Saiakera euskal itzulpengintzan: erradiografia bat
Olatz Esteban Ezkati

Izenburuak iradokitzen duen moduan, lan honetan, saiakeraren itzulpengintzaren erradiografia bat osatu dugu. XX. mendean jasoriko lehen saiakera itzulpen lanetatik hasita 2019ra bitartean euskaratu diren saiakeren azterketa kuantitatiboa egin dugu, hainbat irizpide eta faktoreri erreparatuz. Alde batetik, praktika horrek izan duen bilakaera eta nolakotasuna izan ditugu aztergai, eta, bestetik, edukia. Hots, jatorrizko lanen jatorria, garaia zein egiletza. Era berean, praktika horretan izan diren modalitateak ere izan ditugu aztergai. Hala, euskal itzulpengintzaren jarduna nolakoa izan den eta egun zer-nolako egoeratan dagoen ondorioztatu dugu.

Sarrera

Azken urteetan, euskal itzulpengintzaren arloan hainbat ikerlan egin dira euskarara ekarri diren lanak kuantitatiboki zein kualitatiboki aztertzeko. Manu Lopez Gasenik 2009an aurkeztu zuen Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008) lana. Ikergai horren helburua zen ordura arte eginiko itzulpen lanak aztertzea, eta etorkizunean hartu beharreko bidea nolabait finkatzea, Literatura Unibertsala bildumaren barnean batik bat.

Hamar urte geroago, Iñigo Satrustegik bere Gradu Amaierako Lanean jarraipena eman zion ikerketa horri, eta 2008 eta 2018 bitarteko itzulpenak aztertu zituen, Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa eta inbentarioa (2008-2018) lanean. Bai Gaseniren lanak eta baita Satrustegirenak ere genero guztietako itzulpen lanak izan dituzte aztergai, eta euskal itzulpengintzaren ikuspegi orokor bat eskaini digute. Haiek ekindako bideari jarraituz, alor zehatzago bat jorratu nahi izan dugu gure lanean, eta genero bat hautatu dugu horretarako: saiakera. Izan ere, azken urteetan pertzepzio bat zabaldu delakoan gaude; saiakera lanek inoiz baino presentzia handiagoa dutela euskal irakurleen artean, eta genero horrek indarra hartu duela.

Gradu Amaierako Lan hau 2020ko ekainean aurkeztu genuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, Isabel Etxeberriaren tutoretzapean. Saiakera euskaratzeko jarduna nolakoa izan den ulertzea izan da gure asmoa, eta, horretarako, euskaratu diren lanen azterketa egin dugu; zenbat itzuli den, zer itzuli den eta nork itzuli duen argitzeko. Azken finean, euskarazko saiakera itzulpenaren erradiografia zehatz bat egitea izan dugu xede.

Metodologia

Datuak ateratzeko orduan, EIZIEren Nor da Nor datu-basea izan da gure iturri nagusia, eta, zehazki, datu-base horretan liburu gisa argitaratutako itzulpenak.

Garaiari dagokionez, behetik ez genuen urteen mugarik jarri nahi izan, eta argitaratzen hasi zirenetik gaurdainoko lan guztiak hartu ditugu kontuan. Alabaina, goitik bai, adostu genuen muga bat ezartzea: 2019ra arteko lanak hartu ditugu kontuan. Hots, lana aurkeztu genuenean, 2020ko obren zerrenda itxi gabe zegoen oraindik ere, eta, beraz, lanean islaturiko datuak ez dira errealak. Hainbat lan kontrastatu behar izan genituen: literatur genero batetik besterako muga oso lausoa da, oso kontzeptu likidoak baitira, eta ez da erraza bereizketa egitea. Horrela lortu genuen behin betiko zerrenda osatzea: euskarara itzulitako 345 saiakera biltzen dira bertan.

Itzulpen lanak aztertzeko, Lopez Gasenik eta Satrustegik erabilitako irizpideei jarraitu diegu, guk ateratako emaitzek testuinguru bat eta aurretiazko erreferentziak izan zitzaten. Analisia egiterakoan kontuan izan ditugun irizpideak honako hauek izan dira:

  • Itzulpenen argitaratze data eta itzulpenen kopurua
  • Jatorrizko hizkuntzak
  • Jatorrizko herrialdeak
  • Jatorrizkoen argitalpen data
  • Itzultzaileak
  • Idazleak
  • Itzultzaile eta idazleen generoa

Bestalde, datu zehatzagoak ere aztertu ditugu. Bi kasutan sakondu dugu hain zuzen ere: Pentsamenduaren Klasikoak bilduman eta bilduma handietatik kanpoko argitalpenetan. Pentsamenduaren Klasikoak bildumak ehundik gora lan biltzen ditu, saiakerak guztiak ere, eta pisu handia du itzulpen sistemaren barnean. Hori dela eta, aparteko kasu gisa aztertzeko beharra sentitu dugu. Halaber, Gaiak argitaletxearen, Elhuyarren eta EHUren argitalpenak ere izango ditugu hizpide. Era berean, bilduma handietatik at, saiakerak argitaratzeko joera ere oso aztergai interesgarria iruditu zaigu.

Datuak taulatan bildu ditugu, aipaturiko irizpideen arabera sailkatuta.

Datuen analisia

Itzulpenen argitaratze data

Bildu ditugun datuen arabera, guztira 345 saiakera itzuli dira euskarara historian zehar. Jasorik dagoen lehen itzulpen lana 1913koa da, ale bakan bat, eta 2019koak dira azken lanak. Lan guztiak, hortaz, XX. eta XXI. mendeetan argitaratuak izan dira.

1. grafikoa_esteban.png
1. grafikoa: argitalpen kopuruak urteka

Saiakera itzulpenen argitalpena nahiko jarduera irregularra izan da. Lehen testua 1913an argitaratu zenetik, 1970eko hamarkadara egin behar da salto hurrengo argitalpenarekin topo egiteko. Hots, ale solte horren salbuespenarekin, esan dezakegu saiakeraren itzulpena 1970eko hamarkadan hasi zela baina 1990eko hamarkadan eman zitzaiola jarraipen sistematikoa jardun horri.

Sabin Irizar idazlea izan zen saiakera lan bat euskaratzen lehena, 1913an. Irizarren ekarpenaren ostean, 11 lan itzuli zituzten 1970eko eta 1980ko hamarkadetan; Txillardegiri zor dizkiogu lehen horiek, eta pixkanaka sortzen ari ziren argitaletxeen ekimenei ondorengo asko; adibidez, Susari eta Jakini. Koska bat gora egin zuen argitalpenak 1991n, zazpi lanekin, orduan hasi baitziren hainbat elkarte eta erakunde testuak euskaratzen, tartean Elhuyar eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU).

Ordutik aurrera, nabarmen hazi zen argitalpen kopurua, eta goia jo zuen Pentsamenduaren Klasikoak bilduma argitaratzen hasi zirenean (1992-2009). Bilduma itxi zenean, beherakada nabarmena izan zen argitalpen kopuruan; 25etik 9ra jaitsi zen urte batetik bestera. Halaber, zertxobait igo zen hurrengo bi urteetan. Azken urteetan, apalago eutsi dio argitalpen kopuruak, baina badirudi apaltasun horretan egonkortze aldera doala.

Aipatu dugu Pentsamenduaren Klasikoak bilduma dela saiakera bildumarik esanguratsuena, baina ez da bakarra. Argitaratu diren 345 lanetatik 281 bilduma handi baten parte edo erakunde batek argitaratuak dira; hau da, argitalpenen % 81,44. Datu esanguratsua da inondik ere, eta argi uzten du bilduma horiek izan duten eginkizun garrantzitsua. Bilduma horien artean daude Gaiak argitaletxearen hiru bilduma (Pentsamendu Garaikidea; Zientzia eta Natura; eta Historia eta Gizartea), EHUren bi bilduma (ZIO eta Limes) eta baita Elhuyarren argitalpenak ere (Islada eta Zizpiak).

Esan bezala, Pentsamenduaren Klasikoak da lan gehien biltzen dituena: 131. Hori horrela, bilduma hori abian izan zen urteetan nabarmen igotzen da argitalpen kopurua gainerako urteekin alderatuz gero, eta desberdintasun handiak sortzen dira. Horregatik, proba egin nahi izan dugu Pentsamenduaren Klasikoak bilduma kenduta zer-nolako grafikoa geldituko litzatekeen ikusteko.

2_grafikoa_esteban.png
2. grafikoa: argitalpenak urteka, Pentsamendu Klasikoak bildumarik gabe.

Nabarmena da aldea grafiko batetik bestera. Pentsamenduaren Klasikoak bildumarik gabe, erregularragoa da bilakaera, ez baitago halako jauzi nabarmenik urte batetik bestera. Gainera, arorik oparoena ere aldatu egiten da. Aurrekoan, 2005-2009 artean pilatzen ziren itzulpen gehien; kasu honetan, berriz, 2011 da gehien argitaratu den urtea, 15 lan, eta 2007 eta 2012 bitartean gehien argitaratu den aldia. Adibide honekin argi ikus daiteke zer-nolako pisua izan duen Pentsamenduaren Klasikoak bildumak, oro har, euskal itzulpengintzan, eta, bereziki, saiakeraren itzulpenean, ehunka laneko ekarpena egin baitio euskal irakurleari.

Jatorrizko hizkuntzak

3_grafikoa_esteban.png
3. grafikoa: jatorrizko hizkuntzak

Ingelesa da nabarmen jatorrizko hizkuntzarik ohikoena. Ia lanen erdiak (% 44,92) itzuli dira hizkuntza horretatik; nolanahi ere, ez da harritzekoa, ingelesarena baita literatur sistemarik indartsuena mundu mailan. Atzetik ditu frantsesa (% 19,42) eta alemana (% 12,46), eta deigarria da gaztelaniaren laugarren postua (% 6,66), % 10era ere iristen ez dela. Mendebaldeko pentsamenduan pisu handia izan dute filosofo eta zientzialari alemanek, eta hortik etor liteke hizkuntza horren joera altua. Era berean, gaztelaniak, beste genero batzuetan ez bezala, saiakeraren kasuan ez du pisu handirik izan.

Lopez Gaseniren eta Satrustegiren datuekin alderatuta ikusten da aldaketa hori:

1_taula_esteban.png
1. taula: jatorrizko hizkunza Gaseniren eta Satustregiren arabera.

Bi ikerketetan ageri da gaztelania hirugarren tokian, eta alemana laugarrenean, literatur genero guztiak hartzen baitituzte ikergai. Bestalde, deigarria da latinaren (% 5,50) eta grekoaren (% 4,92) erabilera altua. Horretan ere eragina dute antzinako filosofo klasikoek, handia baita haien presentzia saiakera lanetan. Gaseniren lanean ere ageri da latina, neurri txikiagoan bada ere (% 3), baina grekoak ez du ia presentziarik ez Gaseniren lanean ezta Satrustegirenean ere. Horren ondorio zuzena da italiera zazpigarren hizkuntza izatea, soilik % 2,02rekin. Eta aipamen berezia egingo diegu hebreeraz dauden hiru lan horiei, ez baita itzulpenak egiteko ohiko hizkuntza izaten.

Grafikoan ageri den Besteak atalean sartzen dira errusiera, galegoa eta daniera (bi lan bakoitzean); eta nederlandera, poloniera, portugesa eta txinera (lan bat bakoitzean). Azkenik, bada lan bat hizkuntza zehazterik izan ez duguna.

Jatorrizko herrialdeak

2. taula_esteban.png
2. taula: jatorrizko herrialdeak

Jatorrizko herrialdeek bat egiten dute ia erabat jatorrizko hizkuntzen herrialdeekin. Jatorrizko lan gehienak AEBn (% 21,44) eta Erresuma Batuan (% 19,42) argitaratu ziren, pentsatzekoa den moduan, ingelesez. Hirugarren tokian Frantzia (% 17,68) dago, eta, jarraian, Alemania (% 13,33). Lopez Gaseniren lanean ere AEB dago lehen postuan; Satrustegiren lanean, berriz, Frantzia.

Bestalde, Alemaniak presentzia nabarmena du berriro ere gure ikerketan, eta, beste lanekin alderatuta, diferentzia nabarmena da; sei eta bederatzi puntukoa, hurrenez hurren. Espainia % 5etik behera geratzen da saiakeraren argitalpenen kasuan (% 4,92), gainerako lanetan baino baxuxeago. Baita Euskal Herria ere, soilik % 2,31rekin.

Datu esanguratsua da era berean Antzinako Erromak presentzia izatea taulan. Zortzi lan argitaratu ziren bertan (% 2,31); Euskal Herriaren pare, esaterako. Datu hori ulertzeko, kontuan izan behar da Kristo aurreko hainbat filosofok idatziriko lan batzuk daudela euskarara itzuliriko saiakeren artean. Horregatik argitaratu zen Grezian hainbeste lan (% 4,92). Gainerako genero guztiak aztertu dituzten lanetan presentzia eskasa dute bi herrialde horiek beste herrialdeekin alderatuta.

Besteak atalean, beste hamalau herrialde sartzen dira. Hiru lan argitaratu dira Kanadan; bina lan Danimarkan, Australian eta Errusian; eta lan bana Irlandan, Galizian, Aljerian, Ukrainan, Txinan, Argentinan, Txekian, Belgikan, Brasilen eta Polonian. Oro har, 27 herrialdetan argitaratu dira euskarara ekarriak izan diren saiakera lanak.

Jatorrizko testuen argitalpen garaia

3_taula_esteban.png
3. taula: jatorrizko lanen argitalpen garaia

Euskarara ekarri diren saiakera lanak garai ugaritakoak dira. Mendeak kontuan izanda, XX. mendekoak dira ia lanen erdiak (% 48,40) eta XXI. mendekoak 48 lan (% 13,91). Hortaz, esan dezakegu lan garaikideak direla itzuli diren gehienak; hamarretik sei, hain zuzen ere (% 62,31). Alabaina, ia heren bat dira (% 27,82) XX. mendea baino lehenago argitaratuak izan zirenak.

XX. mendearen aurreko blokeari dagokionez, argitalpen mendeak ez dira jarraituak; mende batzuetako lanak itzuli dira; beste batzuetakoak, ordea, ez. Bloke horren barruan, lanik gehienak XVIII. eta XIX. mendeetakoak dira; garai haietako 22 eta 25 lan itzuli dira euskarara, hurrenez hurren. Ez da harritzekoa ordukoak izatea gehienak, Ilustrazioaren eta Industrializazioaren garaiak izan baitziren, eta, horrekin batera, Mendebaldeko gizartearen oinarri izan diren pentsalari askorenak. Deigarria da, bestalde, Kristo aurreko 18 saiakera lan ekarri izana euskarara.

Aipatu dugu XX. mendekoak direla euskaratu diren lan gehienak. Haratago joanda eta hamarkadaka aztertuta, behetik gorako bilakaera progresiboa izan dela ikus daiteke. Mende hasierakoak lau lan soilik dira, eta azken hamarkadakoak, berriz, 33. Hamarkadaro ikusten da gorakada, mendearen erdialdean izan ezik, 1950eko hamarkadan beherakada izan baitzen; 16tik 14ra jaitsi zen argitalpen kopurua.

Kontuan izanda XX. mendeko lanek mende oso bat hartzen dutela, proportzioan altuagoa litzateke XXI. mendeko lanen kopurua, 19 urte bakarrik sartzen baitira bertan. Hala ere, goizegi litzateke horren azterketa sakona egiteko. Azkenik, badira 34 lan (% 9,85) ezin izan ditugunak jatorrizko garaian kokatu.

4_taula_esteban.png
4. taula: jatorrizko garaiak Satustregiren eta Gaseniren arabera

Erreferentzia gisa izan ditugun aurreko ikergaietan ere, XX. mendekoak izan dira itzuli diren lan gehienak. Halaber, Gasenirenean ia 20 puntu altuagoa da garai hartako itzulpen kopurua, eta Satrustegirenean 20 puntutik gorako aldea dago XXI. mendean. Beraz, bada aldea aztertzen ari garen testu motak kontuan izanda.

Jatorrizko testuen egileak

Lanaren atal honetan, jatorrizko testuen egileei erreparatu nahi izan diegu. Aipatu dugu guztira 345 lan aztertu ditugula; bada, lan horien guztien atzean, 267 egile daude. Hortaz, nahiko heterogeneoa da egiletza, 78 lan baitira soilik egileren bat errepikatua dutenak. Idazle horien artean badira hiru kasu berezi; hiru lan kolektiboek idatziak izan dira, eta kolektiboaren izenaren pean argitaratuak: Batzorde ikusezina, Économistes atterrés eta Presokratikoak. Beraz, ezin dugu zehatz-mehatz zehaztu nor diren kolektibo horien atzean dauden egileak. Horiek horrela, 264 izenez osaturiko zerrenda dugu.

Generoaren faktorean aurrerago sakonduko dugun arren, aipatu behar da egile guztien artean 231 direla gizonezkoak eta soilik 33 emakumezkoak; % 12,5, hau da, bosten batera ere ez dira heltzen. Hots, genero arrakala izugarria da jatorrizko egileen artean.

5_taula_esteban.png
5. taula: gehien itzuli diren egileak

Goiko taulan ikus daitezke egileen artean gehien errepikatzen direnak. Izenak ez dira askorik errepikatzen, esan bezala nahiko zabala baita idazleen zerrenda. Hiru dira lau lanetik gora dituztenak euskarara ekarriak: Platon, Immanuel Kant eta Oliver Sacks. Hiru garai oso ezberdineko egileak; Kristo aurrekoa lehena, XVIII. mendekoa bigarrena, eta erabat garaikidea azkena. Lehen postu horietan, bi filosofo eta neurologo bat; gure gizartearen zutarri izan diren bi arlotako izen nagusietako hiru.

Gainerako egile guztiak ere filosofoak eta zientzialariak ditugu, garai urrun edo gertukoetakoak, baina sona handiko izenak guztiak ere. Tartean badira bi emakume: Angela Davis eta Silvia Federici, aktibista eta teorialari feministak, hiruna lanekin. Bide batez, Davis da arraza beltzeko egile bakarra gehien itzuli diren egileen artean. Egile guztiak hartuta, badira gutxi batzuk gehiago; esaterako, bell hooks edo Chimamanda Ngozi Adichie.

Itzultzaileak

Egileen kasuan ez bezala, itzultzaileen jarduna esku gutxiagotan biltzen da. Saiakera itzultzen ari diren itzultzaileen kopurua askozaz baxuagoa da, egileekin alderaturik. Orohar, 170 itzultzaile aritu dira jardun horretan, hau da, itzultzaile bakoitzak batez beste bi lan itzuli ditu. Kasu batean, itzulpena talde batek egina izan da, AEK-k hain zuzen ere, eta, hortaz, zifra horretatik kanpo utzi dugu, ezin dugulako jakin zenbat lagun aritu diren.

Itzulpen jardunean, emakumeak gehiago dira egiletzan baino; 170 itzultzailetik 55 dira emakumezkoak (% 32,35), heren bat baino gehixeago. Zifra horren barruan guztiak sartzen ditugu, banaka zein taldean aritu direnak. Horrela ikusita, arrakala leundu egiten da zertxobait. Alabaina, lan kopuruan jarriz gero arreta, 345 lanetatik 85 (% 24,63) itzuli dituzte emakumeek (67 emakumeek bakarrik eta 18 gizonekin elkarlanean), eta 243 (% 70,43) gizonek (225 gizonek bakarrik eta 18 emakumeekin elkarlanean). Beste 17 lanek (% 4,92) itzultzaile ezezaguna dute. Hots, emakumeek batez beste 0,24 lan itzuli dituzte eta gizonezkoek 0,7. Beraz, emakume itzultzaileen kopurua esanguratsua bada ere, gizonak gehiago izan dira eta haietako batzuek gehiago itzuli dute, nabarmen.

6_taula_esteban.png
6. taula: gehien itzuli duten itzultzaileak

Itzultzaileen artean, alde nabarmena dago batzuetatik besteetara. Badaude lan asko itzuli dituzten gutxi batzuk, nahikotxo itzuli dituzten hainbat, eta gehiengoak lan bat edo bi itzuli ditu. Alde hori argi ikusteko, datu benetan esanguratsu bat: lehen bost itzultzaileek itzuli dituzte ia lan guztien laurden bat (% 22,57). Oro har, jardun polarizatua bada ere, itzultzaile guztiek ez dute presentzia bera.

Datu horiek ulertzeko, kontuan izan behar da lan honetan bildu diren itzulpenak ez direla lehiaketa bidez esleitu; hau da, argitaletxe edo elkarteek hautatu dituzte itzultzaile horiek, haien irizpideen arabera. Horregatik hauteman daiteke halako aldea batetik bestera.

Gehien itzuli dutenak gizonezkoak badira ere, lau emakumeren izenak ageri dira zerrenda horretan, bost eta lau lanekin. Hots, emakumezkoen presentzia nabarmenagoa da itzultzaileetan idazleetan baino.

Egile eta itzultzaileak genero irizpideen arabera

Arestian aipatu dugun bezala, lan honetan, saiakeraren itzulpen jardunean egon den genero arrakalan sakondu nahi izan dugu. Horretarako, urtez urteko bilakaera aztertu dugu; hau da, ea aldaketarik izan den bai egile eta bai itzultzaileen artean genero irizpideei dagokienez eta garaiaren arabera. Urtez urte aletu dugu zenbat gizonezko aritu diren praktika horretan eta zenbat emakumezko.

4_grafikoa_esteban.png
4. grafikoa: idazle kopuruak generoaren arabera

Begi kolpe batez grafikoa ikusita, argi dago genero arrakala egileetan izugarria izan dela ia urtero, 2013ra heldu arte; hortik aurrera, apaldu egiten da aldea, eta 2016tik aurrera irauli. Euskarara emakumezko baten saiakera lan bat lehen aldiz 1993an ekarri zen, lehen itzulpena 1913an izan bazen ere. Hasierako urte horietan, itzulpen jarduna apala izan zen: gehienez ere zazpi lan itzuli ziren urte batean, eta, esan bezala, guztiak gizonezkoek idatziak.

Alabaina, 1992an, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma argitaratzen hasi ziren, eta hor zeharo igo zen argitalpen kopurua, 2009an amaitu zen arte. Garai horretan, 6tik 25era lan argitaratzen ziren urtero, kopuru mardula, baina emakumezkoek 10 lan idatzi zituzten bakarrik 18 urteko tarte horretan; 1996 eta 2006 artean, esaterako, bat bera ere ez zen itzuli. Haatik, garai hori sakonago aztertuko dugu aurrerago, Pentsamenduaren Klasikoak bilduma ikustean.

Azken urte hauetan, esan beharra dago joera hori aldatu egin dela. Alde nabarmen hori apaldu egin zen 2011tik aurrera, argitalpen kopurua apaltzearekin batera, eta dagoeneko urtero badaude emakumeek idatzitako lanen itzulpenak, bakanak badira ere.

Aldaketarik esanguratsuena 2016tik 2019ra bitartean gertatu da. Azken lau urte horietan, grafikoa irauli egiten da erabat: gehiago dira emakumezkoek idatziriko testuak gizonezkoek idatzirikoak baino. 2016an eta 2017an, puntu batekoa da aldea, maila bertsuan daude, baina 2018an 5 dira emakumezkoen lanak eta bat bera ere ez gizonezkoena; eta, 2019an, 9 emakumezkoenak eta bakarra gizonezkoena. Zeharo aldatu da joko-zelaia.

Datu horiek, baina, ez dira kasualitatea. Aurrerago ikusiko dugun moduan, azken hamar urteetan bilduma handietatik kanpoko argitalpenek izan dute eginkizun nagusia saiakera itzulpenean, lehenago bilduma handiek izandakoaren aldean. Argitaletxeen hautu kontzientea da zer-nolako testuak itzuli nahi dituzten erabakitzea, nork idatziak eta nork itzuliak. Eta horietako batzuek bide berriak zabaltze aldera egin dute.

Ez da kasualitatea ezta ere 2016an gertatzea aldaketa hori. Izan ere, alde batetik, urte horretan hasi ziren argitaratzen Elkar eta Jakin argitaletxeak Eskafandra bilduma, pentsalari eta teorialari feministen testuak argitaratzeko xedearekin. Eta, bestetik, urte horretan bertan hasi zen Katakrak argitaletxea liburuak argitaratzen. Argitaletxe horren euskarazko argitalpen guztiak itzulpenak dira, gehienak saiakera lanak, eta irakurleen kontzientzia astintzea dute helburu. Pentsamendu kritikoa garatzeko asmo horretan, feminismoaren gaia erdigunera ekarri dute; 2019ra arte euskaraz argitaratu diren 11 saiakera lanetatik 7k pentsamendu feminista dute ardatz.

Hain zuzen ere, jarraian, saiakera lanak idazten ez, baizik eta itzultzen aritu direnei erreparatuko diegu. Aurretik esan dugu itzultzaileen kasuan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko arrakala ez dela hain handia izan, baina, oro har, gizonak izan dira urte askoan jardun profesional horretan gehien aritu direnak.

5.grafikoa_esteban.png
5. grafikoa: itzultzaile kopuruak generoaren arabera

Egileen kasuan bezala, lehen begi kolpean alde handia ikusten da grafikoan gizon eta emakumezkoen artean, XXI. mendeko bigarren hamarkadara heltzen garen arte. Hasierako urteetan, saiakera itzulpenen jarduna oso murritza izan zen, baina 1980ko hamarkadan dagoeneko emakumezkoak ere ageri dira. Berriro ere, tarte hori handitu egiten da Pentsamenduaren Klasikoak bildumak iraun zuen bitartean, eta hogei puntuko aldea ere ikus daiteke urteren batean. Halaber, egileekin alderatuz, itzultzen ari diren emakumeen kopurua altuagoa da, eta ia urtero egon dira jardunean. Pentsamenduaren Klasikoak bildumaren garaiari dagokionez, aurrerago sakonduko dugu gehiago.

1990eko eta 2000ko lehen hamarkadako joera zeharo aldatu zen 2000ko bigarren hamarkadan. Kasu horretan ere, grafikoa irauli egiten da 2013tik aurrera. Urte horretan, gehiago dira itzultzen aritu diren emakumezkoak gizonezkoak baino, eta joera berbera izango da hurrengo urteetan ere. Esan daiteke, beraz, azken urte hauetan emakumeak aritu direla gehienbat saiakera euskarara ekartzen. Izan ere, emakume itzultzaileak beti egon izan dira, baina plaza publikoa eta jardun prestigiotsuak ez dira berentzat izan. Pixkanaka aldatuz doala dirudi.

Pentsamenduaren Klasikoetatik bilduma handiez kanpoko jardunera

Orain arte, orokorrean aztertu ditugu euskarara itzuli diren saiakeren inguruko datuak, baina orain bi puntutan sakondu nahi genuke bereziki: alde batetik, Pentsamenduaren Klasikoak bilduman, eta, bestetik, bilduma handietatik kanpoko jardunean. Halaber, ez ditugu tartean aipatu gabe utzi nahi beste bilduma batzuk, hots, Gaiak argitaletxeak, Elhuyarrek eta EHUk bultzatutakoak.

Pentsamenduaren Klasikoak

Pentsamenduaren Klasikoak bilduma 1992an hasi ziren argitaratzen. Elkarte baten ekimena izan zen, eta elkarte horren barruan zeuden hainbat aurrezki kutxa, EHU eta Deustuko Unibertsitatea. Bildumaren helburua izan zen «ideien historia unibertsalean garrantzia izan duten lanak euskaraz jartzea» (Salaburu, 2007), eta, 2009an itxitzat eman zuten arte, 131 lan argitaratu zituzten. Ezin uka euskaldunoi egin zigun ekarpenaren balio izugarria.

Kopuruan ez ezik, edukian ere mardula da bilduma. Askotariko gaiak lantzen dituzten liburuak aurki daitezke, baina gehienbat filosofiarekin eta zientziarekin lotura estua dutenak. Kontseiluko presidentearen hitzetan, «pentsamendu unibertsalean erpina jo duten obra klasikoak» (Salaburu, 2007) bildu nahi izan zituzten bertan. Halaber, lanak aztertzen jarrita, ikus daiteke «pentsamendu unibertsal» hori mugatua dela; hau da, Mendebaldeko gizon zurien pentsamendua dela oro har bertako lanek biltzen dutena.

Izan ere, ezin uka Mendebaldeko gizartearen pentsamenduan oinarri izan diren izen handi gehienak jasota daudela bilduman, baina ezin uka era berean pentsamendu oso zehatz bati erantzuten diotela. Salaburuk (2007) berak dio, «ez dakigu diren guztiak hala diren, edo badiren hor ageri ez diren beste batzuk ere kanpoan gelditu direnak».

Pentsamenduaren Klasikoak bildumako idazle guztiak dira Mendebaldekoak; ez da harritzekoa kontuan izanik gure gizartea Mendebaldeko pentsamoldearen barnean eraikia izan dela. Gainera, guztiak dira zuriak; ez da arraza minorizatuetako pentsalarien lanik jasotzen bilduman, eta ia guztiak dira gizonezkoen obrak: emakumezkoen lau lan soilik jasotzen dira bilduman. Emakumeek idatziriko saiakeren itzulpenak 2008an eta 2009an argitaratu zituzten; hots, bildumaren azken urteetan. Beraz, esan beharra dago pentsamenduaren klasikoak direla, bai, baina ñabardurekin betiere.

7_taula_esteban.png
7. taula: Pentsamenduaren Klasikoak: jatorrizkoen argitalpen garaia

Lanen garaiari dagokionez, lanen erdiak baino gehiago (% 54,96) XX. mendearen aurrekoak dira; hau da, testu gehienak ez dira garaikideak. Tartean daude, esaterako, Kristo aurrean idatzi ziren 9 filosofia lan. Hala ere, proportzioan, gehiago dira XX. mendeko lanak; hots, euskaratu diren lanen % 42,74 idatzi ziren mende bakar batean. Egungo lanen presentzia oso eskasa da, 3 lan besterik ez, baina bilduma 2009an itxi zen, eta, hortaz, bederatzi urte bakarrik igaro dira XXI. mendea hasi zenetik. Oro har, esan daiteke bildumak antzinako lanak zein lan garaikideak modu orekatu batean biltzen dituela, eta, alde horretatik, uzta zabala dela.

Pentsamenduaren Klasikoak bildumarekin amaitzeko, itzultzaileengan jarri nahi genuke fokua. Bildumaren argitalpen kopurua izugarria izan zen, eta lan horiek guztiak euskaratzeko beharrezkoa izan zen itzultzaile profesional ugariren jarduna. Obrak itzultzen aritu diren itzultzaileen zerrenda oso zabala da; 66 itzultzaile aritu dira guztira: «Itzultzaile desberdinak nahi ziren, horrek bilduma aberastuko zuelakoan» (Salaburu, 2007).

Itzultzaile guztiek, baina, ez dute lan kopuru bera itzuli. Gehienek (% 62,12) lan bana itzuli dute, eta beste batzuek (% 27,27) bina eta launa lan bitartean. Haatik, izan dira itzultzaile kutunak bilduma honetan, gutxi batzuek lan ugari itzuli baitituzte. Gehien itzuli dutenak honako hauek izan dira: Xabier Mendiguren eta Alberto Gobikagojeaskoa (10), Iñaki Iñurrieta (7), Ibon Uribarri (6), eta Xabier Kintana eta Pello Zabaleta (5). Hortaz, aniztasuna egon da, baina itzulpenak ez dira modu orekatuan banatzen, bost izen koska batzuk gorago baitaude gainerakoen aldean.

Alabaina, aniztasuna ez da erabatekoa; 2008. urtera bitartean, 6 emakumezko soilik aritu ziren bilduma honetan itzultzen; 2009an, beste 12 emakume aritu ziren euskaratzen, baina orotara itzultzaileen % 27,27 bakarrik dira, eta lanen % 13,74 itzuli dituzte. Azken urteetan aldaketa gertatu bazen ere, emakume itzultzaileen presentzia ez da oso handia izan. Beste datu deigarri bat: emakumeek itzuli dituzte emakumeek idatzitako lau testuak, eta egin dituzten itzulpen guztiak garaikideak izan dira; soilik Cristina Lasak itzuli du beste itzultzaile batzuekin batera «klasikoetan klasiko» bat, Aristoteles.

Beste bildumak: Gaiak-en, Elhuyarren eta EHUren ekimenak

Aurretik aipatu dugu Pentsamenduaren Klasikoez gain badirela beste bilduma batzuk, eta ez genituen aipatu gabe utzi nahi. Gaiak argitaletxeak hiru saiakera bilduma argitaratu zituen, 1989an hasi eta 2012ra bitartean. Lehen bilduman, Historia eta Gizartean, 12 lan jasotzen dira, eta 1989 eta 2008 bitartean argitaratu ziren. Bigarren bilduma Zientzia eta Natura deiturikoa da, eta bertan ere 12 lan daude, 1994 eta 2012 bitartean argitaratuak. Azken bilduma eta guztietan mardulena Pentsamendu Garaikidea bilduma dugu. Bilduma horretan, 64 lan argitaratu zituzten 1993 eta 2012 bitartean, modu jarraitu eta nahiko sistematiko batean.

Orotara, 88 lan argitaratu ditu Gaiak argitaletxeak; beraz, haren ekarpena ere azpimarratzeko modukoa izan da. Lan horietatik gehienak, 53, ingelesetik itzuli dira, frantsesetik 16, alemanetik 8 eta gaztelaniatik 6. Beraz, aurretik ikusi dugun joera errepikatzen da; ingelesaren nagusitasuna, frantsesarekin eta alemanarekin batera, eta gaztelania ohi baino apalago. Horiez gain, italieratik bi lan itzuli dira, eta galegotik, grekotik eta nederlanderatik lan bana.

EHUk ere baditu beste bi bilduma: ZIO eta Limes. ZIO bilduma 21 lanek osatzen badute ere, 18 dira euskarara eginiko itzulpenak. Lehen lana 2003an argitaratu zuten, eta oraindik ere martxan jarraitzen du bildumak. 2013ra bitartean, urtero argitaratu izan dituzte lanak, baina ordutik aldizkakoak dira argitalpenak. Ia lan guztiak ingelesetik itzuli dira; salbuespena dira frantsesetik eta espainoletik itzuliriko lan bana. Bestalde, Limes bildumak 23 lan biltzen ditu, 2004an hasi zenetik gaur egunera bitartekoak. Kasu honetan aldatu egiten da hizkuntzen nagusitasuna. Frantsesetik itzuliak dira lan gehienak (9), eta bigarren latinetik (4); gero dator ingelesa (3), eta, azkenik, daniera (2), alemana (2), grekoa (2) eta italiera (1). EHUk baditu beste lau saiakera ere argitaratuak, baina bildumetan biltzen ez direnak.

Azkenik, Elhuyar fundazioaren lanak ere badaude. Elhuyarrek 9 lan argitaratu ditu Islada bilduman. Lan horiek 1988tik 1991ra bitartean argitaratu ziren, eta gehienak (6) ingelesetik itzuli ziren. Lan bana itzuli zen frantsesetik, gaztelaniatik eta errusieratik. Beste bi lan Z Izpiak bildumaren barruan daude, 2010ean eta 2011n argitaratuak eta biak ingelesetik itzuliak. Gainerako 6 lanak ez dira bildumetan sailkatzen, eta 2005-2012 bitartekoak dira. Kasu horretan, lanen erdiak ingelesetik itzuli dira,eta beste erdiak, grekotik, gaztelaniatik eta portugesetik.

Gaiak-en, Elhuyarren eta EHUren artean, beraz, 150 saiakera lan euskaratu dituzte, 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egunera bitartean. Haien ekimenek uzta oparoa utzi digute gure jakintza euskaraz elikatu ahal izateko, eta dibertsitate handikoa da eskaintza, gainera.

Bilduma handietatik at argitaratu diren lanak

Ikusi dugu saiakeraren itzulpenean bilduma handiek izan dutela pisurik handiena, eta bilduma gehienak erakunde edo elkarteek bultzatuak izan direla. Haatik, bilduma horietatik kanpo ere aritu dira zenbait argitaletxe eta fundazio saiakerak euskaratzen eta argitaratzen, eta bereziki azken urte hauetan haiek hartu dute lekukoa.

6_grafikoa_esteban.png
6. grafikoa: bilduma handietatik kanpoko argitalpen kopuruak urteka

Lehen saiakera lana euskaratu zenetik gaur egunera bitartean, 64 saiakera lan euskaratu eta argitaratu dira bilduma handietatik kanpo. Hain zuzen ere, 1980ko hamarkadara bitartean, argitaletxe eta fundazioen ekimenez ekarri ziren euskarara testu horiek, nahiz eta oso kopuru baxua izan. Gerora, bilduma handiak agertzen hasi zirenean, bigarren maila batean geratu ziren; 1980ko hamarkadan, 1990ekoan eta 2000ko hamarkadan, lan bat edo, asko jota, bi argitaratzen ziren bilduma handietatik at, oso kopuru baxua.

Berriro ere, 2010eko hamarkadan iritsi zen aldaketa. Bilduma batzuek aurrera jarraitzen zuten arren –esaterako, ZIOk–, bilduma handi askoren jarduna eten egin zen orduan, eta bestelako argitalpenek garrantzia berreskuratu zuten saiakeraren itzulpenean. Gorakada izugarria izan zen 2011n, lan batetik zazpira igaro baitzen urtebetean, eta geroztik, jarraipena eman zaio.

Azken hiru urteetan, bereziki hautematen da joera hori; 20 lan argitaratu zituzten 2017 eta 2019 bitartean. Azkenaldian zabaldu den ustea da saiakera sekula ez bezala ekartzen ari dela euskarara, eta egia da, hein batean. Azken urteetan ez da saiakera gehiago euskaratu –aldirik oparoenak 1990eko hamarkada eta 2000ko hamarkada izan ziren–, baina inoiz baino saiakera euskaratu gehiago argitaratu dituzte argitaletxeek eta fundazioek bilduma handietatik kanpo azken urte gutxi hauetan. Horregatik izan dugu euskal irakurleok pertzepzio hori.

Izan ere, bilduma handi horietako liburuak ez dira komertzializaziorako pentsatu; liburutegi eta ikastegietara bideratutako argitalpenak izan dira, eta, ondorioz, ez dira hain eskuragarriak izan euskal irakurlearentzat. Salaburuk (2007) berak dio jakin bazekitela bildumarekin «ez zela dirurik irabaziko» eta asmoa zela uztea «hemengo liburutegi garrantzizko gehienetan bilduma bat, bestela nekez aurkituko litzatekeena».

Alabaina, argitaletxeek edo elkarteek euskaratutako lanak esku-eskura ditu irakurleak; presentzia handia hartu dute bai komunikabideetan baita azoketan ere –gure komunitatean, noski–, eta gai aldetik ere gertukoagoak zaizkio. Saiakera lanek interes handia piztu dute azkenaldian. Horregatik zabaldu da hainbeste sentsazio hori, saiakera inoiz baino biziago dagoela euskal literaturan.

Bestalde, gaiak ere aldatu egin dira azken urteetan. Ia XX. mende guztian zehar gehien argitaratu diren testuak filosofiarekin eta zientziarekin lotuak izan dira. Baina, azken mendean, gehiago izan dira gai politikoak jorratu dituztenak, bereziki feminismoa ardatz izan dutenak. Lan handia egin dute argitaletxe batzuek gai periferiko horiek euskaratu eta literaturaren erdigunean jartzeko.

Euskaratutako saiakerak argitaratzen argitaletxe eta fundazio ugari aritu dira: oso jardun atomizatua izan da. Hala ere, gehienek ale solteak argitaratu dituzte, eta gutxi dira jardun horretan modu jarraitu batean aritu direnak.

8. taula_Esteban.png
8. taula: argitaletxeen eta fundazioen argitalpen kopuruak

Orotara, 30 argitaletxe edo fundazio izan dira 64 lan itzultzen. Zerrendan ikus daitezkeen izen horietatik 20k argitalpen bakarra izan dute; beraz, oso jardun puntuala izan da. Bestalde, badago argitalpen bat ez duguna izan zehazterik nork argitaratu zuen.

Badira euskal literatur produkzioko bi izen handi bina liburu argitaratu dituztenak: Erein, eta Alberdania eta Erein elkarlanean. Beste lau argitaletxek hiruna saiakera argitaratu dituzte: Susa, Jakin, Sans Soleil eta Jakinkizunak. Haatik, lau argitaletxeren artean euskaratu dituzte ia atal honetako lanen erdiak (% 42,18): Txalaparta, Denonartean, Elkar-Jakin eta Katakrak.

Produkzioaren gailurrean dago Katakrak, 11 lanekin. Argitaletxea 2016an sortu zen, eta lau urtean 11 saiakera euskaratu ditu. Benetan zenbaki harrigarriak dira, kontuan izanik argitaletxe txikia dela. Literatura genero horrek zentralitate handia du Katakraken. Hala, 2016tik 2019ra bitartean, euskarazko 16 lan argitaratu dituzte, eta horietatik 11 izan dira saiakerak. Hots, irakurleen kontzientzia kritikoa indartzea da argitaletxearen asmoa. Era berean, lan guztiak euskaratutako testuak izan dira; hortaz, itzultzaileen lana oinarrizkoa da Katakrakentzat.

9_taula_esteban.png
9. taula: argitaletxeak: jatorrizkoen argitalpen garaia

Bilduma handietatik kanpo argitaratu diren lanen kasuan ere, gehienak XX. mendeko testuak dira (% 51,56), baina XXI. mendeko testuak ere asko dira, heren bat baino gehiago. Kontrara, antzinako testuak oso gutxi daude, % 15 baino gutxiago. Hala ere, deigarria da argitalpen horien kasuan ere Kristo aurreko lanen presentzia, lau lan argitaratu baitira garai horretakoak.

Argitaletxeek eta fundazioek argitaratutako lanetan, 55 egileren lanak jasotzen dira. Egile horien artean, 33 dira gizonezkoak (% 60) eta 20 emakumezkoak (% 36,36). Argitalpen horien kasuan, gizon eta emakumeen arteko aldea baxuagoa da, baina oraindik ere gizonezkoak dira lan gehienen egileak, erdiak baino gehiago. Bi lanetan, egilea kolektiboa da; beraz, ezin daiteke zehaztu nor dagoen talde horren atzean. Egile gehienen lan bakarra argitaratu da, baina kasu batzuetan egile beraren bi lan argitaratu dira, eta baita hiru ere. Gehien itzulien artean daude Silvia Federici, Angela Davis eta Platon.

Itzultzaileei dagokienez, orotara 63 itzultzaile aritu dira testuak euskaratzen. Horietatik 40 gizonezkoak dira (% 63,49) eta 23 emakumezkoak (% 36,50). Oraindik ere gizonezkoak gehiago dira, baina emakumezkoek lan gehiago itzuli dituzte. Lan bat baino gehiago itzuli dute 12 itzultzailek, eta horietatik 9 dira emakumezkoak. Gehien itzuli duten itzultzaileak hauek izan dira: Danele Sarriugarte (5) eta Imma Errea(4). Hots, emakume itzultzaileak apurtzen ari dira pixkanaka gizonezkoen hegemonia hori. Aipatu behar da hiru lanen itzultzailea zehaztu gabe dagoela.

Bestalde, lan horietatik 10 (% 15,87) taldean itzuli dira; bi pertsonaren edo gehiagoren artean. Datu horrek berriro ere berresten du itzulpengintzan oso errotua dagoela taldean lan egiteko ohitura, eta oso jardun kolektiboa dela.

Ondorioak

Datuok aztertu ostean, hainbat ondorio bildu ahal izan ditugu:

Saiakera itzulpena nahiko praktika berria dela esan daiteke, 1990eko hamarkadan hasi baitzen modu sistematikoan itzultzen, eta orduan pilatu zen ekoizpenik handiena. Azken urteetan, apaldu egin da argitalpen kopurua, baina ondoriozta daiteke argitaletxeek gero eta garrantzi handiagoa ematen dietela genero horretako lanei eta interes berezi bat sortu dela mota horretako testuak euskaratzeko.

Euskal itzulpengintzan oro har gertatzen den moduan, saiakera itzulpenetan ere ingelesaren hegemonia nabarmentzen da, ingelesetik itzultzen baita gehienbat euskarara. Horrekin lotuta dago AEBren nagusitasuna. Era berean, literatur potentzia nagusien hegemonia mantentzen da: frantsesa, aleman eta espainola dira jatorrizko hizkuntza ugarienak. Halaber, saiakeraren kasuan, antzinako testu ugari itzuli dira, hots, latinetik eta grekotik. Garaiari erreparatuz gero, gehien itzuli diren testuak XX. mendekoak izan dira nabarmen.

Generoaren faktorean arreta jarrita, emakume egileek ozta-ozta gainditzen dute lan guztien % 10a. Izan ere, pentsalari hegemonikoen lanak izan dira gehienak, eta hegemonia horren barruan emakumeek ia ez dute izan tokirik. Hala ere, ikusi ahal izan dugu azken urteetan bereziki joera hori aldatu egin dela eta periferian kokaturiko testuei ateak ireki zaizkiela, eta periferia horretan badaude emakume idazleak.

Itzultzaileekin ere antzeko zerbait gertatu da. Urteen joanarekin, presentzia hartzen joan dira emakume itzultzaileak, eta azken urteetan emakume gehiago aritu dira saiakera itzultzen gizonak baino.

Kasu zehatzak aztertzerakoan, ikusi dugu Pentsamenduaren Klasikoak bilduma hutsune bat betetzeko beharretik sortu zela, jakintzen liburutegia euskaraz osatzeko asmoarekin. Eta, orain, irakurleok pentsamendua euskaraz garatzeko baliabide mordoa ditugu eskura. Alabaina, baliabide horiek mugatuak dira, eta ez dituzte hutsune guztiak betetzen. Pentsamenduaren Klasikoak bildumak patroi oso zehatz bati erantzuten dio, eta, oro har, ezaugarri bertsuak dituzten testuak daude bilduma horretan. Hots, oso lan hegemonikoak jaso dira bilduman, eta ez dago aniztasun handirik.

Azken urteetan, ordea, bilduma handietatik kanpoko ekoizpena handitu egin da, eta testuen eremua ere zabaldu da. Azken finean, argitaletxeek testu periferikoagoei ireki diete atea: jatorri, arraza, hizkuntza eta pentsamolde ugaritako egileen lanak aurki daitezke gaur egun euskaraz.

Esan genezake, beraz, saiakeraren itzulpenean bilakaera bat gertatu dela kopuruan ez ezik edukian ere. Zenbakitan haziz joan da, hasieran bildumekin, gerora argitaletxeekin –argitaletxeen kopuruen barruan–. Horiek horrela, argitaletxeen eskutik dibertsitate handiagoa lortu da, eta areagotu egin da irakurlearenganako irisgarritasuna. Ikusteke dago datozen urteetan ere bide bertsutik jarraituko duen.

Bibliografia

LOPEZ GASENI, M. (2009): «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)», Senez, 37, 299-311.

NOR DA NOR datu-basea (azken kontsulta: 2020ko maiatzaren 18an).

SALABURU, P. (2007): «Pentsamenduaren Klasikoak euskaraz», Senez, 32, 157-164.

SATRUSTEGI, I. (2019): Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa eta inbentarioa (2008-2018). Gradu Amaierako Lana. Gasteiz: Euskal Herriko Unibertsitatea.