Itzulpen sariketak eta beste
Artikulua PDFn
Ugalduz doaz azken urteotan Euskal Herrian itzulpengintzaren inguruko sariketak, beka, dirulaguntza eta honelakoak. Artikulu honetan, gainetik besterik ez bada ere, hauen nondik norakoa eta azken hiru urteotako emaitzen berri ematea da. Besterik izan bada ere, honako hauek izan ditugu ezagunenak:
Euskadi saria
Antolatzaile: Kultura eta Turismo Saileko Ondare Historiko-Artistikoaren Zuzendaritza.
Xedea: Honela dio 1989ko ekainaren 26ko aginduko 7. artikuluak: «Itzulpenaren "Euskadi" Saria 1988. urtean zehar argitaratutako eta edozein hizkuntzatatik euskarara egindako literatur itzulpenik nabarienari emango zaio».
Epaimahaiak Itzulpenaren "Euskadi" Saria Xabier Mendigurenek Robert Laxalt-en Sweet promised land obratik egindako Dominique artzain xiberotar bat Nevadan izeneko itzulpen lanari ematea erabaki zuen, saria 800.000 pezetakoa izanik.
Iokin Zaitegi III Itzulpen Laburren Sariketa
Antolatzaile: Arrasateko AED Elkartea.
Xedea: Orohar, sariketa honen ezaugarriak munduko edozein hizkuntzatatik –gazteleratik izan ezik– itzulitako lanak izatea, jatorrizko testuak azken hiruzpalau urteetan argitaratuak izatea, gai jakin bati buruzkoa izatea eta gutxienez 12 eta gehienez 25 orrialdekoak izatea dira.
1987.ean «Bizimoduaren Hobekuntza» izan zen gaia eta Juan Martin Elexpuru saritua. 1988an «Biogenetika», eta Maider Etxaideri eman zioten saria. Aurtengoa «Soziolinguistika» da eta azpimarratu behar da aurten Aurrezki Kutxa Munizipalaren laguntza izan dutela Udalaren babesaz gainera.
Orixe Saria
Antolatzaile: Gipuzkoako Kutxa.
Xedea: Honela diote deialdiko lehenengo bi oinarriek:
Lehena: «Literatur obrak behar dute izan, klasikoak eta/edo modernoak. Epaimahaiak batez ere obra hauen interesgarritasunari erreparatuko dio, berauen gaia, idaztankera eta onarpen-ospea kontutan harturik».
Bigarrena: «Lau literatur genero hauetariko batekoak behar dute izan: eleberria, olerkia, saiakera edo antzerkia».
Aurrekoak bezala, hirugarren urtea bete du aurten sari honek ere. 1987an honako hauek izan ziren sarituak: Flaubert-en Mme. Bovary, Patxi Apalategik itzultzekoa, nahiz eta gero itzuli gabe geratu den; Navokov-en Lolita, Mari Jose Kerejetak aurkeztua; Margueritte Duras-en L'amant, Roger Lubianok proposatua; eta T. Mororen Utopia, Piarres Xarritonek itzultzekoa.
1988an honako beste hauek, berriz: Friedrich Nietzsche-ren Honela hitz egin zuen Zaratustrak, X. Mendigurenek proposatua;
Truman Capoteren Gosaria Tiffany's-en, K. Navarroren ardurapean; XX mendeko ingelesezko 200 poema onentsuenen antologia, Ruper Ordorika, A. Garitano eta Bernardo Atxagak egitekoa; eta azkenik J.D. Salinger-en The Catcher in the Rye, Iñaki Iñurrietarentzat.
Aurten 23 obra itzultzeko proiektuak aurkeztu dira eta abenduaren erdi aldera jakineraziko dira saritutakoak eta irabazleei jakinerazi eta gero bi urteko epea izango dute lan horiek burutzeko.
Bizkaiko Aldundiarena
Antolatzaile: Bizkaiko Aldundiaren Kultur Hedapena.
Xedea: Erakunde honek antolatzen dituen literatur lehiaketen barruan itzulpengintzari ere leku bat egin diote azken hiru urteotan. 1987an Marguerite Yourcenar-en obra baten itzulpen lanak jaso zuen saria. 1988an Inaki Ibañez-ek Graham Green-en El tercer hombre-ren itzulpenak. Eta 1989.ean, Elhuyar taldeko J. I. Abrisketa eta I. Irazabalbeitiak egindako I. Assimov-en The universe obraren itzulpenak.
Eusko Jaurlaritzaren Bekak
Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Ondare Historiko-Artistikoaren Zuzendaritzak honako beka hauek banatu ditu aurten:
Itzultzaile profesionalentzat: Diru-laguntza: 650.000 pta. Beka jaso dutenak: Ramon Etxezarreta, Eduardo Blancoamor-en A Esmorga itzultzeko; Tahar Ben Jelloun-en La reclussion solitaire itzultzeko, Begoña Montorio; Nikos Kazantzakis-en Alexis Zorba itzultzeko, Luis Berrizbeitia Agirre; eta Juan Mari Mendizabal, Karen Blixen-en Patuaren anekdotak euskaratzeko.
Itzultzaile hasberrientzat: Diru-laguntza: 250.000 pta. Beka jaso dute: Esta es nuestra fe. Teologia para universitarios itzultzeko, Kepa Mujikak. Alexander Bengoetxeak, The strange case of Dr. Jeckill and Mr. Hyde euskaratzeko. Machado de Assis-en O Alienista, Joseba Urteagak itzultzeko; eta azkenik, Milan Kunderaren Smene Laski itzultzeko, Carlos Cid Abasolok.
Literatur Ondare Unibertsala Euskaratzeko proiektua
Eusko Jaurlaritza, Editoreen Elkartea eta Itzultzaileen Elkartearen artean literatur ondare unibertsala euskaratzen hasteko asmotan sinatutako komenioa gauzatzen hasi da; aukeratu dira jadanik lehenengo bederatzi obrak itzuliko dituztenak.
Hona aukeratutako obrak eta itzultzaileak: Chejov-en Ipuinak, Xabier Mendiguren; Joseph Conrad-en Illunpearen bihotzean, Iñaki Ibañez; Jonathan Swift-en Gulliver-en bidaiak, Iñaki Mendiguren; Edgar Allan Poe-ren Ipuinak, Migel Anjel Unanua; Gustave Flaubert-en Madame Bovary, Patxi Apalategi; Rudyard Kiplingen Kim, Koro Navarro; Mark Twain-en Huckleberry Finn, Aintzane Ibarzabal; Hamsum-en Gosea, Juan Mari Mendizabal; eta Prevost-en Manon Lescaut, Antxon Narbaiza.