Zuzenketen Kudeaketa eta Hizkuntz Zerbitzuak
Artikulua PDFn.
Euskararen kalitatearen inguruko kezka eta eztabaida bizi-bizirik dagoen garai honetan, hizkuntz zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa, erakunde eta profesionalek erantzukizun handia dute. Kalitatea zaintzeko eginkizun behinenetakoa da zuzenketa, eta zer, zergatik eta nola zuzentzen den albait ongien hausnarturik eta antolaturik edukitzea eskatzen du, ardura horri behar bezala erantzungo bazaio. Artikulu honetan, Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuek zuzenketen kudeaketan duten esperientzia eta ikuspegia azaltzea da gure helburua.
Elhuyarren zer egiten dugun, zer zerbitzu ematen eta eskaintzen ditugun azaldu nahi dugu aurrena, eta, zerbitzu horien kalitatearen barnean, erakutsiko dugu zerbitzu horien atal garrantzitsu bat dela hizkuntz kalitatea; garrantzitsua, baina ez bakarra.
Zer da, baina, hizkuntz kalitatea? Denok berdin ulertzen ote dugu? Horren inguruko gogoeta labur bat egin dugu, horri buruz han-hemen dauden definizioak ikusi, ulertzen saiatu eta ondorioak atera ahal izateko.
Elhuyarrek ematen dituen zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta ziurtatzeko egiten dugu testu-zuzenketa. Eta hori nola egiten dugun eta nola kudeatzen dugun azalduko dugu azkenik. Horretarako, lan-fluxuaren azterketatik abiaturik, langintza hori nola antolatu dugun eta zuzenketa bideratzeko eta kudeatzeko zer prozedura eta mekanismo ditugun adieraziko dugu, baita jardun horretan zer arazo ditugun ere.
1- Hizkuntz zerbitzuak Elhuyarren
Elhuyar Fundazioaren Hizkuntz Zerbitzuen Sailak bi bezero-mota nagusi ditu. Bateko, kanpo-bezeroak, hau da, Elhuyartik kanpo dauden pertsona eta erakundeak. Haientzat egiten dira kanpo-zerbitzuak. Besteko, barne-bezeroak, hau da, Elhuyar barneko beste sailak. Haientzat egiten dira barne-zerbitzuak.
1-1 Kanpo-zerbitzuak
1-1-1 Itzulpengintza
Kanpo-zerbitzuen arloan, itzulpengintza da, kuantitatiboki, nagusia. Elhuyarren itzulpengintzak oso esparru zabala hartzen du, bai gaien aldetik, bai tamainen aldetik, bai dokumentu-formatuen aldetik, bai itzultzeko epeen aldetik ere.
- Gaia: zientzia eta teknologiako gaiak (Lanbide Heziketarako materialak, unibertsitaterako liburuak, industria-enpresak eta zentro teknologikoak, museoak, software-lokalizazioak...), administrazio- eta marketin-gaiak (finantza-erakundeak, zerbitzu-enpresak) eta orotariko gaiak
- Tamaina: termino tekniko batetik edo perpaus huts batetik milioika karakterez osatutako itzulpenetaraino
- Formatua: testu-prozesadore arruntetan idatzitako testuak, maketa-programetan txertatutako testuak, PowerPoint-eko aurkezpenak, web guneak, software-lokalizazioetarako formatu bereziak...
- Epea: era guztietakoak; minututan itzuli beharrekoak, ordu batzuetan itzuli beharrekoak, egun batzuetan itzuli beharrekoak, hilabetetako lanak (lokalizazioak, liburuak) eta urtebete baino gehiagoko itzulpen-lanak (unibertsitate-liburuak)
1-1-2 Zuzentze-zerbitzua
Itzulpengintzatik sortua baina dagoeneko bereizia dagoen zuzentze-zerbitzu espezifikoa: Elhuyartik kanpo itzulitako testuak orraztea zein jatorriz euskaraz idatzitako testuak zuzentzea da zerbitzu horren egitekoa. Hainbat zuzenketa-zerbitzu eskaintzen dira, bezeroak eskatutakoaren arabera: orrazte hutsa, zuzenketa sakona, zuzenketa didaktizatua, egilearekin batera egindako zuzenketa...
1-1-3 Hizkuntz kontsultak
Elhuyar Fundazioaren www.zientzia.net atariko Euskara Teknikoa: zure galdera bidali atalean, eta www.elhuyar.org web guneko Hizkuntz kontsultak atalean, irakasleek, ikasleek, enpresetako teknikariek edo nahi duenak egindako galderei erantzuten zaie. Horrekin batera, beste maila batean, Itzulist-eko kide aktiboa da Elhuyar (Itzulist-en, jakina, ez du Elhuyarrek erantzuten, Elhuyarko kideek baizik, baina Elhuyarren erantzun 'ofiziosoak' dira, Elhuyarrek onartua baitu Itzulist-en egiten diren galderei erantzutea, ahal duen heinean behintzat).
1-1-4 Hiztegi-kontsulta eta bestelako lan puntual espezifikoak
Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia (www.euskadi.net) eta Zientzia eta Teknologiaren Hiztegia (www.zientzia.net) hiztegiak Interneten kontsultagai jarri ditu Elhuyarrek. Eta lan puntual batzuk ere egiten ditugu: irakasleentzako ikastaro bereziak, azterlan espezifikoak...
1-1-5 Produktuak
Enkarguz egindako hiztegi teknikoak, beste erakunde batek argitaratzekoak (Ingurugiro Hiztegi Entziklopedikoa, Energiaren Hiztegi Entziklopedikoa, Gizarte-laneko Hiztegia, Telekomunikazio Hiztegia, Enpresa Kudeaketa Aurreratuko Hiztegia).
Elhuyarrek berak argitaratutako hiztegiak: euskara-hiztegiak (Euskal Hiztegi Modernoa, Ikaslearen Hiztegia, Sinonimoen Kutxa), hiztegi elebidunak (Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco Elhuyar Hiztegia, Elhuyar Hiztegi Txikia, Dictionnaire Elhuyar hiztegia...), hiztegi teknikoak (Geologia Hiztegi Entziklopedikoa, Munduko ugaztunen izendegia, Munduko hegaztien izendegia).
1-2 Barne-zerbitzuak
1-2-1 Zuzentze-zerbitzua
Barne-zerbitzuetan, zuzentze-zerbitzua da nagusi. Elhuyarrek kanporatzen dituen testu ia-ia guztiak pasatzen dira zuzentze-zerbitzutik. Elhuyarren Zientzia Komunikazioaren Sailean (Elhuyar aldizkaria, Zientzia.net, Zernola.net eta BasqueResearch.org atariak; Teknopolis telebista-programa; kanpo-aldizkarietarako kolaborazioak) eta Argitalpenen Sailean (liburuak, CD-ROMak, jokoak) sortzen diren testu guztiak zuzentzen dira eta zuzenketak idazleari jakinarazten zaizkio, hau da, zuzenketa didaktizatua egiten da. Bestalde, kanpo-zerbitzuetako itzulpengintza (ikus 1-1-1 Itzulpengintza) atalean itzultzen diren testuak ere zuzendu egiten dira.
1-2-2 Hizkuntz kalitateko irizpideak
Testuak zuzentzeaz gainera, lan bat egiten da arazoak detektatu, gaiak landu eta irtenbideak bilatzeko, hizkuntz estiloa landuz joateko eta, gero, estilo eta jarraibideak Elhuyarko zuzentzaile, itzultzaile eta testu-idazle guztiei jakinarazteko.
1-2-3 I+G unitatea: hizkuntz-teknologiak
Atal berria da. Ikerketa aplikatua eta garapena egiten da, baliabideen zein tresnen alorrean: corpusak, corpusgintza-tresnak, corpusetatik edo testuetatik informazioa erauzteko tresnak (terminologia-erauzketa, corpus elebidunen ustiapena...), hiztegigintzako datu-baseak... EHUko IXA taldearekin lankidetzan dihardugu, eta, Hizking21 proiektuan, beste zenbait erakunde eta talderekin (EHUko Aholab taldea, Vicomtech, Robotiker).
1-3 Zenbait datu
Hamazortzi itzultzaile, 4 hiztegigile eta 6 zuzentzaile ari gara Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuetan lanean. I+G unitatean, 5 lagun ari dira egun osoz, eta 3 egun-erdiz.
Zuzentzaileok, betez beste, 55.815.815 karaktere zuzentzen ditugu urtean:
- Kanpoko bezeroek eskatutako itzulpenak: 42.923.976 karaktere
- Kanpoko bezeroek eskatutako zuzenketak: 5.036.126 karaktere
- Elhuyarren argitalpenak: 7.855.713 karaktere
2- Hizkuntz kalitatea
Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuen Sailean askotariko produktuak eta zerbitzuak daude, aurreko atalean ikusi den bezala. Zerbitzu horietan kalitatea lortzea da gure helburua, eta zerbitzuen kalitatearen esparru horretan kokatu behar da hizkuntz kalitatea.
Bezeroari begira antolatutako estrategia darabilen erakunde batean, zerbitzua kalitatekoa izatea 'bezeroa gogobetetzea' da, hau da, bezeroak zerbitzua ona eta kalitatekoa dela hautematea, zerbitzu horrengatik zenbat ordaindu duen kontuan hartuta.
Kalitatearen definizio horrek arazoak sor ditzake, gaur egun Euskal Herrian bezero batzuek euskararen kalitatea hautemateko dituzten irizpideak edo irizpide falta kontuan hartuta. Horrek esan nahi du zenbaitetan Elhuyarrek berak epaitu behar duela bere zerbitzuaren kalitatea, bezero batzuek ez baitute beren produktuetako euskararen kalitatea zuzenean neurtzen, eta Elhuyarrera jotzen baitute Elhuyarrek zerbitzuaren kalitatea bermatuko duelakoan. Horrek guztiak behartzen gaitu geure lana etengabe epaitzera, baita bezeroak hori kontrolatzen ez duenean ere.
Zerbitzuaren ontasun edo kalitate hori deskribatu edo definitzeko orduan, kalitatearen bi osagaiak agertzen dira: 'teknikoa' eta 'funtzionala'. Kalitate teknikoa da, hizkuntz zerbitzuen alorrean, hizkuntza kalitatekoa izatea. Bestetik, kalitate funtzionala ere ezinbestekoa da, hau da, ez da nahikoa kalitateko hizkuntza izatea bezeroa gogobetetzeko. Zerbitzu osoa hartu behar da kontuan, eta, hortaz, inguruko faktore osagarriek ere garrantzia dute.
Zerbitzuaren kalitatea nolabait parametrizatzeko, xehatu ahal izateko, eta, ahal izanez gero, neurtzeko, adierazleak daude. Zerbitzuaren kalitate teknikoa esatea, gure kasuan, hizkuntz kalitatea esatea da, neurri batean subjektiboa izango dena. Kalitate funtzionalaren adierazleak, berriz, hainbat dira, objektiboagoak: salneurriak, epeak betetzea, bezeroaren formatuak (papera, dokumentu elektronikoa, web gunea, ahozko testua), saldu osteko zerbitzua...
Kalitate funtzionala alde batera utziko dugu, ez baitu zerikusirik zuzenketekin. Kalitate teknikoan, hau da, hizkuntz kalitatean, jarri behar da arreta, eta hura definitzen saiatu, ondoren, hura lortzeko baliabideak eta prozedurak antolatu ahal izateko.
Hizkuntz kalitatearen orotariko ikuspegi edo definizioa behar da, jakina, baina ez da ahaztu behar, hizkuntz zerbitzuak eskaintzen dituen erakunde batean hizkuntz kalitatearen bezeroaren araberako ikuspegia ere badagoela; alegia, bezeroak bere hizkuntz irizpideak betetzea eska dezake, eta irizpide horiek aldatu egin daitezke bezerotik bezerora (gehienetan, lexiko-aukerak izaten dira)[1].
Hizkuntz kalitatearen inguruko kezka, euskararen kalitatearen kezka, ez da berria, eta hainbatetan plazaratu dira hari buruzko iritziak (Mendiguren, Sarasola, Amunarriz, Garzia, Larringan...). Gehienetan, Larriganek dioenez, 'diskurtso katastrofista' nabari ohi da (Larringan, 66. or.)[2]. Baina hizkuntzaren kalitateari buruzko kezka, baita antzeko ikuspegia izatea ere, ez da euskararen ezaugarria. Oso ezagunak dira, adibidez, duela gutxi zendu zen Fernando Lázaro Carreter akademikoak gaztelaniaren kalitatearen galerari buruz idatzitakoak (El Dardo en la Palabra). Hona hemen beste hizkuntza bateko ale bat, L. Meney irakasleak Quebec-en erabiltzen den frantsesaren kalitateari buruz duen iritzia eta kezka:
«La situation est-elle pour autant satisfaisante? Malheureusement non. Dans les principaux secteurs de la société la situation est moins bonne que dans les autres pays francophones. Ë l'école, la qualité du français du personnel administratif et du corps professoral est insatisfaisante. L'enseignement de la grammaire est vu comme un pensum plutôt qu'un moyen de développer les compétences en analyse. Le goût de la lecture n'est pas assez développé ; l'étude du vocabulaire, trop négligée ; celle de textes mal écrits, trop répandue ; la part de la littérature française, trop réduite ; la correction de la langue dans les cours autres que le français, trop negligée. Les médias collectionnent fautes de syntaxe, anglicismes grossiers, erreurs de niveaus de langue, maladresses de style. La télévision donne la part belle aux téléromans dont la langue, par nature familière, est bourrée de fautes.»
Lionel Meney, Université Laval (Québec), Le Droit, 2004-01-26
Gaur egungo euskararen kalitateaz jardutean, euskaltzale askok sinatuko lituzke, seguru asko, horrelako baieztapenak. Askoren mina txoroen atsegina, dio esaerak, eta auzo-erdara handiek ere arazoak izatea ez da inola ere kontsolagarria. Euskararen kalitateaz kezkatu ahal izateko, ordea, kalitate hori zer den ondo definitu eta zehaztu behar da. Ez hori bakarrik. Nola neurtu ere jakin beharko genuke, nola ebaluatu eta nola zehaztu kalitate-adierazleak. Eta, azkenik, nola lortu.
2-1 Kalitateko euskara definitzen
Hizkuntzaren kalitatea zer den aztertzerakoan, aditu gehienek aipatzen dute, lehenik eta behin, kontzeptua labaina dela, eta zehazten zaila. Horren isla da hurbilketa bat baino gehiago izatea:
«Comment alors aborder objectivement la qualité de la langue? La qualité de la langue est en effet une notion fluide, difficile à saisir. ... Définir la qualité n'est pas tâche facile. ... Comment en effet parler de la qualité sans porter de jugement, sans faire acte de prescription? La qualité est affaire de perception, mais elle repose tout de même sur des bases linguistiques. Tout locuteur d'une langue porte des jugements sur sa langue. ... Mais ces jugements sont-ils fondés linguistiquement?». (Meney)
«Asko hitz egin eta idatzi da kalitateaz, baina nago, oso ikuspegi desberdinak ditugula kalitatearen inguruan. Zalantzarik gabe hauxe da argitu beharreko lehen puntua: zeri esaten diogu kalitatezko hizkuntza?» (Amunarriz)
«Kalitate nozioa, ..., nahiko korapilotsu eta konplexua da. ... Izan ere, guztiak ez datoz bat kalitatearen iturriak seinalatzerakoan. Batzuen ardurak linguistikoak izaki, gramatika zuzentasunaren arabera erabakiko dute kalitatea; beste batzuek, alderdi estilistikoei egingo die arreta (idazkuntzari, idatz tankerari, erabilitako adierazpideei...); beste batzuek, estandarizazioari begira epaituko dute kalitatea.» (Larringan)
Nolanahi ere den, hizkuntzaren kalitateaz egin diren gogoeta zein ikerketak aztertuta, esan daiteke joera edo ikuspegi bat argi nabarmendu dela azken hamarkadetan: hizkuntz kalitatea ezin da hizkuntz 'zuzentasunarekin' parekatu, ezin da gramatika-arauen betetze hutsa izan; horrez gain, kalitateak hizkuntzaren erabilera errealarekin erlazionatuta dauden alderdiak ere hartu behar ditu bere baitan. Alderdi horiek zein diren, eta elkarren artean nola erlazionatzen eta antolatzen diren, ikerkizun da gaur egun ere, eta hor ere ikuspegi bat baino gehiago dago. Gurean ere, 'arau komunikatiboak' (J. Garzia), 'egokitasuna' (Zubimendi, Sarasola...), 'diskurtso-estrategia' (Larringan), 'komunikazio egoera bakoitzak eskatzen dituen baldintza eta baliabide linguistikoak' (Amunarriz) eta abar jaulki dira.
Kalitatea definitzeko egin diren saioetarik, Amunarrizek emana ekarri nahi genuke hona:
«Kalitatezko euskara da, mendez-mende hizkuntzaren egitura osatu duen senari jarraiki, eta usadioak, hiztunek eta hizkuntza erakundeek osatu duten hizkuntz ondare osoa aintzat harturik (euskara batua, euskalkiak, hizkera bereziak, historikoak...), hiztun-elkarteari egunez egun sortzen zaizkion komunikazio beharrei jarrera beregain, ireki eta malgu batetik erantzuten diena eta hiztun bakoitzak egoera komunikatibo bakoitzean dituen behar linguistikoak asetzen dituena.»
Argi dago definizio horrek gramatika edo 'hizkuntzaren' esparrua ('sistematzat' hartua) gainditu eta komunikatibotasunerantz egiten duela. Ikuspegi horretatik, hizkuntz kalitatea aztertzerakoan, hizkuntz sistema bera ez ezik, sistemaren erabilera ere hartu behar da kontuan (hau da, hiztunak zertarako darabilen hizkuntza, eta nola darabilen). Bitasun hori bat dator, gure ustez, 'hizkuntz gaitasunaren' (Chomsky, 1965)[3] eta 'komunikazio-gaitasunaren' (Hymes, 1972) arteko bereizketarekin[4].
Komunikazio-gaitasunaren kontzeptuak zenbait gaitasun hartzen ditu bere baitan, eta horietako bat da hizkuntz gaitasuna[5]. Horrez gain, gaitasun pragmatiko/diskurtsiboa, gaitasun soziolinguistikoa eta psikolinguistikoa bereizi ohi dira.
Beste hainbat hizkuntzatan bezala, euskararen kasuan ere hizkuntz irakaskuntzan izan du komunikazio-gaitasunaren kontzeptuak eragin handia. Arazoa da, ordea, komunikazio-gaitasunaren osagaiak zehaztea eta sistematizatzea, edo, hizkuntz kalitatearen ikuspegitik adierazita, Amunarrizek ezartzen dituen kalitate-ezaugarriak noiz betetzen diren ebatzi ahal izatea: hiztunaren komunikazio-beharrei erantzutea eta hizkuntz beharrak asetzea.
Horrek guztiak lotura du kalitateko euskara zer den zehazteko egin izan den euskara zuzen, on eta egokiaren arteko bereizketarekin. Ibon Sarasolaren hitzetan (1998), «Hizkuntza zuzena hizkuntzaren arauak betetzen dituena da.» Zer dira, ordea, hizkuntzaren arauak? Sarasolak berak ohartarazten duenez, euskara zuzena «Euskaltzaindiaren hasierako arauekin nahasi da askotan». 'Nahasi' direla dio, gauza bera ez direla uste duen seinale. Euskara zuzen eta onaren artean ere nahasi egiten garela esatean, euskara zuzena estandarrarekin berdindurik ageri da:
«Bestalde, euskara zuzena eta euskara ona nahasi genituen, eta nahasten ditugu. Gizonak egin dute euskara ona da, literatura tradizioko idazle bikain askok —bizkaitar eta gipuzkoar ia guztiek, gutxieneko kontuan— joskera hori erabili baitute; baina ez da euskara zuzena, estandarrak gizonek egin dute eskatzen duenez gero»
Beste adibide honetan, ordea, zuzentasuna sintaxiarekin dago lotua, eta 'ontasuna', lexiko-semantikarekin:
«Bilbon finkatu zen bere familiarekin esaldiak, aldiz, ez die arauei kontra egiten, baina euskara gaiztokoa da, hori euskaraz Bilbon kokatu zen bere familiarekin esaten delako. Hala ere, lehen esan dugunaren ildotik, gure zuzentzaileek lehena zuzentzen dute eta ez bigarrena»
Irudi luke, beraz, euskara zuzena estandarizazio-arauak betetzearekin eta zuzentasun 'gramatikal' hutsarekin dagoela lotuta. Zer litzateke, orduan, euskara 'ona'? Amunarrizek honela definitu du: «euskal senaren edo tradizioaren araberakoa.» Kalitatea definitzeko eta neurtzeko helburua duen sistema batean, 'euskal sena' ez da agian oso lagungarria izango, sen hori zertan den zehatz deskribatzen ez den artean behintzat. Tradizioaren ideia, berriz, baliagarriagoa izan daiteke, datu-multzo bat dela onartzen badugu behinik behin. Horretara, tradizioa corpus orekatu eta adierazgarrietan bilduta dauden datu linguistikoen azterketaren bidez deskriba liteke. Azterketa horren lehen urratsa, jakina, deskribatzea da. Hori da Euskaltzaindiko Gramatika Batzordeak EGLU sailean egin duena. Oro har, gure iritzia da tradizioarekin bat datorren euskara 'zuzena' dela, estandarrerako bestelako proposamenik ez dagoen artean bederen, eta orduan ere, estandarrarekiko litzateke 'ez-zuzen' edo 'oker'. Horregatik, guk nahiago dugu esan zuzentasuna hizkuntzaren arauen arabera eta estandarizazio-arauen arabera epai daitekeela.
Baina, gainera, 'araua' hizkuntzaren zein alderdiri dagokio? Arauaren ezartze-eremuak zehaztea, horra hor argitu beharreko puntua. Lehenik eta behin, gramatikari, morfosintaxiari, hitz batez, 'hizkuntz gaitasunari'. Alde horretatik, ortografia ez litzateke, sensu stricto, 'hizkuntz araua'; arau instituzional batek alda dezake ortografia, baina ezin du gramatika-araua aldatu (dena den, gramatika-araua argia ez denean edo bi gramatika-arau lehian daudenean, arau instituzionalak finkatu egin dezake erabilera jakin bat estandarrerako).
Eta zer esan lexiko-arauaz? Zein da euskal hitza eta zein ez? Hein batean, instituzionala izan daiteke, baina, berez, lexikoa tradizioak eta erabilerak finkatzen dute. Euskaltzaindiak 'euskal hitza' zer den definitu du:
«Euskal hitzak dira euskara bizian sustraituak daudenak» (1959)
«Euskara bizian sustraituak ez daudenak ez dira euskal hitzak, sustraitzen ez diren bitartean bederen» (1991)
Hiru irizpide emen ditu Euskaltzaindiak hitz sustraituei igartzeko: «Hitzaren hedadura, hitzaren antzinatasuna eta hitzaren erabilera idazle zaharretan». Horren arabera, euskaldunok gaur egun euskaraz erabiltzen ditugun hitz asko ez dira 'euskal hitzak' (baina, asko eta askotan, ez dugu beste hitzik izaten haien ordez erabiltzeko; Euskaltzaindiak berak adierazi zuen hori, agirian bertan). Lexikoari bi ikuspegitatik begira dakioke: ikuspegi deskriptibotik (Orotariko Euskal Hiztegia, adibidez), eta ikuspegi preskriptibo edo arau-emailetik (Hiztegi Batua, adibidez). Garbi dago Euskaltzaindiak euskal hitzaz emandako definizioak balio mugatua duela, eta errealitatea konplexuagoa dela. Adibidez, zer hitz jaso behar lituzke hiztegi batek? Euskaldunok erabiltzen ditugunak edo euskaldunok erabili 'beharko' genituzkeenak? Adibidez, atzerritarrentzat pentsatutako ingeles-euskara hiztegi 'erabilgarri' batek (ez batasunerako arau-emaile batek) zein hitz jaso behar luke, motxila ala bizkar-zorro, boligrafo ala bolaluma? Zer egin behar luke maileguak onartzeko gutxieneko baldintza betetzen ez duten baina egunero erabiltzen diren hitzekin? Euskara ikasten ari denaren lexiko-gaitasunaren barnean ez lirateke kontuan hartu behar lexiko-maila horiek? (euskaldun 'ikasiek' ongitxo dakite zer erabili non edo noren aurrean, hau da, estandarrerako proposatua edo lagun artekoa). Arazo zaila, jakina. Hona hemen, horren harira, Bernardo Atxagaren iritzia:
«Nik ikusi dut aurren-aurrena, idazten ari nintzen bezala, erresistentzia proba honetan, Euskal Herrian hizkuntzaren inguruan aspalditik dabilen mamua: mamu hori da garbizalekeria edo beste modura esanda, purismoa. Izanez ere, desesperatuta zaude proposatzen dizuten lexiko horrekin, neurri batean absurdoa dela konturatzen zara, ez daukala etorkizunik. Ondo lan egiten ez duen hizkuntza bat ez da ezertarako.» (Berria, 2004-04-16).
Bestalde, egokitasuna da kalitateko euskarak izan behar omen duen beste ezaugarria. Ikusiko dugunez, aski kontzeptu lausoa da. Honela definitu da egokitasuna:
«Euskaldun ikasiak lehen irakurraldian ulertzen duena» (Sarasola).
«Hizkuntza egokia da lortu nahi duen helburua lortzeko 'egokia' dena» (Garzia).
Lehen definizioak 'ulergarritasunari' begiratzen dio. Zaila da hori neurtzen, baina lotua egon daiteke, adibidez, azken urteotan perpaus-barneko osagaien ordenaz egin diren lan eta gogoetekin, esaldiaren luzerarekin, izen-sintagma denominatiboen dentsitatearekin ('terminologitisa'); baina, baita ere, estandarrerako proposatzen diren hitz berri 'ezezagunekin'. Tarte batez, irakurleak ikasi arte behintzat, gerta daiteke euskara estandarra óestandar teorikoaó 'egokia' ez izatea, benetako estandar bihurtu arte ez baita beti ulertuko. Hori esanda, ez dugu adierazi nahi estandarra bultzatzeagatik 'zerga' hori ordaintzea merezi ez duenik, kontuan hartu behar litzatekeela besterik ez.
Bigarren definizioa tautologikoa da, baina ideia bat iradokitzen du: zerbaitetarako da egoki, halako helburu bat lortzeko. Ikuspegi 'funtzional' hori, bistan da, lehen azaldu ditugun hizkuntzaren erabilera-alderdiekin dago lotuta, eta hainbat autorek landu dute (hizkuntzaren filosofian, hizkuntz ikaskuntza/irakaskuntzan, hizkuntzalaritzan...).
Beraz, esan genezake egokitasunak zerikusia duela komunikazio-helburuarekin, testuinguruarekin, parte-hartzaileekin, hizkuntz mailarekin, testu-mota edo egiturarekin, eta, oro har, hizkuntzaren erabileraren azterketetan kontuan hartu behar diren alderdiekin. Alor honetan asko dago ikertzeko. Gai zehatzetara jota, egokitasunaren alorreko ikergaiak dira, esaterako, hizketa-egintzen esakune konbentzionalak[6], diskurtsoaren antolamenduari dagozkionak[7], fraseologia (esapide idiomatikoak edo lokuzioak, kolokazioak[8]...). Nolanahi ere, azken urteetan zenbait alderdi landu dira, eta aipatzekoak dira, besteak beste, HAEEk administrazio-hizkeraren alorrean argitaratutako materialak, J. Garziaren Joskera Lantegi liburua, edo UEUk argitaratutako Zientzia eta Teknikarako Euskara liburua (M. Ensunza, J.R. Etxebarria, J. Iturbe), estilo-liburuak (Euskaldunon Egunkariarena, X. Alberdi eta I. Sarasolaren Euskal Estilo Libururantz...) edo EHUko I. Zabalaren eta J.C. Odriozolaren lanak.
Bestetik, bada egokitasunaren inguruko gai korapilatsu eta eztabaidagarri bat; izan ere, egokitasunarekin du zerikusia Bernardo Atxagak lexiko batu estandar ofiziala dela-eta agertu duen kezkak, gorago aipatu dugunak. Eta, bestalde, gerta daiteke egoera jakin batean euskara egokia eta funtzionala dena, beharbada, lexiko-arauekiko 'zuzena' ez izatea. Adibidez, maiz goraipatu da ETB1eko Goenkale telesailean erabiltzen den euskara, bizia, ulergarria eta egokia omen baita. Hona hemen azken egunotan Goenkaletik jasotako hainbat hitz eta esamolde: kaña sartu, aguantatu, tio, almazen, puenting, errifa, porkulo hartu, deakuerdo, traste puto hau. Zalantzarik gabe, euskara bizia da, bizidunen euskara alegia, Hegoaldeko gazte gehienen, eta ez hain gazteen, ahotan guztiz arrunta. Telesailaren gidoigileek edo arduradunek jakinaren gainean sartuko edo onartuko zituzten horrelakoak, zegozkiekeen forma estandar edo 'zainduek' bestelako efektua sortuko zutelakoan agian.
Horrenbestez, kalitatea definitzeko egin diren saioei begiratua egin diegu, hizkuntz zerbitzuak eskaintzen dituen erakundea izaki, ezinbestekoa baitugu gure egitekoan hizkuntz kalitatearen definizio albait argiena. Zein ondorio atera genezake?:
- Zuzentasuna eta egokitasuna dira, iritziak iritzi[9], eta oraingoz bederen, kalitatea definitzeko, neurtzeko eta bermatzeko erabilgarri ditugun irizpideak.
- Euskara zuzena zer den zehazten ahaleginduz gero, ez dirudi adostasunera iristea zaila litzatekeenik. Zuzentasuna neurtzeko, badira erakusgarri 'objektiboak': hizkuntz arauak eta estandarizazio-arauak. Beraz, 'arau-hausteak' defini daitezke, eta kalko gaitzesgarrien inbentario bat egin. Dena den, hurrengo atalean ikusiko dugunez, badira estandarizazio-arauen beharrean dauden gaiak.
- Egokitasuna zertan den zehaztea eta neurtzea, berriz, zailagoa da. Nola erabaki zer den 'egoki' eta zer ez? Ba ote dago 'arau' kontzeptua ezartzerik egokitasunean? Guk ezetz uste dugu (ez behintzat gramatikan deskriba daitezkeen arauen modukoak edo estandarizazioan ematen direnen modukoak). Bestetik, areagoko ikerketa behar da hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten alderdietan. Euskaraz pragmatikan eta diskurtsoaren analisian egin diren azterlanak ez dira oraingoz aski. Bada hor zer ikerturik.
3- Hizkuntz kalitatearen kudeaketa
Hizkuntz kalitatea bermatu ahal izateko, erakunde batek prozesu egituratu eta zehaztu bat ezarri behar du. Prozesu horretan, honako hauek hartu behar dira kontuan:
- Hizkuntz eredua
- Kalitatea bermatzeko prozesua zehaztea eta gauzatzea
- Pertsonak
- Tresnak eta baliabideak
3-1 Kalitate-parametroak: hizkuntz eredua
Hizkuntz kalitatea definitzeko arazoak gorabehera, garbi dago kalitatea bermatzeko, hau da, testu bat kalitate onekoa den ala ez jakiteko, zerekin alderatu izan behar dugula. Kalitatearen 'neurgailua' behar dugu, neurri-patroia alegia. Horri deritzo 'hizkuntz eredua'.
Hizkuntz eredua bi oinarritan bermatzen da, arauetan eta irizpideetan. Ikusiko dugu, batetik, zer arau-mota dauden; bestetik, araua ez den gainerakoan, irizpideak beharko ditugula, eta irizpide horietan aztertu beharrekoa dela zeri ezarri irizpidea eta non dauden irizpideen mugak. Baitezpadakoa da, arauez jarduteko, hasieratik bereiztea hizkuntzaren araua eta estandarizazio-araua.
3-1-1 Hizkuntzaren arauak
Hizkuntzaren beraren arauak dira, euskararen berezko gramatika-arauak. Arau horiek arau dira, Euskaltzaindiak horiei buruz esplizituki ezer erabaki ez badu ere. Adibidez, euskarak ergatiboa du, eta, beraz, Miren auto berria erosi du esakuneak ez ditu hizkuntzaren arauak betetzen. Halaber, Nik aitari ezetz esan dut esakunea ere hizkuntzaren arauen kontrakoa da, nori sintagmak islatuta egon behar baitu aditzean, hau da, datiboaren marka behar du aditzak.
Adibide horiek garbi-garbiak dira, baina, beste batzuetan, hizkuntzaren arauak ez dira hain eztabaidaezinak. Izan ere, zenbaitetan, arauok aldatu egiten dira euskalkitik euskalkira, edo arau batzuek oso tradizio txikia eta murritza dute espazioan edo denboran, eta mugatzeko arazoak sor daitezke, hau da, zalantza egin daiteke ea hizkuntzaren arau guztiak, noiznahikoak eta nonahikoak, besterik gabe ontzat eman behar ditugun euskara estandarrerako. Hizkuntzaren arau izate hutsak ez luke ekarri behar, nahitaez, gaur eta hemen onetsi beharra. Estandarizazioak, beraz, murriztapenak ezarri beharko ditu, batzuetan, hizkuntzaren berezko arauetan. Kontuz eta tentuz egin beharrekoa izango da, baina egin beharrekoa[10]. Adibide bat jartzearren, bizkaierazko Ez dakit jausiko banaz (zehargalderetan -(e)n menderagailuaren ordez ba- aurrizkia erabiltzea) hizkuntzaren araua da, baina hizkuntz eredu estandarrean onartu behar dugu?
3-1-2 Estandarizazio-arauak
Erakunde arau-emaileek emandakoak dira. Hor, lehen-lehenik, Euskaltzaindiak euskara baturako emandako arauak daude (hiztegia, aditza, deklinabidea, joskera), Euskal Herri osorako balio dutenak. Bestetik, beheragoko maila batean, gainerako erakundeek ematen dituzten gomendioak daude. Adibidez, Terminologia Batzorde sortu berriak eman ditzakeen gomendioak ere euskara batu estandarrean bete beharrekoak lirateke.
Euskaltzaindiaren maila berean, baina hizkuntzaren beste alderdi batzuetan, nazioarteko erakundeek (ISO, SI, CEI-IEC, IUPAC...) ezarritako arau eta hitzarmenak daude, hizkuntza guztietarako balio dutenak. Adibidez, ikur eta zeinu bidezko adierazpenak (matematikako ikurrak, zenbakiak...), unitate-sistema internazionala (SI), Kimikako nomenklatura (IUPAC) eta, oro har, adierazpen fisiko-matematikoak oro. Zientzian eta teknologian oso-oso garrantzitsuak dira, eta ezinbestekoak. Horiek, batez ere testu teknikoetan, Euskaltzaindiaren arauak bezain garrantzitsuak eta bete beharrekoak dira hizkuntz eredurako, euskara hizkuntza jasoa izango bada.
3-1-2-1 Arazoak estandarizazio-arauetan
Euskaltzaindiak emandako estandarizazio-arauetan, batzuetan, arazoak daude. Bi arrazoirengatik gerta daiteke hori:
- Araua ez delako argia, edo irismen mugatukoa delako
- Araua ez delako koherentea edo kontraesanak daudelako arauen artean, edo Euskaltzaindiaren arauak ez datozelako bat nazioarteko arauekin.
Arrazoia bata nahiz bestea izan, arauaren interpretazioa egin behar da, arauaren 'exegesia' egin behar da zalantzak eta kontraesanak argitzeko. Adibidez:
- Hiztegi Batuan immunitate hitza ageri da, -mm- kontsonante-taldea alegia. Zer ondorio atera behar dugu hortik, zer estrapolazio? Latinetiko aurrizki kultua im- dela, eta, beraz, antzeko kasuetan ere im- jarri behar dela, edo salbuespen bat dela, besterik gabe? Elhuyarren interpretatu dugu im- dela hobetsi beharrekoa, eta, horregatik, immigrazio, immanentzia, immisio... idazten dugu, eta, kom- berdin tratatu behar litzatekeelakoan, kommutatu (besterik da -mm- kontsonante-taldea hitzaren barnean gertatzen denean, hau da, aurrizkia ez denean: gramatika). Baina badakigu bestelako interpretazioak egin direla.
- Hiztegi Batuan xiita hitza ageri da. Hortik atera litekeen ondorioa da arabiar jatorriko dinastia eta familien izenetan -ita amaiera dela hobetsi beharrekoa. Dena den, Euskaltzaindiaren estatuen izenen arauan Jordaniako haxemi Erresuma ageri da, hau da, haxemi eta ez haxemita. Elhuyarren interpretatu dugu xiita salbuespena dela (edo berriz aztertzekoa dela), eta, -i amaiera jatorrizko genitiboari dagokionez, bere horretan mailegatzea hobetsi dugu, -ita forma baztertuta. Beraz, Elhuyarren haxemi, sunni, alaui, ismaili, fatimi... idazten dugu.
- Euskaltzaindiak, 1986an, Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak lanean arau hau ezarri zuen: «Grekoak: S bukaera dutenek, letra hori galtzen dute, salbu -itis bukaeradunak eta silaba bateko eta bikoak direnak». Hala ere, Hiztegi Batuan tetanos eta diabetes ageri dira. Zer ondorio atera behar dugu? Bi horiek salbuespen direla edo 1986ko araua indargabetuta dagoela? Guk, Euskaltzaindiak 1986an erabaki bezala, eskafoide, basidiomizete, diadelfo, nistagmo, alantoide... idazten ditugu, amaierako -s hori kenduta, eta herpes idazten dugu, bi silabakoa delako.
- Hiztegi Batuan «ganbara Heg. 'teilatupeko solairua'», «ganbera 1 Ipar. 'logela' 2 Admin.: 'diputatuen ganbera', 'merkataritza ganbera', 'ganbera musika'» eta «kamera» hitzak ageri dira. Hori ikusita, nola eman behar dugu euskaraz combustion chamber terminoa, errekuntza-ganbera edo errekuntza-kamera? Elhuyarren interpretatu dugu gela adiera dagokiola horri, eta errekuntza-ganbera euskaratzen dugu, eta kamera, berriz, irudiak edo argazkiak hartzeko tresna izendatzeko baino ez dugu erabiltzen. Baina badakigu beste nonbait bestelako interpretazioa egin dela.
- Euskaltzaindiak, oraindik orain, garapen iraunkor terminoa hobetsi du sustainable development terminoa euskaratzeko, garapen jasangarri eta garapen eramangarri bazterrera utzirik. Baina ez du ezer esan termino horren zati den izenondoak, sustainable izenondoak, hartu duen autonomiaz, sortu dituen eratorriez eta sortu dituen bestelako terminoez. Izenondo horretatik, izena (sustainability) eta antonimoa (non-sustainable) sortu dira. Nola eman behar dira horiek euskaraz? Iraunkortasun, iraunezin/iraungaitz/ezin iraunezko? Eta sustainable development arrakastatsuaren arrimura sortu diren dozenaka sustainable X direlakoak nola euskaratu? Gure iritziz, iraunkor ez da beti irtenbide egokia[11]. Zer egin, ordea?
Beste batzuetan, oso-oso gutxitan zorionez, Euskaltzaindiaren arau bat ez da koherentea beste arau batzuekin edo kontraesanak daude arauen artean; gerta daiteke, gainera, araua bat ez etortzea nazioarteko hitzarmenekin edo Euskaltzaindiak hitzarmen horiei men ez egitea. Horrelakoetan, Euskaltzaindiaren araua ez betetzea da irtenbidea, baina, horrekin batera, argudioak aurkeztu behar dira eta zergatia ulertarazi. 'Intsumisioa' hitz gogorra da, baina behin-behineko egoeratzat hartu behar da, eta beti izango da salbuespen-izaera duen zerbait. Bi adibide:
- anpere erabaki du Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan. Hala ere, volt eta watt ere erabaki ditu, hau da, batean egokitzapen grafikoa erabaki du, eta beste bietan ez. Horren arabera, nola idatzi behar litzateke coulomb unitatea? Coulonb, kulonb? Nazioarteko hitzarmen edo arau adierazi gabeko bat hautsi du Euskaltzaindiak, jatorrian pertsona-izena duten unitateen izenen grafia ez baita aldatzen[12]: volt, watt, joule, ampere, kelvin, coulomb, hertz, gauss, henry... (jatorrian pertsona-izena ez dutenak, berriz, aldatu egiten dira hizkuntzatik hizkuntzara (segundo, metro, gramo...). Nazioarteko arau-gomendioak eta Euskaltzaindiarenak ez datoz bat kasu honetan, eta Elhuyarren nazioarteko hitzarmenaren arabera idaztea erabaki dugu (Euskaltzaindiari arazoaren nondik norakoak xehe-xehe adierazi eta gero).
- Antzeko arazoa dago Hiztegi Batuan ageri diren sulfidriko eta zianhidriko hitzekin ere; batean kontsonantearen ondoko hatxea kenduta dago, eta bestean ez. Elhuyarren -hidriko atzizkia osorik idazten dugu guztietan: sulfhidriko, zianhidriko, klorhidriko, fluorhidriko... 3-1-3 Irizpideak
Zer gertatzen da estandarizazio-arauetan jasota ez dauden gaietan, estandarizazio-arauetan hainbat aukera onartu direnean edo hizkuntzaren arauen arabera aukera bat baino gehiago erabil daitezkeenean? Horrelakoetan, irizpideak baliatu behar. Irizpideen bidez erantzun behar diogu arautu gabekoari edo arauaren areagoko murriztu beharrari.
3-1-3-2 Arauak aukera bat baino gehiago onartu dituenean
Araua irekia denean, hau da, arauak hainbat aukera onartu dituenean, erakundeak zein banakoak erabaki lezake aukera horietako bat bakarra erabiltzea edo ez (irizpideak beharko dira, lehen-lehenik, erabakitzeko ea arauak aukeran uzten dituen bide guztiak erabil daitezkeen ala murriztu nahi diren, eta, murriztekotan, zein aukera hobetsi behar den).
3-1-3-2-1 Maila berean onartuak
Erakundeak estilo bateratua erabili behar lukeela uste duenean, aukera bat bakarrik onartu ohi du. Hori izaten da horretarako arrazoi nagusia. Hona hemen adibide batzuk:
- Marratxoa hitz-elkarteetan
- Sintetikoetan (kale-garbitzaile / kale garbitzaile) eta eguzki-lore motakoetan (lan-hitzarmen / lan hitzarmen), marratxoa idaztea aukeran utzi du Euskaltzaindiak. Horrelakoetan, marratxoz idaztea da Elhuyarren irizpidea (kale-garbitzaile, lan-hitzarmen)
- Hitz-elkarte baten lehen osagaiaren amaierako -a: hizkuntza, kultura, eliza, natura, literatura, burdina seikotean aukerakoa da amaierako -a kentzea edo ez kentzea: natur zientziak / natura-zientziak / natura zientziak. Horrelakoetan, amaierako -a kentzea eta, ondorioz, marratxorik gabe idaztea da Elhuyarren irizpidea (natur zientziak)
- Bahuvrihi elkarteak marratxoz nahiz loturik idaztea aukeran utzi du Euskaltzaindiak (puntazorrotz / punta-zorrotz). Horrelakoetan, loturik idaztea da Elhuyarren irizpidea (ahate mokozabal, sai burugorri).
- Leku-denborazko kasuetan -e- epentetikoa aukeran utzi du Euskaltzaindiak izen berezien deklinabidean: (Gasteizeko / Gasteizko; Brasileko / Brasilgo). Horrelakoetan, -e- epentetikorik gabe idaztea da Elhuyarren irizpidea (Gasteizko, Brasilgo)
Hala ere, beste zenbaitetan, ez dugu hobesten Euskaltzaindiak maila berean onartu dituen aukeretako bat. Esaterako, iritzi aditzean, deritza/deritzo eta derizte/deritze aldaerak onartu ditu Euskaltzaindiak. Elhuyarren, orain arte, ez dugu hobespenik egin, eta biak ontzat ematen ditugu. Beste adibide bat mendeko perpausetako menderagailu-aukera dugu: zeren, zein, hain partikulekin batera bait- aurrizkia nahiz -(e)n atzizkia erabil daitezke. Euskaltzaindiak biak deskribatu ditu, baina ez du hobespenik egin. Elhuyarren irizpidea, oraingoz behintzat, biak ontzat ematea da. Izan ere, ez dugu uste horrelakoetan aukerak murritzeko beharrik dagoenik.
3-1-3-2-2 Arauak hobetsiak eta bigarren mailakotzat onartuak
Hiztegi Batuan 'h.' (hobe) markarekin ageri dira hainbat hitz. Zenbaiten ustez 'h.' duten horiek baztertzeko hitzak dira euskara batuan, edo, behintzat, zenbaiten jokabidean hori ikusten da (de facto, 'h.' > 'e.' egiten da). Kontuz aztertzeko gaia da; hain zuzen ere, Hiztegi Batuan dauden hitzak dira, eta, Euskaltzaindiak berak xehetasun argigarriagorik eman ezean, ez dira baztertzekoak. Adibidez, Gipuzkoarako publizitate-iragarki batean tximu hitza idaztea onargarria óeta egokiaó da, gure ustez, eta ez da zergatik tximino idatzi, nahiz eta Hiztegi Batuan «tximu Gip. h. tximino» agertu. Elhuyarren irizpidea da 'h.' direlako horiek sistematikoki ez baztertzea eta kasuan-kasuan erabakitzea. Hona hemen muturreko bi adibide: bolaluma ez dugu idazten, nahiz eta Euskaltzaindiak hobetsitako hitza izan. Bestalde, uste dugu beste batzuetan Hiztegi Batuak berak baino estuago jokatu behar litzatekeela. Adibidez, bakteria hitza sistematikoki zuzentzen dugu, eta bakterio baino ez dugu onartzen (Euskaltzaindiak «bakteria h. bakterio» eman du). Adibide gehiago:
- «memoria 1 h. oroimen. 2 h. oroitzapen» (garbi dago adiera batzuetan ez dela hobesteko hitza, Informatikan adibidez: itzulpen-oroimenak?)
- «lengoaia Zah. h. mintzaira, hizkuntza» (Informatikan lengoaia besterik ez da erabili)
- «emozio h. zirrara, etab.» (Psikologian?)
- «erregelamendu Ipar. h. araudi, arautegi» (Administrazioaren hizkeran nahitaez bereizi beharrekoak dira, kontzeptu desberdinak baitira)
- «defendatu. h. -en alde egin, aldeztu, babestu» (Zuzenbidean?)
- «plubiometro h. euri(-)neurgailu» (manometro hitza, adibidez, ez dago Hiztegi Batuan. Hortik zer ondorio atera? Hobe dela presio-neurgailu erabiltzea? Termometro, voltmetro, wattmetro, berriz, inolako oharrik gabe onartu dira. Zergatik da hobe euri-neurgailu erabiltzea euskara batuan plubiometro baino? Norbaitek pentsa lezake, logika onean, plubiometria erabiltzea baino hobe dela euria neurtzea esatea).
Adibideek garbi uzten dute 'h.' horren azpian askotariko kontuak daudela, eta irizpideak ezarri behar direla jokabide sinplista galgarriei bide ez emateko.
3-1-3-3 Arautu gabeko gaiak
Euskaltzaindiak erabaki ez dituen gainerakoetan, badira gehienon adostasunez hartutako erabakiak, jada euskara batuaren estandartzat har daitezkeenak. Adibidez, aginte-adizkietan aditz-oina erabiltzea, eta ez partizipioa: har ezazu idazten da euskara batuan, eta ez hartu ezazu, nahiz eta puntu horri buruz Euskaltzaindiak ez duen araurik eman. Nolanahi ere, oso gutxi dira horrelako adostasun ia erabatekoa duten gaiak. Beste asko eta askotan, estandarizazio-arauen edo 'gomendioen' beharra nabarmena da. Hona hemen adibide batzuk:
- % eta ä ikurren idazkera: ikurraren eta zenbakiaren artean zuriunea utzita edo zuriunerik gabe? % 10 edo %10? Elhuyarren irizpidea da, nazioarteko gomendioak gogoan, tartean zuriunea dagoela idaztea.
- Siglen idazkera eta deklinabidea: NBEren egoitza, NBE-ren egoitza, N.B.E.ren egoitza edo N.B.E.-ren egoitza?, marratxoz edo loturik? Letrak puntuz bereizita edo loturik? Horrelakoetan, Elhuyarren irizpidea da punturik ez idaztea eta marratxorik gabe idaztea.
- Arte postposizioa, denborazko adieran. Haren ezkerrean dagoen izen-sintagmak zer kasu-marka hartu behar du? Astelehen arte, astelehena arte edo astelehenera arte? Elhuyarren ez dugu, orain arte, hobespenik egin.
- Zenbatzaileekin mugagabea erabili behar da, baina neurri-sintagmetan nola jokatu? Hiru kilometrora edo hiru kilometrotara?; 220 voltetik edo 220 voltetatik?; 169 ºC-an edo 169 ºC-tan. Elhuyarren irizpidea da inesiboan eta adlatiboetan mugatu singularra erabiltzea: hiru kilometrora, 220 voltetik, 169 ¼C-an.
- Espezieen latinezko nomenklatura binominala erabiltzen denean, nola deklinatu, izen berezi moduan edo izen arrunt moduan? «Escherichia coli-k eragindako gaixotasuna» edo «Escherichia coli-ak eragindako gaixotasuna»? Elhuyarren irizpidea da, oro har, izen berezi moduan deklinatzea (testuinguruak kontrakoa agintzen ez duenean behintzat): «Homo erectus izan zen Homo habilisen oinordekoa»
- Terminologia: euskara batuan, arau 'ofizialetatik' aparteen dagoen arloa da terminologia, Euskaltzaindiak behin baino gehiagotan esan baitu terminologia ez duela berezko lan-eremu, eta zeharka baino ez baitio heldu. Sortu berria den Terminologia Batzordeak zeresan handia izan behar luke langintza horretan[13]. Nolanahi ere, terminoak egunero-egunero sortzen ari direnez, normala da zalantzak izatea. Ezinezkoa da terminologia osoari tamaina hartzea, baina gehien erabiltzen diren terminoetan behar-beharrezkoa da noraezean ez ibiltzea. Eta, horretarako ere, araurik ezean, irizpideak behar dira. Nahi adina adibide eman litezke, baina ez da hau horretarako tokia. Adibide pare bat:
- Azido nukleikoak (erribonukleikoa eta desoxirribonukleikoa) izendatzeko, zein sigla erabili? Ingelesarenak (RNA, DNA), euskararenak AEN, ADN edo gure bi auzo-erdarenak (ARN, ADN)? Duela hiru urtetik hona, Elhuyarren irizpidea da ingelesezko siglak erabiltzea: RNA eta DNA.
- Telekomunikazioen teknologiak azken urteotan sortu duen tresnarik erabilienari zer izen eman? Telefono mugikor, telefono mugigarri, telefono eramangarri, sakelako telefono, esku-telefono...? Elhuyarren irizpidea da telefono mugikor erabiltzea eta sakelako telefono ere ontzat ematea (baina gailua bakarrik izendatzeko, hau da, ez hitz-familiarako: telefonia mugikor bai, baina *sakelako telefonia ez)[14].
- Perpaus elkartuak: arlo honetan oso arau gutxi dago, eta hainbat zalantza daude. Aukera guztiak zilegi izanda ere, testuak bateratzeko beharrak eska dezake irizpide murriztailea ezartzea. Adibide bat baino ez:
- Perpaus erlatiboetan zein galdera-izenordaina erabiltzen denean, nola deklinatu? Mugagabean (zein) ala mugatuan (zeina)? Eta mugatuan erabiliz gero, pluraltasuna nola adierazi, zeinak edo zeintzuk? Eta aditz jokatuan zein menderagailu jarri, bait- aurrizkia edo -(e)n atzizkia?
3-1-3-4 Egokitasunari dagozkion gaiak
Irizpideak behar dira, azkenik, egokitasunari dagozkion arloetan ere. Hor daude, ziur asko, irizpide garbiak ezartzeko zailtasunik handienak, berez oso eremu lausoa baita egokitasunarena. Hala ere, garbi dago hor ere irizpideak behar direla. Adibidez, testuaren edo diskurtsoaren antolamendua (perpausaren barneko osagaien ordena; esaldien luzera; puntuazioa; kohesioa: anafora- eta katafora-jokoak, lokailuak), fraseologia, kolokazioak, nominalizazioaren mugak... horra hor irizpidez jantzi beharreko arloak.
3-1-3-5 Irizpideak finkatzea
Irizpideen alorrean, erakunde, argitaletxe, idazle, itzultzaile edo zuzentzaile bakoitzak bere estilo-arauak ditu (edo izan behar lituzke, behinik behin). Estilo-arau horien balioa mugatua da, jakina, eta garbi dago batzuen estilo-arauek gehiago balio dutela, ondorio praktikoei begira, beste batzuenek baino. Adibidez, itzultzaile baten estilo-arauak itzultzaile horren lanetan baino ez dira islatuko. Elhuyarren estilo-arauak goragoko maila batean daude, Elhuyarren produktu eta zerbitzu guztietan islatuko baitira, baina ez dira gorago iritsiko. Euskal Herriko Unibertsitatearen estilo-arauak garrantzitsuagoak dira oraindik, unibertsitate-komunitate osoak bete beharko baititu. Eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ezarri dituen edo ezarriko dituen estilo-arauen eragina are handiagoa izango da, haien mende egongo baita hezkuntza-sare osoa eta hari lotutako argitalpen guztiak.
Elhuyarren, askotarikoa da irizpide eta estilo-arauen jatorria. Sarritan, Elhuyarretik kanpo hainbat pertsonak eta taldek egindako gogoetetatik ateratako puntuak geure egin ditugu (adibidez, zientzia eta teknikako euskararako Mikel Zalbidek, Joxe Ramon Etxebarriak, Martxel Ensuntzak, Igone Zabalak, Juan Carlos Odriozolak edo beste askok proposatutako gomendioetako asko erabiltzen ditugu, egokitzat jo ditugunean; edo UZEIren proposamen terminologiko asko; edo Ibon Sarasolaren hobespenetako asko; edo, joskerari dagokionez, hainbat adituk —Juan Garzia, Jose Ramon Zubimendi, Bittor Hidalgo, Xabier Alberdi...— proposatutako moldeak edo hobetsitako bideak). Beste askotan, Elhuyarren berariaz landu behar izan ditugu gai batzuk (bakarrik edo Elhuyarretik kanpoko adituen laguntzaz), eta ondorioak atera ditugu (marratxoaren erabilera hitz-elkarketan; komaren erabilera; letra larrien erabilera; lexiko arrunteko eta terminologiako hobespenak...). Horiekin guztiekin osatu ditugu óosatzen ari gara, amaierarik gabeko lana baitaó Elhuyarren irizpideak eta estilo-arauak.
Irizpideetarako erabakiak hartzerakoan, hainbat alderdi aztertu behar dira. Lexikoaren edo terminologiaren alorrean, esate baterako, irizpide linguistikoak hartu behar dira kontuan, baina terminologikoak eta soziolinguistikoak ere bai. Berriz ere, hizkuntz erabilerarekin egiten dugu topo. Izan ere, gure iritzia da irizpideak finkatu aurretik erabilera aztertu behar dela, edo, bestela esanda, erabileraren datuak behar direla irizpideak erabaki ahal izateko (zer esanik ez, beste hainbeste esango genuke arauak erabakitzeari buruz). Bada, erabileraren 'datuak' direla eta, hainbat ohar egin nahi genituzke:
- Alor espezializatu batzuetako testu-produkzioa ez da behar bezain handia erabilera egonkor bat sortzeko (erabilera hori 'sortzen' ari gara)
- Jadanik jorratu diren eta nolabaiteko erabilera-eredu bat suma litekeen alorretan, erreferentziak eta datuak falta dira; corpusak behar dira, alegia.
- Azken urteotako testu-produkzioari buruzko jarrerak ez dira bat: mutur batean daude erabilera hori aintzat hartzekoa ez dela diotenak (kalitate eskaseko testuak direla, eta, beraz, hobe dela hutsetik abiatzea); beste muturrean, ostera, erabilera hori errespetatu egin behar dela diotenak.
Izan ere, sumatzen da jarrera kritikoak daudela jakintza-alor espezializatuetako testuen hizkuntz kalitatearekiko, zenbaitetan kontuan ez hartzeko materiala dela uste izateraino. Horrek areago gutxitzen du idazleak, itzultzaileak, hiztegigileak zein zuzentzaileak erabil litzakeen erreferentzia 'fidagarrien' multzoa. Ez gaude ados azken urteotako testu-produkzio horren deskalifikazio orokorrarekin eta baztertzeko joerarekin, ezta ezinbestean segitu beharreko eredua finkatu delako ustearekin ere; hau da, uste dugu jarrera 'kritikoa' izan behar dela.
Gure iritziz, testu zientifiko-teknikoak ez dira zientzia-komunitateko kideak elkarren artean komunikatzeko erabiltzen ez diren eta balio ez duten material 'testimonialak'. Euskaraz ikasten, irakasten, ikertzen, dibulgatzen eta komunikatzen da alor horietan. Hor erabiltzen den hizkera, eredua, edo dena delakoa ez da sakralizatzekoa eta ezin aldatuzkotzat jotzekoa, baina aintzat hartzekoa bada. Bestetik, eredua ez da besterik gabe alda daitekeen zerbait. Aldaketek kostua dute (arlo askotan, gainera), eta arrazoi sendoak behar dira erabilerarekin bat ez datorren zerbait bultzatzeko. Erabakiak ezin dira ikuspegi linguistiko hutsez hartu. Irizpide horiek behar dira, nahitaez, baina irizpide soziolinguistikoak eta pragmatikoak ere bai.
Horretarako, ordea, datuak behar dira; lehen esan bezala, erreferentziak eta datuak falta dira, hau da, corpusak behar dira jadanik jorratu diren eta nolabaiteko erabilera-eredu bat suma litekeen alorretan. Ikuspegi horretatik, kalitatearen apriorismoaren arazoa sortzen da 'ereduzko corpusak' egitean; corpus batean a priori kalitatekoak jotzen diren testuak soilik sartzen badira, aztertu behar den objektua murrizten ari gara, frogatu nahi ditugun ezaugarri batzuk soilik dituzten testuak corpuseratuz (petitio principii); testu horiek, gainera, 'autoritate-printzipioaren' arabera hautatzen dira, eta horren baitan lortzen dute fidagarritasun eta sinesgarritasuna. Jarrera 'mesianiko' horrek —nolabait deitzearren—, zoritxarrez, indar handitxoa du euskalgintzan, eta ez da, esan dezagun, oso zientifikoa. Gure iritzia da datuak, datu guztiak, hizkuntzalarien eta aztertzaileen eskura jarri behar direla, hizkuntz kalitatea neurtzeko onartuko liratekeen irizpideen arabera azter dezaten euskal testuen kalitatea; azterlan eta eztabaida horretatik ondoriozta liteke, agian, ereduzko prosatzat har litekeena. Ereduzko prosaren corpus bat egiteko, literatur testuak behar dira, jakina, baina ez literatur testuak bakarrik, non eta helburua ez den literaturaren ereduzko corpusa egitea, eta ez hizkuntza osoarena. Ez gaude ados «Hizkuntz arazo guztiak, azken buruan, arazo literarioak dira» dioenarekin. Corpusean literatur testuak baino sartzen ez badira, hortik atera dezakegun ondorioa da beste alorretan ez dagoela 'ereduzkotzat' jo litekeen testurik. Baina zer azterketa egin da hori ondorioztatu ahal izateko? Horren azpian badago askoren inkontzientean dagoen eta batzuen ahotan dabilen baieztapena: euskara ona euskal literaturan bilatu behar da, literatur idazleek sortzen dute tradizioa eta araua; gainerako testuak eta gainerako idazle eta testu-sortzaileak ez dira aintzat hartzekoak. Baieztapen hori, XXI. mendean eta informazioaren gizartean, demod...e dago, soziolinguistikaren ekarpenei muzin egiten die, eta esango genuke gaur egungo euskal gizartearen errealitatetik kanpo dagoela. Inork ez dezala pentsa ereduzko corpusak eratzeari egokia eta onuragarria ez deritzogunik. Horien beharrean gaude gu ere, baina horrelakoak eratzeko eta adosteko prozesuak kezkatzen gaitu.
3-2 Kalitatea bermatzeko prozesua zehaztea eta gauzatzea
Lehenik eta behin, kalitatea bermatzeko prozesua deskribatu eta egituratu egin behar da. Horretarako lehen urratsa erakundearen barneko zein kanpoko lan-fluxua zehaztea da:
- Prozesuaren urratsak
- Urrats bakoitzaren sarrerak eta irteerak
- Urrats bakoitzean parte hartzen duten pertsonak, lantaldeak...
- Urrats bakoitzean erabiltzen diren tresnak eta baliabideak
Ondoren, prozesua gauzatu egin behar da, beharrezkoak diren pertsonak, tresnak eta baliabideak antolatuz. Azkenik, prozesua ebaluatu egin behar da, beharrezkoak irizten zaizkion egokitzapen eta aldaketak eginez.
Bi prozesu nagusi bereiz daitezke kalitatea bermatzeko:
- Zuzenketa: outputaren edo irteeraren kalitatea bermatzea
- Trebakuntza: zuzentze-prozesuaren inputa edo sarrera hobetzea
3-3 Pertsonak
Erakundeko pertsona guztiak dira, bakoitza bere maila, ardura eta eginkizunaren arabera, kalitatea bermatzeko prozesuaren partaide.
Hizkuntz eredua finkatzeaz eta ezartzeaz arduratzen diren pertsonek 'Hizkuntz Kalitateko lantaldea' osatzen dute. HK lantaldearen eginkizunak:
- Hizkuntz eredua: irizpideak
- Zuzentzaileen arteko kohesioa
- Zuzentze-lanaren koherentzia
- Bezeroaren araberako irizpideak erabiltzea
- Irizpideak erakunde barnean ezartzea
- Komunikazioa
- Trebakuntza
3-4 Tresnak eta baliabideak
Hizkuntz kalitatea bermatu ahal izateko, erakundeko partaideek, bakoitzak bere maila, ardura edo eginkizunaren arabera, hainbat tresna eta baliabide erabiltzen dituzte.
- Zuzentze-tresna automatikoak (Xuxen, XuxeNet)
- Itzulpen-memoriak
- Kontsulta-iturriak
- Hiztegiak (lexikografikoak zein terminologikoak)
- Datu-base terminologikoak
- Corpusak
- Kontsultaguneak (Jagonet...)
- Eztabaidaguneak (Itzulist...)
- Aholkulari-sarea
- ...
Garrantzi berezia dute HK lantaldeak bere eginkizunak behar bezala bete ahal izateko erabili behar dituen tresnek. Testuinguru horretan, HK lantaldeak irizpideak finkatzean, testuak zuzentzean eta abarretan hartzen dituen erabakien kudeaketa prozesu giltzarria da. Prozesu horretan egiten den gogoeta- eta aztertze-lana, egiten den informazio- eta iritzi-trukea eta, azkenik, horren emaitza diren erabakiak berak erakundearen jakintzaren osagai garrantzitsua dira, eta tratamendu berezia behar dute prozesua kalitatekoa izan dadin, baita jakintza hori partekatu, eguneratu eta berrerabili ahal izan dadin ere.
Horretarako, Elhuyar Fundazioak 'Hizkuntz Kalitatea Kudeatzeko Sistema' edo HKS diseinatu eta inplementatu du. Esan gabe doa, sistemaren diseinuak erakundearen jardueraren eta lan-fluxuaren araberakoa behar du izan[15]. Hurrengo atalean, sistemaren helburuak, egitura eta funtzionalitatea azalduko ditugu.
4- Lan-fluxua eta tresnak
Hona hemen Elhuyar Hizkuntz Zerbitzuen hizkuntz kalitatea bermatzeko prozesuaren lan-fluxua:
Zuzenketa-prozesuaren ohiko jarduna eta dagokion lan-fluxuaren dokumentazioa Itzulpendok izeneko sistema baten bidez antolatuta dago. Sistema horretan, itzulpengintzako lan-fluxua dago orain inplementatuta. Urrats bakoitzari dagokion dokumentua biltegiratzen da:
- jasotako dokumentua: bezeroak bidalitakoa
- itzultzeko dokumentua (jasotako dokumentuaren formatu-bihurketa egin behar denean)
- itzulitako dokumentua
- zuzendutako dokumentua (aldaketak onartu gabe): zuzentzaileak zuzendu eta itzultzaileari bidaltzen diodokumentua, hark zuzenketak onar ditzan. Itzultzailea, egindako zuzenketaren batekin ados ez badago edo zalantzarik badu, hori zuzentzailearekin argitzen saiatuko da
- 'bak' dokumentua (onartutako zuzenketak eta jatorrizko/itzulitako segmentuak)
- bidalitako dokumentua (garbituta, bezeroari bidaltzen zaion moduan).
Zuzendutako dokumentua gordez, aukera dugu zuzentzaileen lana ebaluatzeko eta irizpideak bateratzeko, aldian behingo lagin-erauzketak eginez. Azkenik, sistemak aukera ematen du dokumentua biltegiratu ahala lana esleitzeko eta dagokionari jakinarazteko.
Bestetik, azaldutako lan-fluxuko urrats batzuk HKS sisteman integratuta daude (letra lodiz ageri dira). Hizkuntz eredua finkatzearekin, kontsultei erantzutearekin eta zuzenketetan hartzen diren erabakiekin zerikusia duten urratsak dira.
4-1 HKS
4-1-1 Helburuak
- Hizkuntz kalitatea kudeatzearekin zerikusia duten alderdi guztiak datu-egitura eta lan-ingurune batean integratzea
- Hizkuntz kalitatearekin erlazioa duten jardueren araberako funtzionalitatea bultzatzea (moduluen eta sarbide-aukeren bidez)
4-1-2 Diseinua
Helburu horiek bete ahal izateko, honakoa da HKS sistemaren egitura orokorra:
'Langaia' entitatearen bidez, jarduera bakoitzetik eta erabaki berriak hartzeko prozesutik biltegiratzen den informazioa erlazionaturik dago, eta edozein ataletatik eskura daitezke 'langai' jakin batekin erlazionatuta dauden beste ataletako edukiak. 'Langaia' entitatea bi elementuren bidez definitzen da: 'langaiaren azalpena' eta 'saila' (sailkapena). Goiko ataletan egin beharreko lana egin ahal izateko erabaki berria hartu behar denean, 'Aztergaia' sortzen da, eta bertan lantzen dira irizpide bat finkatzeko beharrezkoak diren dokumentazioa, proposamenak, iritzi-trukea eta erabakia hartzea.
4-2 Inplementazioa
Sistema datu-base erlazional batean inplementatuta dago, eta ASP bidezko web zerbitzari/bezero baten arkitektura du. Hona hemen adibide batzuk:
Irudi honetan, hitz-elkarketa/nominalizazioa langaiarekin erlazionatutako kontsulta bat, aztergai bat, bi zuzenketa eta hiztegigintzako arazo bat ditugu.
Gerta liteke zuzenketetan nahiz hiztegigintzan sortutako arazo bati irtenbidea berehala bilatzea eta hori besterik gabe jasotzea, edota egindako kontsulta bati erraz erantzuteko moduan egotea. Baina gerta liteke, halaber, sortu zaigun arazoa edo egin diguten kontsulta berehala ebatzi ezin eta aztergai bat sortu behar izatea.
Aztergaia Elhuyarren bertan lant dezakegu, edo kanpora aholkua eskatu. Kanpoan nahiz Elhuyarren bertan jasotako hainbat iritzi bil ditzakegu orri horretan, eta iritzi-emaileek emandako dokumentuak nahiz guk geuk landu edota nonbait aurkitutakoak ere jasotzeko aukera ematen du. Horrez gain, horien laburpentxo bat ere sar dezakegu, zuzentzaileok ez baitugu beti astirik izaten dagoen dokumentazio guztia irakurtzeko. Azkenik, 'Proposamena(k)' atalean, arazo horri buruz hartutako erabakia edo ezarritako irizpidea gordetzen dugu.
Jasotzen ditugun kontsultak kudeatzeko ere balio digu sistema honek. Elhuyarko langileren batek egindako kontsultak nahiz kanpotik datozenak HKS aplikazioaren bidez iristen dira Hizkuntz Kalitateko lantaldera. Erantzutea egokitu zaionaren lehendabiziko lana da kontsulta sailkatu eta zein langairekin erlazionatuta dagoen ikustea. Sisteman horri buruz dagoen informazioa aztertu, eta, nahikoa informazio badago, kontsultari erantzungo dio. HKSn horri buruzko ezer aurkitu ez badu, eta kontua sakonago aztertu behar dela uste badu, lehen aipatu dena bezalako aztergai bat sortu eta gaia landu eta gero erantzungo dio kontsultari.
Kasu honetan, kanpotik jasotako adibide bat dugu. Teléfono móvil terminoaren euskarazko ordainari buruzko galdera bat da. Kontsulta egin duenaren datuak, kontsulta bera eta erantzuna ere jasota daude.
BIBLIOGRAFIA
AMUNARRIZ, K. 2004. «Hizkuntza kalitatea burujabetza linguistikoa da.» http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1073656018
CHOMSKY, N. 1965. Aspects of the Theory of Syntax. Cambridge, Mass.: M.I.T. Pres.
EUSKALTZAINDIA. 1991. «Euskaltzaindiaren bigarren agiria euskal hitzei buruz.» In: EUSKERA, 36, 445-446. Bilbo
GARZIA, J. 1999. «Motiezaguerabilpena-ren penaz.». In: Hik Hasi.
HYMES, D. 1972. «On communicative competence». In: J. B. Pride & J. Holmes (Eds.), Sociolinguistics. Harmondsworth, England: Penguin Books.
LARRINGAN, L.M. 2000. «Hizkuntzaren kalitatea.» In: Ikastaria, 11, 65-75.
LARRINGAN, L.M. 2002. « Euskararen kalitatea mintzagai» In: EuskoNews. http://www.euskonews.com/0150zbk/frgaia.htm
MENDIGUREN B., X. 1996. «Euskararen hizkuntz ereduaz eta kalitateaz zenbait gogoeta.» In: EUSKERA, 41, 583-603. Bilbo
MENEY, L. 2004. « La qualit... de la langue et la norme» In: Le Droit. http://www.vigile.net/ds-actu/docs4/1-26.html#ldtlm
SARASOLA, I. 1998. «Hizkuntzaren zuzentasuna eta egokitasuna herri aldizkarietan.» In: Herri komunikabideei buruzko III. Jardunaldiak. Arrasate. http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0020zbk/media2001eu.html
TREMBLAY, L. 2001. «La qualité de la langue et les médias écrits». In Terminogramme, 97-98 zk. 13-20. Québec: Office de la langue française.
Oharrak:
1. Hona hemen bezeroen hizkuntz irizpideen adibide batzuk:
- Irizpide lexiko-terminologikoak: servicio de atención al cliente terminoa bezeroarentzako arreta-zerbitzu edo bezeroaren arreta-zerbitzu euskaratu behar dugu, bezeroa zein den. Beste adibide bat: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak honela dio: «fondo h. funts». Hala ere, gure bezeroetako batentzako itzulpenetan, funts ezin dugu erabili, fondo erabili behar dugu.
- Irizpide onomastikoak: Pamplona hiria, Elhuyarren, Iruñea euskaratzen da, Euskaltzaindiak eman bezala alegia. Hala ere, bezero jakin batzuentzako itzulpenetan, Iruña idatzi behar da.
- Irizpide morfosintaktikoak: galdera-izenordain erlatiboak erabiltzen direnean (zein, non), menderagailua bait- edo -(e)n izan daiteke, biak daude ondo. Baina bitasun horren aurrean, bezero batek hautatu egin du, eta harentzako itzulpenetan bait- menderagailua erabili behar dugu beti.
- Irizpide ortotipografikoak: izenburu batean letra guzti-guztiak maiuskulaz idazten direnean, Elhuyarren orain arteko hautua da marratxoa ere idaztea. Adibidez, LASARTE-ORIAKO TREN-GELTOKIA. Baina testuak Eusko Jaurlaritzaren onespena lortuko badu, honela idaztera behartuta gaude: LASARTE-ORIAKO TREN GELTOKIA.
2. «Iritzia da euskara degeneratu bat sortzen ari garela: ez aditzik, ez joskerarik, ez azenturik, ez lexikorik; miraritzat jo beharko genuke -esaten da- esaldi minimoki luze eta konplexuak zuzen amaitzea; oro har, euskara maxkala, interferentzia ikustezinez josia.»
3. «The ability both to construct and construe novel combinations of familiar words and phrases which serve to depict situations the like of which neither speaker nor listener need have encountered in their own case.»
4. Communicative competence is a concept introduced by Dell Hymes and discussed and redefined by many authors. Hymes' original idea was that speakers of a language have to have more than grammatical competence in order to be able communicate effectively in a language; they also need to know how language is used by members of a speech community to accomplish their purposes. http://www.sil.org/lingualinks/LANGUAGELEARNING/OtherResources/GudlnsFrALnggAndCltrLrnngPrgrm/AspectsOfCommunicativeCompeten.htm
5. Maiz, hizkuntz gaitasuna, batez ere Chomsky-ek definitu zuen moduan, gramatika-gaitasunarekin identifikatu izan da, baina beste hiru osagai ere esleitu ohi zaizkio: lexikoa, ortografia eta fonologia.
6. Adibidez, Zigarro bat ematen didazu? Gramatikala da, zuzena alegia, baina, eskatzeko, ez-konbentzionala edo 'desegokia' da. Hori gabe, adibidez, Zigarro bat emango didazu? edo kideko bat erabili ohi da. Baina, beste egoera batean, esakune hori guztiz egokia izan liteke. Adibidez: Zigarro bat ematen didazu? Badakizu erretzeari utzi nahi diodala! Beste adibide bat: Lagun zaitzaket/diezazuket? Gramatikala da, baina desegokia, edo ohiz kanpokoa behintzat, laguntza eskaintzeko. Haren ordez, Lagunduko dizut?, Laguntzarik behar (duzu)?, Laguntzerik nahi (duzu)?... erabiltzen da normalean.
7. Adibidez, Gure helburua agente hezitzaile bakoitzarengan erantzukizun pertsonalei dagokienez, jarrera eta portaera aldaketa sustatzeko jarduera estrategikoak garatzea da esaldian, aditza aurreratuta lortzen da esaldi egokia, lehen irakurraldian ulertuko dena: Gure helburua da agente hezitzaile bakoitzarengan, erantzukizun pertsonalei dagokienez, jarrera eta portaera aldaketa sustatzeko jarduera estrategikoak garatzea.
8. Euskaraz gutxien landu den alorretakoa dugu hori. Gaur egungo lexikografian, sintaxian eta semantikan, hitz anitzeko unitateen eta, horien artean, kolokazioen azterketak interes handia piztu du, eta aplikazio-alor askotan du garrantzia (hiztegigintzan, itzulpengintzan, hizkuntz irakaskuntzan, hizkuntz teknologietan...).
9. «Kalitatearen giltzarriak zuzentasuna eta egokitasuna direla esatea, arazoa luzatzea baino ez da.» (Larringan, 2002)
10. Hiztegi arau-emailea egiten ari den bezala, garbi dago gramatika arau-emailea ere beharko dela. Euskaltzaindiak, irizpide argi-zuhurrez, euskararen gramatika deskribatzeari ekin dio lehenik (EGLU). Baina hor deskribatzen den arau-sorta zabala zertxobait murriztu beharko da euskara batu estandarrean. Eta Euskaltzaindiak lan horri heldu bitartean, euskaraz idazten dutenek moldatu beharko dute, pixkanaka-pixkanaka, gero Euskaltzaindiak ofizialduko duen estandarra. Hainbat erabakigai daude. Hona hemen adibide xume batzuk:
- Izenordainen auzia: A eta haren B / A eta bere B / A eta beraren B / A eta horren B (Muntatze elektrikoak eta haien mantentze-lanak, Muntatze elektrikoak eta beraien mantentze-lanak edo Muntatze elektrikoak eta horien mantentze-lanak?)
- -tik gora: ontzat eman behar da joskera behartu berria (eta erosoa)?: Ehun lagunetik gora egitura, absolutibotik kanpo ere erabili ahal izateko, aldatu? Ehundik gora lagun? (Ehundik gora lagunek esan dute...). Beste hainbeste inguru-rekin (ehun lagun inguru -> ehun inguru lagunek esan dute). Gu ezezkoan gaude, baina gaur egun bada horrelakoak erabiltzen dituenik.
- Berrelkarketaren mugak non daude, edo non jartzea komeni da? Nitrogeno-molekularen egitura bai, eta Nitrogeno oxido molekularen egitura? Terminologiako datu-baseak ala terminologia datu-baseak?
- nola... bait-/-(e)n... kausazko perpausak (nola gaur dugun lehen eguna...): OEHn ez dira falta egitura horren adibideak, eta Sarasolaren Euskal Hiztegian ere jasoa dago. Baina jakina da horrelako perpausak ez direla parte onekotzat jo. Zuzendu behar ditugu? De facto, euskara 'jasoan' horrelakoak baztertu dira, eta gaur egun nekez irakurriko dugu horrelako bat. Baina estandarrerako onar litezke, Euskaltzaindiak besterik esan arte, ala aurrez baztertuko ditugu?
11. Garraioa, kontsumoa, turismoa, ekoizpena, nekazaritza, hiria, mugikortasuna... oro da sustainable orain. Egia da zenbaitetan perifrasia erabil daitekeela, baina, beste batzuetan, benetako arazoak daude euskaratzeko, euskaraz iraunkor eta iraunkortasun aski finkatuta baitaude lehendik. Adibidez, ondo ulertuko ote dira honelakoak?: Nekazariek lurra modu iraunkorrean ustiatu beharko lukete, Enpresa iraunkor bihurtzeko aldaketa kudeatzea, Nekazaritzak, iraungo badu, iraunkorra behar du. Inguruko erdaretan inolako arazorik ematen ez duten esaldiak behin baino gehiagotan pentsatu behar dira euskaraz, ulertuko badira: En la Comunidad Autónoma Vasca existe una preocupación por alcanzar un Desarrollo Sostenible justo y perdurable. Eta hori guztia horietako batzuk termino zenbateraino diren argi ez dagoela kontuan hartu gabe (presupuestos sostenibles, residuos sostenibles, por unas fiestas sostenibles...), horietarako irtenbide egokia aurkituko baitu taxuzko itzultzaileak.
12. Baita gaztelaniaz ere. amperio, voltio, vatio... arruntak badira ere, Real Academia Espa-ola-ren hiztegian ampere, volt, watt... ere sarrerak dira, eta zer unitate erabili behar diren ezartzen duten Espainiako legezko arauetan ampere baino ez da ageri.
13. Beste kontu bat da, noski, zer egin behar lukeen Euskaltzaindiak jakintza-alor espezializatu bateko kontsulta bat jasotzen duenean, eta lan hori Terminologia Batzordearen lanekin nolabait uztartu behar den.
14. Mobile (tele)phone (edo maiz sinonimotzat jo ohi diren cell phone edo cellular (tele)phone) ingelesezko terminoaren euskal ordainerako, hainbat proposamen egin dira, hauts asko harrotu duen kontua da. Horregatik, uste dugu hobe dela Terminologia Batzordearen gomendioaren edo Euskaltzaindiaren erabakiaren zain egotea, eta, bitartean, erabilerari men egitea. Inolako zalantzarik gabe, termino hori euskaraz gehien erabili duena Euskaltel da, eta telefono mugikor eman zuen hasieratik. Bestetik, egin diren bestelako proposamenen artetik, esango genuke sakelako telefono izan dela arrakastatsuena. Kontuan hartu behar da, dena den, alor espezializatuan mugikor-ek abantaila batzuk dituela sakelako-ren aldean. Izan ere, ez dirudi oso egokiak direnik sakelako telefonia, sakelako sareak, sakelako konexio eta kidekoak. Irizpide terminologiko hutsetik, telefono eramangarri-ren alde egingo genuke, ordenagailu eramangarri-ren bidetik (frantsesez ere, téléphone portable eta télephone mobile dabiltza, baina lehena nagusitzen ari omen da). Baina: a) gauzak areago nahasten hasi aurretik, hobe lehen esandako erabakiaren zain egotea; b) mugikor-ren gaitza (hau da, telefonoa 'berez' ez dela mugitzen) beste hainbat erdaratan dagokion termino kideak egin behar izan duen zabalkuntza semantiko bera da; eta c) hainbat erdaratan mobile-ren bidetik sortuak ez diren hainbat adierazpide dabiltza, baina telefonia, sare, estazio eta gainerakoekin ez dira ia erabiltzen. Frantsesez, adibidez, téléphonie portable askoz gutxiago ageri da Interneten téléphonie mobile baino. Azkenik, zain gauden erabaki hori dela eta, gauza bakarra eskatuko genuke: arazoaren kasu guztiak aztertzea, edo teléfono móvil bakarrik ez aztertzea behintzat, garapen iraunkor erabakitzeak berekin ekarri dituen arazoak berriz ere izan ez ditzagun.
15. Adibidez, EHUko Euskara Zerbitzuarentzat prestatu dugun EHULKU aplikazioa Euskara Zerbitzuak eskaintzen duen zerbitzuaren helburuen eta ezaugarrien arabera dago diseinatuta eta gauzatuta.