Manu Lopezen 'Alice'ren itzulpena IBBYren ohorezko zerrendan
Artikulua PDFn
UNESCOren babespean dagoen Gazte-Liburuetarako Nazioarteko Batzarrak, edo ingelesez International Board on Books for Young people (IBBY) delakoak, irailaren hasieran Berlinen egindako biltzar batean, euskarazko itzulpen lan bat saritu du aurten, bere Ohorezko Zerrendan sartuz: Manu Lopezen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian, hain zuzen, Pamiela argitaletxeak 1989an argitaratu zuena.
IBBY haur eta gazteentzako literatura mundu osoan suspertzeko ahaleginetan diharduen elkarte bat da, literatura horren inguruko gaiak aztertzeko bi urterik behin kongresu batean biltzen dena, eta bilera horietan aurreko bi urteetan argitaratutako liburu batzuk aukeratzen dituena bere Ohorezko Zerrendan sartzeko; era horretan saritzen ditu bai idazleak, bai ilustratzaileak eta bai itzultzaileak ere, haien lana mundu osoko haur eta gazteentzako literatur bilduma batean sartuz. 1992ko Ohorezko Zerrenda 31 herritako 87 liburuk osatzen dute, haien artean, Manuren itzulpenarekin batera Mariasun Landaren Iholdi sorlana ere dagoelarik.
Hogeitahiru izan dira IBBYk era honetan saritu nahi izan dituen itzulpenak, eta haien artean dago, Espainiako Estatuaren ordezkari bakarra, Manu Lopezen Alice miresgarria, ohore hori lortzen duen lehen euskal itzulpena. Bultzagarri polita izango da hau, zalantzarik gabe, Euskal Herrian haur eta gazteentzako literaturaren munduan biltzen diren idazle, ilustratzaile, argitaratzaile eta itzultzaileak OEPLIn (Organización Española Para el Libro Infantil) sar daitezen, eta, horrela, egiten duten lanak merezi duen ospea lor dezan bai kanpoan, bai gure artean ere. Bihoazkio horregatik gure zorionik beroenak Manu Lopezi.