Berredizioak eta haien zuzenketa-lanak
Hizkuntza guztietan egiten dira liburuen eta itzulpenen berredizioak, eta, halakoetan, zuzenketa edo orrazketa sakona egiten zaie liburuei, lehenbiziko aldiz argitaratu zirenetik urte asko pasatu badira. Premia hori askoz beharrezkoagoa da euskararen kasuan, testuak gaur egun normalizatutako moduetara egokitu behar baitira. Artikulu honetan, halako zuzenketa-lanetan izandako esperientziaren berri ematen da, baita horri loturiko zenbait gogoeta agertu ere.
Itzulpen-lanean hasi nintzenetik, baina batez ere Igelak aukera emanik itzulpen literarioari heldu nionetik, maiz egin ditut testu literarioen zuzenketa-lanak, itzulpenak izan edo jatorriz euskaraz sortutako liburuak izan. Urte hauetan guztietan Xabier Olarrak askotan eskatu dit argitaratu beharreko liburuei begiratu bat emateko, batzuetan berak itzulitakoei eta beste batzuetan beste itzultzaile batzuek Igelarentzat itzulitakoei. Eta beste bide batzuetatik ere ailegatu zaizkit literatur lanen zuzenketa-lanak: Pamiela, Txalaparta edo Denonartean argitaletxeetatik, oroimenak huts egiten ez badit.
Zuzenketa-lan guztiek badituzte ezaugarri komunak, baina haien artean badira batzuk berezitasunak dituztenak: berredizio edo berrargitalpenen zuzenketak. Eta horixe da, hain zuzen, artikulu honen muina.
Igelak aspaldi plazaratutako itzulpenen 20 bat berrargitalpen egin ditu, eta laguntza eskatu dit haietako batzuetan. Ez dut zerrenda osoa emanen, baina gogoan dut nire eskutik pasatutakoak direla, gutxienez, honako hauek: Hamar beltx, orain Eta ez zen alerik ere geratu (Agatha Christie, Koro Navarrok euskaratua Txertoa argitaletxearentzat 1990ean), Ballantraeko premua (Robert Louis Stevenson, Xabier Olarrak euskaratua 1994an), Koxka bat estuago (Henry James, Joseba Urteagak 1993an), eta nik neronek aspaldi euskaratutako bi liburu: Sherlock Holmesen abenturak (Arthur Conan Doyle, 1997an plazaratua) eta Gure etxeko kontuak, orain Familiako lexikoa (Natalia Ginzburg, 2004an), berriz argitaratuak 2020an eta 2021ean hurrenez hurren.
Pamiela argitaletxeak ere eskatu izan dizkit halako lanak. Oker ez banago, hiru idazleren lanen berrargitalpenak eman dizkidate zuzentzeko: Jose Mari Iturralde (haur eta gazte literaturako hainbat liburu: Zikoinen kabian sartuko naiz, 1986; Ijitoak dauzkat nire etxean, 1988; Filipinetan bizi den idazlearen kontuak, 1993), Bernardo Atxaga (Gizona bere bakardadean, 1993; Behi euskaldun baten memoriak, 1991), Joseba Sarrionandia (Ni ez naiz hemengoa, 1985; Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, 1985; Ez gara gure baitakoak, 1989).
Txalapartak ere egin zidan enkargu bat, orain dela gutxi, Mikel Buldain eta Garazi Arrula adiskideen bitartez. Kasu horretan, Bai mundu berria (Aldous Huxley, Xabier Amurizak 1971n itzulia eta Kriselu-Lur argitaletxeak argitaratua lehenbizi, eta Txalapartak geroago egokitua).
Senezek, Amaia Apalauzaren bidez, segur aski horregatik eskatu zidan honetaz idazteko, halako lan askotan hartu dudalako parte. Dena dela, nabarmendu beharra dut, gaiari heldu baino lehen, nire esperientzia hutsa kontatuko dudala, praktikatik abiatuko naizela, eta nire saioa ez dela izanen teorikoa, bi arrazoirengatik gehienbat: lehenbizi, nire prestakuntza erabat praktikoa delako, eta ez naizelako gauza sentitzen teorizazioan hasteko; bigarrenik, iruditzen zaidalako irakurleari interesgarriagoa –eta errazagoa– egiten zaiola halako gogoeta xume eta praktiko bat oso-oso adituak direnen gogoeta eta azterketak baino.
Bestalde, iruditu zait komenigarria dela halako lanetan lagun eta lankide izan ditudan editoreak ere kontuan hartzea. Hori dela-eta, lau galderatxo egin nizkien Igelako lehengo eta oraingo editoreei, hots, Xabier Olarrari eta Lander Majuelori; Pamielakoari, hau da, Pello Elzabururi; eta lehenago aipatu dudan Txalapartako lagunari, Garazi Arrulari. Horregatik, haiek esandakoak jarriko ditut artikulu honetan, abiapuntu gisa, eta, ondotik, kontsiderazio batzuk eginen ditut.
Honako galdera hauek egin nizkien, eta haiek zintzo demonio erantzun dituzte. Horregatik iruditu zait merezi duela aipatu ez ezik hemen hitzez hitz jartzea.
Hauek ziren galderak:
- Maiz izaten duzue aspaldi argitaratutako libururen bat berrargitaratu beharra?
- Zer prozedurari segitzen diozue haien zuzenketari dagokionez?
- Zer eskatzen diozue zuzentzaileari?
- Beste esatekorik?
Eta hauek izan ziren erantzunak:
Garazi Arrula (Txalapartako editorea)
- Berrinprimaketa eta berredizio hitzak nahastu egin ohi dira. Kasu gehienetan berrinprimaketak izaten dira, liburua argitaratu eta hurrengo bi urteen barruan, uste baino gehiago saltzen delako, adibidez. Horiek bere horretan uzten ditugu, edo, akatsen bat ikusiz gero (hamaika aldiz begiratuta ere, beti dago akatsen bat), orrialde jakin horien maketa zuzendu eta inprentara bidaltzen ditugu. Berrargitalpenak ere egiten ditugu, ordea, izan liburua agortu delako, izan zerbaitengatik liburuari bigarren bizialdia eman nahi diogulako (esate batera, urteurren baten harira, edo merezimendu hutsagatik). Tartean pasatu den denboragatik, bereziki, berrargitalpenek lan handiagoa eskatzen dute. Aurten, bizpahiru egin ditugu, eta beharbada oraindik besteren bat egonen da.
- Berrargitalpenak liburu berriak dira. Esan nahi baita, lan bera dakarte, eta batzuetan handiagoa ere bai: baliteke eskubideak berritu behar izatea, eta bidean jabez aldatu izana; zuzendu egin behar dira, eta, itzulpenen kasuan, beharbada jatorrizkoari begiratu ere bai; azal, ISBN, lege gordailu eta abarrak eskatu behar dira; zenbaitetan maketatu ere berriz maketatu behar izaten da artxiboak «txakurrak jan» dituelako; promozioa eta banaketa liburu berriak balira bezala… Maiz apustuak dira, liburu berrien lan karga izanik ere ez baitira berdin komertzialak; halere egin beharreko apustuak dira, kalitatezko liburu ugari agortu egiten baitira edo, besterik gabe, zahartu. Batzuetan, guk geuk zuzentzen ditugu, eta beste batzuetan zuzentzaile profesionalei eskatzen diegu; liburuaren eta gure lan kargaren arabera, kasuan-kasuan.
- Oro har, itzulpen edo lan horri gaurko begietatik begiratzea; horrek esan nahi du, gehienbat, gaurko arau gramatikal eta ortografikoekin bat egitea, eta, itzulpenen kasuan, itzulpen-hautuei ere bai, aspaldikoak diren itzulpenetan, esaterako. Forma batzuk denborarekin errotzen dira, beste batzuk galtzen, eta gure hizkuntzan urte gutxian gertatu dira hainbat aldaketa. Beraz, gaur egungo jakintzatik baina lehengo edizioa bistatik galdu gabe egin beharko da zuzenketa.
- Argitaletxeon egitekoa da liburuak hiltzen ez uztea. Ekoizpena, oro har, hain da handia, eta merkatuaren legea hain odol hotzekoa, nobedadeetara hain emana, ezen gero eta biziraupen laburragoa baitute liburuek, eta erraz aski gera daitezke lurpean. Ez da posible euskal herritar batek gurean argitaratutako liburu bat ezin inon lortzea (eta ez nabil dendez, liburutegiak ere sartzen ditut), eta gertatu izan da. Sarri ezagutu ere ez dugu egiten duela hamar-hogei urtetik gora publikatutakoa. Kosta egiten da fondoko liburuak berreskuratzea, baina beharrezkoa da fokua tarteka horien gainean jartzea; eta berrargitalpenak horretarako aukera paregabea dira.
Xabier Olarra (Igelako editorea joan den urtera arte)
- 30 urteko ibilbidean, ez dira egin Igelan ez berrinprimaketa ez berrargitalpen asko. Berrinprimaketa esan beharko genioke aldaketarik gabe edo aldaketa askorik gabe bigarren edo hainbatgarren aldiz berrargitaratzen den liburuari. Eta berrargitalpen edo berredizio, berriz, zuzenketa dexente eginda argitaratzen denari. 100 liburutik 20 inguru izango dira, gehienez ere, bi aldiz edo gehiagotan berrinprimatu edo berrargitaratu direnak. Ez daiteke esan, beraz, hori oso maiz izan denik.
- Normalean, berrargitalpen bat egiterakoan, itzultzaileak berak egiten du bere zuzenketa, eta argitaletxean gainbegiratze soil bat. Kasu batzuetan, hala ere, egin izan zaio norbaiti –itzultzailearekin adostuta– testuaren zuzenketa zorrotzago bat.
- Zuzentzaileak, gure kasuan, testua hobetzea du helburu: a) Akatsak zuzentzea, lehenik. Ortografikoak, erratak, erabilera okerrak edo gaitzetsiak (dela deklinabidean, dela aditzean, alokutiboaren erabilera…); b) Testuaren egokitasunari laguntzea: hitzen ordena, testuaren ulergarritasuna, interpretazio okerrera eraman dezaketen bideak saihestea, anbiguotasunak murriztea…
- Nire inpresioa da liburuak ez genituela argitaratu behar den patxadarekin –presioa alde askotatik etorri izan da: Durango, Eusko Jaurlaritzaren argitalpenerako laguntzak eta beste zenbait laguntza…). Horregatik, aukera izan dugunean –baina ez beti, presa ere bai tarteko– egin ditugu argitalpen zuzenduak, batez ere 2000. urtetik aurrera. Gehienetan, hala ere, ez da egin itzulpenaren zuzenketa, baizik eta testuaren beraren zuzenketa.
Lander Majuelo (Igelako oraingo editorea)
- Liburu bat berriz argitaratzea bi noranzkotan etor daiteke. Liburu berri bat ongi saldu eta agortzea da lehena. Hor duda gutxi dago. Liburua berria da, eta, lehen tirada agortzeko zortea egon bada, ahal bezain laster ateratzen da bigarren berrargitalpena, horrek liburuari eskaintzen dion proiekzioagatik eta saltzen segitzeko dituen aukerengatik. Katalogoan dagoen eta denboran zehar ongi saldu den liburu bat agortzea da bigarrena. Hor luzera begirako apustu bat egiten da, baldintza zehatz batzuk kontuan hartuta (akaso hezkuntzan sartu da, edota autorea berriz ere denen ahotan dago), eta horrek gomendatzen du liburua berriz ere berrargitaratzea. Kasu horietan, edizioa bera berritu egiten da, eta zuzenketa orokor bat egiten zaio testuari.
- Ahal bada, liburua itzuli zuen itzultzaileari eskatuta orrazten da berriz liburua. Hor gehienbat itzultzailearen kriterioa errespetatzen da. Batzuek nahiago izaten dute testua Euskaltzaindiak hartutako azken erabakien arabera moldatu. Beste batzuek nahiago izaten dute testua bere horretan utzi, betiere erratak kenduta eta aldaketa gutxi batzuk eginda. Editoreak ere liburuaren edizioa berritu behar du, lehen edizioa ez bada ongi egokitzen berrargitalpen berrira. Hori aspaldi argitaratu ziren liburuekin gertatzen da bereziki. Aitzinsolas edo gibelsolas berri bat ere gehitzen ahal da testua eguneratuta emateko.
- Zuzentzaileari nik ez diot eskakizun berezirik egiten baldin eta liburua itzuli zuen itzultzailea bada. Akaso, kalean den euskararen erabilera ez dezala begi bistatik galdu, ez dezala testua soilik arauaren mesedetan zuzendu. Eta aldi berean errespeta ditzala lehen itzulpenaren sena eta jatorrizkoaren mamia. Halere, liburu bakoitzaren itzulpena mundu bat da, mundu bat den bezala itzultzaile bakoitza. Beraz, kasu bakoitzean noranzko zehatz eta berri batean egokitzen da liburuaren zuzenketa eta berrargitalpena.
Pello Elzaburu (Pamielako editorea)
- Bai, kontuan hartuta gure argitaletxea 1983. urtean sortu zela, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan argitaratutako liburuak berriro kaleratzeko premian aurkitzen gara. Lan horretan, Fernando Reyren laguntza funtsezkoa izan da. Nolabait ere markatzen dugu ez dela besterik gabe beste tirada bat, eta «Edizio berritua», «Edizio berritu eta eguneratua» edo «Argitalpen berria» jartzen dugu. ISBNa ere beste bat da, eta maiz azala ere itxuraldatzen diogu. Beste liburu bat da, hein batean. Beste gauza bat da noski liburu baten beste tirada bat egitea, argitaratu eta handik denbora laburrera, lau akats zuzenduta, baina azterketa sakonik egin gabe.
- Ohiko edizioetan, inguruko hizkuntzetan bezala, akats ortotipografikoak berrikusten dira batez ere, eta, neurri txikiagoan, estilo zuzenketak. Euskararen kasuan, desberdina da 15-20 urtetik gorako antzinatasuna duten obretan. Gure normalizazio-prozesua oraindik ez da egonkortu, eta maiz izaten dira ortografia aldaketak eta bestelakoak. Hizkuntza literarioa bera ere (nabarmena da itzulpenetan) asko aldatu da.
- Guk honako premisa honi jarraitzen diogu: editoreak obra argitaratzea erabakitzen duenean, egileak du aldaketen azken hitza. Dena dela, badira aldaketa batzuk ia eztabaidaezinak direnak (akats ortografikoak eta transkripzio-erroreak). Besteak (Euskaltzaindiak hobesten duen hitza, esaldiaren egitura, estiloa…) zuzentzaileak proposatu eta arrazoitzen ditu, eta egilearen esku uzten dugu nahi duena erabaki dezan edo, nahiago badu, zuzentzaileari askatasuna eman diezaion. Atxagaren Sara izeneko gizonaren zuzenketa, adibidez, Asun Garikanok egin zuen, eta pentsatzekoa da Atxagarekin negoziatuko zuela zer aldatu eta zer ez. Fernando Reyk ere hala egin du Atxagaren eta Sarrionandiarekin zenbait liburutan: Gizona bere bakardadean, Behi euskaldun baten memoriak, Ni ez naiz hemengoa eta beste batzuk.
Berrinprimaketa eta berredizioa
Editoreetako batzuek ongi ohartarazi duten bezala, bi kontzeptu bereizi beharrak dira, berrinprimaketa eta berredizio edo berrargitalpena, eta bigarren horretaz ariko naiz, hau da, urte asko pasatu eta gero berriz argitaratu beharreko liburuez.
«Urte asko» diogu. Eta zenbat dira urte asko?
Dudarik gabe, horri dagokionez, eta ikusirik nolako aldaketak izan diren euskararen corpusean, lasai esan dezakegu 20 urtetik gora dituzten testuez ari garela. Nire esperientzian behintzat, 2000. urterako aski finkatuak zituen Euskaltzaindiak lexikoa eta beste hainbat kontu, zabalduak zeuden gure artean zenbait estilo liburu on, nahiz eta beste batzuk, EIMArenak, esaterako, geroago ailegatu ziren. Baina, dudarik gabe, 20 urtetik gora dituzten liburuek orraztu eder baten premia dute gaur eguneko egoerara egokitzeko.
Testuen iraungitze-data
Itzulpenean fideltasuna zaindu beharra aipatzen da beti, traiziorik ez egitea egilearen asmoari eta formari, baina ederki dakigu hori bezain inportantea dela xede-hizkuntzarekiko egokitzapena, eduki hori behar bezala egokitu behar dela xede- hizkuntzan ongi funtziona dezan eta irakurlea bere hizkuntzan idatzia izan balitz bezala irakurtzeko moduan egon dadin. Egokitzapen horretan, itzultzaileak ongi gogoan izan behar du nor den hartzailea eta zein diren unean uneko kulturaren ezaugarriak.
Horregatik hitz egiten dugu itzulpenen iraungitze-dataz. Orain dela 200 urte egindako itzulpen bat ez da egokiena gaur eguneko irakurleari literatur lan bat eskaintzeko. Garai bakoitzak –egoera linguistiko eta kultural bakoitzak– itzulpen bat behar du segur aski.
Euskararen kasuan, gainera, iraungitze- epea laburragoa da, orain behintzat, beste hizkuntza batzuetan baino. Ez dezagun ahantzi gure hizkuntzak asko falta duela oraindik normalizatzeko. Estatusari dagokionez asko, egoera diglosikoan bizi baikara, baita oraindik hizkuntz corpusari dagokionez ere, nahiz eta urte hauetan pauso garrantzitsuak eman diren. Nolanahi ere, izan dezagun gogoan gure hizkuntza, alde horretatik, jaioberri samarra dela. Berriki ospatu genuen euskara batuaren 50. urteurrena. Nolabait esateagatik, atzo goizeko erabakia izan zen zein zen gure alfabetoa eta nola idatzi behar genuen. Joan zen mendeko bigarren erdialdearen hasierako itzulpen gehienak arrotzak egiten zaizkie irakurleei: ez daude euskara batuan, urrun daude ortografia, morfosintaxia eta beste kontu asko gure ume eta gazteek eskoletan-eta bereganatu dituztenetatik.
Euskaltzaindia pixkana-pixkana finkatuz joan da euskararen gorputza: eskeletoa, beso-zangoak eta erraiak. Denok ikasiz joan gara zer forma duten hitzek, eta, ez gutxitan, forma ez dator bat orain dela 30 urte gehienek erabiltzen zuten horrekin. Finkatu da aditz batua, finkatuz doaz lexikoa eta hainbat arlotako gomendio eta arauak: ortografia, ortotipografia, puntuazioa, onomastika, sintaxia…
Eta, hori edozein testurekin gertatzen bada, itzulpenekin ere bai, jakina. Gainera, itzultzeko gaitasun eta baliabideetan ere aurrerapen dexente egin ditugu azken hamarkada hauetan, eta ez dugu alferreko ibilbidea egin. Asko itzultzen da orain, eta askoz ere hobeki. Itzultzeko, tresneria hobea dugu orain, eta ikasi dugu.
Gutako bakoitzak okertzeko arriskurik gabe esan dezake hobeki itzultzen duela orain hasi zenean baino: libreago jokatzen dugu, jatorrizko testutik urruntzen ikasi dugu itzulpena fidela ez ezik egokia ere izan dadin eta euskara onean emana, bestelako ordena ematen diegu maiz esaldiei ulergarritasunaren mesedetan… Denoi gertatu zaigu inoiz orain dela 30 urte egindako itzulpen bat hartu eta pentsatzea: «Hala egiten nuen? Orain ez nuke horrela eginen. Banuen zer hobetua eta zer ikasia». Bada, gutako bakoitzaren prozesua ez ezik, euskal itzulpengintzarena ere bada. Kolektibo gisa, aurrera egin dugu, hobera egin dugu, eta, oro har, esan dezakegu itzulpen literario on-onak egiten direla gaur egun. Ez da alferrikakoa izan egindako bidea. Galdu dute itzulpenek garai batean leporatzen zitzaien zurruntasuna, eta itzulpen-lanaren emaitzak ikasbide eta baliabide bihurtu zaizkie idazle askori.
Horregatik guztiagatik, bai, oso beharrezkoa da orain dela bi-hiru-lau hamarkada argitaratutako liburuei orraztu eder bat ematea, zuzenketa-lan sakona egitea.
Euskara jasoa –azken batean, erregistro jasoan erabili beharrekoa, hau da, hezkuntzan, literaturan, komunikabideetan– errotuz doa, eta hori ikasten ari dira gure ikasleak eskola, institutu eta unibertsitateetan. Eta haiek ikasitako moduan eman behar zaizkie liburuak, ez badugu nahi eskizofrenia bat sortzerik. Adibide xinple bat emateagatik, ezin diegu esan ikasleei handi idazteko, eta ez *haundi, edo esadazu idazteko eta ez *esaidazu, eta, aldi berean, hori dioten liburuak eskaini.
Lehenbiziko edizio haiek gordetzea beharrezkoa da, baina ikertzaileentzako material gisa gehienbat, halako idazlek lehenago nola idazten zuen jakiteko edo halako garaitan nola idazten zen aztertzeko, gure hizkuntzaren bilakaeraren berri izateko.
Nik egina dut neure gogoeta eta irizpide sail bat finkatua dut zuzenketa-lanean ari naizenean, eta horiek aipatuko ditut orain. Ondotik, zenbait ohar eta iruzkin eginen ditut berredizioen zuzenketaren prozesu espezifikoan izan dudan esperientziari buruz.
Zuzenketa literarioari buruzko irizpide eta gogoeta batzuk
Esan behar ditudan gehienak edozein testuren zuzenketaz esan genitzake, eta gauza bakar batzuk, aldiz, espezifikoak dira literatur testuen zuzenketarako.
- Zuzenketa-lanaren xede nagusia testua hobetzea da, egileari edo argitaratzaileari oharkabean pasatu zaizkion akatsak zuzentzea, edo testuaren kalitatea edo egokitasuna hobetze aldera proposamenak egitea.
- Zuzenketak didaktikoa izan behar du. Ahal dela, hobe da gero egilearekin elkartzea, edo, gutxienez, komunikazioa izatea.
- Argi izan behar ditugu testu literarioen zuzenketa-lanaren mugak, zer den zuzentzailearen lana eta zer ez den, bi arrisku baitaude: a) zuzenketa axalekoa egitea, agerikoena besterik ez markatzea; b) testua berregiten hastea.
- Ausarta izan beharra dago, eta aportazioak egin testua hobetzeko. Gero, idazleak libre erabakiko du zer onartu eta zer ez.
- Zuzenketan metodologia bat behar da.
- Zuzenketan arlo asko hartu behar dira kontuan.
- Graduazioa ezinbestekoa da zuzenketan, mailakatzea.
- Testu literarioen zuzenketak bere berezitasunak ditu: literaturan, transgresiorako tartea dago, askatasun handiagoa, eta egilearen estiloa errespetatu behar dugu.
Bestalde, hona hemen zuzentzailearen baitezpadako lege batzuk:
- Ez dugu deus zuzenduko seguru egon gabe, eta, beraz, galdetu edo ikertu edo dokumentatu beharko dugu.
- Ez dezagun zabaldu uste okerrik.
- Erakutsi, edo iturrien berri eman.
- Graduazioa. Zuzendu beharren edo proposamenen indarra adierazi.
- Ez sartu zuzenketan bakoitzaren maniak, gustuak, txokokeriak.
Zer markatuko dugu?
- Tekleatze-akatsak.
- Gramatikala ez dena.
- Ulertzen ez dena (desegokia izan daiteke).
- Ulertzen bada ere hobeki esan daitekeena (modu arinagoan, jatorragoan…).
- Arlo edo elementu guztiak hartu behar dira kontuan: Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak, ortografiaren eta lexikoaren egokitasuna Euskaltzaindiaren Hiztegia, problema terminologikoak, ortotipografia, sintaxia, fraseologia, puntuazioa, onomastika, izen eta datu historikoak, edukiari buruzko akats eta gazapoak (barreneko inkoherentziak), transliterazioa, kalko okerrak, testu barreneko erregistroen egokitasuna, euskalkien marken koherentzia, estilo liburuetan eman diren gomendioak (EIMArenak bereziki). Gaur egun Euskara Batuaren Eskuliburuan dagoen guztia…
Metodologia bat (nirea)
Gutako bakoitzak, seguruena, zuzenketa desberdina eginen luke. Inportanteena, dena dela, sistematika bati jarraitzea da. Egilea eta editorea nor diren, esperientzia desberdinak izan ditut, eta, horregatik, haiekin zuzenketaren ezaugarriak adostea da lehenbiziko lana.
Egoera ohikoena, dena dela, honako hau izan da:
a) Editorearekin edo egilearekin mintzatu zer nahi duen jakiteko: axaleko zuzenketa (tekleatze-akatsak eta akats gramatikalak zuzentzea eta lexikoa aplikatzea, baina bestelako kontuetan sartu gabe) edo zuzenketa sakona (ahalik gehiena aportatuz testua hobetzeko).
b) Idazleari zuzenketa eman, eta berak zuzenketak egin.
c) Beste zuzenketa bat egin, edo gutxienez zuzenketen zuzenketa (begiratu ongi sartu ote diren, zuzenketak egitean beste akatsik ez dela egin ziurtatzeko).
Testuan zuzenketak idatzi
a) Zuzenketa paperean egitekoa bada, testua inprimatu, baina eskuineko bazterrean puska eder bat utzita zuzenketak markatzeko.
b) Irakurraldi bat egiten dut, lapitzaz markatxoak eginez (behin eta berriz agertuko dira gauza batzuk, problematika orokorrak identifikatzeko, edo nik kontsultatu behar ditudanak apuntatzeko…).
c) Bigarren irakurraldian, kontsultak eginda, gauzak apuntatu, behar den hitza edo esaldia azpimarratuz, eta gero bazterrean idatzi soluzioa.
d) Orri bakoitzeko oharrak zenbakitu, zuzenketak sartzerakoan zailagoa izan dadin baten bat ahaztea.
e) Zuzendu beharrekoak hiru koloretan markatzen ditut, nolabaiteko mailakatzea egiteko. Mailaketa subjektiboa, baina proposamen bakoitzaren indarra-edo adierazten duena. Hiru kolore erabiltzen ditut: gorria (nire ustez nahitaez aldatu beharrak), urdina (indar txikiagoko proposamenak, nahiz eta komenigarri samarrak iruditzen zaizkidan) eta lapitza (informazio gisa ematen ditut, edo iradokizunak, edo aukera kontuak, edo testua hobetzen ahal duten proposamenak). Lehenbiziko horiek ezinbestekoak dira, eta ia ez dute dudarik uzten; testua duindu egiten dute, baina, benetan, nire ustez, besteak dira inportanteenak. Urdinez edo lapitzez markatutakoek hobetzen dute testua, eta horiek markatzea da zuzentzailearen eginkizun nagusia.
f) Testu zuzenduarekin batera, txostentxo bat idazten dut. Bertan, egileari edo editoreari zenbait kontu azaltzen dizkiot, problematika orokor batzuk…
Berredizioen zuzenketen kasuistika, nire esperientzian, eta haiei loturiko zenbait gogoeta
Nire testuen zuzenketa
Nik neronek egindako testuen berredizioak izan direnean, libre aldatu dut, jakina, beharrezkoa iruditzen zitzaidan guztia. Jatorrizko testura jo behar izan dut berriz kasu bakar batzuetan, baina testuaren beraren zuzenketa izan da gehienbat, ez itzulpenarena.
Zuzenketa (ia) erabat nire esku utzia
Hala gertatu da konfiantza handia izan denean edo hurbiltasuna dela-eta irizpideetan askotan maiz bat etorri garenean. Xabier Olarrak batzuetan testua eman, eta «alda ezak beharrezkoa ikusten duana, kontsultatu ere egin gabe», eta nik libre aldatu dut. Halere, halakoetan, nik izartxoak paratzen nituen, nahiago nuelako zenbait kontu harekin komentatu, okerrik ez egiteko edo beste iritzi bat izateko. Zenbaitetan, jakina, duda argitzeko, jatorrizko testura jo behar izaten da. Hala zuzendu nuen Ballantraeko premua. Bai mundu berria zuzentzerakoan ere, Xabier Amurizak nahiago izan zuen nire esku utzi. Nik, dena dela, zenbait gauza komentatu eta kontsultatu nizkion, eta haren iritzia kontuan hartuta ekin nion zuzenketari.
Zuzenketaren nondik norakoak adostu, zuzenketa egin, eta autoreari bidaltzea
Esanen nuke hau izan dela sistema ohikoena, niri bederen logikoena iruditzen zaidana. Hots, behin editorearekin edo egilearekin berarekin adostuta nolako zuzenketa nahi duen, noraino nahi duen zuzentzailea sartzea edo iradokizunak egitea, lanari ekin eta paperean edo euskarri informatikoan markatzea, egileak berak erabaki dezan zer onartzen duen eta zer ez. Lehenago esan bezala, testu zuzenduarekin batera txosten bat egin ohi dut, problematika nagusiak deskribatzeko edo zenbait kontu argitzeko. Komunikazioa irekia izatea da hoberena, zuzendutakoen gainean hitz egin ahal izateko. Halakoetan, dena dela, komeni izaten da ondotik zuzentzaileak edo editoreak beste begiratu bat ematea testu zuzenduari, bederen ikustearren zuzenketak sartzean ez dela beste akatsik egin. Hori izan zen, adibidez, Koro Navarrorekin finkatutako metodoa, Agatha Christieren Hamar beltx zuzendu nionean. Berdin jokatu nuen Joxemari Iturralderekin ere Zikoinen kabian sartuko naiz, Ijitoak dauzkat nire etxean eta Filipinetan bizi den idazlearen kontuak zuzendu nizkionean. Nik zuzenketa-lana egin, bidali, eta harexek sartu zituen zuzenketak, tartean telefono-dei batzuk izan genituela.
Berezia izan zen Koxka bat estuago liburuaren zuzenketa. Joseba Urteaga garai hartan egindako itzulpenarekin pozik gelditu ez, eta nahiago izan zuen zuzenketa bera egiten hasi baino lehen itzulpenaren beraren errepaso sakona egin. Xabier Olarrak eta biek orraztu ederra egin eta gero zuzendu nuen nik ondotik. Kasu honetan, dudarik gabe, argi eta garbi esan daiteke beste liburu bat dela, aldaketa aski sakona egin zaiola.
Zuzenketaren nondik norakoak adostu, zuzenketa egin, autorearekin elkartu, eta zuzenketak nik neronek sartu
Batzuetan, behar adinako konfiantza izan da, bai elkartzeko eta gauza batzuk adosteko, bai zuzenketa, gero, nire esku uzteko. Liburuaren edo itzulpenaren egilearekin elkartzea, posible denean, aberasgarria da. Batetik, zuzentzaileak dituen zalantzak argitzeko eta egileak aldaketetarako baimena emateko. Bestetik, elkarrengandik ikasteko. Horrela, gainera, lan karga kentzen zaio egileari; beharbada, idazleak ez du gogorik edo denborarik lan horretan aritzeko, fidatzen da, eta nahiago du lan hori zuzentzailearen esku utzi. Nire esperientzian, bederen, denentzat da ona hori, eta beste akats batzuk egitea saihesten da, litekeena baita zuzentzaileak okerreko interpretazioa egin eta hanka sartzea. Halaxe jokatu nuen Atxagarenak zuzentzean. Iruñean eta Zalduondon elkartzen ginen, eta hari ordu gehiegi kendu gabe egin ahal izan genituen berredizioak, betiere Asun Garikanoren laguntzarekin. Zorionez, gurean, ez da hain zaila horrela egitea. Euskal Herria ez da oso handia. Hurbil gaude denak elkarrengandik.
Kasu berezi bat: lagin bat zuzendu eta idazleari bidaltzea, hark oniritzia emateko
Kasu bat oso berezia Joseba Sarrionandiaren aspaldiko liburu batzuen berrediziorako zuzenketa izan zen. 2005ean egin nuen, eta, behar bezalako koordinaziorako orduko zailtasunak zirela-eta, nahiago izan nuen liburuen lagin bat hartu, hura zuzendu eta hari ailegarazi, zuzenketa-moduarekin eta irizpideekin bat ote zetorren esan zezan. Hala egin, gero komunikazio bide bat adostu, eta, azkenik, nire esku utzi zuen zuzenketa.
Azken urteotako zuzenketa-lanetarako, berriz, zorionez, Airea ez da debalde eta Gauzak direnak balira liburuen zuzenketarako, bide normalizatua izan dugu, telefonoz, eta whatsapparen bidez eta posta elektronikoz behar adina aldiz hitz egin ahal izan dugu eta materiala elkarri bidali, liburuen zuzenketa eta edizioaren prestaketa-lanak egin bitartean.
Eta berredizioan izenburua ere aldatu?
Berredizioa beste liburu bat da azken batean, eta, lehenago aipatutako editoreetako batzuek esan dutenez, azala eta itxura aldatzen ahal zaizkio, eta izenburua ere bai.
Nik, behintzat, hurbiletik Igelan bizi izan ditudan hiru kasu aipatuko ditut.
Xabier Olarrak James M. Cainen The Postman Always Rings Twice euskaratu zuen 1985ean, Elkarrek argitaratua (Karteroak beti deitzen du bi aldiz). Ondotik, Igelak egin zuen berredizioa, baina Postariak bi aldiz deitzen du beti izenburua jarri zion, hau da, bi aldaketatxo egin zizkion: batetik, kartero hitza kendu eta postari jarri zuen, Euskaltzaindiak hobetsia baitu kartero hitza baztertu gabe betiere; bestetik, fokua aldatu genion esaldiari, galdegaia.
Nik neronek, editorearekin hitz eginda, nahiago izan nuen Natalia Ginzburgen Lessico famigliare liburuaren berredizioan izenburua aldatu. Hasiera hartan, duda-mudatan ibili nintzen, eta Gure etxeko kontuak jarri, baina ez nintzen sobera pozik gelditu: sobera urruntzen da, itxuran, Ginzburgen liburu ospetsuena denaren izenburutik. Oraingoan Familiako lexikoa jarri nuen, egokiagoa delakoan. Hobeki identifikatzen da, berehalaxe, Ginzburgen liburua.
Kasu desberdina da Agatha Christieren And Then There Were None nobelarena. Hasieran, Koro Navarrok Hamar beltx izenburua jarri zion –egia esan, ingelesez Ten Little Niggers izenarekin argitaratu zen lehenbiziko aldiz 1939an, baina gero Estatu Batuetan izena aldatu zioten–. Liburuari arrazakeriaren aztarna guztiak kentzeko aldatu ziotenez izena, Igelak ere, berredizioan, gauza bera egin eta Eta ez zen alerik ere geratu jarri zion.
Joxemari Iturralderen Zikoinen kabian sartuko naiz liburuaren berredizioan, berriz, ez genion izena aldatu, nahiz eta ordurako habia zen Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren proposamena.
Izen aldaketa, zenbait kasutan, deigarriagoa da beste batzuetan baino. Batek daki zergatik, nik orain ez ditut imajinatzen Bi anaia eta Soinu-jotzailearen semea izenburuak, eta, egia esan, beharrezkoak ere ez ditut ikusten. Uste dut denon buruan aski errotuak daudela Bi anai eta Soinujolearen semea izenak eta gure literatur kulturaren parte direla dagoeneko.