Itzulpengintzako liburuen gomendioak
Jone Atxa Palaciosek Katie Kitamuraren 'Intimacies' liburua gomendatzen digu artikulu honetan.

Liburuaren izenburua: Intimacies
Egilea: Katie Kitamura
Argitaletxea: Penguin Random House
Argitaratze-urtea: 2021
Interprete baten intimitateak
Interpretea kabinan dagoenean, entzuleak ez daki nor den hizketan ari zaiona, nola deitzen den edo nolako itxura duen, baina haren hitzen bidez ezagutzen ari da aurrean duen istorioa. Ez dakit zenbat entzulek jakin nahiko duten norena den ahots hori. Nik, behintzat, jakin-min horrekin irakurri dut Katie Kitamuraren Intimacies eleberria. Izan ere, interprete bat da protagonista, baina ez digu berari buruzko informazio askorik ematen: emakumea da, bost hizkuntza dakizki, eta New Yorketik Hagara joan da bizitzera, Zigor Auzitegian lan egiteko, aita hil ondorengo dolua egiten ari den garaian (ama Singapurrera joan da).
Interpretea hiri berrira egokitzen ari da, etxean sentitu nahi du, baina kosta egiten zaio hori lortzea; ezagun eta lagun berriak ditu; maitemindu egin da, baina maitalea, Adriaan, ezkonduta eta banatzeko asmotan dago; ezin du burutik kendu Jana lagunaren auzoan gertatu den eraso bat, biktimaren arreba eta, gero, biktima bera ezagutuko baititu. Eta, hori gutxi balitz, bizitza pertsonaleko gorabeherei lanekoak gehitu behar dizkio: estatuburu ohi baten epaiketan interpretatzeko eskatuko diote, eta kasu horrek eragin handia izango du berarengan.
Denbora tarte batez protagonistaren intimitatean sartzeko aukera ematen digu liburu honek, eta, interpretearen eguneroko bizitzako gertaerez gain, haren pentsamenduak ere erakusten dizkigu. Inguruan duen guztia aztertzen du: nolakoa den hiria eta hango jendea, ezagutzen dituen pertsonak, zer eta nola esaten duten… Inguruan duen mundua ulertzen saiatzen da eta, bidean, hainbat gairi buruz hausnartzen du, hala nola pertsonen arteko harremanak, gizartea, indarkeria eta justizia, eta, protagonista interpretea izanik, ezinbestekoa da liburuan zehar interpretazioari buruzko aipamenak agertzea.
Kontuan hartu behar da idazlea, Katie Kitamura, ez dela interpretea, baina Nazioarteko Zigor Auzitegian egin zuen liburu hau idazteko ikerketa-lana, eta hango bi interprete elkarrizketatu zituen, interpretazioaren konplexutasuna hobeto ezagutzeko. Hori dela eta, Auzitegiko interpretazioari lotutako azalpen, ideia eta pasadizoak (beharbada fikzio itxurako egiaren bat ere bai?) sartzen ditu protagonistaren bizitza arrunteko gertaeren artean, eta kanpoko edonork ikusteko moduan uzten ditu interpretazioaren barruko zenbait korapilo.
Liburuan zehar askotan konparatzen da Auzitegiko jarduna antzeztearekin, denek baitute beren rola: batetik, epaiketan parte hartzen dutenek beren pertsonaia eta errealitatearen bertsioa defendatu behar dituzte, eta horien arabera moldatzen dute beren jarrera eta hizkera; bestetik, antzezle horien ahotsak interpreteak erreproduzitzen ditu, eta, hasiera batean pertsonaia neutro gisa ikus daitekeen arren, mezua helarazteko tresna huts izatetik oso urrun dago. Interpreteak ere badu bere rola Auzitegiko antzezlanean.
Protagonistak kabinan eta kabinatik kanpo interpretatzen du, askotariko testuinguruetan: umore txarrez edo aspertuta dauden pertsonekin, ezohiko ordutegietan, atzerapenekin eta presaka, bilera aspergarrietan, testigantza lazgarrietan… Kabinan, ezkutatuta edo nolabait babestuta dago, baina espazio intimo horretara ere sar daitezke kanpoko begiradak. Pelikulako estra bat denean, ez dio inork begiratzen; baina gerta daiteke foku guztiak interpreteari begira jartzea eta arreta osoa bereganatzea. Askotan ez da uste bezain ikusezina.
Interpreteak egoera horietan ematen duen erantzunarekin, agerian geratzen da interpretazioaren alderdi emozionala. Auzitegian egiten den interpretazioaren bidez, egoera oso intimoak sor daitezke, baita desio ez diren konplizitateak ere, morala kolokan jartzen dutenak. Halaber, zaila izan daiteke lana eta bizitza pertsonala erabat bereiztea, elkarri zuzenean eragiten baitiote. Lanak sortzen dizkion kezkak, tentsioak eta ezinegonak adierazten ditu interpreteak, bai lanpostua finkoa ez delako, bai eta, batez ere, lanaren ezaugarriengatik. Azkenean, erabaki bat hartu beharko du: balio al du Auzitegiko interprete izateko?
Spoilerrik ez dut egingo; ez dakit dagoeneko gehiegi ez ote dudan kontatu… Gomendio-testu honetan, liburuan zehar interesgarriak iruditu zaizkidan ideia batzuk aipatu nahi izan ditut; izan ere, liburu hau Senezen atal honetara ekartzearen helburua ez da interpretazioari buruzko ezagutzak handitzeko tresna bat ekartzea, baizik eta entretenitzeko istorio bat eta hausnartzeko aitzakia bat aurkeztea. Zein da interpretearen rola? Zer gaitasun behar ditu bere lana egiteko? Zer-nolako baldintzak edo baliabideak behar ditu? Nola eragiten dute lanak bizitzan eta bizitzak lanean?… Ondo pasa!
Jone Atxa Palacios


