Hizkuntza-politika eta nazioarteko ikus-entzunezkoak: zer dugun bikoizketaren alde
Artikulu honetan, bi euskara-itzultzaile euskaltzalek beren kezkak eta gogoetak azaltzen dituzte, ulertu ezinik zergatik ez duten euskararen aldeko hizkuntza-politikaren arduradunek plangintza sendorik abiatzen nazioarteko film eta telesailak euskarara bikoizteko eta bikoizketa horien kontsumoa sustatzeko. Euskararen ordezkapen-arora ez itzultzeko gakotzat dute bikoizketa, eta argudiatzen dute euskarazko kalitatezko bikoizketa bultzatuz euskararen ahozko erabilera eta euskarazko literaturaren kontsumoa indartu daitezkeela. Gogoan izaten ez badugu ere, oroitarazten dute euskarazko bikoizketak baduela lege babesa, Europan, Espainiako estatuan eta Euskal Herriko administrazioetan.
Nor gara gu, zer gara gu, itzultzaile euskaltzaleak gara gu
Ikus-entzunezko edukiak euskarara itzultzearen garrantziaz idaztea proposatu digute, eta pozik esan dugu baietz. Ez diogu gaiari akademiatik helduko, horretarako ahalmenik ez guk: ez gara soziolinguistikan adituak, eta hemen idatziko ditugunak ez dira ikerlan zorrotz baten ondorioak, bi itzultzaile euskaltzaleren kezka eta gogoetak baizik; bi itzultzaile euskaltzale besterik ez gara-eta, urte mordoxka daramatzagunak kezkaz, ulertu ezinik zergatik ez duten euskararen aldeko hizkuntza-politikaren arduradunek plangintza sendorik abiatzen nazioarteko film eta telesailak euskaratzeko, joan den mendeaz geroztik euskaraturiko edukiak guztion eskura jartzeko eta eduki horiek guztiak ganoraz sustatzeko. Huts egite horrek arranguraz betetzen gaitu, euskararen iraupenerako esparru estrategikoetako bat delakoan gaudelako, eta, halaber, ziur dakigulako telebisten eta eskariaren araberako plataformek gero eta eragin handiagoa izanen dutela euskararen erabileran eta euskaldunon hizkuntza-gaitasunetan. Areago, Aingeru Epaltza idazleak maiatzeko zutabe batean adierazi bezala, guk ere irudipena dugu «euskararen etorkizuna ikus-entzunezkoen joko-zelaian erabakiko dela hein handi batean» («Erderen mirabe», Diario de noticias, 2023-05-23).
Hori hala izanik, tamalez, azken 20 urteetan euskaltzale batzuek auzolanean eraikitako biltegia izan dugu poz bakarrenetariko bat, Euskal Encodings, eta beharrik. Honetara ezkero, ordea, pantailek gure bizitzetan hartu duten nagusitasuna ikusirik, gero eta beharrezkoago iruditzen zaigu nazioarteko ikus-entzunezkoak itzuli eta bikoizteko politika egoki eta sendo bat abiaraztea; izan ere, pantailetan euskarazko edukiak normal kontsumitzeko ohitura hagitz mesedegarria izan liteke euskararen biziberritze-prozesuan gero eta argiago azaleratzen ari zaizkigun aje batzuk sendatzen laguntzeko (edo sendatzen saiatzeko, bederen), hala nola hizkuntza-gaitasunaren trakestea, ahozko eredu informal tradizionalen desagertzea eta estandar informal eraberritua eraikitzeko zailtasunak, euskara batuari buruzko aurreiritzien betikotzea, erabileraren geldotzea, euskarazko kultura-adierazpide aunitzek (izan jatorrizko sorkuntza-lanak, izan itzuliak) duten hartzaile-eskasia, prestigioaren galera eta atxikimenduaren epeltzea.
Itzulpena eta bikoizketa, ordezkapen-arora ez itzultzeko giltzak
Ez gara soziolinguistikan adituak, baina itsuak ere ez gara, eta beste aunitz bezala gu ere ohartuak ginen euskararen indarberritze- aroa moteltzen hasia zela eta, zenbaitek esan bezala, bidegurutze moduko batean gaudela. Ostrukarena egitea ez da sekula ideia ona izaten; arazoa gutxiestea ere ez; horregatik, uste dugu premiazkoa dela alorrez alor aztertzea nora bideratu behar ditugun eginahalak eta indarra. Gure hausnarketa hauek horretan lagundu nahi dute, eta asmo horrez begiratuko diegu hemen pantailetako edukien itzulpen eta bikoizketei, betiere euskararen aldeko hizkuntza-politika helburu.
Aspaldi honetan, aditu eta eragile ugariri entzun diegu aisialdiak egundoko garrantzia duela hizkuntza baten erabilera sustatzeko eta haren ekosistema sendotzeko. Guk ere uste dugu ezen, gure egoera diglosikoan, esparru estrategikoa dela. Bada, esku artean ditugun datu guztiek diote pantailek eta ikus-entzunezkoek gure aisialdiaren gero eta puska handiagoa hartzen dutela, batez ere haur eta gaztetxoen artean. Bestetik, datuek diote ezen, gehien ikusten ditugun telebista eta plataformetan, gehienbat atzerriko hizkuntzetan ekoitzitako film eta telesailak ikusten ditugula, eta, hortaz, euskaldunok gaztelaniaz edo frantsesez ikusi ohi ditugula eduki horiek (bikoizturik, gehienetan).
Jakina, ez dugu esan nahi euskal sorkuntza lagundu, sustatu eta hedatu behar ez denik; alderantziz. Bat egiten dugu Lanartea-Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak egiten dituen eskaerekin: «[euskarazko] sorkuntzaren aldeko politika bat behar da», «hil arteko tratamendu paliatiboak behingoz atzean utzi behar dira» (Kultur Sharea, «Lanarteak artisten aldeko politikak eraikitzen hasteko oinarrizko bost eskakizun zehatz egin ditu Legebiltzarrean», 2023-04-27). Nolanahi ere, agerikoa da euskaraz sorturiko ekoizpena ez dela aski gaurko adin orotako euskaldunak euskarazko mundu batean murgiltzeko, ezta hiztunei gutxieneko hizkuntza- eta kultura-ekosistema batez hornitzeko ere. Ez pantailetan, ez pantailetatik at, jakina; baina, ikus-entzunezkoei dagokienez, gaur egun, inongo hizkuntza- komunitatek ez ditu aski bere hizkuntzan ekoitzitako lanak ikusleen pantaila-gosea asetzeko, eta are gutxiago gureak. Sorkuntza zein itzulpena, biak dira osagarri, biak ezinbesteko. Iratxe Goikoetxea ETBko zuzentzaileak «SOS euskarazko bikoizketa» artikuluan orain hamaika urte idatzi bezala (Berria, 2012-03-18), «zalantzabakoa da, ordea, euskarazko bikoizketak funtsezko zeregina duela gure unibertsoan bestela heldu ezineko hutsuneak betetzen». Hutsune horiek, bestalde, gero eta handiagoak izanen dira, zeren pantailetako hizkuntza-inputak itzulpenen bidez iritsiko baitzaizkigu gero eta gehiago, eta bi aukera ditugu: edukiak jo eta ke euskaratzen eta bikoizten hasi edo, orain arte bezala, eduki horiek gure erdara hegemonikoetan jasotzen segitzea, ahaleginik egin gabe diglosiaren gurpil zoroa ez geldiarazten, ezta geldotzen ere.
Denok dakigu neoliberalismo linguistikoan tematzea hizkuntza gutxituaren aurkako hizkuntza-politika bat suspertzea dela. Hauxe da egungo egoera: euskararen eta gure bi erdara hegemonikoen arteko asimetria sekulakoa da ezagutzan, erabileran, prestigioan, legeen babesean… Eta euskaldun gehien-gehienok elebidunak gara; Iñaki Iurrebaso soziologoak Larrun aldizkarian emaniko datuen arabera, euskaldun elebakarrak % 1 baizik ez dira, eta elebidun gehienak hobeki moldatzen dira erdaraz euskaraz baino (Larrun, 283. zk., 2023). Ia guztiak gara elebidunak, erdaraz eroso(ago) moldatzen gara gehientsuenak; hortaz, euskara erabiltzea hautu bat da beti. Garikoitz Goikoetxea euskara-teknikariak artikulu mamitsu bat plazaratu zuen Jakin aldizkariko 251. zenbakian, «Euskara: ezagutza ez da nahikoa izango», eta hartan hauxe zioen: «Hautu hori elika daiteke edo ito; erraztasunak jarri ala trabatu. Euskararen hautua elikatzea da, gaur eta hemen, hizkuntza politikaren zeregin nagusia». Zoritxarrez, gero aletuko ditugun datuek garbi erakusten dute hautu hori ez dela inolaz ere elikatzen ikus- entzunezkoen alorreko politiketan; aitzitik, hautu hori ito eta trabatu egiten dela.
Horren ildotik, eztabaidaezina da arduradun politikoek, bai estatukoek eta bai erkidegoetakoek, molde jakin bateko itzulpen-politika ahalbidetzen dutela beti, nahi ala nahi ez, horren jakitun izan ala ez; hortaz, egoera diglosiko batean hizkuntza gutxituaren aldeko itzulpen-politika eraginkorrik ezean, itzulpena ere hizkuntza hegemonikoaren aldeko tresna bihurtzen da. Hego Euskal Herrian, itzulpena izan dugu hizkuntza-politikaren zutabe ezinbesteko bat euskararen legeak onetsi zirenetik; Administrazioan, adibidez, herritarren hizkuntza- eskubideak bermatzeko erabili da itzulpena, baina, orobat, hiru xede hauetarako: administrazioan euskaraz lan egin behar ez izateko, agintariek euskara sustatzen dutelako plantak egiteko eta erdaldunen pribilegioak iraunarazteko. Nafarroa Garaian, adibidez, foru-administrazioan lanpostu elebidunik sortu behar ez izateko –eta haien beharrik ez dagoela erakusteko– baliatzen da sarri itzultzaileen lana, itzultzaileok betetzen baitugu langile publiko batzuei legozkiekeen lanak; baina, tira, hori mataza bereko beste korapilo bat da… Orain, hauxe besterik ez dugu azpimarratu nahi: hizkuntza-politika neutralik ez dagoen bezala, ez dagoela, ezta ere, itzulpen-politika neutralik. Itzulpen- politikarik ez planifikatzea norabide jakin bateko hizkuntza-politika baten tresna da. Esate baterako, ikus-entzunezkorik ez itzultzea, ez bikoiztea eta ez azpidaztea itzulpen- politika egitea da eta, beraz, hizkuntza- politika egitea ere bai.
Bestetik, hagitz garrantzitsua iruditzen zaigu kontuan hartzea hizkuntza- politikak eta kultura-politikak bereizezinak direla eta nazioarteko ikus-entzunezkoak euskaraz ikusteko ohiturak euskarazko kultura-ekosistema sendotuko lukeela eta mesedegarria izanen litzatekeela euskarazko kulturaren transmisiorako. Adibidez, gure irudipena da ezen fikzioa euskaraz ikusten eta entzuten ohituriko euskaldunek, zer irakurri erabakitzean, erosoago eta maizago aukeratuko luketela euskarazko literatura, hala euskaraz sortua, nola itzulia, betiere non hautatua izanez gero. Hizkuntza-ohiturek elkarri eusten baitiote. Hala uste du Juan Luis Zabala idazleak ere, eta hala azaldu zuen «Bikoizketa eta literatura» artikuluan, Berrian, 2017ko abenduaren 7an.
Horrez gain, uste dugu esku artean dugun alor honetan ere arduradun politikoak ez direla behar beste erabiltzen ari legeen aterkia itzulpen-politikak hizkuntza- eskubideen alde bideratzeko; gure ustez, joera hori irauli eta egungo legeriak baliatu behar dira indarra eta dirua kalitatezko itzulpenak ekoizteko bai ikus-entzunezkoen alorrean eta bai gainerako esparru estrategikoetan. Egunero, testuetan irakurtzen eta hedabideetan aditzen dugun euskararen hein handi bat itzulpena da. Esate baterako, denok dakigu itzulpena dela gure administrazioetan euskaraz ekoitzitako gehiena; hedabideetan ere, itzulpen-lan etengabean dihardute kazetariek. Horrexegatik, itzulpenen kalitateak berebiziko garrantzia du gurean.
Lehenbiziko gogoeta-sorta honetan orobat adierazi nahi genuke ez zaigula senezkoa iruditzen hizkuntza gutxituen aldeko politika publikoen errentagarritasuna mozkin ekonomikoen arabera neurtzea. Ikus- entzunezkoak itzultzea eta bikoiztea ez dela errenta? Zeri esaten diogu, ordea, errenta? Hortxe koxka. Espainiako eta Frantziako hizkuntza hegemonikoen aldeko hamaika ekimen ekonomikoki ez-errentagarri bideratzen dira tai gabe (ezen ez nahi gabe), beste larre batzuetako errenten peskizan. Eta, azkenik, uste dugu ez dela onargarria halako batean ETBn emaniko euskarazko film triste baten audientzia txarra baliatzea bikoizketaren bidea baztertzeko, esanez euskaldunok ez ditugula filmak euskaraz ikusi nahi: «Euskaldunoi asko kostatzen zaigu euskaraz zinea ikustea» esan zuen Bingen Zupiriak Euskal Telebistako zuzendaria zenean, Euskonews hedabidean, 290. zenbakian, 2005ean. Halaber, Harry Potter eta sorgin harria aldi berean eman zituzten ETB1en eta ETB2n, elkarren kontrako lehian, 2005eko urtarrilaren 1ean. Emaitza erraz aurreikus zitekeen, kontuan harturik elebidunak gutxiengoa garela, elebidun asko hobeki moldatzen garela gaztelaniaz, eta elebidunak eta elebakarrak elkarrekin bizi garela, eta, 2005ean, familiek telebista elkarrekin ikusi ohi zutenean, horrek ekarriko zuela erdarazko katea aukeratzea. Euskaldunok, orain eta hemen, ez badugu fikzioa euskaraz ikusteko irrika handirik, hizkuntza-politikaren arduradunei dagokie aztertzea zergatik den hala, zergatik kostatzen zaigun hainbeste, eta garunak estutzea asmatzeko zer bide eta baliabide ditugun gogo eskas hori akuilatzeko. Gogoa eta ohiturak ere eraiki egin baitaitezke, normaltasuna eraikitzen den gisa berean.
Bada, hori hala dela jakinki, zertan ari gara? Zertan ari da, eta zertan ez da ari, adibidez ETB?
Kontuak eta datuak ez zaizkigu ateratzen ongi
ETB1ek 1982an emititu zuen aurrenekoz, eta, Wikipediaren arabera –eta adin batetik gorakoek gogoan dugunez–, euskararen normalizazioa zuen helburu nagusi. Hala bada, eta kontuan izanik beste hizkuntzatan ekoitziriko atzerriko film eta telesailek gure inguruko beste telebista-kateetan duten tokia eta garrantzia: nola –eta zenbat– ari da baliatzen ETB1 itzulpena helburu nagusi horretarako?
2022ko irailaren 6an, Urtzi Urkizu kazetariak artikulu bat argitaratu zuen Berria egunkarian, eta bertan azaldu zuen ETBk, lau hilabeteko epean, helduendako 130 film eman zituela espainieraz, eta bakar bat ere ez euskaraz. Josu Estarrona legebiltzarkideak gai horri buruzko datuak eskatu zizkion Eusko Legebiltzarrean EITBko zuzendari Andoni Aldekoari. Hona hemen haren erantzuna, 2022ko urriaren 6koa:
2021etik 2022ko urrira arte, ETBk 506 film erosi zituen. Horietatik, 458 gaztelaniaz ziren, 28k bertsio bikoitza zuten (espainieraz eta euskaraz) eta 20 espainierara bikoiztu zituen. Serieen kasuan, 2021ean, ETBk 25 serie erosi zituen. Horietatik, 10ek espainierazko audioa zuten; beste 6 espainierara bikoiztu zituen ETBk, eta 9, euskarara.
Pentsatzekoa da haurren telesailak izanen direla; izan ere, Bikiak da azken urteetan ETBk euskaraz emititu duen helduendako telesail nazioarteko bakarra.
Bestalde, eta betiere Andoni Aldekoaren esanetan, 2021ean ETBk ekoitzitako edo ekoizpenean parte hartutako filmei dagokienez, 8 espainieraz ziren, 7 euskaraz, beste bat katalanez, eta beste bat mutua. Azken datu horiekin, egiazta daiteke nabarmena den zerbait: ETBk ematen duen fikzioaren zatirik aise handiena atzerrikoa da, ez produkzio propioa. Horrez gain, produkzio propioa ere ez da nagusiki euskaraz.
Ramon Labaien politikariak Argia aldizkarian esan zuenez (1992ko azaroaren 15ean), «gure intentzioa zen, eta hori gobernuaren programan zegoen, euskara babestea. Telebista euskarari azken bultzada emateko egin zen… Bikoizketa eskola izan zen lehenengo pausoa». Baina, gerora, ETBk beste bide bat hartu zuen. 1991n, 1.589 ordu bikoiztu ziren; 1998an, 536 ordu; 2006an, 470 ordu; eta 2013an, 132 ordu… Eta kontuan hartu behar da datu horietan gaztelaniarako bikoizketa ere sartzen dela. «ETBko euskarazko bikoizketa, hilda» izeneko artikuluan jaso zituen datu horiek Urtzi Urkizu kazetariak (Berria, 2021eko otsailaren 10ean). Joera horren adibide, hona hemen Argia aldizkarian 2020ko martxoaren 15an agertutakoa: «Clint Eastwoodek zuzendutako Invictus izan zen Xabier Alkiza bikoizleak euskarara bikoiztu zuen irudi errealeko azken filma. 2009koa da». Eta, bikoizleen lan baldintzei dagokienez, artikulu berean esaten da urtetik urtera bikoizleen soldatek behera egin dutela, «ETBren aginduz omen», zioen Alkaizak, eta «azken sei urte hauetan % 37 batzen dute jaitsierek». «Kantitatean eta kalitatean» sumatzen omen da galera.
Hasieran film eta telesail guztiak (nazioartekoak barne, jakina) euskara hutsean ematetik, nazioarteko film guztiak gaztelaniaz ematera igaro da ETB (haurrenak salbu). Galiziako TVGk eta Kataluniako TV3k beren hizkuntzan ematen dituzte guztiak. Valentziako erkidegoko telebista publikoak (hasieran Canal Nou, orain À Punt) eta Balearretakoak (IB3) kontrako ibilbidea egin dute: hasieran, programazio orokorra beren hizkuntzan ematen zuten, eta filmak eta telesailak espainieraz. Gaur egun, film eta telesail guztiak beren hizkuntzan ematen dituzte. Hala, 2023ko maiatzaren 15etik 21era bitartean, adibidez, TVGk nazioarteko 3 film eman zituen bere hizkuntzan, TV3k 4, Á Puntek 5, IB3k 4; ETBk bakar bat ere ez euskaraz.
Bestalde, euskarazko audioei ateratzen zaien etekinaren afera daukagu. Merlí telesaila euskarara bikoiztuta dago, baina Filmin plataforman ezin da euskaraz ikusi. Unicorn Wars filmak ere badu euskarazko audioa, baina Movistar Plus plataforman espainieraz eta galizieraz bakarrik eskaintzen da, eta Irabazi arte! telesaila, ETBk euskaraz egina, Disney Plusen ikus daiteke, baina espainieraz bakarrik.
Euskarara aspaldi bikoiztutako filmen kasuan, euskarazko audioek moldaketa bat behar dute plataformetara iristeko; TV3 hasia da lanean, eta aspaldiko filmen katalanezko audioak iristen hasiak dira pixkanaka plataformetara. Badirudi ETB, ordea, ez dela hasi oraindik («Audioen aferak luze joko du»: Urtzi Urkizuren artikulua Berrian, 2023ko apirilaren 30ean).
Euskarak ez du beste telebista publikorik: Euskal Herria da euskararen lurralde bakarra munduan; gaztelania hamaika estatutan da ofiziala, eta lekua du nazioarteko makina bat erakundetan. ETBk gaztelaniazko ekoizpen, itzulpen, bikoizte eta azpidatzietan xentimorik xahutuko ez balu ere, ezin konta ahala film eta telesail izanen genituzke ikusgai, pantaila molde guztietan, doakoak zein ordainpekoak, gaur egungoak zein noiznahikoak, gaztelaniaz sortuak zein hamaika hizkuntzatatik bikoiztuak, adin orotarakoak zein haurrendako bereziak, marrazki bizidunak, animekoak, zuri- beltzekoak, fikziozkoak zein dokumentalak, irri egitekoak, denbora pasakoak, klasikoak, thrillerrak, erromantikoak, mamitsuak eta krispetak mau-mau janez ikustekoak.
Pantailak euskaraz, legezko eskubidea
Euskarazko ekoizpena indartzeaz gain, nazioarteko edukiak euskaratzea funtsezkoa da, hasteko, euskaldunon hizkuntza-eskubideak bermatzearren. Hizkuntza-eskubideak zenbait legetan aitortuak dauzkagu: Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunean (Espainiak sinatu eta berretsi du gutuna; Frantziak, sinatu baino ez), EAEko Euskararen Legean eta Euskarari buruzko Foru Legean. Aipatzekoa da Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak zehazki babesten dituela euskarazko (gure kasuan) ikus-entzunezkoak, 11. eta 12. artikuluetan, barnean dela bikoizketa:
Beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzetan eskuratzeko bitartekoak erraztea, eta, horretarako, itzulpen-, bikoizketa-, postsinkronizazio- eta azpititulazio- lanak lagundu eta garatzea (12. artikulua, b) letra).
Espainiako estatuak (Hego Euskal Herriko administrazioak barne) hartutako konpromisoa da.
Bestetik, Europako 2018/1808ko Zuzentarauak dio hizkuntza-aniztasuna zaindu beharra dagoela ikus-entzunezko komunikazioan, eta Espainiako estatuko ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 Legeak ezartzen du ikus-entzunezkoek autonomia-erkidegoetako hizkuntza ofizialen ezagutza eta hedapena sustatuko dutela.
12/2002 Legea dela-eta, Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du aukera historiko bat galdu dela ikus-entzunezkoetan hizkuntza-berdintasuna egiazki bermatzeko, eta legean ezarritakoak ez betetzeko zirrikitu aunitz daudela. Nolanahi ere, legeak betebehar txiki batzuk ezarri dizkie telebista publikoei, pribatuei eta streaming plataformei: hizkuntza koofizialetako kuotak eta hizkuntza gutxituetako edukietara bideratu beharreko diru-sarreren portzentaje batzuk; bada, Kontseiluak salatu duenez, erakundeak eta plataformak ez dira legea betetzen ari. Esate baterako, legeak xedatzen du RTVEk haurrendako dituen kateetan eta haien katalogoetan galegora, euskarara eta katalanera bikoiztuta eskainiko dituela edukiak; batez ere 12 urte arteko ikusleendako direnak, eta publiko orokorrari zuzenduriko edukiak erkidegoetako hizkuntza ofizialetara bikoiztu eta azpidatzita eskainiko dituela.
Orobat xedatzen du eskariaren araberako telebistako ikus-entzunezko komunikazio- zerbitzuen hornitzaileek autonomia- erkidegoetako hizkuntza ofizialetara jada bikoiztuta edo azpidatzita dauden hizkuntzetako bertsioak txertatu beharko dituztela katalogoetan bikoizketa edo azpidazketa hori diru publikoz egin denean, hizkuntza- bertsio hori telebista publikoen jabetzakoa denean, edo bikoizketa edo azpidazketa horrek erakunde eskudunak ziurtaturiko kalitate maila duenean.
Bestalde, streaming plataformak bideragarritasun teknikoaren aitzakiari heltzen ari dira bikoiztutako bertsiorik ez eskaintzeko. Euskal Herriaren kasuan, aurreko guztia betetzea eta gainbegiratzea ikus- entzunezkoetan eskumenak dituzten euskal erakundeei dagokie, bai eta moldaketa tekniko horiek erraztea ere.
Beraz, legeek, aski ez izan arren, aukera ederra ematen digute nazioarteko edukiak euskaratu daitezela eskatzeko. Gure ustez, ez genuke oraingo abagunea alferrik joaten utzi behar.
Nazioarteko edukiak euskaraz pantailetan, hizkuntza indartu dadin herriko plazetan
Hasieran aipatu dugu uste osoa dugula nazioarteko edukien kalitatezko bikoizketen aldeko politika burutsuak hagitz mesedegarriak izanen liratekeela euskararen normalizazioan, egun begi-bistakoak diren aje batzuk sendabidean jartzeko. Gure aburuz, hauek dira euskarazko bikoizketen ugaritze eta normaltzeak ekarriko lituzkeen onurak:
Batetik, nabaria da hizkuntza-gaitasunak eskasten ari zaizkigula. Azken urteotan, gora egin dugu ezagutzan, baina datuek –eta gure belarriek– diote ezagutza herren bat ari dela hedatzen. Elebidunak gara. Euskaldun gehienak etxe erdaldunetan bizi gara eta hobeki moldatzen gara erdaraz; D eredua, inguru euskaldunetan izan ezik, sarri ez da aski ikasleei euskararen ezagutza duin eta noranahiko bat emateko. Iurrebasok Larrunen emaniko datuen arabera, euskara lehen hizkuntza duten hiztunen erdiak baino gehiago ez dira jada euskaraz errazago moldatzen.
Horiek horrela, ez da harritzekoa euskaldun aunitzen irudipena izatea hiztun asko etorri onez eta adierazkortasun egokiz ezin mintzatuz dabiltzala, eta erdarazko hitz eta esamoldeetara jo behar dutela etengabe. «Hemendikan urte batzuetara, danok erdaraz arituko gara euskaraz ari garelakoan» esan zuen Lazkao Txikik. Asmatu zuelakoan gaude asko. Aitor Arana idazle eta itzultzaileak, esaterako, hau idatzi zuen «ETB maite… zintudan» artikuluan, Berrian, 2023ko martxoaren 16an: «Askoz errazagoa da euskara kaskarra entzutea, euskara ona baino». Eta artikulu berean dio «inoiz baino beharrezkoagoa zaigula hizkuntza duina bizirik eskainiko digun telebista izatea». Ados gaude Aranarekin, eta, gure ustez, kalitatezko itzulpen eta bikoizketen bidez hizkuntza- eredu duin eta egokiak zabaldu genitzake, euskararen aberastasun lexikoa, aldaera eta doinuera askotarikoak erabiliz, euskara batu molde askotarikoak landuz.
Adituek diote euskaraz hobeki moldatuko diren elebidun gehiago behar ditugula, hots, oraingo elebitasun asimetrikoa alderantzikatu behar dugula, etxean umeei euskaraz mintzatuko zaizkien elebidunen ehunekoak handituko badira. Kalitatezko bikoizketen bitartez, hiztunen ahozko euskara aberasten lagundu dezakegu, eta hitzen zein esamoldeen esan-indarra zabaldu. Esaterako: apirilaren 26an, txiolari batek kontatu zuen ezin ziola alabari eskolako lanetan lagundu, berak ere ez zuelako testu bat ulertzen: «Kolezistitisa: behazuneko harri batek hodi zistitikoa buxatzean, behazun xixkua hanpatzen da». Juan Luis Zabala idazleak erantzun zion: «ETB1ek Houseren episodio guztiak eman balitu euskaraz bikoiztuta, ez zuen inolako arazorik izango dena lehenengoan ulertzeko». Baina bikoizketak, jakina, ez lirateke soilik haur eta gaztetxoei bideratu behar, ikusi baitugu helduok ere behar dugula belarrietarako bazka ona barra-barra inguratzen gaituen euskara eskastuari aurre egiteko. Gure euskara da haurrendako eredu, eta gure ohiturak ere bai. Nazioarteko edukiak euskaraz ikusteko ohitura bagenu, gure euskara zorroztu eta aberasteaz gain, txikiendako eredu ere izanen ginateke. Dagoeneko badakigu etxeko transmisioak ez duela egun bermatzen euskaraz hobeki moldatzen diren hiztunak izatea epe luzean. Inguruak erdalduntzen gaitu. Etxea ez da aski, are gutxiago etxeko pantailak erdaraz mintzo bazaizkigu.
Bestetik, edukiak bitara izanen bagenitu (bikoiztuak eta azpidatziak), ikus-entzuleek aukera izanen lukete input bikoitza jasotzeko aldi berean. Ikuspegi soziolinguistiko batetik, arras interesgarria deritzogu aukera horri, hiztunak hizkuntzaren bi gaitasun landu eta garatzen ariko bailirateke: entzumena eta irakurmena. Esan beharrik ez dago euskaldun hartzaileendako eta euskara ikasten ari direnendako ere oso aukera baliagarria izan litekeela. Ez al ditugu, bada, ingelesezko film eta telesailak jatorrizko hizkuntzan ikusten gure ingelesa hobetzeko?
Ahozko eredu tradizional informal txukunak galtzen ari dira, eta zailtasunak ditugu estandar informal bat eraikitzeko. Soziolinguistikan adituak ahozkotasunaren garrantziaz ohartarazten ari zaizkigu aspaldian. Kike Amonarrizi irakurri genion zeinen garrantzitsua den hiztun aktiboak sortzea (Berria, 2023ko martxoaren 23a), eta ahozkotasuna lantzea da horretarako gakoetako bat. Erregistro informaletarako balio digun estandarra landu eta hedatzea premiazkoa da, zeren adierazkortasunik gabeko hizkuntza lau bat nekez izaten ahal baitzaio erakargarri esamolde indartsuz jositako hizkuntza hegemoniko batean ere ederki moldatzen den hiztunari. Gaur egun, inoiz baino ageriagoa da gizartean –batez ere haur eta gazteen artean– hedatzen diren esamolde, makulu-hitz, esaera barregarri, modako hitz eta beste baliabide jostagarri ugari pantailen bidez hedatzen direla, bai gaztelaniaz eta bai frantsesez. Ingelesetik itzulitakoak dira maiz. Ezin diogu euskarari ukatu hizkuntza eraberritu, malgutu eta hedatzeko bide hori. Horregatik, bat gatoz Pantailak Euskaraz ekimenekoekin, esaten baitute bikoizketa zutabe ezinbestekoa dela «hizkuntza estandar informala eraiki, berrasmatu eta herritarren artean zabaltzeko». Euskaraz sorturiko nahiz euskarara bikoizturiko fikzioa, biak behar ditugu ahozko euskara erakargarri, gozagarri, duin eta sinesgarri bat lantzeko eta hiztunen artean errotzeko.
Euskara batuari buruzko aurreiritziek setaz irauten dute gurean, mozorroa aldatzen badute ere. Euskaldun batzuei oraindik ere zurruna eta artifiziala iruditzen zaie batua, buruan iltzatua dute-eta gurea adierazkortasunerako ahalmenik gabeko estandar hertsi kolorebakarra dela. Aurreiritzi horien funtsik eza frogatzeko, batua egiazki zer den erakustea da biderik hoberena, ea hala uste dutenak honetaz jabetzen diren: «Aurreiritziak aurreiritzi, euskalki guztietako hitz, esamolde eta joskera guztiak estandarraren parte dira, batuak ortografiaren eta aditz-paradigmen bitartez markaturiko jokalekuaren barrenean», Irene Arrarats itzultzaile, zuzentzaile eta euskaltzain urgazleak Berrian «Mailu bat iltzera» artikuluan ederki idatzi bezala (2018-09-15).
Gure irudikoz, ikus-entzunezkoak hagitz lagungarriak izaten ahal zaizkigu aurreiritzi horiek borrokatzeko, behingoz sinesteko batu jori, zabal, malgu, noranahiko, ahaltsu eta kolore anitzeko bat daukagula eta egiazko estandar nazional bat garatzen segitzeko. Beste hizkuntzen kasuetan ere hedabideen eta ikus-entzunezkoen bidez zabaldu dira, hein handi batean, aldaera estandarrak, bai formala eta bai informala (azken urteotan Interneten bidez ere bai, noski). Hedabideak eta pantailak iskilu linguistikoak eta hizkuntza-eskolak dira. Haien bidez eraberritu, egokitu eta gizarteratzen dira aldaera estandarrak. Batua da gure hizkuntzaren geroa bermatzen ahal digun aldaera bakarra, eta haren ajeetako bat da erresonantzia- kutxa indartsu bat duela ments, Irene Arraratsek eta Bernardo Atxagak esan izan duten gisan. Euskalkiak ere zaindu behar dira, beren tokia eta prestigioa eman behar zaie, nola ez, baina estandar nazional zabal eta koloretsu bat gabe jai dugu, eta bikoizketak asko lagundu dezake horretan. Bikoizketak ez du-eta zertan kolorebakarra izan. Euskalkien adierazkortasun-ahala lantzeko balia genitzake pantailak, euskalkiak ere landu baitaitezke; ahal handiagoa lukete jatorkeria zozo, erdarakada gordin eta fonetismo antzuen nahas-mahas hutsa ez balira. Horregatik uste dugu bikoizketen bidez ez genukeela jokatu behar Espainiako estatuan bezala, non gaztelania uniforme bat zabaltzeko baliatu baita, eskualdeetako aldaeren kalte (eta, orobat, hizkuntza gutxituen kalte, jakina; euskaldunon gaztelaniazko inputak ugaltzeko eta haietara are gehiago ohitzeko balio izan dute telebista espainolek, besteak beste). Espainiako kate publikoek ez ikusia egin diote euskarari; telebista espainolek normaldu dute espainiera dela hamaika erregistroko hizkuntza estandar sendo eta baliagarri bakarra gurean, zeinaren aldean gizartean tamalez normalizatu ez den euskara batua zurrun eta motz begitantzen baitzaie batzuei. Frantzian ere, igualtsu.
Euskara batuaren ordezko bakarrak gaztelania eta frantses batuak dira. Honatx adibide argigarri bat: UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gazteen ikus- entzunezkoen kontsumoari buruz egin duen ikerketak azaleratu du ezen herri horietako Lehen Hezkuntzako ikasleek askoz gehiago ikusten dutela erdarazko marrazki bizidunen Clan katea, haurrendako euskarazko ETB3 katea baino. Eta inkesta berean ikusi da 9 urtetik 17ra arteko gazteek gehienbat Netflix ikusten dutela. Erdara batuan.
Gainera, gure itzulpen gehienen sorburu-hizkuntza gaztelania da Hegoaldean, eta frantsesa Iparraldean. Nazioarteko telesail eta filmen itzulpenen bitartez, ordea, sorburu-hizkuntza gehiagorekin lan egin behar genuke itzultzaileok, eta seguru gaude sorburu-hizkuntzen aniztea onuragarria izanen litzatekeela euskara estandarren baliabideak aberasteko eta gure aldaera estandar formal eta informalak hornitzeko.
Bestalde, lehenago esan bezala, fikzio- lanak euskarara bikoizturik ikusteko ohiturak euskal kultura ekosistema osoari eginen lioke mesede. Hizkuntza-ohiturek elkar elikatzen dutelakoan gaude: nazioarteko fikzioa euskaraz kontsumitzera ohituriko ikusleak errazago joanen dira euskarazko antzerkia ikustera eta errazago hautatuko dute euskarazko literatura irakurtzea, hemengoa zein nazioartekoa. Besteak beste, erosoago sentituko direlako eta euskarazko kultura-ekoizpenak gozagarriagoak irudituko zaizkielako. Ohiturak aldapak zelaitzen ditu-eta, hizkuntzarenak ere bai. Literaturari dagokionez, azken urteotan maiz entzuten da zeinen baliotsua izaten ari den literatura- itzulpena euskarazko kultura-ekosistemari egiten ari zaion ekarpena eta tamala dela nazioarteko obren itzulpen bikain askok duten zailtasuna irakurleen beroa lortzeko. Bada, arestian esan bezala, bat gatoz Juan Luis Zabalak 2017an Berrian idatzitakoarekin: «Konbentzituta nago kanpoko pelikulak eta telesailak euskaraz bikoiztuta ikusten ohituko bagina, euskaraz bikoiztutako fikziozko ikus-entzunezkoen eskaintza erdarazkoen parera iritsi edo gutxienez gerturatuko balitz, irakurle askok aiseago egingo luketela euskarazko liburuen aldeko hautua, eta neurri handian leunduko litzatekeela gaur egun euskarara itzulitako liburuek irakurle askori sortzen dieten ikara». Ikus-entzunezkoen alorrean irabazitakoa beste kultura-alorretan ere igarriko litzateke, kultura-ekosistema osoaren mesede.
Egungo beste ajeetako bat euskararen prestigio eza dugu. Eta errua ez daukagu ez guk, ezta euskarak ere, mendeetako azpirakuntzaren errotarriak baizik. Halere, hizkuntza-politikaren arduradunei dagokie euskararen eta gure estandarraren prestigioa goititzen ahalegintzea, eta, gure aburuz, begi-bistakoa da nazioarteko film eta telesail prestigiotsuak euskaraz ikusteak berez egiten diola on euskararen estatusari. Garrantzi sinboliko handikoa da, bikoizketen bidez erakusten ari garelako euskarak ahalmena duela gaur egungo mundua ekartzeko euskaldunei, euskara ez dela bakarrik gorde beharreko ondare bat iraganetik datorkiguna, gehienez ere «hemengoaz» eta «geureaz» aritzeko balio duena. Aktore eta pertsonaia ospetsuak gure hizkuntzan mintzatzen aditzea ona da euskararen prestigiorako eta euskaldunen autoestimurako. Gure hizkuntzari ematen diogun balioak sendotu egiten du hari diogun atxikimendua. Ziur gaude bikoizketak horretan lagundu dezakeela, betiere betiko festa-zapuztaileek bikoizketari bere bidea egiten uzten badiote eta ez badira tematzen ez dela sinesgarria auskalo zer pertsonaia euskaraz aditzea; izan ere, holako kaparkeria zale aunitz ere egon da inguruotan, zeinei guztiz naturala iruditzen baitzaie, noski, estralurtarrak eta Olinpoko jainko-jainkosak espainol batuan solastatzen entzutea.
Azken inkesta soziolinguistikoetan ikusi da gazteen artean jaisten ari dela euskara sustatzearen aldeko jarrera. Motibazioaren eta atxikimenduaren nolakotasunetan, faktore ugari uztartzen dira: etxeko transmisioa, norberaren bizipenak, hizkuntza-gaitasuna, hizkuntza baten prestigioa. Hizkuntza baten aldeko jarreretan, faktore pragmatikoak eta faktore afektiboak nahasten dira, eta euskararen biziberritzearen aldeko politikek denetan eragiten saiatu behar dute. Hala, bada, berriz diogu: haur eta gazteek miresten dituzten aktore eta pertsonaiak pantailetan euskaraz aditzeak hizkuntzarekiko atxikimendua indartuko lukeelakoan gaude. Miresten dituztenak gaztelaniaz edo frantsesez entzuteak hizkuntza horiekiko lilura indartzen dien hein berean. Hemengo erreferenteak ere oso garrantzitsuak dira. Go!azenek eta Irabazi arte! telesailen arrakastek erakutsi dute euskaraz eduki txukun eta gustagarriak ekoizten direnean ikusleek gogotsu ikusten dituztela. Euskarazko ekoizpenak eta sorkuntza-lanak ezinbestekoak ditugu gure kontakizuna eratzeko, gure iruditeria landu eta eguneratzeko, geure erreferenteak izateko, baina gure kontakizunaren parte ere behar du izan hizkuntza ahalguztidun eta noranahiko bat dugula, hori ere kontatu behar diogu geure buruari, eta horretarako ere behar dugu nazioarteko modako telesailak eta film sarituak euskaraz iristea gure etxeko egongeletara. Ez gara mozoloak: badakigu bikoizketak ez duela xirmi-xarmaz miraririk ekarriko; norabidea irauliko bada, beste alor askori heldu beharko zaie, hizkuntza-ekosistema osoa begipean harturik.
Kalitatea gako
Bikoizketak euskararen aldeko hizkuntza- politikarako duen garrantziaz mintzatu gara orain arte, eta gure lanbideari berariaz dagozkion zenbait gai aipatu nahi ditugu orain, agerikoa da-eta bikoizketaren aldeko politikak, sosez gain, baldintza duinetan arituko diren profesional finak behar dituela. Euskal itzulpengintzak alor askotan erakutsi du trebezia eta ahala. Orain, pantailak barra-barra euskaratzeko erronkari helduz gero, beste alorretan bezain txukun arituko diren profesional andana bat beharko da. Bikoizketaren aldeko politika batek itzulpen-beharrak eta lan-eskaintzak handituko lituzke, eta, arrakastaz sustatuz gero, orobat eraginen luke beste kultura-alorretako itzulpenen arrakasta areagotzea. Bikoizketa korporatibismo hutsez ere aldeztu beharko genuke… Pantailen edukiak euskaratzeko politikak, nola ez, kontuan hartu behar du alorrean arituko diren profesionalendako prestakuntza egokia, eta, gure irudikoz, prestakuntza-plangintza horretan zer egin handia lukete euskal unibertsitateek eta EIZIEk. Kalitatea funtsezkoa izanen da, eta kalitateak baliabideak behar ditu (diruzkoak eta bestelakoak). Eta lan baldintza duinak arloko profesionalendako: itzultzaile, egokitzaile eta bikoizleendako. Profesional onak baditugula badakigu: haiei esker, marrazki bizidun gogoangarriak heldu izan zaizkigu pantailetara, eta kalitatezko fikzioa eta entretenimenduzkoa ere bai; ez nahi bezainbeste, ordea.
Kalitatea funtsezko da, halaber, ikusleek beti izanen dituztelako eskura erdarazko bertsioak; horrenbestez, itzulpena eta bikoizketa egokiak eta gustagarriak izan ezean, haietara joko dute (administrazio- testuak direla-eta, ber gauza gertatzen da, eta horrexegatik jo behar dugu bikaintasunera beti: herritarrek eskura duten erdarazkora jo behar ez izateko eta hurrengo batean ere euskarazkoa lehenets dezaten). Itzulpen eskasek min handiago egiten diote euskarari hizkuntza hegemonikoei baino. Hasteko eta bat, hizkuntza horietan ekoizpen osoaren ehuneko txikiagoa hartzen dutelako itzulpenek, eta, beraz, itzulpen traketsek ez dietelako hizkuntza horiei euskarari bezainbesteko kalterik egiten. Bigarrenik, bikoizketa edo azpidatzi kaskarrik suertatuz gero, gaztelaniadun edo frantsesdun elebakarrek ez dutelako inoiz agintea sakatuko beste bertsio hobe bat hautatzeko. Baliteke kexatzea eta horren kontura buila pixka bat egitea sare sozialetan, baliteke itzulpenaren arduradunen lana txarrestea, baina ez dituzte inolaz ere zalantzan jarriko beren hizkuntzen dohainak eta prestigioa.
Eta azpidatziak?
Dudarik ez dago: azpidaztea bikoiztea baino merkeagoa da, eta prozesua azkarragoa da. Azpidatziak arras baliagarriak dira ahalik eta gehiena egon dadin euskaraz, eta horren aldekoak gara gu, jakina. Halere, euskararen aldeko hizkuntza-politikari begira, ez dago alderatzerik batak eta besteak hizkuntzari ematen dioten tornua. Bikoizketak aunitzez indar eta zabalera handiagoa ematen dio hizkuntzari. Horregatik, harriduraz entzuten ari gara ETBk sortuko duen Primeran plataforman azpidatzien alde eginen dela. Erabaki horren zurigarri, gazteek azpidatziak nahiago dituztela esan dute. Hala esan zuen ETBko zuzendari Unai Iparragirrek, lehen aipatutako «Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek?» izeneko jardunaldietan. Guk, ordea, ez dugu hobespen hori sumatzen inguruko gazteengan. Egia da gero eta gazte –eta oro har jende– gehiagok erabakitzen duela jatorriz ingelesez diren edukiak ingelesez ikustea, hizkuntza ikasteko eta entzumena –eta norberaren estatusa– lantzeko. Nolanahi ere, susmoa dugu hala egiten dutenak ez ote diren uste baino gutxiago eta, batik bat, ez ote diren profil jakin bateko ikusleak. Gure irudipena da ezen, zinemazale batzuk eta publiko jantzi bat izan ezik, hots, gutxiengo bat izan ezik, Euskal Herrian jende gehienak eduki bikoiztuak nahiago dituela, besteak beste Frantziako eta Espainiako estatuetan bikoizketa delako lege, eta euskaldunak ere horretara ohituak gaudelako. Ikusi besterik ez dago zinema- aretoetan jendeak zer nahiago duen.
Badakigu bikoizketen bidez aktoreen ahotsak eta doinuerak galtzen direla eta, horrez gain, azpidatziak mesedegarriak direla atzerriko hizkuntzak ikasteko, edo haiek entzutera ohitzeko, bederen. Nolanahi ere, gure hemengo arrazoibideetan xede bakarra izaten ari gara buruan: zerk egiten dion mesederik handiena euskararen biziberritzeari.
Beste alde batetik, bikoizketa gora ari da azpidatziak arras hedatuak egon diren herrialde batzuetan ere, hala nola Estatu Batuetan, non bikoizketa zabaltzen ari baita jatorriz ingelesez ekoitzi ez diren edukiekiko interesa handitu ahala. Islandian, bestalde, badirudi Gobernua islandieraren aldeko neurriak hartzen hasia dela, kezka piztu baita haur eta gazteen hizkuntza-ohiturak direla-eta, beren bizitzaren parte handi bat ingeles hutsezko mundu digital batean ematen dutelako. Quebecen, bikoizketa da arau, badakitelako ingelesaren erauntsitik babesteko aterki paregabea dela. Europako beste herrialde batzuetan ere zabaltzen ari da kezka hori, eta batzuek azpidazteko ohitura jarri dute jomugan. Herrialde horietan, hizkuntza-komunitate sendoak dituzte, diglosiak jan gabeak, gurean ez bezala. Ez dezagun geure burua engaina: azpidatziak ere sustatu behar ditugu, baina B plana izan behar dutela iruditzen zaigu, eta egiaz ezin bikoiztu diren edukiak euskaratzeko baliatu behar ditugula. Nazioarteko ikus-entzunezko arrakastatsuak jende gehienak erosoen ikusten dituen moduan eskaini behar dira, hots, bikoizturik. Bikoizketak hautua errazten du. Hemen eta nonahi. La Casa de Papelek alimaleko arrakasta izan zuen Estatu Batuetan: egiaz uste dugu lortu izanen zuela halako arrakasta bikoiztu izan ez balitz? Ezezkoan gaude.
Dena den, gai honetan, erabat ados gaude Iker Bengoetxea Goya bikoizleak Argian esandakoarekin: «(…) onena litzateke botoi bat sakatuta ikusleak aukeratu ahal izatea nola ikusi nahi duen gauza bakoitza».
Esperantzara kondenatuak
Oraingo abagunean, ikusten ditugu esperantzarako helduleku interesgarri batzuk, eta haiek aipatu behar ezinbestean, kexati eta negarrontzi hutsak ere ez gara-eta. Lehenik, ikus-entzule asko gai da euskara ulertzeko (plataforma-ikusleen % 70 euskara ulertzeko gai da EAEn, Pantailak Euskarazkoek emaniko datuen arabera). Bigarrenik, Espainiako estatuko ikus-entzunezko komunikazioari buruzko 13/2022 Legeak, bere eskasean, pantailetan aukera berriak zabaltzen dizkio euskarari, jada aipatu bezala. Legea betearazi beharra dago, eta, gure ustez, lehentasunetako bat behar luke RTVEri exijitzea umeendako Clan kateko edukiak euskaraz bikoizturik eskaintzea. Hirugarrenik, euskaltzale batzuen artean ozenagotzen ari diren kezka eta aldarria ere itxaropentsuak dira: gizartearen zati gero eta handiago bat jabetzen ari da pantailek gure hizkuntzarako duten garrantziaz, eta eragile batzuk horren inguruan elkartzen eta saretzen ari dira. Eta, azkenik, baina ez hutsalenik, baditugu itzultzaile eta bikoizle bikainak eta trebatuak, eta urteetan egindako lanaren eskarmentua ere bai: garai batean, ohitzen hasi ginen fikzioa euskaraz ikusten, eta ume euskaldun gehienek euskaraz ikusten zituzten marrazki bizidunak. Azken urteotan, aldaketa itzelak gertatu dira ikus-entzunezkoen alorrean eta edukiak kontsumitzeko usadioetan; tamalez, pantailen iraultza etorri zitzaigunerako, euskarazko bikoizketan jorraturiko ibilbidea etetea erabakia zuten horretarako eskua zutenek. Galduriko ikusle gaxte horiek berriz geureganatzen saiatu behar genuke orain, eta baliabideak jarri helduok fikzioa euskaraz ikusten ohitu gaitezen. Bidegurutzean gaudela diote adituek: zapuzturiko bidea berreraikitzea izan liteke noranzko zuzenera itzultzeko manera, bidegurutzea ez dakigun gurutze-bide bihur. Goazen!1
1. Gure eskerrik eta miresmenik beroenak eman nahi dizkiegu iluntasunean argi egiten ari diren guztiei: Pantailak Euskarazkoei, (H)itzartu EITB taldeari, Tinko eta Bieuse elkarteko lagunei, Euskal Encodinsgeko arduradunei, Zer Non Ikusi taldeari eta ikus-entzunezkoak azpidazten boluntario aritutako guztiei. Eta besarkada estu bat The Simpsons Movie filmaren euskarazko bertsioa bere kasa bikoizten aritu den Ander Torregarai donostiarrari.
Artikulu hau idatzi eta egun gutxiren buruan, Izaskun Rekalde ekonomialari euskaltzalearen heriotzak saminez bete dizkigu bihotzak. Pantailak Euskaraz mugimenduaren sortzaileetako bat izan da Izaskun, baita haren eledunetako bat ere, hots, euskara pantailetara eta pantailetan euskaraz nahi dugun euskaltzale guztion ahotsa. Agur eta ohore, Izaskun: zure asmoak gugan.