Marraren bi aldeak
Itzulpenari lotuta daramatzat nire langile urte gehienak. Idazle, irratiko erredaktore, EIZIE elkartearen sortzaile, itzultzaile, interprete, irakasle... beti itzulpenari lotuta. Eta 2009-2012 legegintzaldian Jaurlaritzako Hizkuntza Politikan eginkizun desberdinetan jardun nuenean ere itzulpena oso presente egon zen nire lanean. Itzultzaileen elkarteekin (EIZIE eta Galtzagorri) harreman zuzena eduki behar izan nuen, eta gustura eduki ere, ongi ezagutzen nuen lana egiten zutenez gero, eroso sentitzen nintzen. Euskal zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazioa garatzea tokatu zitzaigun; gaztelania-euskara itzultzaile automatiko indartsu bat abian jarri, itzulpen memorien banku publikoa sortzeko prozesu osoa lotuta zegoen 2012ko hasieran, itzulpena etengabeko eztabaidagaia izan genuen teknikariekin eta beste kargudunekin... Azkenik, interpretazioarekin kabinaren beste aldetik edukitzen den harremana eduki dut, sarritan itzultzen zidatelako edo beste hizkuntza batzuetatik egiten zen itzulpena entzuten nuelako. Errealitate beraren aurpegi eta ertz desberdinak.
Pribilegio bat da norberaren intereseko erakunde edo elkarte bat alde desberdinetatik ezagutzea. Pribilegio bat da interesatzen zaigun erakunde edo elkarte horrekiko harremanen bidez proiektu onak sendotzen laguntzea.
Hori da EIZIE elkartearekin azken urte hauetan izan dudan esperientzia. Elkartearen sorreran parte hartu nuen -1988ko urtarrilaren 1eko sarrera datarekin eta 26 bazkide zenbakiarekin egina daukat bazkide txartela-, lehendakari Juan Mari Lekuona eta idazkari Josu Zabaleta zirela. Beti oso harro sentitu naiz garai haiek bizi eta lankide haiek ezagutu izanagatik.
Ondorengo urteetan bulegotik, zuzendaritzatik edo bazkide soila izanez hartu nuen parte Elkartearen bizitzan. Eta sarritan tokatu zitzaidan erakundeetara laguntza eske ate joka joatea, bereziki Eusko Jaurlaritzara. Han ezagutu nituen Josu Lejarreta, Jose Mari Zeberio, Karlos Ayestaran, Josune Ariztondo, Xabier Aizpurua, Miren Mateo; han tokatu zitzaidan biltzea irakasle izana nuen Patxi Goenagarekin eta herrikide Patxi Baztarrikarekin... Denak sasoi desberdinetan hizkuntza politikan ardurak edukiak, batzuk kargu politiko bezala, beste batzuk teknikari.
Bereziki gogoan dut Literatura Unibertsala bilduma sortu eta abian jartzeko egindako bide luzea. Liburu zerrenda finkatu, argitaletxea aukeratzeko deialdia egin eta lehiaketa ebatzi, hitzarmena landu..., lan horietan Josu Lejarreta izaten genuen garai haietan solaskide. Eta Josu Lejarreta bera izan zen baita ere EIZIEtik FITen sarrerako batzarrera joateko laguntza eman zuena.
Gogoan ditut HPStik Literatura Unibertsala bildumarako laguntzak birnegoziatzeko X. Aizpurua eta M. Mateorekin izan genituen bilera ugariak eta tirabirak.
Eta beti kexu ginen ez gintuztelako "merezi genuen bezala" tratatzen. Beti haserre, egin nahi genituen lanetarako adina diru ematen ez zigutelako, idazleen elkarteari gehiago ematen ziotelako...
Eta oso harro sentitu ginen Josune Ariztondori jakinarazi genionean Euskararen Legean inkonstituzionaltzat jotako zinpeko itzultzaileen habilitazioari buruzko artikuluak izatez lege barruan zeudela. Gogoratuko zarete, Atzerri Ministerioak erabaki zuela gaztelaniazko ez beste hizkuntzetako zinpeko itzultzailetarako azterketak geure lurraldeetan egin genitzakeela, eta guk hori Kataluniako zinpeko interpreteen elkartearen bidez jakin genuen (adibide honek erakusten du beti dela garrantzitsua beste elkarteekin harremanak izatea, askotan informazio truke soilerako bada ere).
Galtzagorri elkarteko kide ere banaiz, eta EIZIErekin izandako harreman esturik ez badut ere, beti sentitu dut oso beharrezko eta gertuko.
EIZIE eta Galtzagorri elkarteak
Hori guztia eta gehiago bizi izanda nengoen, 2009ko ekainean gobernu sozialistan Euskararen Normalizaziorako zuzendari lanetara joan nintzenean, Ramon Etxezarreta HPSko sailburuorde zela. Biok itzultzaileak, biok EIZIEko kideak.
Eta ia lehenengo lana hurrengo urterako aurrekontuak lantzen hastea izan zen. Eta nola ez, indarrean geneukan ekitaldirako onartutakoa baino diru gutxiago izango genuen hurrengorako, eta hor hasi ziren lehen buruhausteak: non moztu, nori moztu, guztiei berdin kendu, batzuei besteei baino gehiago... Une gogorrak izaten dira horiek egiaz.
Euskararen alorreko elkarteek egiten duten lana baloratu ondoren, erabaki genuen itzulpenak euskararen normalizazioan jokatzen duen paper garrantzitsua kontuan izanda, itzultzaileen elkarteak, EIZIEk alegia, behar zuela bere proiektuak segurtasun gehiagorekin garatzeko aukera, eta horregatik jasotzen zuen partida ekonomikoa apur bat igotzea erabaki genuen. Diru gutxiago jasoko zutenak kexu izan ziren, noski, inori ez zaigulako gustatzen beheraka joatea. Baina batzuk kexu izan ziren EIZIEri igo geniolako ere, eta Legebiltzarrean bertan defenditu behar izan zuen Sailak igoera hori. Txantxetan esaten zuen Ramonek Jaurlaritzako lanaldia amaitutakoan berriro geure lanbidera itzultzean, itzultzaile lanetara, alegia, ezingo ginela lankide artera joan ez bageunden arloarekin ondo portatuta.
Krisia areagotzen joan zen eta ondorengo urteetan, ordea, ezin izan genion aurrekontuaren gorako bideari eutsi, eta beste guztiekin batera jaitsi egin behar izan genuen ezinbestean EIZIE elkartearentzako laguntza.
Lehenengo urtean, Sustapenerako zuzendari nintzela, EIZIErekiko harreman gertukoa izan nuen: hitzarmenpeko urtean egindako lanen eta etorkizunerako proiektuen berri ematera joaten ziren zuzendaritza eta bulegoko arduradunak, eta aukera bikaina izaten zen solasaldi atsegin baterako. Baina baita lanerako ere, adibidez orduan hasi ginelako Literatura Unibertsaleko izenburu garrantzitsuenekin Urrezko Biblioteka osatzeko proiektua adosten. Literatura unibertsaleko liburuen aurkezpenetan elkartzen nintzen lagun eta lankideekin...
Galtzagorri elkartearekin ere lan asko egiteko zortea eduki dut. Bularretik Mintzora kanpaina egin genuen ama berrien saila daukaten Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaletan, Osakidetzarekin batera. Urteberri egunean Gurutzetako ospitalera eraman nahi nituen kulturako eta osasun alorreko sailburuak kanpaina aurkeztera, urte hasierako lehen ume jaioberrien amekin ekiteko, baina ezin izan genuen, azkenean apur bat atzeratu zelako materialaren banaketa. Eta Klis-Klasikoak bilduma abian jarri zen. Gogoan dut kargua uzteko bezperetan aurkeztu genituela Donostian bildumako azken hiru liburuak, Amattoren Uzta, Tom Sawyer-en abenturak eta Elmer. Harreman emankorrak eta baketsuak izan ditugu, gertukoak zuzendari nintzen garaian, eta denbora faltak eraginda urrunagoak sailburuorde garaietan. Ni beste eginkizun batzuetara pasatu nintzenean, Sustapenerako zuzendari lanetan jardun duen Bego Muruaga arduratu delako harreman gertuagoko horietaz; lanbidez eta zaletasunez guztiz konplizea baita itzulpenarekin eta ere liburuaren alorrarekin, eta ezin hobeto ordezkatu du HPS itzultzaileen artean.
Itzultzaileen Elkartearekiko geneukan beste konpromiso bat zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitaziorako prozesua garatzea zen. Lehenago esan dudan bezala, urte asko pasatu genituen borroka horrekin: lehenik Atzerri Ministerioarekin, ez zutelako euskararako deialdirik egiten, eta gero, Jaurlaritzarekin, eskuduntzak lortuta eduki arren ez ziotelako gaiari heltzen.
Eusko Jaurlaritzak onartu zuen, 2009ko apirilaren 21ean, legegintzaldiko azken egunetan, habilitazio hori arautzeko dekretua. Urte horretan, maiatzean gu gobernura iristean, dekretua garatzen hastea tokatu zitzaigun, eta horrela, gaztelania-, frantsesa- eta ingelesa-euskarako zinpeko itzultzaile eta interpreteen habilitazio prozesu osoa egin eta erregistroa sortuta utzi dugu.
Lortu genuenean Atzerri Ministerioak lehen azterketak deitzea ez nintzen aurkeztu, negoziaketan ibilia nintzenez gero ez zitzaidalako etikoa iruditu, eta susmagarria ere izan zitekeen negoziaketan ibili eta gero azterketara aurkeztea. Prozesua hemen egin dugunean, berriz, ezin izan naiz aurkeztu, sailburuordea nintzelako. Gehiago ez naiz beste aukera bat bilatzen saiatuko.
Itzulpena beti eztabaidagai
EIZIE eta Galtzagorri Elkarteak ez ezik, itzulpena bera ere sarritan izan dut urte hauetan hizpide, eztabaidagai eta batez ere langai.
Hizkuntza Politikarako lehen arduraduna Mari Karmen Garmendia izan zen, 1983an Hizkuntza Politikarako Idazkari Nagusi izendatu eta Lehendakaritzan lanari ekin zionean. Euskararen normalizaziorako legearen garapenak zeukan zeharkako izaera kontuan izanik kokatu zen Lehendakaritzan, baina gero, sailburuorde izendatu zutenean 1985ean, Lakuara eraman zuen kokapen fisikoa, eta Kultura Sailean sartuta geratu zen. Geroztik hor egon da, azken legegintzaldira arte, orain Hezkuntza eta Kulturarekin batera dagoelako. Uste dut hizkuntza politika hobe litzatekeela Lehendakaritzan kokatzea, bertatik eragiteko ahalmen zuzenagoa dagoelako.
Baina, esan bezala, HPSk Kultura Sailean jarraitzen zuen eta lehen buruhausteetako bat Sailean eguneroko lanean nola jokatu izan zen: zer itzuli eta zer ez, nork itzuli eta abar, aurreko garaietan bezala, gurean sekula erabat zehaztu gabeko gaiak izaten jarraitu dute, aurrerapauso handiak eman diren arren. HPSn arazorik gabe egiten genuen lan hizkuntza batean nahiz bestean, edo bietan, behar zenean. Tekniko gehienen euskaraz lana egiteko hizkuntza gaitasuna bikaina da, baina HPStik kanpora ateratzen diren txosten ugarien bidetik izaten genituen noizean behin arazoak, baten batek gaztelaniaz ere bidaltzeko erantzukizuna gurea zela esaten zigulako. Berdin gertatzen zen noizbait zerbait gaztelania hutsean ateratzen bazen; orduan besteak izaten ziren euskararekiko axolagabekeria eta ez dakit zer gehiago aurpegiratzen zigutenak. Legeari eta barne araudiari estuki lotuta jokatu behar izaten da beti eta, noski, baita hizkuntza kontuez ari garenean ere, nahiz eta askok horrela ulertu nahi ez. Hizkuntza kontuetan denak oso sentiberak gara. Kontua zera izaten zen: nork itzuli behar du euskaraz prestatu den txostena? Zergatik bidali da halako idatzia gaztelania hutsean?
Zenbat aldiz esan dugu itzultzaileon lanari esker betetzen dela neurri handi batean Euskal Autonomia Erkidegoan elebitasun printzipioa? Makina bat aldiz esaten nuen neuk ere hori bera karguan nengoenean! Jaurlaritzan itzulpenen kudeaketaz IZO zerbitzua arduratzen da. Joan den legegintzaldian zerbitzu horren eginkizunak birplanteatu dira eta kudeaketa eraginkorrago bat emateko IZOberri sortu eta martxan jarri da. Zerbitzu zentralizatu bat da gaur egun, eta, besteak beste, alor desberdinetako itzultzaileak ere zerbitzu horretan bildu dira. Seguru nago Jaurlaritzaren administrazio barruko itzulpen lanak antolatzen, arduradun politikoen eta langileen hizkuntzen kudeaketari dagozkion eginkizunak argitzen eta errazten asko lagunduko duela proiektua osorik garatzen denean.
Elebitasun printzipioak eskatzen du testu asko eta asko bi hizkuntzetan aurkeztea; beraz, itzuli egiten da edo gutxienetan jatorritik bi hizkuntzetan sortzen da. Hori erabakitzeko eta zehazteko eztabaida eta lanekin jarraitzen den bitartean, ordea, (Jaurlaritzari gagozkiolarik, V. Euskara Planak zehaztu beharko du neurri handi batean), itzulpenaren erronkei aurre egin behar zitzaien, eta horrela itzultzaile automatikoaren garapenari eta Itzulpen Memorien Banku Publikoa martxan jartzeari ekin genion bete-betean.
Badakigu teknologia berriek euskararen normalizaziorako garrantzi handia daukatela. Jaurlaritzak ahalegin berezi bat egitea erabaki zuen 2010eko amaieran: egitasmo estrategiko bezala euskara-gaztelania/gaztelania-euskara eta ingelesa-euskara itzultzaile automatikoa garatzea eta Itzulpen Memorien Banku Publikoa sortzea erabaki zuen, eta horretarako beharrezko partida ekonomikoa izendatu zuen (miloi eta erdi euro).
Gainera, Euskal Herrian hizkuntzen industria indartsu bat daukagunez, hartutako bide horrek industria hori indartzea ere ekarriko du, dudarik gabe.
Itzultzaile automatikorako programa, esan bezala, lehendik abian zegoen, hain zuzen LUCY software Bartzelonako enpresa izan zen bere garaian enkargua jaso zuena, eta eginda zeuden lanak onak zirenez gero, ezin ginen zerotik abiatu, lan horiek aprobetxatu eta proiektuarekin jarraitu beharra zegoen. Izan genituen erabaki horregatik kritikak, hemengo enpresen esku uztea eskatzen zigutelako batzuek, baina arduragabekeria bat izango zen egindako inbertsioak eta lanak bertan behera uztea. Beraz, enpresa horrek egin zuen gaztelania-euskara itzultzaile automatikorako programa, 2012ko otsailean aurkeztu genuena. Tresnak bere horretan ez du itzultzaileontzako balio, ez dago, noski, helburu horrekin eginda, beste hizkuntzetako itzultzaile automatikoen kasuan bezala. Testu laburrak eta web orriak itzultzeko dago pentsatua, eta itzulpena ongi egitea nahi badugu, jatorrizko testuak ongi idatzita egon behar du. Testuak horrela sartuta, oso itzulpen txukunak egiten ditu makinak. Orain gutxi ez genuen ezta amestu ere egiten horrelakorik lor zitekeenik!
Gogoan ditut, ordea, EIZIE elkarteko zenbait bazkidek egin zituzten kritikak; kritikak baino gehiago, eman zituzten azalpen deskalifikatzaileak eta norberekoiak, maila profesionaletik harantzago joan zirenak. Baina ni harro sentitzen naiz egindako ahaleginarekin eta emaitzarekin, eta pertsona askok eskertu dute eta askoz gehiagok erabiltzen dute tresna hori. Eta seguru nago IZOberriren intranetean itzultzaile automatikoarekin zenbait lan egin eta erreminta elikatzen hasten direnean askoz hobeto funtzionatuko duela, itzulpen hobeak egingo dituela. Eta askoz aldaketa handiagoa nabarituko da Itzulpen Memorien Banku Publikoa itzultzaile automatikoarekin lotzen denean.
Urte honen amaierarako aurreikusita dago euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara norabideetako itzultzaileak amaituta egotea. Gainera, lan horiek ordaintzeko dirua eta enkargua EJIEk (Eusko Jaurlaritzako Informatika Erakundea) badaukanez gero, finantziazioa bermatuta egonik, espero dezagun atzerapenik ez egotea.
Eta horrekin lotuta dago lehenago aipatzen nuen beste proiektu garrantzitsu bat: Itzulpen Memorien Banku Publikoa. Senez bezalako aldizkari batean esan beharrik ez dago itzulpen memoriak zer diren. Errepikatzen diren testu eta edukiei begira, itzulpen memoriekin lana egiteak kalitatea hobetzea eta denbora aurreztea dakar. IZOk badauka Bizkaiko Foru Aldundiko eta IZOko itzulpen memorien bankutxo moduko bat. Orain erronka, ordea, banku hori handitu eta publikoa egitea da. Hau da, nahi duenak jaitsi ahalko ditu bertan eskegitako memoriak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako erakunde publikoek, unibertsitateek eta itzulpen eta terminologia enpresek hornituko dute bankua. Europako elkartearen Euramis antzeko tresna bat, itzulpen memoriak, Euskalterm banku terminologikoa, itzultzaile automatikoa, eta abar kudeatuko dituena. Seguru nago gorago aipatzen nuen gure hizkuntzen industriarako ez ezik beste enpresa askorentzako motor izugarria izango dela. Eta hau bai izango da itzultzaileontzat tresna handi bat.
UZEIk irabazi zuen bere momentuan bankua eratzeko lehiaketa publikoa, eta gogor ari dira lanean.
Interpreteekin lanean
Interpreteen laguntzarekin aritzea askotan tokatu zait joandako ia lau urte hauetan. Eta aitortu behar dut beti ez naizela oso ondo portatu.
Hasteko, nire agerraldi gehienetan irakurri egin izan ditut esan beharrekoak. Kabina barruan jardutea tokatzen zaidanean, beti esaten dut jendeak zergatik ez duen ahozko hizkuntza erabiltzen, zergatik gehienetan irakurri egiten duen. Predikatzeko bai, baina gero betetzeko... Itzulpenaz edo interpretazioaz hitz egin behar dudanean paperera jo behar handirik gabe aritu naiteke, baina Legebiltzarreko agerraldietan, jardunaldi batzuen inaugurazio ekitaldian eta, oro har eduki politikoa zeukaten saioetan, paperean babesten nintzen. Normalean garaiz bidaltzen genizkion interpreteari irakurriko genituen txostenak edo testuak, baina noizbait ahaztu zitzaigun, eta pasatzen nuen lotsa eta neure buruarekin harrapatzen nuen haserrea handiak izaten ziren. Edo jardunaldiren batzuetara joan eta gogoan ez izatea kopia bat eraman behar nuela interpreteari pasatzeko. Baina beti poza sentitzen nuen lankideekin topo egitean, eta baita inbidia ere. Eta hemen jardun dudanean, beti oso lasai sentitu naiz, seguru, banekielako interpreteek nik esandakoa ongi itzultzen zutela.
Gobernuan hasi eta gutxira, Lakuan, batzorde bateko bileran interpreteak zeuden. Haiek agurtzera joan, eta kabinan lau esaldi itzultzeko tentazioa eduki nuen. Baina hura ez zen zuzena.
Baina batez ere atzerritarrekin egiten genituen batzarretan egoten nintzen interpreteen lanari adi. Beti neukan ohitura batzar aretoan sartu eta lehenik interpreteak agurtzeko, eta aurkezpenen bat egin behar banuen testua pasatu edo esango nuenaren berri ematen nien labur. Batez ere Euskal Herritik kanpo geundenean, jakinda zeinen garrantzitsua den itzuli beharko dugunaren erreferentzia kultural eta politikoak edukitzea. Eta behin gehiagotan, inbidia pasatzen nuen.
Ingelesetik gaztelaniarako interprete oso onak ezagutzen ditugu, baina kaxkarrekin egotea ere tokatu zait batzuetan. Eta interprete erdipurdikoen bidez jarraitzen den eztabaida baten ondoren erabaki garrantzitsuak hartu behar direnean, mezua ongi ez jasotzeak urduri jartzen gaitu. Eskerrak inguruan beti izaten nuen ingelesez eta gaztelaniaz ongi zekienen bat gauzak argitzeko!
Eta berriro irakasten, berriro itzultzen eta interpretatzen...
Gobernuko lana bukatzen ari ginela izan nuen itzultzen hasteko aukera. Gobernuan lanean hasi aurretik Bartzelonako argitaletxe batentzat ari nintzen bilduma bateko liburuak itzultzen; abenduaren hasieran eskaini zidaten jarraitzeko aukera eta segituan ekin nion gazte literatura itzultzeari. Aire freskoa arnasten hastea bezala izan zen.
Askatasun handia sentitzen dut orain itzultzen, jatorrizko testuaren aurrean betiko errespetuarekin bai, baina aldi berean kortserik gabe sentitzen naiz. Denbora asko neraman itzultzen hainbeste gozatu gabe. Egun batzuetan itzultzen jartzeko unea ailegatzeko deseatzen egoten naiz.
Interpretatzen hasteko beldurrez egon naiz, ordea. Badakit udan hilabete pare bat inguru kabinan jardun gabe egon eta herdoilduta sentitzen nintzela; horregatik, urteak pasa ondoren berriro interpretatzen hasteko kezkak etxean bakarka ariketak egitera eraman nau, eta lehenengo saioa egitea tokatu zitzaidanean, nahiz eta gauzarik sinpleena izan, uste dut ahotsak dar-dar egin zidala. Joango naiz konfiantza hartzen, baina zorabioak oraindik ez nau erabat utzi. Gainera, ze azkar hitz egiten edo irakurtzen duten politikoek! Lehenago ere horrela izango zen, seguru, baina orain bertan daukadan distantziarekin entzunda, izugarria iruditzen zait.
Eta, azkenik, aitortu behar dut ikasleekiko harremana faltan botatzen nuela. Itzulpeneko ikasleekin datorren ikasturtera arte ez dut eskolarik izango, baina deseatzen nago.
Izan dut, ordea, ikasleak gertu izateko aukera bat: Donostiako Zuzenbide Fakultatean zuzenbideko eta kriminologiako ikasleei interpretazioaz oro har eta bereziki justizia alorrean egiten denari buruz ia bi orduz jarduteko aukera izan dut berriki. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010eko urriaren 20ko 2010/64/UE zuzentaraua datorren urrian indarrean sartzen denerako motorrak berotzen hasteko aukera ere izan da ikasle horiekin izandako topaketa.
Eta, dudarik gabe, esperientzia pozgarria, izan da, benetan, Zuzenbide Fakultatean eman didaten aukera. Etorkizunean auzitegietan eta epaitegietan jardungo diren legelariei gure lanbide honen nondik norakoak, pozak eta nahigabeak, arrakastak eta porrotak azaltzea ere pribilegio bat izan da.
Horrela itxi dut zirkulua. Eta orain atzera begiratzean, berriro pentsatzen dut oso eragin handia daukala itzulpenak euskararen normalizazioan. Administrazioen eguneroko funtzionamendutik hasi eta herritarren arteko harremanetaraino. Eta ez administrazio mailan bakarrik, baita adibidez normalizaziorako hain beharrezkoa izan beharko lukeen kultur produkzioan, literatur itzulpenean kasu. Hizkuntza politika eta planifikazioaren muinean dago itzulpena, eta ni, batez ere, itzultzailea naiz.