Softwarea lokalizatzea
Artkulua PDFn.
Sarrera
Orain baino lehen ere egin du gizarteak aurrera jakintzaren arlo askotan; esate baterako, Medikuntzan, Astronomian eta Zuzenbidean. Izate edo errealitate berriak aurkitu ahala, ordea, kontzeptu berri horiek ondoko herri edo gizarteei jakinarazteko beharra sortuko zitzaien, seguru asko. Hizkuntza eta tradizio desberdinak zituzten kulturen arteko komunikazio hori gauzatu ahal izateko, hizkuntz bitartekariak erabiliko zituzten, ziurrenik; eta, bitartekari haiek, berriz, ezagupen eta jakintza batzuk bildu beharko zituzten, jakintzagai berezitu batzuetan izaten ziren aurkikuntzak eta berritasunak beste kultura batzuei pasatuko bazizkieten.
Oraindik ere oso inportantea da itzultzailearen eta interpretearen lana. Funtsezko papera jokatzen du errealitate desberdinen arteko zubigintzan. Gaurko gizartean, telekomunikazioetako teknologia berriak ditugu nagusi. Hala, ustez eguneroko bizimodua eta lana samurtzen duten programa informatikoak eta web orriak ez eze, ordenagailuaren bitartez transmititzeko moduko informazio guztia itzuli behar izaten da. Globalizazioaren eta informazioaren teknologiak esaten zaien horiek finkatzearen ondorioz, nozio berri bat dugu: lokalizazioa.
Espainiako Hizkuntz Akademiak "finkatzea, muga jakin batzuen barruan sartzea, gauza edo pertsonaren bat non den jakitea, pertsona edo gauzaren bat non kokatu behar den zehaztea edo adieraztea" definitzen du lokalizatu. Baina, gaur egun beste adiera bat du: produktu bat egokitzea, produktu hori salduko den merkatura. Produktua pakete informatiko bat edo web orri bat izaten da, bere interfaze grafikoarekin, dokumentazioarekin eta ekartzen duen laguntzarekin, eta baita aginduak emandakoan atera daitezkeen akats mezuak ere.
Softwarea edo web orriak lokalizatu edo egokitzea[1] itzulpen berezituaren aldaeratzat jotzen da gaur egun, gaitasun zehatz batzuk izatea eskatzen duena, baldin eta jatorrizkoaren aldean beste ohitura eta berezitasun batzuk dituen herri eta kulturetara doituko badira pakete informatiko edo webgune horiek. Lokalizazioan berezitutako itzultzaileak, bere lana ondo egingo badu, plataforma, erreminta eta programa informatiko batzuk erabili behar ditu, eta ohituta egon behar du, halaber, zenbait programazio hizkuntzarekin ere.
Softwarea lokalizatzea
1. Zedarritu dezagun zer den softwarea lokalizatzea delako kontzeptua.
Gaur egun, eduki berezitu batzuk hizkuntz sistema batetik bestera aldatzeak toki nabarmena hartzen du itzulpengintzan. Orain egiten den inbertsioarekin eta nazioarteko merkataritza mailarekin, etengabea da herrialdeen arteko ezagupen trukaketa. Eta, hala, produktu berriak merkatuan sartzeko, itzultzaileak behar ditu sistemak, zeren, dena delako salgaiaren bikaintasun eta abantaila guztiak kontsumitzaileari adierazi ezean, ez baitago ezer ere saltzerik.
Gaur dugun gizarte globalizatu honetan, ba al da nahikoa toki aniztasunarentzat? Ala, beste aldera da? Alegia, kendu egin behar al dira munduko kulturak desberdin egiten dituzten tasun eta ezaugarri horiek denak? Pentsamendu bakarra ezarriz gero, irabazi handiagoak aterako lirateke, ustez, herriak bereizten dituzten hizkuntz mugak kenduko balira. Baina, akaso, munduko ekonomian agintzen dutenak konturatuta egongo dira kultura desberdinak izatea aitzakia ederra dela mozkin ikaragarriak lortzeko, guzti-guztia egokitu behar baita zenbait merkatutara.
Alde horretatik, Martinek (2002: 295) zera dio: "'lokalizazioa' marketingeko kontzeptu bat da, produktu bat merkatu jakin batera egokitzea esanahi duena". Eta termino hori ingeleseko locale substantibotik dator. Deitschek eta Czarneckik (2001: 12) zera diote: "a locale embraces a specific language in combination with a given cultural, geographical, and political region". Era berean, Masek (2002: A.G.) honela deskribatzen du izen hori: "el conjunt de paràmetres i convencions que s'utilitzen a una zona geogràfica o cultural determinada".
Definizio horiek aintzakotzat hartu eta itzulpenaren alorrera ekarriz gero, lokalizatzea produktu bat gizarte baten hizkuntz eta kultura konbentzioetara jartzea da. Esselinkek (2000:1) adierazten du lokalizatzea hauxe dela: "is the translation and adaptation of a software or web product". Era berean, Garciarentzat (2000: 13), "produktu informatiko bat lokalizatzea produktu hori garatu duen merkatutik banatu behar den merkatura egokitzea da, produktua sortu zen tokiko erabiltzaileek erabiltzen ez duten hizkuntza bat erabiltzen baitute produktua banatu behar den tokikoek".
Gaztelaniazko terminoa, hau da, localización hori egokia den edo ez den, bi jarrera daude, elkarren kontrakoak. Alde batean, eginkizun horri izendapen berriren bat ematearen aldekoak daude —Adaptación al entorno local edo naturalización, proposatzen dituzte horiek—, eta, beste aldean, lokalizazioa beste itzulpen barietate bat dela aitortu eta, beraz, beste etiketarik ez duela behar defendatzen dutenak daude. Pagansek (2002: A.G.) adibide bat erabiltzen du bi iritzi desberdin horien berri emateko: "la discussió sorgeix entre els qui consideren que es tracta d'un concepte nou i que, per tant, exigeixen una denominació nova i els qui, per contra, argumenten que tot procés de traducció sempre implica una part d'adaptació i [...] que per tant només es tracta d'una modalitat de traducció".
Lehen ere esan dugu 'finkatzea, muga jakin batzuen barruan sartzea, gauza edo pertsonaren bat non den jakitea, pertsona edo gauzaren bat non kokatu behar den zehaztea edo adieraztea' esanahi duela lokalizatuk. Ohartarazi nahi nuke, ordea, Merrian Webster hiztegiaren arabera to make local aditz lokuzioak duen adiera jaso gabe dagoela oraindik ere gaztelaniazko localizar aditzaren adieran. Edozein moduz ere, hitz baten esanahia hiztegi batean ez azaltzeak ez du esanahi hitz hori ez denik; izan ere, eskuarki, gizarteak azkarrago egiten baitu aurrera hizkuntz akademiak baino, dena delako hizkuntzan diren hitzen esanahi eta erabilera zuzenak finkatzeko eginkizuna duen hizkuntz akademiak baino.
Beraz, localizar terminoa oraindik Real Academia de la Lengua Españolaren hiztegian esaten ari garen zentzuan jaso gabe izateak, hau da, 'produktu batzuk merkatu batzuetara egokitzea, produktuak kultura eta hizkuntza aldetik egokituta daudelako merkaturatzeko modukoetara' zentzuan, ez luke arazo izan behar. Terminologian eta itzulpen espezializatuan askotan egiten dira esanahi hedapenak kontzeptu eta termino berriak sortzeko. Hainbat espezialitatetan aurkitzen dituzten errealitate berriak izen berriekin izendatu beharrean, normala izaten da lehen diren beste hitz batzuk erabiltzea izate edo entitate horiek izendatzeko.
Terminoen definizioa
Lokalizazio kontuetan garrantzitsua da sei nozio hauen arteko xehetasunak bereiztea: nazioartekotzea, gaikuntza, lokalizazioa, globalizazioa, itzulpena eta, azkenik, software[2] ingeniaritza. Softwarea lokalizatzea espezialitate berri samarra denez, gai honekin ohitu gabeko pertsonek nolanahi erabiltzen dituzte izen horiek. Ematen du kontzeptu horietako batzuk nahasteko joera dagoela, eta, askotan, berdintzat ematen dira lokalizazio lanak, itzulpenarenak eta nazioartekotzearenak.
LISA (Localisation Industry Standards Association) suitzar erakundeak honela definitzen du nazioartekotzea: "the process of generalizing a product so that it can handle multiple languages and cultural conventions without the need for re-design". Normalean, lokalizazioa, gaikuntza edo itzulpena egiten hasi baino lehen, nazioartekotu egiten da produktua, produktua sortu duen komunitatearen ezaugarriak kenduz gero errazagoa izaten delako, ustez behintzat, beste merkatu batera egokitzea.
Hala, pakete informatiko bat nazioartekotu nahi izaten denean, kultura edo hizkuntz sistema jakin batekin lotuko luketen bereizgarri guztiak neutralizatu edo berdintzea besterik ez da nahi izaten. Horrela, Bermudezek (2002: 316) dioen bezala "instead of having a separate version of the code for each locale, one version exists that is reusable for each locale". DePalmak, berriz, (2004: 11-12) esaten du nazioartekotze lanak programa edo web gune jakin bat "the alphabet of a target market" edo "the instructions, error messages, currency, and measurements can be expressed differently for local markets" horiekin bateragarri egiteko ematen direla.
Orduan, zertarako nazioartekotzen da pakete informatikoa edo web orria? Horren erantzuna jakiteko, dena delako softwarea edo webgunea sortu duen enpresari herrialde jakin batean egindako programari herrialde hartako bereizgarriak neutralizatzeak konturik dakarkion edo ez begiratu behar da. Edozein moduz ere, atera daitekeen diru irabazia goiti-beheiti, Esselinkek dio (2000: 25) batez ere bi arrazoigatik nazioartekotzen direla produktuak: "ensure that a product is functional and accepted" eta "to ensure that a product is localizable".
Horrekin esan nahi dena da, nolabait, produktu informatikoa nazioartekotuz gero, maximizatu egiten dela haren erabilgarritasuna, bateragarri izango delako hizkuntza bateko baino gehiagotako konbentzioarekin, eta, beraz, herrialde batean baino gehiagotan erabiltzeko modua izango delako batera. Nazioartekotzea ez eze, gaikuntza edo gaitzea ere egiten da, dena delako programa merkatu jakin bateko eskakizunetara egokitzeko. Horren adibide gisa, Esselinkek (2000: 26) zera aipatzen du: "a software product can be 'double-byte enabled' to process and display text in Asian languages".
Aurreneko prestaketa lan horiek biak egindakoan, hau da, nazioartekotzea eta gaitzea egindakoan, aplikazioa lokalizatzen hasteko moduan izaten da. Deitschek eta Czarneckik ere (2001: 9) etapa sekuentzia hori bera aipatzen dute, eta zera azpimarratzen dute: "once a piece of software has been internationalized —either because it has been designed and implemented that way from the beginning or because it has been reengineered— it needs to be adapted or localized for a specific market". LISA erakundearentzat hauxe da lokalizatzea: "involves taking a product and making it linguistically and culturally appropriate to the target locale (country/region and language) where it will be used and sold".
DePalmak (2004: 11) gehiago zehazten du, eta harentzat lokalizatzea da: "describes a more ambitious task that tailors translated words and transactions to local needs". Beraz, lehen emandako azalpenen arabera, nazioartekotzea aditzaren esanahia 'neutralizatzea'ren sinonimotzat jo daiteke. Eta, beste aldera: lokalizatzeak 'nabarmentzea' edo 'markatzea' esan nahi du. Hala dio Arevalillok (2000: 117), alegia, nazioartekotzeak lokalizatzearen kontrakoa esan nahi duela.
Esselinkek, ordea, (2000: 3) termino horrek beste adiera bat ere baduela esaten du, zeren "some publishers consider localization as an integral part of the development process of a product". Hortaz, metonimia bat erabiliz gero, batzuetan ez dira nazioartekotzea eta lokalizatzea bereizten, eta bi kontzeptuak izen batekin nahasten dira.
Egokien-egokiena aurrena pakete informatikoa nazioartekotu eta gero lokalizatzea izaten den arren, nazioartekotu gabe ere lokalizatu daiteke. Askotan, itzulpena hizkuntza pareen artean eginez gero, hala egin daitekeela jotzen da, hau da, nazioartekotu gabe ere lokalizatu daitekeela. Uren, Howard eta Perinotti, ordea, (1993: 5) ez datoz bat: "would be inefficient because each localization would have to start from scratch, whereas internationalization would enable the software so that each localization becomes little more than a translating task".
Lokalizatzearekin askotan nahasten den beste hitz bat globalizazioa da. Horixe da nahasmenik handiena ekar dezakeen izenetako bat, nazioartekotzeak esan nahi duen gauza bera esan nahi duela pentsatzen da eta. Aditu askok jotzen du, ordea, globalizatzeak produktu bat nazioartekotzea eta lokalizatzea esanahi duela. Ideia horri indar handiagoa emateko, LISAren definizioa hartzen da adibidetzat; izan ere, erakunde horrentzat, globalizatzeak "involves integrating localization throughout a company, after proper internationalization and product design, as well as marketing, sales, and support in the world market".
Esselinkek (2000: 4) globalizazioaren inguruan bildu dituen adiera guztietatik, artikulu hau egiteko gehien interesatzen zaidana hirugarren adiera da, honela zehazten baitu adiera horrek fenomeno hau: "the process of creating local or localized versions of web sites". Cortek ere (2002: A.G.) iritzi bera du, globalizazioak "nazioartekotze eta lokalizatze prozesuak konbinatzen ditu" esaten du, eta, gaineratzen du itzulpenari lotutako nozioa baino gehiago, "marketingaren saileko kontzeptua" dela globalizazioa.
Itzulpena, Esselinken arabera (2000: 4), zera da: "the process of converting written text or spoken words to another language. It requires that the full meaning of the source material be accurately rendered into the target language, with special attention paid to cultural nuance and style". Azkenik, ez dugu ahaztu behar software ingeniaritza dela lokalizazio proiektu baten zutaberik inportanteenetako bat. Termino hori azkena aipatzeak ez du esan nahi lokalizazio proiektuan garrantzirik ez duenik. Ingeniaritza lanak zuzen-zuzenean itzultzaileek ez dituztelako egiten aipatu dut azkena termino hori. Horixe da arrazoia. Esselinken (2002: A.G.) arabera, "localization engineering consists of all the work that translators cannot do, as well as all the original product developers cannot do".
Software ingeniariei eskuarki dagokien eginkizuna itzultzaileen lana samurtzea da; izan ere, zein artxibo lokalizatu behar diren zehazten baitute ingeniariek. Eginkizun horrek, langai diren hizkuntzak eta kulturak oso ondo ezagutzea ez eze, lokalizazio proiektuetan gehien erabiltzen diren erreminta eta aplikazio informatikoekin ere ondo moldatzea eskatzen du. Laburbilduz, Esselinkek (2002: A.G.) zehazten du software ingeniaritzaren oinarri nagusia hau dela: "taking the development environment of a product, taking it apart, and putting it together again after all the text has been translated".
2. Lokalizaio industriaren lehena, oraina eta geroa
Askotan esaten da bizitza honetan ezer ere ez dela halabeharrez gertatzen, dena izaten dela zerbaitegatik, eta gauzak ez direla hutsetik sortzen, halabeharraren eraginez. Bada, hori bera esan daiteke softwarearen lokalizazioaz ere; izan ere, beharrak eraginda hasi baitzen lokalizazio industria garatzen, mila bederatziehun eta laurogeietik aurrerako hamarraldiaren hasieran. Orduko software fabrikatzaile askok ikusi zuen irabaziak ateratzeko modu bakarra bere produktuak merkatu lokal batzuetara egokitzea zela. Joera hori hala izan da gaur arte, eta ematen du aurrera ere hala segituko duela, oraindik ere irabaziak ematen dizkie-eta konpainiei.
Aurreikuspen gisa, Lynchek, Slavitzek eta Vialardek zera argudiatzen dute:
The greatest growth in Internet use during the next few years is expected to occur in the European and Asian-Pacific market. North America, which currently represents 43 percent of the online population, will account for just 30 percent of that population by 2005 [...]. A third of online users will be in Europe and a quarter in Asia. Internet use in Latin America is also increasing, with approximately 10 million Latin Americans online today, a number that's expected to jump to 65 million in the next five years. (Lynch, Slavitz eta Vialard 2000: 467)
Lokalizazio industriak batez ere Irlandan jarri ziren mila bederatziehun eta laurogeita hamarreko hamarraldian, hango gobernuak Irlandan jarri nahi zuten industriei zerga aldetik eman zizkien laguntzei esker. Esselinkek dioenez (2000: 7), software lokalizazioan aritzen ziren enpresak Irlandan jartzeko arrazoia izan zen gobernua "was providing what they called turnkey factories, where a large multinational was offered a certain amount of subsidy per employee, plus facilities and grants, and a corporate tax rate of 10%". Dena dela, Irlandatik kanpora ere jarri dira lokalizazioan espezializatutako elkarte eta erakundeak.
Informazioaren teknologia berriak lanerako tresna ezinbesteko bihurtu diren merkatuetan jarri dira, batez ere, lokalizazio proiektuak. Alde horretatik, Esselinkek (1998: 6) zera adierazten du: "the largest markets for localized products have been France, Germany, and Japan. Medium-sized markets are Italy, Spain, Sweden, Norway, and the Netherlands". Ez da harritzekoa, beraz, frantsesa, italiera, alemana, espainiera eta japoniera izatea lokalizatutako produktu gehien dituzten xede hizkuntzak, zeren hizkuntza horiek egiten diren herrialdeetan geroz eta kontsumitzaile gehiagok baitu teknologia berrietarako sarbide handiagoa, edozein arlotan ere, eta bere ama-hizkuntzan izan nahi du sarbide hori.
Esselinkek (1998: 6) berretsi egiten du tesi hori, eta zerari eusten dio: "software developers often want their products localized into FIGS (French, Italian, German, Spanish) and Japanese first". Hala ere, norvegierak, danierak, suedierak, portugalerak eta nederlanderak ere inportantzia handia dute lokalizazioaren munduan, lokalizatutako produktua geroz eta gehiago eskatzen baita globalizatutako herrialdeetan. Sektore honen oinarrizko alderdiak ikusi eta gero, lokalizazio proiektua nola garatzen den eta zein jendek parte hartzen duen ikusiko dugu orain.
3. Lokalizazio proiektuaren garapena
Produkturen bat sortu duenaren hizkuntza eta kultura ez duen beste herrialde batean merkaturatu nahi duela eta produktu hori lokalizatu behar duenak hornitzaile eleaniztunen batengana jotzen du, hau da, langile asko, klase askotako baliabideak eta erremintak eta are antolaketa gaitasun hobea izateagatik hainbat hizkuntza erabiltzeko eta, beraz, itzulpen proiektu handiak egiteko gauza den lokalizazio enpresa batengana jotzen du.
Era berean, lan maila ohikoa baino askoz handiagoa badute, hornitzaile eleaniztun horiek itzulpen enpresa txikiago batzuengana jotzen dute, hornitzaile elebakarrengana, alegia, hizkuntza bakar batetara itzultzen duten enpresengana. Zenbaitetan, berriz, gerta daiteke hornitzaile eleaniztunek eta elebakarrek itzultzaile autonomo baten zerbitzua eskatzea, ahalik eta azkarren entregatu ahal izateko, hartara, eskatu dieten lana.
Lokalizazio enpresaren beraren jarduerari dagokionez, Parrak (2002: 208) zera dio: "lanik gehienak elkarren arten partitzen dituzte". Beste edozein sektoretako konpainiatan gertatzen den bezala, lan asko denean, langileen artean partitzen da lana arlo honetako enpresetan ere. Baina, zeinek lan egiten du lokalizazio proiektuetan eta zer eginkizun izaten du?
3.1 Lokalizazio proiektuan parte hartzen duten pertsonak
Esselinken arabera (2003: 74), lokalizazio proiektuan parte hartzen duten pertsonak dira "a combination of people with management, linguistic, and technical background". Aurrena, proiektuaren zuzendariak izaten dira (lokalizazio enpresen arduradunak, jeneralean). Gero, proiektuen gestio arduradunak izaten dira. Horiek, bezeroekin hitz egin, proiektuak lortu eta, Parrak (2002: 209) dioen bezala, beste eginkizun batzuk ere izan ditzakete: "proiektuak aztertu eta ebaluatzea, zenbait lan tekniko egitea (autoedizioa eta beste batzuk, esate baterako), antolaketa, plangintza, egutegiak prestatzea, lanak partitzea eta hornitzaileekin hitz egitea".
Hurrena, informazio teknologietako ingeniariak izaten dira, lokalizatzaileen lana samurtzen dutenak. Parrak (2002: 209) azaltzen duenez, espezialista horiek "materiala aztertu eta prestatu egiten dute, eta baliabide material guztiak gestionatu, erreminta berezituen ebaluazioaren eta diseinuarekin". Era berean, autore horrek berak dio (2002: 209) beste eginkizun tekniko batzuk ere ematen dizkietela, esate baterako sareak gestionatzea, autoedizioa, konpilazioa, elementuei neurri berriak ematea eta hutsegite funtzionalak harrapatzea.
Horrenbestez, pentsa dezakegu software ingeniariak teknologia berrien erabileran eskarmentu handia duten profesionalak izango direla. Dena dela, Esselinkek (2003: 75) zera aipatzen du: "localisation engineers do not need to be programmers or developers", zeren "knowledge of how software applications and online help files are compiled and tested is sufficient in most cases". Itzulpen zerbitzuen hornitzaileak zer tamaina duen, pertsona batek berak lan bat baino gehiago egingo du batera. Baina, zenbat eta gehiago jakin lokalizazio proiektuak garatzeko behar den erreminta informatiko mordo handiaz ingeniariek, orduan eta hobeto egingo da lana.
Lokalizazio proiektuan parte hartzen duen langile zerrenda horren ondoren, edukiak kultura batzuetatik beste batzuetara pasatu eta egokitzeko eginkizuna duten pertsonak ditugu: itzultzaileak, alegia. Enpresa batean bertan ere bi eratako itzultzaileak bereiz daitezke: eskarmentu urte asko duten itzultzaileak (terminologia edo itzulpen memoriak begiratu eta horien mantentze lanak egiten dituzte haiek), eta emandako materiala itzuli besterik egiten ez dutenak.
Esselinkek (2003: 76) aipatzen duen bezala, eskarmenturik handieneko itzultzaileek sortu eta eguneratu egiten dituzte "language style guides, managing terminology to ensure consistency, reviewing the work produced by the translators, and answering questions raised by the translators regarding linguistic issues". Horien segidan, itzultzaileak izaten dira, eta itzulpen lana egiten dute. Itzultzaileak, enpresaren plantillakoak edo autonomoak izan daitezke, lan jakin bat egiten dutenak zerbitzu hornitzaileren batentzat.
Eta, azkenik, kalitate kontrola egiten duten itzultzaileak eta autoedizio lanak egiten dituztenak izaten dira. Kalitatea kontrolatzen dutenek, itzulitako materiala errebisatzen dute, eta besteek, edukia editatu eta azken lana prestatzen dute, materiala berriz ere konpilatu baino lehen.
3.2. Software lokalizatzaileran soslaia
Lehen aipatu dugun eran, software-lokalizatzailea, lokalizazio enpresa batek kontratatzeko orduan, itzultzaile autonomoa edo soldatapeko itzultzailea izan daiteke, konpainiaren batek bere plantillan hartuta duena. Garciaren iritziz (2000: 20), "itzultzailerik gehienak itzultzaile autonomo independente aritzen dira (free-lance), itzulpen enpresa nazional eta/edo nazioarteko batentzat baino gehiagorentzat". Lan baldintzen arabera, badira alde batzuk itzultzaile autonomoen eta nominan daudenen artean.
Alde horien artean, Parrak (2002: 210) zera aipatzen du: "bere kontura jarduten duen itzultzaileak hitzeko hainbesteko bat fakturatzen du, eta askoz hobeto optimizatu dezake egiten duen ahaleginaren eta jasotzen duen ordainaren arteko harremana"; nominan dagoenak itzultzaileak, berriz, "soldata bat izaten du, eta, beraz, ordain muga murritz samar bat". Norberaren kontura dabilenak gastu handiagoak izaten ditu, normalean, soldatapean dagoenak baino. Izan ere, norbere kontura dabilenak berak erosi behar izaten ditu erreminta batzuk, eta nominan dagoenari enpresak jartzen dizkio.
Guztiarekin ere, software lokalizatzaileak autonomo edo soldatapean lan egitea ez da puntu honetan aztertu nahi dugun kontua. Guri hemen axola diguna da lokalizatzen arituko den itzultzaileak zer baldintza bete behar lituzkeen jakitea. Garciaren arabera (2000: 20), "Lokalizatze kontuan [...], unibertsitateko prestakuntza berezia duen itzultzaileak ez dauka ia batere babesik lanbideko merkatura ateratzeko orduan", zeren, Garciaren ustez, "lizentziatuak ez du lokalizazio enpresa bati lana dagokion garaian eta kalitatearekin egiteko behar-beharrezkoa den praktika eta eskarmenturik".
Parrak ere (2002: 210) begiratzen dio kontu horri, eta zera irizten dio: "lokalizazio enpresentzat beti-beti ez da samurra izaten behar diren jakintza eta gaitasunak dituen nahikoa jende aurkitzea". Orduan, zer prestakuntza akademiko edo profesional izatea eskatzen zaie lokalizatzaileei? Arevalillorentzat (2000: 121), eduki batzuk hizkuntz sistema batetik bestera aldatzen jakiteaz gainera, "lokalizatzaileak ohituta egon behar du ordenagailuz lagundutako itzulpen erremintekin ibiltzen, maketazio eta autoedizio programekin, teknologia multimediarekin eta Internetekin".
Autore horrek berak (2000: 120-121), lokalizatzaileak curriculumean sartu behar dituen trebetasun batzuk aipatzen ditu, baldin eta lokalizatzaile horrek Espainian lokalizazioan jarduten duen enpresaren batek hartzea nahi badu. Hauek dira, egile horren iritzian, lokalizatzaileak izan behar lituzkeen trebetasunak:
- "Itzulpen edo Filologia lizentziatura izatea (ahal dela), edo, bestela, hizkuntz ezagupen handiak dituen beste lizentziaturaren bat";
- "oso ondo jakitea dena delako sorburu hizkuntza eta xede hizkuntza";
- "hizkuntz sentsibilitatea izatea";
- "oso ondo jakitea espainiar kulturaren eta hizkuntzaren berezitasunak";
- "itzulpen erreminta bereziekin lan egiten ikastea" (itzulpen memoriekin eta lokalizazio programekin, konparazio baterako);
- "eskuarki erabiltzen diren artxibo formatuekin ohitzea (RTF, FrameMaker, Java, HTML, SGML, XML eta beste batzuk)";
- "maketazio eta autoedizio ezagupen batzuk izatea (Microsoft Word, Adobe FrameMaker, Adobe PageMaker, QuarkXpress, Microsoft PowerPoint eta abar)";
- era berean, software lokalizatzaileak "talde lanean aritzeko izpiritua" eta "lokalizazio proiektuen gestioari heltzeko ekimena" izan behar ditu. Azkenik, "itzultzaile profesional gisa eskarmentua izatea" ere erakutsi behar du.
Parrak (2002: 211) berretsi egiten du tesi hori, eta adierazten du lokalizatzaileak batez ere "hizkuntz, itzulpen, terminologia eta dokumentazio ezagupenak", eta baita "informatikakoak" ere, izan behar dituela. Arevalillok bezala, Parra-k ere (2002: 211) esaten du lokalizatzaileak jakin egin behar duela "ordenagailuz lagundutako erremintekin ibiltzen", "eskarmentua" izan behar duela alor horretan, "Itzulpen eta Interpretazio lizentziatura" izan behar duela eta "presiopean lan egiteko behar den gaitasuna" eduki behar duela.
3.3. Lokalizatze prozesua
Web orriak, programak, laguntza eta dokumentazioa (nola paperean hala online) izaten dira lokalizazio proiektuetan egokitu behar izaten diren produktuak, dena delako produktu informatikoa sartu nahi den merkatura egokitu beharrekoak. Bezeroak software lokalizazioko enpresaren batera jo eta originalak entregatzen dituenetik haiek egokitu eta sartu nahi dituen merkatuetan sartzeko moduan jasotzen dituen arte, lokalizatzeko moduko zatiek hainbat fase pasatzen dituzte, Martinen arabera (2002: 300): "materialaren azterketa; produkzioa; konprobazioak; eguneratzeak eta kalitate kontrola".
Materialaren azterketa xede honekin egiten da: egiaztatzea lokalizatu behar den programa edo web orria osatzen duten artxibo guztiak ondo jaso direla. Era berean, hasierako fase honek horrelako proiektu bati ekiteko prozedurarik egokienak zein diren argitzen laguntzeko ere balioko du. Esselinkek (2000: 19) dio lokalizazio enpresaren batean izan ohi dela "a project evaluation team in place that analyzes all aspects of a new localization project, identifies problem areas, selects tools and approach, and provides the project managers with all information necessary to create a project schedule, budget and resourcing plan".
Ondoren, produkzioa izaten da: pakete informatikoa edo web gunea lokalizatzea, funtsean. Lokalizatze lanei berei ekin baino lehen, termino zerrenda bat egin dezakete itzultzaileek, dena delako proiektuan maiz azalduko diren terminoena. Egokiena glosario hori programa lokalizatzen hasi baino lehen egitea izaten da, termino koherentzia bat izaten lagunduko du-eta horrek. Baina, lanak entregatzeko izaten diren epe estuak bete beharrak, batzuetan ez du aurretik egiteko biderik ematen, eta gero egiten da.
Material lanketa horiek egin eta gero, programa informatikoaren itzulpenari heltzen zaio. Lokalizatu beharreko programa informatikoa erabiltzailearen interfazeak, mezuek eta elkarrizketa taulek osatzen dute. Esselinkek (1998: 10-11) zehaztapen bat egiten du: "dialog boxes are the windows or screens where users can change options or settings". Era berean, "menus are the drop-down lists that are used to select commands and options, or to access dialog boxes". Azkenik, "strings contain the error messages, status messages, questions and tooltips that are used in the application".
Segidan, adibide batzuk jarriko ditugu erabiltzailearen interfaze grafikoan azaltzen diren elkarrizketa taulak, menuak eta mezuak zer diren ikusteko. Aurrena, elkarrizketa taulak ikusiko ditugu. Elkarrizketa taulak leihoak dira, eta leiho horietan erabiltzaileak aukera eta konfigurazio batzuk aldatzeko modua izaten du. Formatu hau izaten du elkarrizketa taulak:
Mezu taulek, berriz, aginduren bat exekutatzekoan zer akats sor daitekeen adierazten diote erabiltzaileari. Era berean, galderak egin, zenbait operazioren xedea adierazi eta baita programaren bat exekutatzeko orduan sor daitezkeen akats batzuentzako konponbideak proposatu ere egin ditzake.
Halaber, erabiltzailearen interfaze grafikoaren tresna barrako ikono batzuetan azaltzen diren etiketak eta lemak ere mezu taulatzat jotzen dira. Beraz, ondorengo irudi honetan ageri dena ere mezu taula da, taula batek zer paper jokatzen duen erakusten dio-eta erabiltzaileari:
Menuak, bestetik, zabaltzeko moduko zerrendak izaten dira, zabaldutakoan erakusten diren aukeratako bat hartzeko edo aginduak exekutatzeko erabiltzen direnak. Segidan datorren irudian erakusten dugun itxura izaten dute. Oro har, bukaeran hiru puntu izaten dituzten aginduek elkarrizketa taulak irekitzen dituzte. Eta, beste aldera, hiru punturik ez duenen bat aukeratuz gero, segituan exekutatzen da menuan adierazitako eginkizun edo ataza hori.
Produkzioa erabat osatzeko, doitze lan batzuk egiten dira, horretarako berariaz izaten diren erreminta batzuekin; izan ere, espainieraz, litekeena baita zerbaiten itzulpenen bat egitekoan, itzulitako testu katea jatorrikoa baino luzeagoa izatea. Esselinkek (2003: 71) ondo erakusten du hori: "in dialog boxes, not only do all options need to be translated, but also often resizing of items is necessary because of space restrictions". Batzuetan, toki kontua dela eta, ez da tamaina doitzerik izaten, eta, orduan, laburdurak edo silaba gutxiagoko sinonimoak bilatu behar izaten ditu itzultzaileak, lokalizatutako testua elkarrizketa edo menu tauletako tarte berrietan sar dadin.
Fase hori bukatutakoan, laguntza eta dokumentazioa itzultzea izaten da lokalizatze lanaren hurrengo pausua. Garciaren iritziz (2000: 17), laguntza "halako erabilera eskuliburu elektroniko bat besterik ez da, erabiltzaileak programatik bertatik eskuratzen duena zerbaiten zalantzaren bat argitzeko". Gehienetan, Internetez eskaintzen den laguntzak ekartzen dio lanik gehien lokalizatzaileari; izan ere, edozein lokalizazio proiektutan ere, parte horretan sartzen den itzulpen bolumena programa informatikoa osatzen duten gainerako elementuetakoa bainoa handiagoa izaten baita.
Pakete informatikoan izaten diren osagaietan azkena lokalizatzen dena dokumentazioa izaten da. Hala ere, batzuetan, programaren bat lokalizatzekoan, lokalizatzaileak material guztia batera itzultzen du, ordenari asko begiratu gabe. Normalean, Esselinkek (2000: 289) adierazten duen bezala, dokumentazioan sartzen dena zera izaten da: "the Installation Guide, the Getting Started Guide, the Online manuals and the collateral material". Eta, kostuak murrizte aldera, programak egiten dituzten enpresek geroz eta gehiago jotzen dute produktuak Internetez erakutsi eta materiala inprimatuta argitaratzeak dakarren kostua kentzera.
Lokalizatu beharreko web orria izanez gero, berriz, hipertestua markatzeko hizkuntzekin ibiltzen ohitu beharko da. Hizkuntza horiek Internet azaldu zenez geroztik erabiltzen dira, eta testua, irudiak, hiper-estekak, taulak nahiz orria osatzen duten gainerako elementuak pantailan nola azalduko diren kontrolatzeko izaten dira.
Alde horretatik, urte askoan erabili den hizkuntza estandar bat SGML dugu. Honela definitzen du on line den Weaving the Web glosarioak: "an international standard in markup languages, a basis for HTML and a precursor to XML". Webguneko testua oso argi definitzeko eta markatzeko bidea ematen zuen hizkuntza horrek, baina markaketa hizkuntza konplikatu samarra zen, urte batzuetan erabili eta gero ikasten zena, eta, hala, HTML hizkuntza sortu zen. Honela definitzen du HTML hitzkuntza lehen esan dugun Weaving the Web glosarioak: "a computer language for representing the contents of a page of hypertext; the language that most Web pages are currently written in".
SGMLren beste oinordeko bat XML izan zen. Aurretik izan zituen beste hizkuntza batzuk baino hizkuntza egituratuagotzat jotzen zuten XML, baina bazituen alde txar batzuk ere. Batetik, edozein pertsonak sor zitzakeen etiketa berriak, eta, beraz, dibertsoago bihurtzen zen hizkuntza eta ezerezean geratzen hizkuntz batasuna. Eta, bestetik, oraindik ere erabiltzen diren nabigatzaile zahar batzuk ez dago hizkuntza horrekin erabiltzerik.
Arazo hori konpontzeko, XHTML hizkuntza sortu zen; izan ere, hizkuntza horrek "uses the exact tags and elements of HTML and syntax of SGML, but has the structure of XML" (Griffin, Morales eta Finnegan 2003: 19). Lokalizatzaileak ohituta egon behar du hizkuntza mota horrekin, baldin eta jakingo badu zer aldatu behar duen xede kulturara edota zein elementu blokeatu behar duen zenbait itzulpen erremintak itzuli ez dezan.
Eskuarki, web orriek honen segidan jarri dugun itxura hau izaten dute erabiltzaileentzat. Real Academia Españolaren orria hartu dugu adibidetzat.
Irudi horren atzean dago, ordea, web orriaren benetako egitura, eta hizkuntza horrekin ohituta egoteak asko lagunduko dio itzultzaileari lokalizazio proiekturen bat egiteko orduan, zeren, etiketa hizkuntza hori jakinez gero, ez du zailtasun handirik izango bere lana egiteko garaian erabiltzen dituen lokalizazio tresnekin lan egitekoan sortzen diren zalantzak argitzeko.
Lokalizazio proiektuaren azkeneko pausuetako bat itzulitako material guztia berriz begiratzea izaten da. Aurreko etapetan zerbaiten deskuidu edo akatsen bat izan den begiratzeko egiten da hori. Atal horretan egiaztatu behar da ea zabaldu behar den merkatuko konbentzioetan ondo sartzen den lokalizatutako materiala. Ziurtatu beharko dugu pakete informatikoa ondo nazioartekotu dela, eta, beraz, ondo betetzen dituela dena delako programa informatikoa sartu nahi den herrialdean agintzen duten gizarte eta kultur arauak.
Ondoren, pakete informatiko edo webgune bat lokalizatzeko garaian kontuan izan behar diren xehetasun nagusiak aipatuko dira, herrialde guztiek ez baitituzte jarraibide berberak segitzen beren tradizioetako elementuak aurkezteko orduan. Hor ditugu datak aurkezteko konbentzioak, esate baterako.
Alde horretatik, zera diote Deitschek eta Czarneckik (2001: 93): "an American would interpret the date 03/10/1999 as March 10, 1999", eta, aldiz, "a British reader [...] would interpret the same date as October 3, 1999". Izen bereziekin eta marken izenekin kontu handiz ibili behar da, semantika kontu batek asko zaildu baitezake produktu baten salmenta. Oso kasu ezaguna da Bermudezek (2002: 325) aipatzen duen hau: "when the Opel Company produced the Nova car, it was shipped with this name to the US, whereas they had to rename it for the European market, since in Spanish, no va means it does not go".
Irudiak, ikurrak eta ikonoak ere ahalik eta neutralenak izatea komeni da, zeren oso esanahi desberdinak izan ditzakete testuinguruaren arabera. Esselinkek (1998: 2) adibide hau jartzen du: "Apple's Trashcan icon [...] initially looked like a postal box to British Macintosh users".
Koloreek eta beste elementu batzuek ere era askotako konnotazioak izaten dituzte kulturen arabera. Bermudezek (2002: 331) azalpen hau ematen du: "when representing people of specific race, colour or gender, stereotypes should be avoided. Some users may be offended by the use of religious symbols". Era berean, kuidado handiarekin ibili behar da terminologia bereziarekin eta lokalismoekin ere, zeren eta, Esselinkek (2000: 27) esaten duen bezala, "many internationalization problems have been found in simple files, such as document templates, which were not designed with international users in mind".
Pakete informatikoa edo web orria ondo itzulita dagoela begiratutakoan, eguneratze lanak egiten dira. Konprobazio fasean sortu diren berritasun guztiak bildu nahi izaten dira eguneratzea egitekoan. Eta, lokalizazio proiektuaren azkeneko urratsa, lokalizatutako materialaren kalitatea kontrolatzea izaten da. Alegia, artxibo guztiak ondo lokalizatuta eta eguneratze guztiak sartuta daudela begiratzea. Laburbilduz, xede erabiltzailearen baldintzak birsortzen saiatuko gara, produktuak teknikaren, kulturaren eta hizkuntzaren alderditik ondo egiten duela egiaztatzeko.
Lokalizazio eta itzulpen erremintak erabiltzea
Itzulpen espezializatuaz hitz egitekoan ere esan dugu itzultzaileak batzuetan halako erreminta batzuk erabiltzen dituela itzulpen lanak askotan izaten dituen lan errepikakor horiek egiteko. Hala, lokalizazio proiektua egitea ere izan daiteke lan errepikakor bat egitea, zeren, programa eta laguntza sistemak itzultzekoan izaten diren terminologia eta hizkuntz arazoak, dokumentazioa itzultzekoan ere ager daitezke. Beraz, arazo horiek konpontzeko, derrigorra da itzulpen memoriak, terminologia kudeatzeko erremintak eta ordenagailuz lagundutako programak erabiltzea.
Artikulu honen lehenbiziko puntuan ere aipatu dugu itzultzaile espezializatuak zein programa informatiko erabiltzen dituen bere lana lehenago eta hobeto egiteko. Hala berean, lokalizatzaileak ere erabiltzen ditu aplikazio horiek bere lana egiteko orduan, zeren, aurreko paragrafoan nabarmendu dugunez, lokalizazio proiektua egitekoan ere gerta daiteke itzulpen lan batzuk behin baino gehiagotan azaltzea proiektu batean bertan. Sistema horiek erabiltzeak dituen abantailarik handienak azaldu ditugunez, lokalizazioan maiz erabiltzen diren beste erreminta klase batzuk deskribatuko ditugu orain, softwarea lokalizatzeko erremintak esaten zaienak, hain zuzen ere.
Esselinkek (2003: 81) zera dio: "special tools have been developed to translate graphical user interfaces (GUIs) of software applications, i.e. the dialog boxes, menus, and messages that are displayed on a computer screen". Askotan —eta badirudi hemendik aurrera geroz eta gehiago izango dela—, programa horiek editatze eta maketatze lanak egiteko tresnak eta are itzulpen memoriak ere ekartzen dituzte, beste aplikazio batzuekin batera. Ordenagailuaren zein sistema eragile jarrita dagoen, programa batzuk edo beste batzuk erabiliko dira, denak ez dira-eta Windowsekin edo Macintoshekin erabiltzeko modukoak.
Windowsekin gehien erabiltzen diren erremintarik ezagunenak Alchemy Catalyst, SDL Passolo eta RC-WinTrans dira. Esselinkek (2000: 383) zehaztapen bat egiten du: "Catalyst is used to translate and review text strings, menus, dialog boxes, and various custom resources supported by Windows". Labur-labur, Esselinkek (2000: 387) Passolo programa dela eta, hauxe azaltzen digu: "exports translatable text from software resource files and imports it after translation. Passolo also includes dialog box resizing functionality and several automated localization tests". RC-WinTrans erabiltzeaz, berriz, Esselinkek (2000: 386) esaten digu: "the user can create, translate and maintain multiple language versions of the resource files from projects".
Macintosherako lokalizazio erremintetan, bestetik, bi aplikazio dira nagusi: Appleglot eta Powerglot. Esselink-ek (2000: 389) hauxe esaten digu Appleglot programaz: "does incremental updates from previously localized versions of the software". Eta, Esselinkek berak (2000: 391) beste hau dio Powerglot programaren gainean: "extracts, shorts, and presents all translatable text container in an application in a comprehensive way". Hiru programa horiez gainera, merkatuan badira beste batzuk ere; esate baterako, Visual Localize eta VisualTranslate.
Lokalizazio enpresa batek erreminta bat edo beste bat aukeratzea faktore baten baino gehiagoren baitan dago; besteak beste, bezeroaren exijentziak, dena delako lokalizazio programak zenbat hizkuntzarekin lan egin dezakeen, kostua edota dena delako aplikazioak zer aukera ematen dituen. Era berean, eskuarki lan egiten den kulturen ezaugarriek ere eragingo diote horri, zeren programa guztiak ez dago zenbait hizkuntzaren formatu eta ezaugarriekin erabiltzerik.
BIBLIOGRAFIA
AREVALILLO DOVAL, Juan José. 2000. "La localización: conceptos, nuevas tecnologías y requisitos del nuevo traductor de informática". In Carmen Valero Garcés eta Isabel de la Cruz Cabanillas (argitaratzaileak) 2000. Traducción y nuevas tecnologías: herramientas auxiliares del traductor. Encuentros en torno a la traducción IV. Alcalá de Henares: Universidad de Alcalá. 115-124.
BERMÚDEZ BAUSELA, Montserrat. 2002. "Issues involved in Software Localisation: Specifics from English into Spanish". In José María Bravo (argitaratzailea.) 2002. Nuevas perspectivas de los estudios de traducción. Valladolid: Universidad de Valladolid. 315- 337.
CORTE FERNÁNDEZ, Noelia. 2002 (urria). "Localización e Internacionalización de sitios web". Revista Tradumàtica 1. (azkeneko bisita: 14 2004ko otsailaren 14a).
DEITSCH, Andrew eta David Czarnecki. 2001. Java Internationalization. Sebastopol: O'Reilly.
DEPALMA, Donald A. 2004. Business Without Borders: A Strategic Guide to Global Marketing. Chelmsford, MA: Globa Vista Press.
ESSELINK, Bert. 1998. A practical guide to software localization. Amsterdam: John Benjamins.
ESSELINK, Bert. 2000. A practical guide to localization. Amsterdam: John Benjamins.
ESSELINK, Bert. 2002 (urria). "Localization Engineering: The Dream Job?" Revista Tradumàtica 1. (azkeneko bisita: 14 2004ko otsailaren 14a).
ESSELINK, Bert. "Localisation and translation". 2003. In Harold Somers (argitaratzailea) 2003. Computers and translation: a translator's guide. Amsterdam: John Benjamins. 67-86.
GARCÍA VELASCO, Margarita. 2000. "Localización: un rico mercado para el traductor técnico". In Dorothy Kelly (argitaratzailea) 2000. La traducción y la interpretación en España hoy: perspectivas profesionales. Granada: Comares. 13-23.
GRIFFIN, Jeffrey; Carlos Morales eta John Finnegan. 2003. Web Design and Development using XHTML. Wilsonville, OR: Franklin, Beedle & Associates.
LYNCH, Clove; Ellen Slavitz eta Mylène Vialard. 2000 "Translating web sites: danger and opportunity. An introduction to web site translation". In Thomas L. West (argitaratzailea) Proceedings of the 41st Annual Conference of the American Translators Association. Alexandria: American Translators Association. 467-487.
MARTIN, Maryan. 2002. "La localización de software: una especialidad incipiente en los Estudios de Traducción". In José María Bravo (argitaratzailea) 2002. Nuevas perspectivas de los estudios de traducción. Valladolid: Universidad de Valladolid. 295-313.
MAS I HERNÀNDEZ, Jordi. 2002 (urria). "Internacionalització de programari: el cas del català". Revista Tradumàtica 1. (azkeneko bisita: 2004ko otsailaren 14a).
PAGANS, Marta. 2002 (urria). "Localització, ens ubiquem?" Revista Tradumàtica 1. (azkeneko bisita: 14 2004ko otsailaren 14a).
PARRA, Joan. 2002. "El mercado laboral en el sector de la localización". In Amparo Alcina Caudet eta Silvia Gamero Pérez (argitaratzaileak) 2002. La traducción científico-técnica y la terminología en la sociedad de la información. Castelló de la Plana: Universitat Jaume I. 207-214.
UREN, Emmanuel; Robert Howard eta Tiziana Perinotti. 1993. Software internationalization and localization. New York: Van Nostrand Reinhold.
Web orriak
Hainbat egile. Real Academia Española. Helbidea (azkeneko bisita: 2008ko ekainaren 3a).
Hainbat egile. Merriam Webster Online Dictionary (azkeneko bisita: 2008ko ekainaren 3a).
Hainbat egile. The Localization Industry Standards Association (azkeneko bisita: 2008ko ekainaren 3a).
Oharrak
1. Softwarea lokalizatzea terminoa ingelesezko software localization adierazpidearen itzulpen zabalagoa eta komertzialagoa da. Termino horren itzulpena anglizismoa dela esan badaiteke ere, horixe da gazteleraz egiten den herrialdeetan gehien zabaldutako itzulpena, eta horregatik aukeratu dut artikulu honi izenburua emateko ere. Dena dela, badira bi jarrera kontrajarri termino hori gazteleraz egokia den ez den, eta biak landuko ditugu artikulu honetan.
2. Egilearen oharra: Software terminoa Real Academia Españolaren hiztegian jasota dagoen arren, oraindik anglizismotzat jotzen dute, eta horregatik jarri dut letra etzanean artikulu honetan.