Interprete nuklearrak, hesi bikoitzaren bestaldean
Ana Blázquez Ubach, Konferentzietako Interpretea

Ibilbide luze eta oparoa egin du lanbidean Ana Blazkez interpreteak. Honako honetan, zentral nuklearrak ikuskatzen dituzten lantaldeen barruko interpretazioaz dihardu. Langintzaren alor hori ez da lar ezaguna, eta prestakuntza maila eta arduraldi handiak eskatzen ditu, eta, begi bistan da, arriskutsu ere gerta daiteke. Lanaldi luzeak, maila tekniko handikoak, interpreteari prestalan ikaragarria eskatzen diotenak, eta, gainera, giroa arriskutsua edo nekezkoa gerta daiteke zenbaitetan. Halere, egileak argiro erakusten du zenbateraino den beharrezko hizkuntzazko bitartekaritza, halako umore puntu bat erantsita.

Itzultzailea: Karlos del Olmo

Behin batean, bitxia iruditu zitzaidan mezu bat jaso nuen. Bere burua lanbide kidetzat identifikatzen zuen pertsona batek azaltzen zidanez, espezializazio maila handiko interprete talde bat koordinatzen zuen; zentral nuklearretarako era esklusiboan lan egiten zuten, eta taldekoa izatea interesatzen ote zitzaidan galdetzen zidan.

Esne mamitan bizi ginen urte haietan, eta ez nuen diru behar ikaragarririk; hortaz, erantzuna atzeratu nuen, gogoeta egiteko. «Nuklearrik ez» aldarrikapenarekin hazi eta hainbat aldetatik ahalik eta bizimodurik ekologikoena eramaten ahalegintzen nintzelarik, uko egitea izan zen nire lehen bulkada; baina, bestalde, ez nuen oso jarrera argi eta gogoetaturik. Buruan gorde nuen, «aurrerago pentsatuko dut» deritzon tiraderan, eta, oker ez banago, inoiz ez nintzen heldu mezu horri erantzutera.

Urte batzuk geroago, krisialdi bete- betean, nirekin harremanetan jarri zen itzulpen idatzizko batean edo bestean lankide izandako lagun bat, zentral nuklear batera interprete joan gura ote nuen itauntzeko. Egokiera hartan, ingelesezko taldeko kide izateko, eta ez alemanezkoan egoteko, lehen harremanean bezala, eta errefortzu moduan joango nintzen, ez kide moduan. Eskaintzak ez zuen aurrenekoaren munta hotsik, baina, une hartan, ezin nuen alde batera utzi ezelako beharrik, zeingura izanda ere. Fernando Gamboa Gonzálezek zioenez: «Nezesidadeak azukre koxkorren antzera disolbatzen ditu printzipio moralik sendoenak».

Ene harrimenerako, lanbideko 22 urteotan ezaguturiko interprete talde prestatuena eta gizatiarrena aurkitu nuen lan hartan. Eta, hori dela kausa, haiei hizpidea eman, eta, denon artean, lan horren berezitasunak azaltzea erabaki dut.

Nola heltzen den bat «alor nuklear»rean lan egitera

Azaldua dut, dagoeneko, nola heldu nintzen ni, baina, haien artean, zentral batean ingelesa aldi baterako irakastea eskaini zioten soziologo bat aurkitu dezakegu, gitarra teknika Eskoziatik hobetzetik heldu berritan, edo alemana menderatzen duen merkataritza ontziko marinel bat, edo egunkarian interpreteak eskatzen zituen iragarki bati erantzundako pertsona bat, bai eta garagardoari buruzko biltzar batean erroldaturiko norbait edo zentral batetik 30 kilometrora bizi den bat ere. Esparruan dihardugunon artean, nahasketa egoki bat dago, lanbidez interprete direnen nahiz Ingalaterran edo Estatu Batuetan bizi izandako ingeniariena.

Baina zertan dabil interprete bat zentral nuklear batean?

Eginkizunen artean, hainbat segimendu lan, hizkuntzazko edo teknika euskarria eta abar izaten dira; baina WANO edo USART deritzen misioetan egiten duguna dugu eginkizun nagusitzat.

Operadore nuklearren munduko elkartea da WANO. 1989an eratu zuten, zentral nuklearren segurtasuna eta fidagarritasuna maximizatzeko asmoz. Txernobyleko istripu nuklearraren ondoren, energia nuklearraren hornitzaile nagusiak konturatu ziren nazio eta lehia desberdintasunak gainditu eta elkartu beharrean zeudela, informazioa, esperientziak eta segurtasun jokabideak trukatzeko. Erakundea ez dago inolako gobernuren mendean, eta guztiz borondatezkoa da parte hartzea.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziarena da OSART programa (segurtasun operatiboa ikuskatzeko taldea). 1957an eratu zuten agentzia, energia atomikoaren aurrerapenek eta haren erabilera posibleek sortzen zuten kezkaren ondorioz. Nazio Batuen gerizpean dago.

Asko laburtuta, zentral nuklear batean egin beharreko nazioarteko ikuskapen bat da WANO edo OSART misio bat, zentralak berak berariaz eskatua. Baina ikuskapenak ez dituzte egiten ikuskatzaile funtzionarioek, zentralaren egitura osoa islatzen duen talde batek baizik, eta mundu zabaleko zentral nuklearretan lanean ari diren langile espezializatuen artetik aukeratzen dituzte «ikuskatzaile» adituak. Horrek esan nahi du Langileria Sailean edo Babes Erradiologikoa Atalean –bi aipatzearren– lan egiten duen pertsona bat beste herri bateko zentral batean diharduen homologo batek ikuskatuko duela. Horra zergatik den hain garrantzitsua hainbeste interprete izatea.

Ikuskatzaile bakarra egoten da atal gehienetan. Bizpahiru auditore izan ditzakete sail handiek; Mantentzeak edo Ingeniaritzak, kasurako. Ikuskatzaile bakoitzari (wanoa, osarta, edo, peera, besterik gabe), interprete bat izendatzen diote, eta noranahi laguntzen du, koordinazio bileretatik hasi eta zentral eta alde kontrolatuak ikusteko bisitaldietara. Interprete taldean, errefortzuko pertsonak ere izaten dira (floaterak), ohiz kanpoko beharretarako, eta koordinatzaile bat (supernagusia edo descoordinatora).

Zentralera sartu ahal izateko, izena eman beharra dago Segurtasun Nuklearreko Kontseiluan (CSN); erradiazio esposizio maila neurtzeko txartel erradiologikoa lortu, mediku azterketa bat gainditu, eta lineako ikastaro ugari, luze eta nekagarriak egin behar dira erradiazioen eta laneko segurtasun arauen gainean, azterketa bat arlo bakoitzeko. Babes pertsonaleko ekipamendua ere eraman behar izaten dugu; hortaz, ez da arraroa gu zentralean ikustea segurtasun botak, suaren kontrako lan jantzia, kaskoa, segurtasun betaurrekoak eta belarri babesak aldean ( for the busiso muchness casual attire). Gune bakoitzera sartu eta hartatik irteteko, segurtasun fisiko eta erradiologikoa aztertzeko zenbait kontrolgune izaten da, eta, zenbaitetan, arropaz aldatu beharra gertatzen da, babes ekipamendu berezia janzteko, esposizio maila handiko guneetara jotzeko. Hala, egunean 5 edo 6 aldiz aldatzea gerta dakizuke, Babes Erradiologikora esleitzen bazaituzte, edo botak erantzi behar izatea hesi bikoitzera sartu edo handik irteten zaren bakoitzean, baldin eta detektagailuetan jotzen badute, metalezko puntadunak erosi zenituelako.

19 Ana zentralaren aurrean.jpg

Zer ezaugarri du interpretazio mota honek eta zerk bereizten du beste lanetatik?

Mundu berezi-berezi bat da. Lehenik eta behin, zure lantokira sartze hutsak dakarren burokrazia, azaldu dugun moduan. Bestalde, normalean iristerik izaten ez den mundu batera sartzen da bat, eta horrek oso interesgarri bihurtzen du.

Eusteko gaitasun handia behar da; lan ordu asko dira, eta egitekoa, handi-handia. 2 edo 3 astez egunean 10 bat ordu zentralean eman ondoren, unadura nabarmena da, eta eragin egiten digu, azkenean. 10 ordu horietan, alde bitariko interpretazioa zein aldiberekoa egin daitezke, eta inoiz ez gara gelditzen leku batean: zenbaitetan, bileretara joaten gara; bestetan, itzuli bat egiten dugu zentraletik, sail ezberdin batean aldiko, prestakuntza ikastaroetan, simulatzailean…

Gero, hiztegiaren kontua dago. Oso lan teknikoa da, erabat. Jakina, aldez aurretik ikas dezakezu terminologia, baina, lantegiko beste lan batzuetan ez bezala, zentral nuklear bat ez da gauza homogeneo bat; sail bakoitza enpresa txiki halako bat da, eta hiztegi berezia eta erabat ezberdina izaten du. Hortaz, konplikatua bezain interesgarria da ataza. Aldi berean, hainbat sektorez jakitearen parekoa da. Eta, sistema eta sail kopurua hain da handia, non ez den nahikoa terminologia jakitea, zentral bakoitzaren teknologia eta egitura ere ezagutu beharra baitago.

Hiztegia aurrez prestatu behar da, beste lan batzuetan bezalaxe, baina gerta dakizuke zentral nuklearraren atal jakin batera izendatuta joan, dagokion hiztegia prestatu, eta, azkenean, beharren ondorioz, beste batean lanean jardun edo floater egon behar izatea, zer hiztegi landu jakin gabe. Interpretea beti izaten da adituz inguraturiko ez-aditu bakarra; dena dela, biltzar batean, larrutik ordaindu behar duzu, lau eta zortzi ordu bitartean, eta, gehienez ere, hamaseian. Hemen, suaren mendean egoten zara bi eta hiru aste bitartean.

Xehetasunari arreta eman behar diozu, baina ez itzulpenagatik soilik, baizik, esan bezala, arau, kode, kartel, segurtasun eta enparauengatik. Besterik gabe, une batez nonbait bermatuta gelditu eta kutsatuta amaitu dezakezu.

Eta horrek munta txikikoa ez den kontu batera garamatza: erradiazioetara. Erakunde arautzaileak kontrolatzen ditu, eta azterketa nahiz prestakuntza handiak izaten dira, baina kontuan izan beharreko faktore bat dira. Inguru arriskutsu batean dihardugu interpretatzen: horrek dakartzan lan arriskuak ez dira gertatzen hitzaldi batean.

Interpretazioaren eta bitartekaritzaren arteko nahasketa bat da. Bateko, alor jakin bat ikuskatzen diharduen pertsona bati atxikita gaude, eta bitartekaritzan jardun behar dugu pertsona horrek nahi duenaren eta zentralak nahi duenaren artean, gure bezeroa izaten baita azken hori. Lan honek asko du diplomaziatik, alde garratzak leuntzetik; batzuetan, ulertu ezak ez datoz, hain zuzen ere, hizkuntzatik, nortasun, pentsaera eta kulturetatik baizik.

Beste ezaugarri batek ere bereizten du beste lan ingurune batzuetatik: bakarka edo binaka barik, taldean lan egiteak. Eta ez naiz interpreteen taldeaz bakarrik ari, ataletako langileez eta ikuskatzaile taldeaz ere bai. Pertsona bakoitzarengandik zeozer ikasten da, lanbide aldetik zein pertsona moduan.

Gure artean ere talde lan handia egiten da, eta denok babesten dugu elkar, elkarri lagunduz eta jakinduria nahiz esperientzia partekatuz. Gainera, lanekoekin batera bizi zara; ez zara etxera bueltatzen; haiekin gosaltzen duzu, haiekin bazkaltzen, haiekin afaltzen. Bi edo hiru asteko «Anaia Nagusi»aren moduko lotura bat da.

Zehaztasuna eta malgutasuna ere badira lan honetan denok azpimarratzen ditugun ezaugarriak. Zenbait biltzarretan, aski da mezu orokor bat ematea. Hemen, eskakizun maila handi-handia da. Inongo lanetan ez da kontzentrazioa eta erritmoa galdu behar; baina, honetan, hizkuntzarekin oso estu izan beharra dago. Ezin da txarto ulerturik gertatu; zentralak asko dauka jokoan ikuskapenetan, eta segurtasun alderdi batzuk ere badaude jokoan.

Eta noiznahi behar duzu malgutasuna, atalez aldatzeari aurre egiteko, kulturen eta nortasunen, zentralaren eta peeren artean bitartekari aritzeko, malgutasuna hiru astean lankideekin bizitzeko, ordutegietan, lan beharrizanetan… Tobera edo aldamio batera igotzea ere bada malgutasuna, jarrera bitxietan edo turbina gelan oihuka interpretatzea, alde beroak ikuskatzera hurbiltzea edo, bertigoa izanda, erregaiaren piszinaren gailurrera igotzea.

Laburbiltzeko, Cervantesek esan bezala, «Nor ez da musikari, poeta eta apur bat zoro?». Jendearekikoa izaten jakin behar da, pentsaeraz zabal-zabala izan; eskakizun handiko lana da ordutegiengatik, terminologiagatik, lanean darabilzun teknologien garrantziagatik. Eta bizirik sentiarazten gaitu horrek denak.

19 Taldea saltoka.jpg

Zer ematen dion gure lanbide profilari

Jakinduria handia emateaz gain, etengabe hobetzea bilatzen du nuklearren sektoreak; hortaz, lanean jarraitzera, borrokatzera, ahalegintzera adoretzen gaitu: hitzak harri azpian ere bilatzera; aurkitu ezean, ikertzera; lanean hobeak egiten gaituzten beste ekipamendu antolamendu eta teknologia berri batzuk bilatzera. Lantzean behin, ondo datorkigu «egurtzen» gaituen inguru batean egotea.

Gainera, lan honetan interpreteok eginkizun garrantzitsua dugula sentitzen duzu; argiago ikusten da gure lana ezinbestekoa dela, eta horrek harrotasuna dakar, banako moduan ez bada ere, talde gisara.

Oso harreman ona sortzen da jendearekin. Erlazioa etengabea izaten da, Espainian interprete gutxik dutelako halakorik egiteko gaitasuna, eta behin eta berriro elkartzen gara. Lehenik, lan jardunaldia dago, zeinetan elkarri laguntzen eta esperientziak ematen dizkiogun, elkar aberasteaz eta itzultzailearen bakardadea pixka bat apurtzeaz batera. Interprete talde handi batean lan egiteak eta etengabe harremanetan egoteak kontaktuak ematen dizkizu, bai eta bestelako lan aukera batzuk zabaltzen ere.

Orokorrean, lankide guztiak dira geldirik egoten ez direnetakoak, eta horrek oso interesgarri egiten ditu; hortaz, aisialdian zaletasunak partekatzen eta barreka egoten gara, etengabe. Noraezekoa da umore ona misioak dirauen bitartean lanaren presioa eta elkarbizitza behar bezala eramateko.

Alderdi etikoak

Guztiek ez ditugu egiten planteamendu etiko berak, baina artikulu honetan parte hartu dugun guztiak partzuer gara ideia komun batzuetan.

Ezbairik gabe, energia kontsumitu behar handia dakar aurrerakuntzak. Energia nuklearra zalantzan jartzea sintoman geratzea da, arazoaren erroetara jaitsi gabe. Energia modu alimalean kontsumitzen badugu, nonbaitetik atera beharko dugu. Energia nuklearra da eraginkorrena, oraingoz, baina hondakinen arazoa sortzen du, mendetan irauten baitute. Orain arte topatzen jakin duguna da, baina ezin da etorkizuna izan.

Energia sortzeko modu guztiek dakartzate hondakinak. Mintzagai izaten dira, adibidez, haize errotetako bateriak egitearen kostua eta gero haiekin egiten dutena; ikatz meatzeei ematen dizkieten diru laguntzak, kutsatzeaz gain efizientzia txikikoak diren arren. Oxala hondakin bat bera ere sortzen ez duen energia mota bat balego; baina, orain, ez gara mundu horretan bizi. Eta, interprete moduan egiten dugun lanean, gure ustez, gure aletxoa jartzen ari gara zentral nuklearrak etengabe hobetzeko eta seguruago egiteko prozesuan. Denok harritu gintuen, hasterakoan, bete behar duten kontrol eta arautze maila zorrotzak, eta hastapenetan baino konfiantza handiagoa ematen digute. Erregaiaren osagaiak nola berrerabiltzen eta birziklatzen dituzten ere jakin dugu, aurretik ez baikenekien ezer gai horretaz, nahiz eta hori guztia aski ez den.

Planteamendu etiko sakon batek pentsarazten digu ea nondik datozen janzten ditugun prakak eta elastikoa, zer egiten dugun gure zaborrarekin, nola kontsumitzen dugun… Puzzle bereko zatiak dira horiek guztiak. Ohiturak aldatu behar genituzke eskari energetikoa murriztu edo aukera garbiagoak eta nuklearra bezain produktiboak lortzeko, baina gauden lekuan gaude.

Gizonen mundu bat

Gizonek menderatzen duten mundu bat da industria nuklearra. Gero eta sarbide handiagoa dute emakumeek, baina oztopo eta aldeek hantxe diraute. Bilakaera bat izan dela nabarmentzen da, duela 20 urte ez baitzegoen txanda-buru edo erreaktoreko operadore ziharduen emakumerik. Eta, emakumeak apurka-apurka sartuz doazen arren, egoera oraindik ez dago orekatuta. Gizonek osatzen dituzte, batez ere, WANO taldeak; bat eta lau emakume bitartean besterik ez da izaten. Aldiz, interpretazio taldea orekatuago egoten da, gutxi goiti-beheiti.

Inoiz edo behin, emakume interpreteren bat ezer ez baleki bezala tratatu dute emakume izatearren, lantaldeko gizon askok baino prestakuntza eta eskarmentu hobea izan arren. Bestalde, orain arte, nahiko jarrera zabaldua izan da hori ingeniaritzan.

Lantzean behin, zentzugabeko esaera matxistaren bat entzuten dugu; baina, orokorrean, errespetua egoten da. Ezagutu ere dugu kaskoa jartzeagatik orrazkera zapuztuko zuelako kexaka ziharduen emakume ikuskatzaileren bat…

Pasadizoak

Bai, barre egiten dugu, gogotik. Hainbesteraino, non inbidia eragiten diegun gure peerei hotel berean egoitza hartuta gaudenean. Hainbesteraino, non errieta egin diguten zentralaren jantokian.

Inoiz edo behin, A Taldearen musika eta antzeko beste batzuk jartzen ditugu autoan, jardunaldiari kementsu ekiteko (jakina, barre artean). Gauez irteten dugu, eta bidea kantari eta elkar adoretuz egiten dugu, lanaldia luzea izango baita.

Bakoitzaren ahoskeragatik barre eta barre dihardugu, ondo bitxiak izan baitaitezke taldean errusiar bat, txinatar bat eta Murtziako bat egonez gero, esate baterako. Peerak zein counterak (zentraleko mintzakideak) gogotik ahalegintzen dira ingelesez ondo egiten, baina, batzuetan…

… batzuetan, baten batek behin eta berriro esaten du in fuck bilkura batean, in fact dioelakoan. Edo, txartela erabili beharreko sarrera kontrol batean, to enter, pass the target moduko jarraibideak ematen dituzte.

Zenbaitetan, «higadura» berba agertzen da zentralean kezka eragiten duen auzien zerrenda batean, eta alferreko elkarrizketa bat sortzen da:

– What does this mean?
– Wear.
– Here. What does this mean?
– Wear.
– Here. What does this mean?
…ad infinitum…

Bada peerak inoiz izan duen interpreterik onena izateagatik zorionak jaso dituenik… ulertaraztearren ia bestearen lepotik barre egiten zuela iradokitzeko moduko «aleman ahoskerako» ingeles batez hitz egiten ziolako.

Eta, gero, hona bilera «gogor»retako pasadizoak:

– There are only two points left. I think we will finally agree.
– Esaiozu «22a arte ez dela partida amaitzen».
– …

Edo arduradun batek, dokumentuak eta dokumentuak aurkezteaz gogaituta:

– Esaiezu barrabilak ez ukitzeko niri, esan!
– He is really upset, I think we have to take a break.

Esker ematea

Barkatu informazioren bat behar bezain zehatza ez bada, zortzi lankide eta bederatzion esperientzia baitute oinarritzat, eta ez ikerlan agortzaile bat. Eskerrik asko José, Alberto, Eduardo, Mar, Zoila, Teté, Cristina eta David lankideei, eman didaten laguntzagatik eta, batez ere, pertsona bikainak, lankide ezin hobeak eta umore handiko adiskideak direlako.