Literatur itzulpengintzan egindako ibilbidea, abentura (ausartegi) baten kronika modukoa
Artikulua pdf formatuan
Administrazioan itzultzaile 2000ko maiatzean hasia, literatur itzulpengintzarako aukera Jokin Zaitegi bekaren bitartez agertu zitzaidan bidera. 2003ko udazken amaieran, negua hasi hurren, jakin nuen Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak bigarrenez egiten zuela Jokin Zaitegi sariketarako deialdia, urte horretan Nobel saridun aukeratu izango zenaren lan bat, argitaletxeak aukeratua, itzuliko zuen itzultzailea hautatu eta liburua hurrengo urteko Durangoko Azokan argitaratzeko.
Lanbidean maitasun apur bat jartzeko aukera dugun gizabanakoak ez gara asko izango gaurko munduan. Administrazioko itzultzaile, literaturzale, irakurzale, hizkuntzazale izanik, deialdiaren oinarriak irakurri eta saiatzea bururatu zitzaidan. Aitortu behar dut ez nuela espero, inondik ere, bekadun ateratzea. Ikasketak zuzenbidekoak egin nituen; ingelesa ezagutu bai, baina ez naiz, ezta hurrik eman ere, aditua (ez bedi inor espanta, arren; deialdiaren oinarrietan ez zegoen alde horretatik debekurik: itzulpena jatorrizko hizkuntzatik egitea eskatzen zen, ez besterik). Lagina aurkeztu, eta, hara non, saria irabazi nuela jakinarazi zidaten. Eta erronkari heltzea agindu zidan barneak. Zerk bultzatu zidan horrelako ausarkeriara? Nik neuk ere ez dakit ongi, eta ausarkeria horrek horren luzaroan iraun duelarik, 2003an Coetzeeren Lotsaizuna itzultzen hasi nintzenetik iaz Gizona Ilunpean argitaratu zen arte —tartean Paul Austerren Brooklyngo erokeriak (2006), George Orwell-en 1984 (2007an argitaratua eta 2006an itzulia), Woody Allen-en Anarkia Hutsa (2007), Paul Austerren Bidaiak scriptoriumean zehar (2007)—, ahalegin gozagarri eta tinko horretan zerk iraunarazi didan esan beharko banu, aipatuko nituzke plazera (literaturaren plazera, istorioetan itzultzailearen talaia pribilegiatutik murgiltzeak ematen duena, eta literatur itzulpengintzarena, hizkuntzarekin egileak lortutako efektua lortu arte jolas egiteak ematen duena), lehenbiziko aukerak bidea ireki izana (Jokin Zaitegi beka izan nuen literatur itzulpengintzaren abenturarako ate, Nobel saridun baten eleberri indartsua, Lotsaizuna, abiaburu, eta eskarmentu, eta profesionaltasun bikaineko editore baten tutoretza ikasbide, Xabier Mendiguren Elizegirena, hain zuzen, bai eta hurrengo liburuek zeinek bere editorearen aholku, zuzenketa eta tutoretza bikain eta paregabeak ere), eta, haren ondoren itzulitako liburuetan, argitaletxe bakoitzeko editorearen konfiantza (Txalaparta argitaletxeko editore Mikel Sotok Orwellen 1984 itzultzeko, Alberdania argitaletxeko Inazio Mujikak Paul Austerren hiru eleberri itzultzeko eta Meettok argitaletxeko Ramon Etxebestek Woody Allenen ipuin-bilduma bat itzultzeko egindako eskaintzekin erakutsitako konfiantza). Editore horien izenak aipatzen ditut hemen, itzulpenek merkaturatzeko adinako kalitaterik izan badute, haien zuzenketa, aholku eta laguntzari esker izan baita, eta aipamen hori beren profesionaltasuna laudatzeko nahiak eragina da, inori koiperik emateko asmorik gabe. Orobat, nola ez, literatur itzulpen soiletik bizitzea zaila baita, Administrazioan lan egiteko aukera izanez literatur itzulpengintzari nolabaiteko lasaitasun ekonomikoarekin ekiteko aukera. Bego iruzkina literatur itzulpengintzaren inguruko aipamen sozioprofesional partzial baten gisara, jakin baitakit literatur itzultzaile askoren ezaugarri sozioekonomikoa dela hori.
Jokin Zaitegi itzulpengintzako sariketaren bidez hasi izanaz ere badut esatekorik: Aramaion jaioa naiz, eta Arrasaten luzaroan bizitakoa. Arrasatearra zen Jokin Zaitegi. Haren lanen oroitzapen bat, oso aspaldikoa, batxilergoa egiten ari ginenekoa dut. Filosofia ikasten ari ginela, irakasleak, ikasgairako ohiko notez gain, irakurgai bat ekarri zigun behin, Platonen beraren hitzak euskaraz jarriak. Jokin Zaitegik itzuliak ziren. Filosofiako nota itzuli haien aldean, filosofiaren historia ilunari buruzko iruzkin ilunak euskaraz emateko ahalegin eskerga eta dudarik gabe nekagarriaren emaitza baitziren, Platonen hitz euskaratu haiei bazerien edertasun bat, xarma bat, egiazkotasun bat, nik ordura arte oso leku gutxitan dastatuak. Atsegina eragin zidaten, atsegin estetiko bat, harrezkero literaturan eta berrikiago literatur itzulpengintzan berraurkitu ditudanak. Bada, beraz, halako jarraitasun ezkutu bat, garai latz haietan Jokin Zaitegik egindako ahalegin horren eta gaur egun euskarara itzultzen diren literatur lanen artean. Jarraitasun horrek, nola ez, mundu osoan bat bera den plazera du hari: mundu osoko ahotsak, hala antzinatekoak nola gaurkoak, norberaren hizkuntzan aditzekoa. Zaharrak berri.
Oraintsu Ibon Sarasolak Eusko Jaurlaritzan ari garen itzultzaileokin egindako mintegi batean esandako hitzak baliatuko ditut administrazio- eta zuzenbide-arloko itzulpengintzaren eta literatur itzulpengintzaren artean dagoen aldea azaltzeko, denok ezagutzen dugun arren, formula labur eta arras adierazgarri baten bidez azaldu baitzuen berak: administrazioko eta zuzenbideko testuak, hizkera espezializatu eta teknikoetakoak bezala, testu koloregabe, zaporegabe eta usaingabeak dira; horrelakoak izan behar dute, literatur testuek ez bezala. Legeen eta administrazio-testuen itzulpenek badute eskakizun berezko bat, baliokidetasun juridikoa izenekoa. Horren mende dago itzulpengintza administratibo eta juridikoa. Xede-hizkuntzako testuaren irakurkera eta ulerkera erraztea zilegi da, baina jatorrizko testuak interpretazio juridikorako ematen duen tarte bera eman behar du xede-hizkuntzako testuak. Itzulpengintzan, edozein dela ere arloa, leialtasuna zor zaio jatorrizko testuari, baina jatorrizko testuen egileak asmo ezberdinez ari dira, intentzio ezberdinez, arlo batean eta bestean: asmo estetikoz ari da literaturan idazlea, eta asmo komunikatibo hotzagoz, zehatzagoz, legegilea eta Administrazioko funtzionarioa.
Ausartegia deitu diot nire ibilbideari goiburuan, ez alferrik, John Maxwell Coetzee izan baitzen 2003an Nobel saria eskuratu zuen idazlea, eta haren Disgrace hautatu baitzuen argitaletxeak itzuli beharreko eleberritzat. Literatur itzulpengintzan Nobel sari baten lana itzuliz hastea nahiko desafio beldurgarria zen niretzat. Literatur itzulpengintzarako berariazko prestakuntzarik gabea, nire ogibidean hizkuntza lanabes eta itzulpengintza ofizio izatea beste baliabiderik gabe ekin nion lanari. Baliabideak horiek, eta sona handiko idazle bat itzuli beharra pizgarri. Horrez gain, lehenbiziko saio horrez gero literatur itzulpengintzan aritzeko beti gogoan hartu eta inoiz laga ez ditudan hainbat jarrera, jatorrizko hizkuntza erabat ez menderatzearen ordain: idazleak idatzitako testuarekiko leialtasun erabatekoa, itzuli beharrak dakarren irakurketa sakon eta pribilegiatua eta irakurketa horren bidez lortzen den enpatia modukoa, hala idazlearen psikologiarekin, testuan antzematen diren kezka eta sentimenduekin, nola kontakizunarekin eta kontakizun horretako pertsonaiekin (itzultzaileak, irakurketa zehatz horrekin, zinemagilea dirudi batzuetan). Jatorrizko testuarekiko erabateko leialtasun horretan sartzen da leialtasun formala ere, erregistro formalarekikoa, zeina, teoritzatzeko nire gaitasun urri honekin, debeku nahiko lauso batez azalduko bainuke: ez jasotzea testuaren erregistro estetikoa, eta ezta beheratzea ere.
JM Coetzee idazle hegoafrikarrak hainbat sari zituen irabaziak 2003. urtean Nobel saria irabazi baino lehen: bi aldiz Booker Prize saria (lehena Life and Times of Michael K. eleberriarengatik, eta, bigarrena, itzuli beharrekoa nuen Disgrace eleberriarengatik, hain zuzen), Hegoafrikako bertako CNA Prize saria hiru aldiz, eta nazioarteko beste hainbat eta hainbat sari ezagun, Frantziako Femina saria tartean. Ez nuen ezagutzen itzultzen hasi aurretik. Lotsaizuna eleberria indartsua da. Hegoafrikako istorio bat kontatzen du, apartheidaren osteko garaikoa. Belaunaldi arteko harremanak, aita-alaba elkarrengandik urrutiratu batzuen arteko harremana, Hegoafrikako zurien eta beltzen arteko harremana, zurien kontrako mendekuzko bortizkeria eta gizarte-desorekek eragindako bortizkeria, gizakien animalienganako bortizkeria eta krudelkeria, unibertsitateko irakasle edadetu baten gainbehera, hainbat eta hainbat gai tartekatzen ditu J.M Coetzeek, eta sakontasun handiz, giza arimaren ezagutzaile handi bati dagokionarekin, hornitzen ditu eleberriko pertsonaia nagusien nortasunak. Sentimenduak zehaztasun handiz deskribatzen ditu, prosa ere halakoxea du, zehatza, landua, doia, trinkoa. Istorio konposatzaile handia dela diote, eta irudipen horixe ematen du eleberriak ere, kapituluen neurria doia, elkarrizketak arras aukeratuak, arras adierazgarriak, tentsio eta sakontasun dramatiko handikoak. Idazlearen gaitasun intelektuala ere ez nolanahikoa, haren bizitzako zenbait datuk aditzera ematen dutenez: matematika eta ingelesa ikasia unibertsitatean, informatika-programatzaile aritua, hizkuntzalaritzako doktoretza eskuratua, ingeles- eta literatura-irakasle, literatur kritikari eta hainbat eta hainbat literatur lanen egile... Itzulpenean, lehen esan bezala, Xabier Mendiguren Elizegi izan nuen zuzentzaile eta aholkulari. Ez dut artikulu honetan gogoeta tekniko edo teorikorik egin nahi. Ez dut horretarako betarik hartu, eta sei urte hauetako esperientzia azaltzea eta zenbait balorazio egitea da nire asmo bakarra. Itzulpenak, oroitzen dudanez, bazituen hainbat arazo tekniko kultur osagaiei lotuak, Hegoafrikako afrikar kulturako zenbait hitzen eta zenbait kultur gertaeren ordaina aurkitzen lanak izan bainituen. Hegoafrikako ingelesaren zenbait glosario eta hiztegi izan nituen eskura, eta jo eta su aritu nintzen internet sarean arakatzen. Gainerakoan, zuzenketei buruz zerbait aipatzekotan, soiltze lana aipatuko nuke. Coetzeeren idazkera soila eta aratza izanik, alferreko osagaiak ezabatuz lortu zuen itzulpenak haren idazkeraren tankera euskaraz. Xabierrek prosa literarioa ondo ezagutzea eta prosaren ezaugarri hori doitzen laguntzea ezinbestekoak izan ziren. J.M Coetzeeren lanetan euskaratu den bakarra da Lotsaizuna, (jakin nuen, hala ere, behialako Literatur Gazeta izeneko aldizkarian argitaratu zela, Patri Apalategik euskaraturik, Coetzeeren lan baten pasarte bat, Life and Times of Michael K eleberriarena, hain zuzen; 1985.eko alean izan zen hori. 1983.ekoa da eleberria. Patri Apalategik dio, pasartearen itzulpenaren goiburuan, harrigarria zela artean idazle horren eta hegoafrikako beste bi idazle ezagunen lanik gaztelaniara itzuli gabe egotea). Liburu horrek gure artean izan zituen kritiken artean, Felipe Juaristik El Diario Vascon egindakoa 2004ko abenduan: «Nobel Saridunaren liburu konplikatuena da, bai teknika eta estilo aldetik. (...)Coetzeeren testurik zailenetakoa delakoan nago. Literatur adituek eta idazleek badute, gainera, zer ikasia bertan: denboraren erabilera aparta baita eta miresgarria, izan ere eleberri honetan orain denbora baino ez baita ageri. Orain denbora, ongi erabilia, noski. Pasarte guztiak lotzen ditu eta pertsonaiei halako bizitasuna ematen die (...)...Denbora horren erabilerak erritmo propioa eta berezia ematen dio testuari: ez arina, ezta motela ere, orainari dagokiona, pertsonaien orainari (haien subjektibitateari dagokiona), lasaia eta zabaltzen dena (...) Prosa ere, esan beharra dago, zehatza eta doia, hitz bakoitza bere tokian dago. (...) Liburu ederra da ikasteko, eta gogoeta egiteko. Ez da egokia denbora pasarako nahi dutenentzat. Okertu egingo lirateke, eta nahastu eta galdu testuan.»
Alberdaniaren eskaintza izan zen hurrengo, Paul Austerren Brooklyn Follies itzultzeko. Ezagunagoa nuen egilea, irakurria nuen haren lanen bat, banekien zinemagintzako gidoiak ere idazten zituela (gogoan nuen oso gustuko izan nuela Smoke filma), banekien jarraitzaileak zituela gure artean, Harkaitz Cano ezagunena, berak halaxe aitortua hedabideren batean duela hainbat urte. Beste idazle ezagun bat, artean euskaratu gabea. Tentazioa handiegia niretzat, eta literatura itzultzen hasi berria, berehala eman nuen baiezkoa. Kontalari peto-petoa da Auster, eta haren idazkera arina da, kontatzeko eginkizunaren mendekoa guztiz. Brooklyngo erokeriak (2006) liburuko kontakizuneko kultur distantzia, gure unibertsoarekiko, ez da Lotsaizuna kontakizunekoa bezain handia. Itzulpen-lana ez zen hain nekagarria izan. Zuzenketa-lana bikaina izan zen. Hau da azpimarratu nahiko nukeen besta gauza bat, sekula literatura itzuli ez duten baina egunen batean itzuliko dutenentzat: nik itzulitako liburu guztietan, zuzenketekin, irabazi egin du beti testuak, eta editore-zuzentzaileen jarrera malgua izanik eta beti prest egonik zuzenketen gainean eztabaidatzeko eta negoziatzeko (hor beren profesionaltasunaren beste zantzu bat), ados egon naiz, ia beti, zuzenketa horiekin. Uste dut literatur eskaintzaren kalitatearekin konpromiso bete-betea erakusten dutela gure editoreek, nik egin ditudan itzulpenetatik esan dezakedanez. Hainbat eta hainbat kontakizun elkarrekin estekatzeko eta kiribiltzeko gaitasun ikaragarria du Paul Austerrek, eleberri bakoitzean hainbat eleberri izan daitezkeen istorio-muturrak lotzen ditu, pertsonaia ugari agertu ohi da beti bere liburuetan. Ohi baino istorio goxoagoa atera omen zitzaion hemen. Kritiken artean, Josu Lartategik Deian egindakoa jasoko nuke: «(...) Paul Austerren liburu hau narratiba bizkor eta zoliko adibide perfektua dugulako, egunerokoa, pertsonaia sarean oinarritua, ezkortasun goxo bitxia duena, doilorkeria dosi tamainakoak, giza mixerien kontalaritza. Kulebroi kultua da, gu guztiok noria hordi eta deskontrolatuan gabiltzala gogorarazten diguna, ez baitago noria gobernatzen duenik, ez baitago egun jainkorik, ezpada gu eta gure hauskortasuna, gure erokeriak».
Idazle honek istorioak sortzeko duen ahalmenaren erakusgarri, 2007an argitaratu zen euskaraz Bidaiak scriptoriumean zehar eleberria. Betiko osagaiak ditu, matriusken gisara, beren barnean beste istorio bat eta beste bat gorde ohi dituzten kontakizunak, eleberriak. Ez da gurean oso ohikoa, eta pribilegio hori ere aitortu beharra dut: idazle ezagun baten bigarren eleberria eskaini zidaten itzultzeko, aurrekoa bezala gaztelaniazkoarekin batera argitaratzeko. Bistakoak dira horrek itzultzaileari dakarzkion abantailak: ezagutzen du idazlearen estiloa, hitzak eta esaerak ere errepikatu egiten dira eleberri batetik bestera, konfiantza hartu du, behin egile baten liburua itzultzeko gauza izan zarenean, badakizu gauza izango zarena bigarrena ere itzultzeko. Arinago itzultzen du batek horrela. Ez litzateke formula txarra hau egungo literatura itzultzeko, alegia, itzultzaileok idazle baten edo idazle jakin batzuen eleberriak itzultzea, gure literatur eskaintza normalizatzeko. Besterik da nork hautatu beharko ote lituzkeen itzuli beharko liratekeen egileak eta obrak, gure hizkuntza eta merkatua normalizatu gabeak izanik. Istorio honetan, jolas egiten du idazleak aurreko kontakizunetako pertsonaiekin. Pertsonaia nagusia, idazlea, bahitu egin dute, eta kontu eske ari zaizkio ezarri dizkien misioetan pairatu dituzten oinazeengatik. Esan liteke krudelkeria metafiktizioaz ari dela liburua. Itogarria du giroa. Badu kontagintzari buruzko gogoeta ezkutuko bat ere. Kontagintza ihesbide, pairamen, halabehar bihurtu ahal denekoa. Aipagarria da bi garai nahasten dituela eleberrian, bi istorio garai ezberdinetan kokatuak, eta, bigarren mailakoari, non EEBBetako kolonizazio-garaia baitarabil traizioa eta azpikeria osagai dituen kontakizun bat eratzeko, hizkera eta doinu ezberdina ematen dizkiola, XIX. mendeko kontatzaile batek garai hartako gertakizun batzuen kronika egiteko balia zezakeena bezalakoa, alegia.
Austerren hirugarrena itzultzea egokitu zitzaidan iaz, 2008an, Gizona Ilunpean izenekoa. Bereak dituen betiko kontagintza-baliabideak hemen ere, istorio nagusi bat, eta beste bat haren barruan. Zorigaiztoak jotako etxe bat, gizon bat eta haren alaba-bilobak dituena egoiliar, nor bere zorigaiztoa bizitzen, eta pertsonaia horien arteko harremanak, eta bigarren mailako istorio bat, pertsonaia nagusiak loezari aurre egiteko asmatua. Estiloa lauagoa du aurreko eleberriak baino. Itzulpenean agertu zitzaizkidan zailtasunek zerikusi handiagoa zuten jatorrizkotik aldentzeko tarterik ez hartu izanarekin, emandako lehenbiziko soluzioen gainean gogoeta kritikorik ezin egitearekin, eta horiek guztiek konpontzera, berriro ere, Alberdaniako zuzentzaile eta editore Inazio Mujika eta argitaletxeak berak kontratatutako beste zuzentzaile bat, Iñaki Segurola. Betiere luxuzko laguntzaileak produktua garaiz eta kalitatez aterako zela ziurtatzeko, berriro ere, Estatuko gainerako hizkuntzetako itzulpenekin ateratzekoa baitzen. Oso egungoa istorioa, oraintsuko gertaera historikoak ere jasotzen dituena (Iraken hiltzen dute pertsonaietako bat).
Idazle ezaguna izateaz gainera klasikoen artean leku bat ere badu George Orwell-ek, eta haren 1984 dagoeneko kondaira bihurtua, itzuli nuen 2006 eta 2007 bitartean. Txalapartak egin zidan eskaintza, eta 2007an argitaratu zen liburua. Lehen aipatutako jarrera horiek utzi gabe (idazleak idatzitako testuarekiko leialtasun erabatekoa, itzuli beharrak dakarren irakurketa sakon eta pribilegiatua eta irakurketa horren bidez lortzen den enpatia modukoa), bazen hemen beste osagai bat, erne ibilarazi ninduena eta egitekoaren larriaren erakusle: itzulpenak ona izan behar zuen nahitaez, iraun egin behar zuen, klasikoa izanik, oraingook ez ezik hurrengo belaunaldietakoek ere irakurriko baitute (izango ahal da horrela! irakurriko ahal dute euskaraz ehun urte barru ere...!). Orwell denok ezagutzen dugu, idazlea eta bere garaiko gertaeretan buru-belarri murgildutako pertsonaia historikoa, gorriak eta beltzak ikusitakoa, eta ikusitako horien lekukotza literario ezin baliosagoak utzitakoa. Esan liteke Orwellen estiloa ez dela korapilatsua, laua eta erraza dela, eta halaxe egiten zuen berak ere horren aldeko apologia. Hala ere, kontakizunak baditu ezaugarri batzuk, hala nola distopia horretan asmatzen ari diren hizkuntza berri berariaz kamustu eta urritu bat, gizarte totalitario eta amesgaiztoko horren ezaugarri behinenak biltzen dituzten termino eta izenak, bai eta tratatu ideologiko alegiazko baten zati aski zabal bat, sormen-ahalegin handiagoa eskatu zidatenak. Liburu trinkoa da, hala kontakizunaren beraren aldetik nola kontakizunerako erabiltzen diren baliabide ugariengatik, elkarrizketa, deskribapen, narrazio, kronika eta besterengatik. Aitortu behar dut lanak eman zizkidala, eta, hemen ere, Mikel Soto zuzentzaile-editorearen eta argitaletxeak zuzenketa lan gehigarria egiteko kontratatutako Harkaitz Canoren berrikusketa izan zituen liburuak, merkatura ahalik eta duinen ateratzearren.
Hurrengoan neuk ikusi nituen gorriak eta beltzak, 2007ko udaran, epe oso laburrarekin Woody Allenen Anarkia Hutsa itzultzea erabaki nuenean Meettok argitaletxearentzat. Ipuin-bilduma bat zen; hala bada, eleberria baino errazagoa itxura batean. Baina nork ez du Woody Allenen bihurrikeria ezagutzen? Bada hortxe ikusi zuen nire ingeles maila apalak goia, idazlan horretako hitz-joko, umore-joko eta ezin konta ahala kultur erreferentziarekin eta erudizio entziklopedikoarekin, eta gehitu horri yiddishezko ehunka hitz, judutar jatorriko new york-tar pertsonaiek erabiltzen dituztenak. Liburu honek, zuzenketa ortografiko eta tipografikoez gain, ez zuen, epearen laburragatik, beste norbaiten estilo zuzenketarik izan, eta larritasunez ikusi nuen bere argitaratzea.
Hortxe, abentura honen mugarriak. Kronikaz gain, balorazio bat egitea ere badagokidala esan liteke, baina, baliatutako itzulpen-estrategien eta -tekniken kasuistika bat egiteko moduan egon ez naizenez gero (erregistratu egin beharko nituzkeen itzulpen-prozesuko erabaki garrantzitsuenak, zuzenketa esanguratsuenen zerrenda bat egin, hartutako erabakien arrazoiketa nonbait jaso...), damu dut esatea ez dudala nire burua horretarako gauza ikusi, oraingo honetan. Oso atzera jo behar izango nukeen, behar zenean egin gabeko lan gehigarri hori egin...Merezi zuen Senezek horrenbeste. Itxaropena dut, ordea, itzulpengintzaren kritika gehiago egingo dela aurki gurean, badatozela belaunaldi berriak itzulpengintzarako prestakuntza berariazkoago batekin ez ezik, itzulpengintzaren kritikarako gaitasun handiagoarekin ere hornituak. Itzulpen geroz eta hobeak irakurriko ditugu aurki, itzulpenen kritika emankorragoak ere bai, lagun gehiago eta prestatuagoak jarriko direlako hartara. Honen gainean ere Ibon Sarasolak goian aipatutako mintegi hartan esandako beste esapide bat bailatuko dut: «zapatari» ikusi dut neure burua, alegia, ofizio bat ikasi dut, eta bezero ezin eskuzabalago batzuen eskariei erantzun diet, baina ez dut aski gogoeta egin «zapatagintzari» buruz. Eta, batzuetan, gainera, «zapatak» patxadaz egiteko behar diren prestakuntza-lanetan zabarra izan naiz. Baina, hala ere, langintza ezin gustagarriagoa, ezin kilikagarriagoa iruditu zait.
Nahiko nuke beste itzultzaileek ere gauza bera esan ahal izatea, argitaletxeetan testua zuzentzeko eta hobetzeko baliabideak eskaini izana. Nik ez dut kexarik batere. Denon onerako dira gisa horretako kalitate-iragazkiak.
Ez dagokit niri merkatuari dagokion balorazioa egitea. Alegia, egungo idazleen lanak euskaratu eta inguruko hizkuntzetarako itzulpenekin batera argitaratzeko formula hori gure merkatuari zenbateraino komeni zaion epaitzea, horrelako lanei, itzuli beharreko lanen artean lehentasunik ba ote dagokien iriztea; nire ahalmena eta jakitatea gainditzen duen kontua da. Argitaletxeek, irakurleek eta kulturaren arloko erabaki politikoak hartzen dituztenek dute hitza horretan.
Esker ona adierazi besterik ezin dut egin nik, horren pribilegio handia eman zaidalako, beste batzuek baino merezimendu gutxiagorekin. Eginahalak egin ditut lanak ahalik eta ondoen egiteko, nekienaren araura, inori kalterik egin gabe, eta, ahal nuen neurrian neure ekarpena eginez, gozagarria izan den abentura honetan.