Itzul Baita, euskal itzulpengintzaren erreferentzia zentroa
Bego Montorio

Urte luzetako eskarmentu eta lanaren ondorioz, Euskal Itzulpengintzaren Erreferentzia Zentroa izango denaren hazia erein du EIZIEk: Itzul Baita. Oraingoz elkartearen babesean garatzen ari den erakundeak itzulpengintzaren inguruko ekimenak diseinatu, eragin, kudeatu eta gizarteratzea izango du helburu eta itzulpengintzaren aspektu eta errealitate guztiak hartuko ditu kontuan, profesionalak nahiz informalak, literatura alorrekoak zein teknologia berriekin lotutakoak. Erakunde malgua, osagarria eta zeharkakoa izango da, zehatz definitutako lan-egikera landuko duena.

Itzultzaileon kezkak

Sarrera modura eta Itzul Baita proiektuaren nondik norakoak hobeto ulertu eta kokatzeko, hona euskal itzultzaileon arteko elkarrizketa baten zatia:

—Aizue, eta noiz egingo dugu zerbait antzerkiaren alorrean? Ez legoke txarto itzultzaileak eta antzerki-jendea hurbiltzen saiatzea, eta orain arte egindakoa jasotzea, eta itzulpenak bultzatzea, eta... Badakizue?, Frantzian badago Antoine Vitez izeneko etxe bat...

—Bai, bai, zuek literatur zaleok beti etxerako, baina noiz kenduko dugu beldurra industriarekin, eta ez kultur industriarekin soilik, tratatzeko? Haiek badute zer eskaini eta zer eskatu, itzulpena egunero erabiltzen dute, etengabe, behar bereziak ere badituzte... guk ere bagenuke horretan zer eman eta zer hartu...

—Oso ondo, oso ondo, baina itzulpen katalogoa abiatuta dugu eta pentsatu beharko genuke nola uztartu gure saioa hor zehar abian diren beste proiektu batzuekin, hainbat gauzatan osagarriak izan litezke eta...

—Beti gauza berarekin natorrela esango duzue, baina pentsatzeko patxada ere hartu beharko dugu. Itzulpena gora eta itzulpena behera gabiltza etengabe eta gaur, hemen, itzulpena zer den ez dakigu oso ondo. Guk denok, egunero, gure familia edo lagunarte gutxienik elebidunetan, ia konturatu gabe egiten dugun itzulpenaz ari gara? Ala maisu-maistrek, bulegariek, merkatariek... noizean behin, ahal bezala, egiten dituztenez? Itzultzaile profesionalek baldintza estandarretan egiten dituztenez? Idazle zenbaitek egin ohi dituzten autoitzulpen-bertsioez?

—...

Hitzez hitz ez bada ere, horrelako kezka eta proposamenak maiz erabili ditugu itzultzaileok; izan ere, horiek eta gehiago, horiek eta askoz gehiago hartzen baititu bere baitan itzulpengintzak, euskal itzulpengintzak gure kasuan. Bada, horretan oinarri hartuta, horri guztiari erantzun nahian hasi da eratzen, oraingoz EIZIEren babesean, Itzul Baita, Euskal Itzulpengintzaren etxea, erreferentzia gunea eta aldi berean antena izan nahi duen erakundea, egitura.

Urte askotako gogoeta eta saioen emaitza

Badira ia hogei urte EIZIE sortu zela eta, denbora horretan, proiektu asko bideratu ditu elkarteak, beste hainbeste edo gehiago bidean gelditu dira eta, aurrera begira garrantzitsuena dena, gauza asko ikasi ditugu euskal itzulpengintzaren beharrizan eta gabeziez nola gure elkartearen ahalbide eta mugez ere.

Asmo edo susmo zenbait egiaztatzeko modua ere izan dugu lanaren harian; besteak beste, itzulpengintza itzultzaile profesionalak gainditzen dituen jarduna dela egun eta gurean (noiznahi eta toki orotan, seguruen), edo itzulpengintza gizarte alor askotarikoei eragiten dien jarduna dela, maiz eman nahi zaion kultur ikuspegi murritza luzaz gainditzen duela. Eguneroko praktikan egiaztatu ahal izan dugu, halaber, eragile askoren elkarlana eskatzen dutela itzulpengintza sustatzeko ekimenek, eta jarrera partikularistak gainditu ezean nekez lortuko dela emaitza onik. Baina, hala ere, itzultzaileon ikuspuntua, ekarpena eta eskarmentua beharrezkoak ez eze nahitaezkoak direla frogatu digu EIZIEren ibilbideak, horiei esker abiatu ahal izan baitira hainbat proiektu (Literatura Unibertsala bilduma esaterako), bai eta beste erakunde batzuen jarduna osotu (IZOrekin edo UEUrekin batera antolatutako prestakuntza ikastaroak horren lekuko).

Gertuko nahiz urruneko itzultzaileekin harremanetan jartzeko aukera ere izan dugu urte hauetan, eta horri esker besteen esperientzien berri izan dugu, haien lorpen eta hutsegiteak ikasgai gertatu zaizkigu, haien gogoetak gure hausnarketetarako elikagai, haien proposamenak gure jardunaren akuilu. Hitz gutxitan esateko, eskarmentu eta jakintza oso baliotsua metatu ahal izan dugu EIZIEren inguruan orain abiatu dugun proiektu honi ekin aurretik.

Zeharkakoa, osagarria, malgua

Horrela bada, Itzul Baita diseinatzen, gauzatzen hasi orduko, argi izan dugu itzulpengintza bera bezala zeharkakoa, osagarria eta malgua behar duela Euskal Itzulpengintzaren Erreferentzia zentroak.

Gizarte esparru guztietan sortu eta erabiltzen bada itzulpena, horietan guztietan txertatzen jakin beharko du Itzul Baitak. Alor horietako ordezkari, eragile eta administrazioekin batera lan egin beharko du eta, bidenabar, sarritan eraikigaitzak diren zubiak ezarri beharko ditu horien guztien artean.

Izan ere, horixe da Itzul Baitaren beste ezaugarrietako bat, elkargunea izatea, egon dagoena uztartzeko eta osatzeko jaio baita, ez inoren lana oztopatu edo ordezkatzeko. Itzul Baitak ez du inoren gainetik edo azpitik jarri nahi, esfortzuak edo baliabideak alferrik gal ez daitezen lagundu nahi du, horrela bakarrik zabaldu ahal izango baitira jardunbide berriak.

Eta aurrekoaren ondorioz, hirugarren ezaugarri batek definitu beharko du Itzul Baita: malgutasuna. Malgua beharko du etengabe aldatzen ari diren beharrei erantzuteko, malgua proiektu bakoitzaren lankidetza modu ezberdinetara moldatzeko, malgua aurreikusten ez ditugun baldintzetara egokitzeko.

Abiapuntuko definizioa

Horrenbestez, definizio zehatzago bat emateko unea heldu dela uste dut, eta horretarako EIZIEren eskariz Tipula e.m.k landutako txostenean jasotakoa ekarriko dut orriotara:

«Euskal Herrian, itzulpengintzaren inguruko ekimenak diseinatzeko, eragiteko, kudeatzeko eta gizarteratzeko erakundea da Itzul Baita.

Itzulpengintzaren etxea da Itzul Baita (ez soilik itzultzaile profesionalena). Leku bat da, fisikoa bezainbat, birtuala.

Itzulpengintza sustatzeko, hobetzeko eta gizarteratzeko, topalekuak, lantokiak eta informazioguneak eskaintzen ditu Itzul Baitak.»

«Etxe bat da, itzulpengintzarako erreferentzia gunea Euskal Herrian. Leku fisiko bat, gune birtual bat.

Erakunde bat da, ikerketa aplikaturako, kudeaketarako eta sustapenerako.

Egikera bat da, lan-metodo bat, zeinean egitasmoak prozesu itxiak diren, garbi definituak, zehatz dokumentatuak eta gainerako erakunde nahiz eragileekin partekatuak».

Lan arloak eta lan moduak

Baliteke honaino heldu den irakurleak halako susmoa izatea Euskal Itzulpengintzaren Etxea bainoago Euskal Itzulpengintzaren Jauregiaz ari ote garen. Itzulpengintza sustatu, hobetu, gizarteratu, horren gainean ikertu... balirudike Museo-Unibertsitate-Kulturgunearen antzeko zerbaiten beharraz ari garela, eta erakunde horiek guztiek merezi duten begiruneari ezer kendu gabe, ez da hori guk abiatu duguna, inondik ere ez.

Itzul Baitak ez du helburu gero eta zeregin gehiago bere gain hartzea, gero eta erakunde handiagoa bilakatzea. Aurrikusten diogun sustatzaile, tartekari eta zabaltzaile funtziorako azpiegitura gutxieneko bat baino ez du behar, landuko dituen proiektuen zama ez baitu (bakarrik) bere gain hartuko. Adibide sinpleegi batez azaltzeko, Itzul Baitak detektatu egingo du zer behar den, zer egin daitekeen, horretarako finantzazioa nork eman lezakeen bilatuko du eta proiektua bera hobekien nork gauzatu eta kudeatuko duen aurkituko du.

Eta horrela jardungo du itzulpengintzaren baitan bereizi ditugun bost alor nagusietan: literatura, ikus-entzunezkoak, biltegiak, katalogazioa, e-gizartea.

Alor horietan guztietan proiektu zehatzak burutuko ditu; hots, proiektuak diseinatu, kudeatu eta hedatuko ditu, atal bakoitzean behar dituen lankideak bilatuta. Batzuetan abiatutako proiektuen segida izango da (esaterako EIZIEk hasitakoak baina hartu duten dimentsioagatik elkartea gainditzen dutenean), beste batzuetan jada burutzen ari diren proiektuen arteko loturak bilatuko ditu (aterramendu ahalik eta handiena lortzeko), eta beste batzuetan, egindakoa zabaldu eta hedatzeko modua bilatuko du.

Prozesu itxiak, partekatuak eta dokumentatuak

Aurreko guztia aurrera eraman ahal izateko, lan egiteko modu zehatz bat behar dela uste dugu, eta hastapenetik bertatik horrela jardungo du Itzul Baitak: prozesu itxiak, partekatuak eta dokumentatuak izango dira hark landutakoak.

Prozesu itxiak direla diogunean, zera adierazi nahi dugu: Itzul Baitak alor diferenteetan eginkizun dagoena aztertuko du eta, ondoren, egitasmo edo proiektu zehatzak diseinatuko ditu. Eginkizun orokor horretan eman ditzakeen urrats konkretuak definituko ditu: nola, norekin, zertarako. Itzul Baitak egindako urratsak aurrekoen osagarri eta hurrengoen oinarri izan daitezen ziurtatzeko lan egikera eramango du aurrera.

Bestetik, prozesu partekatuak izango dira beti Itzul Baitak bultzatutakoak, eginkizun bakoitzerako behar dituen ardurakideak eta lankideak identifikatu eta adostasunak landuko baititu. Eta lankidetzarako oinarrizko araua gainerakoen lana errespetatzea denez, Itzul Baitaren jokabidearen oinarrian dago besteek egin lezaketenik ez berak egitea, prozesu zabalagoen baitan arazorik gabe molda litekeen egitura izango baita.

Azkenik, egitasmoak itxiak direnez eta beste eskuetan uzteko modukoak, informazioa eta ezagutza partekatzeko protokoloak eta metodoak zorrotz landu beharko ditu Itzul Baitak. Ekimen guztiek zehatz dokumenturik joan beharko dute eta xede konkretuak, prozedurak, hasierako eragozpenak, eragileak, parte-hartzaileak eta balantzeak bilduko dituen txostena prestatuko du Itzul Baitak ekimen bakoitzeko.

Urrats txikiak baina sendoak

Helburua hainbat erakunde eta eragileren partaidetza izango duen Euskal Itzulpengintzaren Erreferentzia Zentroa sortzea bada ere, tamaina txikiagoan hasteko erabakia hartu dugu, EIZIEren barruko atal autonomo gisa (hala erabaki zuen elkarteko batzar nagusiak 2006ko otsailaren 11n).

Hala nahita hartu dugu erabaki hori, eta ez ezinak bultzaturik (aspaldi ikasi genuen «ezina ekinez egina» esamoldearen egia); proiektuan benetan sinesten dugulako hasi nahi dugu urrats txiki baina sendoekin.

Batetik, eguneroko praktikaren galbahetik pasarazi nahi dugu proiektua, horretan bat baikatoz Xenpelarrek esandakoarekin («...sutan jartzean probatutzen da nolakoa dan eltzea...»); eta bestetik, proiektuak berak hala eskatzen duela uste dugu, zinez pentsatzen baitugu ekinean, eginean osatu eta itxuratu behar dela malgua izango bada, zeharkakoa izango bada, benetan bideragarria izango bada.

Ilusio handiz ekin diogu bideari, baina ez ilusio hutsez. Bide onetik goazela konbentzituta gaude, eta dudarik ez dugu egiten bidaideak ere aurkituko ditugula, proiektuak merezi baitu.