CEATL erakundea gaur egun: Europara leihoa
Artikulua pdf formatuan
Erakundearen sorrera eta bilakaera
CEATL (Europako Literatur Itzultzaile Elkarteen Kontseilua) 1983an sortu zen, Europako hainbat herrialdetako 10 elkarte batu eta iritziak eta informazioa trukatzeko foro bat abiarazi zutenean. Egun 23 herrialdetako 26 kide ditu, gehienak Europar Batasunaren eremukoak, baina ez guztiak (Kroazia, Suitza, Norvegia...). Aurten lehen aldiz etorriko dira, urteko batzar nagusira, flandestarren eta turkiarren elkarteen ordezkariak. CEATL erakundeak literatur itzultzaile elkarteak biltzen ditu, elkarte horien hedadura zein den kontuan izan gabe, eta beraz, gehienak estatu mailako elkarte bakarrak diren arren, bestelako kasuak ere badira; hala nola, Belgika eta Italia. Espainiaren kasuan lau elkarte daude CEATL barruan: ACEtt (Sección Autónoma de Traductores de Libros de la Asociación Colegial de Escritores de España), ACEC (L'Associació Collegial d'Escriptors de Catalunya), AELC (L'Associació d'Escriptors en Llengua Catalana) eta EIZIE.
Gaur egun honakook osatzen dute CEATLen zuzendaritza batzordea:
- Lehendakaria: Ros Schwartz (Erresuma Batua)
- Lehendakariordea: Martin de Haan (Herbehereak)
- Idazkaria: Jacqueline Csuss (Irlanda)
- Diruzaina: Alena Lhotova (Txekiar Errepublika).
EIZIE 1993tik da CEATLeko kide, eta hauek izan dira ordezkari: Koldo Biguri, Arantzazu Royo, Manu Lopez Gaseni, eta ni neu. Koldo Bigurik honakoa idatzi zuen 1992ko Senez 13an argitaratu zuen artikulu batean:
Valentzian, 1992ko urriaren 19tik 22ra bitartean, Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluak (CEATL) egindako urteko batzarrean, EIZIEk bere eskaria aurkeztu zuen kontseiluko kide izateko, eta badirudi datorren urteko batzarrean gure hautagaitza onartua izango dela. CEATL erakundea 1990ean sortu zen, nahiz eta lehenagotik, 1986tik zehazkiago, nazioarteko elkarte bat sortzeko asmoa egon bazegoen, eta ez Hamabien Europara mugatua, Europa Handiko literatur itzultzaileen elkarte guztietara irekia baizik. CEATL delakoa literatur itzultzaileak Europako Komunitatearen eta Europako Kontseiluaren aurrean ordezkatzen dituen saila da, eta bere estatutuen arabera, honako hauek dira bere helburuak:
- Literatur eta giza zientzietako obren itzulpenaren kalitatea suspertzea.
- Literatur itzultzailearen estatus material, moral eta juridikoa babestea bazkide diren herrialde guztietan.
- Elkarte kide guztien arteko lankidetza ziurtatzea, informazio truke etengabea lortzeko.
- Europako Elkartearekin zuzenean tratatzea literatur itzulpenari eta itzultzaileei dagozkien gai eta erabaki guztiei buruz (batez ere, beka, dirulaguntza, sari, kontratu eta abarrei buruz).
2002an Batzar Nagusia Donostian egin zuten, urtero herrialde bat izaten baita antolatzaile eta ostatu emaile, eta bilkura hura aitzakia hartuta Senez aldizkariaren ale berezi bat argitaratu zuen EIZIEk (Senez 24).
Literatur itzultzaileen estatusa eta egoera
Literatur itzultzaileen eskubideei dagokionez, oinarrizko ideia hau da: itzultzailea autore ere bada. CEATLen web orrian bilduta ageri dira ideia horren oinarri juridikoak eta ondorio nagusiak:
- Bernako Hitzarmena Literatura eta Arte Lanen Babeserako (1886)
- Literatur lan itzulien Copyright bikoitza, idazlearena eta itzultzailearena
- UNESCOren Nairobiko Gomendioa (1976)
- Itzultzailearen eskubideak literatur lan itzulien aipuak egiten direnean (2001/29/EB Zuzentaraua)
Oinarri juridiko hauek hartuta, CEATLek hainbat herrialdetan itzultzaileek edo itzultzaile elkarteek aurrera eramandako auzien nondik norakoak biltzen ditu, edozein eskubide urraketa dela-eta, eta elkarte kide guztien artean zabaltzen du. Hartara, guztiak jakitun egonik, inoiz horrelako egoerarik sortzen bada beste herrialde edo eskualderen batean, elkarteak eta itzultzaile norbanakoak hobeto prestatuta egongo dira auziari aurre egiteko.
Bestalde, Koldo Bigurik aipatzen zituen helburu horiek lortu ahal izateko, elkarte kideen egoerari buruzko informazio ahalik eta zabalena izatea ezinbestekoa du CEATLek. Horregatik ekin zion, duela urte batzuk, inkesta baten bidez datuak biltzeari. Inkesta horren emaitzekin, 2008ko abenduan azterlan bat argitaratu zuen, Europako hainbat herrialdetako literatur itzultzaileen lan baldintzak alderatzen dituena. Azterlana, mota horretako lehena, esteka honetan dago eskuragarri: http://www.ceatl.eu/en/situation_survey_en.html
Bi hitzetan jartzeko, hauxe da ondorio nagusia: herrialde batetik bestera alde izugarria dagoen arren, Europako ezein herrialdetan literatur itzultzaileek ezin dute literatura itzuliz bizibidea atera, merkatuan nagusi diren baldintzetan.
Gehixeago garatuta, beste ondorio batzuk:
- Danimarka eta Finlandia dira gehien itzultzen duten herrialdeak, eta Erresuma Batua, Alemania, Austria eta Suitza, berriz, gutxien itzultzen dutenak.
- Zenbait herrialdetan itzultzaile elkarteek eta argitaletxeek gutxieneko tarifak eta baldintzak adostu dituzte, eta, horri esker, herrialde horietan literatur itzultzaileen diru-sarrerak altuxeagoak eta zertxobait egonkorragoak dira.
- Hedadura txikiagoko herrialde/eskualde/hizkuntzen kasuan, egile-eskubideek eta salmenten portzentajeek ez dute ia eraginik itzultzaileen diru-sarreretan.
- Literatur itzultzaileen diru-sarrerak batez besteko soldataren oso azpitik daude Europako herrialde guztietan. Oro har, zerbitzu eta industria sektoreetako langileen aldean gutxi irabazten dute, eta azpimarragarria da erosketa ahalmenari erreparatuta, 23 herrialdetatik 20tan literatur itzultzaileen erosketa ahalmena batez bestekoaren % 60tik behera dagoela. Egoera bereziki larria da herrialde hauetan: Txekiar Errepublika, Grezia, Eslovakia eta Italia.
The Linguist aldizkarian argitaratutako artikulu batean, CEATLen lehendakari Ros Schwartzek arazo hori bera islatzen du, datuak eta estatistikak baliatu ordez egoera pertsonalen testigantzak bilduta. Izenburua, oso esanguratsua: «Beldurrezko istorio egiazkoa: literatur itzultzaile aritzeak kalte handia egin diezaioke zure osasunari». Bertan honelako adierazpenak biltzen ditu, Europako literatur itzultzaile profesionalen ahotik:
Klety Sotiriadou, greziar elkarteko ordezkaria: «Urtean hiru liburu itzultzen ditut, batez bestean. García Marquezi Nobel saria eman ziotenean, egunean 14 orduz jardun behar izan nuen, haren nobela eta ipuin bildumak bi edo hiru urtean itzuli eta entregatu ahal izateko».
Holger Fock, alemaniar elkarteko ordezkaria: «Astean 70 ordu inguruz lan egiten dut. Urtean bi edo hiru asteko oporrak baino ez ditut hartzen. Sekula ez naiz gaixotzen, ez daukat denborarik horretarako. Noski, horrek kalte handia egiten dio nire familia bizitzari —seme-alabak sarritan kexatzen dira aitaren badago-baina-ez-dago horretaz—, eta baita osasunari ere —bizkarra, belauna, ukalondoa...—. Labur esanda, XIX. mendeko ehuleen modura jarduten dugu, langabezian egonda kobratuko genukeena baino pixka bat gehiago kobratzeko».
Euskal literatur itzultzaileei dagokienez, lehenik eta behin, informazio gabezia da azpimarratu beharrekoa. EIZIEk alor guztietako itzultzaileak hartzen ditu, eta ez dauka bide bereziturik literatura itzultzen duten bazkideen informazioa biltzeko. Bestetik, ez da erraza «literatur itzultzaile profesional» (alegia, soilik literatura itzultzen duena) eta «literatur itzultzaile aktibo» (beste jardunen bat izan arren, neurri handi batean literatura itzultzen duena) nor den ebaztea. Hasiera-hasieratik, beraz, EIZIEk emandako datuak estimazio hutsak izan dira. Bestetik, Literatura Unibertsala bildumari edo Jokin Zaitegi sariketari dagokienez, adibidez, datuak eskuragarri zeuden, baina argitaletxeek beren kasa enkargatzen dituzten itzulpenen baldintzei buruzkoak ez. Hor ere, estimaziora jo behar izan zuen EIZIEk. Bestalde, urtean euskaraz zenbat literatura (bide batez, zer da literatura, eta zer ez?) argitaratzen den, eta kopuru horretatik itzulpena zenbat den, hori ere ez da erraz eskura daitekeen informazioa. Lehen ondorioa, beraz, hauxe: benetako egoera zein den jakin ahal izateko informazio bide sistematizatuen gabezia.
Urtean argitaratzen diren liburu kopuruari erreparatuta, zenbakiak txikiak dira, baina itzulpenen portzentajeari erreparatuta, erdi parean dago Euskal Herria, Lituania eta Esloveniaren artean. Fikzioari dagokionez, adibidez, Espainiako portzentajetik hurbil dago. Bestalde, Euskal Herrian ez dago argitaletxeekin gutxieneko tarifa edo baldintzei buruzko akordiorik, ezta hemengo egoerari egokitutako kontratu eredu edo estandarrik ere. Egile-eskubideek eta salmenten portzentajeek eragin txikia dute literatur itzultzaileen diru-sarreretan. Literatur itzultzaile profesional jo daitezkeenak gutxi dira gurean, eta aktiboak ere, asko ez. Azpimarratzekoa da Literatura Unibertsala bilduma, ZIO bilduma, Jokin Zaitegi sariketa eta antzeko ekimenek nabarmen hobetzen dituztela literatur itzultzaileen diru-sarrerak eta lan baldintzak. Hala eta guztiz ere, eta EIZIEk emandako datuak estimazio hutsak direla kontuan izanagatik, emaitzek argi adierazten dute euskal literatur itzultzaile profesional eta aktiboen egoera oso eskasa dela, diru-sarrerei eta erosketa ahalmenari erreparatuz gero. Gainerako herrialde edo eskualdeetan bezalaxe, Euskal Herrian ere ezinezkoa da literatura itzuliz bizibidea ateratzea.
1976an UNESCOk Nairobiko Gomendioa onartu zuen, Itzultzaileen eta Itzulpenen Legezko Babesari eta Itzultzaileen Estatusa Hobetzeko Bide Praktikoei buruzkoa. Bertan ezarritako helburuak errealitate bihurtzetik zinez urrun daude egun, Europa osoan. CEATLek egoera hobetze bidean eramateko zenbait gomendio egin ditu; besteak beste: lanaren esplotazioan portzentaje duina ematea itzultzaileari, kontratu legean bidezko ordainsariak zehaztea, bizitzaren kostua aintzat hartuta tarifa egokiak, itzulpen lanetarako diru-laguntza sistema hobeak, gizarte segurantza aldetik neurri egokituak, eta pizgarri fiskalak. Ez dute ahazten, orobat, itzultzailearen estatusa profesional diren aldetik duten ikusgaitasuna areagotzearekin batera hobetuko dela, eta alde horretatik ere hainbat neurri proposatzen dituzte. Neurri horiek guztiak, ordea, tokiko egoera eta baldintza berezietara egokituak izan beharko dute, eraginkorrak izango badira.
Elkarrizketarako bidea Europar Batasunarekin
Bestalde, nahiz elkarte kide guztiak ez diren Europar Batasunaren eremukoak, CEATLek ahalegin handiak egin izan ditu beti erakunde horren arreta bereganatzeko. Egun identifikatu ditu elkarrizketarako solaskideak, eta iradokizunak eta ekarpenak prestatzen ari da, 2014an abiatuko den Kultura programa berrian gauzatu ditzaten.
Pasa den apirilean, berriz, Europako Batzordeak literatur itzulpena ardatz hartuta bilkura bat antolatu zen Bruselan, «Literatur Itzulpena eta Kultura» izenburupean. Helburua, literatur itzulpenak Europako integrazioan eta kultura arteko elkarrizketan duen garrantzia agerian uztea. Hasierako aurkezpena Barroso presidenteak berak egin zuen, eta ondoren Leonard Orban komisarioak eleaniztasun politikari buruz hitzaldia egin zuen. Parte-hartzaile eta gonbidatuen artean idazleak, itzultzaileak, irakasleak eta kulturaren munduko hainbat ordezkari izan ziren. CEATL bera ere gonbidatuen artean zegoen, azterlanaren emaitzak gai-zerrendan sartuta baitzeuden.
Bilera horretan, Leonard Orban komisarioak entzundako ideia eta proposamen berritzaileak aztertzeko konpromisoa hartu zuen. Itzultzaileen egoerari zegokionez, subsidiariotasunaren printzipioak «itzultzailearen europar estatusa» edo antzekorik sortzeko, edo legeak harmonizatu eta gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko neurririk hartzea ezinezkoa zela argitu zuen, EBtik. Hala ere, elkarrizketa politikoa eta jardunbide egokiak bultzatzeko aukerak aipatu zituen, literatur itzulpenean finantza bide gisa balia daitezkeen zenbait programarekin batera. Bestalde, Younis Tawfik irakiar idazleak proposatutako ideia, Toledoko Itzultzaile Eskola biziberritu eta «literatur itzulpengintzaren europar behatokia» izango litzatekeen zerbait sortzea oso begi onez ikusi zuen. Azkenik, prestakuntzaren garrantzia azpimarratu zuen, baita ingelesetiko itzulpenen nagusitasunaren aurka hedadura urriagoko hizkuntzetatik itzultzearen garrantzia eta beharra ere.
Amaitzeko
2009ko Batzar Nagusia Oslon egingo da, ekainaren erdialdean, eta EIZIE han izango da. Besteak beste, honako gaiak dira aurtengo bilkuraren gai-zerrendan denbora gehien hartuko dutenak: zuzendaritza berritzea, Europar Batasunarekin elkarrizketa, jardunbide egokiak literatur itzulpengintzan, itzultzaileentzako europar funtsa, literatur lanen esplotazio digitala eta itzultzailearen egile eskubideak.
Bilkurak zer ematen duen, izango duzue EIZIEren berri, Europarako leiho honetatik.
Informazio iturriak
-Biguri, Koldo. «EIZIE Europako literatur itzultzaileen elkarteen kontseiluan onartua izango da» (1992), Senez 13.
-Egia, Gotzon. Aurkezpena, (2002, ale berezia), Senez 24.
-Schwartz, Ros. «True Horror Story», The Linguist (2009), Vol 48, Nr 3, June/July, pp. 10-11.
-CEATLen azterlana Europako literatur itzultzaileen egoerari buruz.