Hizkuntzalariak telebistagintzan
Artikulua PDFn.
Zer garen
Ezer baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiot EIZIEri, zuekin batera gogoeta egiteko aukera hau eskaini digulako.
Euskal Telebistaren barruan sail txikienetako bat da Euskara Saila, eta, hala ere, ez diote inori ematen Euskara Saileko kideoi baino izen gehiago: zuzentzaileak, Euskaltzaindia, euskaratzaileak, komisario linguistiko-politikoak, euskalariak. Berez, Euskal Telebistako kategorien zerrendaren arabera, hizkuntza-kalitatearen kontrolerako teknikariak gara, eta gure artean zuzentzaile erabiltzen dugu. Baten batek gainerako izenetako bat erabiliz gero, orduan ere erantzuten dugu, asmo oso gaitzesgarriarekin erabili arren, esate baterako, komisario linguistiko-politiko esaten digutenean.
Azken batean, izen-ugaritasuna zerbaiten seinale da: gure lana ez dela isila, ez dela oharkabekoa, ez garela ilunpetako zereginetan ari, eta, batez ere, gure bezeroentzat gure zebitzua ez dela hutsala, egungo kudeaketa-estandarretako hizkeran esanda. Batzuei arrotz egingo zaizue berba egiteko modu hori, baina zuen baimenarekin hala egiten jarraituko dut une batez, oso baliagarria baitzait gure lana zertan datzan azaltzeko.
Pentsa dezagun Euskal Telebista fabrika bat dela, eta haren produktua bideo-zinta bat dela, egun osoko programazioa grabatuta daukana. Zintako programazioa osatzeko ETB fabrikan hainbat jarduera bete behar dira, bakoitza lan-unitate batean. Zuzendaritza deritzon unitateak eskaintzaren diseinua egiten du: zer saio sartuko diren, zelan, zer ordutan. Albistegi unitateak informazioarekin loturiko saioak egiten ditu. Programa-hornidurako unitateak kanpoan egindako saioak erosten ditu, eta ETBn emateko prestatzen ditu. Programagintza unitateak fabrikan bertan egiten ditu saioak, era guztietakoak: lehiaketak, telesailak, magazinak... Banaketa unitateak programa guztiak hartu eta bideo-zintan jartzen ditu, behar den hurrenkeran eta behar diren tarteekin. Hedakuntza unitateak, azkenik, zinta hartu eta ikuslearen etxeraino eramaten du.
Eskema horretan —konturatuko zineten— behin ere ez dut aipatu Euskara Saila. Izan ere, Euskal Telebistako hizkuntzalariok esandako lan-unitateetan dihardugu, eta bakoitzaren lana unitateko produktura zuzenduta dago, alegia, parte bat gara produktu horren fabrikazioan, unitateko beste profesionalak bezala. Geure partea, geure ardura, hizkuntzaren kalitatea zaintzea da, baina garbi gera bedi parte edo ardura esaten dudanean ez dudala erantzukizuna esan nahi, ezta kezka ere. Izan ere, produktuaren gaineko erantzukizuna, bai eta kezka ere, unitateko profesional guztiok dugu alderdi guztietan. Hala, bada, albistegietako kazetariek, adibidez, testuak zuzentzea baino gehiago eskatzen digute hizkuntzalarioi; euren lanabesa —hizkuntza— behar bezain zorroztuta edukitzeko jotzen dute guregana. Telesailetan, aktoreak esan beharreko testua bere egiten laguntzeko eskatzen digu, eta platoan, grabatzeko unean, hizkuntzalaria funtsezko elementu bilakatzen da denentzat: zuzendariarentzat, hartualdia ontzat emateko erreferentzia garrantzitsua da; aktoreentzat, entonazioa egiaztatzeko, esanezinak arintzeko eta sinesgarritasuna kontrastatzeko pertsona da; eta produktoreentzat, kalitate-bermea.
Adibideak ematen hasi naiz, eta ia esanda utzi dut Euskal Telebistako hizkuntzalariok zein unitatetan dihardugun. Hirutan: programa-horniduran, albistegietan, eta programagintzan. Unitate bakoitzean fabrikatzen den produktua hain berezia izanda, gu ere espezializatuta gaude, nolabait esatearren.
Zer egiten dugun
Euskal Telebistako hizkuntzalari bakoitzak bere lan-unitatean diharduen arren, Euskara Sail bat badago, guztiz beharrezkoa baitzaigu koordinazioa, irizpide-baterakuntza, eta gaien azterketa eta ikerketa. Izan ere, telebistan zuzentzaile garenontzat gutxienekoa testuak zuzentzea da. Zuzentzen hasterako, fabrikatzen dugun produktuak zelako testua behar duen jakin behar dugu.
Guretzat ez dago adigai garrantzitsuagorik hizkuntza-aldaera baino. Hizkuntza-aldaerak —hizkerak, bestela esanda— azpikodeak dira, hizkuntza-kode osoaren barruko multzoak dira, komunikazio-egoera bakoitzak ezarritako eskakizunen arabera bereiziak. Komunikazioa arrakastaz gerta dadin, egoeraren eskakizunei behar bezala erantzuten dien hizkuntza-aldaera aukeratu behar da. Arrakastarik ezak, kasurik txarrenean, komunikazioa etetea dakar, eta ikusleak galtzea, telebistako saioei buruz ari bagara.
Ikuspegi horretatik, guretzat ez da erabilgarria euskara ona / euskara zuzena / euskara egokia bereizketa, bere horretan. Albistegi batean «gizonak egin dute» esatea txarto aritzea da, baina ez euskara txarra delako, edo euskara okerra delako, beste arrazoi bategatik baizik: albistegietan erabili beharreko hizkera euskara batu neutro eta erdiko mailakoa delako. Garbi dago «gizonak egin dute» esaldia ez dagoela euskara batuan, eta, beraz, ez lukeela tokirik izan behar Euskal Telebistako albistegietan.
Egokitasuna neurtzeko, era berean, ezin da irakurraldien proba erabili. Niri hamarka esaldi datozkit gogora, hizkuntza guztietan, den-denak egokiak baina ulertzeko bost eta sei aldiz irakurri behar izan ditudanak. Batzuk, ez ditut urteetan ulertu: «cogito, ergo sum», «la excepción confirma la regla», «ez du zentzurik gertatua gertatzeko probabilitatea kalkulatzeak», eta abar. Egokitasunaren ikuspegitik esaldiok ez dute aitzakiarik, ulertzeko ahalegin handia eskatzen diguten arren. Telebistan ez dute tokirik, esaldioi dagokien hizkera nekez erabiltzen baita telebistako programetan, eta, hain zuzen, hor dago egokitasunaren gakoa. Egokitasuna da aukeratutako hizkeraren eta komunikazio-egoeraren bat-etortzea. Testuak —testu hitza adierarik zabalenean hartuta— epaitzeko ez genuke beste irizpiderik erabili behar, alde batera utzita ona / zuzena / egokia sailkapen hirukoitza edo beste zernahi.
Euskal Telebistako hizkuntzalarion lanaren ardatza hizkerak dira: zein diren, zein dagokion edo zein dagokien fabrikatzen dugun produktu bakoitzari, eta, azkenik, zer hizkuntza-ezaugarri duen bakoitzak. Horiek hiru puntuak aztertuta, lan-unitateko lankideei ematen diegu gure azterketen berri, haien ikuspegiekin aberasten ditugu gure emaitzak, lankideei produktuaren hizkera-baldintzetarako trebatzen laguntzen diegu, eta, oso zeregin garrantzitsua: euskararen hizkerak bildu, landu, osatu eta sortu egiten ditugu, gure produktuetan dauzkagun premien arabera.
Hizkuntzalariak programagintzan
Batzuek pentsatuko duzue apologia egiten ari naizela. Ez. Ez dut deskribatu munduko beste hedabide batzuetan egiten ez denik, eta Euskal Telebistako hizkuntzalariok ez dugu aurkitu munduko beste gidoilari, elkarrizketalari eta erredaktore batzuek ez dakitenik. Funtsezko ideia oso erraza da: idazten hasi aurretik jakin behar dugu zer nahi dugun.
Telesail bat sortzen denean, esate baterako, ez da nahikoa pertsonaiak diseinatzea eta argumentuaren hariak asmatzea. Beste gauza asko ere pentsatu behar dira: xede-audientzia, emititzeko eguna eta ordua, atal-kopurua, atal itxiak ala irekiak, eta abar. Hori dena programa-proiektu deritzon dokumentuan biltzen da. Telebistako argotean, telesailen programa-proiektuari «biblia» esaten zaio. Funtsezkoa da bibliaren ataletako bat hizkuntzarekin lotuta egotea, dela jatorrizko ideian azalduta, dela berariazko kapitulu batean, dela pertsonaien deskribapenean. Euskal Telebistaren hiru produkzio nabarmen aipatzearren, Goenkale-n eta Hasiberriak-en, jatorrizko ideian landu zen hizkuntza-eredua, eta Ertzainak polizi telesailaren kasuan, bai jatorrizko ideian, bai pertsonaien deskribapenean.
Ertzainak Tentazioa ekoizpen-etxeak egin zuen ETBrentzat 1999. urtean. Telesailak bide berri bat urratu zuen Euskal Herriko telebistagintzan. Alde batetik, generoa —polizi generoa— inoiz erabili gabea zen euskaraz. Beste aldetik, sortzaileek gertalekutzat Bergara aukeratu zuten, bizkaieraren eta gipuzkeraren arteko mugan, hizkuntza-esparrua zabala izan zedin. Izan ere, oso asmo zehatza zeukaten hizkuntzaren erabilerarako, Ertzainak-en biblian jasota geratu denez: «Telesailaren estilo-nahiari begiratuz, errealitatetik gertu dabilela ohartzen gara, eta horrek hizkuntzaren tratamenduan sinesgarritasunari lehentasuna ematea eskatzen du». Pertsonaietako batzuk honela deskribatu zituzten. Mikel Arruti (Joseba Apaolaza): «Samuel baino hamar urte gazteagoa da. Urretxuarra. Familia jelkide batekoa [...]». Sara Mu-ozguren (Mireia Gabilondo): «Bergarakoa. Hogeita hamabost urte. Ezkondua dago. Bi seme-alaba ditu [...]». Alicia Gonzalez (Maiken Beitia): «Hogeita hamar urte. Gasteizkoa. Euskaldunberria. «Seguridad Ciudadana»ko agentea, uniformeduna. Mikelen andregaia [...]». Marisol Zarate (Ane Aseginolaza): «Berrogeita bat urte. «Patakon» tabernako jabea. Bere senarra duela hamabi urte joan zen [...]».
Pertsonaia batzuen hizkuntza-ezaugarriak bat zetozen haragiztatu behar zituzten aktoreekin, baina beste batzuenak ez. Ane Aseginolazak, idiazabaldarra izanik, bergarar tabernariarena egin behar izan zuen. Telesailean aritu zen hizkuntzalaria —Arantzazu Loidi bergarar familia baten alaba— galduta ibiliko zen, hizkuntza-tratamendua eta pertsonaiei zegozkien hizkerak ondo azalduta aurkitu izan ez balitu.
Oro har, programagintzan lan egiten duten hizkuntzalarientzat funtsezkoa da sortzaileek aldez aurretik pentsatzea hizkuntzarekin loturiko alderdiak. Asmo jakinik ez badago, nekez aberats daiteke beste ikuspegi batzuekin, nekez presta daiteke trebakuntzarik, eta nekez egin daiteke aurrelanik hizkerak lantzen eta osatzen.
Programa-proiektua
Orain arte, Euskal Telebistako hizkuntzalarion lanaren ikuspegi orokorra eman dut, eta adibiderako programagintzan zelan aritzen garen azaldu dut, oso azaletik. Nahita aukeratu dut adibidea, eta nahita eraman dut azalpena programa-proiektua deritzon dokumentura, nire hitzaldia hurrengo hitzaldi biekin lotu nahi dut eta: Beatriz Zabalondok elkarlanezko zuzenketaren gainean egin behar duenarekin, eta Ritxi Lizartzak euskara dramatikoaren gainean egin behar duenarekin. Hirurek batera hizkuntzalariok telesailetan egiten dugun lanaren ikuspegi osoa emango dizuete.
Gidoi batek hizkuntzaren aldetik huts egiten duenean, arrazoia programa-proiektuari lotuta egoten da gehienetan, edo asmoak ez direlako behar bezala azaldu —esplizituki zein inplizituki—, edo programako profesionalen batzuek ez dituztelako aintzat hartu proiektuan azaldutako asmoak.
Programa-proiektuaren oinarria jatorrizko ideia da. Hobeto esanda, telebistako saio baten oinarria jatorrizko ideia da. Jatorrizko ideiak hitz gutxitan ematen du programaren berri, ezaugarri behinenak aipatuz. Ezaugarri batzuk, baina, jakintzat ematen dira, eta horregatik esan dut lehenago asmo batzuk inplizituki azaltzen direla. Horrelako asmo inplizitu bat Euskal Telebistak ETB-1erako agintzen dituen telesail guzti-guztiei dagokie: programaren ingurune semiotikoa euskal hiztunen komunitatea da. Horrek esan nahi du telesailerako erreferentziak euskaldun-komunitateak ematen dituela.
Zenbait gidoitan ez da kontuan hartzen zein den erreferentzia-emailea, eta hizkuntzalariok hainbat ohar egin behar izaten ditugu horrekin lotuta. Halako oharren adibide batzuk emanez, errazago ulertuko da zer esan nahi duen ingurune semiotikoak.
Lehenengo eta behin, pertsonaiak bataiatzeko, euskaldunok erabiltzen ditugun izenak erabili beharko lirateke: Jose Mari, Arantza, Ainhoa, Iker, Belen... Baztertzekotzat joko nuke «Iciar», eta horregatik gidoi batean aurkitu nuenean aldatzeko eskatu nuen, eta haren ordez «Itziar» edo «Ixiar» jartzeko. Beste gidoi batean, pertsonaia nagusien izenak bildu eta zerrenda hau atera zitzaidan: Silvia, Ana, Pablo, Bruno, Laura, Marina, Sergio, Carlos, Rosita eta Alvaro. Ez da oso sinesgarria halako koadrila bil daitekeenik euskal giroan.
Gidoi berean, toki hauek aurkitu nituen aipatuta: Malagara ezkontzea, oporretan joateko Paris, Erroma edo Karibe aldea aukeratu beharra... Beharbada, gehiegi esatea da, baina ematen du munduari Madriletik begiratzen zaiola, eta ez Bilbotik edo Iruñetik.
Ingurune semiotikoarekin lotutako beste arazo bat kultur ezagutzei dagokie. Euskaldun-komunitatearentzat egiten den serie batean kultur ezagutzak komunitate horren hizkuntzan aipatu beharko lirateke, alegia, euskaraz.
Amona.- «Derecho romano»: hau ez al da Xabier Arzalluzek erakusten zizuena?
Eli.- Gauzak ez daude hain gaizki ere. Edo «comida basura» zakarrontzia bilatu beharreko janaria dela sinistu duzu?
Adibide bi baino ez dira, niretzat oso larriak, biek baitute euskal ordain arrunta: «erromatar zuzenbidea» eta «zabor jana». Hain gauza errazak euskaraz ematea lortzen ez badugu, nekezago lortuko dugu hain arruntak, edo hain finkatuak, edo hain errazak ez diren ezagutzak euskaraz ematea, eta gurpil zoro batean sartuko gara, halakoak entzunaren entzunez eta erabiliaren erabiliz bakarrik bihur baitaitezke arrunt. Ez genituzke indarrak sakabanatu behar, behin «Hook kapitaina», behin «Kako kapitaina», behin «Garfio kapitaina» erabiliz. Hala jokatuz gero, euskaraz galdutzat jo dezakegu kultur ezagutza hori. Badakigu ondorio tamalgarria zein den: euskaraz txiste bat edo hitz-joko bat sortu nahi denean, edo gauza barregarriren bat esan nahi denean, gaztelaniara jotzea.
Xxxxx.- Haietako bolada batean liburuak erosteagatik eman zidan. Eta lehenengo erosi nuen liburua izan zan Cómo comprar en las rebajas y no perder la cabeza. [...] Eta denetako liburuak daude. Eta liburuak denetarako. Begira. Esate baterako, jenio txarra daukazula? Orduan erosi Cómo superar el mal genio. Ederra liburua. Edo txikia sentitzen zerala, tapoi bat? Ba, badago liburu bat oso ona: Cómo crecer 15 cm de manera absolutamente natural.
Ahoskera eta ahoskera-arazoak ere erreferentzia-emailearekin zuzenki lotuta daude. Euskaldun baten ahotan ez da sinesgarria «txat» esateko arazoa izatea, euskaldunok neke barik ahoskatzen baititugu «bat», «bart», «dit» eta «blaust». «Txas» gaztelaniaren ohitura fonetikoak baizik bereganatu ez dituen hiztunak esango luke. Hortaz, euskarazko gidoi batean lekuz kanpo dago honelako elkarrizketa bat:
Biloba.- Bai, txat esaten zaie.
Amona.- Hori da, «txasak».
Ingurune semiotikoa zer den eta zer garrantzi duen argitu dudalakoan, beste adibide bat baino ez. Telesail bateko fikziozko munduan pertsonaien hizkuntza euskara izanda, ez du zentzurik pertsonaietako bat euskaldunberria izateak, ez, behintzat, programa-proiektuan berariaz esaten ez bada Euskal Herriaren errealitatea islatu nahi dela, Ertzainak seriean bezala. Bestetik, telesaileko fikziozko munduan hizkuntzaren normalizazioa arazoa ez bada, artifizio hutsa da pertsonaiek aparteko kezka edo arreta agertzea hizkuntzaren gainean, Euskal Herri honetan bizi garenok egiten dugun bezala.
Mikel.- Eta hau udaletxea da, beno, hemen herriko etxea esaten da. Eta politikariak egoten dira. Gure alkatea Iñaki Lekuona da. Oso-oso euskalduna, oso-oso jatorra. Eta beti-beti lanean egoten da.
Gehiago zehaztu behar da
Gidoi batek bete beharko lituzkeen ezaugarri asko atera ditugu inplizituki esanda dagoenetik, baina hori ez da nahikoa telesail baten hizkuntza-tratamendua zehaztutzat emateko. Hizkerak esplizituki aipatu behar dira.
Lehenago Ertzainen adibidea eman dut. Hizkerak pertsonaien deskribapenetan zehaztu ziren batik bat. Hasiberrien biblian, ostera, seriearen jatorrizko ideian aztertu zen hizkeren arazoa, esanez Goenkaleren kimu honek giro berria -hiri handi bat, Donostia- eta pertsonaia nagusi berriak —unibertsitatean ari diren gazteak— ekarriko zituela, eta horrek hizkeran ere ukitu berriren bat ekarri behar zuela —kaleko hizkera gaztea—.
Euskal Telebistari aurkeztu zaizkion proiektuetan beti ez da kontuan izan alderdi garrantzitsu hau. Gogoan dut pantailara heldu ez zen gidoi bat, hizkeren aldetik korapilatsu samarra zena, eta, hala ere, berariazko azterketa egina ez zuena. Gidoi hartan medikuntzako hizkera, ospitaleetako argota, eta sendabelarren munduko berbakera azaltzen ziren. Jakina, programa-proiektuan ezin da hizkera bakoitzak nolakoa izan behar duen deskribatu, baina halako hizkera bereziak erabili behar direla zehazten bada, elkarrizketak idazten hasi aurreko lana egin dezake hizkuntzalariak, esamoldeak, hitzak, egiturak bilduz, euskarazko ordainak emanez, eta abar. Gidoi hartan igartzen zen alde horretatik elkarrizketalariari ez zitzaiola batere lagundu, eta haren esku utzi zela den-dena asmatzea idatzi ahala.
Gidoiak idazten hasi aurretik, beraz, funtsezkoa da, lehenengo, sortzaileek oso garbi jakitea zelako hizkuntza-tratamendua nahi duten, eta hori idatziz azaltzea, eta, bigarrenik, erabili nahi diren hizkerak aldez aurretik lantzea. Horrez gainera, bada beste gauza bat, oso funtsezkoa: berdin ulertzea denok zer den hizkuntza-aldaera, eta berdin ulertzea denok zelakoak izan behar duten telesailean erabiliko diren aldaerek.
Demagun telesail batean kutsu kolokiala eman nahi zaiola hizkerari. Hizkuntzalari baten laguntzarekin, esamolde batzuk, hitz batzuk eta egitura batzuk prestatu dira elkarrizketalarientzat. Honaino ondo. Gauzak ez lirateke hain ondo joango, baina, halako batean elkarrizketalariak honelako gauza bat idatziko balu.
Esti.- Hala ere, Txema onartu beharra daukat, zu zoragarri zaudela, beti bezala. (Bi muxu emango dizkio TXEMAri) Aio, politte.
Zergatik «aio, politte»? Hizkera kolokiala delako? Garbi dago hori idatzi duenak eta nik ez dugula berdin ulertzen zer den «kolokiala». Batetik, hizkera kolokiala erabiltzeak ez du esan nahi batuan egin behar ez denik, ezta ahoskera zaindua erabili ezin denik ere. Telebistarako eta zinemarako produkzioen kontsumitzaile bazarete, konturatuta egongo zarete askotan hizkera kolokialaren eta neutroaren arteko aldea hiztegian eta sintaxian baino ez dagoela, hots, hizkera kolokialaren kolorea emateko, nahikoa izaten dela hitz eta esamolde jakin batzuk erabiltzea, eta esaldi bakunago eta arinagoetara jotzea. Izan ere, ikus-entzunezko hizkuntzak ez du zertan izan bizitza errealeko hizkuntzaren ispilu. Bestetik, elkarrizketalariak oso gogoan izan behar du bere eskuetatik irteten den gidoia ez dela inoiz behin-betiko bertsioa izaten, beste esku batzuek ere hartzen baitute parte; eta oraingo honetan ez naiz zuzentzaileaz ari, aktoreez baizik.
Baliteke balizko serie hau asmatzean ahoskera lasaiagoa nahi zela pentsatzea, hizkerari kutsu kolokiala ematen laguntzeko. Horretarako, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Ahoskera Zaindua deritzon arauan begiratu besterik ez dago, maila zaindutik beherakoa zer den jakiteko, harmonia bokalikoak egitea, adibidez: etxea (zaindua) > etxia (beheragokoa). Martin telesailean horrelako zerbait egin nahi izan zen. Ez gara hipotesi hutsetan ari, beraz.
Halako kasuetan zelan jokatu behar du elkarrizketalariak? Testua normal idatzi behar du, jakina, bitxikerietan jausi barik. Ez du zentzurik gidoian «politte» anekdotiko eta asistematiko bat jartzeak. Testuari ahoskera lasaiagoa ematea beste une batean landu behar da: gidoia aktorearen eskuetara heltzen denean. Izan ere, egokiena da aktore bakoitzak bere ohitura fonetikoen arabera molda dezala testua, hizkuntzalariaren laguntzarekin. Martin-en, esaterako, gidoiak modu estandarrean idatzita egonda, oso ondo asmatu da aktore bakoitzak zelan eman bere ukitua, ahoskera zaindutik gehiegi urrundu barik.
Amaitzeko, euskarazko gidoien gainean ari garenez, ezin dut aipatu barik utzi beste alderdi garrantzitsu bat, programa-proiektuan zehaztu beharko litzatekeena: tratamenduak.
Gidoi askotan nahaste handiak aurkitu ditugu, elkarrizketalarien esku utzi delako tratamenduak finkatzea. Hori aldez aurretik finkatu behar da, eta, ahal dela, pertsonaien mapa baten bidez. Grafiko eskematiko batean pertsonaia guztiak eta pertsonaien arteko harremanak irudikatuz gero, askoz errazagoa da hika ala zuka egin behar duten zehaztea, eta, gainera, modu kongruenteagoan zehatz daiteke. Behin zehaztuta, grafikoan bertan adieraz daiteke zein kasutan erabiliko den hitanoa, elkarrizketalariak begien aurrean izan dezan idazten ari den bitartean.
Laburbilduta. Telesail baten elkarrizketak paperean ipintzen hasi baino lehen, ondo pentsatu behar dira hizkuntzari buruzko xehetasunak, batik bat zein hizkuntza-aldaera erabiliko diren. Ikus-entzunezko hizkerak ez dira ahozko hizkeren berdinak ezaugarri guztietan, testuaren sorkuntzan jartzen den ardura eta arretaren ondorioz, eta testu horrek bete behar duen zereginaren ondorioz. Testuak, gainera, ez du sortzaile bakarra, besteak beste, aktoreen eta zuzendariaren premiei erantzuten diela ziurtatu behar da eta.