Kafkaren itzultzailea
Artikulua pdf formatuan
—Ez dago ezer hoberik eskulangintza soil, ukigarri, erabilgarri hori baino. Zurgintzaz gainera, lehendik ibilia naiz nekazaritzan eta lorazantzan. Guztiau ene bulegoko zerbitzuak baino baliotsu eta atseginago da. Itxuraz. Baina egia esanez, norbera bakartiago dago, horregatik ez da bestek baino zoriontsuago. Benetan. Lan intelektualak gizona gizakomunitatetik kanporatzen du. Eskulanak, aldiz, beste gizonengana eramaten du (...).
—Hemengo lanpostu hau ez duzu lagako ba...?
—Zergatik ez? Palestinara joateko baino beste deseorik ez daukat, nekazari edo eskulangile...
(Xaguxarra aldizkariaren bigarren alean itzulita agertu zen eran)
Istorio honen hasiera Ernst P. adiskideak kontatu zidan, duela hainbat urte. Isilpean gordetzeko eskatu zidan, eta hala egin dut txintxo-txintxo gaur arte, baina igarotako denboraren luzeak, alde batetik, eta bere osasunari buruz iritsi zaizkidan azken berriek, bestetik, nire hitza apurtzera bultzatu naute; hein batean apurtzera, gehituko nuke, xehetasun garrantzitsu batzuk —nire adiskidearen abizen osoa, kasu— ez ditudalako ezagutzera emango, eta, azken batean, kontu bat —edozein kontu— hau bezalako aldizkari espezializatu batean argitaratzea, eta euskaraz gainera, ilunpean gordetzea delako kasik. Gutxieneko zuhurtasuna mantentzea, ordea, beharrezkoa dela pentsatzen dut, oraingoz bederen.
Ezagutu nuenean etorkizun handiko ikerlari gaztea zen Ernst, filologia germaniarrean ez ezik, hizkuntza semitikoetan ere aditua, eta hebreera bikain menderatzen zuena: ni bezala 1960ko hamarkadan jaioa, Holokaustoak eragindako erruduntasun-sentimenduak kultura juduaren azterketara —eta baita harekiko maitasunera ere— bultzatutako alemaniar horietakoa zen, uste baino zabalduagoa dagoen alea, bide batez esanda. Izan ere, horrela ezagutu nuen Ernst, sefardien literaturari buruzko kongresu batera lagundu nuenean nire emaztegaia, Toledora, handik baitzebilen gizona kopla zahar batzuetako hebreerazko maileguen inguruko komunikazio bat aurkezten. Saioen osteko afarietan adiskidetu, eta berandura arte geratu ginen gau batean —kongresuko azkena, oker ez banago— kontatu zidan istorioa, Alcazar inguruko txabiske batean biok bakarrik geratu ginelarik, gin-tonicak lagun.
Garai hartan ez zegoen oraindik obsesionatuta gaiarekin, eta are distantzia ironiko pittin batekin hartzen zuela esango nuke, nahiz eta irudipena daukadan hartan sinesten hasia zela jada. Aurreko udan gertatu zitzaion, kontatu zidanez. Tel Avivetik hurbil zegoen kibbutz batera urtebete pasatzera joan zen Ernst, bere hebraiera hobetzera eta, ezkertiarra izanik, esperientzia sasisozialista hura interesatzen zitzaiolako orobat; Osloko bake-akordioen garaia zen, eta eskualdea nahiko lasai zegoen une haietan. Ez zidan egonaldiari buruzko xehetasun handirik eman, baina, oro har, desengainua hartu zuen inpresioa eman zidan, kibbutzaren antolaketari buruz azaldu zizkidan apurrak ez baitzitzaizkidan bereziki positiboak iruditu. Ernstek beste istorio bat kontatu nahi zidan, ordea, bertan ezagutu zuen Aaron S. zaharrarekin zerikusia zuena hain zuzen ere. Aaron hura kibbutznik erretiratua zen, baina laguntzen aritzen zena oraindik, indarrek permititzen zioten heinean, eta, oroz gainetik, kibbutzaren memoria mantentzen saiatzen zena nolabait, bertakoek nahiko kasu gutxi egiten zioten arren, Ernstek aitortu zidan bezala; hilabete gutxiren buruan adiskide minak bihurtu ziren biak. Aaron 1938an iritsi omen zen hara gurasoekin, Europatik ihesi, hamabi urte eskas zituelarik, eta ordurako kibbutza, Palestinako zaharrenetariko bat beraz, indar betean ari zen.
Aaronek gehien maite zuen etxaldeko txokoa sagardi bat zen, duna batzuen ondoan zabaltzen zena, eta haren itzalpean elkartzen zen maiz Ernstekin, lanaldia amaitzean; bertan aritzen ziren kontu kontari, zigarro batzuk erre bitartean. Zer esanik ez, Aaronek ez zion berehala azaldu istorioa: Ernsten egonaldia kibbutzean amaitzear zegoen, leku hura Kafkaren sagardia zela aipatu zionean. «Hala deitu izan diot nik behintzat, betidanik», gehitu zuen Aaronek. «Kafkaren sagardia?», galdetu zion Ernstek, «Haren omenez jarri al zenioten izena? Ez nekien haren obraren mireslea zinetenik». «Ez, ez da hori», erantzun Aaronek, eta une horretan konturatu zen Ernst zaharrak intentzio osoaz hartua zuela ahotan gaia. «Kafkak berak landatu zuelako dauka izen hori, hura gogoan duen bakarra ni naizen arren, kibbutzean». Ernstek, jakina, sinesgogor ihardetsi zion, «Ez nekien Kafka Palestinarako bidaia egitera iritsi zenik» batekin, ondo baitzekien sionismoarekin jolasean ibili zen garaian idazleak bertara joateko plan ez bereziki errealistak egin zituela, eta elkarrekin oporretan abiatzeko proposamena egin ziola, erdi-brometan, Felice Bauer bere lehenengo andregaiari, ezagutu ziren egunean bertan. «Bada, bidaia hura egitera iritsi zen, eta ez hori bakarrik: hemen pasatu zituen bere bizitzaren azkeneko urteak, eta bertan dago lurperatuta, sagarrondo horren azpian hain zuzen ere», aitortu zion Aaronek, aurrean zeukaten zuhaitz adabegitsu bat seinalatuz.
Ernstek barre-algaraka hasteko bulkada sentitu zuen segundo-hamarren batez, baina Aaronen begiradak halakorik egiteko asmo guztiak zapuztu zizkion bat-batean. «Ez da posible, Aaron: mundu guztiak daki Viena inguruko erietxe batean hil zela Kafka, tuberkulosiak jota, Dora Diamant bere azkeneko neskalagunaren besoetan». «Edo Robert Klopstok medikuntza ikasle gaztearenetan: bertsio guztiak ez datoz bat puntu horretan», egin zion arrapostu Aaronek. «Ez al zaizu bitxia iruditzen, bizitza horren ondo ezagutzen den Kafka bezalako egile baten biografian, horrelako nahasmena egotea, zertan eta bere azkeneko hatsa eman zuen zirkunstantzien inguruan?». Horretan arrazoia eman behar izan zion Ernstek, ondo baitzekien Kafkaren bizitza ia egunez egun jarraitu ahal dela, literaturaren historiako idazle ikertuenetako bat den heinean. «Ez: Kafka Palestinara etorri, sagardi hau landatu eta aurrera atera zuen 1920ko hamarkadaren amaieran, eta kibbutz honetan hil zen 1944an, hirurogeita bat urte zituelarik. Ni mutiko bat nintzen artean, eta guztia kontatu zidan hementxe, eserita gauden leku honetan bertan».
Ernstek, jakina, ez zuen berehalakoan sinetsi, baina, azkeneko hilabeteetan ikusi eta entzunagatik, are sinesgaitzagoa egiten zitzaion hura guztia Aaronen txantxa bat izatea, eta argudioekin saiatu zen zaharraren baieztapenei aurre egiten. «Baina, Aaron, ez garela Elvis Presley edo Walt Disneyz ari, edo modu zalantzagarriren batean hil ondoren han eta hemen ikusi omen dituzten pertsonaia horietako edozeinez, tuberkulosiaz eri zegoen norbaitez baizik: garai hartan hilgarria zen gaixotasun batez. 1950eko hamarkadara arte ez zen erremedio eraginkorrik topatu...». «Hala da, bai», erantzun zion kibbutznik erretiratuak, «baina horren larri egon izan ez balitz, zer? 1917an diagnostikatu zioten lehenengoz tuberkulosia, eta 1924an hil zen, prozesu bizkor baten ostean. Bizkorregia, akaso: garai hartan bazeuden bideak gutxienez gaixotasunaren areagotzea gelditzeko, hala nola biriketako hiloaren estekatzea edota neumonektomia; imajinatzen dut irakurria izango duzula Mendi magikoa, ezta? Eta, bestalde, ziur nago hemengoa bezalako giro batek on egingo ziola haren biriken osasunari, bizitza beste hogei urtez luzatzen laguntzeraino, adibidez».
«Dena dela, bada beste posibilitate bat: eta guztia komedia bat izan balitz? Gaixotasunarena, esan nahi dut. Kafkak medikuak ezagutzen zituen Pragan, lan-istripuen arloko aseguru konpainia batean baitzegoen enplegatuta; ez zuen oztopo handirik izango ziurtagiriren bat lortzeko. Tuberkulosia baino bide hoberik ezin bere heriotza simulatzeko. Azken batean, guztiz sinesgarria zen, zeraman bizitza kontuan hartuta: naturista zen eta gutxi jaten zuen, pasteurizatu gabeko esnea erruz edaten zuen, lo gutxi egiten zuen... Hautagai perfektua zen tuberkulosiarentzako, zeina, ez dezagun ahaztu, oso gaixotasun literarioa zen, bestalde». «Eta Kafkak hori guztia aitortu zizun, noski», moztu zion Ernstek une horretan, murrika tonua saihestu ezinik. «Ez, ez zidan sekula bere gaixotasun erreal edo irudimenezkoez hitz egin; garai hartan ni gaztetxo bat besterik ez nintzen, gainera. Ondoren joan nintzen hari-muturrak lotzen, Kafkari buruz irakurtzen nuen heinean».
«Gogoan hartu, Ernst adiskidea, zein ondo etorri zitzaion Kafkari gaixotasuna Felicerekiko bere bigarren ezkon-hitza hausteko. Aitarengandik independizatzera zihoan, erabakia hartuta omen zeukan literaturatik bizitzen saiatzeko, Berlingo emakume praktiko eta zentzudun harekin ezkontzeko hitza behin betiko emana zuen... eta, une horretantxe, tuberkulosia! Bertigoa eragiten zioten konpromiso horiekin guztiekin apurtzeko ezin aproposago iritsia! Kurt Wolff bere editoreari eskutitz batean aitortu zion bezala, gaixotasuna lasaitu ederra izan zait ia. Eta antzeko zerbait Max Brod adiskideari: askatasuna, ororen gainetik askatasuna... Zuk ez duzu ondo ulertzen, Max..., baina agian nik neuk ere ez dut ulertzen guztiz, ez baitago... gauza horiek ulertzeko modurik, ez dagoelako perspektibarik... Edonola ere, gaurkoz tuberkulosiaren aurrean portatzen ari naiz amaren gonatik tiratzen duen umearen antzera... Batzuetan iruditzen zait nire burmuina eta nire birikak ados jarri direla nik jakin gabe...».
«Edonola ere, gaixotasuna benetakoa izan ala ez, zaila da jakitea zein puntutaraino zen zehatza Kafkaren plana 1917an, Felicerekin betirako apurtu zuenean. Nik esango nuke, baina susmoa besterik ez da, hasieran ez zuela guztiz pentsatuta, inprobisatzen joan zela, 1924an desagertzeko erabakia hartu zuen arte. 1917 ondorengo urteak, izan ere, oso mugituak izan ziren Kafkarentzat: beste hiru neskalagun izan zituen nahiko tarte laburrean; dezente bidaiatu zuen, tuberkulosoentzako erietxeetara, bai, baina baita Bohemiako landa aldera ere, eta Vienara, Baltiko aldera, Berlinera...; hiru liburu argitaratu zituen, Gosearen artista barne, zeinaren frogak zuzentzera iritsi baitzen zendu aurretik; Gaztelua bezalako obra erraldoia erredaktatzen hasi zen... Nekez pentsa daiteke, aktibitate horrekin guztiarekin, mundua eta literatura bera abandonatzeko erabakia hasiera-hasieratik hartuta zuenik, hori baitzen niri azaldu zidana, hitz horiexekin, sagardi honetan bertan, 1940ko hamarkadaren hasieran».
«Ez, nik uste dut urte horietako atzera-aurrera horiek guztiak izan zirela, hain zuzen ere, plana osatzera eraman zutenak, 1924ko heriotzaren antzezpenarekin alegia». «Baina, zergatik?», galdetu zuen Ernstek. «Esateko zeukan guztia esanda zeukalako jada. Ez da hain arraroa idazleen artean, ez duzu uste? Isiltasunaren, ezetzaren literaturara iristea, azken finean. Ez litzateke lehenengo kasua izango: gogoratu Rimbaudekin, adibidez. Kafkak bazekien, bizirik segituz gero, literatura atzetik jazarriko zitzaiola, bere eskakizun azpiratzaile guztiekin, eta ezingo ziola bestela ihes egin... ez literaturari, ezta Max Brod astun horri ere. Bide batez esanda, jokaldi bikaina burutu zuen Brodekin: Kafkak ondo baino hobeto zekien Brodi bere paper guztiak erretzeko eskatzea zela ordura arteko bere obraren hilezkortasunari ate bat irekitzeko biderik behinena; barre egiten zuen hori kontatzen zidanean, eta, azken finean, literatura abandonatu nahi bazuen ere, horrek ez du esan nahi, bere autoexijentzia-maila ezaguna gora-behera, harro ez zegoenik ordura arte idatzi zituen gauza batzuez...». «Ez al zen sekula Brodekin elkartu, hura Israelera etorri zenean?». «Horrek egiten zion grazia gehiena: hortxe bertan zegoela, Tel Aviven, beraren obra osoen edizioa prestatzen, bera kibbutzean lanean ziharduen bitartean. Ironia oso gogoko zuen Kafkak. Edozein modutan ere, Brod kibbutzetik agertu izan balitz ere, gertatu ez zena bestalde, ez dut uste Kafka ezagutuko zukeenik: beltzaran-beltzarana zegoen garai hartan, eta kilo on batzuk hartuta».
«Dena dela», saiatu zen Ernst, «nekez lortuko zuen Kafkak halako jukutria bat aurrera ateratzea bakarrik, batere laguntzarik gabe; norbaitek jakin behar zuen, derrigorrez. Eta onartuko didazu Kafka baserritarraren irudia, sagardi bat zaintzen, zaila dela sinesten...». «Ados. Ziur nago norbaitekin aritu zela azpilanetan bere plana burutzeko, isilik egoten jakin zuen norbait. Niri ez zidan tutik esan, baina apustu egingo nuke Milena Jesenská izan zela, 1920ko hamarkadaren hasieran izan zuen nobia; irudipena daukat amaieran bere ondoan egon ziren gazteak, Robert Klopstok eta Dora Diamant gaixoa, engainatu zituela, eta guztiz irentsi zutela heriotzarena. Felicerekin hautsi ondoren Kafkak ezagutu zuen pertsonarik ausartena eta ziurrena, zalantzarik gabe, Milena izan zen. Badakizu itzulpengintza dela medio maitemindu zirela, nolabait esateko, eta horrek, bidenabar, gero eskatu behar dizudan kontua gogorarazten dit... baina ez ditzagun gertaerak aurreratu. Irakurri al dituzu Eskutitzak Milenari? Ez? Milena burgesia txekiarreko alaba zen, ikasketa sendoak egin zituen aurreneko emakumeen belaunaldikoa, eta zalaparta eta eskandalu dezente sortutakoa Gerla Handiaren osteko Praga hartan. Haren ipuin batzuk itzultzeko asmoa agertu zion Kafkari, eta horrelaxe hasi zen haien arteko harreman ekaiztsua; ekaiztsua, diot, txekiarra izateaz gain, eta ez judua —arazo bat Kafkaren familiarentzat—, garai hartan ezkonduta zegoelako Milena, gauzak batere errazten ez zituen zerbait. Elkartu ziren uneetako bat gogoratuz, honako hau idatzi zuen Milenak, esanguratsuki: Elkarrekin egon garen lau egunotan... ez dugu inolako ahaleginik egin behar izan, sinplea eta argia izan zen dena... Haren gaixotasuna hotzeri txiki bat iruditu zitzaigun... Hotzeri txiki bat, jabetzen al zara?».
«Edonola ere, hura izan zen Kafkaren testu bat beste hizkuntza batera itzuli zen aurreneko aldia, etorriko ziren guztien aitzindaria, eta haien artekoa bizkor amaitu zen arren, adiskidetasuna mantendu zuten. Gero, Kafka hil ondoren, partidu komunistan ibili zen Milena, eta naziek Txekoslovakia inbaditu eta juduen aurkako jazarpena hasi zenean, berokian Daviden izarra josita ibiltzen hasi zen, bera judua ez zen arren; Ravensbruckeko kontzentrazio-eremuan hil zen, Kafka hemen hil zen urte berean. Honekin esan nahi dizut erabakimen handiko emakumea zela, eta ez nindukeela harrituko bera izatea Kafkari laguntza eskaini izan ziona, desagertzeko bere plana eratzean... Urte batzuk geroago, behintzat, Kafkak bere baitan bizirik jarraitzen zuela errepikatzen zion Milenak entzun nahi zion edozeini...».
«Tira, Aaron...». «Ts, ts, utzi amaitzen. Kafka baserritarrari dagokionean, bestalde, ez zenuke zertan asaldatu behar, Ernst. Lan bikaina egin zuen sagardiarekin: hemengo haizeekin, itsasotik datozenekin batik bat, ez zen batere erraza izango aurrera ateratzea; ondoren sagardi dezente errotu dira ingurumari hauetan, baina Kafkarena aurrenekoa izan zen, horretaz ziur egon zaitezke. Ondo ezaguna da, dotrina naturistei jarraiki, Kafkak interes berezia izan zuela nekazaritzan, eta lorezaintzako zenbait ikastaro hartu zituela Trojako Pomologia Institutuan, Pragan bertan; garai batean Ottla arrebari laguntza handia eman zion hark Züraun ezarri zuen etxaldea aurrera ateratzeko, bien aitaren haserrerako...».
Ernst, eszeptizismoa mantentzen saiatzen zen arren, trabatuta zegoen ordurako Aaronen istorioaren sarean, eta apenas egin ahal zion aurre zaharrari. «Argazkiren bat izango duzue, behintzat, kibbutzean, Kafka hemen egon izanaren arrastoren bat...». «Ez dakit garai hartako argazkirik gorde ote zuten, ziurrenik bai... baina, egin bazuten, 1946an galduko ziren guztiak, arabiarrek kibbutzaren egoitza nagusia erre zutenean: ordura arteko artxibo ia osoa galdu zen. Kafkak, bestalde, ez zuen bere benetako deiturekin bidaiatu, imajina dezakezunez, eta garai hartatik kontserbatzen diren paper apurretan Georg Bendemann izenarekin agertzen da...». «...Epaia ipuineko protagonistarenarekin, alegia. Zelako kasualitatea...». «Ezin da kasualitatea izan, eta paper horiek erakutsi diezazkizuket, nahi izanez gero». «Ez da beharrezkoa izango, Aaron, ez da beharrezkoa izango...».
Hala ere, Israeletik alde egin aurretik, Ernstek agiri horiei begirada bizkor bat emateko eskatu zion Aaroni, eta bertan Georg Bendemannen izena ikusi zuela esan zidan, nahiz eta haren ondoan ageri ziren jaiotza-data eta -lekua ez izan Kafkaren berak. «Nola hil zen gizon hura?», galdetu zion Ernstek zaharrari. «Kafka, diozu? Ez dakit. Egun batean, herri-eskolatik bueltan, hilda aurkitu zutela esan zidaten, besterik gabe. Bihotzeko bat edo, auskalo. Sagardian eman genion lurra, nik erakutsi nien lekuan; bazekiten hemendik ibili ohi zela nirekin, eta kasu egin zidaten. Hortxe dago, sagarrondo horren azpian». Aaronek arbola zahar bat seinalatu zuen, eta Ernstek, bertaratzean, marka ahul batzuk sumatu ahal izan zituen enborraren azalean, alfabeto latindarreko FK letrak osa zitzaketenak. «Nik neuk grabatu nituen bertan», gehitu zuen kibbutznik zaharrak.
«Baina, hori egia balitz», esan zion Ernstek, «bonba bat izango litzateke. Kafkari buruz dakiguna guztiz irauliko luke albisteak...». «Bai, hala da, eta agian horregatik jardun naiz urteotan guztiotan, nekazari lanak uzten zizkidan tarteetan, Kafkaren inguruan argitaratzen zena irakurtzen. Baina, edonola ere, ez dut uste niri zegokidanik sekretua argitzea. Azken batean, Kafkaren hondarreko konfidentea izan nintzen...». «Lastima da», gehitu zuen Ernstek, «literatura alde batera uzteko asmoz etorri zenez, idazkirik utzi ez izana, arrastoren bat sikiera...». «Hala izango zen hasieran, seguru nago horretaz», Aaronen arrapostua, «isiltasun osoaren bila etorri baitzen, behin eta berriz errepikatu zidan bezala. Baina ez zuen guztiz erdietsi helburua. Idazketaren harra indartsuagoa omen. Ez zidan ezer aipatu hil baino egun batzuk lehenagora arte; unea hurbil zegoela igarriko zuen, agian. Kontua da bere gauzen artean zeuden paper guztiak erretzeko agindu zidala, hiltzen bazen. Ziur baitzegoen ez nuela inolaz ere halakorik egingo». «Kafkaren testu argitaragabeak dauzkazula esan nahi duzu?». «Oi, ez dira asko. Hiru koaderno, eta hainbat orrialde solte. Gehienak, datei kasu eginez gero, 1935 ostean idatziak. Gauza laburrak. Pentsamenduak, ipuin txikiak, elkarrizketa batzuk. Kibbutzeko bizitzari buruz, gutxi batzuk. Fabulen antzekoak, gehiago. Hainbestetan irakurri ditut ezen ia-ia neureak direla sinetsita bainago...». «Baina, orduan... orduan ez litzateke zalantzarik egongo», eztanda egin zuen Ernstek, gero eta aztoratuago, «Kafkaren letra bera bada, akabo arazoak. Istorio guztia baieztatuko luke halako froga batek...».
«Ez da horren erraza, ordea», erantzun zion Aaronek. «Jakin behar duzu, urte hauetan guztietan zehar, noizean behin eta froga moduan, prosa horien laginak bidali izan dizkiedala adituei, batez ere Israelgo unibertsitateetako zenbait irakasleri, anonimotasunetik noski, eta guztiek iruzurra direla erantzun didatela, hutsik egin gabe. Ez da harritzekoa: hebreeraz idatzita daude guztiak, eta ez dago Kafkaren testu kanonikoekin grafologikoki konparatzerik, beraz».
«Horregatik suertatu zatzaizkit probidentziala, Ernst. Denbora gutxi geratzen zait bizien artean, eta aspaldi erabaki nuen ez nintzela ni izango munduari egia jakinaraziko ziona. Baina zuk agian lortu ahal izango duzu. Eta uste dut badakidala zein izan daitekeen modua: alemanera itzuli beharko zenituzke testuak, hau da, beren jatorrizko hizkuntzara, egilearen idazkera ahalik eta hobekien imitatuz; ez litzaizuke zaila izan behar, Kafkaren hebreerak, ezin bestela izan, bere ama-hizkuntzaren arrasto dezente gordetzen dituelako. Eta behin itzulpena eginda, hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarraldietako papera eta idatz materialak erabiliz, testu horiek transkribatzea, Kafkaren letra zehatz-mehatz imitatuz. Horretarako, ziurrenik, faltsifikatzaile on baten parte hartzea beharko litzateke; baina dirua ez litzateke arazoa izango, helburua lortuz gero...», gehitu zuen irribarre-erdi batekin. Ernstek ezin zuen sinetsi: «Faltsifikazio bat, benetakoak omen diren testu batzuen egia frogatzeko?». «Egiaren bideak bihurriak dira maiz».
Ernst guztiz nahastuta erretiratu zen bere lolekura, eta biharamunean, aireportura hegaldia hartzera joan baino lehen, Aaronek testu guztiak entregatu zizkion oraindik ere inpresionatu samar jarraitzen zuen Ernsti. Bien arteko despedida, esan zidan, laburra izan zen, handik gutxira atzera elkartzeko aukera eskura izan balute bezala.
Ernstek hura guztia azaldu zidanean, urtebete geroago, Toledoko tabernazulo hartan, Rosendo entzuten eta gin-tonicak bata bestearen ondotik edaten ari ginelarik, barre egin nuen. Istorio guztia ergelkeria besterik ez zela esan nion: gutxienez, eta ongi pentsatzen jarrita, burua galdutako agure baten asmakizuna; okerrenean, ordea, iruzur galanta, kontuz ibili beharreko afera labainkorra, berea bezalako karrera akademiko bat haizea hartzera bidali zezakeena. Agureak berak esandakoaz ohartarazi nion: hainbestetan irakurri zituela testuak ezen ia-ia bereak zirela sinetsita baitzegoen; niretzat, argi baino garbiago zegoen. Harekin harremanetan jarraituz gero, hobe zuela guztiz etetea. Aholku horri men egitea ezinezkoa izango zitzaiola erantzun zidan Ernstek: Aaron hilabete batzuk lehenago hil zela, minbiziaz. Eta, jakina, kontuz ibiliko zela Kafkaren ustezko prosa haiekin. Idazlearen inguruko bibliografia aztertzen ari zela pista berrien bila, eta ez zuela burugabeki jokatzeko asmorik batere.
Nola edo hala, egun haietako adiskidetasunaren lehenengo urratsei eutsi genien Ernstek eta biok, eta ondorengo urteetan tarteka jaso nituen haren berriak, e-mailez edo, maizago, posta-eskutitz arrunten bitartez. Gero eta kezkagarriagoak iruditzen zitzaizkidan: lehenengoetan, Aaronek Kafkaren bizitza ezagunaz eskaini zizkion xehetasunak berresteko bere ikerketez aritu zitzaidan —karta horiei esker berreraiki ahal izan dut, nolabaiteko fideltasunez, bien arteko sagardiko elkarrizketa hura—; Kafkaren beraren lan osoen irakurketa eta kritika, ordea, gero eta leku handiagoa joan zen hartzen hurrengoetan. Une batetik aurrera testuen itzulpenak planteatzen zizkion arazoez hasi zitzaidan mintzatzen, batik bat: hasieran brometan bezala aipatzen zuen kontua, saiakera haiek denbora-pasa soil gisa egingo balitu bezala, baina ni gero eta kezkatuago nengoen, eta testu horiek obsesio bihurtzeko arriskuaz ohartarazi nion behin eta berriro. Alferrik.
Kafkaren testuak alemanera itzultzeko bere lehenengo saiakerek porrotean amaitu zuten. Aaronek egin bezala, espezialistei lagin batzuk bidali zizkien, baina inork ez zuen sinesten, froga materialen ezean, ero hark igortzen zizkienak Kafkaren pasarte ineditoak izan zitezkeenik. Arazoa, aitortu zidan azkenean, Kafka kanonikoenaren idazkeran oinarritzea izan bide zen, 1912ko epifaniaren ondorengo materialean alegia: Itxuraldaketa, Prozesua, Gaztelua... Logikoena hori zirudien, printzipioz, testu horiek ondoren idatzi omen zituelako. Baina agian lehenagoko testuetan zegoen gakoa, esan zidan halako batean, Kontenplazioa bilduma zaharragoan agertu ziren lehenengo estanpa primitiboago haietan hain zuzen: Kafkaren estiloa eraikitze bidean zegoen haietan, egile gehienen ustez, eta horregatik dira ezezagunagoak orduko ipuin eta pasarteak. Beraz, zergatik ez haietara jo, galdetzen zion bere buruari Ernstek, eskuartean zituen testuak idatzi gabe egondako denbora-tarte luze baten ondorengo saiakerak zirela kontuan hartuta? Eta, are gehiago, berriki ikasitako hizkuntza batean idatzi bazituen, hebreeraz alegia? Erregresio estilistiko moduko bat ez zen aukerarik absurdoena, eta hipotesi horri lotu zitzaion.
Urteak kostatu zitzaion Ernsti idazkera hartaz jabetzea, eta horretarako ipuinak, eskutitzak, egunerokoak eta are lan-istripuen aseguru konpainiarako idatzitako testu burokratikoak irakurri behar izan zituen behin eta berriro, Kafkaren estilo primitiboa guztiz menderatu arte. Soilik une horretan ausartu zen Aaronek entregatutako testuen alemanerako itzulpen oso bat saiatzera. Ez bakarrik hori: emaitzak asetzen zuela erabaki zuenean, auskalo zein bidetatik, hogeita hamarreko eta berrogeiko hamarraldietako papera eta idatz tresnak eskuratu, garai hartan Ekialde Hurbilean erabili ahal izan zirenak bezalakoak alegia, eta bera hasi zen itzulitako testuak transkribatzen, Kafkaren letra zehazki imitatuz; faksimilak eta are Kafkaren jatorriko idazkun batzuk hamaika aldiz maneiatu izanaren ohituraz, ez zuen faltsifikatzaile profesional baten premiarik izan emaitza perfektua izan zedin. «Hainbestetan irakurri ditut testuok», aitortzen zidan bere azkeneko eskutitzetako batean, «ezen ia-ia neureak direla sinetsita bainago».
Ernsti gauzak gero eta okerrago zihoazkion, ordea. Karrera profesionala ia guztiz abandonaturik, indar guztiak bere obsesioa lantzera bideratuta, gero eta deskonektatuagoa zegoen errealitatetik, eta, bere familiaren ekimenez, denboraldi luzeak igarotzen hasi zen atseden-etxe delako batzuetan, zeinetatik alde egiten amaitzen baitzuen beti ere, Kafkaren itzulpena berrartzeko. Bere azkeneko eskutitzetan aipamen ugari agertzen hasi ziren beraren kontrako konspirazio baten inguruan, kriptonazien azpikeria etengabeez eta Kafkaren eskuizkribuak (sic) lapurtu nahi zizkion nazioarteko konjurazio batez. Jaso nuen azkeneko eskutitza, oso laburra, Ernsten arrebarena zen, eta Suitzako erakunde ospetsu batean ospitaleratu behar izan zutela informatzen zidan bertan; medikuek isolamendu osoko tratamendu bat gomendatzen zutela. Luzaro joko zuela zirudien.
Alemaniatik jaso nuen azkenaurreko paketean, Ernstek bidali zidan azkenekoan alegia, berak itzulitako eta transkribatutako testu guztiak zetozen, txukun ordenatuta eta konspirazioaren detaile nahasgarri zenbaitekin batera: funtsean, paperen segurtasuna arrisku larrian zegoela kontatzen zidan, eta nik jakingo nuela haiekin zer egin. Inguruko guztiek traizio egin ziotela, eta ni nintzela bere itxaropen bakarra.
Hilabeteak izan ditut nire estudioko mahaiaren gainean, kartazaletik atera gabe: ezin nuen paketea begiratu Ernsten zoritxarraz gogoratu gabe; are gehiago egunek eta asteek aurrera egin eta argi geratu zenean ez nuela albiste berririk jasoko Alemaniatik edo Suitzatik. Baina ez nuen paketea bertatik erretiratu, auskalo zergatik: Ernstenganako nire nolabaiteko fideltasunaren lekuko gisa utzi nuen han, agian. Egun batez, ordea, mahaian geografian zehar klip batzuen bila ari nintzela, nire eskuak paketearekin egin zuen topo eta, ia ustekabean, Ernsten itzulpenaren lehenengo orria atera zuen handik, Echsen izenburuko ipuin laburra, Muskerrak, Kafkaren kaligrafia urduria ondo nabarmentzen zela paper horiztatuaren gainean: irakurri eta, gogoz kontra, edertasun estrainio bat zeriola onartu behar izan nuen; berehala sartu nuen atzera beste orri guztiekin, ordea.
Baina aurreneko aldi horrez geroztik paketera tarteka itzuli, eta gainontzeko idatziak irakurtzen hasi naiz. Lehenengo aldietan oso begiratu bizkorrak ematen nizkien, oso noizean behinekoak, azalekoak eta higuinez kasik, ezin bainuen guztiz burutik kendu paper horiek izan zirela nire adiskidearen galbidea, eldarnio absurdo baten azkeneko emaitza. Baina, pixkana-pixkana, kasik oharkabean, ipuin horiek guztiak joan naiz irakurtzen, denbora-pasa gisa edo: haietan gordetzen den ameskeriaren eta xalotasunaren arteko nahasketa liluragarria bezain ezinbestekoa egin zaidan arte. Bata bestearen ondotik irakurri ditut: Sandhügel, Die beiden Krankheiten, Hyänen Bekämpfung, Der Apfelgarten... Ernsten transkripzioa, alemanera menderatzen dudan neurri apalean, perfektua begitantzen zait, eta, egunak igaro ahala, gero eta asti handiagoa eskaini diet prosa txikioi. Behin eta berriro leitzen hasi naiz, eta, denborarekin, nire irakurgai ia bakarra bihurtu dira: hainbestetan irentsi ditut, ezen ia-ia neureak balira bezala begitantzen zaizkit.
Eta, puntu honetara ailegatuta, munduak Kafkaren ipuin hauek ezagutu behar dituela erabaki dut, eta baita egia kontatzen hasi behar naizela ere: orrialde xume hauek izango dira asmo horren lehendabiziko lekukoa, zuhurra artean. Ez nuke denborarik galdu nahi, inguruan gauza bitxiak gertatzen hasi zaizkidalako eta nire egitasmoak oztopatzeko ahaleginak egiten ari direla antzematen dudalako: lehengo egunean ez nuen nire egunerokoa topatu beti uzten dudan lekuan, idazmahaiaren tiraderan, liburuen apalategian baizik, eta, bestalde, lankideek eskaintzen zidaten tratua, usu atsegin eta beroa, nabarmen hoztu da azken egunotan, gaizki disimulatutako mesfidantza batera iristeraino. Zirkulua nire inguruan ixten ari dela susmatzen dut, gero eta tarte estuagoa daukadala.
Eta adituak, temoso, alemanezko jatorrizko testuak onartzera makurtzen ez direnez, bururatu zait agian euskarara itzuliz gainditu ahal izango dela testu bikain hauen kontra altxatu den isiltasunezko murrua, literaturaren historiaren parte ezinbesteko bihur daitezen behingoz. Eta, halaxe, denbora aurka dudalarik —nire kontrako azpilanaren seinaleak gero eta ageriagoak baitira—, itzulpenaren langintza gogor eta, aldi berean, gozagarriari lotu natzaio gogotsu, Literatura Unibertsala bildumaren datorren emanaldian Franz Kafkaren Kibbutzeko ipuinak argitaratu ahal izango diren itxaropenarekin. Euskararentzako ohore txiki bat izango litzateke, nik uste, egiaren distira bertatik zabaltzen hasiko balitz, behingoz.