Hiazinto Fernandorena, beti euskaraz bizitzeko ereduak asmatzen, sortzen eta garatzen
Artikulu honetan, egileak bere bizitzan zehar, eta euskalgintza tarteko, Hiazinto Fernandorenarekin izandako harremanen berri ematen du, batetik, eta harreman horien inguruan euskalgintzak berak izandako bilakaera aipatzen du, bestetik. Hiazintoz idatzitako biografia liburuaren berri emateaz gainera, berak harekin izandako lau harreman aldi aipatzen ditu: 1968ko alfabetatze-kanpaina, Batasunaren kutxa liburua, historia euskaratzeko elkarlana eta Udaleko itzultzaile garaia. Horiez gainera, Hiazintoren ikastola arloko sorkuntza eta garapen lanak, euskarazko testugintza eta ikasmaterialak, Gordailu argitaletxea eta bestelako zaletasunak ere izan ditu hizpide, hala nola bidaiak eta erlezaintza.
Ni ez naiz ziurrenik Hiazintoz idazteko pertsonarik aproposena, baina, EIZIEko bazkide izanda eskaera egin zaidanez, ukatzeko arrazoirik ere ez dut; beraz, saiatuko naiz nik ezagutu nuen heinean zerbait azaltzen. Zer gutxiagorik arlo batean baino gehiagotan itzultzaile kide eta batzuetan euskalgintzako kide ere izandakoari eskaintzeko. Gogoratu beharra dago, gainera, EIZIEk ohorezko bazkide izendatu zuela 2002an, beste itzultzaile batzuekin batera, eta elkarteak argitaratutako Itzulpen Antologia III liburuan tokia eskaini ziola, frantsesetik itzulitako liburu bateko zati bat argitaratuz, «Zuberoa Aro Modernoan» izenburupean. Beraz, itzultzaile moduan soil soilik ere artikulu bat ondo merezia duen pertsona da. Baina On Jazinto, Jaxinto edo Hiazinto ez zen itzultzailea soilik izan.
Hiazinto Fernandorena Setien (Urnieta, 1930-06-29) 2017ko urtarrilaren 7an hil zen, larunbatean, 86 urte zituela. Goian bego! Hurrengo egun osoan, beilatokian egon zen gorpua, eta hileta elizkizuna astelehenean egin zen, hilaren 9an, Urnietako Mikel Goiaingeruaren elizan, eliza jendez bete betea zela. Hain zuzen ere, hiletara joanda jabetu nintzen haren biografiarekin argitaratutako liburuaz, eliz atarian jarritako mahaian eduki baitzituzten azken aleak lazkaotar fin batzuek, hartu nahi zituztenei banatzeko. Damurik, nik ez nuen lehenago liburuaren berririk, baina egile prestu batzuek egin eta argitaratua zuten, 2015ean (Aranburu 2015).
Hiazintoren biografia
Pertsonaz eta haren lanaz informazio zehatza nahi lukeenak, zorionez, badu non irakurri, eta ni ez naiz hasiko hemen dagoeneko ederki idatzita eta adierazita daudenak berriro aipatzen (hainbat datu hartzeko erabili ditudan arren), baina, nire xumetasunetik eta nire baztertxotik zerbait esatekotan, izenburuan jarritakoa esango nuke hartaz: beti euskaraz bizitzeko ereduak asmatzen, sortzen eta garatzen jardun zuela. Zerbaitetan eredu izatekotan, nire ustez, horretan izan zen, eta ildo horretan nabarmendu zen, beste hainbat jardunen artean, bereziki idaztea, itzultzea eta argitaratzea zaila zen garai batean, baina betiere euskaldunok euskaraz bizitzeko baliabideak sortzea helburu.
Aipatutako liburuan esaten denez, 1959an etorri zen Lazkaoko San Migel parrokiara, apaiz izendatuta. Urte haiek oso interesgarriak izan ziren Eliza katolikoarentzat. 1959tik 1965era bitartean egin zen Vatikanoko II. Kontzilioa, Erroman, Joan XXIII.a Aita Santuak deituta (Aranburu 2015: 53. or. eta ondorengoak). Kontzilio hark aldaketak eragin zituen Eliza katolikoaren jardunean; nabarmenena, beharbada, elizkizunak herri hizkuntzetan egitea eta apaizek elizkizunak herritarrei begira egitea. Baina bestelakorik ere ekarri zuen, eta aldaketa handiagoak ere ekartzeko bidean izan ginen, baina, azkenean, erdibidean galdu, eta ez ziren gauzatu. Aldi berean, Joan XXIII.a Aita Santuaren beraren Pacem in terris [Bakea lurraldeetan] entziklika sonatua kaleratu zen (1963 04 11n). Euskarazko itzulpenak ere berehala ikusi zuen argia, eta eragin handia izan zuen euskaldunen mundutxoan, Euskal Herriaren gisako nazioen eta herritarren eskubideez ere baziharduelako. Hiazinto bete betean harrapatu zuen giro hark, eta ildo hari jarraitzen ere ahalegindu zen gero. Tamalez, hegoak gauza askori moztu zitzaizkien gero, eta gelditu zena gelditu zen. Orduan, Don Jazinto Fernandez Setien Lazkaora iritsi zen, eta, Lazkaoko herrigunetik kilometro batera jaio eta bizi izan naizenez beti, Lazkaoko Don Jazinto apaiz gisa ezagutu nuen nik ere, besterik gabe, aro hartan eta zehazki ez dakidan urteren batetik aurrera noski. Baina, aurrez aurre eta pertsona gisa, lehenengo harremana 1968an izan nuen berarekin, Euskaltzaindiak Rikardo Arregi zenaren eta beste batzuen eraginez antolatu zuen alfabetatze-kanpaina zela eta.
Euskaltzaindiak antolatutako alfabetatze-kanpaina
Egoera hartan iritsi zen 1968ko alfabetatze-kanpaina hura, eta euskalduntze lanetan irakasle genbiltzanon hizkuntza-beharrak asetzen hasteko bederen balio izan zuen. Hala ere, ez asetzeko adina, oso oinarrizko gauzak soilik ikasi baikenituen; izan ere, euskara batuaren proiektua artean hastapenetan zenez, ortografiako azken erabakiak berak ere hartu gabe zeuden. Nolanahi ere, hasiera behintzat eman genion geure hizkuntzaren ikasketa bideari, eta geroago etengabe ikasten jarraitzeko oinarri izan genuen hura. Ez da gutxi.
Beraz, esan bezala, 1968ko alfabetatze-kanpainan, Goierriko irakasleak hizkuntzaalfabetatzean trebatzeko ikastaroa Beasainen eman zen, martxoan eta apirilean, La Salle ikastetxean (Sarriegi 2000: 32). Ikastaroaren amaieran, On Manuel Lekuona euskaltzainburuak berak banatu zituen diplomak. Nik ikastaro hartan ezagutu nuen hurbiletik orduko On Jazinto edo, lagunartean deitu ohi zioten bezala, Jaxinto. Ikastaro hartako gure irakasle nagusiak Lazkaoko Joxe Mari Aranburu eta Jaxinto Fernandez Setien bera izan ziren, Joxe Manuel Irizarrekin batera; alegia, 1962tik 1964ra, Lazkaoko beneditarretan, goizeko 7:30ean emandako ikastaroetan ikasten jardundakoak (Sarriegi 2000: 18). Egia esateko, garai hartan, izugarrizko maila zuten maisuak ziren guretzat.
Ikasitako gauza apurrekin, Goierriko herri askotan eman genituen hilabeteko edo bi hilabeteko alfabetatze eskolak, eta, nire kasuan, Beasainen jardun nuen, bai 1968an bertan, baita hurrengo urteetan ere. Zoritxarrez, oso euskaldun gutxi kezkatu zen garai hartan oinarrizko gai haiek ikasteaz, eta, Beasainen behintzat, ikasle taldetxoren bat edo beste soilik izan genuen ekitaldi bakoitzean. Proportzioan, askoz ere lan gehiago egin genuen euskalduntze taldeekin, urtero eta ikasturte osoan zehar jardun baikenuen handik aurrera, etenik gabe.
Batasunaren kutxa
Baionan, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako idazleek eta garai hartan Hegoaldean sartu ezin ziren beste idazle batzuek sinatu zuten, eta Eibarren, maiatzaren 1ean, beste hainbat idazlek eta oso idazle izan gabe ere alfabetatze-lanetan sartuak genbiltzanetako batzuek. Gerora esan izan den moduan, mugimendu hura ezinbestekoa eta funtsezkoa izan zen Euskaltzaindiak euskara batuaren ildoan pausoak ematen jarraitzeko.
Hain zuzen ere, Joxe Mari Aranburu eta Jaxinto Fernandez Setien ere ageri dira liburu horren sinatzaileen artean, 15. orrialdean. Ni neu ere agertzen naiz, baina, egiari zor, haiek sinadura ezagutza osoz eman zuten arren, nire orduko sinadurak hizkuntzaren ezagutza eta irizpidea baino gehiago lanerako eredu baten beharra aldarrikatu zuen. Ikasgelan sartu eta berehala ikusten genuen erabakitako forma jakin, zehatz eta estandarren beharra. Bestela ez zegoen amaren seme eta alabarik zerbait zehatzik irakats zezakeenik. Hala ere, esan beharra dago urte gehiegi igaro zirela gure gau-eskoletan eta orduko ikastoletan Euskaltzaindiak gai batzuetan forma zehatz eta jakinak erabaki zain.
Han izan nuen aukera Hiazinto euskararen arloan gehixeago ezagutzeko. Eibarko biltzarra mugitu samarra izan zen, baina Hiazintok, Joxe Marik eta beste kide langile eta prestatu batzuek tentu eta sen on handiz eutsi zioten biltzarraren lemari, beste askorekin batera (gogoan ditut, halaber, han ezagutu nituen Patxi Altuna, Imanol Laspiur, Serafin Basauri, Kepa Enbeita eta gisako irakasle eta alfabetatzaile handi, trebe eta zorrotzak).
Zalantzarik handiena, une hartan, aditzak (laguntzaileak bereziki) sortzen zuen batasunzaleen artean ere. Horregatik, proposamenaren egileak ere (lapurteraren erroen aldekoak), artean bederen, aditz laguntzailearen eredu bakarra proposatzera ausartu ez, eta bi proposatu zituzten, liburuan agertzen den moduan: aditz erroa hobeto gordea zuen lapurteraren eredua eta aditz-erroa galduagoa zuen gipuzkera osotua: dauzkizugu/dizkizugu ereduak, alegia. Geroago, Euskaltzaindiak gipuzkera osotuaren aldeko hautua egin zuen, Mitxelenaren ildotik (dizkizugu hobetsi zuen). Konpromisoari zintzo heldu zion Hiazintok: hitzemate haren ondoren, Euskaltzaindiak azken erabakia hartu zuen arte, lapurteraren erroko proposamena erabiltzen zuen (dauzkizugu eta gisakoak) –meza ematean, adibidez–, liburu eta testuetan bestelakoak agertu arren. Hura prest zegoen, beste asko ez bezala, bere ustez erro oneko batasun zorrotz eta zuzena egiteagatik bere aditz naturalak aldatzeko eta berriak hartzeko, eta baita herritarrei irakasten saiatzeko ere.
Euskaltzain urgazle
Aipatu beharra dago, halaber, 1966an euskaltzain urgazle egin zutela, Manuel Lekuona euskaltzainburuaren deiaren eta Joxe Migel Barandiaranen erreguaren ondorioz (Aranburu 2015: 63 eta ondorengoak). Beraz, Euskaltzaindiaren jardunak barrutik ezagutu eta bizi izan zituen. Zalantzarik ez da noski esateko Hiazintoren eta haren gisakoen bultzada ezinbestekoa izan zela 1968an Rikardo Arregi zenak eskatuta Euskaltzaindiak antolatutako alfabetatze-kanpaina bat egin zedin ere, eta, zer esanik ez, baita euskara batuaren lehen arauen hautua egin zedin ere. 1968tik 1978ra Euskaltzaindiak euskara batuaren arloan egindako lana eta hartutako erabakiak Hiazintori eta haren antzeko bultzatzaile eta langileei zor zaizkie hein handi batean. Horren froga bat gehiago da 1980ko uztailaren 1etik 8ra Israelera egindako bidaia, Imanol Berriatua euskaltzainak antolatuta. Zenbait euskaltzain oso, urgazle eta irakasle elkarrekin joan ziren Israelera, hebreera berpizteko miraria nola gauzatzen ari zen ikustera. Hiazintok ere parte hartu zuen bidaia hartan. Euskal Herriko 50 bat lagun izan ziren guztira, eta, besteak beste, hebreera ikasteko barnetegiak (ulpanak) eta nekazaritzako kooperatibak (kibbutzak) bisitatu zituzten.
Lazkaon, Goierrin eta Euskal Herrian jardunean
Baina Hiazinto ez zen mugatu elizako eginkizunak bete, katekesian jardun, orduan oso biziak ziren parrokiako eliztarren eta apaizen mugimenduak jarraitu eta ilunabarrean alfabetatze eskolak ematera. Hemen aipatu soilik egingo dut, baina ezinbestekoa da ikastolen inguruan egindako lana aipatzea ere (Aranburu 2015: 77 eta ondorengoak). Ordurako, 1963an, guraso batzuekin bat eginda, Lazkaoko San Migel parrokia ikastola sortua zuen, Goierriko lehenengoa, baina ez zen konformatu hura sortze hutsarekin. Haren kezka nagusienetakoa izan zen beti euskarazko ikasmaterialak sortzea, ikasmaterial horiek euskaraz lantzea erdaraz eskolatutako irakasle euskaldunekin, gazte euskaldunak eta irakasleak euskaraz trebatzea, ikastolako umeak euskara erabiltzen eta euskaraz bizitzen ohitzea, gurasoak euskaraz alfabetatzea, eta abar. Horregatik, lehen aipatutako alfabetatze horien garaian, adibidez, Goierriko ikastoletako irakasleei eskolak ematen zizkien, ilunabarretan, Beasainen (Alkartasuna Lizeo zaharrean), Joxe Mari Aranbururekin eta beste batzuekin batera, edota haurrentzako eta ikasleentzako udalekuak antolatu eta haietaz arduratu zen buru belarri hainbat urtetan, gurasoekin batera, edota Gordailu argitaletxea eta denda sortu zituen, euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta saltzeko, Donostian, 1969an. Gordailuren inguruan osatu zen lantaldeak harreman handia izan zuen pedagogia arloko Escola Catalana taldearekin eta bereziki orduko ikastoletako Irakasle Elkartearekin.
Hori guztia eta gehiago egiten jardun zuen 1963tik 1980 ingurura arte. Euskalgintzako hainbat diziplinatan jardun zuen, eta esaldi gutxi batzuetan laburbilduko nuke arlo horretan zeukan filosofia:
– Euskaraz bizi ahal izateko, euskaraz falta zen edozein jakintza arloko materiala sortu.
Berak eta beraren ingurukoek sor bazezaketen, sortu; baina, ezin zutenean,
gaztelaniatik edo erdaretatik euskaratu eta, ondoren, argitaratu.
– Euskal Herriaz, Euskal Herriko gaiez zein beste gaiez idatzi, Euskal Herriko ikuspegiarekin,
euskaraz. Halako gaiak eta beste batzuk ez utzi espainiar eta frantsesen irizpideen eskuetan.
Orduan ez ezik, gaur egun ere, gure irakasmunduko arazo larrienetakoa da ikasmaterialena.
Euskaraz argitaratu arren, 2015ean argitaratutako ikasmaterialen % 33,3 soilik izan zen hemengo
argitaletxeek sortua (Torrealdai 2016: 133 eta ondorengoak).
– Euskaraz bizi ahal izateko falta zen funtsezko edozer sortu. Horrek eragin zion noski 1963an
Lazkaoko San Migel ikastola sortzeko adorea, edota ikastola orduak nahikotzat jo ez eta
berehala udako opor luzeetarako euskarazko (ez ingelesezkoak, orain batzuek egiten
duten bezala) udalekuak antolatzekoa.
– Ezina ekinez egina esaldia edozein arlotan erabili. Gauza bat da ideia pentsatzea eta beste
bat traba guztien gainetik -eta, askotan, traba handien gainetik hura gauzatzea.
Hiazinto ez zen gelditzen hura gauzatu arte.
Luza litezke atalak, baina, nire ustez, adierazi dut haren bizi filosofiaren muin nagusia.
Muturrekoak
Ekintzaile handi guztiei gertatzen zaien moduan, Hiazintok ere jaso zituen muturreko batzuk bere proiektu eta eginkizunen arloan, eta haietako bi bederen ezin dira aipatu gabe utzi:
– 1969an, San Migel ikastola itxi zuten, Oltra Moltó gobernadore zibilaren aginduz.
Kolpe itzela izan zen berarentzat eta ingurukoentzat. San Benito komenentziazko ikastola
izen eta jardun berriarekin ireki behar izan zuten berriro, Lazkaon
(Aranburu 2015: 92 eta ondorengoak). Horrek eztabaida handiak sortu zituen herrian
garai hartan.
– 1972an, parrokiako katekesi eginkizunak kentzen hasi, eta, apurka apurka, azkenerako
Lazkaomendiko ermitako meza ematera baztertu zuten (Aranburu 2015: 58).
Era berean, biografian esaten da 1985ean parrokiatik alde egitera behartu zutela (67. or.).
Baina hemen ez dut arlo hori gehiago sakonduko; haren bizitzako xehetasun gehiago jakin nahi dituenak jo dezala aipatutako biografiara edo azterketa sakonagoetara.
Hiazinto idazle, itzultzaile eta argitaratzaile
Oso zaila zait haren lanak osotasunean aipatzea, baina esanguratsuenak bederen aipatuko ditut (Aranburu 2015: 141 eta ondorengoak).
– Boga-boga kantu liburua. Donostiako Apaizgaitegian argitaratu zen, 1959an, eta arrakasta
handia izan zuen. Geroztik, hainbat aldiz berrargitaratu da. Hiru apaizgaik egin zuten:
Boni Urkizuk, Iñaki Ugaldek eta Hiazinto Fernandorenak (Aranburu 2015: 37).
– 1965ean, Jakin aldizkarian, «Pertsonaren aukeramena eta Pacem in terris» artikulua argitaratu
zuen, eta Elizaren aire berrien ildoan kokatu zen.
– 1969an, Ikastola hiztegia argitaratu zuen, berak sortutako Gordailu argitaletxean. Argitaletxeko
sailen arduradun izan ziren Hiazinto bera, Antton Amondarain eta Jose Luis Lizundia, eta,
gainera, idazle-talde bat ere bildu zuten: Jesus Mari Arrieta, Mikel Ugalde, Jon Gortari,
Daniel Ibargoiti, Daniel Zulaika, Jesus Altuna eta beste batzuk (Aranburu 2015: 142-143).
– 1972an, lau liburu idatzi eta argitaratu zituen Gordailun: Onddoak, Ogia, Erleak
eta eztia eta Olentzero.
– 1975ean, 13 liburu argitaratu zituen, Gordailun: Durangaldea, Goiherri, Iparragirre,
Jose Paulo Ulibarri, Euskal Herriaren historia I, Haitzuloetako euskal gizona, Laborantza,
Arrantza, Industria, Janariak, Edariak, Ugaztunak, Narraztiak eta Ur-lurtarrak.
Lehen aipatutako taldeak lan emankorra egin zuen, eta, tartean,
Hiazintok, noski. Geroago, beste batzuk ere argitaratu zituen Gordailuk: Baztan eta Bidasoa,
Gasteiz, Orreagako gudua, Burdina eta altzairua, Intsektuak, Euskal Herriaren historia II, etab.
Historiakoak idazten bereziki parte hartu zuen Hiazintok.
– Gordailuk Irakasle Elkartearekin lan egin zuen, eta material didaktikoak eta jostailuak ere sortu
zituzten. Haurride izeneko dendaren bidez ezagutu ziren materialok, eta, bolada batean,
arrakasta ere izan zuten merkatuan, besteetan erabat desberdinak baitziren.
– Irakasle Elkartearen Idazketa hiztegia ere argitaratu zuten, 1974an, Hiazintok eta Antton
Amondarainek, beste batzuen laguntzarekin.
– Sikomotrizitate heziketa. 1971. Rosa Sensaten liburua itzuli zuen Hiazintok euskarara.
– 1971n, halaber, Euskal Herriko historiaren laburpena argitaratu zuen Donostiako EKT taldeak.
Fernando Zabalak eta J. A. Iglesiasek idatzi zuten, eta Hiazinto Fernandorenak,
Xalbador Garmendiak eta Andoni Sarriegik euskaratu.
– Halaber, Valentziako Gaisak argitaratutako Walt Disneyren entziklopedia Gauza harrigarriak
izeneko entziklopedia moduan argitaratu zen euskaraz, eta Txorien gauza harrigarriak izeneko<
alea Hiazintok euskaratuta atera zen.
– Schiller en Gilen Tell liburua ere Hiazintok euskaratu zuen. Suitzaren historia eta mitologia
nahasian dituena da. Gero argitaletxearen Kimu sailean argitaratu zen, 1979an.
– «Gordailu eta euskal pedagogia» artikulua argitaratu zuen Hiazintok 1979an (Jakin 11).
Gordailuz, pedagogiaz, irakaskuntzaz, ideologiez, barneko eta kanpoko arazoez eta
euskalgintzan beti arazo izan den ekonomia auziaz dihardu.
– Zuberoa Aro Modernoan argitaratu zuen Gaiak argitaletxean, 1995ean. Zuberoako historiaz
Christian Despletek idatzitakoa frantsesetik itzuli zuen Hiazintok. Liburu horretatik
aukeratutako zati bat argitaratu zuen EIZIEk Itzulpen Antologia III liburuan, Hiazinto beste
itzultzaile batzuekin batera ohorezko bazkide izendatu ondoren egindako argitalpenean.
– Gure baserriak. Hernani. 2003an argitaratua. Egileak: Hiazinto Fernandorena Setien eta
Maria Jesus Iartza Martiarena (Aranburu 2015: 163).
– Iritzi-artikuluak argitaratu zituen Aiurri aldizkarian, 2006tik 2011ra bitartean (Aranburu 2015: 164).
– Jaidura izeneko itzulpen taldea ere sortu eta eragin zuen, beste batzuekin batera,
Donostia aldean.
– Aipatutako lanez gainera, hainbat itzulpen lan eta bestelakoak ere egin zituen Hiazintok bere
bizitzan zehar, hainbat talde eta enpresarentzat. Baita, besteak beste, Etor, Sendoa, Erein eta
Gaiak argitaletxeentzat ere. Bereziki landu eta itzuli zituen geografiako, historiako eta
erlijioko idazlanak.
Aipatu dudan moduan, entziklopedia, historia, geografia eta gisako lan handien atalak euskaratzen askotan jardun zuen Hiazintok. Euskal Herriaren historiaren laburpena euskaratzean, adibidez, jardunez gainezka zebilela eta, epe arazoren bat tarteko, laguntza eskatu eta neuk ere lagundu nion itzulpen haren zati bat egiten. Horregatik agertzen da nire izena ere liburu horretan, eta orduan izan nuen hirugarren aldiz zuzeneko harremana berarekin.
Hernaniko Udalean itzultzaile
Bere biografian agertzen denez, 1981etik 1994ra jardun zuen Hernaniko Udalean itzultzaile lanetan (Aranburu 2015: 169. or. eta ondorengoak)1. Aurretik, ordea, Martuteneko Itzultzaile Eskolan aritu zen, lehenaz gainera itzulpen-ikasketa bereziak egin eta profesionalki prestatzen. Ni neu antzeko eginkizunetan aritu nintzen aldi horretan, Beasaingo Udalean, eta, tarteka, bileraren batean edo bestean topo egin genuen. Laugarren aldiz izan nuen haietan zuzeneko harremana berarekin. Espainierazko administrazio idazkera, beste askori legez, okaztagarria gertatzen zitzaion, barrokotasunarengatik, eta, itzulpenetan eskarmentu handia zuen arren, amorrua zion nahitaez halako estiloan euskaratu eta testu konplexuegiak sortze horri. Berak soilago eta ulergarriago idaztea zuen helburu, eta horri eusten zion beti. Ez zuen alferrik jardun hainbeste urtetan irakaskuntzaren inguruko pedagogia lanak argitaratzen. Horretan bazuen talentua eta eskarmentua. Administrazioko espainierazko hizkera, hain zuzen, horren aurkakoa zen, eta esango nuke gaur egun ere hizkera hori halakoa dela hein batean. Madrilen bertan ere, espainieraz beste era batera idazteko mugimenduak aspaldixko sortuak dira, baina ez dakit administrazioan eta epaile, legegile eta abokatuen artean arrakastarik izatera iritsi diren.
Ez naiz hemen errepikatzen hasiko Hiazintoren biografian Hernaniko alkate batzuek, zinegotziek eta bestek esandakoak. Liburuan daude, irakurri nahi dituenarentzat. Baina liburuko izenburuak aipatuko ditut, eta horrekin nahikoa dela deritzot.
- Nortasun handiko pertsona
- Itzultzaile ofizioz baina euskara ipar
- Funtzionarioa ote?
- Espiritu kritikoa
- Besteak arrazoiz eta pazientziaz konbentzitzeko grina
- Ekimen sozialetan ekintzaile, etab.
Aipamen horiek argi eta garbi ematen dute, nire ustez, Udaleko eta herriko lanaren inguruan izandako jarreraren berri.
Beste zaletasun batzuk
Zaletasunen artean nagusienetakoa erlezaintza izan zuen, eta hartan ere jardun zuen (Aranburu 2015: 174 eta ondorengoak). 1972an, Erleak eta eztia idatzi eta argitaratu zuen, eta haiekiko ezagutza ere ukaezina zuen. Baina, ezagutza ez ezik, erleak ere eduki zituen, eta, 1987tik 2003ra bederen, Gipuzkoako Erlezain Elkarteko bazkide izan zen. Gainera, artikuluak idatzi zituen Erlazantzan, elkartearen aldizkarian. 500 bat bazkide zituen elkarteak; hango lehendakari ere izan zen, eta aldizkariari bizitasuna eman zion bere garaian. Nikaraguan eta Malin ere izan zen, eta, bidaia haietan, erleen kontuez eta erleekin ere jardun zuen. Horretan ere, ordea, arazoak sortu ziren; bi elkarte eratu, eta interes desberdinak gurutzatu ziren, eta desadostasunak sortu ziren ezti motei buruzko zehaztasunetan, baina eten nagusia Foru Aldundiaren diru laguntzen banaketaren ondorioz sortu zen.
Beste zaletasunetako bat bidaiatzea izan zuen, eta, Nikaraguara eta Malira joateaz gainera, Josu Iztuetarekin Saharan eta Laponian ere izan zen, 1983an eta 1984an (Aranburu 2015: 186 eta ondorengoak).
Aipagarria da, halaber, Dionisio Amundarainek biografia horretan idatzitako atal bat: Hiazinto Fernandorena, adar ugaridun arbola (Aranburu 2015: 204 eta ondorengoak). Lurrarekiko eta naturarekiko lotura, baserritar, apaizgaitegiko ikasle, Lazkaon apaiz, katekesi irakasle, ikastolaren eta udalekuen sortzaile bultzatzaile, leku izenen proposatzaile, Herri Gaztedin jarduna, laborantzaz kezkatua, euskal idazle, itzultzaile eta argitaratzaile, etab.
Oker ez banago, 1985az geroztik Urnieta jaioterrian bizi izan zen, harik eta iktus batek eman eta, ezgaitu samar geldituta, azken urteak Andoaingo San Joan Bataiatzailearen egoitzan igaro dituen arte.
Omen ekitaldiak
Urnietako Udalak herritar batzuk omendu zituen 2014ko irailaren 29an; tartean, Hiazinto. Hala ere, oroigarria haren anaia Joxe Marik jaso zuen, eta berari hurrengo egunean eman zioten eskura agintariek.
2014ko abenduaren 13an, Seguran estreinatu zen Ez dira aspaldiko kontuak antzezlana, Lurdes Imaz herritarrak idatzia, eta pertsonaietako batek Hiazinto du izena. Bera hitzemana zen antzerkian parte hartzeko ere, baina osasunak ez zion aukerarik eman horretarako. Hala ere, aipamen berezia izan zuen.
Omenik onenetakoa, nire ustez, Pello Joxe Aranburuk eta haren lankideek 2015ean argitaratutako biografia da, artikulu honetan behin eta berriz aipatu dizuedana eta egileenez gainera Hiazinto ondo ezagutu zuten askoren elkarrizketak eta iritziak dakartzana.
Hiazinto, Jacinto Fernandez Setien izatetik abiatu eta Jaxintotik pasatuta, Hiazinto Fernandorena Setien izatera iritsi zen bizitzan zehar. Baina ez zituen izen deiturak soilik aldatu euskal itxurara. Bere bizitzan zehar aldatuz joan zen bera ere, eta euskaldun osoago bihurtzen, eta bere bizitzako unerik txikiena ere ez zuen baztertu horretarako: Jacinto benetako Hiazinto izatera iritsi zen, baina ez bera bakarrik, modu isolatuan; lan nekagaitza egin zuen bizitzan zehar inguruan izan zituen guztiak ere euskal nortasunez janzten eta euskaldunago egiten. Gainera, euskaraz eta euskaldun moduan bizi ahal izateko, garaian garaiko baliabideak sortzen saiatu zen. Eta, horregatik, nik behintzat eskerrak ematen dizkiot, bihotzetik. Egun handira arte, Hiazinto!
Bibliografia
Aranburu Ugartemendia, Pello Joxe. 2015. Jaxinto, ikastolen lemazain (Hiazinto
Fernandorena Setien). Mitxelena arte grafikoak, Astigarraga.
Aresti, Gabriel eta Kintana, Xabier. 1970. Batasunaren Kutxa. Euskal Idazleen Elkartea.
Mitxelenaren promesaren pean. Lur argitaletxea.
Sarriegi Eskisabel, Andoni. 2000. Alfabetatzearen Hastapenak Goierrin. Aurresaioak eta 1967tik
1975erakoak. Goierriko Euskal Eskola K. E.
Torrealdai, Joan Mari. 2016. «Euskal liburugintza, 2015». Jakin 217. zk.