Zuzenketa elkarlanean
Beatriz Zabalondo

Sarrera

ETB1eko barne-produkzioko telesail batzuetan zuzentzaile gisa lan egin dudalako nago ni gaur hemen. Zuen aurrean jartzera nator lan horretan batutako bizipenak, ikasgaiak eta gogoeta-bide batzuk.

Hauexek izan dira nik parte hartutako telesailak: Hasiberriak (2000-2001), Kilker Dema II (2001), Teilatupean (2002) eta Martin (2003). Esan beharrik ez dago oso desberdinak izan direla helburuetan, lan egiteko moduetan, eta, dudarik gabe, emaitzetan eta arrakastan ere bai. Banan-banan horiek aletzea ez da nire xedea; hau ez da lan sistematiko batetik ondorioztatutako deskribapena ere. Ideia pare bat-edo mahai gainean utzi, eta, hurrengo topaketetan maila bat aurrerago abiatuko garela pentsatuta, konforme naiz: bidea eginez egiten dela sinetsita, aurrekoek ezarritako oinarrietatik abiatuta, eta urratsez urrats, beti aurrera begira. Hutsuneak eta akatsak izango dira, beharbada, baina osatu eta zuzentzeko bidea izango da hurrengoan.

Jardunaldiotako antolatzaileek nire berbaldiaren izenburua eskatu zidatenean, ez nuen berehala erantzun. Kosta egin zitzaidan erabakitzea, egia esan. Halako batean, argitxo hau piztu zitzaidan: “Telesailetako makineria erraldoian, zuzentzailea pieza apal bat besterik ez da. Lanbide horren muinean zer dagoen jaso behar du nire izenburuak”. Eta euskararen herri honetan geure-geurea dugun elkarlana begitandu zitzaidan termino egokiena. Zergatik? Bada, lan honetan, eta taldeak gorabehera, beti funtzionatu izan dudalako azken produktuari begira, lantalde osoaren emaitzari begira.

Beraz, saiatuko naiz azaltzen zertan den zuzentzaile baten lana telesailetan, eta zertan den elkarlan hori.

Zuzentzailearen lana zertan den

Grabazioaren aurretik

Telesailak barne-produkzioaren zati garrantzitsua dira edozein hedabidetan; berdin ETBn ere: mugitzen duten bitarteko eta jendetzagatik aurrekontuak ere halakoxeak dira, eta gainera, emaitza onuragarria izateko produktuak dira. Audientziak neurtzen du hori.

Paperean ideia hutsa denetik, eta pantailan botatzeko prestatzen den bideoa eduki arteko lanaldian, parte-hartzaile guztien artean, produktu horren katebegi ñimiño bat besterik ez da euskara arduraduna. Esango nuke, ez inon eta ez inoren aurrean nabarmen geratu barik, ahalegina egin behar duela lanbidea txukun ateratzeko aurrera, bi ideiok presente dituela: batetik, azken produktua, ikusleak etxean telebista aurrean ikusiko duena, duina eta “zaratarik” gabea izatea lortu behar dela, eta bestetik, telesailean lankide izango dituenekin unean-unean “negoziatzen” saiatu beharko duela, inork igarri gabe, irizpide txukun samarrekin bideratzeko eguneroko zeregina.

Telebistan botako duten produktu hori aktoreak “utzitako”/grabatutako lanarekin epaitzen dugu: azken-azkenean hura besterik ez baita ageri pantailan. Osteko/Ezkutuko lana da zuzentzailearena: ondo samar eramanez gero, igarriko ez dena; baina filmari “zaratak” antzematen hasiz gero, lehenago ez bada geroxeago, ez da urruti ibiliko euskara arduraduna kritikatuko duena.

Euskarazko telesailak fabrikatzeko prozesuan, gorabeherak gorabehera, hauxe gertatzen da: gidoia gaztelaniaz pentsatzen da oraindik gaur egun, eta sarri-sarri, idatzi ere gaztelaniaz idazten da. Gero euskaratzen da: batzuetan, itzultzaile profesionalek; beste batzuetan, gidoilariaren kide batek; noiz edo noiz, telesailean ariko den zuzentzaileari ere eskaintzen zaio…

Behin gidoia euskaratuta, lehen zuzenketarako prest dago: ETBn, etxean, bulegoan…, beti ere “zuzentzaileak” tresnak eskura dituela (denbora pixka bat, hiztegiak, kontsultarako baliabideak, etab.). Itzulitako gidoiaren egokitzea/doitzea da zuzenketa: orrazketa morfosintaktiko eta semantikoez gain, aktoreek erraz barneratuko dituzten esapideetara doitzea, produkzio-egoerara moldatzea (grabazio set-era, gidoiaren harian egindako aldaketetara –egin direnean–…).

Orduan, aktoreak bere papera lantzeko hartzen du gidoia, eta beharbada berak ere ukituko du testua etxean ikasten hasitakoan: aldaketa horiek ere begiratu eta zuzendu/moldatu behar dira.

Eta azkenik, grabazio aurreko entseguak hasten dira. Horietan, prosodiari erreparatuko dio zuzentzaileak batik bat: garbi ahoskatzea; doinua zaintzea; etenaldiak bere lekuan egitea (sintagmak hautsi gabe); azentua; pertsonaiari dagokion abiaduran hitz egitea (ez azkarregi eta ez mantsoegi ebaki barik); naturaltasunez botatzea testua…

Honetara etorrita, egoera ideala orain, euskarazko gidoia —ahal bada— entseguetan finkatuta uztea da, eta, grabazio egunean, aktoreak testua bere eginda eramatea platora.

Telesaileko hizkera eta erregistroen osotasun eta koherentziari ere erreparatu behar dio zuzentzaileak. Ez hori bakarrik, baita pertsonaia bakoitzaren ahotsari ere; izan ere, gidoilari eta itzultzaile bat baino gehiago izan ohi da elkarrizketak idazteko lanketan, eta atal batetik bestera inkongruentziak aurkitzea ez da arraroa. Pertsonaien mapa eta haien tratamenduarena ere zaindu beharko du zuzentzaileak.

Grabazioa

Ondo bidean, beraz, grabazio egunean, alderdi linguistiko-estilistikoak erabakita behar du. Grabatzea beste lanik ez da izango. Platora iritsitakoan aldaketak eta doitzeak egin beharrean bagabiltza, ez da seinale ona: Malo, esango luke Gutik, Goenkaleko pertsonaiak. Eta zoritxarrez, nahi baino gehiagotan ibili izan gara: denborarik ez, eta unean-unean gidoigintzan, eta aktoreak testu berriaren arrastoan sartzen.

Grabazio bat ontzat emateko, hainbat faktore hartzen dira kontuan, eta, gutxi-gehiago, ordena honetan erabakitzen da:

  1. Alderdi teknikotik begiratuta zuzena izatea hartualdia: soinua eta irudia ongi grabatuak —itzalik ez agertzea, platoko zaratatxo bat ez entzutea mikroan, kamera guztien grabazioa ona izatea…—.
  2. Antzezpena eta prosodia sinesgarri samarrak izatea.
  3. Aktorearen mintzaldia: testua ondo ikasita dakarren eta benetan bere egina duen ala hizkera ortopedikoa ateratzen zaion.
  4. Testuaren egokitasuna.
  5. Aktoreak inprobisatu badu, esan duena “zuzena” den erabakitzea.

Errealizatzaileak bere lana ontzat eman ondoren galdetu ohi dio iritzia platoko zuzendariari lehenengo eta gero zuzentzaileari: “Euskara, zer moduz?”. Di-da batean erantzun behar da, eta lehentasunak eta irizpideak aurrez garbi edukitzea komeni da.

Denbora diru asko da platoan, eta segundoan hartu behar dira erabakiak. Neurri guztiak hartuta ere, nahi gabe erratzen gara batzuetan. Beste askotan, baina, amore eman behar izaten dugu, hizkuntzaren kaltean dela jakin-jakinean. Halaxe dira kontuak.

Asier Larrinagari entzun diozue aurreko saioan:

“ETBko hizkuntzalarien ardura hizkuntzaren kalitatea zaintzea da; produktuaren gaineko erantzukizuna eta kezka, baina, produktu horretan parte hartzen duten profesionalekin partekatuta dago”.

Esan nahi baita, lanketa honetan euskara arduradunak harreman estua daukala alor askotako jende askorekin: aktore, zuzendari, errealizatzaile, inoiz baita gidoigilearekin berarekin ere. Lehentxoago ikusi dugu hori.

Zorroztasun estuena eta zabarkeriaren artean, Euskaltzaindiaren azken araua betearaztearen edo txokokeriekin testua “jator” janztearen artean, esparru nahiko zabala dauka zuzentzaileak oraindik. Hor planteatu eta hitzartu behar du hizkera eta erregistro maila txukun bat; hor moldatu beharko du, bide batetik edo bestetik, aktorearen arteak eta esanezinak; hor landu beharko du zuzendari eta errealizatzailearekin harremana, gero platoan, denborak gehiegi estutzen ez duenetan behintzat, aukera izan dezan hartualdia hobetzea eskatzeko; eta azken batean, produktua bat eta bakarra izango denez, guztien konplizitatea biltzeko azpilana ere egin beharko da.

Telesaioetako kontsumitzaileak gozatzeko eta denbora pasatzeko produktu bat nahi du. Ikusle arruntak badaki onari eta txarrari antzematen; badaki zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Konturatzen bada aktoreak “irrist” egiten duela han edo hemen, desilusioa hartuko du. Behin gertatuagatik, ez du gogoan hartuko. Baina etengabe gertatzen badira horrelakoak, aktorearen lana da hor azkenean geratzen dena: Hark esandakoekin testua “kri-kra” ari bazaio belarri ostean, ikusleak ez du gauza onik pentsatuko zuzentzaileaz, noski; baina ez aktoreaz, ezta gidoilariaz ere.

Beraz, denok nahi dugu produkturik onena izatea. Ikusleak etxean goza dezan, eta zergatik ez esan, gehiago eska dezan.

Orain arteko eskarmentutik ikasi dudanagatik esango dut, onean-onean hitzartutako irizpide eta berbaldiek askoz emaitza hobeak eman dutela, pantaila aurrean ikusteko ere.

Ahozkotasunaren ezaugarriak

Hainbat autorek nabarmendu dituzte hizketaren eta idazketaren egoera komunikatiboen ezaugarriak baita haien arteko aldeak azaldu ere. Cassany, Tusón, Luque eta Alcobak, besteak beste, luze idatzi dute horretaz. Hizkuntza mintzatuari buruzko haien ideiak gogora ekarriko ditut:

— Hizketan, komunikazioa berehalakoa da eta hiztunak ezin du planifikatu diskurtsoa; komunikazio trukea gertatu ahala garatzen da hori.

  1. Hala, sintaxia soila da, eta hiztunak eta entzuleak erraz prozesatzen dute informazioa entzun ahala.
  2. Berehalakotasunak aldaketak eragiten ditu diskurtsoaren antolaketa linguistikoan eta horregatik sortzen dira diskordantziak, anakolutoak eta elipsiak.
  3. Ez hori bakarrik, betelanak ere egin behar izaten dira (alegia, orduan, ezta?, ba, zera, etab.) hiztunak denbora behar baitu pentsatzeko.

— Hizketan, komunikazioaren berehalakotasunak gauzak errepikatzera edo parafraseatzera bultzatzen du hiztuna, entzuleak ezin baitu diskurtsoa nahi duenean errepikatu; eta hori badaki hiztunak.

— Ahozko hizkuntzan erabiltzen den lexikoa ere arruntagoa izaten da, entzuleak erraz ulertzeko modukoa.

— Hizketan maiz erabiltzen dira deiktikoak ere (ni, zu, hura, etab.) solaskideak adierazpenen denbora eta espazio berean daudelako. Gure kasuan, hotsak ez ezik irudiak ere informazioaren parte handi bat betetzen du, eta kontuan hartu beharrekoa da.

— Elementu prosodikoek (azentua, doinua eta etenaldiak) diskurtsoaren antolatzaile lana egiten dute ahozko hizkuntzan, eta horregatik ez da erabiltzen lotailu zehatzik adierazpenak semantikoki lotu eta zentzua emateko.

— Garrantzitsua, bai hizketan eta bai idazketan, erregistroaren erabilera da, komunikazio bakoitzari dagokion ezaugarri linguistikoen hautaketa, izan ere arriskua baitaukate hitz egiten duenak nahiz idazten duenak lexiko eta egitura egokiak erabili ez eta bestek ongi ez ulertzekoa. Ahozkoan nahiz idatzizkoan oso-oso kontuan eduki behar da zein erregistro hautatzen den.

Irizpideak eta lehentasunak

Gogora dezagun berriro: fikzioa egiten ari gara, hizkera kolokiala da nagusi; eta hori ahozkoari dagokio. Ahozkoari dagokiona bat-batekoa izan ohi da. Baina fikzioa aurrez pentsatutako testu bat den heinean, bat-batekotasuna desagertua da. Ahozko hizkuntza errealaren aldean, nekez emango dira digresioak eta erredundantziak, esaterako. Egia esan, inoiz gertatzen badira, aktoreak testuarekin trabatu direlako izaten da; orduan, sekuentzia errepikatzera jotzen da, aktoreek eurek ere ez dute-eta gogoko beren burua totelka ikustea telebistan.

Oinarria hizkera estandarra da; eta ahozkoa den neurrian, bizia. Lanbide honetan kontuan hartzen ditugu, gainera, komunikagarritasuna, sinesgarritasuna, naturaltasuna (garbizalekeriatik urrun), egokitasuna, zuzentasuna…

Nik uste dut zuzena izan behar duela beti. Ahalegina egin behar da behintzat. Faktore eta aukera askotxo daude-ta, labaintzeko. Gutxieneko batzuk, esate baterako, ergatiboak dira, edo baina/baino ongi bereiztea… Gipuzkoako alde batzuetan ez dira bereizten, baina bizkaierazko herrietan bai, ondo gainera. Euskal Telebistako produktuak euskal hiztun guztientzat dira, euskalki guztietakoentzat.

Honekin lotuta, aditzaren kontua dator: adizkiak ere batukoak erabiltzea hobesten da eta ondo ebakitzea. Adibide sinple-sinple bat jar dezagun: Badakit. Aktore profesional batek, martxa hartzen duenean bere berbaldian, pertsonaian oso sartuta badago eta ondo-ondo ikasi badu, tentazioa izan dezake baakit esateko, “jatorragotzat” daukalako, kasu baterako. Edo: bakit. Edo esaldi batean bat, eta hurrengoan bestea.

Ikus dezagun hitanoko formekin:

Bazakiat > bazekiat > batzekit : Ikusten dugunez, adizki baten aldaerak agertzen hasten zaizkigu. Belarriko minik egiten digu? Beharbada ez.

Baina jar dezagun aktore bizkaitar baten ahotan gauza bera:

Bajakixat > baxakixat > bajaixat… Forma hauek beharbada gehitxoago harritzen gaituzte, ezta?

Gauzak segituan konplikatzen dira:

Nola ebaki Ze(r) moduz ari zara lan berrian? > Ze(r) mouz ai zera lan berrian? > Ze mouz ai zea lan berrin? Bizkaieradunek, esate baterako, ez dute berea “ari” hori; galdera da: zein eredu eman behar dugu ETBtik?

Beste kasu bat: Ondo lo egin. > Ondo loein > Ondo loin.

Deklinabide markak: aitatxorekin joango naiz > aitatxokin jungo na(i)z.

Edo: aitatxogaz > aitatxoaz

Beti oso kontuan hartu behar da, zein erregistrotan diharduen pertsonaiak, jakina. Eta horrek hainbat kasu justifikatzen du, berez. Baina hala eta guztiz ere, ez zaigu ahaztu behar aldaera-dantza hori.

Edozein modutan, adizkiak eta deklinabide kasuak batukoak eta osorik ebakitzeko irizpidea da nagusi.

Euskalkien eta euskara batuaren erabileraz, Euskaltzaindiak 2004ko martxoaren 26an argitaratuko adierazpenean honela dio: “Hedadura orokorreko komunikabideek euskara batua erabiliko dute”.

Testuetatik garbitu behar ditugun beste gorabehera batzuk dira: eske, segun, depende, no?… Kalean barra-barra entzuten ditugun arren, ez dezagun lana hartu horiek TBtik nahita zabaltzeko.

Bizia izan behar duela ere esan dut. Esate baterako:

Testuingurua: Martin telesaila. Irratira doaz aitona-amonak, Inaxio apaizarekin hitz egitera, eta sarreran, Martinekin egin dute topo (Martin irratiko langilea da; Inaxio, zuzendaria):

Antxon: Kaixo, Martin. (Totelka)

(Martinen begiratua, amorratuta)

Koro: Inaxiorekin hitz egitera etorri gara, berak ezkondu behar gaitu-ta.

Martin: Shhh!!! Mundu guztia enteratuko da, ama! Banketera zer eraman behar duzu, herriko banda?

Adibidez kasu honetan, honela planteatu zitzaion aktoreari: “Ezagutzen duzu bandoa jo esapidea?” Nahikoa izan zen. Berak egin zuen zuzenketa, eta hauxe esan zuen:

Martin: Ixo!! Zer, bandoa jo behar duzu, ala?

Oker zegoen gidoian zetorrena? Ez, noski, baina grabatutakoa askoz biziagoa dena ezin ukatu. Arinagoa, zuzenagoa…

Beste adibide bat:

Ba lehenago esatea zenuen! (txukuna) > Esan ba lehenago!

Fraseologiak ere lagunduko digu behar bezala erabiliz gero:

Izugarrizko kolpeak eman zizkidaten > Gorriak ikusi nituen

Bizitasuna eta euskal kutsua onomatopeiek ere ezartzen dute. Eta hau ere errekuperatu behar dugun arlo bat da: Aise topatzen dira idatzita gidoietan honelakoak:

Zas! Labana sartu zion > Dzast sartu zion labana!

edo

Bum! Atea itxita aldegin zuen > Danba! Atea itxi eta aldegin zuen.

Irain eta biraoak ere kontuz erabiltzekoak dira. Denak ez du zertan “akojonantea” izan: sekulakoa, egundokoa, kristona, kristolakoxea…

Edo baliabide faltagatik, ez daukagu betiko espresio-makulu superhigatuetara jo beharrik: : “No te jode!“ > Bai! Zaude hortan! (Testuinguru jakinetan, noski)

Fikzioa egin arren, euskal unibertsoa islatu behar dugu:

Testuingurua: Martin telesaila. Irratiko zuzendari Inaxio kanpora bidali behar dute, eta enpresa modernizatze eta optimizatze aldera zuzendari berria bidaliko dute: emakumea, gaztea, ederra, sofistikatua, bizkaieraz hitz egiten zuen lagunartean… Baina petrala, distantea langileekin, “trepa” samarra…

Martin (erredakziokideei): Ogroa ikusi duzue?
> Zer, Anbotoko señoria ikusi duzue?
(> Anbotoko dama)

Zuzendari berriaren papera Anne Igartiburuk egin zuen. Berari galdetu zitzaion ea axola zion “Anbotoko señoria” (edo “Anbotoko dama”) deitzea irratiko langileek. Izan ere, erregistro formaletik kanpo bizkaieraduna agertzen baitzen. Oniritzia eman zigun “Anbotoko señoria” deitzeko sekuentzia hartan.

Itzulpenak gidoietan uzten dituen mamuak ere ez dira gutxi. Pare bat adibide, besterik ez luze hitz egin da honetaz eta:

Niri graziosoa iruditzen zaidalako esaten dut. > Niri grazia egiten didalako (esan dut).

Han denek janzten dute horrela > Han horrela (hola) janzten dira.

Komunikabideetako ajeetako bat denbora da, denbora eza. Lehen aipatu dut azkar erabaki behar izaten direla kontuak. Ba esate baterako, ari ginen grabatzen sekuentza bat eta pertsonaia batek esaten zuen, alaba “Heldutasun pertsonaleko” ikastaro batera zihoala. Inork ez zeukan zalantzarik, baina ni bueltaka nenbilen. Neure barrurako esaten nuen: “Nola demontre esan da euskaraz, inoiz esan bada, Cursillo de Crecimiento personal? Esango zen, bai, noski; baina ez nuen arrastorik bilatu inon (zapatu iluntzea zen…). Lehenengo hartualdia egin zen, aktoreari entzun eta ez nengoen konforme, baina neuk ere ez jakin nola buelta eman, eta etsia jota nengoen. Halako batean, taka! “Garatze pertsonala” etorri zitzaidan. Halaxe grabatu zen.

Beste batzuetan, lehen aipatutako ergatibo horietako batengatik sekuentzia errepikatzea merezi duen ala ez neurtu behar da. Bada, ez da beti beste saio bat egiten. Askotan, ezta burutik pasatu ere.

Kontu xelebreak ere gertatzen dira. Zuk uste duzunean gauzarik arruntena planteatzera zoazela, ez zuzentasuna kontuan edukita bakarrik, baita forma erraza dela, egokia, txukuna, bizia, NORMALA… Bada, sorpresak hartzen dituzu. Horrelako bat gertatu zitzaidan egun batean; inozokeria bat da, baina konturatzeko:

Testuan hauxe zetorren: “autoa plazotan erosi”. Eta normal-normal joan nintzen aktoreari esatera, “Beno, hori, epetan erosi esango dugu, ezta?” Eta erantzuna ezetz, normalagoa zela plazotan esatea. Harrituta geratu nintzen eta pentsatu nuen ez zidala ulertu; baina ez.

Plazotan erosi grabatu zen.

Baina den-dena ez da zuzenketa, gauza polit askoak ere ekartzen dituzte aktoreek eurek, eta testuetan idatzita ere etortzen dira:

Martin telesailaren atal batean, hiru pertsonaia Txirri, Mirri eta Txiribitonekin identifikatzen dira: pailazokeriatan ibili direla deritzote. Elkarrizketagileek oso ondo lotu zuten ataleko giroa, pailazoen kanta (“Zapi zuria aurrera, zapi zuria atzera, zapi zuriarekin, jolasten gara”) eta pertsonaien umorea. Honela idatzi zuten kanta: “Txarten gorria aurrera, txartel horia atzera, txartel pare hauekin jolasten gara”. Benetan diotsuet, ez da konturik errazena abestiak egokitzea.

Bistan denez, telebistako saioetako euskara ez dago pertsona bakarraren esku; alderrik izango da munduko zuzentzailerik onena, zuzendari euskaldun jatorrena edo errealizatzailerik “enroilatuena”. Lan talde osoaren emaitza da telebistatik ikusiko duguna; guztien arteko konfiantza eta elkarlanetik irtengo da produkturik onena. Bidea ez da halako edo bestelako telesail batekin hasi eta amaitzen; honetan ere, bidea eginez egingo dugu.

Zer bide egin den

Luzea da aurrean daukagun bidea, baina hutsetik goragoko mailetan gaudela esateak ere ez du lotsarik eman behar.

Esate baterako, ebakera kontuan:

Finkatuta eta erabat normalizatu dira hotsen loturak:

EZ + ADIZKIA
Ez naiz > enaiz
Ez da > ezta
Ez luke > eluke
Ez gara > ezkara, etab.

ADITZ NAGUSIA + LAGUNTZAILEA
Joan zen > joantzen
Utz iezadazu > utzidazu
Isil zaitezte > isiltzaitezte, etab.

ANTZEKOAK
Hor zen > hortzen
Zu al zinen? > zu altzinen?

HITZ ELKARTUAK
Bihotz-taupadak > bihoztaupadak
Ipur zikina > ipurtzikina

ETA / TA
Ehun eta hamazortzi > ehunda hamazortzi
Txarra da eta! > txarra da-ta!

BADA, BA
Bai, ba! ; Ezpa!

DEIKIAK edo BOKATIBOAK
Kaixo, amona! > *Kaixo, amóna. > Kaixo, amoná!

Hau diodalarik, hona saihestu beharreko beste tentazio txar pare bat ere:
Kaixo > Kaizo
Botila >Botiya

Hitanoa

Jende askok ez du berea hitanoa, ezta euskaldun zahar askok ere. Askok telebistaren bidez ezagutu dute, edo ikasi dute. Forma estandarra, nahi baduzue, bai, baina lehenago sekula entzun gabea zuten.

Hizkuntzaren estandarizazioa

Hizkera estandar neutroa ikasteko eta entzuteko ez ezik, esapideak-eta kontestuan emateko aukerakoa da; lexikoa zabaltzeko zer esanik ez, eta baita hainbat uste oker zuzentzeko ere. Pentsa zer eragin izan dezakeen telesail batek astebeteko ataletan hauteskundeak gora eta behera jardunda, kalean, eskolan, unibertsitatean, oro har gizarte osoan daukagun nahaste-borraste hau argitzeko: bozka/boto/boz. Baita polikariek ere ikasiko lukete, behingoz, nola esan! Uste dut umoristak falta ditugula holakoei punta ateratzeko. Nolanahi ere, pedagogia lana ezin zaio ukatu telebistari, eta ez zaigu ahaztu behar.

Aurrera begirako estrategiak

Lurdes Otaegik telebistarako fikzioa idazteko ohar batzuk egin zituen HASIBERRIAK telesailaren gidoi batzuk aztertu ondoren. Hona bere txostenetik hitzez hitz hartutako hainbat gomendio:

  1. Gidoia bukatutakoan XUXEN zuzentzailea erabili, hiztegi batuarekiko egokitzapena nahitaezkoa baita.
  2. Tratamenduekin nahasterik ez izateko, PERTSONAIEN MAPA osatu. Mapa antolatu eta betearaztearen ardura gidolarien koordinatzaileak hartu beharko luke eta gero elkarrizketalariei banatu.
  3. Pertsonaia bakoitzak erabiltzen dituen lokuzioak, esapideak, biraoak eta hitz adierazgarriak ZERRENDETAN batu, pertsonaia bakoitzaren hizketaren karakterizazioa osatzen joateko. Ardura hori ere gidolarien koordinatzaileak hartu beharko luke.
  4. Elkarrizketa bat idatzitakoan, ANTZEZTEA komeni da, idatzitakoa entzun eta testuak behar dituen esklamazio, hots betegarri eta halakoen beharraz edo gehiegikeriaz konturatzeko.

             Neuk behintzat, gidoigileek jartzen dituztenak baino esklamazio edo “hots betegarri” gehiago eranstea komeni dela uste dut: esaldien tonua indartzeko “Ba”, “ala”, “pentsa”, “behintzat” bezalakoak uste dut hizketan gidoietan baino usuago erabiltzen direla.

  1. Aktoreak profesional trebatuak ez badira, EZ DA KOMENI ESZENA LUZEAK ERATZEA, bi orri aski izaten omen da. Aktore bakoitzaren gaitasunaren araberako testuak eratu behar dira, edo pertsonaia bakoitzaren karakterizazioaren araberako hitz-jariotasuna eta jarduna (zakarra, ironikoa, xaxatzailea, gozoa, xaloa, irekia, betizua, maleziatsua…)
  2. Ahozko hizkeraren espresibitatea areagotzeko zenbait modu ezagun :

1.- Adjektibo errepikatuak erabiltzea:

“Teresa oso triste zegoen bere etxeko andrea piperra baino zakarragoa delako” >

Triste-triste zegoen

      esan zezakeen, edo

piperra baino piperrago da

      edo

zakarra baino zakarrago da

2.- Esaldi ordenaren espresibitateaz baliatzea ere oso garrantzitsua da. Esaldiaren elementurik garrantzitsuenak aurreratu egin behar dira esaldian eta aditzaren aurreko tokiaren edo galdegaiaren espresibitateak hain zuzen ere ahozko mintzairan du indarra, inon izatekotan:

      Adibidez: “gauzak asko aldatu dira” esatea baino adierazkorragoa da:

asko aldatu dira gauzak!

orain ez dira lehengo kontuak!

      Gauza bera gertatzen da beste zenbait pasartetan ere, baina beti izan behar da gogoan, haserrezko egoeretan entonazioa altuagoa dela hasieran bukaeran baino, eta errazagoa dela hala esatea ere:

      Adibidez:

“Zerbait leporatu nahi badidak, jarri potroak eta aurpegira bota!”

      Hemen “esatea” zen axola zuena,

“Zertaz ari haiz? Zerbait leporatu nahi badidak, esaidak aurrez aurre, potrorik baduk!”

3.- Espresio ugaritasunaz eta ahozko espresabide arrunten aberastasunaz baliatu behar da testuan. Jakina, idazleak berak neurtu behar du zein egoeratan komeni den tonu bat ala bestea, pertsonaiari ba al dagokion “ariera” edo hizketa taxu hori ala ez. Baina gidoiei gatza eta piperra erantsi, mintzatzeko molde neutroegia izan ez dadin.

      Adibidez

Julen.-     Zer, ez zara ni ezagutzeko gai, ala?

Teresa.-   (harriturik) Julen?

Julen.-     Baietz uste dut.

Teresa.-   Ez zaitut ezagutu (musu ematen dio

Julen.-     Zer, ez nago ezagutzeko moduan, ala?

Teresa.-   (harriturik) Julen?

Julen.-     Baietz uste dut.

Teresa.-   Ez dizut antzik ere eman!

Elkarrizketalarientzako ohar hauek oinarrizkoak direla uste dugu, beti kontuan hartzekoak. Abiapuntu horretatik aurrera bidea luzea da, eta lan handia dago egiteko. Nire ustez, puntu hauei erreparatzen hasteko ordua dugu:

1.- Hizkera kolokiala zertan den eta zer-nolakoa izan behar duen fikziozko euskara kolokialak

2.- Erregistroak lantzen segitu beharra dago.

3.- Tradizioan izan ditugun idazle, bertsolariek… zer baliabide eta nola erabili dituzten ikertu beharra dago. Seguru, asko daukagula ikasteko.

4.- Idatzitik ahozkora jauzia eman eta ahozko hizkera definitzen eta finkatzen joan behar dugu.

5.- Irizpideak bateratzen.

6.- Behin eskatzen hasita, produkzio gehiago eskatuko nuke: Eginez baino ez baitugu ikasiko.

Hizkuntzaren zuzenketa zertarako

Laburbilduz: Ikus-entzunezkoetan, ahozko kanala erabiltzen da komunikatzeko, eta ez idatzizkoa; horrek ondorio linguistiko jakin batzuk ditu. Baina edozein egoera komunikatibo osatzen duten gainerako faktoreek ere zehazten dute hizkuntzaren erabilera medio horietan, hala nola gaiak, solaskideek nahiz komunikazioaren asmoak eta helburuak. Gaiak askotarikoak izaten dira (albistegiak, futbola, politika, entretenitzekoak, etab.), eta asmoak ere denetarikoak (informazioa, heziketa, salmenta…), eta, gero eta gehiago: espazio bakoitzean zein hartzaile-klase komeni den, harentzat egokitzen da. Hartzaile-klase hori potentziala da, ez erreala.

Nahiz eta egiten dugun programa egiten dugula ere ikusle-klase zehatz bat aukeratu, ez da ahaztu behar medioak iristen direla inguru geografiko guztietara, belaunaldi guztiengana eta komunitate soziolinguistiko eta kultural guztietara. Horrek esan nahi du igortzen diren mezuek ahalik eta hartzaile gehienek ulertzeko modukoak izan behar dutela. Horregatik, medio horientzat hizkuntzarik egokiena zabalduena da, ezagunena, komunitate linguistikoko hiztun gehienek onartutakoa, dialekto marka oso nabarmenik gabea eta txokokeriarik gabea. Hitz batean esateko, hizkuntza estandarra.

Ikus-entzunezkoetan erregistro-maila asko erabiltzen badira ere, hala eskatzen dutelako gaiek, solaskideek eta asmoek ere, horrek ez du justifikatzen hizkuntzaren erabilera linguistiko txar bat. Ez dira nahastu behar hizkuntza maila ez oso formala edo etxekoa eta akats linguistikoak.

Zalantzarik ez dago: hedabideetako hizkuntza da hiztun arruntaren hizkeran eraginik handiena duen hizkuntza eredua. Hedabideek erabilera ohiturak sortu eta zabaltzen dituzte. Beraz, hedabide guzti-guztiek, eta zehazki ikus-entzunezkoek, jende gehiagorengana iristen direlako, hizkuntza ongi erabiltzeko erantzukizuna daukate, hiztun guztientzat baliagarria izan dadin ulermenean eta ez nahasmenean.

Bukatzeko, Zuazo hizkuntzalariaren aipamentxo bat irakurriko dizuet:

“Sortzea da, hain zuzen, hizkuntza batek eten gabe egin behar duena, baina kontua da hizkuntza barruko aldakuntzak ezin direla ez goizetik gauera ez goitik behera gauzatu. Pixkanaka egin behar dira, eta Euskaltzaindiaren agiriak zioenez (1959koak), ‘hizkuntzaren joerak gordeaz’. Beste era batera esanda, senez eta zentzuz jokatzea komeni da”. (217. or.)