Aurkezpena
Artikulua PDFn
Esku artean duzun Senezen zenbaki hau, irakurle, hirugarrena duzu 2007an. Ikus-entzunezko itzulpenaz diharduen monografikoa da.
2006ko udazkenean, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak antolaturik, Euskarazko Bikoizketaren inguruko Jardunaldia egin zen Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitateko campusean, HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak lagunduta. EIZIEk azaroaren 23rako gonbidatu zituen HUHEZIko areto nagusira euskaraz aritzen diren bikoizketa-erakundeetako ordezkariak. Egun hartan egokitutako hizlariek esandakoak eta entzuleek egindako ekarpenekin ondu dugu liburuki honen lehen zatia; bigarrena, berriz, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako bikoizketaren egoeraz diharduten beste artikulu batzuekin osatu dugu.
Ikus-entzunezkoen itzulpengintzaz ez dira sarri argitaratzen artikuluak gurean. Jardunaldi publikorik ere ez da egin izan euskarazko bikoizketa eta azpidatziak gai monografiko gisa hartuta.
Artikulu bakan batzuk badira lehen urteetako Senez aldizkarian: 1, 10, 13 eta 28 zenbakietan (1984, 1990, 1992 eta 2005ean, hurrenez hurren). Jakin aldizkariak ere eman zion tartetxoa alor honi, komunikabideei eskainitako 99. zenbakian (1997), eta oraintsuago 151. zenbakian (2005). Hitzaldiren batzuk egin eta jaso izan dira, bai, Trasvases Culturales: Literatura, Cine, Traducción goiburupeko Itzulpengintzako jardunaldietan. 1993tik hasita, EHUko Ingeles eta Alemaniar Filologi eta Itzulpengintza eta Interpretazio Sailak antolatu ohi ditu saiook lau urtean behin, Gasteizen. Gainerakoan, euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintzari dagokionez, ETBren eta bikoizketarako lanean diharduten etxeen arteko esparru pribatura mugatu dira aspaldion jardunbide profesional horri dagozkion gaiak eta gorabeherak. Eztabaida horien ondorio dira erabili.com atarian Asier Larrinagak 2000. urtetik tarteka agitaratzen dituen artikuluak.
EIZIEk 2006ko udazkenean antolatutako Jardunaldiak benetako interesa piztu zuela ikusita, hitzaldiak liburuki batean biltzea erabaki genuen: Senez aldizkariaren izaerari lotu-lotuta dago gaia eta, gurean hain gutxitan plazaratutakoa izanik, alorraren nondik norakoak eta egoeraren berri jasota uzteko helburua izan dugu.
Euskarazko Bikoizketaren inguruko Jardunaldian parte hartu zuten hizlarien mintzaldiak jaso dira zenbaki honen lehen atalean. Hitzaldien ondoren, entzuleak gogo onez solastu ziren hizlariekin, eta galde-erantzun nagusiak ere bildu dira.
Jardunaldian parte hartu zuten entzule guzti-guztien berbaldiak ez daudela jasota ohar liteke baten bat. Ez dago asmo txarrik horretan: grabazioaren zinta aldaketetan gertatu ohi ziren saltoak eragin dituzte hutsuneak transkripzioan.
Liburukia biribiltzeko, propio eskatu genituen bikoizketaren inguruko beste artikulu batzuk. Euskaraz ez ezik, galegoz eta katalanez diharduten beste telebista batzuetako profesionalengana jo genuen, eta hor dituzue Xoan Monteroren eta Josep M. Carbóren idatzi bana. Valentziako telebistarako lanean dihardutenengana ere jo genuen, hango egoera ezagutarazteko asmoarekin. Agenda kontuengatik ezina adierazi ziguten, baina ez ditugu ahaztuko hurrengo saio baterako.
Euskal Telebista (ETB) sortu zela 25 urte dira: 1982ko Gabon Zaharrean egin zuen lehen emanaldia, eta 1983ko Urte Berriarekin hasi zen egunero emititzen. Hurrena, Televisió de Catalunya (TVC), 1983ko irailaren 10ean hasi zen lanean; Televisión de Galicia (TVG), berriz, 1985eko uztailaren 25ean hasi zen emititzen. Tokian-tokian bide eta garapen propioak izan dituzten anai-arrebak dira hiru telebistok, hein batean. Televisió Valenciana (TVV) 1989an hasiko zen.
Mende laurdenean hizkuntza minorizatuotako telebistek izandako garapena garapen, perspektiba ez galtzea komeni da: 25 urte oso denbora gutxi da hizkuntza baten bizitzan, eta, gutxien irudituta ere, ezin uka: aurrerapen handiak egin ditugu. Bestela, irudika ezazu, irakurle, duela 30 urte non geunden: telebistarik ere ez geneukan, pentsa! Gaurko itzultzaile gazteek ez dute ezagutu euskarazko telebistarik eta egunkaririk ez zen garairik. Baina oso atzera ez da jo behar, eta gutako askok bizi izan dugu euskarazko komunikabideak posible/bideragarriak ote ziren gizarte-eztabaiden sasoia. Egingarri eta bideragarri ez ezik, modu egokian lantzeko gauza izan gara. Gauden honetara iritsi gara. Ibilbidean zer utzi dugun, bidea osatzeko zer geratzen zaigun begira gaude. Aurrera egingo badugu, etorkizunak eskatuko dizkigun lanei aurre egiteko prestatu behar dugu, nola teknika alorreko egitekoei hala hizkuntzakoei.
Hizkuntzak ez du bekaturik: hiztunok eragin behar diogu errotarriari, goroldioa itsatsita bira eman ezinik gera ez dakigun. Komunikazio tresnatzat daukagu hizkuntza, baina euskarazkoa zorroztea ahazten zaigu maiz: herdoilduta daukagu. Ibiliaren ibiliz baino ez dugu finduko eta txorroxtuko. Orduan baliatuko dugu zehatz, nahi dugun egoeran nahi duguna esateko. Erdaretara jo beharrik gabe. Hizkuntzaren erregistro faltan, itzulpenean, bikoizketan, ahotsetan edo dena delako aitzakia-maitzakiatan geure burua zuritu gabe.