Atarikoa
Artikulua PDFn
Egun on, eta ongi etorri Eskoriatzara.
Euskarazko ikus-entzunezko itzulpena mintzagai hartuta, eta gai monografiko gisa, batik bat, gutxitan antolatu da jardunaldirik Euskal Herrian. Gaurkoa, beharbada, publiko aurrean egiten den lehen jardunaldia dela esango nuke. Jakingo duzuenez, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen ekimenez antolatu da, HUHEZIk lagunduta (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatea).
Halaxe ba, gure fakultatean bildu nahi izan ditugu gaur lanbide honetan diharduten etxe nagusietako ordezkariak. Hemen izango ditugu Mixer enpresako bi ordezkari (Jesus Eguzkitza eta Iñaki Zubizarreta), Tinko Elkartekoa (Marian Galarraga) eta EITBkoa (Asier Larrinaga). K2000koak ere gonbidatu genituen, baina etorri ezina adierazi zuten.
Euskarazko bikoizketa gaur ETBrako egiten da gehienbat, eta, zoritxarrez, askoz gutxiago zinemarako eta DVDtan zabaltzen diren filmetarako. Zoritxarrez diogu zeren zinemarako ere asko bikoiztuko balitz, esate baterako, beste egoera batean geundeke gaur: euskarak presentzia handiagoa eta normalagoa izango luke, bai kalean, baita gure bizimoduan ere.
Dakizuenez, Euskal Telebista 1982ko Gabon zahar gauean hasi zen emititzen: orduko lehendakari Carlos Garaikoetxeak Urteberrirako mezua eskaini zuen. Ondoren, hamar minutuko dokumental bat eman zuten: Euskadiko Ibilbideak izenekoa. Gero, marrazki bizidun batzuk eskaini ziren, Espaziozainak, eta Poxpoloak saltzen zituen neskatoa izeneko telesaila. Hori izan zen Euskal Telebistaren lehenengo emanaldia, 1982ko Gabon zaharrean.
Emanaldi horren aurretik, bistan da, norbaitek lan egin zuen eta jende asko prestatu behar izan zen: euskarak ez baitzuen tradiziorik telebistan, are gutxiago bikoizketan. Horretarako, 1980ko udazken aldean-edo antolatu zen Donostiako Prim kalean Irrati-Telebista Eskola izan zena, eta han trebatu ziren bikoizleak, esatariak, kazetariak, itzultzaileak denetik. Eskola haren itzalean antolatu zen lehenengoz Filmak Bikoizteko Zerbitzua, FIBIZE, eta zerbitzu hori arduratu zen ETBren lehenengo urteetako bikoizketa guztiaz. Handik irten ziren euskaraz bikoiztutako lehenengo produktuak.
Euskal Telebistaren "historiaurreko" garai horretatik 25 urte igaro dira jada, eta hamaika jendek egindako urratsen lorratzean gaudela esan liteke gaur. Uste dugu denbora horretan eginiko lanaren eskarmentuak nahikoa ikuspegi zabala ematen digula lanbide honen ezaugarri eta berezitasunak aztertzeko eta gure hizkuntzaren biziberritze eta normalizazioan izan dezakeen garrantziaz jabetzeko.
Hori da gure gaurko gaia. Besterik gabe, ekin diezaiogun.