KLASIKOAK, euskal hizkuntza eta kulturaren zutabe
.

Tituluak besterik gabe horrela emanda handinahi samar badirudi ere, kontuak ateratzea aski da pentsamendu unibertsaleko ehun autore euskarara itzultzeak hamarkada batean zehar sor lezakeen inpaktoa eskerga izango dela eta, ondorioz, horrelako proiektu bat euskararen eta euskal kulturaren zutabetzat hartzea ez dagoela lekuz kanpo ikusteko.

Hizkuntza eta kultura garatu eta finkatu dituen edozein herrialdek bi pausu nabari eman ohi ditu: mundu-literaturako obrarik nagusienak eta pentsamenduzko lanik garaienak norbere hizkuntzara itzultzearenak.

Gure kasuan, 30. urteetako belaunaldiak ekin zion lehenari, gerra ondokoak jarraitu zion eta oraindik orain Eusko Jaurlaritza eta EIZIE elkartearen lankidetzaz jarraitu da "Literatura Unibertsala" izeneko proiektupean, dagoeneko obra-sorta bat plazaratu delarik.

Pentsamenduari dagokionez, tarteka zenbait obra garrantzitsuk argia ikusi badu ere, iazko urtean gatzatu zen "Klasikoak", S.A. lukuru asmorik gabeko elkarte baten inguruan historian zehar izan diren ehun pentsalari garaienen emaitzak euskaratzeko lehen proiektu sistematikoa. BBV Fundazioa, BBK, KUTXA, CAJA VITAL, UPV/EHU eta Deustuko unibertsitateak elkartu ziren proiektua sustatu eta finantzatzeko.

Pentsamenduaren historiako kontzeptu nagusiak, beren autoreek asmatu eta argitaratu zituztenez, euskaratzea balio ukaezinezko ekarpena da besterik gabe euskal gizartearentzat eta laguntza handia gertatuko da ikasketa unibertsitarioak burutzen eta aurretik eta atzetik ere pentsamenduaren alor desberdinetan murgildu nahi duten era guztietako profesionalentzat ere. Bestalde, begi bistan dago, hamarkada batean 30.000-40.000 folio gai desberdinenez (filosofia, ekonomia, geografia, psikologia, antropologia, etab.) eta jatorriz euskalki diferenteetakoak diren euskaratzaile trebatuenek, nork bere gaian, itzultzeak bultzada izugarria eman behar dio euskara batuaren finkatzeari, izan ere bilduma honen zuzendaritzak Euskaltzaindiak ezarritako arau guztiak eta bakoitza betetzea baitu helburu, itzultzaile bakoitzak dakarren aberastasun eta sormenari aterik itxi eta trabarik egin gabe. Beraz, bildumak oinarrizko batasun horrekiko fideltasunean, euskalki guztietatik datozen benetako altxorrei irekita utzi nahi dizkie ateak, euskaldun guztion etorkizuneko euskarak bere baliabide guztiez geroaren erronkari aurpegi eman diezaion. Obra batzuetan ez da lortuko zenbaitek nahiko lukeen bezain euskara estandarizatua eta besteetan euskaratzaileak amore eman beharko dio bere zenbait hautapen pertsonalegiri edota txoko-kutsu handiegia duten hobespenei, funtsezkoa denik inausi gabe, alferrikako apeta eta arazakeriatan gal ez gaitezen.

Elkartea eratu duten kideen nahia izan da maila guztietan kalitaterik hoberena lortzea azalez eta mamiz, eta horren begirale izan dadin Komite Zientifiko bat hautatu da honako jaunez osatua:

Jesus Altuna, Joxe Azurmendi, Carlos García Gual, Frantzisko Garmendia, Ander Manterola, Iñaki Oyarzabal, Ibon Sarasola, Frantzisko Uribarren, José María Valverde, Villanueva, Bernardo Atxaga, Bildumaren zuzendari den Xabier Mendigurenen gidaritzapean.

Obra bakoitzaren itzultzaile eta berrikusleei dagokienez, esan behar da azken hamarkadotan lan nabariak egin eta trebetasun frogatua erakutsi dutela gehienek eta, aldez edo moldez, itzultzera doan autorea edo gaiaren ezaguera onaren jabe direla.

Bestalde, liburuak hitzaurre interesgarriz horniturik kaleratuko dira: batzuetan berariaz atzerriko adituren bati eskatuko zaio, beste batzuetan Estatuko edo Euskal Herriko irakasleren bati eta zenbaitetan liburu horrek berorrek beste hizkuntzaren batean izan duen hitzaurre gogoangarriren bat zuzenean euskaratuko da.

Joan den urtearen azkenetan elkartea abiarazi zenetik honako hamabi hilabeteetan urrats garrantzitsu ugari eman dira: argitaratzeko obren hautapena egin da Komite Zientifikoaren eta Unibertsitateko Fakultate desberdinen laguntzarekin; halaber, irizpide editorialak eraztu eta obren hedatze eta merkaturatze plangintza zehaztu da.

Montaigneren Entseiuak-I obrarekin kaleratu den bilduma jadanik beste hiru titulu ere argitara eman ditu: T. Mororen Utopia, Nietzscheren Honela mintzatu zen Zaratustra eta Camusen Sisyforen mitoa.

Datorren 1993. urterako beste autore eta obra hauek iragartzen dira:

  • Askatasunaren Beldurra (Fromm)
  • Politeia (Platon)
  • Indioez (Vitoria)
  • Hizkuntza (Bloomfield)
  • Giza ezagutzaren printzipioei buruzko tratadua (Berkeley)
  • Nahimena naturan (Schopenhauer)
  • Entseiuak II (Montaigne)
  • Ateismoa kristautasunean (Bloch)
  • Eromenaren laudorioa (E. Rotterdam)
  • Gizarte-kontratua (Rousseau)

Jadanik lehen tituluetan errainutzen den bildumaren aniztasunaz, esan behar da kontu handiz orekatu direla gaiak, hizkuntz jatorriak, garaiak, honelako bilduma batean posible den heinean ahalik eta irakurlego zabalenaren zaletasuna zapuztu gabe.

Honela, bada, hasi antzinako Greziatik (Herodoto, Platon) eta autore garakideetaraino (Popper) hedatzen da klasikotasuna, erromatar, Erdi Aroko kristauek eta aro modernoaren ekarpen nagusienak kontutan harturik. Gainera, etorkizunean baliteke Ekialdeko filosofia eta pentsamenduaren ekarpen nagusienetakoren bat edo beste bilduman agertzea, horrela bildumaren orokortasunak izan lezakeen mendebalzentrismoa zertxobait orekaturik geratuko litzatekeelarik.

Hizkuntzei dagokienez, beraz, greko, latin, ingeles, alemaniera, italiera, gaztelania, daniera, eta abarretik euskaraturiko obrak izango dira.

Eta gaiei bagagozkie, berriz, zentzu zabalenean harturiko filosofia nagusi bada ere, ekonomia, psikologia, antropologia, historia, geologia, biologia eta abar bezalako gaiak ere kontutan hartzen dira.

Itzulpen-irizpideez denaz bezainbatean, esan beharra dago, bildumak jatorrizko testuak osorik eta fideltasunez eman nahi dituela, baina euskaratzaile bakoitzaren hurbilpen hermeneutikoa bortxatu gabe. Zentzu honetan, bildumaren zuzendaritzak itzulpen "orekatuak" nahi ditu semantika, estilistika eta pragmatikari dagokienean, itzultzaile bakoitzaren jitea errespetatuz.

Euskaltzaindiaren arauak errespetaturik, euskalkien aldetik ekarpenak egiteko uzten den aukera eta itzultzeko orduan euskaratzaile bakoitzak eskain lezakeen ikuspegi traduktologiko berezia aberasgarri gerta litezke eta une honetan gure hizkuntz eta itzulpen koordenadak finkatzen lagunduko du.

Gaiak, jatorrizko hizkuntzak, euskaratzaileak euskalkia eta adina eta abar bezalako faktore eta aldagaiek, atzeraelikaduraren bitartez, zenbait urteren epean, euskal prosa aberastu eta finkatu ez ezik, itzulpengintzari ere sen eta oreka berri bat emango diotelakoan gaude. Azken hitza, beste alor batzuetan bezala, irakurleak du: egunero edo sarri testu horiek erabili, komentatu, laburbildu eta abar egingo dituen irakasleak eta ikasleak, komunikabideetako profesionalak, idazleak eta gustuz eta bere kultura janzte-aldera ahogozatuz xortaka irakurriko dituen edozein irakurlek. Obra horiek hautatu, euskaratu eta plazaratzean aurkitu duten adinako ilusioz irakurleak abegia egitea espero du KLASIKOAK eta beronekin batera itzultzaileak, berrikusleak, hitzaurregileak eta proiektuan zehar esku hartu duten guztiek.