Itzultzaile Eskolak: gora eta behera
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, bere 188. zenbakian, 1981eko urriaren 1ekoan, Lehendakaritza eta Zuzentza sailak "Administrazio eta Lege-Arloko Itzultzaile Eskola" bat sortu, antolatu eta araupetzen duen Dekretua argitaratzen du.
Dekretu horren sarrera eta xede adierazpen denean honela dio:
Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko Legeak, Azaroaren 24eko 1011982 Legeak, alegia, bere lehen idazpuruan herritarren hizkuntza-eskubideak eta herri-agintaritza eta administrazioaren betebeharrakfinkatzen ditu.
Betebehar horiei aurre egiteko, hain zuzen, sortzen da oraingo honetan Administrazio eta Lege-Arloko Itzultzaile-Eskola, Euskal Herriko Itzultzaile ofizialak prestatzeko eta hobetzeko xedez.
Euskal Herriak euskararen alde egin duen apustua ez da, argi da, itzultzaileak ugaritze soilaz beteko, baina ezinbesteko eritzi dio Jaurlaritzak alor hori ere araupetzeari bi hizkuntza ofizialen baliokidetasuna bermatu eta maila guztietan euskararen erabilera bultzatu nahi bada.
Pozgarriak dira horrelako berriak! Pozgarria da Administrazio eta Lege-Arloko Itzultzaile Eskola baten sorrera. Egiaz badagoen premia bat betetzen bait du. Urteak dira Administrazioko itzulpengintzak trataera berezi bat behar zuela esaten ari ginela. Euskal Herriko beste itzulpen alor batzuek ez dituzten arazo espezifiko bat baino gehiago bait du: Administraziozko komunikazioaren berezitasun propioak (aldi berean tekniko eta erabilera hedatuko izatea); Administrazioko euskararen erabilera ia dena itzulpen izatea; Administrazioko hizkera finkatu gabe egotea; hizkuntz eredu residual baten aldeko joera duen itzultzaile multzo batek bertan lur hartu eta apalankatu izana; itzultzaile multzoa egituraturik eta modu funtzional batean antolaturik ez egotea, etab. Aurrerabide egoki bat emango bazaie ahalegin berezi bat beharko duten era askotako arazoak.
Ahalegin hori egiteko, eta gauzak egoki eginez gero konponbidea eman lezakeen antolamendu bat sortzen denean, pozteko gauza da.
Dekretuak, nolanahi ere, aparteko azterketa eta komentario berezi zehatz bat merezi du, puztuz puntu eta komaz koma, asko jokatzen bait da bertan esaten denean (Egin bedi kontu, lehen ikusiko adibide bat emateko besterik gabe, Eskola horren zuinak, ardatzak eta eginkizun nagusiak erabaki behar dituen Aholku Kontseiluan, dekretuaren arabera, inon direneko zuzendari orokor, azpizuzendari, bien erdiko, eta gainerantzeko guztiak direla parte hartzeko, baina aldi berean parte hartzekorik ez dela itzultzaile bat bera ere azaltzen. Oi Administrazioaren misterio ondorik gabeak!).
Poz horrekin ere, ordea, ezin aipatu gabe utzi liteke albistearen poza iluntzen duen atsekabe handiago bat: Euskaltzaindiak 1980an martxan jarri eta orain arte lanean aritu den Itzultzaile Eskola, Martutenekoa, Euskaltzaindiak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi nahi izan zuenetik Erakunde horrekin bost urtez fruiturik eman ez duten elkarrizketa eta negoziaketa asmo amaigabetan ariturik, eta berorrek erakarri duen ekonomiazko krisi estu eta larriaren buruan, bertako irakaslegoa arras urritzera beharturik aurkitu da, bost irakasle ziren lekuan bi geratzera hain zuzen; eta berriro lehengo oinera ekartzeko esperantza gutxirekin. Ahal delarik, eta galduak galdurik, bertan den ikaslegoari bere ikasketen amaierara arte laguntzea izan da neurrion arrazoia.
Azken aurreko hatsetan aurkitzen da, beraz, orain arte Martutenen izan den Itzultzaile Eskola, eta etorkizunerako geratzen zaion bidea estua eta laburra. Profetarik merkeenak iragarriko luke gertatuko denetik asko urrutiratzeko beldurrik gabe, horrelako egoera batean, guztiaren errua bertako irakasleei nork bota faltako ez dela. Atsotitzen erdiak asmazioaren alde daude.
Hau ez da lekua Itzultzaile Eskolaren, Martutenekoaren, merezimenduak aipatu eta goraipatu aritzeko. Esan bai, ordea, itzulpengintza hobetu eta garapenera jasotzeko asmoa aitortzen duenarentzat berberarentzat biderik onena ez dirudiela aurretik metaturik dagoen esperientzia bazter utzi eta hutsetik hastea. Eta konstatatu, berriro, non diren hitzak eta egintzak desberdin; eta etsimenez, deitorez, damuz eta tamalez ohartu, berriro eta berriro, noren esku dagoen euskal kulturaren aurrerabidea.