Bibliografia
Bibliografia PDFn
NEWMARK, Peter, Manual de Traducción, Cátedra, 1992, Madrid
Traduktologo ingeles ezagunaren A Textbook of Translation (1988) izeneko obraren itzulpena eskaintzen digu Virgilio Moya itzultzaileak "Manual de traducción" titulupean. Aurretik Approaches to Translation (1982) eta oraindik orain About Translation (1991) izeneko lanak ere eskaini dizkigu.
Anglosaxoniar enpirismoari dagokionez, Newmarken obretan ez da elukubrazio erretorikatsurik aurkitzen eta eskaintzen duen teoria beti teoria eta praktikaren arteko uztardura estuan ageri da. Pragmatismoa nagusi duen liburu honetan adibide ugari aurkitzen da autoreak defendatzen duenaren berri emateko, nahiz eta beti derrigorrean bat etorri beharrik ez dagoen. Autorea, Moyak dioenez, «zehaztasuna» eta "ekonomiaren" aldekoa da eta bi hitz horiek izan litezke liburua deskribatzeko ere egokienak.
Moya, britainiarraren obra gaztelaniaratu duen moldatzaileak erronka serio samarra izan du aurrez aurre eta froga aski ongi gainditu duela esan beharra dago. Ikasle espainiarren premietara egokitu behar izan du ingelesentzat pentsaturik zegoena, eta bestalde autoreak darabilen terminologia birsortu ere egin behar izan du —Glosategian ageri denez— liburuan zehar erabili baino lehen.
Itzultzaile-moldatzaileak iradokitzen duenez, ikasle-irakurleak eskertuko du ohar gehiegi ezartzearen "porrot-aitorpenik" gabe liburua agertzea, zeren bertan ageri diren apurrak eginkizun bikoitza bait dute, irakurleari jatorrizko testua ulertzen laguntzea eta testuaren bibliografi erreferentzia zehatza ematea, zeren ezein joera traduktologikotakotzat bere burua aitortzen ez duen autoreak eman gabe uzten baitu.
Newmarken obrak bi parte nagusi ditu: Hastapenei buruzkoa, 20 kapitulurekin eta Metodoei buruzkoa, sarrera eta 8 testuren itzulpenarekin, amaitzeko glosategia, medikuntza-terminologia, laburdurak, autorearen artikulu-zerrenda, bibliografia, izen eta gai aurkibidea bezalako eranskinekin.
Lehen parteari dagokionez, testuaren analisia, itzultze-prozesua, hizkuntz funtzioak eta testu-kategoria eta motak, itzultze-metodoak, itzulpen-unitatea eta diskurtso-analisia, itzulpen literala, gainerako itzultze-prozedurak jorratzen ditu lehen zortzi kapituluetan. Bederatzigarrenetik aurrera itzulpena eta kultura, metaforen itzulpena, analisi konponentzialak itzulpenean duen erabilera, gramatika itzulpen-kasuetara hedatzea, neologismoen itzulpena, itzulpen teknikoa, literatura serioa eta "autoritatedun" testuen itzulpena, kontsulta-liburuak, itzulpenaren kritika eta abar bezalako gai orokorrago edo bereziagoak lantzen ditu. Esan beharrik ez dago denak aski funtsezkoak gertatzen direla itzulpenera teorian eta praktikan hurbildu nahi duenarentzat.
Orain arte, gero eta eskari handiagoa duen gaztelaniazko traduktologi liburuen merkatuan, bi obra nagusi zeuden ikasleen aukeran: V. García Yebra (Teoría y Práctica de la Traducción I-II) eta Vázquez Ayorarena (Introducción a la Traductología), zeren Ernesto Zierer perutarraren Algunos conceptos básicos de la ciencia de la traducción (Trujillo-1979) ez baita ohizko merkatu-bideetatik banatu. Aurrerantzean, iruzkingai dugun liburu honek baliabide eta laguntza berriak ekarriko ditu, aurrekoen eskaintzari ezer kendu gabe, izan ere itzulpen-karrera eta masterretan gero eta beharrezkoagoak baitira praktikara zuzenduriko liburuak. Bistan dago honelako liburu batek ez duela gaur egun munduan zehar traduktologi mailan gertatzen ari denaren berri emateko asmorik eta herrialde desberdinetan eta traduktologo desberdinen lumetatik sortzen ari diren gogoeta ugarien berri emateko gogorik. Dena den, une egokian dator Newmark-Moyaren eskuliburu hau eta ezinbesteko erreferentzigune gertatuko da gaztelaniazko ikasleen artean, lehenago ingeles ikasleen artean bezalaxe.
Xabier Mendiguren
BERTONE, Laura, En torno de Babel. Estrategias de la interpretación simultánea, Hachette, 1989, Buenos Aires
Interpretaritza gizartean hartzen ari den garrantzia gero eta nabarmenagoa da. Horregatik, ez da harritzekoa lanbide honi buruzko aipamen eta artikuluak ere gero eta gehiago izatea adituen aldizkarietan. Noizean behin, libururen bat edo beste ere agertzen da, honelako edo halako interpretarik urteetan zehar bildutako esperientziaren errainu, baina aitortu beharra dago ez dela batere erraza interpretaritzaren barne-muinak era bizi eta baliagarrian inori erakustea. Laura Bertoneren liburu honek aski ongi lortzen duelakoan gaude.
Hasteko, gozamenez idatziriko liburua dela esan behar da eta era berean irakurtzekoa. Zenbait eskulibururen errazionalismo edo intelektualismo lehorrari ihes egiten dio eta metafora, adibide eta umorearen bide iradokiorretik jotzen du irakurlea bereganatzeko. Hamazortzi kapitulutan zehar Herbert, Tadey Pilley, Eva Paneth, Danica Seleskovitch, Gerver, Sinaiko eta abar bezalako klasikoen irakatsietarik hoberena eskaintzen ahalegintzen da, Mariano García Landa, Bárbara Moser-Mercer eta Jürgen Stähle bezalakoengandik ikasitakoak ahaztu gabe.
Baina, ere berean, interesgarria da ikustea Saussure, John Austin, John Searle, Benveniste, Jakobson, Greimas, Hjemslev edo Stanislavski, teatroaren munduan hain eragin sakona izan zuenaren lanak irakurtzeari nolako garrantzia ematen dion Bertonek interpretariaren sakoneko prestakuntzari dagokionez.
Sarrera historiko labur baten ondoren, hizlariaren identitateaz eta interpretariaren presentziaz mintzatzetik hasten da, ondoren diskurtsoak iradokitzen duenaz edo inplizituaz hitz egiteko.
Gero, hiztunaren asmoaz hipotesi bat izatea zeinen garrantzizkoa den aitortzen du bere diskurtsoa interpretatu ahal izateko, eta sarritan kontraesankorrak diren seinaleak zuzen ulertzeko.
Bostgarren kapituluan interpretariaren lana ardazten duten bi ardatzak aipatzen ditu: aldiberekotasunarena (sinkronia) eta ondozondokotasuna (diakronia).
Hurrengo ataletan eragiketen aldiberekotasuna, ikaskizuna eta lan-metodoa, zenbait ondorio, estrategiak eta zentzuaren erlatibitatea bezalako gaiak eskaintzen dira, azkenean interpretariaren paperaz, hondoa eta formaz, integrazio pertzeptiboaz, prozesu automatikoez eta interferentziez gogoeta egiteko.
Glosategia, interpretaritza irakasteko iradokizunak eta bibliografia datoz liburuaren bukaeran. Azken sail honi dagokionez, interpretariaren prestakuntza sakonera guztian bideratzeko moduko liburu-zerrenda dela aitortu behar da, zeren bertan datozen jakintzagai edo diziplinak hasi hizkuntzalaritzatik eta hizkuntz filosofia, semiologia, psikolinguistika, psikologia, soziologia, komunikazioa, psikoanalisi, teatroan barrena, itzulpen-teoria eta konferentzi interpretaritzarainokoak baitira.
Baliteke norbaitek liburuaren «tonua» hautematean arin eta sinple samarra iriztea, baina nork daki interpretari baten prestakuntzaz dihardugula zer den baliozko eta zer ez? Bertoneren liburuan bizitza eta iradokizun ugari dago pasarte bat ez bada besteren bat aberasgarri bezain iradokior izan litekeela zinez ziurta daitekeena da.
Xabier Mendiguren
LOPEZ GARCIA, Dámaso: Sobre la imposibilidad de la traducción, Colección Traducciones, Ediciones de la Universidad de Castilla-La Mancha, 1991, Madrid
Garai eta aldizkari desberdinetan agertuz joan diren artikuluen bilduma hau Castilla-La Manchako Unibertsitateko Letra-Fakultatean Ingeles Literatura irakaslea den Dámaso López Garcíak idatziak dira eta gehienak ingelesetik gaztelaniara zenbait autoreren lanak itzultzearen inguruko esperientziaz dihardute, besteak beste, Shakespeare, John Donne, Young, Blanco White, "Lotofagoen Kanta", Molly Bloomen bakarrizketa. Hala ere, izenburua «Itzulpengintzaren ezinezkotasunaz» titulua duen eta bildumaren hasieran datorren artikulutik hartzen du liburuak. Hain zuzen ere, neo-humboldtiarrak, Whorf, Sapir eta abarren ildotik itzulpena ezinezkoa dela aitortu dutenen hitzak errepikatzetik hasi eta Schleiermacher, García Calvo, Walter Benjamin, Ortega y Gasset eta askoz lehenagoko Fray Luis de León eta Amerikaren aurkitzaile eta konkistatzaileen aipamena eginez honako ondorioetara iristen da: «Itzulpenaren ahaltasun edo ezintasuna itzulpen-teoriaren arazo amankomunez bizkar erabakitzen da. Espainiar hizkuntzaren historiak erakusten du, bere unerik distiratsuenetan, itzulpengintza posible eta desiragarri bihurtzen zuen benetako komunikazio-egarri bat».
Bigarren eta hirugarren artikuluetan hizkuntza eta itzulpenaren arteko harremanak eta beti zail eta eztabaidatua den itzulpenen ebaluaketaren gaia irristakorra jorratzen ditu. Bassnett-McGuiren hitzetan "great stumbling block" den honi buruz, López Garcíak uste du inoiz ez dela izango itzulpenaren teoriarik, hau da, ezaguera-eremu bateratu egonkorrik, harik eta itzulpenen ebaluaketak planteatzen dituen arazoak konpondu arte.
Bere garaian V. García Yebrak argitara eman zuen "En torno a la traducción" artikulu-bildumaren antzera, Castilla-La Mancha Unibertsitateko irakaslearen sortan balio eta garrantzi diferentetako saioak datoz, baina guztiak dira interesgarri esaten dutenarengatik ezezik, baita iradokitzen dutenarengatik ere. Azken finean, itzulpen-teoriaren alorrean oraindik saio asko dago egiteko auzi desberdinak behar bezala maneatu eta jakite-multzo iraunkor samar batzuk era egituratuan eskaintzeko. Kasu honetan, ingelesaren eremuan murgildurik dabiltzanek gozamen bereziz irakurriko duten liburu baten aurrean gaude.
Xabier Mendiguren
HEWSON, Lance & MARTIN, Jacky: Redefining Translation - The Variational Approach, Routledge, 1991, London/New York
Liburu eta artikulu ugari idatzi dira azken hamarkadotan itzulpena zer den, itzulpen "ona" zer den bezalako galderei erantzunez eta ikuspegi desberdinetatik auzia argitu nahiz, baina ahaleginik gehienak alderditar edo mugatuegi agertu izan dira eta nekez agertu dira alderdi linguistiko, sozial eta kulturalak uztartuz ikuspegi bateratua eskaintzen duten saioak.
Autoreak aurretik dauden itzulpen-teoriak aztertu eta berauen mugak agerian jarri ondoren, "bariazional" adjektiboaz izendaturiko beren proposamena eskaintzen digute eredu-kontzepzioan erabateko aldaketa izan daitekeelakoan. Aurreko teoria lineal, orientatu eta helburura determinaturiko planteamenduaren ordez sistemikoa, alderdibitarra eta balioaniztuna den beste bat luzatzen digute.
Eredu bariazionalak erlazio bikoitz bat ezarri nahi du bi hizkuntz kultura edo gehiago besarkatuz. Lehenari paradigmatiko dei lekioke eta STa jatorriz hautatua izan deneko alternatiba berreraikigarrien aukera deskribatzen du. Berreraikuntza paradigmatiko hau parafrasetan oinarritzen da.
Bigarren erlazioa maila sintagmatikoan garatzen da eta homologia kontzeptuan oinarritzen da.
Beraz, bi mailako eredu baten aurrean gaude: aurrena aukera parafrastikoen multzo zabal bat isolatzen da eta gero hautapen-prozedurazko multzo batean zehar igarotzen da azken testu bat sortzeko.
Lehen mailak itzulpenaren alderdi linguistikoa azpimarratzen du eta homologia kontzeptuan edo hizkuntzarteko parafrase koordinatuetan oinarrituriko maila sortzaile bat da. Bigarren mailak itzulpenaren alderdi sozial eta kulturala hartzen du kontutan eta hautapen-prozesu bat da, zeinean parametro sozio-kulturalak, ekonomikoak eta abar kontutan hartzen diren azken testua sortu aurretik. Planteamendu honek usadiozko ereduek baino argi eta garbiago uzten dute itzulpengintzaren alderdi sortzailea.
Fokapen edo hurbilbide bariazional hau aurrerapausu bat da itzulpen-estudioetan eta ikasle eta irakasle aurreratuentzat ez ezik eguneroko itzulpen lanean ari diren profesionalentzat ere bada, testu literario zein ez-literarioekin aritzen direlarik ere.
Jacky Martin eta Lance Hewson liburuaren egileak esperientzia handia dute itzulpen-gaietan. Eta graduazio aurreko eta osteko ikastaldi eta mintegiak zuzentzen dituzte Montpellier-eko Paul Valéry Unibertsitatean. Obraren azken partean adibide praktiko bat baino gehiago dator azaldutako teoriaren argigarri.
Xabier Mendiguren
ROGER T. BELL: Translation and Translating. Theory and Practice. Longman, 1991, London/New York
Azken urteotan halako ondoez bat sentitu izan da itzulpen-teorilarien eta hizkuntzalarien artean: lehenek gaur eguneko linguistikaren kontzeptu eta tekniken erabilera sistematiko eskasa egin izan dute eta bigarrenak, berriz, onenean ere neutral agertu izan dira itzulpen-teoriaren aurrean. Liburu honetan azpimarratzen den ideietako bat zera da: itzulpenaren emaitza subjektiboki ebaluatzetik prozesuaren mekanismoak deskriptiboki eta objektiboki agerian jartzera pasatu behar dela. Izan ere, aldaketa hori egin ezean, itzulpen-teoria giza zientzien iharduera intelektualaren errepidetik kanpo geratuko da eta ez du lortuko dagokion lekurik izatea Linguistika Aplikatuaren baitan.
Azterketa honen helburua itzulpen-prozesuaren eredu integratu bat eraiki eta zuribidetzea da. Eredu honek sorburu-testuaren dekodaketa errepresentazio semantiko hizkuntz unibertsal bat sortzearekin lotzen du eta ondoren xede-hizkuntzako testu gisa birkodetzearekin bi hizkuntzen sintaxia, semantika eta pragmatika besarkatzen dituen maila askotako prozesu batean. Guzti hau giza informazioa prozesatzearen eredu orokorrago baten eta hizkuntz forma eta hizkuntz erabileraren teoria sistemiko baten barruan kokatzen da. Aurretiazko ezaguera berezirik eskatzen ez duen azterketa muin-bakarreko hau mesedegarri gertatuko zaie itzultzaileei eta hizkuntzalaritzako ikasleei.
Obra hiru atal nagusitan banaturik dago: lehena ereduari buruzkoa da eta itzulpen ikuspegiak eta prozesuaren modulazioaz ari da. Bigarren atalak, esanahi edo adieraziari buruzkoak, hitz, esaldi, logika, gramatika, erretorika, testua eta diskurtsoa bezalako gaiak sakontzen ditu. Eta hirugarren atala, oroimenari buruzkoak, testu-prozesaketa, informazioa, ezaguera eta oroimena bezalako gaiak lantzen ditu. Liburua linguistika eta traduktologiari buruzko bibliografia joriaz horniturik dator.
Xabier Mendiguren
Traduction et traducteurs au moyen age. Actes du colloque international du CNRS organisé à Paris, Institut de recherche et d'histoire des textes les 26-28 mai 1986. (Textes réunis par Geneviève Contamine). Editions du Centre National de la Recherche Scientifique, 15, Quai Anatole-France -75700 Paris, 1989
Testuen Historiako Ikerketa-Institutuak antolaturik 1986eko maiatzaren 26-29 an erdiarolarien kolokio bat antolatu zen Parisen lau ardatzen inguruan: itzulpenak eta moldaerak, itzulpenak eta itzulpen-zentruak, jakintza-hizkuntzak eta hizkuntza bernakularrak eta motibazioak eta metodoak.
Sarrera gisa, Pergnier traduktologo ezagunak itzulpen-zientziaren inguruko gogoeta sakon bat eskaintzen du eta bertan bi multzo nagusitan biltzen ditu itzulpenari buruzko auzi teorikoak: a) hizkuntzen egiturek berek sortzen dituzten zailtasunekin zerikusia dutenak, b) hizkuntzaz kanpoko datuekin zerikusia dutenak (faktore soziologiko, psikologiko, kultural eta testualekikoak).
Lehen ardatz edo gai-multzoari dagokionez siriera, arabiera, latina, eslaboia, grekoa, georgiera, hizkuntza keltarrak eta errusiera zaharraren inguruko itzulpenei buruzkoa da.
Bigarren multzoan, itzulpen eta itzulpen-zentruei buruzkoan, Eskoto Eriugena, Gerardo Kremonakoa, Amalfiko itzultzaileak, Kantuen kantuaren aramaierazko bertsioa, bertsio arabiar kristauak, Hego-Italiako itzulpen hagiografikoak, Sizilia eta Napoliko itzultzaile juduak eta bi interpretarien arteko itzulpenak (arabiera-bernakulua/bernakulua-latina) bezalako gaiak lantzen dira.
Hirugarren sailean, jakintza-hizkuntza eta hizkuntza bernakuluei buruzkoan, Erdi Aroko mundu brittonikoan itzulpena eta elebitasuna, Erdi Aroan latinetik hizkuntza bernakuluetara egindako itzulpenak, itzulpena Erdi Aroko historiografian (Chronique des rois de France), XV mendeko frantses pastoralean itzulpenen toki eta eginkizuna gaiak aztertzen dira.
Eta laugarren eta azken sailean, mugikari eta metodoei buruzkoan, XII mendearen erdi aldetik XV mendearen azkenera arte hebraierara egindako itzulpenen motibazio eta metodoak, translatio studii eta XIV mendeko jakintza-testuen itzulpen frantsesak, Roger Baconengan hizkuntzak eta hizkuntzek zuten zentzua eta Errenazimenduan izan zen hizkuntza unibertsalaren ideala gisako auziak jorratzen dira.
381 orrialde dituen liburu bikain hau apain argitaraturik eta autore eta obra, toki eta pertsona-izen, eskruizkribu eta kolokioko partaideen izenez horniturik dator eta, oro har, gainbegiratu on bat eskaintzen du Erdi Aroan itzulpengintzaren inguruan gertatu ziren gertakari nagusienei buruz.
Xabier Mendiguren
La traducción y la crítica literaria. Actas de las Jornadas de Hispanismo Arabe. Agencia Española de Cooperación Internacional. Instituto de Cooperación con el Mundo Arabe, Madrid, 1990
1988ko maiatzaren 24-27ra bitartean Madrilen ospaturiko Arabiar Hispanismoari buruzko Jardunaldietan esandakoez horniturik dago ia 500 orrialdeko liburu mardul hau. Hona hemen hurrenez-hurren liburuaren bederatzi sailetan ageri denaren aipamen laburra:
I. Mariano Alonso Burón, Kulturako Institutu Hispano-arabiarraren zuzendaria, Luis Yáñez-Barnuevo, Nazioarteko Lankidego eta Iberoamerikarako Estatu-Idazkaria eta Juan Manuel Velasco Rami, Liburuaren Zuzendari Orokorraren hitzaldiak.
II. Valentín García Yebraren maisu-hitzaldia Arabieratik eta arabierarako itzulpena, Ekialdea eta Mendebaldearen arteko lokarri.
III. Partaideen zerrenda.
IV. Itzulpen-teknikari buruzko lan-saioa
V. Literatur kritika. Arabiar gaia espainiar eta iberoamerikar literaturetan gaiari buruzko lan-saioa.
VI. Espainiar gaia idazle arabiarren baitan gaiari buruzko lan-saioa.
VII. Espainieratik arabierarako itzulpena gaiari buruzko lan-saioa.
VIII. Arabierazko testuen bilduma.
IX. Ondorioak.
Berauen artean bi urtez behin ihardunaldiak egitea, Arabiar Hispanismozko Idazkaritza Iraunkor bat sortzea, Arabismo boletinean arabiar hispanismoari buruzko sail bat eratzea hispaniar kulturako maisu-lanak arabierara eta alderantziz itzultzea proposatu UNESCOren arauak kontutan harturik.
Espainiar argitaletxe publiko eta pribatuei gero eta partaidetza handiagoa izatea eskatu Arabiar Herrialdetan gero eta ugariago ospatzen diren nazioarteko bibliografi erakusketetan.
Aldizkako argitalpenen trukea areagotzea eta kultur lankidegorako sinaturiko egitarauetan begietsirik dauden arabierazko eta gaztelaniazko itzulpenak eragitea.
Arabiar Herrialde diferenteetako agintariek irakaskuntza ertainetan espainiera irakasteko egiten dituzten gestio guztiak bultzatu eta abar izan ziren ihardunaldien amaieran ondorio gisa eginbeharrekotzat hartu ziren erabakirik nagusienak.
Berrogeitamasei partaide izan zituzten ihardunaldi hauek Argelia, Egipto, Espainia, Irak, Libano, Marokko, Siria eta Tunisiako aditu, irakasle eta idazleak bildu zituzten.
Xabier Mendiguren
X. MENDIGUREN, Itzulpengintza. Historia eta teoria. Elkar. Donostia 1992
Xabier Mendiguren itzultzaile eta irakasleak oraingoan kaleratu duen liburua itzulpenaren historia eta teoria jorratzen dituen entsegu trinko bat da.
Martuteneko Itzultzaile Eskolako irakasle lanetan hasi eta bi urtera argitaratu zuen Itzulpen-teoriazko ezagupenak (1983) liburua osatu eta eguneratu du orain kalean dagoen honen bidez. Egileak hitzaurrean aitortzen duen bezala, aspaldian agortu zen lehen liburu hura idatzi zuenetik, alde batetik pauso berri eta ugariak eman dira traduktologiaren alorrean, eta bestetik euskal itzulpengintzaren panorama ere nabarmen aldatu da, eta azken arrazoiaren froga garbietako bat liburu hau bera da.
Bi atal nagusi ditu liburuak, alde batetik itzulpenaren historia osatzeko bidean, Mendebaldeko itzulpen historiaren aspekturik garrantzitsuenak jasotzen ditu, tartean euskal itzulpenarena sartuz eta horrela gurea lehenengo aldiz historia zabal horren barruan txertatuz.
Bestetik, traduktologiaren ekarpenek betetzen dute liburuaren zatirik handiena. Itzulpenaren teoria asko daude gaur egun, eta askotan auzi gogorrak ere sortu dira teoria horien defendatzaileen artean, eta auzi horien ondorioz gero eta literatura gehiago sortzen da eta sortuko da. Oihan zabala da beraz itzulpenaren teoriarena, eta bertan argia bilatu eta zuhaitz emankorrak bereiztea lan handia eta luzea gertatuko zitzaion Mendiguren irakasleari. Horrela, hautaketa bat egin beharrean aurkitu da, eta hutsuneak hutsune, ikuspegi zabal bat ematea lortu du. Bestalde, itzulpenaren jardunari buruzko teoria eta praktika uztartzen dituzten bost autore ezagunenen ekarpenei buruzko azalpenek osatzen dute itzulpen teoriari eskainitako atala; Vinay/Darbelnet, Taber/Nida eta Komissarov dira bost klasiko horiek, eta Antoine Bermanek prosa filosofiko eta literarioaren itzulpenerako egindako hausnarketak ere jasotzen ditu.
Azkenik, aipatzekoa da makina bidezko itzulpenari eta interpretaritzari ere ataltxo bana eskaintzen dizkiela. Oso laburrak dira biak ere, baina garbi dago interpretaritzak bereziki ia liburu osoak adinako tartea beharko lukeela dauden azterketak laburbiltzeko. Nolanahi, atal guztiak bibliografia eta ohar ugariz osatuta daude, eta ezagutza maila ezberdinak osatzeko aukera bikaina eskaintzen dute.
Euskal itzulpengintzan azken hamarkadan pauso handiak eman diren arren, ia guztiak oso pragmatikoak izan dira, eta euskal itzultzaileon artean ez da egon teoriak irakurri eta aztertzeko joera handiegirik. Aitzakiarik ere izan dugu horretarako, besteak beste bibliografia gehiena, ia guztia ez esatearren, atzerriko hizkuntzetan egotearena. Orain, eta abiapuntu gisa, badaukagu zuzenean itzulpengintzan edo linguistika edo beste zientzia batzuetan oinarrituz gure eguneroko jardunean aurkitzen ditugun hainbat eta hainbat arazo kontuan izanda egin diren hausnarketa teorikoak nahiz teoriko-praktikoak euskaraz ere irakurtzeko aukera. Maila honetan aipagarria da baita X. Mendigurenek alor honetarako egin behar izan duen lexiko lanketa, linguistika orokorraz gain itzulpenak eta traduktologiak eskatzen duten terminologia altxorra euskaraz finkatzeko pauso sendoak eman ditu.
Teoriaren eta praktikaren artean zubi asko daude eraikita, eta itzulpen ikasketetan ezik gure eguneroko itzultzaile jardunean ere interesgarria gerta dakiguke tarteka batetik besterako joan-etorri batzuk egitea. Batzurentzat, agian oso orokorrak izango dira liburu honetan jasotzen diren historiazko eta teoriazko ekarpenen azalpenak, beste batzurentzat berriz agian urruti geratuko dira bertan esaten diren hainbat gauza. Nolanahi, garbi dago euskal itzulpengintzak eta bereziki itzulpengintzaren ikasketek behar dutela era honetako lanik, eta alde horretatik zorionak Xabier Mendigureni. Eta hainbeste urteko tarterik gabe aldizkari honetan bertan, gaur aipatzen ari garen liburu hau osatuko duten lan gehiago eta emankorren berri laster emateko aukera edukitzea atsegingarria litzaiguke.
Lurdes Auzmendi