Molièreren bertsoekin borrokan
Artikulua pdf formatuan
Errima eta metrika zehatz batean dagoen edozer itzuli behar duen edonork bezala, erabaki azkar bat hartu beharrean izan nintzen Tartufori ekiterakoan. Ez nuen ahaztuta behin 80ko hamarkadan Cuadernos de Traducción aldizkarian Jose Maria Alvarez itzultzaileari irakurritakoa: «Hobe da prosan egindako itzulpen on bat bertsoan egindako txar bat baino, baina beti izango da hobea bertsoan egindako itzulpen on bat prosan egindako beste on bat baino».
Herri bertsolaria da gurea, belarria oso egina dugu hitz neurtu eta errimatuetara. Saiotxo batzuk egina nintzen molde honetako itzulpengintzan, eta arriskatzea merezi zuela pentsatu nuen. Hartu beharreko beste erabakia, neurria aukeratzea: Tartufo binan-binan errimatzen duten dodekasilaboetan taxutua dago, baina bistan da labur geratzen zaiola euskarari neurri hori, frantsesak baino silaba gehiago behar dituelako gauzak adierazteko. Aukera egin behar, eta hamabostekoa hautatu nuen, arrazoi zehatzik gabe, egia esan, justu samar ibiliko nintzela jakinda, baina luze eta erosoegi jardutea baino hobe zelakoan. Errimaren kalitatea zetorren hurrengo. Tartufok oso kontsonantea du, baina iritzi nion dena ezin dela, eta alor horretan ahal zena egingo zela.
Obraren hasierako pasarte batzuk ikusiko ditugu arazoei eta emandako konponbideei hobeto erreparatzeko:
MME PERNELLE
Allons, Flipote, allons, que d'eux je me délivre.
Goazen, Flipote, ea hauengandik libratzen naizen.
ELMIRE
Vous marchez d'un tel pas qu'on a peine à vous suivre.
Daramazun pausoaz badut nahiko lan jarraitzen.
Begietara lehenengo jotzen duena zera da: euskarazkoak, hiru silaba gehiago izan arren, letra kopuru berdintsua edo txikiagoa duela, eta, beraz, ez garela erosoegi ibiliko originaleko eduki guztiak ekartzeko.
MME PERNELLE.
C'est que je ne puis voir tout ce ménage-ci,
Et que de me complaire on ne prend nul souci.
Oui, je sors de chez vous fort mal édifiée :
Dans toutes mes leçons j'y suis contrariée,
On n'y respecte rien, chacun y parle haut,
Et c'est tout justement la cour du roi Pétaut
Etxe honetako ganora ez dut agoantatzen,
Nire gustua egiten inor ez da arduratzen;
Bai, neure onetik irtenda noa zuen etxetik,
Nire esanak hemen ez du balio piper-hautsik;
Errespeturik ez, denak ari dira oihuka,
Honek zoroetxea dirudiela ezin uka.
Bigarrena, «ad sensum» itzuli beharra sekula baino gehiago bertsoan aritzerakoan. Dans toutes mes leçons j'y suis contrariée, «Nire esanak hemen ez du balio piper-hautsik» ipini nuen, originala apur bat bortxatuz, adierazkortasunaren eta errimaren izenean. Azken bertsoan etxe hark la cour du roi Pétaut dirudiela dio, gaztelaniazko «la casa de tócame Roque»ren zentzuan. «Zoroetxea» itzuli nuen, ez zitzaidan hoberik bururatu.
MME PERNELLE.
Vous êtes un sot en trois lettres, mon fils.
C'est moi qui vous le dis, qui suis votre grand'mère ;
Et j'ai prédit cent fois à mon fils, votre père,
Que vous preniez tout l'air d'un méchant garnement,
Et ne lui donneriez jamais que du tourment.
Eta hi, mutil, ergela haizela diat esaten,
Eta hau ez ziok edonork, hire amonak baizik;
Ohartua diat nire seme hire aita aurretik,
Izango hintzela beti arlote ganorabako,
Hirekin ez zuela praka berri asko egingo.
Askotan ezinezkoa da hitzei lotzea, eta gutxiago errimaren eta neurriaren morrontza badugu. Vous êtes un sot en trois lettres, «ergela haizela diat esaten» dago itzulita. Azkeneko bi bertsoak interesgarriak dira: «Izango hintzela arlote ganorabako» eman nuen, Que vous preniez tout l'air d'un méchant garnement-en ordainetan; eta semeak disgustuak besterik ez ziola emango adierazten den lekuan, «hirekin praka berririk ez zuela egingo», lokuzio nire ustez polita, nahiz eta beharbada apur bat bortxatua.
Hiketaren aukera ere hor dago amonaren ahotan. Hiketa bai ala ez, itzultzailearen ohiko beste dilema bat. Baietza erabakiagatik ere, gero ez da beti erraza izaten azkeneraino koherentziari eustea.
Interesgarria litzateke horrelako testu bateko kasuistika luze eta zabal aztertzea, itzulgaiak eta itzulpen posibleak begi aurrean izanik. Baina honetan utziko dugu oraingoz. Gauza jakina da bertsoan itzultzeak kontzentrazio handia eta denbora asko eskatzen duela, batzuetan orduak pasa daitezkeelako lerro pare bati irtenbidea bilatu ezinda. Baina ahaleginak merezi duelakoan nago. Emaitzak emaitza, ziurta dezaket Tartufo itzultzeak eman didan satisfazioa askoz ere handiagoa izan dela prosazko Zekenak eman didana baino.