Garai berriak, ohitura zaharrak. Zer egin? Nola hasi itzulpengintzan?
Lurdes Auzmendi

Lan munduan sartzea beti da zaila lehen aldiz pausu hori ematen duenarentzat, baita lana aurkitzen duen kasuan ere. Ez dakit garai berriak diren bizi ditugunak, baina gauza berriekin lan egitea egokitzen zaigula bai, eta sarritan lagungarri diren gauza horiek geure kontra ere etortzen zaizkigu. Horregatik, itzultzaile edo interprete lanetan hastera doazenengan pentsatuta, ibilbide bera egindako baten zenbait ohar doaz hurrengo lerroetan, lana egiteko modu berrien onurak frogatu arte eskola zaharrean hezitakoon ikuspegia lagungarri izango zaielakoan.

Itzulpen edo interpretazio lanetan aritzen garenok ez genuen, noski, abiapuntu berdina izan, baina urteetan zehar ikasitakoa eta irakasle lanaren bidez ikasleek izaten dituzten kezkak eta ardurak kontuan izanda idazten ditut ondorengo lerro hauek.

Gure parean, gaur lanbide honetan sartzen direnek badute abantaila handi bat: prestakuntza jasota datozela lan mundura. Beraz, unibertsitatean ikasketak egiten dauden denboran ekin behar diote gero etorriko zaienerako prestaketari.

Unibertsitatean

Unibertsitatean pasatzen den denbora ikasteko da, noski, baina ez da gainditu beharreko ikasgaiak ikasteko bakarrik aprobetxatu behar, bai baitira etorkizunean ikasgai horiei bezain probetxu handia edo handiagoa atera ahalko zaizkien ikasgaiak. Adibidez, taldean lan egiten ikastea, besteekiko errespetua eta elkartasuna praktikatzea eta ikaskideen artean sareak eratzea.

Itzultzailearen lana bakarkako lana dela esan ohi zen garai batean, eta badira, noski, bakarka aritzen direnak edo norberak egin beharreko lanak, baina askotan izango dugu besteekin aritu beharra, lana antolatzen, besteek egindakoa zuzentzen edo gainbegiratzen, eta abar.

Bestalde, ikastetxetik kanpoko praktikak egiteko aukerak ere aprobetxatu behar dira. Batzuetan, praktika horiek norberak bakarka egingo ditu (enpresaren batean edo erakunderen batentzat itzulpenak egiten, adibidez), baina beste itzultzaile edo langile batzuekin lanean aritzeko aukera eskaintzen duen tokiren batean egitea ere komeni da, eta aukerak izaten dituzte ikasleek praktiken bidez. Praktikaldiak oso garrantzitsuak dira lanbidearekin lehen harremanak izateko, sarea egiten hasteko edo jarraitzeko, eta zergatik ez, aitabitxiak edo amabitxiak bilatzeko.

Unibertsitatean ikasi beharko litzateke, baita ere, eta hori ere ikasgai ofizialetatik kanpo, curriculuma idazten. Horretarako, irakasleen harrera-orduak erabil daitezke, adibidez; eta, bestalde, gogoan izan, curriculumean, egindako ikasketa, ikastaro eta praktiken berri emateaz gain, zuzenean ikasitakoarekin zerikusirik ez duten beste zenbait kontu ere sartzea, izan ere, lanerako edo ikasketa osagarriak egiteko orduan baloratzen diren gauzen artean bizitzako beste hainbat alderdi ere kontuan hartzen baitira (boluntario lanak, monitore eginkizunak, eta abar).

Edizio lanak nola egin behar diren, unibertsitatean gutxitxo ikasten da, edo ia batere ez: aprobetxatu praktikak; landu, ahal bada, kanpoan antolatzen diren ikastaroak (EIZIEk antolatzen dituenak, besteak beste), gaur egun itzultzaile baten lanean hain garrantzitsua den alor horretan trebatzeko.

Lan bila hasi

Ikasketak amaituta, askok ikasten jarraitzea erabakitzen dute. Hori aukeratzen dutenek atzeratu egiten dute urte bat edo gehiagoz lan mundurako sarrera; itzulpen edo interpretazio lanetan hastea erabakitzen dutenek aukera desberdinak dauzkate:

a) Itzulpen enpresa edo agentzietara jotzea lan eske.

Lehenago aipatu dugun curriculum hori txukun prestatu eta itzulpen enpresei bidaliko zaie lehenik. Noski, enpresa horietan hainbat eta hainbat curriculum jasotzen dituztela kontuan izanda, interes berezia baduzu, deitu eta elkarrizketa bat eskatzea da onena. Dagokionak, orduan, curriculuma aztertuko du eta, horren arabera, eskatutako elkarrizketarako dei diezaioke interesatuari.

Elkarrizketa ere prestatu egin behar da, eta norberaren merituen berri ematez gain, nahiak, ilusioak eta abar ere adierazi behar dira, horrek guztiak hobeto erakutsiko diolako lan-emaileari hautagaiaren balioa.

Enpresan bertan lanean hasten bada bat, gauzak emanak datozkio, alegia, ez du arduratu beharko lanerako tresneriaz eta abarrez.

b) Enpresa batentzat edo bere kontura baina etxetik lana egingo den kasuan.

Itzultzaileak alderdi asko hartu beharko ditu kontuan lanean hasi aurretik. Hasteko, lanerako tresneria osoa eskuratu edo prestatu beharko du: ordenagailua, interneterako lotura azkarra, hiztegi, entziklopedia, eta gainerako kontsulta-materialak, paperean edo online direla, itzulpen-memoria programak (badira autonomoentzat eskaintzak).

Ondoren kontu fiskalez arduratu beharko du, eta horretarako aholkularitza bilatzea da egin behar duen lehenengo gauza. Aholkularitza hori EIZIEren bidez aurki dezake, elkartean sartzen bada; norberaren herriko edo hiriko udaletxera ere jo dezake, eta bertan emango diote aholku, edo non eska dezakeen adieraziko diote. Eta kontuan izan badirela laguntzak enpresa txikiak sortzeko ere.

Jarduera Ekonomikoen Zergan alta hartu ondoren (hau Euskal Autonomia Erkidegoan doan da, baina Nafarroan, adibidez, ordaindu egin behar izaten da), eta Gizarte-Segurantzan ere alta hartu ondoren lanari ekitea baino ez zaio geratzen.

Fakturekin adi, BEZ eta PFEZ zergak behar bezala aplikatu behar direlako, eta hiru hileroko aitorpena egitea ez ahaztu, Ogasuna olagarroa bezalakoa baita: beso asko eta luzeduna.

Aurrekontuak egiten ere ikasi behar izaten da (hitzeko, lerroko edo orriko kobratuko den, zenbat, hitz errepikatuak kontuan hartuko diren), eta ematen den hitza betetzea ez ahaztu, epe kontuetan bezala, bezeroak galtzeko bide segurua baita bi puntu horietan huts egitea.

Zuzenketen garrantzia: itzulpen lanak ez eman amaitutzat beste norbaitek ikusi eta zuzendu arte. Hasten garenean zalantza asko izaten ditugu, eta gehiegi trebatu gabe egoten garenez, akatsak ere askoz gehiago egin ditzakegu. Hemen ere funtzionatu behar du lankide edo ikaskideen sareak, alegia, elkarri pasatzeko egiten diren lanak, elkarri zuzentzeko. Eta horretarako apala izaten ere ikasi behar da, zuzenduak izaten, kritikak onartzen.

c) Interpretazioa

Interpretazioaren alorrak aukera gutxi ematen ditu euskararekin, lan gutxi dagoelako. Edozein kasutan, lanbide honetan trebatzen jarraitu nahi duenak, lanean jarduten direnen laguntza bilatu behar du, eta lanean aritzen direnen batzuen berri izango du irakasleen bidez.

d) Administrazioa

Azkenik, oposaketen aukera dago. Azken urte hauetan oso lanpostu gutxi eskaini dituzte, eta datozen urteetan antzera izango da. Lehendik dauden lanpostuak hutsik geratu ahala bakarrik ateratzen dira postuak lehiaketara. Nolanahi, sarriagotan deitzen dira lan poltsak, alegia, ordezkapenetarako zerrendak osatzeko izaten dira poltsa horiek eta bertan sartzeko ere oposaketa antzeko azterketak egin behar izaten dira. Azterketetarako deialdietan zerrendatzen dituzten gaiak prestatzea eta tokatzen diren azterketak gainditzea besterik ez da geratzen.

e) Literatur itzulpena

Literatur itzulpena da bereiz daitekeen beste alor bat. Itzulpen mota hau gogoko duenak bi aukera ditu:

• Literatura Unibertsala bildumarako lehiaketa, EIZIEk Jaurlaritzako Kultura Sailarekin batera kudeatzen duena, edo Jokin Zaitegi lehiaketa, Elkar argitaletxeak antolatzen duena.
• Norberaren iniziatibaz gustuko libururen bat itzuli eta argitaratu nahi izanez gero, argitaletxeetara bidal daiteke lagin bat, informazio osagarriarekin batera (liburuaren hautua justifikatuz, adibidez, edo goiburuari buruzko prentsa ebakinak bidaliz, ezaguna ez dela irudituz gero).

Azken batean, ez da komeni inondik ere geure txokoan bakarrik geratzea, inkomunikazioa ez delako bizi ditugun garaietan justifikagarria, ez eta onuragarria ere. Itzultzaileen artean zer mugitzen den ikusi nahi duenak, beraz, baditu tokiak, eta ateak jo besterik ez dauka:

1. EIZIE elkartearen albistegian harpidetza egin, doan, eta kito.
2. Zuzenean EIZIE elkartean bazkide egin, horrela Intranetez baliatu ahalko zara albisteen eta lan poltsen berri izateko.
3. Itzul posta-zerrenda ere izango duzu, era guztietako kontsultak egiteko, eta besteen lanaren berri izateko (bada eguneroko mezu-andana mezu bakar batean jasotzeko aukera)
4. Beste elkarte edota taldeen webgune zein blogetatik paseatu, helburu berarekin. Itzulpen aldizkariak irakurtzea ere interesgarria da.
5. Prestakuntza jarraituari begira, itzulpengintzaren inguruan antolatzen diren ikastaro zein jardunaldietan parte hartzea ere komeni da, lanbide berean ari diren bertako nahiz kanpokoekin egoteko, kezka eta interesak konpartitzeko; haiengandik ikasi eta geure ekarpenak besteei egiteko.