Aurkezpena
Teminologiari osorik eskainia da SENEZen zenbaki berezi hau, alor hori oso garrantzitsua delako euskara modernoak hainbat esparrutan behar duen normalizaziorako. Hemen bildu ditugun artikulu eta elkarrizketekin ezinezkoa da, noski, gaiak merezi duen sakontasuna ematea, eta pintzelkada solte batzuk bakarrik aurkituko dituzu, baina interesgarriak, uste dugu, eta gogoeta egiten lagunduko dutenak.
Izan ere, irakurlea gonbidatu nahi dugu hausnartzera gure artean terminologiari ematen zaion tratamenduaz, argi dagoelako, bestalde, alor horrek ez duela itzultzaileongan bakarrik eragiten, baizik eta langai eta lantresna duten guztiengan, eta, haien bitartez, euskal hiztuneria osoan. Eta lehen galdera berehala sortzen da: ematen al zaio terminologiari guztiongan duen eraginaren araberako garrantziarik? Non eta nork lantzen du, zein bitartekorekin, zein azpiegiturarekin? Non prestatzen eta trebatzen dira terminologoak gure herrian? Nahikoa al da noizean behin norbaitek halako hiztegi bat argitaratzea esparru berezi batez?
Erantzunek, ez dugu uste, ez digute baikor izateko arrazoi askorik emango. Are gutxiago gure artean sakabanaketa handiz egiten den lanaren oinarririk sendoena izan beharko lukeena (adostasuna) askotan falta denean; adibide oso esanguratsu moduan, hor dugu eradaraz «Comunidad Autónoma Vasca» delakoa euskaraz ematean han eta hemen, bakoitzak nahi duen modura, erabiltzen diren formula desberdinak, berez Euskaltzaindiak bat hobetsita eduki arren.
Euskalgintza osoa (irakasleak, ikasleak, hedabideak, itzultzaileak, idazleak...) horren behar handia edukita, gutxienezko baldintzak betetzera doi-doi iristen gara. Kanpokoengandik zer ikasi franko geratzen zaigu oraindik. Bere xumean, aldizkari honek bere ekarpena egitea nahi genuke.