Itzulpena saritu asmotan
Literatur sorkuntzak badu saririk Euskal Herri honetan. Eta hemendik kanpo ere bai. Lekuko bezala, lehiaketak, sariketak, txapelketak, norgehiagokak eta gainerako antxintxiketak dituzu.
Itzulpena ez omen da sorketa, aldaketa baizik, edo azkoitiarrak esango zukeen bezala: alkahuetekeria hutsa. Beraz, itzultzailearentzat apenas izan ohi den saririk edo laguntasunik.
Edozein modutan, badira batzuk, eta horiek aipa ditzagun.
Batetik, dago, aurtengo urte honetako eta Durangoko Euskal Jaien barruan sari bat, 500.000 pezetatakoa. Sari bakarra. Guk dakigunez ez bide da emana izan, ez bait da haren berririk eman, gainerakoen berri eman den bezala. Areago, ez dakigu jarraipenik izango duen ere hurrengo urteetan.
Bestetik badago beste bat Eusko Jaurlaritzak emana. Iazko urtean bi dirulaguntza eman ziren, bi liburu euskaratzeko. Aurtengo iragarpenean ikusten denez, laguntza hori murriztu egin da: alegia oraingoan, bat bakarra dago. Baina, hau, egia esan dirulaguntza da, ez saria.
Sarietara itzulirik: bi ditu jarriak Madrilgo Gobernuak. Lehendabiziko bat haur eta gazteen literaturaren itzulpenerako. Baina kasu honetan, Estatu osoko edozein hizkuntzatara tzulitakoak sartzen direnez gero, euskarazkoentzat apenas izaten den lekurik. Iaz ordea galiziarrera itzulitako batek irabazi zuen, alegia Alizia lurralde miragarrian liburuak.
Bigarrena da helduen liburu batentzat. Hau ere gisa berean da Estatuko edozein hizkuntzatara itzulitako obrarentzat. Lehendabizikoak 1.000.000 pezetako saria du. Bigarrenari 2.000.000 ematen dizkiote. Euskaldunei apenas ezer tokatu zaigun orain arte. Baina bi kasuetan ere, liburu horiek argitara emanak izan behar dute. Ez da beraz, itzultze lanari ematen zaion laguntza, aldiz itzulitakoari emaniko saria.
Bada laguntzarik, horretaz aparte: Espainiako hizkuntzetatik gaztelerara itzultzeko obrentzat. Eta noski, laguntza dagokio argitaletxeari, ez zuzenean itzultzaileari.
Eta areago, azkenik, Estatuko edozein hizkuntzatan idatzitako obrak bestelako hizkuntza batetara itzultzeko laguntzak dauzkazu. Kasu honetan ere, laguntza izango da itzultzailearekin eginiko tratuaren besteko a, eta ez gehiagokoa.
Beraz, horiek dure jakitera heldu zaizkigun posibilitateak. Gero datorrela Milan Kundera esatera Europa itzultzaileek egin dutela... Gobernuetan behintzat apenas inork sinetsiko dion.