Garai nahasia, itzulpenen irabazia
Marta Iravedra

Beste hizkuntza-komunitateetan zer egiten ari diren ikusteko asmoz, Vigoko Unibertsitateko Itzulpengintza saileko irakasle batzuek zenbait urte daramate ''Catálogo da Tradución Galega'' izenekoa osatzen, Galiziako literatur sektoreari erakutsiko diona alor horretan zer ari den gertatzen eta nola. Horrela, bada, saiatzen dira aski informazio ematen editoreek eta itzulpengintzaren alorrean parte hartzen duten gainontzeko profesionalek jakin dezaten zer aukera dituzten eskura eta zeintzuk aurkezten ahal zaizkien, lanean jarraitzeko zer urrats izanen diren hoberenak erabaki ahal izateko. Plangintza- eta antolaketa-estrategiak diseinatzea erraztuko duen eredu malgu baten alde egiten dute ikertzaileek; izen ere, gaur egungoa bezalako garai batean, aurrekontua eskasa baita, hartutako erabakien efikazia eta eraginkortasuna inoiz baino erabakigarriagoak baitira. Sobera hartzen duenak gaizki estutzen, eta bete-betean asmatu nahi duenak, berriz, punteria zorroztu behar. Artikulu honetan aurkezten ditugun lanek argitalpen sektorea dinamizatzea dute xede, beste helburu honekin batera: itzultzearen prozesu konplexuari beharrezko arreta jartzea.

Itzulpena: Garazi Arrula Ruiz

Sarrera

Garai nahasia bizi dugu: mundu mailako krisia, aurrekontuen murriztea, baliabide falta eta lehentasunen ezartzea; eta, gainera, gobernuek lehentasun horietatik kanpo uzten dute kultura. Horregatik, adimena zorroztea inoiz baino beharrezkoagoa da, aurrera egin nahi bada. «Ibai nahasia, arrantzaleen irabazia» esan ohi da; gakoa da aldaketei eta ezustekoei probetxua ateratzen jakitea, egoera berrira moldatzeko erreakzionatzen jakitea, , hiltzen utzi ordez. Iritsi da unea ur-lasterraren kontra igeri egiten ikasteko, erronkei heltzen ausartzeko, helburu komunen bila indarrak batzeko. Talde- jarduerak eta lankidetza bidezko proiektuak aukera eta baliabide iturri aberats dira. Alta, beste batzuetan, mesedegarri ere bada une batez gelditu eta geure inguruan zer gerta-tzen ari den aztertzea, hots, aurrera egiten jarraitzeko edo itoalditik onik ateratzeko heldulekurik ba ote den pentsatzea.

Itzulpengintzaren mundua ez da salbuespen sektorea hondoratzeko mehatxua egiten duten murrizketa, aldaketa eta ezustekoen aurrean; halaber, zenbait hizkuntza desagertu daitezke globalizazio geroz eta handiagoaren ondorioz. Hortaz, itzulpenaren alorretan ere beharrezkoa da egoera aztertzen hastea, aukerak, eskura ditugun baliabideak eta sortzen diren arazoei aurre egiteko konponbideak zeintzuk diren ikusteko.

Jarraian, bi lan aurkeztuko ditugu, literatur itzulpen politikak homogeneizatzeko joerari irtenbidea emateko lagungarri eta hausnarketa-eragile izan daitezkeelakoan. Biek dute Galiziako argitalpen mundua ardatz, baina Estatuko beste hizkuntza- komunitateetan ere erabil eta aplika daitezke, hala nola, testuinguru euskaldun, katalan eta baita espainolean ere. Lehenengo ikerlana literatura galegoaren inportazioari eta esportazioari buruzkoa da, eta literatur isuri horren zenbatekoak ematen dizkigu, generoak bereiziz eta azken hogeita hamar urteetan ekoitzi den hori aintzat hartuz. Bigarren azterlanak itzulpen prozesuaren eta horretan parte hartzen duten eragileen ikuspegi analitiko bat ematen du, Galizian eta beste administrazio espainoletan erabiltzen diren argitalpen-politikak aztertzearekin batera.

Bi ikerlan horiek eskaintzen dizkiguten analisirako tresnak erabiliz, eskura ditugun bitartekoak hobetu eta argitalpen sektorea babestu eta dinamizatu dezakegu, etekin ekonomiko eta kultural aberatsa sortzen duen alorra baita.

Zer egin dugu orain arte?

Luis Pegenautek zuzentzen duen bilduma bateko zazpigarren monografia da Traducción de una cultura emergente, eta, bildumako beste liburukiek bezala, testuinguru hispanikoaren barruko harreman literarioak ditu aztergai. Zazpia zenbaki magikoa izan da beti hamaika kulturatan. Zazpi dira asteko egunak, musika-notak, bekatu kapital kristauak eta zeru musulmanak. Zazpi dira munduko mirariak ere, zazpi, ortzadarraren koloreak. Arteak ere zazpi taldetan banatzen dira. Eta, hainbeste mistizismo tarteko, “egon badaudenez”, Relaciones literarias en el ámbito hispánico: Traducción, literatura y cultura bildumaren zazpigarren monografia honek testuinguru galegoa du hizpide, bestela ezin izan zitekeen moduan.

Liburuki hori Vigoko Unibertsitateko lau irakaslek sinatzen dute, itzulpengintzan adituak eta hainbat urtez literatura galegoa aztertzen arituak. Orain arte, literaturarekin eta horrek sorlekutik kanpoko kultur eta hizkuntzetan izandako eraginarekin loturiko azterlan gehienek ikergai izan dituzte sorburu-espazio kultural edo linguistiko batetik xede-espazio batera inportatutako obrak, bai liburuki osoetan bai aldizkako argitalpenek han-hemenka kaleraturiko artikuluetan. Espainian badira zenbait, esaterako, Lopez Gaseniren Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008), euskarara itzuli eta argitaratutako literatura unibertsala aztertzen duena, eta Montserrat Bacardíren Cent anys de traducció al català (1891-1990), katalanera inportatutako literatura duena ikergai. Baita, besteak beste, Francisco Lafargak eginiko lanetako batzuk ere, hala nola, Diccionario histórico de la traducción en España eta Cincuenta estudios sobre traducciones españolas. Esan bezala, horiek guztiak inportatutako obretatik abiatzen dira helburu duten literaturaren egoera aztertzeko.

Áurea Fernández, Iolanda Galanes, Ana Luna eta Silvia Monterok, berriz, txanponaren beste aldea erakusten digute. Izan ere, Catálogo da Tradución Galega erabili dute, BITRAGA ikerketa-taldeak sorturikoa (taldearen berri sarean aurki daiteke http://www.bibliotraducion.uvigo.es helbidean), inportatutako literaturaz gainera, azken 30 urteetan esportatutako literatura galegoa aztertzeko, hots, 1981ean Autonomia Estatutuak literatura galegoz ekoiztea baimendu zuenetik kanporatu den hori. Katalogo horrek datu-base bat ere badu, zeinak, lehenengo magiarekin jarraitzeko, behintzat zazpi kuriositate deskubritzeko aukera ematen baitigu: zuzenean erakusten du autore beraren zer obra itzuli den, zer hizkuntz(et)- ara, zer urtetan eta zer itzultzailek parte hartu zuen proiektuan; eta, zeharka, aukera ematen digu aztertzeko obra jakin batek askotariko irakurketak izan ote dituen hori itzuli zen garaiaren arabera, zer autorek eta itzultzailek duten ekoizpen gehien etxetik kanpo, eta galegoaren eta xede-hizkuntzen arteko komunikazioa elkarrizketa gutxi- asko orekatu bidez egiten den, ala, aitzitik, noranzko bakarrekoa ote den.

Monografiaren lehenengo zatiak irakurleari oinarri bat emateko asmoa du, hots, literatur itzulpenaren eta horretan parte hartzen duten eragileen testuingurua, hizkuntza gutxituen eta komunitate elebidun edo diglosikoen testuingurua, galegoaren testuinguru historiko eta kulturala eta BITRAGAk sorturiko katalogoaren nondik norakoak ditu hizpide. Liburuko kapitulu nagusietan lau autoreek katalogoari esker lortutako datu objektiboak agertzen dira, eta, datu horiek emateko, gaur egungo literatura galegoaren ezaugarri adierazgarrienak hartu dituzte ardatz: haur eta gazte literatura, autoitzulpena eta emakumeek idatzitako literatura. Lehenengo ezaugarriari buruzko kapituluak erakusten du genero oparoa dela haur eta gazte literatura, eta galegozko ekoizpena errentagarria izan daitekeela —datu kuantitatiboek berresten dutenez—; horrela, bada, hazten ari diren beste hizkuntza batzuei itxaropen printza bat zabaltzen die. Autoitzulpenari buruzko kapituluak ohiko jardun bat aurkezten digu, autore galegoek espainola erabiltzeko hautua egiten baitute kultura urrunagoetara iristeko zubi modura, nahiz eta, liburuaren autoreek aditzera ematen dutenez, bai hizkuntzarentzako bai literatura galegoarentzako komenigarria litzateke zuzenean galegozko obratik bertatik itzultzea beste hizkuntzetara, jatorrizko kulturaren ikusgarritasunaren mesedetan. Eta, azkenik, emakumeek idatzitako literatura hizpide duen kapituluak agerian uzten du Rosalía de Castroren adorea mugarri izan zela haren hizkuntzaren historian, beste hainbat emakumerentzat eredu bihurtu baitzen. Monografiarekin bukatzeko, lau autoreek zenbait merkatu definitzen dituzte, literatura galegoa horietara zabaltzeko bidea egiten ari baita, eta helburu baitu horietako parte hartzaile guztientzako aberasgarria izanen den elkarrizketa bat sortzea. Merkatu horiek hiru multzotan aurkezten zaizkigu: iberikoak (katalana, euskalduna, espainola eta portugesa), zeinekiko hartu-eman kulturalak oinarri sendoagoa baitu; gutxituak (bretoia, sardiniarra eta kurdua kasu), zeinekin identifikatzen ahal diren, batak zein besteak globalizazioaren aurrean bizirauteko idealaren alde borrokatu behar baitute —globalizazioa, ahalbidetzen duen elkartruke kulturalarengatik onuragarria izan zitekeen arren, oro har suntsitzailea izaten ari da deus onik ekartzen ez duen inposizioa dela medio—; eta, azkenik, poliki-poliki lortu nahi dituzten urruneko merkatuak (hala nola, arabiarra, korearra eta hebrearra, literatura galegoak honezkero nolabaiteko harremana izan baitu horiekin).

Ikus daitekeenez, beraz, BITRAGA katalogoak literatura galegoari buruz ematen duen analisia oso zabala eta zehatza da, eta askotariko datuak jartzen ditu guztion eskura, besteak beste, zer liburu ekartzen diren galegora, nondik datozen, zeintzuk kanporatzen diren gehien, zer genero maite duen bereziki hizkuntza hartzaile jakin batek, eta abar. Horri esker askoz errazagoa izanen litzateke sektoreari ekintza-estrategiak eta distribuzio-politikak definitzen lagunduko dioten joerak ezartzea.

Nola ari gara?

Egungo ekintza-estrategia eta distribuzio politika horiei buruzkoa da, hain zuzen, Translation Quality Assessment Policies from Galicia. 2011ko azterlan hori Vigoko Unibertsitateko Itzulpengintza Saileko hiru irakaslek osatu zuten: Ana Luna, Silvia Montero eta Liliana Valado. Hala ere, itzulpenean aritzen diren eta argitalpen-politiketan adituak diren beste profesional batzuek ere parte hartu dute. Besteak beste, Kultura Ministerioak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Administrazio katalanak eta Galiziako Xuntako Kultura Sailak darabiltzaten itzulpen- eta argitalpen-politikak biltzen ditu monografia honek, Estatu espainolari begiratzen badiogu; alta, mundu mailako ikuspegi bat ere ematen dute autoreek, UNESCOren erregistroaren bidez, eta Europari ere erreparatzen diote labur, Europako Editoreen Federazioaren bitartez.

Hiru autoreek itzulpen prozesuaren ikuspegi analitiko bat ematea dute helburu, prozesu horretan parte hartzen duten eragile guztiak kontuan hartuta (itzulpena agintzen duen horretatik hasi eta azken hartzaileraino), eta ikuspuntu profesional zein akademiko batetik egin nahi dute hori. Lana osatzen duten lau ataletako lehenak UNESCOk eta administrazio publiko espainolek (Kultur Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Galiziako Xuntak eta Kataluniako Generalitateak) erabilitako itzulpenen kudeaketari buruzko politikak aztertzen ditu (diru-laguntzak, promozioa, banaketa, eta abar). Lehenengo kapituluan, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundean sustatzen diren hiru programak agertzen zaizkigu, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna babestea helburu dutenak, eta, gainera, aipatutako erakundearen webgunean dauden itzulpenen inguruko datu-baseetara eta bestelako argitalpenetara sartzeko argibideak ematen ditu, datu horiek zer neurritaraino izan daitezkeen erabilgarri azaltzearekin batera.

Mundu mailan gertatzen dena labur kontatu eta gero, arestian aipatutako erakunde espainolen eta argitalpen sektorearen arteko harremana du hizpide lehenengo atal horrek. Batetik, Estatu espainoleko hizkuntzen arteko itzulpenari buruz eta jardunarekin lotutako sari, beka eta diru-laguntzei buruz mintzo da. Bestetik, katalanetik eta katalanera eginiko itzulpenari buruzko datuak aurkezten ditu, eta aipatzen du komunitate horretako zer erakundek eskaintzen dion denbora eta ahalegin gehien bere literatura sustatzeari, eta nola darabilten itzulpengintza, kanpora zabaltzeko tresna modura. Kontrara, euskal argitalpen-merkatua askoz polikiago garatzen ari da, erakundeen babes faltaren eta, duela gutxira arte, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekimen urriaren ondorioz. Lehenengo atala Galiziako egoerari eskainitako kapituluarekin bukatzen da, lurralde bat non hainbat argitaletxek, barne-mailako proiektuak garatzeaz gainera, literatura aspalditik kanporatzen baitute nazioarteko azokei eta hitzarmen eleanitzei esker. Argitaletxe horietako askok etxetik kanpo egiten dute zuzenean esportazioaren aldeko lana; teknika hori, etxekoaren alde etxetik kanpo egitearena, nabarmen hobetu dute makina bat belaunaldi galegok, aurrera ateratzeko atzerrira joan behar izan baitute urtetan.

Monografia honetako bigarren atalak argitalpen-politiken inguruko hainbat adituren iritzia biltzen du, itzulpen prozesuari dagokionez: zeren arabera aukeratzen diren itzulgaiak, zeintzuk diren argitalpen-arau ohikoenak, nola egin ohi den kalitate kontrola, zer baldintza jarraituz egiten diren enkarguak, zer profesional arituko diren prozesu osoan, eta abar. Céline D’Ambrosiok Europako Editoreen Federazioak zenbait arlotan duen paperaren zirriborroa egiten du, hala nola, Europar Batasuneko izaera eleanitza babesteko eta sustatzeko garrantziari, itzultzaile espezializatuak trebatzeko beharrari eta kultura europarrak gure kontinenteaz harago bultzatzeko anbizioari dagokienez. Bestalde, José Martínez de Sousak itzultzaile batzuk erortzen diren «tranpak» (hala deitzen ditu berak) azaltzeko eredu labur bat osatzen du, itzulitako testuak zuzentzen aritutako ibilbide luzean aurkitu dituenetan oinarriturik. Akaso, bigarren atal honetan argitaletxeen ingurumariko iritzi eta ahots gehiago falta dira, itzulpenen produkzio katean funtsezko maila baitira; izan ere, geroz eta osoagoa izan aurrean dugun ikuspegia, orduan eta ugariagoak eta esanguratsuagoak izanen dira ondorioak.

Monografiaren hirugarren atala itzultzaileen lanbideari eta argitalpen prozesuan horiek duten onarpenari buruzko kode etikoari dagokio, bai Europa mailakoari bai Estatu espainolean erabiltzen denari. Atal honetako bost kapituluek itzultzaileek erakundeen nahiz argitaletxeen aldetik jasotzen duten tratu profesionalaren hutsuneak aurkeztea dute helburu. Lanbidea arautzeko, ordainsari egoki bat izateko, profesionalak behar bezala aintzat hartzeko, lan-baldintza duinak bermatzeko eta editoreek jabetza intelektualari buruzko legea betetzeko beharra azpimarratzen eta eskatzen da (Kultura Ministerioaren 2008ko eta 2010eko txostenetan ikus daitekeen bezala, ez da legedian aldaketa handirik egin). Bestalde, laugarren atalarekin bukatzen den liburuko azken kapituluek azterketa-ereduak ematen dituzte, hainbat espaziotan gertatzen ari den horri buruzko errealitate jakin batzuk ezagutzeko eta hainbat hamarkadatan sektoreak izandako bilakaeraz jakiteko.

Laburbilduz, liburu honek erakusten digu nola gauzatzen ari den itzulpen eta argitalpen prozesua, Galiziatik begiratuta eta Europako nahiz Estatu Batuetako beste eremu batzuekin alderatuta; batez ere komunitate eleanitzak ardatz hartuta. Eredu malguak dira, eta aldaketak txertatzeko eta horietara egokitzeko gai izan behar lukete, itzulpenari eta argitalpen-ekoizpenari buruzko ekintza-protokoloak aplikatu ahal izateko. Horrela baizik ezinen diegu garai nahasi hauei, kaos politikoari eta aurrekontuen anabasari probetxua atera, bai geure adimena zorrozteko bai emaitza onaz gainera gure itzulpenentzako emaitza positibo bat lortzeko.

Ondorioak

Mundu mailako egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuta, esan daiteke aipatutako monografiak unerik egokienean datozela. Gobernuak etengabean ezartzen ari diren murrizketen aurrean —murrizketa bereziki gogorrak kulturarekin eta oro har zazpi arteekin loturikoak—, aukerak probesteko eta baliabideak areagotzeko asmoz adimena zorrozten duten horiek baizik ez dute hondoratu gabe aurrera eginen; gainontzekoek oztopoak besterik ikusten ez dituzten tokian konponbideak ikusten dituzten ausart horiek, alegia. Eta BITRAGA katalogoak, itzulpenen argitalpen-politiken ikuspegiarekin batera, bi gauzak egiteko aukera eskaintzen digu: egun literatur merkatu galegoa zer ezaugarrik bereizten duten ikustea, eta, gainera, alternatibak bilatzea. Katalogoak ematen dituen datuei esker, literatur sektoreak informazio kantitate alimalekoa du bere esku, merkatu-zokoak errazago bilatu ahal izateko. Horrela, bada, zer egiten ari diren, honezkero zer dagoen (literatur generoei, irakurleen adin-tarteari eta abarri buruz) edota espazio hartzaile jakin batean zer liburu/idazlek duen harrera hobea baldin badakigu, askoz errazagoa izanen da zer huts dagoen eta Galiziaz kanpoko merkatuei zer eskaintzen ahal zaien definitzeko estrategiak sortzea.

Bi lan horiek, biek batera, lanabes eder bat osatzen dute, sektoreari indarra emateko gai den bilduma bat, aurrera eta hobera egin dezan. Ipsa scientia potestas est, zioen Francis Baconek, eta ez zuen arrazoirik falta: informazioa ahalmena da. Baina, era berean, «nahia ahala da». Beraz, nahi izanda eta informazioaren ahalmena badugu, lorpenak geure esku daude.

Beharbada, Estatu espainoleko gainontzeko espazio linguistikoek (nonbaitetik hasteko) beren argitalpen-sektorearen egoera hemen aurkeztu dugun antzera aztertuko balute, guztien artean baliabideak eta aukerak eskuratuko lituzkete beren sektoreak indartzeko eta beste literatur merkatuen gisara indartsu ezartzeraino garatzen jarraitzeko. Literatura galegoaren egoerari buruzko lan hauei Estatuko hizkuntzetako literatura inportatuari eta esportatuari buruzko beste azterlan batzuk gehituko balitzaizkie, baita egungo literatur espainolaren garai jakinei buruzkoak ere, literatur sektore iberikoak ikuspegi osoago bat izanen luke, ahalbidetuko lukeena geure herrialdean integratutako kultura anitzen arteko dialogoa sustatzea, eta indar eta adore handiagoa emanen lieke, gerora, zazpi itsasoak konfiantzaz zeharkatzeko. Modu horretan baizik ezinen lukete garapen bidean dauden hizkuntzek eta kulturek mundu osoan ezagutzera eman eta Letren Munduko Errepublika deitzen duten horretan beren txokoa egin. Azken batean, baliteke kasualitate hutsa ez izatea gaztelaniazko «gallego», «euskera», «catalán» eta «español» hitzek, guztiek, zazpi hizki izatea.

Erreferentziak

Bacardí, M. et alii. (1998). Cent anys de traducció al catalá (1891-1990). Antología. Vic: Eumo.

Fernández Rodríguez, A.; Galanes Santos, I.; Luna Alonso, A. & Montero Küpper, S. (arg.) (2012). Traducción de una cultura emergente: La literatura gallega contemporánea en el exterior. Berna: Peter Lang.

Lafarga, F. & Pegenaute, L. (2010). Diccionario histórico de la traducción en España. Madrid: Gredos.

——— (2011). Cincuenta estudios sobre traducciones españolas. Berna: Peter Lang.

López Gaseni, M. (2009). Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008). [Hemen eskuragarri].

Luna Alonso, A.; Montero Küpper, S. & Valado Fernández, L. (arg.) (2011). Translation Quality Assessment Policies from Galici. Berna: Peter Lang.

MCU. (2010). La traducción editorial en España. MCU. [Hemen eskuragarri].

——— (2010). Libro blanco de la traducción editorial en España. MCU-ACEtt. [Hemen eskuragarri].