Itzultzaile baten arazoak
Itzultzaile batek euskaratu dituen nobeletan nolako arazoekin egin duen topo kontatzeko digu artikulu honek, esperientzia jakin batzuetatik abiatuz —itsas munduko lexikoa, hizkera ez-normatiboak, obra klasikoen konplexutasuna, arazo tipografikoak, etab.— euskal itzulpenak berez dituen beharrizaz eta betebeharretara hurbiltzeko, kontutan hartuz euskal itzulpengintzan aurkitzen ditugun hainbat eta hainbat arazo konpondu gabe itzulpen tradizio sendorik ezak eragindakoak direla eta, beraz, oraingo itzultzaileek behar dituztela bilatu irtenbideak.
Itzultzailea, itzulpen bakoitzaren aurrean, zailtasun eta arazo berriekin topatzen da. Kasu batean lexiko arazoei aurre egitea tokatuko zaio, beste batean sintaxi bihurriko testu batekin lehiatu beharra izango du, hurrengo batean tonu egokiarekin asmatu ezinik ibiliko da. Etengabe erabakiak hartu beharra eta etengabe hautaketak egin beharra, hori da funtsean itzultzailearen lana. Berezitasun betekin: erabaki eta hautaketa horiek aldian aldikoak direla beti, etengabe berritu beharrekoak. Horregatik, itzulpengintzan esperientzia luze samarra izan arren, nire irudipena da ez naizela orain —sei nobela itzuli ondoren— nire lanean askoz erosoago sentitzen lehendabiziko itzulpenari, Altxor Uhartea-ren lehen orrialdeari, ekin nionean baino.
Ondo gogoratzen dut, Stevenson-en Altxor Uhartea itzultzerakoan estuasunik handienak itsas-giroko pasarteetan izan nituela, eta bereziki goletak protagonismoa hartzen duen pasarteetan. Stevensonen testua ez da, egia esan, xeheegia edo oso aberatsa horrelako terminoetan. Laster jakin nuen gainera, itsasoko hiztegietaz baliatuz, euskarak ez duela hitzik falta alor horretan. Nire estuasun haiek, aitor dezadan, beste jatorri bat zuten: nire erabateko ezjakintasuna itsas-giroko lexikoari buruz eta, zentzu zabalagoan, nabigazioari buruz. Ezjakintasun hori gainditzeko, eta itzulpen zehatz bat egiteko, ez zitzaidan nahikoa hiztegira jotzearekin. Hiztegiak esaten zidan guztia zen forecastle «brankako gaztelua» dela euskaraz, edo capstan esateko euskaraz badugula «debileta» hitza. Baina pertsonaiak mugiarazteko, eszenak behar bezala bisualizatzeko, ezinbestekoa nuen, forecastle «brankako gaztelua» dela jakiteaz gain, «brankako gaztelu» delako hori zer zen jakitea, alegia, non kokatzen den goleta baten barruan, zer funtzio duen, eta abar. Nire ustez, itzulpengintza operazio linguistiko hutsa ez den neurrian, itzultzaileari behar beharrezkoa zaio informatze-lan hori zentzugabekeriak ebitatzeko. Oker dago itzultzaile izateko hizkuntzak ezagutze soilarekin aski dela uste duena. Itzultzailearentzat hizkuntzak jakitea oinarria besterik ez da, baina oinarri hori ez da inolaz ere aski, musikoa izateko solfeoa jakitearekin aski ez den bezala. Itzuli beharreko testuak, kasu batean nabigazioaz zerbait jakitea eskatuko dio itzultzaileari, beste kasu batean kotxe baten motorra ezagutzea, beste batean Boltsaren funtzionamenduaz zertxobait jakitea. Niri, Altxor Uhartea-ren itzulpenerako, hiztegi arruntek hainbat lagundu zidaten irudiekiko hiztegiek, eta nobela kokatzen den garai bereko itsas-pelikulak ikusteak, eta partikularki goleta baten planua beti begien aurrean edukitzeak, bere atal bakoitzaren izenarekin.
Mérimée-ren Carmen itzuli nuen gero. Esan beharrik ez dago goletei buruz ikasitako guztia ez zitzaidala asko baliatu Etxalarko ijitoaren joan-etorriak itzultzerakoan. Itzulpen hartan, lexikoak ez zidan buruhauste berezirik eman. Bai, ordea, Mériméeren sintaxiaren konplexutasun eta trinkotasunak. Kutsu klasikoko hizkuntza landu batez euskaratzen saiatu nintzen. Eta hizkuntza mota hori izan zen —hain zuzen ere joskera landu, aberats eta zaindu hori— hurrengo itzulpen batean nire burutik baztertu ezinik ibili nintzena. Hurrengo itzulpen hori Amos Tutuola idazle nigeriarraren Mozkor bat sasirik sasi delakoa izan zen. Tutuolak ez zuen bere ama-hizkuntzan idazten, baizik eta bere bigarren hizkuntza zen ingeles sinple eta traketsean. Lehen itzulpena bukatu, eta ber-irakurtzen hasi nintzenean, antzeman nuen mementu askotan jatorrizko trakeskeria hura leuntzeko, eta kontaketaren kontradikzio eta desegokitasunak arrazionalizatzeko joera nagusitu zitzaidala oharkabean. Hala bada, lehen itzulpen hura, zuzendu ordez, narrastu beharra izan nuen jatorrizkoak zuen naif kutsu hura gorde zezan.
Itzulpen bakoitzak arazo berriak planteatzen dizkio, bada, itzultzaileari. Baina itzuli ditudan obren artetik, batek, William Faulknerren Hotsa eta Ardaila-k, arazo larriagoak planteatu zizkidan beste guztiek batera baino.
Lehen arazoa testua ulertzeko orduan izan nuen. Horretarako, eta neure burua nobelan sartzea lortzeko, Faulknerren beste liburuak irakurtzeaz batera Faulknerri buruz harrapatu nuen bibliografia guztia irakurri nuen: bere biografiak, bere obrari buruz idatzitako lanak, Estatu Batuetako hegoaldeari buruzko liburuak, Faulknerri egindako elkarrizketak eta abar. Bide batez esango dut abantaila handia duela Faulkner gaur egun itzultzen duenak, eskura baitu berari buruz idatzi den guztia —batez ere Frantzian, Faulknerren obra ezagutzera eman zuen herrian— eta baita gure inguruko hizkuntzetara egin diren itzulpenak ere. Dokumentazio-lan horrek giroan sartzen lagundu zidan eta pistak eman zizkidan bai nobela hobeto ulertzeko, bai zenbait erabaki hartzeko.
Horretaz gain, mesede handia egin zidan Hotsa eta Ardaila itzultzerakoan nobelaren edizio kritiko bat edukitzeak, Norton etxeak ateratakoa, hain zuzen ere. Edizio hau, lehenik eta behin, ez dago errataz zipriztindua, Penguin-eko edizioa bezala. Baina, batez ere, edizio kritiko honi esker ulertu ahal izan nituen nobelako zenbait pasarte, laguntza hori gabe nekez ulertuko nituenak. Esate baterako, nobelaren lehen partean, Benjyren bakarrizketan, mementu batean Benjyk zerbait jasotzen du lurretik. Zer? Bakarrik dakigu gauza «distiratsu» bat dela. Beste pertsonaia batek hitz misteriotsu horiek esaten ditu, gauza horri buruz: «Agnes Mabel Becky». Irakurleari ez zaio beste informaziorik ematen, azken batean Faulknerren herrialdeko eta garaiko irakurleak ez baitzuen beste informaziorik behar sekuentzia ulertzeko. Bai, ordea, gaur egungo irakurle euskaldunak. Benjyk lurretik jasotakoa preserbatibo bat da, eta hori jakitea ezinbestekoa da sekuentziak zentzurik izan dezan. Aipatutako Hotsa eta Ardaila-ren ingelesezko edizio kritikoak eman zidan datu hori eta beste horrelako asko, eta horri esker, benetan uste dut nobelaren euskarazko itzulpena argiagoa dela gaurko eta hemengo irakurlearentzat gaztelaniaz Alfaguarak ateratakoa baino. Nabarmena da, nobelaren une askotan, Alfaguarako itzultzaileak ez zuela horrelako edizio kritiko baten laguntzarik aldamenean izan, eta ondorioz bere itzulpena ilunagoa eta zenbait pasartetan erabat kaotikoa da, jatorrizkoa ez bezala. Ez naiz hasiko Faulkner autore erraza denik esaten, baina uste dut Hotsa eta Ardaila gure artean oso nobela zailtzat hartua izatea gaztelaniazko itzulpen ilunari zor zaiola neurri handi batean. Lehen esan dudan bezala, klasikoen itzulpenari gure atzerapenarekin ekiteak baditu bere abantailak.
Hala bada, hartu nuen lehen erabakietako bat izan zen oharrak gehitu beharko nizkiola itzulpenari. Nik beti pentsatu izan dut ez dela liburu batean itzultzailearen eskua antzeman behar. Oraindik ere pentsatzen dut liburu bati oharrak gehitzea, oro har, intromisio bat dela itzultzailearen aldetik. Hala ere, Hotsa eta Ardaila-ren itzulpenean hartu nuen lehen erabakietako bat oharrak ipintzea izan zen. Segi nuen arrazonamendua izan zen nobelak ez zuela irakurle euskaldunarentzat Faulknerren komunitatearentzat baino ilunagoa edo misteriotsuagoa izan behar. Nobelan aipamen asko zeuden Faulknerren garaiko Estatu Batuetako irakurlearentzat esanahi garbia zutenak, eta hala izan behar zuten irakurle euskaldunarentzat ere.
Bestalde, nobelaren lehen atala itzultzen hasita, erabakirik zailenetakoa zeinu tipografiko eta puntuazioari buruzkoa izan zen. Aurrena pentsatu nuen testua maila horretan zegoen bezala uzten banuen, bitxia gertatuko zitzaiola euskal irakurleari. Eta bitxitasun hori ahal zen neurrian ezabatu egin behar nuela iruditzen zitzaidan. Erabaki normala izan zen hori, tipografia eta puntuazio kontuak oso lotuta baitaude dela testua idatzi den garaiari, dela hizkuntza bakoitzak dituen konbentzioei. Eta itzultzailearen lana da testua bere garai eta hizkuntzaren konbentzioetara moldatzea. Hala bada, ingeles literaturan elkarrizketak markatzeko ohizkoak diren kakotxen ordez, gure gidoiak jarri nituen. Eta nobelaren lehen atal honen puntuazioa ere, Benjyren bakarrizketari dagokiona alegia, normalizatu egin nuen. Dakizuen bezala, nobela ume idiota baten bakarrizketarekin hasten da. Behin atal horren itzulpena bukatu eta gero, hasi nintzen nire lana ber-irakurtzen eta ikusi nuen, nik sartutako tipografia eta puntuazio aldaketak medio, Benjyren bakarrizketa askoz koherenteagoa, lotuagoa eta normalagoa zela euskal itzulpenean jatorrizko testuan baino. Lehen atal guztiak, idiota baten ikuspegitik kontatua izan beharrean, pertsona normal batek kontatua zirudien. Orduan, euskal irakurleari bitxia egingo bazitzaion ere, jatorrizko testuaren tipografia eta puntuaziora itzuli beharra neukala iruditu zitzaidan. Hori erabakitzerakoan, beste gauza bat ere hartu nuen kontutan: nonbait irakurria nuen Faulkner erabat hasarretu zela bere editorearekin nobelaren frogak jaso eta bere testuan mota horretako aldaketa txikiren bat antzeman zuenean. Eta pentsatu nuen autore batek nahita eta propio puntuazio bitxi bat erabiltzea aukeratzen badu, edo bere testuaren pasarte batzuk puntuatu gabe ematea, itzultzaileak ez duela zilegi maila horretan aldaketarik sartzea. Seguraski ez zen nirekin bat etorriko Hotsa eta Ardaila frantseseratu zuen itzultzailea, zeren M.E. Coindreau jaunak, frantziar itzultzaileen artean zabaldua dirudien joerari jarraituz, jatorrizkoaren bertsio ordenatu eta esplizito bat egin baitzuen, jatorriz puntuatu gabe zegoena zehatz-mehatz puntuatuz eta abar. Euskaraz ere beste horrenbeste egitea autorearen borondatearen kontra joatea iruditu zitzaidan niri. Hala, bada, jatorrizko testuari lotzea erabaki nuen, eta lehen atalerako hartutako erabakia nobelaren itzulpen osorako baliatu zitzaidan. Quentinen bakarrizketan puntuatu gabeko atalak ere bere hartantxe utzi nituen, salbu eta, euskara eta ingelesaren joskera desberdinagatik, euskarazkoa ingelesezkoa baino ilunagoa geratzen zenean.
Hotsa eta Ardaila lau ataletan banatzen da. Lau atal horiek istorio bera kontatzen dute, aldi bakoitzean kontalari desberdin baten ikuspegitik. Errejistro ugariko nobela da, edo, zehatzago esanda, mintzo ugarikoa. Aurreneko atalean ume idiota bat mintzatzen zaigu, bere sintaxi sinpleaz. Bigarrenean Quentin, hizkuntza landuago, aberatsago eta konplexuagoan. Hirugarrenean Jason, mintzo zuzen, apur bat baldarraz. Laugarren atalean, azkenik, kontalaria mintzatzen zaigu, ezpairik gabe nobelako mintzorik konbentzionalenean. Atal bakoitzari ekitea liburu berri baten itzulpenari ekitea bezala izan zen niretzat, atal batetik bestera tonua erabat aldatu beharra baineukan. Baina nobelako mintzo guzti hoiren artetik, erabakairik zailena, eta seguraski eztabaidagarriena, beltzen mintzoa euskarara pasatzerakoan hartu nuen. Ingelesezko testua ezagutzen ez duenarentzat esango dut, Benjyren elkarrizketan izan ezik —idiotaren buruak ez du, antza, txurien eta beltzen hizkera bereizteko gaitasunik—, lehen atal horretan izan ezik, diot, beltzen hizkera berezia da oso nobelan. Tarte nabarmena dago batzuen eta besteen hizkeraren artean. Zer egin behar du itzultzaileak horren aurrean? Euskal itzultzailearen zoritxarrerako, Euskal Herriak ez du bere historia apalean inongo koloniatan bere hizkuntza inposatzea lortu. Horrelako arazo baten aurrean, gaztelaniazko itzultzaileak, esate baterako, Cubako beltzen mintzairaz baliatzea erabaki lezake, baina guk ez dugu horrelako baliapiderik. Euskalkiak dauzkagu, bai, baina absurdoa litzateke beltzen hizkera markatzeko euskalki jakin batera jotzea, eta Mississippiko beltzen ezpainetan goi-nafarrera edo zuberera kutsuko hizkera jartzea. Absurdoa litzateke, halaber, beltzei hizkuntza mordoilo edo traketsa hitzeginaraztea, beltzek ez baitute nobelan gaizki hitzegiten, baizik eta desberdin. Beste aukera bat beltzen eta txurien ahotsak berdintzea zen, baina hori ere nobelaren alderdi garrantzitsu bat ezabatzea iruditzen zitzaidan. Hotsa eta Ardaila-ren irakurle euskaldunak nola edo hala antzeman behar zuen beltzen hizkeraren berezitasuna. Azkenean erabaki nuen, hizkera desberdintasun hori markatzeko, beltzen zenbait letra «janez» hitzegingo zutela, alegia marka fonetiko bat gehituko niola beltzen hitzegiteko moduari. Ez da, noski, soluzio borobila, baina arazo honek ez du soluzio borobilik. Nire soluzioa fiktizioa da, Estatu Batuetako beltzen ezpainetan Cubako beltzen mintzaira jartzea fiktizioa den bezala. Eta fiktizioa den bezala frantsesez irakurri berri dudan Chinua Acheba nigeriarraren nobela batean itzultzaileek asmatu duten frantses mordoiloa jatorrizko pidgin ingelesa itzultzeko. Askotan, soluzio borobilik ez dagoenean, itzultzaileak hurbilketak bilatu behar ditu; hurbilketarik hurbilena aurkitzen saiatu, eta horrenbestez konformatu.
Ez ditut aipatuko nire itzulpen honetan izan nituen arazo guztiak, ez bainuke hilabetean bukatuko. Itzultzaile bezala euskarari ikusten diodan akatsik handienetako bat, eta uste dut honetan bat etorriko direla nirekin itzultzaile gehienak, he eta she izenordainak ez bereiztea da, gaztelaniazko el eta ella, alegia. Horrek ez dio arazorik sortzen euskaraz idazten ari denari, hizkuntzaren barrutik ari denari, baina bai izanordain maskulinoa eta femeninoa bereizten dituen hizkuntza betetik itzultzen ari denari. Gure zoritxarra da berriak garela itzulpen lanetan. Ziur nago itzulpen tradizio sendoago bat izan bagenu, honezkero asmatuta egongo zirela euskararako el eta ella-ren parekoak, gure klasikoek euskara latinaren sintaxira egokitzeko zeren eta horrelako partikulak asmatu zituzten bezalaxe.
Azkenik, eta bukatzeko, esango dut arreta handia jarri nuela nire itzulpenak kutsu euskaldunegia izan ez zezan. Mississippiko biztanle batek ezin lezake Goierriko edo Lapurdiko batek bezala hitzegin. Horregatik, euskara «jatorra» baztertu, eta halako neutrotasun bat bilatzen saiatu nintzen. Beste pundu bat ere, aurrekoarekin zerikusirik baduena, ez nuke aipatu gabe utzi nahi: askotan, itzulpen bat ona dela esateko, «jatorriz euskaraz idatzia dirudi» eta horrelakoak entzuten dira. Laudoriotzat hartzen da hori, baina zergatik? Ez al da horren atzean ikuspegi etnozentrista bat ezkutatzen? Beste toki eta kultura bateko nobela bat irakurtzen ari bagara, zergatik ez du halako arroztasun bat izan behar?
Mahai gainean daukat une honetan Hotsa eta Ardaila-ren itzulpena. Eta aitortzen dizuet pozik begiratzen diodala, berriro itzuli beharrik ez dudalako.