Neurolinguistika, psikolinguistika, elebitasuna eta itzulpenaz
Artikulua PDFn
Bi hitz esan nahi nituzke gai honi buruz JEAN-LUC NESPOULOUSen artikulu batean oinarrituaz[1].
Itzulpenari buruzko edozein teoriaren hasierako leloa izaten da "traskodatze" batean datzala itzulpen-prozesua, eta errealitatea eta hizkuntza elkarrekiko harremanetan sartzeko edozein prozesutan gisa beretsuko transkodatze bat burutzen dela halaber, nahiz paisaia bat deskribatu, nahiz pasadizo bat kontatu. Hala, itzulpenaren kasuan hizkuntza bat izango litzateke jatorrizko errealitatea eta beste hizkuntza bat prozesuaren emaitza. Psikolinguistika eta neurolinguistika bi adar desberdin izanik ere, psikolinguista gutxitan interesatzen da hizkuntz-jokabideen sostengarri diren prozesu mentalei buruz berba eta hizkuntzaren sustrai biologikoaz arduratu gabean, eta neurolinguista ere gutxitan interesatzen da portaera tipo jakin bati buruz hizkuntz-ulermena eta -produkzioa bezalako prozesuen naturari heldu gabe.
Neurolinguistikari dagokionean, burmuinetako lesioren bat izan duten poliglotengan egindako azterketek seinalatzen dute gaixoek batzuetan modu arras desberdinetan berreskuratzen eta erabiltzen dituztela hizkuntza batzuk eta besteak sendatzen ari diren bitartean.
Hortik uler baliteke ere dispositibo biologiko nolabait autonomoa dagoela eleaniztun batek menderatutako edozein hizkuntzaren funtsean eta, zirkunstantzien arabera, txandaka edo apanean erabiltzen duela gradu berean dakizkien hizkuntzetatik bata zein bestea, horrelako tesi batean ezin pentsa daiteke itzulpenarena bezalako iharduera baten sustraia "lokalizatzera" ahalegintzen denean. Itzultze-lanean elkarrekiko jokoan sartu behar dute itzultzaileak darabiltzan hizkuntz-sistemek, eta beraz, sistema horiek burmuinen parte berean edo desberdinetan egonik ere, lehen hizkuntzan dagoen mezua bigarrenera transkodatuko duten nerbio-koneksio batzuen jokoan sartzea eskatzen du itzultzeak. Hala, pentsa daiteke paziente batek egoera jakin batean hizkuntza bat hobespenez erabiliko badu —itzultze-lanekoaz kanpoko edozein bilinguismoren baitan—, nahitaez ihes egin beharko diola besteari inhibizio psikolinguistikoa zein neurolinguistikoa direla bitarte, eta inhibizioa gaizki kontrolatzen duen neurrian ohizko interferentziak azalduko dira. Itzultzailaren baitan, ordea, horrelako inhibizioa areagotu eta itzultze-lanak behar dituen hizkuntza desberdinen arteko joan-etorria erabat kontrolatuko litzateke.
Itzulpena ikuspuntu psikolinguistikotik hartzerakoan bi galdera sortzen dira berehala.
Lehenengoa da ea zein sakontasun mailataraino iritsi behar den bigarren hizkuntzaren barna lehenengo hizkuntzan emandako mezua tajuz itzultzeko. Gainera, itzultzaile batetik bestera maila batean edo bestean dagoen aldea ikusiaz, esan daiteke psikolinguistikoki motibatzen dela hitzez-hitzezko itzulpena eta ez-literalaren arteko aldea.
Bigarrena da ea itzultzerakoan noraino barrendu daitezkeen bigarren hizkuntzako egitura linguistikoak. Bigarren kasu hau bereziki garrantzitsua da aldi bereko interpretaritzari dagokionean, honetan itzultzeko denbora oso laburra bait da jatorrizko egiturak, hitzaldiaren armonia eta isuria etab. kontutan hartuak izateko.
Gure gizarte elebidun honetan gorago aipatutako inhibizioa aintzat hartzekoa bada itzulpen ereduari dagokionean, irakaskuntzari lotzen bagagozkio biziki garrantzitsua izango da, umeen kasuan bereziki, eta oso kontuan eduki beharko da haurrek hizkuntza natural eta konplexurik gabekoaz mintza daitezen nahi badugu, inhibizio guztiek izaten bait dituzte beren ondorioak. Hau pixka bat argitzeko, Jose Maria Sanchez Carrión-ek El Espacio Bilingüe liburuan agertzen dituen konklusio mamitsu batzuk azalduko ditugu, zenbait pasarte hemen itzuli edo laburtuaz eta komentario batzuk erantsiaz.
Lehendabizi esan behar da bilinguismoa indibiduala zein soziala izan daitekeela (hura honen barrenean delarik), eta horrela konpondu egiten da bilinguismoaren indibidualtasun eta elebidunaren bi hizkuntzen alorkako erabilera den diglosiaren sozialtasunaren arteko kontraesana. Hizkuntza gizartearen sistema izanik eta hizketa sistema horren erabilera indibiduala izanik ere, tartean bada hizkuntzaren erabilera sozial bat, "hizketa sozial" bat, eta hortik letorke elebitasun soziala. Beste zenbait faktore kontutan hartuez gero "elebitasun espazial" batez ere mintza daiteke.
Elebidunaren bi hizkuntzak kontrako zentzuan ari diren aurkako indartzat ikusten badugu bilinguismoa momentuko oreka bakarrik da. Oreka hori indar hazkor eta indar urrikor baten arteko parekotasuna besterik ez da.
Komunitatean talde batek bere bizitzaren behar eta galderen erantzuna hizkuntzan ikusten badu ere, beste batek oztopoa ikusten du bertan.
Axaleko eta formalista den purismo burugogorraren aurrean, arrazoi sendoak daude pentsatzeko hizkuntza baten hondamena ez datorrela beste batetik edo batzuetatik maileguz hartutako hitzetatik –sekulako mordoa izanik ere–; hori, okerrenera ere, flakeziaren seinale herabeti bat baizik ez litzateke izango, hizkuntza orok bere baitan bait du bere burua hornitzeko adina ahalbide. Hizkuntza erabileraz eta helburuz erabat bihurritu eta, ondorioz, kontzeptuak deserrotzetik etortzen da hondamena.
Gainera, bilinguismo-egoeran elebidunen kantitatea baino inportanteagoa da kalitatea: elebiduna bere bizitza eta ezagueraren alor guztiak hizkuntza batean adierazteko gai bada, hizkuntza horretan influentzia mesedegarriagoa izango du erdizkako elebidun multzo batek baino eta hauen baitan ere.
Beraz, denok diglosiak jorik bagaude eta herri honek legez eta derrigorrez elebidun izan behar duenez gero, lehendabizi diglosia arrasto guztiak ezabatzera ahalegindu beharko dugu gure bizitzako alor guztiak euskaraz betetzeko, baina gaurko eguneko inhibizio askok ulermen zailtasunak ekartzen dizkigute maiz eta desnaturaltasunak gehienetan. Hizkuntz-ahalmena eta etorria urritua edukitzea gutxi balitz ere, geurok inhibitzea, besteak inhibi-araztea eta badaezpadako sistema batzuei hertsiki lotzea bakarrik falta zaigu guztiz hankamotz edo burumotz gelditzeko. Euskal hitzak mihi-muturrean ez ditugunean, ez al da gehientsuenetan alferrikakoa gogoaren hondarrak arrotzea? eta, alderantzizkoan, erdal hitz bat eguneroko hizkuntzan etengabe darabilkigunean ez al da gehienetan gure kalterako izango euskal ordaina gure arbasoen hondarretatik ateratzea? eta zer esanik ez logika hotz edo motz baten ume —askotan zazpikiak— diren hainbat eta hainbat hitz itsusi eta flakori buruz. Zenbait esamolde edo giltza-hitzekin ere berebat gertatzen da, erdarazkoa erabat geureganatua eduki eta euskarazko jatorra berpizteko ahaleginean, hauek trabeska erabiltzen ditugu, ez batera eta ez bestera. Bestetik, egunero ikusten dugu jendea bere solasaren erdian erdarazko esaldi osoak tartekatzen erdarazko hitzak euskaraz ez erabiltzeagatik edo hitz hori euskal esaldian nola txertatu ez dakielako. Guk egiten dugun euskara jator-usteko honen hitzetatik hiru laurden —joskeratik ere auskalo zenbat— garai batean geureganatutako erdara baldin badira, zer dela eta orain halako izuak. Atzizki gehienekin ere hor nonbait gabiltza, erdarazko bakarren batzuk soilik hartzen ditugu besteei iheska, nahiz egungo internazionaletan internazionalenak izan, nahiz aspaldiko denboretatik erabiliak izan, nahiz klasikoek eta herriak ederki erakutsi diguten erdal atzizkiak hartu ez ezik euskal hitzei nola eta zertarako erantsi behar zaizkien. Guk, ordea, erdal hitzari euskal atzizkia erantsiko diogu amini bat kamuflatzeagatik edo, aspaldiko euskal hitza zapuztuaz, erdal atzizkia kendu eta euskalduna erantsiko diogu. Bien bitartean, aldameneko erdara ahaltsuak aise eta lasai bereganatzen ditu gureak, baina gu, gure ttikiaren lotsaz edo zapuztuta gaudelako, apika ez gara gauza izango haienak geureganatzeko. Etc. etc. etc. Hau guztiau ez ote da —atxikimendua hartu diot hitzari— inhibizionismo modukoren bat? ala kemen falta? ala pobrezia psikiko edo espirituala ote? Ez dakit gauzak horrela diren, nork daki?!!; gauza guztietako erak eta manerak izaten dira; autoritateak anitz dira, ia-ia autoreak ez bezain. Zernahi edo nolanahi ere den, nik hibridazio baina erdarazio soil gehiago ikusten dut, eta horrek adierazten du nolabait ere alde egiten dugula kutsatu edo erdaraztatu baino lehen eta, bestalde, gauza asko ez direla sinesteko edo gustatzeko moduan egiten. Gauzak tajuz antzean egitekotan, lehenik eta behingoz inhibizio guztiak bazterrera utzi eta euskararen alorreko sasi-profesional, erdi-profesional eta profesional kaxkar guztiok eskura ditugun ahal bide eta baliabideak oro erabili beharko ditugu gure maila apala jasotzeko; hala da bai, esan beharrekoa da profesional gehienak oraingoz ez gaudela erdaldunen parean eta ez beti hizkuntzaren egoeragatik. Euskara sustrai eta muinetaraino aztertzen duten egunean baliabideak sobran baldin baditugu, orduan hasiko gara sasi-belarrak eta aihen gaiztoak ateratzen, hala komeni bada. Bitartean, eta gure behartasunean, profita ditzagun aldamenekoak eta auzo-herrietakoak, zaharrak eta berriak, denak eskas bait ditugu. Oraindik behintzat erdara dugu jakintza-bide, eta gure ttikitasunean egundoko hazainak egiten ez baditugu —eta ez dirudi—, hala izango da beti. Euskaldunak diruz aberasteko erakutsi izan duen sen eta abildadea hizkuntzez aberasteko erabili izan balu, gauzak oso bestelakoak ziratekeen gaurko egunean. Pobrezia, arima eta kontzientzia xahu edukitzeko on balitz ere, aberasteko ez du balio, eta are gutxiago konpetentzia honetan konplejurik gabe konpetitzeko. Guzti hau esatea zilegi ez balitzait ere, inguruan bizitu dudan beldur eta ezinari erantzuteko da.
1. "Neurolinguistique, psycholinguistique et traduction", Meta aldizkaria, 29. alea, 1984eko martxoa.