititu, halaxe dio:
-
Una comparación de muchos libros y de sus traducciones nos mostraría cómo los traductores cambian insultos por palabras más suaves o simplemente los eliminan […]. Todo esto depende por supuesto de las carcaterísticas de cada cultura y de los tabúes existentes e imperantes en cada una ellas (Marcelo, 2007: 146).
Euskarara, itzulitako ikus-entzunezko produktuak aztertu ostean, antzeko ondorioa atera zuen Barambonesek: «[euskarazko itzulpenetan] children's and teenagers' slang is scarcely used, perhaps due to the fact that in practice most of these idiomatic expressions are borrowings from Spanish» (Barambones, 2012: 166-167). Moduzko partikulei dagokienez, horiek ere testu ez-formaletan agertzen dira batik bat (Helbig, 1988: 12; Prüfer, 1995: 16). Funtzio komunikatibo-pragmatikoa betetzen dute, solaskideen arteko harremana zehazten baitute. Hainbat eta hainbat hizkuntza-konbinaketatan aztertu dira alemanezko moduzko partikulak, baina euskaraz ez da, artean, azterketa akademikorik egin. Hala, partikulok hizketa ez-formalaren parte direnez, horietako batzuen itzulpena aztertzeari ekin diogu.
Iseken azterketari ekiteko, Scheffler-en zerrenda erabili dugu (Scheffler, 2000). Hark aipatzen dituen isekak bilatzailean sartu, eta jasotako emaitzak aztertu ditugu, zuzeneko eta zeharkako itzulpenek ageri dituzten aldeei erreparatuz. Gaia, hala ere, uste baino sakonagoa da, jasotako emaitza guztiak aurrena sailkatu egin behar izan baititugu erabileraren arabera (Zubillaga, 2013: 71): iseka pertsonalak (solaskideari zuzenean adierazten zaizkionak), iseka deskribatzaileak (hirugarren bati buruz adierazten direnak) eta madarikazioak bereizi ditugu. Ondoren, bilatzaileak emandako emaitza horiek aztertu ditugu, itzulpenetan tonuarekin gertatutakoari erreparatuz. Tonuaren azterketa ez da zientzia zehatza; Hatim eta Masonen arabera, tonuak igorlearen eta hartzailearen arteko harremanari egiten dio erreferentzia eta formaletik informalera doan eskala batean zehazten da (Hatim eta Mason, 1992: 50). Guk tonuaren eufemizatzea Touryren estandarizazio legearekin lotu dugu, eta, beraz, zuzenean egindako itzulpenetan eta zeharka egin direnetan iseken tonuarekin zer gertatu den neurtu dugu, estandarizazioaren legea gure corpusean zein neurritan eta nola betetzen den ikusteko.
Egindako azterketaren arabera, honako emaitza hauek atera ditugu: iseka deskribatzaileetan, % 38 jaitsi da tonua zuzeneko itzulpenetan, eta % 52 zeharkakoetan; iseka pertsonaletan, % 30 jaitsi da tonua zuzenekoetan, eta % 46, berriz, zeharkakoetan; madarikazioei dagokienean, % 44 jaitsi da tonua zuzenekoetan, eta % 66,5 zeharkakoetan. Bistan denez, tonuaren jaitsiera beti gertatu da, baina zeharka egindako itzulpenek jaitsiera nabarmenagoa erakutsi dute. Alegia, estandarizazioa badirudi handiagoa dela zeharka egiten diren itzulpenetan.
Bestalde, bilaketetan emaitza gehien emandako bi iseken itzulpenak gertuagotik aztertu ditugu. Dumm eta blöd dira emaitza gehien eman dituzten alemanezko isekak (biek ere tonto edo ergel esanahia dute). Bi iseka horientzat zuzeneko itzulpenek eta zeharkakoek eman dituzten baliokideak aztertuta, ikusi ahal izan dugu zuzeneko itzulpenetan baliokide gehiago erabili direla: dumm hitzarentzat 19 baliokide desberdin erabili dira zuzeneko itzulpenetan, eta, zeharkakoetan, berriz, 14; blöd hitzarentzat, berriz, 17 baliokide eman dira zuzeneko itzulpenetan, eta 8 zeharkakoetan. Dirudienez, beraz, zeharkako itzulpenetan bada estandarizaziorako joera nabarmenago bat.
Estandarizazioarekin egin dugun moduan, jasotako emaitzetan interferentzia kasurik topatzen genuen aztertu dugu. Hasieran aipatu dugunez, itzulpen-prozesu guztietan gertatzen da interferentzia, hau da, xede-hizkuntzak beti jasotzen du jatorrizko hizkuntzaren errepertoriokoak diren hizkuntza-elementuak. Gure kasuan, ordea, zeharkako itzulpenak ditugunez, zeharkako interferentziak izango ditugu. Baina, horretaz gain, ustez zuzenean egindako itzulpenetan ere, beste bertsio baten erabilera iradoki lezaketen interferentzia posibleak aurkitu ditugu. Hona hemen pare bat adibide:
Taula 1
Aurreneko adibidea aztertzeko, kontuan hartu behar dugu euskarazko itzultzailearentzat gaztelaniazko bertsioa zela jatorrizko testua. Hala, animaliaren hitzez hitzeko esanahia eman du, hiztegiak gaztelaniazko mono hitzarentzat ematen duen baliokidea, eta emaitza arrotz samarra gelditu da, tximino hitza ez baita, bere horretan, irain gisa erabiltzen euskaraz. Ondorioz, eta mono hitza gaztelaniaz irain gisa zabalduta ote dagoen gorabehera, esan genezake euskarazko bertsioak interferentzia arrastoak dituela. Hala ere, corpus hirueledunak itzulpen-prozesu osoa aztertzeko aukera ematen digunez, ikusi dugu gaztelaniazko itzultzaileak alemanezko Affe [ ergel ] eta Oberaffe [ergeletan ergelena] hitzez hitz itzuli dituela, hitzok tximino esan nahi baitute; ordea, bestelako erabilera pragmatikoa ere badute, hau da, iraintzeko erabiltzen dira, norbait ergela edo tontoa dela esateko, eta ober- aurrizkia indartzaile edo superlatibo gisa erabiltzen da hizkera ez-formalean. Horrela, beraz, interferentzia hori zeharkakoa dela edo atzeragotik datorrela ulertu dugu: alemanetik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara.
Bigarren adibideari dagokionez, Dep hitza da, berez, iraina, hau da, ergel edo txotxolo, eta indartu egiten du wie mit dem letzten Deppen esanda [hitzez hitz: azken ergela banintz bezala. Esanahia: ergeletan ergelena banintz bezala]. Euskarazko itzulpena irakurrita, pentsatu genuen beharbada zubi-bertsio baten erabilera egon litekeela tartean, euskarazko itzulpena gaztelaniazko el último mono eta ser un fantasma esapideen nahasketa izan litekeelakoan. Ustez zuzenean egindako itzulpena zenez, ez genuen gaztelaniazko bertsiorik corpusean, baina, hala ere, kontsulta egin genuen. Ez dirudi gaztelaniazko bertsioari jarraitu dionik; testuak behintzat ez du halakorik erakusten. Hala ere, izan liteke nolabaiteko interferentzia kognitibo baten emaitza, hau da, itzultzaileak berak buruan aktibatuta duen gaztelaniaren ondorio. Horrelako hipotesi batek azterketa gehiago beharko lituzke, jakina, baina, hain zuzen ere, interferentzia mota desberdinak egon badaudela adierazi nahi genuke. Hain zuzen ere, alemanetik euskaratutako testuetan zubi-bertsioaren interferentziak aurkitu dira somatismoen itzulpenetan (Sanz, 2013).
Alemanezko moduzko partikulen itzulpena gai linguistikoagoa da, baina orobat neurtu nahi izan dugu partikulek alemanezko jatorrizko bertsioan eransten zuten ñabardura itzulpenetan jasotzen zen ala ez. Hainbat dira alemanezko moduzko partikulak, baina guk jaeta eben/halt3 partikulak aztertu ditugu. Labur-labur bada ere, partikula horien esanahia azaldu nahi genuke: ja partikulak, adierazpen-perpausetan, hizlariaren harridura adierazten du, edo hizlariaren konbentzimendua, kontatzen ari zaion horren jakinaren gainean dagoela solaskidea; aginterazko perpausetan, berriz, abisua edo mehatxua adierazteko erabiltzen da (Castell, 2008: 407-410). Eben/halt partikulek, berriz, hizlariaren etsipena adierazten dute adierazpen-perpausetan; aginterazko perpausetan, berriz, solaskidearengandik nolabaiteko konpromisoa edo onarpena espero du hizlariak (Cárdenes, 1997: 163).
Emaitzak adierazgarriak izan dira: ja partikularen kasuan, zuzeneko itzulpenetan, % 84 dira partikularen ñabardura jaso ez duten kasuak, eta, zeharkako itzulpenetan, berriz, % 83. Eben partikularen kasuan, berriz, zuzeneko itzulpenetan % 86 dira partikularen ñabardura jaso ez duten kasuak, eta, zeharka egindako itzulpenetan, berriz, % 79. Bistan denez, partikularen ñabardura nabarmen estandarizatu da, nola zuzenean egindako itzulpenetan nola zeharka egindakoetan. Hala ere, eta aldea txikia bada ere, zeharka egindako itzulpenetan pixka bat gehiago jaso da partikularen ñabardura. Izatekotan, kontrakoa zen espero genuena. Izan ere, zubi-bertsio bat erabilita lan egin duen itzultzaileak jakin ere ez du jakin jatorrizkoan moduzko partikularik bazenik ere, eta, beraz, zubi- bertsioak alemanezko partikula hori modu nabarian itzultzen eta jasotzen badu jasoko du, halaber, euskarazkoak. Nolanahi den, eta gure corpusean egindako azterketako emaitzek erakusten dutenez behinik behin, badirudi zeharkako bertsioek lagundu dutela, hein batean, partikularen ñabardura jasotzen.
Hainbat hizkuntza-konbinaziotan aztertu da alemanezko moduzko partikulen itzulpenaren kontua, eta askotan aipatu da horiek alemanezko testuetan jokatzen duten funtzioa itzultzeko zailtasuna. Hala ere, interesgarria iruditu zaigu alemana- turkiera konbinazioa aztertuz Vural egile turkiarrak moduzko partikulen itzulpenari buruz ondorioztatzen duena: egile turkiarrak dio turkierak badituela funtzio ilokutibo hori betetzen duten baliabideak, nahiz ez datozen bat alemanezko partikulekin (Vural, 2000: 209). Prüferrek alemanezko partikulen itzulpena aztertu du ingelesera eta gaztelaniara, eta 90eko hamarkadako itzulpenek gehiago jasotzen omen dute alemanezko partikulen ñabardura, eta hobekuntza hori hizkuntzen irakaskuntzan gertatu diren aurrerapenei esker omen da. Ez dakigu hemendik urte batzuetara euskaraz ere moduzko partikulen ñabardura portzentaje handiagoan jasoko den ala ez. Izan ere, ez genuke aditzera eman nahi ñabardura hori ez jasotzea itzulpen okerra denik, partikularen 0 itzulpena itzulpen mota bat baita, eta, beharbada, hizkuntzak berak funtzio ilokutiboa adierazteko duen moduaren ondorio dira guk jaso ditugun emaitzak. Nolanahi den, positiboa deritzogu hizkuntzen arteko halako aldeei erreparatzeari, batetik besterako bidea nola egiten den ulertzeko.
Interferentzia kasuei dagokienez, hemen ere zubi-bertsioaren interferentziak topatu ditugu zeharkakoetan, baina, beste behin ere, deigarri egin zaizkigunak ustez zuzenean egindako itzulpenetan sumatutako interferentzia posibleak izan dira, adibidez, 2. taulako 2. adibidea. Adibide horretan, moduzko partikulak aztertzen ari baginen ere, arreta esaldi bereko bestelako elementuek deitu digute. Izan ere, eta ikusi dugun moduan, moduzko partikulen ñabardura ez da, gehienbat, itzuli, eta, beraz, bestelako elementuek piztu digute interferentziaren susmoa.
Taula 2
Aurreneko adibidea zeharkako itzulpen batena da, eta, kasu horretan, ez dugu interferentzia gisa identifikatu euskarazko bertsioa beste hizkuntza baten eraginez behartuta agertzen delako. Hala ere, eta corpus hirueleduna baliatuta prozesu osoari errepara diezaiokegunez, badakigu zubi-bertsioaren eraginez itzuli duela euskarazko bertsioak modu horretan. Jakina, zeharka egindako itzulpena denez, itzulpenak ezingo luke bestelakoa izan, euskal itzultzaileak ez baitu alemanezko bertsioa ikusi, baina, guk orain prozesu osoa begi aurrean edukita, zubi-bertsio bat erabiltzeak azken testua nola baldintza dezakeen ikus dezakegu. Alemanezko testuan, ja partikula erabilita, hizlariak bere konbentzimendua adierazten du solaskideak ere badakiela edo ados dagoela esaten ari denarekin, hau da, biek ere badakitela solaskideetako batek istorio politak kontatzen dituela beti. Gaztelaniaz beste zentzu bat eman zaio esaldiari, eta, ondorioz, baita euskarazkoan ere. Bigarren adibidean, berriz, interferentzia ez genuen halt partikularen itzulpenean sumatu, partikula zeraman esaldiko beste elementuetan baizik. Sich dreinfügen [ moldatu ] aditza pazientziaz jokatu itzuli zela ikusita, zubi-bertsiorik erabili ote zen susmatu genuen. Gaztelaniazko bertsioa kontsultatu ondoren, esan genezake euskarazkoak, testu-zati horretan behintzat, hari jarraituko ziola segur aski. Kasu horretan ere, euskarazko bertsioko hizkuntza ez da behartu. Beraz, ez gaude Touryk interferentzia gisa definitzen duen horren aurrean, baizik eta zeharkako itzulpenean gerta daitezkeen interpretazio-aldaketen aurrean.
Ondorio nagusiak
Doktore-tesiak alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literatura izan du aztergai, eta hainbat dira bertatik atera ditugun ondorioak.
Katalogazio lan bat egin dugu, eta lan horren azterketan ikusi ahal izan dugunez, azken urteotan batez beste bost bat liburu itzuli dira urtero alemanetik euskarara; azken urteetan, batez ere, irudi-liburuak edo album ilustratuak. Era berean, kopuruan gutxitu bada ere, zeharkako itzulpenak egiten dira oraindik ere.
Bestalde, corpusa osatu eta azterketa xeheagoa egin dugu: paratestuen eta makrotestuaren azterketa, aurrena, eta mikrotestuaren azterketa hurrena. Ondorio interesgarrienak mikrotestuaren azterketan eskuratu ditugu, iseken eta alemanezko zenbait moduzko partikulen itzulpena aztertzean. Emaitzek erakutsi digutenez, estandarizazioa maila nahiko handian gertatzen da, batez ere moduzko partikulen kasuan (seguru aski, partikulek esaldiari gehitzen dioten ñabardura finagoa delako, eta, beharbada, ez dagoelako euskaraz ñabardura hori modu erraz eta naturalean adierazteko formula erabatekorik). Nolanahi den, estandarizazio horrek agerian uzten du –batez ere iseken kasuan– euskarazko itzulpenetan joera eufemizatzailea dugula. Horrek bere ondorioak izan ditzake, handitxo gerta bailiteke kalean erabiltzen den hizkeraren eta testuetan irakurtzen dugunaren arteko tartea. Horretaz gain, nabarmendu nahi genuke iseken kasuan estandarizaziorako joera nabarmenagoa aurkitu dugula zeharkako itzulpenetan zuzenekoetan baino.
Interferentziari dagokionez, ikerketak erakutsi digu kontzeptua zabala izan daitekeela oso. Hala, interferentziak aurkitu ditugu zeharkako itzulpenetan; zenbait kasutan, itzulpen-prozesu osoa kontuan hartuta, interferentzia atzeragotik etorri da: alemanetik gaztelaniara itzultzean gertatutakoa, eta gaztelaniatik euskarara itzultzean gertatutakoa. Zuzenekoetan ere balizko zubi-bertsio baten interferentzia zantzuren bat edo beste sumatu dugu, eta horrek iradokitzen digu euskara bezalako hizkuntza gutxituetan zubi-bertsioaren interferentzia kognitiboa beti gerta daitekeela: interferentzia diglosikoa izan liteke. Izan ere, O'Sullivanek bere eskeman aurkezten duen itzultzailearen kontzientziak, gure kasuan, bi hizkuntzekin funtzionatzen du.
Gainerakoan, zubi-bertsioaren eraginez sortutako interpretazio-aldaketa zenbait identifikatu ditugu. Horiek ez lirateke zubi- bertsioaren interferentziak Touryren zentzu hertsian, zeharka itzultzearen ondorioak baizik. Hala ere, eragin hori bera topatu dugu ustez zuzenean itzuli diren testuetan.
Hala, ondorio nagusietako bat da zuzeneko eta zeharkako itzulpenen arteko muga lausoa dela sarri askotan. Izan ere, euskarazko itzultzailea ez da bakartuta bizi, eta zubi-hizkuntzaren eragina eta interferentzia oso presente dauka, nola eskuragarri dituen hiztegietan nola dagoeneko argitaratu den gaztelaniazko bertsioan; are, baita buruan bertan ere.
Era berean, eta HGL itzuliaren hizkuntza ez-formalaren alderdi txiki bat aztertu dugun honetan, ondorioztatu dugu HGLaren itzulpena ez dela haur-jolasa. Hain zuzen ere, gisa honetako lanek HGLaren itzulpenean jarduera kritikoago bat izatea bultzatu beharko lukete, argitaratzaile nahiz itzultzaileek modu kontzienteagoan lan egin dezaten.
Hemendik aurrerakoak
Gisa honetako lanekin gertatzen den moduan, erantzunak baino, azterketa sakonagorako gaiak aurkitu ditugu. Hala, osatu ditugun katalogoa eta corpusa osatzen jarrai genezake, aurrerantzean ere ikertzen jarraitzeko. Katalogoa osatzen jarraitzeak itzulpen-jardueraren berri emango liguke eta, alde horretatik, ezinbesteko tresna da errealitatearen ikuspegi bat izateko. Bestalde, parez pare lerrokatutako itzulpenak tresna oso baliagarriak dira, esate baterako, hizkuntzalaritza kontrastiboari dagozkion azterketak egiteko. Lexikografiarako ere ezinbesteko tresna bihur daiteke, alemana-euskara hiztegigintzarako, kasu.
Era berean, azterketa zehatzagoak egin litezke, eta, esaterako, HGL mota zehatz bakoitzeko ezaugarriak aztertu: album ilustratuetakoak, haur txikientzako liburuetakoak edo gazte-literaturakoak.
Sortutako materiala aprobetxatu eta garatzen jarraitzeaz gain, egin dugun azterketa beste hizkuntza-konbinaketak erabiliz egin litekeela iruditzen zaigu, ingelesetik euskarara itzulitako HGLa aztertuz, adibidez, guk lan honetan atera ditugun ondorioak ingelesez itzultzean ere ateratzen ote diren egiaztatzeko.
Bestalde, HGLaren hizkuntza eta, are, interferentzia bera aztertzen jarraitzekoak iruditzen zaizkigu, eta ez soilik itzulpenetara mugatuta, baita sortze-lanak diren HGL- testuetan ere, sortzen dugun hizkuntza- ereduaz hausnartzeak hizkuntzari garatzen laguntzen diolako.
Bibliografia
BARAMBONES, J. (2012). Mapping the dubbing scene. Audiovisual translation in Basque television, Berna: Peter Lang.
CÁRDENES, J. (1997). Aber, denn, doch, eben und ihre spanischen Entsprechungen. Eine funktional-pragmatische Studie zur Übersetzung deutscher Partikeln, Münster/New York/München/Berlin: Waxmann.
CASTELL, A. (2003). Gramática de la lengua alemana, Madril: Hueber Verlag.
ETXANIZ, X. (2011). «Egungo euskal haur eta gazte literatura» in X. Etxaniz eta M. Lopez (arg.), Egungo euskal haur eta gazte literaturaren historia, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen Zerbitzua, 13-96 or.
GENETTE, G. (1987). Seuils, Paris: Éditions du Seuil.
GOMEZ, G. (2004). Grimm anaien kinder-und hausmärchen euskaraz: itzulpenen eta egokitzapenen azterketa, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.
HATIM, B. eta MASON, I. (1992). Discourse and the translator, New York/Londres: Longman.
HELBIG, G. (1988). Lexikon deutscher Partikeln, Leipzig: Verlag Enzyklopädie Leipzig.
HERMANS, T. (1999). Translation in systems. Descriptive and System-oriented Approaches Explained, Manchester: St. Jerome Publishing.
LAMBERT, J. eta van Gorp, H. (1985). «On describing translations» in H. Theo (arg.). The manipulation of literature: studies in Literary Translation, London/Sydney: Croom Helm, 42-53 or.
LARRINGAN, L. M. eta IDIAZABAL, I. (2008). «Ahozko hizkuntzari antza hartzeko hiru gogoeta» in Euskalgintza XXI. mendeari buruz XV. Biltzarra. Hizkuntza Gaiak 19, Bilbo: Euskaltzaindia, 29-38 or.
LOPEZ, J. M. (2000). Euskarara itzulitako haur eta gazte literatura: funtzioak, eraginak eta itzulpen-estrategiak, Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea.
LOPEZ, M. eta ETXANIZ, X. (2005). 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura, Iruña: Pamiela.
MANTEROLA, E. (2012). «Euskal literatura itzuliari buruzko tesia» SENEZ, 43, 115-133 or.
MARCELO, G. (2007). Traducción de las referencias culturales en la literatura infantil y juvenil, Frankfurt a. M: Peter Lang.
O'SULLIVAN, E. (2000). Kinderliterarische Komparatistik. Universitätsverlag C.Winter, Heidelberg: Mörlenbach.
PRÜFER, I. (1995). La traducción de las partículas modales del alemán al español y al inglés, Frankfurt a. M: Peter Lang.
SANZ, Z. (2013). «Korpusbasierte Übersetzungsanalyse von Hand-Somatismen (deutsch-baskisch)» in F. Melanija, S. Fiedler eta J. Szerszunowicz (arg.) Phraseologie im interlingualen und interkulturellen Kontakt, Maribor: Zora, 317-330 or.
SCHEFFLER, G. (2000). Schimpfwörter im Themenvorrat einer Gesellschaft, Marburg: Tectum Verlag.
TOURY, G. (1995). Descriptive Translation Studies and Beyond, Amsterdam: John Benjamins.
TOURY, G. (2012). Descriptive Translation Studies - and beyond. Revised edition, Amsterdam: John Benjamins.
VURAL, S. (2001): Der Partikelgebrauch im heutigen Deutsch und im heutigen Türkisch. Eine kontrastive Untersuchung, Mannheim: MATEO.
ZUBILLAGA, N. (2012). «Tonua aztergai: isekak alemanetik euskaratutako haur- eta gazte-literaturan» in F. García eta N. Madariaga (arg.) Hitz artean. Axun Aierbe gogoan, Bilbo: UEU, 67-83 or.
ZUBILLAGA, N. (2009). «Alemanetik euskaratutako haur eta gazte literatura edo amaigabeko istorioa» SENEZ, 37, 231-241 or.
ZUBILLAGA, N. (2012). «A corpus based descriptive study of German children's literature translated into Basque: Preliminary results» in M. Fischer eta M. Wirf (arg.) Translating Fictional Dialogue for Children and Young People, Berlin: Frank&Timme, 81-99 or.
1. Adibideetan erabilitako lanen erreferentziak:
DDL = Kästner, E. (1949). Das doppelte Löttchen, Zürich: Atrium Verlag.
DDL-es = Kästner, E. (1957). Las dos Carlotas [itz. Guerra, P.], Bartzelona: Juventud.
DDL-eu = Kästner, E. (1992). Lotte eta Luisa, hau bizki parea! [itz. Narbaiza, A.], Donostia: ELKAR.
DKH = Preußler, O. (1957). Die kleine Hexe, Stuttgart: Thienemanns Verlag.
DKH-es = Preußler, O. (1983). La pequeña bruja [itz. Maluenda, C.], Bartzelona: Noguer.
DKH-eu = Preußler, O. (1983). Sorgin txikia [itz. Iparragirre, P], Donostia: ELKAR.
FR = Härtling, P. (1989). Fränze, Weinheim: Beltz & Gelberg.
FR-es = Härtling, P. (1991). Fraenze [itz. Vega, M.A.], Madril: Siruela.
FR-eu = Härtling, P. (1992). Franze [itz. Mendiguren, X.], Donostia: ELKAR.
JJJ = Nöstlinger, C. (1983). Jokel, Jula und Jericho, Weinheim: Geltz & Gelberg.
JJJ-es = Nöstlinger, C. (1993). Juan, Julia y Jericó [itz. Blanco, R.P.], Madril: Alfaguara.
JJJ-eu = Nöstlinger, C. (1994). Markel, Maddi eta Maluta [itz. Navascues, J.], Madril: Alfaguara.
1. http://www.ehu.es/ibon_uribarri/AleuskaWeb1.htm
2. Aleuska katalogoan, leku handia hartzen dute poesia solteek (horietako asko aldizkarietan agertzen joan direnak etab.), guztira 140 baitaude. Beraz, poesia alde batera utzita, HGLak Aleuska katalogoan izango lukeen proportzioa % 60ra gerturatuko litzateke.
3. Eben gehiago erabiltzen da Alemaniaren iparraldean, eta, halt, berriz, gehiago hegoaldean.