Itzultzen ez dakien honek
Itzultzen erakutsi nahi izan didate, alegia itzulpenak egiten, bart eta herenegun, Gasteizko hondartzetan. Edo nik erakutsi nahi izan diet itzultzaileei nola itzultzen den testuaren hastapenera, sorrerara, leize haurtzarokora. Ipuinetan barneratu gara oinutsik eta aske, eta esaldi bakoitzak eragozten zigun basoa ikusten, zer ezkutatzen den gerundio gaizki erabili baten burukoan. Baina itzultzaileak ezin du etsi bere lanean, aldatu beharrak dauzka hitzak beste hizkuntza baten maitasun eta soinuetara, samurtasunez eta ez oldarka, egonarri esan ezin halako batez. Autoitzulpena saiatu dut nik ahoko minez, eta itzultzaileek, berriz, auzoitzulpena. Bi bideetatik Erromara iritsi gara guztiok, baina ez Vatikanora. Vatikanoa lizentzi honetan perfekzioa litzateke, kimera urdin hori. Eta ez dugu Vatikanoa jo, jakina, eta ezta beharrik ere. Lagunok ulerrarazi didatena da beste hizkuntza batean berdin-berdin maita litekeela edo bizi, jatorrian esaten dena zuzen esaten bada, edo zuzenago ahal bada. Neuretzat izan dira loreak, baina xortatik bana eurentzat dira. To, gorrienak.