Itzulpengintzarako tresna informatiko lagungarriak
Maite Imaz

Itzultzaileon lanak azken urteotan aldaketa nabarmenak izan ditu, teknologia berriek eraginak. Ia hogei urte daramatzat itzulpengintzan eta orain dudan lan egiteko moduak ez dauka zerikusirik hasieran nuenarekin. Orduan arkatza eta borragoma hartuta aritzen nintzen, zirriborroak ez egiteko eta garbira pasatu beharrik ez izateko boligrafoa baino hobea zelako, eta mahaia hiztegiz beteta edukitzen nuen. Lehenengo aldaketa nabarmena ordenagailuak ekarri zuen, testu prozesadoreei esker. Ordenagailuekin batera aplikazio bereziak sortu ziren: zuzentzaile ortografikoa, hiztegi elektronikoak eta itzulpen-memoriak. Hurrengo aldaketa garrantzitsua Internet izan zen, izugarrizko informazio pila jartzen duelako eskueran.

Itzultzaileon lanak azken urteotan aldaketa nabarmenak izan ditu, teknologia berriek eraginak. Ia hogei urte daramatzat itzulpengintzan eta orain dudan lan egiteko moduak ez dauka zerikusirik hasieran nuenarekin. Orduan arkatza eta borragoma hartuta aritzen nintzen, zirriborroak ez egiteko eta garbira pasatu beharrik ez izateko boligrafoa baino hobea zelako, eta mahaia hiztegiz beteta edukitzen nuen.

Lehenengo aldaketa nabarmena ordenagailuak ekarri zuen. Ordenagailuarekin ez zegoen txukun idazteko ahaleginetan ibili beharrik, bertako testu-prozesadoreak eskaintzen dizkigun aukerekin ez dago-eta zirrimarraz betetako testurik egiteko arriskurik, ez esaldi bat behin eta berriro idazten dugunean, ez itzultzen atzekoaz aurrera hasten bagara ere.

Ordenagailuekin batera, bertan integratzeko aplikazio bereziak sortu ziren, hala nola, zuzentzaile ortografikoa, hiztegi elektronikoak, eta geroago lan errepikakorrak ekiditeko hain erabilgarriak diren itzulpen-memoriak.

Hurrengo aldaketa garrantzitsua Internet izan zen. Izan ere, orain dela urte gutxi arte gai berezi bati buruzko informazioa behar genuenean liburutegietara jo behar izaten genuen. Gaur egun Internetek izugarrizko informazio pila jartzen digu esku¬eran, azkar eskuratzeko modukoa eta on¬doen datorkigunean, berdin dio jaieguna izatea edo ordu txikietan aritzea.

Internetek ekarri digun beste abantaila garrantzitsua informazioa trukatzeko aukera da. Lehen etxean egiten nituen itzulpen-lanak kilometro batzuetara zegoen enpresa batera helarazteko bertara joan behar izaten nuen, edo fardelak azkar bidaltzeko garraio-zerbitzu batera eraman bestela. Gaur egun Internet bidezko posta elektronikoa da horretarako biderik erabiliena.

Zalantzaren bat nuenean, berriz, telefonoz deika hasi behar izaten nuen, norbaitek argibideren bat emango zidan itxaropenean. Gaur egun nahikoa da eztabaidagune batean sartzea eta mezu elektroniko baten bidez galdera egitea.

Internetek aukera eskaintzen digu, baita ere, aplikazio lagungarriak bertatik esku¬ratzeko, kasu batzuetan on line, beste batzuetan programa instalatu eta lizentzia onartuta, batzuetan doan, beste batzuetan ordainduta.

Aldaketa hauek guztiek lana erosoago egin ahal izateko bidea eman digute; eta batez ere lana hobeto egitekoa, gauza berberak behin eta berriro itzultzen eta kontsultatzen ibili beharrik gabe, eta estiloari eta terminologiari dagokienez bateratasun gehiago lortuz.

Hurrengo lerroetan lana hobeto egiteko Internetek eskaintzen dizkigun tresna horietako batzuk aipatuko ditugu: itzulpen-memoriak eta horien osagarri izan daitezkeen itzulpenen datu-baseak; zalantzak argitzeko zerbitzuak eta posta-zerrenda; hiztegiak eskueran izateko aukerak, testu-prozesadorean integratzeko moduak eta zuzentzaile ortografikoa. Kalitateko lana egin ahal izateko erronka lana errazten diguten aplikazioak lan ingurunearekin ahalik eta gehien integratzean datza.

Itzulpen-memoriak

Itzulpen-memoria «aurretik itzulita dauden testuak» datu-base batean gordetzeko aukera ematen duen aplikazioa da. Itzulitako testuak segmentuka parekatuta gordetzeko aukera ematen du eta, horrela, bi hizkuntzatan dauden segmentu-pareen datu-basea sor daiteke. Segmentu horiek normalean esaldiak izaten dira baina paragrafoak ere izan daitezke, nahi izanez gero. Itzulpen-memoriaren aplikazioak eskaintzen duen abantaila nagusia da bilaketak egiteko modua askoz ere arinagoa dela eta askoz ere erabilgarriagoa itzultzaileon eguneroko lanerako. Gainera, berdin-berdinak diren esaldiez gain, antzekoak bilatzeko aukera ere ematen du. Eguneroko jardunean itzuli beharreko esaldi berri bati ekiten diogunean bilaketa azkarra egiten du memorian ea lehendik itzulita dagoen, esaldi hori bera nahiz antzekoren bat. Horrekin batera, hiztegiak kudeatzeko ere tresna indartsuak dauzkate eta datu-basean begiratzen du itzuli beharreko esaldi horretako hitzak edo terminoak azaltzen diren. Bilaketa bikoitz horren emaitzak pantailan azaltzen dizkigu, nahiko azkar, eta erraz kopiatu ditzakegu komeni zaigun lekuan (aukera daukagu automatikoki egiteko nahiz tekla bati sakatuta egiteko).

Esaldiak ez ezik dokumentu osoak ere azter daitezke. Itzulpen-memoriaren aplikazioak aukera ematen du dokumentu oso bat aztertu eta memorian dagoeneko zenbat dagoen itzulita ikusteko. Azterketa hori egiteko dokumentua ireki beharrik ere ez dago, arin-arin egiten du, eta ondoren estatistika-datu batzuk ematen dizkigu.

Itzulpen-memoriak erabili ahal izateko aplikazioa eskuratu (erosi) eta instalatu behar da ordenagailuan. Batzuk Word testu-prozesadorean bertan integratzen dira, hala nola Trados Translator's Workbench eta Wordfast, eta horrela Word-ek eskaintzen dizkigun aukera guztiez balia gaitezke. Beste batzuek, hala nola Déjà Vu, aparteko aplikazio batean erabiltzekoak dira.

Itzulpen-memoriako programek hitzak bilatzen ere lagun dezakete. Gerta daiteke itzuli beharreko esaldi batentzat ordainik ez egotea itzulpen-memorian baina esaldi horretan azaltzen den hitz bat, edo hitz multzo bat, dagoeneko itzulita dagoen susmoa izatea. Horrelakoetan dagokion hitza edo hitz multzoa aukeratu eta itzulpen-memoriari galdetuko diogu ea hori gordeta daukan. Eta itzulpen-memoriak hitz edo hitz multzo hori jasota daukaten esaldien zerrenda emango digu, jatorrizko esaldia alboan itzulpena duela, beti bezala.

Trados aplikazioak 100 unitatera bitarteko itzulpen-memoriak eskaintzen ditu demo modura (www.trados.com). Wordfast doan banatu zen 2002ko urrira arte baina orduz gero ordainpeko tresna bihurtu da. Une honetan, doan erabil daiteke, lizentziarik gabe, 110 Kbyte edo 500 itzulpen-unitatera arteko memoriekin (www.wordfast.net). Biak ere txikiegiak dira lanerako erabilgarriak izateko baina probak egiteko edo erabiltzen ikasteko nahikoa izan daiteke. Hortik gorako itzulpen-memoriak erabili ahal izateko lizentzia erosi behar da. Lizentzia eskuratu ondoren, itzulpen-memoriek ez daukate neurri-mugarik, baina zenbat eta handiagoa izan orduan eta motelagoa izan daiteke; nolanahi ere, muga ordenadorearen beraren ahalmenak jartzen du.

Itzulpen-memoriako programak hutsik saltzen dira. Beraz, aplikazioa ipinita daukagunean bete egin behar dira. Betetzeko modu bat baino gehiago daude:

Eguneroko lanaren bitartez: Word-en itzultzen ari garela, aukera daukagu aparteko ahalegin berezirik egin gabe itzultzen ari garen guztia memoriara sartzeko. Horrek aldatu egiten du zertxobait lan egiteko modua itzultzailearentzat. Baina itzulpen-memoria eta Word biak batera ditugula lan egiten ikasi ondoren, ez da kostatzen testu bat itzuli ahala memoriara sartzea.

Itzultzaileentzat errazagoa izaten da elikatuta dagoen memoria batekin lanean hastea hutsik dagoen batekin hastea baino, dagoeneko materiala sartuta daukan memoria bat edukita baliagarria izan daitekeela ikusi egiten da eta. Komenigarria da itzulpen-memoria erabiltzen hasi aurretik lerrokatzailearen bidez etorkizunean erabilgarria izan dezakegun materiala segmentuetan parekatu eta gero memoria betetzea.

Itzulpen-memorien programek eskaintzen dute aplikazio bat, lerrokatzailea deritzana; itzulitako material hori nahiko modu automatikoan parekatu eta itzulpen-memoriara sartu ahal izateko. Lerrokatzaile automatikoak jatorrizko testua eta itzulpena hartu eta nahiko modu automatikoan esaldiz esaldi parekatu egiten ditu. Horretarako jatorrizko testua eta itzulpena dokumentu banatan, hartu behar ditugu eta lerrokatzeko agindu. Lerrokatzaile automatikoak, dokumentuen formatua eta beste zenbait ezaugarri kontuan hartuta esaldi bikoteak sortzen ditu, jatorrizko esaldia eta itzulpena, eta itzulpen-memoriara sartzeko prest dagoen fitxategi bat sortu esaldi bikote horiekin. Baina lerrokatzaile automatikoak egindako lana berrikusi egin behar da, sortu dituen esaldi bikote horiek ondo dauden edo ez egiaztatzeko, ondo dagoena memoriara gordetzeko agindu, eta gaizki dagoena zuzendu edo ezabatu. Lerrokatzaile automatikoak egindako guztia berrikusi egin behar da, lana ematen du baina, jakina, lerrokatzailerik gabe baino arinago eta erosoago egiten da memoria elikatzeko lana.

Hala ere, lerrokatzaile automatikoa ez da itzulpen-memoria lanerako erabiltzen hasi aurretik betetzeko modu bakarra. Beste norbaitek landutako itzulpen-memoria norberaren memoriara ere ekar daiteke. Internetek eskura jartzen dizkigu hainbat itzulpen-memoria, administrazioko testuez osatutakoak batik bat. Itzulpen-memoria horiek TMX (Translation Memory eXchange format) itzulpen-memoriak trukatzeko erabiltzen den formatuan egoten dira eta edozein itzulpen-memoriatara sar daitezke inportazioa izeneko funtzioaren bidez.

EIZIEk (www.eizie.org) administrazio eta lege esparruko gaztelaniazko testuen euskarazko itzulpenaz osatuko memoria eskaintzen du bere web-orrian (95.000 unitate inguru). Eusko Jaurlaritzaren sail guztiek, foru aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Osakidetzak, eta oro har herri administrazio erakunde nagusiek aldizkari ofizialetan eta gainerakoetan argitara emandako testu itzulien bilduma dela esan daiteke. Beraz, administrazioaren jarduera esparru guztiak biltzen ditu. Sarean eskuragarri daude, baita ere, Eusko Jaurlaritzako itzultzaileen lanaren emaitza (150.000 unitate inguru; www.ivap.euskadi.net), eta Bizkaiko Foru Aldundikoarena www.bizkaia.net orrian Kultura Saila eta gero euskara sakatuta (300.000 unitate inguru).

Memoria horiek TMX itzulpen-memoriak trukatzeko erabiltzen den formatuan daude eta zip bidez trinkotutako fitxategietan eskaintzen dira. IZOren eta BFAren kasuan, osorik nahiz zatika eskuratzeko moduan daude, norberaren ordenagailuaren ezaugarrien arabera. Fitxategi horiek ordenagailura kopiatu, zip fitxategiak deskonprimitu TMX fitxategiak lortzeko, eta gero itzulpen-memoriako aplikaziora inportatu behar dira.

Itzulpen-memoria hauek norabide bakarrean egiten dute lan, abiapuntuko hizkuntza beti bat izango da. Horrek esan nahi du gaztelania-euskara memoria baldin badaukagu gaztelaniazko esaldiak edo hitzak bakarrik kontsulta daitezkeela, abiapuntuko hizkuntzakoak, euskaraz, xede-hizkuntzan galdetuz gero ez du ezagutuko eta. Euskaraz galdetu ahal izateko beste memoria bat sortu beharko genuke, alderantzizko norabidean, euskara-gaztelania. Memoria berri horretan informazio berbera sar daiteke. Horretarako, aplikazioak eskaintzen dizkigun esportazio eta inportazio funtzioak erabili behar dira: lehenengo memoria TMX edo TXT (testu-fitxategia) luzapena duen fitxategira esportatu eta gero fitxategi hori memoria berrira inportatu.

Aplikazioek aukera ematen dute nahi adina itzulpen-memoria sortzeko. Horrenbestez, material ugari izanez gero eduki daitezke hainbat itzulpen-memoria, gaiaren, bezeroaren, testu motaren eta abarren arabera antolatuta, nahiz bakar bat. Itzulpen-memoria bakarra izanez gero, komeni da testu bakoitzari informazio osagarria sartzea (Tradosen kasuan eremuak eta atributuak izaten dira) itzulpen-unitateen testuingurua zein den antzeman ahal izateko.

Itzulpen-memoriak kudeatzeko aplikazio berezirik eduki ezean, badira bestelako irtenbideak, adibidez Tumatxa (www.tumatxa.com). Tumatxa itzulpen-memoriak web bidez kudeatzeko tresna bat da. CodeSyntax enpresak sortu du, Euskal Herrian web aplikazioen eta hizkuntzen teknologian lanean diharduen etxeak. Sare edo elkarlan talde batean, programa espezifikorik izan gabe ere memoriak kontsultatzeko modua ematen du, bilaketak on line eginez.

Tumatxa software librea da, ez da etxeko ordenagailurako programa bat, Interneteko erabiltzaile arruntak edo itzultzaile freelanceak bere kasa instalatzeko modukoa. Web aplikazioa da hau: Zope web aplikazioen zerbitzaria darabil oinarri gisa, eta Linux sistema eragilea duten makinetan dabil. Zope-rekin esperientzia ezinbestekoa da Tumatxa webgune batean, Intranet batean edo eremu lokal batean instalatzeko.

Tumatxa itzulpen-korpusen biltegi eta kudeatzailea da. TMX fitxategiak kudeatzen ditu. Ez bakarrik fitxategiak gorde eta kudeatzen ahal dira Tumatxarekin. Bilaketa gaitasun indartsua du Tumatxak, fitxategiek gordetzen dituzten sorburu-hizkuntzako eta xede-hizkuntzako segmentuetan. Horrela, on line kontsulta daitekeen adibideen hiztegia bihurtzen da Tumatxa, itzulitakoak beti testuinguruan eskainiz.

Itzulpenen datu-baseak

Itzulpen memoriek esaldiak, edo gehienez ere paragrafoak, solte gordetzen dituzte; ez da horiez gaindiko testuingururik azaltzen. Gainera handituz doan heinean hainbat desabantaila ere ekar ditzakete, sartutako unitateak zein jatorri duten edo zein arlotakoak diren identifikatzeko biderik ipini ez badugu eremuen eta atributuen bidez. Gerta daiteke testu batean oso iturri ezberdinetatik datozen unitateak proposatzea itzulpen-memoriak, elkarren artean estiloari edo terminologiari dagokionez alde nabarmenak dituzten dokumentuetako unitateak proposatzea alegia. Kasu horietan testuaren zuzenketa-lana luzeagoa izaten da testu koherentea lortu ahal izateko.

Itzulpenen datu-base dokumentalak, aldiz, dokumentu osoak gordetzen dituzte eta tresna egokiak dira itzulpen memoriekin konbinatzeko. Hitzak edo hitz-multzoak bilatzeko datu-base dokumentalek itzulpen-memoriek eskaintzen duten aukera eskaintzen dute; ez ordea esaldi osoak modu automatikoan Word-en lanean ari garen bitartean bilatzekoa. Kontsulta horiek Internet bidez egin daitezke, hizkuntza batetik nahiz bestetik abiatuta, itzulpen-memorien kasuan ez bezala, eta ez da beharrezkoa itzulpen-memoriako aplikaziorik, ez bestelako aplikazio berezirik horretarako.

Epaitegietako inprimaki ereduak. Euskal Autonomi Erkidegoko Justizia Administrazioak azken urteotan Epaitegietako agiriak normalizatzeko ahalegina egin du. Batzorde tekniko batek ereduak gaztelaniaz idazten ditu; batzorde horietan hizkuntza normalizazioan adituak diren magistratuek hartzen dute parte, gerora egin beharreko itzulpena errazteko. Behin testuak itzulita, Epaitegietako Agiriak Itzultzeko Batzordeak aztertu eta adostu egin ditu, esparru horretan agertutako terminologia eta ele bietan dauden legeetakoa kontuan hartuta. Horrela, agiri elebidunak sortu eta webgunean (www.justizia.net) ipini ditu eskuragarri. Agiri horiek bi hizkuntzetan kontsulta daitezke, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Bi modutara egin daiteke kontsulta:

HTML dokumentu osoak bilatuz, multzoari eta dokumentuaren izenari jarraituz: modu hau aukeratzen badugu lehenengo epaitegi-moten zerrenda bat azalduko zaigu, eta epaitegi mota aukeratzen dugunean, epaitegi horri dagozkion idatzi moten zerrenda azalduko zaigu. Idatzia aukeratu ondoren, testua bi zutabetan ikusiko dugu, alde batean gaztelaniazko testua eta bestean euskarazkoa.

Hitzak galdetuz: hau da itzulpen-memorietan hitzak galdetuz egiten den bilaketaren sistema berbera eta itzultzaileentzako erabilgarriena. Orduan kontsultatu dugun hitzari dagozkion esaldiak erakusten dizkigu hizkuntza bietan, eta esaldi pare bakoitzak lotura bat dauka dokumentu osoa ele bietan, bi zutabetan, eskuratu ahal izateko.

Testu horietako lexikoa eta terminologia kontsultatzeko hiztegia ere eskaintzen digu. Esan bezala, kontsulta mota hauek guztiak euskaratik nahiz gaztelaniatik abiatuta egin daitezke.

Idaba. IVAP-HAEEko Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala (IZO) IDABA izeneko apli¬kazioa Interneten ipintzeko asmotan da. IDABA Eusko Jaurlaritzako itzulpenen datu-basea da, hitzak eta terminoak kontsultatzeko eta itzulitako testuak ikusteko aukera ematen du. Datu-base horren helburua Jaurlaritzan egiten diren itzulpen-lan guztiak jasotzea da. Datu-basearen aplikazioa UZEIk sortu du eta hainbat funtzionaltasun eskaintzen du: datu-basean gordetako itzulpen guztien artean bilaketak egiteko aukera, edozein hizkuntzatan; eta datu-basetik Trados-eko itzulpen-memoriak esportatu ahal izatea, aukeratutako parametroen arabera: halako datatik aurrerako itzulpenak, halako bezeroarentzakoak, halako itzultzailearenak, halako motakoak, eta abar.

Egun, 400 testu baino gehiago biltzen dira aplikazioan eta, tartean, batzuk ga¬rrantzi handikoak: Kode Zibila, Zigor Kodea, Espainiako Konstituzioa, Estatutua, 2000tik honako Legebiltzarraren legeak, dekretuak, ebazpenak, planak eta abar. Testu asko euskaraz eta gaztelaniaz daude baina badira hiru hizkuntzatan edo bostetan ageri diren testuak ere, hala nola Europar Batasuneko testuak. Euskara eta gaztelaniaz gain beste hizkuntza hauek ageri dira: frantsesa, ingelesa, latina, katalana, alemana. Hizkuntza horietako edozeinetatik abiatuta egin daitezke kontsultak.

Hitzak galdetuta, kontsultatu dugun hitzari dagozkion paragrafoak erakusten dizkigu hizkuntza bietan, edo dagozkionetan, eta esaldi pare edo multzo bakoitzak lotura bat dauka dokumentu osoa eskuratu ahal izateko. Kasu honetan ez da dokumentu osoa bi edo dagozkion hizkuntzetan eskuratzen, bakarrean baizik. Paragrafoen gainean testuari buruzko informazioa ageri zaigu: zein egunetan sartu den datu-basera, jatorri-erakundea zein den, dokumentuaren izena, dokumentua zein mailatakoa den (aginduzko itzulpena, eslogana, herritarrentzako itzulpena, itzulpen arrunta, ohituzko itzulpena), dokumentua zein motatakoa den (agindua, akordioa, dekretua, legea eta abar), eta dokumentuaren izena.

Kontsulta arruntak edo meta-datuak filtro gisa erabilita egiteko aukera ematen du. Ematen du aukera esportazioak egiteko ere; hau da, datu-base horretatik TXT fitxategi bat esportatu edo atera dezakegu eta gero TXT fitxategi hori Tradoseko memoria batera inportatu ahal izango dugu. Esportazioak egiteko filtroak erabili behar dira: dokumentuaren izena, maila, mota... Posible da, beraz, kontsulta arruntaren bidez dokumentu jakin bat aurkitu eta interesgarria iruditzen bazaigu, dokumentu hori TXT fitxategira esportatzea. Fitxategi hori zip fitxategian konprimituta azalduko zaigu, deskonprimitu ondoren TXT fitxategia izango dugu, Trados itzulpen-memoriara inportatzeko prest.

Zalantzak galdetzeko webguneak

Internetek aukera ona eskaintzen digu sortzen zaizkigun zalantzak argitzeko. Informazioa lortzeko tresna aparta izateaz gain, zalantzak kontsultatzako zerbitzuak eskaintzen dizkigu, ikerketa-talde bati (Duda-muda, Jagonet) edo lankideei (Itzul posta zerrenda) galderak eginez.

Duda-muda. Eusko Jaurlaritzako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) herritarrei eta erakundeei doan eskain¬tzen dien kontsulta-zerbitzua da (www.ivap.com). Administrazio- eta lege-arloko terminologian eta hizkeran sor daitezkeen zalantzak argitzen saiatzea du helburua. Ikerketa-talde batek eskainitako zerbitzua da, eta administrazio- eta lege-arloko terminologia eta hizkerarekin zerikusia duten galderei erantzuten diete: ortografia, morfologia, joskera, estiloa, administrazioko idazkiak...

Duda-muda ez da itzulpen zerbitzu bat. Terminoak galdetu daitezke; ez ordea, esaldi-multzoak, testu-zatiak... eta are gutxiago, publizitate-kanpainetako sloganak. Kontsulta bakoitzeko galdera bakarra egin daiteke. Terminologiari buruzko galderarik eginez gero, testuingurua ematea eskatzen du (hitza zein esalditan datorren, komunikazio-egoera zein den, gaia, testu mota...).

Duda-muda-k emandako erantzunak ez dira arauemaile, eta, beraz, ezin dute ordezkatu beste erakunde aginpidedun batzuek (Euskaltzaindiak, esaterako) esandakoa. Duda-muda zerbitzua eskaintzen dutenek honako konpromisoa hartzen dute: kontsulta iristen zaien egunetik lanegun bateko epean kontsulta jaso dutela jakinaraziko dute, eta horrekin batera, erantzuna bera bidaliko dute, euren esku badago, erantzun ahal izateko zein epe aurreikusten duten esango dute edo erantzun ahal izateko informazio osagarria eskatuko dute. Kontsultari ez diotela erantzungo esango dute kontsulta beren ikerketa-esparruarekin bat ez datorrenean, kontsultaren ordez itzultzeko testu bat bidali denean edo kontsulta berean galdera bat baino gehiago egin denean.

Haien zerbitzura jo aurretik, Interneten kontsultatzeko moduan dauden datu-base eta hiztegietan erantzunik ba ote dagoen begiratzeko gomendatzen dute.

Jagonet. Euskaltzaindiak eskaintzen duen kontsulta eta aholku-zerbitzua da, euskararen erabilera zuzena eta egokia eragitekoa (www.euskaltzaindia.com/jagonet). Zerbitzu horren bidez Euskaltzaindiaren hainbat alorretako erabakiak eta aholkuak kontsulta daitezke: gramatika, lexikoa, onomastika, idazkera eta abar. Zalantza argitzeko behar duena aurkitzen ez badu, erabiltzaileak Euskaltzaindira idatz dezake argibide eske; baina JAGONET ez da terminologiaz edo etimologiaz galdetzeko lekua, ez eta azalpen teorikoak edo itzulpenak eskatzekoa ere. Jagonet zerbitzua euskaraz eskaintzen da, baina izendegiak gaztelaniaz eta frantsesez ere kontsulta daitezke.

Zerbitzua erabiltzeko jarraibidean Euskaltzaindiak 1994tik aurrera emandako hizkuntza-arauak azaltzen dira; arlo guztietakoak nahiz multzoka sailkatuta kontsulta daitezke: onomastika, aditza, idazkera eta morfologia, sintaxia eta ahoskera. Hiztegi batua eta izendegiak (Pertsona-izenak eta izen horien jatorria, deiturak: euskal deituren idazkera zuzena zein den jakiteko, eta leku-izenak: euskal toponimia nagusiaren aurkibidea) ere azaltzen dira. Egindako galdera-erantzunen datu-basea ere ageri da. Eta horietan guztietan begiratuz gero bilatu nahi dena aurkitzen ez bada, galdera bidaltzeko aukera eskaintzen dute.

ItzuList. Euskal Itzultzaile Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) sortutako posta zerrenda da ItzuL. Bere helburua da euskal itzultzaileen lagungarri izatea, eguneroko lanean sortu ohi diren arazoak beste lankide itzultzaileen laguntzaz konpondu eta eztabaidatzeko foro elektronikoa eskaintzen baitu. Zalantzak lankide askori mezu bakar baten bidez galdetzeko aukera ematen du. Galderek ia kasu guztietan erantzuna izaten dute baina gerta daiteke inork erantzuten ez jakitea ere. ItzuL zerrenda publiko, ireki eta moderatu gabea da. Harpidedunek zerrendara bidalitako mezuak automatikoki banatzen zaizkie zerrendakideei, inolako giza ukiturik gabe. Zerbitzua erabili ahal izateko harpidedun egin behar da, EIZIEren web-orriaren bidez (www.eizie.org).

Bereziki, gai hauek eztabaidatzen dira ItzuL zerrendan: itzulpen arazo praktikoak: terminoak, esamoldeak, jatorrizko testua ulertzeko zailtasunak, kontzeptu ilunak, izen propio ezezagunak; erreferentziak, hiztegiak, hitz zerrendak eta beste zernahi gisako informazio iturriak non aurki daitezkeen; softwarearen globalizazioari eta lokalizazioari lotutako arazoak; itzulpen teoriari buruzko gaiak; egindako itzulpenen ordainketa arazoak, itzultzaileen lan baldintzak, lanbidearekin lotutako gaiak; itzulpen munduko berri jakingarriak; itzultzaileak erabili ohi dituen tresna nahiz programa informatikoen gaineko zalantzak, galderak, konponbideak, berriak, eta abar; itzulpen lan eskaintzak. ItzuL zerrenda sortu eta kudeatzeko Postaria.com zerbitzu euskalduna erabiltzen da, Mailman software librean oinarritua.

ItzuL zerrendako harpidedun eginez gero, mezu guztiak jasotzen dira berariaz eskatu behar izanik gabe; alderantziz, zerrendara bidaltzen diren mezuak harpidedun guztiek jasoko dituzte. Itzul eztabaida eta laguntza zerrenda publikoa da. Beraz, zerrendako mezu publikoei erantzun publikoa ematea izango da irizpidea; gure erantzuna guztiz alor pribatu edo pertsonalekoa denean erne ibili behar da, zerrendako helbidea kendu eta jasotzaile bakarraren helbide pertsonala jartzeko. ItzuL zerrendatik jasotako mezu guztiek izenburuaren hasieran [itzul] hitza ekarriko dute. Era horretan, mezuak ongi identifikatzeaz gain, postako programa gehienek izan ohi dituzten iragazleak errazago erabil daitezke. Mezu bat zerrendara bidali aurretik, mezuaren gaia idatzi behar da beti, lauzpabost hitzetan, mezua zer den ezagutzeko adinakoak. Esan beharrekoak mezuaren buletinean bertan idatzi behar dira, ahal bezain labur. Ezin da bidali erantsitako fitxategirik, mezuarekin batera. Zerrendakideei fitxategiren bat eskaini nahi izanez gero, modu pribatuan egin behar da.

Hiztegiak sarean eskuragarri

Hiztegiak on line kontsultatzeko aukera ezinbestekoa da itzultzailearentzat. CDrom edo DVD bidez saltzen diren hiztegiez gain, Interneten hainbat badaude eskuragarri. Horietara jotzeko webgune interesgarria da Artez euskara zerbitzuak sortu duen www.hiztegia.net, sarean dauden hiztegiak leku bakar batean batzen dituen orria. Euskarazko hiztegi erabilienak eta hain ezagunak ez diren beste batzuetarako loturak jasotzen ditu webgune horrek: orokorrak, entzikopledikoak, gaikakoak, beste hizkuntza batzuetakoak. Horrezaz gain, corpusak, kontsulta-orriak eta softwarea eskuratzeko orrietarako loturak ere ageri dira.

Euskalbar Firefox-erako tresna-barra da, eta Interneten dauden hiztegi batzuk (Euskalterm, Elhuyar, Hiztegia3000, Euskaltzaindia) eta ItzuL posta-zerrendako artxiboak kontsultatzeko aukera ematen du. Firefox doako web arakatzailea edo nabigatzailea da; web-orriak bilatu eta bistaratzeko aplikazioa, Netscape Navigator eta Microsoft Internet Explorer-en modukoa. Aukera ematen da lau hiztegitan kontsultak egiteko orri bakar batean; hau da, kontsultatu nahi dugun hitza behin idatzi eta lau tokitan begira daiteke, norabide batean zein bestean, pantailan dagoen ikono baten bidez alda daiteke norabidea eta. Euskalbar tresna-barra erabili ahal izateko lehenengo Firefox nabigatzailea behar da eta Interneteko helbide honetatik doan instala daiteke: www.mozilla.com. Ondoren euskalbar instalatu behar da (www.interneteuskadi.org/euskalbar). Orrialde bakar batean hainbat tokitan kontsultak egiteko aukera interesgarria da, baina Euskalterm-en kasuan hizkuntza gehiago ere ageri dira eta euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntzaren bat kontsultatzeko aukerarik ez du ematen.

Hiztegiak plugin gisa

Plugin (edo plug-in) bat beste programa batekin batera jarduten duen ordenagailuko programa da; beste batekin batera jarduten du erabilera espezifiko bat edo zeregin zehatzak emateko. Word eta antzeko aplikazio ezagunetan integra daitezkeen aplikazio txikiak dira. Plugin gisa jarduten duten hiztegiak Word-en bertan kontsulta daitezke, kontsultatu nahi dugun hitza azpimarratu eta beste orri batera joateko beharrik gabe. Word-en integra daitezkeenez, orri batetik bestera jauziak eginez ibili beharrik ez dago.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko softwarea deskargatzeko orritik (www.euskara.euskadi.net) plugin batzuk doan deskargatzeko aukera eskaintzen du: Elhuyarren euskara-gaztelania hiztegia, Elhuyarren euskara-frantsesa hiztegia eta UZEIren Sinonimoen Hiztegia. Lehenago aipatu dugun www.hiztegia.net orriak ere eskaintzen du softwarea deskargatzeko orri horretarako lotura.

Elhuyar (Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco) Word-en integratuta. Elhuyar Hiztegi Txikia hiztegi elebidunean kontsultak egiteko sistema da. Tresna hau Windows 98/2000/XP/NT sistema eragilea instalatuta duten ordenagailuetan dabil. Hiztegi-kontsulta Microsoft Word 2000 edo Microsoft Word 2002 aplikazioan integratzen da. Internetera sartzeko, berriz, Internet Explorer instalatua eduki behar da, programa honek haren ezarpenak erabiltzen baititu.

Tresna honek euskarazko edo gaztelaniazko edozein hitz deklinatu hartuta, bere lemari dagozkion itzulpen posibleak eskainiko dizkio erabiltzaileari; Elhuyar Hiztegi Txikia (Euskara-Gaztelania/Castellano-Vasco) hiztegi elebidunean agertzen diren itzulpenak hain zuzen. Kontsultatzen den hitzaren lema eta lema horrek izan ditzakeen kategoria gramatikal eta adiera guztiak erakutsiko ditu, bai eta bikote bakoitzari beste hizkuntzan dagozkion ordainak ere.

Bi erabilera-modu eskaintzen ditu: pop-up menuen erabilera azkarra (hitz bakar baten ordainak lortu) edo kontsulta-leihoa zabaltzea. Pop-up bat-batean zabaltzen den leiho txikia da, irekita daukagun interfazea baino txikiagoa, sagua sakatu ondoren. Kasu honetan Word-eko dokumentuan daukagun hitza aukeratu, saguari sakatu eta leihotxo batean hitz horrek beste hizkuntzan duen edo dituen ordainak azalduko zaizkigu. Kontsulta-leihoa zabaltzea aukeratuz gero irakurtzen edo idazten ari garen hitzari buruzko informazio gehiago eskuratu ahal izango da nahi izanez gero: inguruneko hitzen ordainak ikusi, hitzez hitz edo esaldiz esaldi mugituz; testuan ez dagoen beste hitz bat kontsultatu eta testuan txertatu, adibideak lortu, eta hitzari buruzko informazio gehiago Elhuyarren webgunetik jaso.

Elhuyar (Euskara-Frantsesa) word-en integratuta. Microsoft Word-en integratuko den Euskara-Frantsesa hiztegiak Euskara-Gaztelania hiztegiaren modu berean funtzionatzen du; honen bitartez, euskaraz idatzitako hitzen frantsesezko ordainak jaso ahal izango ditu erabiltzaileak, eta baita alderantziz ere, gaztelaniazkoaren kasuan bezala; alde bakarra da frantsesaren kasuan Elhuyarren webgunera jotzeko aukerarik ez dagoela.

Elhuyar EU/ES eta EU/FR hiztegiaren pluginak testu-prozesadorean integratzeko eskuratzeko euskarazko softwarea deskargatzeko orritik (www.euskara.euskadi.net) zip fitxategiak kopiatu eta deskonprimitu egin behar dira. Ondoren, nahikoa da setup.exe fitxategian bi aldiz klik egitea eta instalaziorako laguntzaileak ematen dituen argibideak jarraitzea.

Instalazioa egin ondoren Word-eko Tresnak menu-barrako txantiloietara Word hiztegiarekin lotzeko txantiloiak erantsi behar dira (ElhEUES600 eta ElhEUES601 txantiloiak Elhuyar EU/ES hiztegirako sarbidea izateko, eta ElhEUFR600 eta ElhEUFR601 txantiloiak Elhuyar EU/FR hiztegia eskuratzeko). Txantiloia dot luzapena duen fitxategia izaten da eta aplikazioa instalatu dugun fitxategian egongo da eskuragarri.

Elhuyar EU/ES Hiztegia euskarazko eta gaztelaniazko hitzak itzultzeko da gai. Horregatik, testuko hitz baten ordainak eskainiko baditu, horren hizkuntzak bi horietako bat behar du izan. Testu-prozesadorean, testuaren hizkuntza adierazi behar da lehenik, eta euskara edo gaztelania denean izango du gure tresnak itzulpenak emateko ahalmena. Gauza bera egin behar dugu Elhuyar EU/FR hiztegiaren kasuan.

UZEIren Sinonimoen hiztegia. Webgunean hiru bertsio dauzkagu aukeran: Office 97 (Windows 95, Windows 98, Windows NT, Windows 2000, Windows Me edo Windows XP sistemetarako), Office 2000/XP (Windows 98, Windows NT, Windows 2000, Windows Me edo Windows XP sistemetarako) eta Office 2003 (Windows 98, Windows NT, Windows 2000, Windows Me edo Windows XP sistemetarako).

UZEIren Sinonimoen Hiztegiaren plu¬gina instalatzeko: UZEISinHizt2003.zip fitxategia deskonprimitu, Sinonimo Hiztegia.exe fitxategian bi aldiz klik egin, eta instalazioko laguntzaileak ematen dituen argibideak jarraitu behar dira.

UZEIren Sinonimoen Hiztegiaren bertsio elektroniko hau erabiltzeko, Microsoft Word-eko testu-prozesadorea instalatua eduki behar da ordenagailuan eta Word testu-prozesadorea irekita. Horrez gain, testu-prozesadorean «euskara» hizkuntza aukeratu behar da. Erabiltzaileak, Microsoft Word testu-prozesadorean euskaraz idazten ari bada, UZEIren Sinonimoen Hiztegia erabili ahal izango du. Erabiltzaileak euskarazko hitz bat -flexionatua edo flexionatu gabea- aukeratu behar du, eta aplikazio honek¬ bi modu desberdin eskainiko dizkio Sinonimoen Hiztegiaren informazioa eskuratzeko: idatzi edo irakurri ahala hitzaren kontsulta lasterra (pop-up) egitea, edo kontsulta-leihoan sartzea.

Erabiltzaileak aukeratutako hitz flexionatua, sarreraren ondoren azaltzen den edozein sinonimorekin ordezka dezake. Horretarako, sinonimo horietakoren baten gainean klik egitea nahikoa da.

XUXEN zuzentzaile ortografikoa

Hitzen ortografiaren zuzentasuna egiaztatu eta proposamen egokiak eskaintzen ditu Xuxen zuzentzaile ortografikoak. Zuzentzailea hainbat aplikazio eta ingurutara egokitu daiteke (Microsoft Word, Linux). Xuxenen helburua euskaraz idatzitako testuen akats ortografikoak nahiz tipografikoak antzeman eta zuzentzea da, ahalik eta modu eroso zein eraginkorrenean.

Xuxen UPV/EHUko IXA taldeak eta Elekak garatu dute, UZEI eta Hizkiarekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren Sailburuordetzari esker banatzen da doan, lizentziaren baldintzak betez jakina.

Xuxen tresna sarean on line ere erabil daiteke, zuzendu nahi dugun testua www.xuxen.com webgunean txertatuta, testu-prozesadorean ezer instalatu gabe. Sistemak bi zuzenketa modu ematen ditu: bata zuzenketa azkarra; testua aztertu ondoren, Xuxenek ezagutzen ez dituen hitz guztiak nabarmenduko ditu eta hitz ezezagun bakoitzaren gainean proposamen zerrenda bat erakutsiko du; eta, bestea, zuzenketa aurreratuan, hitzez hitzeko zuzenketa, alegia. Hiztegi pertsonala kudeatzeko aukera ere eskaintzen da. Horretarako erabiltzailea erregistratu behar da. Zuzenketa egiten ari den bitartean, erabiltzaile erregistratuak bere hiztegia osatzeko aukera izango du. Horrela, hurrengo zuzenketa batean, bere hiztegian dauden hitzak kontutan hartuko dira.

Microsoft-en instalatzeko Xuxen azken bertsioa www.xuxen.com webgunean dago eskuragarri eta bertsio guztiak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren webgunean: www.euskara.euskadi.net www.euskara.euskadi.net. Horretarako xuxen.exe programan klik egin eta pantailan agertzen diren urratsak jarraitu behar dira. Instalazioa amaitutakoan Officeko edozein programa erabiltzen ari garela (Word, Excel, PowerPoint, FrontPage) zuzentzaile ortografikoa prest egongo da erabiltzeko. Lehenengo urratsa hizkuntza-aukerak azaltzen diren tokian euskara lehenestea izango da.

Office-n ari garela, hitz ezezagunak gorriz azpimarratuko ditu «ortografia idatzi ahala egiaztatu» aukera aktibatuta baldin badago. Zuzenketa egiteko proposamenak lortzeko edo erabiltzailearen hiztegian gehitzeko saguaren eskuineko botoia sakatu beharko da azpimarratutako hitzaren gainean. Idatzi ahala egiaztatu nahi ez bada, testu osoa aparteko leihotxo baten bitartez zuzen daiteke eta hitz berriak erabiltzailearen hiztegira sartzeko aukera ere eskaintzen digu, hitzaren kategoriari buruzko informazioa eman ondoren hitzaren erroa sartuta.

Xuxenek, beste zuzentzaile ortografiko guztiek bezala, ez du testuingurua kontuan hartzen; beraz, akats sintaktikoen kasuan ez du laguntzarik emango, ez akats ortotipografiko baten ondorioz beste esanahi bat duen hitz egoki bat sortzen den kasuetan ere.

Xuxenen prozesua konplexu samarra da, euskara eranskaria denez, ezin izan baita erabili inguruko erdaretan bezala hitz-forma guztiekin osatutako zerrenda. Euskarazko hitzek morfologikoki analizatzea eskatzen dute egiaztatuko badira. Hitz flexionatuak onartzeko jarraitzen diren arauak Euskara Batuarenak dira; Xuxenen lanean ari diren erregela morfofonologikoak Euskara Batuari dagozkionak dira. Beraz, forma dialektalak okertzat jotzen ditu Xuxenek.

Erabiltzaileak ezin du hiztegi orokorra aberastu, baina bere hiztegi pertsonalaren bidez (erabiltzailearen hiztegiaz) aberats dezake Xuxenek onartuko duen lexikoa. Erabiltzaileak hiztegi pertsonal bat baino gehiago eduki dezake, bakoitzari bere izena emanda, eta egiaztapen edo zuzenketa bakoitzean horietatik nahi adina erabili ahal izango ditu. Hala ere, ez da gomendatzen hiztegi asko erabiltzea batera. Erabiltzailearen hiztegian, hiztegi orokorrean bezala, ez dira hitzak edo formak sartzen, erroak baizik. Erro bat sartzen bada, bere flexio guztiak ezagutuko ditu Xuxenek, eta horrela erabiltzailearentzat askoz erosoago gertatuko da. Horren truke erabiltzaileak sartu nahi duen hitzaren kategoriari buruzko informazioa eman behar du.

Azkeneko bertsioa Xuxen IIIk Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko zerrenda guztiak egiaztatu dira eta 2004ko abendura bitartean onartutako arau guztiak hartu dituzte kontuan, EAEko erroldako izen-abizen usuenak, Egunkariako corpuseko leku eta erakunde izenak, eta Elhuyarko Zientzia eta Teknika Corpuseko terminologia. Aurreko bertsioaren akats batzuk ere konpondu dira (adibidez «:» eta komatxoen aurretik idazten zena okertzat ematen zuen beti aurreko bertsioak). Guztira 85.000 sarrera inguru daude, hiztegi-sarrera, adizki eta morfema ez-askeetan.

Informazio gehiago eta aplikazioak eskuratzeko Interneteko helbideak: