Dostoievskiren urteurrenaren harian
Dostoievski Moskun jaio zen, 1821. urtean, eta San Petersburgon hil, 1881.ean. Haren lehen argitalpena Balzacen lan baten itzulpen bat izan zen. Idazle frantses hark eragin sakona ekarri zion Dostoievskiren lan luze eta emankorrari. Haren eleberrietan, gizakiaren arima azaleratzen da, bere akats eta lorpen guztiekin. Errusieratik munduko hizkuntza askotara itzuli dira Dostoievskiren idazlanak, hots, itzultzaile askoren denbora eta trebetasuna erabili dira haren mezua helarazteko. Lan gutxi batzuk euskaraz ere badaude, baina beste asko txandaren zain daude. Dostoievski idazle maitatua zein gorrotatua da, baina irakurleari beti uzten dio inpresio sakona.
Dostoievski pertsona
Fiodor Mikhailovitx Dostoievski 1821eko azaroaren 11n jaio zen, Moskun, eta hirurogei urte geroago hil zen, San Petersburgon, garai hartako Errusiako hiriburuan.
Gure artean ezaguna da Dostoievski idazlea, baina, horretaz gain, pentsalaria, filosofoa, publizista eta itzultzailea ere izan zen.
Idazlea ez dugu aurkeztu beharrik. Guztiok dakizuenez, eleberri «psikologiko»aren aitzindaria izan zen, lehenbiziko lanetatik (Zapiski iz miortvogo doma [Etxe hilaren memoriak]) lan ospetsuenetara (Prestupleniya i nakazaniya [Krimena eta zigorra]) pertsonaien psikologia sakon landu zuen egilea izan zen eta. Egun, errusiar klasiko bat da, pertsonalismoaren korronte filosofikoaren ikurra; mugimendu horrek eragina izango zuen gero, existentzialismoaren sorreran. Munduko literaturan, zer esanik ez, eragin bizia izan du, eta badauka oraindik.
Baina, lerro hauetan, Dostoievski itzultzailea eta Dostoievskiren itzultzaileak interesatzen zaizkigu.
Fiodor Moskuko pobreentzako Mariinski ospitalean ekarri zuten mundura. Aita hango sendagilea zen. Etxean zazpi anai-arreba izan ziren; gurasoek tradizio zurrunetan hezi zituzten, eskola zaharrekoetan, eta etengabeko beldurrean bizi ziren umeak, beti aitaren begirada zorrotzaren menpean.
Ama pertsona erlijiosoa zen oso: egunero eramaten zituen seme-alabak mezetara. Bibliarekin irakatsi zien idazten-irakurtzen. 1832. urteaz geroztik, aitak erosi zuen datxan igaro zuten uda, Tulako gubernian (probintzian). Gaur egun, datxa hori etxe-museo bat da, Dostoievskiren omenez, eta Darovoe herrian bisita daiteke.
Hasieran etxean ikasten zuten, eta, geroago, idazleak 12 urte bete ostean, eskola-pentsionatu batera bidali zuten. Hori kolpe gogorra izan zen gure egilearentzat, eta ez zuen ondo hartu etxetik alde egitea.
Maria Fiodorovna, ama, Dostoievskik 16 urte bete zituenean zendu zen. Bi urte geroago, Mikhail Andreevitx, aita, izaera zaileko gizona, iritzi batzuek diotenez atake epileptiko batek eraman zuen; beste batzuen ustez, haren nekazariek hil zuten.
Fiodorrek Ingeniaritza Eskolan ikasi zuen. Ikasleen artean mutiko isila zen, itxia, baina irakurzale amorratuaren ospea hartu zuen. Ingeniari moduan urtebete baino gutxiago aritu zen, eta orduan erabaki zuen buru-bihotzez literaturan jardutea. Urte haietan, modan zegoen estilo erromantiko eta sentimentaletik kanpo ikusten zuen bere burua: talka dramatikoak, tamaina handiko pertsonaiak eta ekintzaz beteriko narrazioak gustatzen zitzaizkion.
1844. urtean, bere lehen lana ikusi zuen paperean: Balzacen itzulpen bat argitaratu zioten. Horrek Dostoievskiren ibilbidea markatu zuen. Ingeniaritza utzi, eta idazteari ekin zion.
Politikaren arloan, 1846an, Maikov familiarengana hurbildu zen Dostoievski, eta noizbehinka Beketov anaien zirkulu literario eta filosofikora joaten zen. 1847ko martxotik apirilera, Mikhail Vasilievitx Butashevitx-Petrashevskiren «ostiral» famatuetako bisitari bihurtu zen Dostoievski. Nekazari eta soldaduentzako panfletoak hedatzeko inprimategi sekretu baten antolaketan ere parte hartu zuen.
1849ko apirilaren 23an, Dostoievski atxilotu zuten; haren artxiboa eraman eta, ziurrenik, suntsitu egin zuten. Dostoievskik, beraren kasua ikertzen zuten bitartean, 8 hilabete eman zituen ziegan, Petro-Pavlosk gotorlekuan, preso politikoak epaitzeko San Petersburgoko presondegi ofizialean. Horretan ausardiaz jokatu zuen, gertakari ugari ezkutatuz eta bere kideen errua ahalik eta gehien arintzen saiatuz. Ikerketak aitortu zuen errudun zela «indarrean zeuden legeak eta estatuaren ordena hankaz gora jartzeko asmoagatik».
Auzitegi militarraren batzordearen hasierako epaiak honako hau zioen: «…Dostoievski ingeniari-teniente erretiratua, erlijioari eta Belinsky idazlearen gobernuari buruzko gutun kriminalaren zabalkundearen berri eman ez zuelako, eta Grigoriev tenientearen osaera maltzurra salatu zuelako, graduak, ohoreak eta estatuko eskubide zibil guztiak ken dakizkion, eta heriotza zigorra tiroz eman dakion».1 Gaur egun, San Petersburgon, beste gauza askoren artean (etxea, hilobia, eleberrietan aipatzen diren kaleak eta plazak), Dostoievskik «bisitatu» zuen ziega ere ikus daiteke, Petro-Pavloski gotorlekuan.
1849ko abenduaren 22an, Dostoievski, beste batzuekin batera, heriotza zigorra betetzeko zain zegoen palazio aurreko desfile zelaian. Azken minutuan, Nikolas I.aren ebazpenaren bidez, exekuzioa 4 urteko lan behartuekin ordezkatu zuten, «eskubide zibil guztiak» kenduta. Omsk-en bete zituen lau urteak, Siberiako hiri batean; bertan, era guztietako iraultzaileekin harremanetan jarri zen. 1857. urtean jaso zuen berriro idazlanak argitaratzeko eskubidea, baina poliziaren jazarpenak bizitza osoan zehar jarraitu zion. Kontzentrazio esparruko «unibertsitate»tik igaro ostean, jadanik idazle heldua eta «kontzientziaduna» zen oso, haren hitzetan:
Harro nago lehen aldiz Errusian gehiengoa den benetako gizona azaleratu eta haren alde itsusia eta tragikoa agerian utzi nuelako. Tragedia itsuskeriaren kontzientzian datza. Neu izan nintzen lur azpiko tragedia atera zuen bakarra, sufrimenduan, auto- zigorretan, onenaren kontzientzian eta hori lortzeko ezintasunean eta, batez ere, mundu guztiak zekarren zorigaizto horien konbentzimendu bizian. Horrelakoa da, eta, beraz, ez du zuzentzea merezi!2
Dostoievskiren bizitzako azken urteetan, haren ospea handitu zen. 1877an, San Petersburgoko Zientzia Akademiako kide izendatu zuten. 1879ko maiatzean, idazlea Londreseko Nazioarteko Literatura Kongresura gonbidatu zuten, eta saio hartan, Nazioarteko Literatura Elkarteko ohorezko batzordeko kide hautatu zuten. Krimena eta zigorraren filosofia eta psikologia, sozialismoaren eta kristautasunaren arteko dilema, Jainkoaren eta deabruaren arteko betiko borroka jendearen arimetan, eta aitaren eta seme-alaben arteko arazo tradizionalak, denak ere literatura errusiar klasikoaren ezaugarriak, agerian dira Dostoievskiren lanetan. Bratia Karamazovy [Karamazov anaiak] lanean, kasurako, delitu kriminal bat munduko «galdera» handiekin eta betiko gai artistiko eta filosofikoekin lotzen da. Bide batez, bitxikeria moduan aipa daiteke Krimena eta zigorra idazlana San Petersburgoko Lastoaren plazatik hurbil dagoen etxebizitza batean idatzi zuela, eta, azken krisialdiaren ondorioz edo, pisu hori errentan eman zen, ohorezko plaka eta guzti. Jakina, San Petersburgo asko aldatu da ehun urte hauetan, izenaz bestera, baina, norbaitek Dostoievskiren izpiritua sentitu nahiko balu, horra hor aukera, zeren bizi liteke idazleak bere lanik ospetsuena burutu zuen gelan.
1881eko urtarrilaren 31n, jende ugari bildu zen idazlearen hiletan. San Petersburgoko Alexander Nevski abadian lurperatuta dago. Hilobitik metro gutxira, Txaikovski musikaria datza, idazle, irakasle, margolari, artista, zientzialari eta beste kulturgile askoren hilobien artean.
Dostoievski itzultzailea
Ez da oso ezaguna, baina Fiodor Mikhailovitxek itzulpen sendo eta bakarra egin zuen, frantsesetik errusierara, idazle ibilbideari ekin baino lehen. Itzulpen horrek, eleberri errealista izanik, haren idaztankera markatu zuen: geroago errealismo errusiarraren bidea zabaldu zuen idazlea Frantziako errealismoaz elikatu zen bete-betean. Zalantzarik gabe, itzulpena «paperean» ikusteak indarra eta kemena eman zion gerokoan bere burua idazle gisa ikusteko.
1844. urtean amaitu zuen Honoré de Balzacen Eugénie Grandet eleberriaren itzulpena, 23 urte bete berri zituela, eta horixe izan zen Dostoievskiri argitaratu zioten lehen lana. Repertuar i panteon [Errepertorioa eta panteoia] aldizkarian osorik argitaratu zen. Argitalpena anonimoa izan zen, baina badakigu egilea Dostoievski izan zela, hala baieztatzen delako anaia Mikhailekin trukatutako gutunetan. Dimitri Grigorovitx idazlearen lagun on eta Ingeniaritza Eskolako kide zenaren memorietan ere egiazta daiteke. Agerian da garai hartako itzultzaileek ez zutela izaten merezi zuten aintzatespenik, baina zer kontatuko dizuet, gaur egun ere badakizue-eta oraindik egoera nolakoa den… Kontua da Eugénie Grandet itzulpenaren ospea nabarmen igo zela 1881ean, idazlea hil ondoren. Pare bat urte geroago, itzulpena Iziashchnaya literatura [Literatura dotorea] aldizkarian berrargitaratu zen. Argitaletxeak Eugénie Grandeten azken bertsioarekin alderatu zuen Dostoievskiren testua; inkoherentziak aurkitu, eta (itxuraz, Balzac errespetatzea erabaki zuten) aldaketa txikiak egin zituen: kapituluetako banaketa kendu, eta estiloarekin lan egin zuten. 1897an, testua berriro argitaratu zen aldizkari berean, Atzerriko Idazle Hautatuen Bilduman. Editorea oraindik ere ez omen zegoen oso pozik itzulpenarekin, eta ostera ere hizkuntza zuzentzea erabaki zuen.
Sobietar Batasunaren garaian, 1935. urtean, Leonid Grossmanen esku beste behin argitaratu zen itzulpena. Testua berriro landu zen, eta, horrez gain, erredaktorearen iruzkinak gehitu ziren. Hitzaurrean adierazten digutenez:
Hasierako helburua hutsune guztiak betetzea izan zen, bai Dostoievskik narrazioaren hasierako edizioan erabili zituen baliabideak, bai garaiko zentsurak eta editorialek egindako mozketaren ondorioz gertatu ziren hutsuneak, eta, azkenik, baita itzultzailearen beraren gogoetek eragindako hutsuneak ere. (…) Dostoievskiren testuan sartu ziren akatsak zuzentzea ere beharrezkoa zela uste genuen. Eleberriaren izenak eta beste datu guztiak transferitu genituenean Balzacen proiektu handiaren azken testuan, Giza Komedia sartu genuen, gai horretan idazle frantsesaren «azken borondatea» betetzea zuzenagoa zela iritzita.3
Grossmanek, alde batetik, kapitulukako banaketa itzuli zion eleberriari, Dostoievskik egin zuen moduan; bestetik, testuen edizioarekin jarraitu zuen, estiloa eta zenbait datu zuzentzen. 2007an, Azbuka-Klassika argitaletxeak Grossmanen liburua berriro inprimatu zuen, inolako aldaketarik egin gabe. Edizio hori San Petersburgoko dendetan aurki daiteke egun, baina, Dostoievskiren izena agertuagatik itzultzaile gisa, jakin ezazue ez dela Dostoievskiren jatorrizko testua, urteen poderioz sortu den edizio hibrido bat baizik.
Itzulpena argitaratu ostean, Dostoievskik ibilbide luze eta emankor bati ekin zion, eta hala idatzi zuen Bednie liudi [Gixajoak] eleberria; Puxkinen «Shinel» (Postetxeko begiralea) ipuinarekin eta Gogolen Longaina narrazioarekin lotura zuzena du lan horrek, eta, egileak berak azpimarratu zuenez, aparteko arrakasta izan zuen. Garai hartan, idazle handi biak, Puxkin eta Gogol, San Petersburgon bizi ziren. Zirriborro fisiologiko baten tradizioetan oinarrituta, Dostoievskik «San Petersburgoko bazterretan» biztanle «zapaldu»ak bizi zuenaren irudi errealista bat sortu zuen: kaleko eskaleetatik jauregiko «bikaintasun»era, bere garaiko klase sozialen galeria bat eskaintzen digu.
Dostoievskiren itzultzaileak
Ulertzekoa denez, idazle handia izanda, haren lanak globalizazioaren aurreko «globalizazioa» bizi izan zuen, munduko hizkuntza askotara itzuli baita, euskarara ere bai. Zenbait itzultzaile aipatzeagatik, zerrenda bat egin dut, baina aldiz aurretik azpimarratu behar dut zerrenda bidegabea dela, beti geratuko delako kanpoan merezimendu guztiak dituen norbait. Hona hemen itzultzaileen izenak eta xede hizkuntza (jatorrizko hizkuntza errusiera da kasu gehienetan): Hans Boland (nederlandera); Larisa Volokhonskaia, Constance Clara Garnett (ingelesa); Walborg Maria Hedberg (suediera); Svetlana Geier, E. K. Razin (alemana); Josep Maria Güell, Miquel Cabal, Anna Soler, Reyes García, Teresa Camañes (katalana); Ekaterina Guerbek (galegoa); José Laín Entralgo, Juan López Morillas (gaztelania). Zerrenda ad infinitum eta harago luza liteke, eta ziur asko izen garrantzitsu asko faltako dira. Euskarari dagokionez, hauek dira Dostoievski gure hizkuntzara ekarri duten itzultzaileak:
Jesus Mari Lasa: Bihotz ahula, 1984 (Hordago eta Lur)
Anton Garikano: Jokalaria, 1993 (Literatura Unibertsala bilduma, Ibaizabal)
Josu Zabaleta: Krokodiloa, 2020 (Booktegi)
Itzulpenen harira, bitxikeriak, anekdotak eta gertaerak ehunka dira. Badakizue itzulpenaren mundua oso dinamikoa dela: sarri askotan zorabiagarria ere gerta daiteke. Esaterako, Krimena eta zigorra izenburua gutxienez hiru modutara itzuli da alemanez: Schuld und Sühne, Verbrechen und Strafe eta Rodion Raskolnikoff. Izenen transkribapenari dagokionez ere, aldaerak zenbatezinak izan litezke, alemanetik atera gabe: Raskolnikow/Raskolnikoff; Marmeladow/Marmeladoff; Sonjetschka/Ssonjetschka; Swidrigailow/Sswidrigailoff; Lushin/Luschin… Izenak berak esanahia dakarkio pertsonaiari askotan, eta hori itzulpenean, zoritxarrez, ezin diogu eman irakurleari; esaterako errusiar irakurle batek Raskolnikov desadostasunarekin, apurketarekin edo erlijioko apostasiarekin lotzen du berehala, eta hori, zoritxarrez, galtzen da itzulpenean. Marmeladov marmeladarekin lotzen da, etab. Errusiako errealitateak ere eragina dauka itzulpenean; esaterako, «Raskolnikov bizi da bosgarren solairuan» dio testuak, baina bosgarren hori laugarrena da guretzat, gure errealitatean honela zenbatzen dugu eta: solairu nagusia, lehena, bigarrena, hirugarrena… Errusian, berriz, lehenengotik hasten dira zenbatzen; horregatik, alemanaren zenbait ediziotan, Raskolnikov bosgarren solairuan bizi da (jatorrizko testuan hitzez hitz agertzen den bezala), eta beste batzuetan laugarrenean (gure zenbatzeko moduari dagokion pisua, hain zuzen ere). Zeuk, itzultzaile maitea, zein aukera hartuko zenuke? Testuan «hitzez hitz» idatzita dagoena («bosgarren solairuan bizi da») edo gure errealitatera moldatzen dena («laugarren solairuan bizi da»)? Badakigu itzulpenaren arrakasta hautaketa egokiak egitean datzala; horregatik, itzultzaile bakoitzak bere aukera egiten du, eta hortik itzulpen arrakastatsua, edo ez, sortzen da. Itzultzaileak, nor bere estiloaren arabera, saiatzen dira jatorrizko testuaren errealitatea islatzen itzulpenean; adibidez, Fiodorrek zera idatzi zuen: «Jostunak, arotzak, sukaldariak, aleman batzuk». Itzultzaile alemanak, berriz, zera dio: «Zenbait lanbidetako alemanak: jostunak, arotzak, sukaldariak».
Baina, formaz gain, hondoa ere garrantzizkoa da itzulpenean. Fiodor Dostoievki idazle «goibela» zen; horregatik, ez zuten (eta ez dute) errusiar guztiek maite. Zenbait ikertzailek uste du errusiar mitologiaren sortzailea dela; besteak beste, hala baieztatzen du Arthur Möller van den Broek-ek bere lanetan.
Dostoievski da, agian, errusiar idazle ezagunena eta irakurriena. Dostoievskiren prosa ezaguna da munduan, Lev Tolstoiren prosa baino gehiago eta, jakina, Puxkinen prosa baino askoz ere gehiago. Lev Tolstoi maitatua eta estimatua da Frantzian (esate baterako, Gerra eta bakearen pasarte frantses luzeak), baina, adibidez, alemaniarrentzat, erromantizismoak, sublimazioak, pertsonaia platonikoak, gizonaren eta emakumearen arteko harremanek edo bikoteak pisua dute, hots, hurbilagokoak zaizkie Dostoievskiren pertsonaia sendo eta borobilak.
Idazlea hil zenetik 133 urte igaro dira. Dostoievski bera europar bihurtu zen, kontzientzia kulturalaren mito gisa, zeina Errusiaren ezaugarrietako bat baita, eta, bisita-txartelean, etiketa eta topiko itsaskor batzuk jar dakizkioke («mistiko ortodoxoa», «errusiar arimaren bozeramailea», «antisemita»…).
Eleberri bikainek bizitza propioa bizi ohi dute, beren egileak bizirik iraunarazten dituzte; zubi batek bere arkitektoak gainditzen ditu normalean, eta zubiak bezala bi ertz konektatzen ditu, itzultzailearen laguntzaz: amodio bikainek aukera ematen diote bi kulturaren arteko ulermenari. Adierazpen kulturalek zibilizazioen arteko elkarrizketa bat egiteko itxaropena pizten dute. Harrigarria bada ere, sarritan, dagoeneko hilak diren idazleak zubi espiritualen eraikitzaile onenak izan daitezke, politikari biziak eta aktiboak baino are gehiago.
Laburtu dezagun gure analisia. Idazlea hil zen garaitik, Dostoievski munduko hizkuntza askotara itzuli dute, eta horrek tradizio aberats eta jarraitua sortu du. Gehienetan, kalitate handiko itzulpenak dira: egileek erronka artistiko gehienak gaindituz erantzun dute. Garrantzitsua da kontuan izatea bi itzulpen estrategien artean –hots, literaltasuna (literala, zehatza) eta artistikoa– ingeleseko eta alemaneko itzultzaileek normalean artearen aldeko hautua egin dutela. Itzulpenek garrantzi izugarria dute Errusiako kultura munduan sustatzeari begira, kasu honetan Dostoievskiren idazlumaren laguntzaz.
Euskaraz, hutsuneak nabariak dira: Krimena eta zigorra, Karamazov anaiak, Idiot [Ergela]… Asko dira Dostoievskik emandakoak, gutxi euskaratutakoak.
Orain arteko itzultzaileen esperientzian oinarrituta, etorkizuneko errusiar idazlearen itzulpenak arrakastatsuagoak eta beteagoak izan daitezkeelakoan nago. Dena dela, Dostoievskiren itzulpenak gauzatzeko estrategia onenen gaia haren ikerlariaren zain geratzen da oraindik.
1. Egilearen itzulpena.
2. Egilearen itzulpena.
3. Egilearen itzulpena.