María Teresa Cabré Castellví (Elkarrizketa)
Artikulua PDFn
Elkarrizketaren euskaratzaile: Koro Navarro (*)
Elkarrizketa honetan, hispaniar munduko terminologia espezialista entzutetsuenetako batek, María Teresa Cabré Castellvík, terminologiak gaur egun munduan duen garapena aztertu eta jakintza honen ikuspegi zabalagoa proposatzen du, kontuan hartuko duena ez bakarrik praktika, baita hari buruz teorizatzeko aukera ere. Horregatik, honela dio: "Terminologia zientzialariek elkar ulertzeko zuten beharretik jaio zen, baina, gero, bestelako bideak hartu zituen, eta bestelako eginkizunak betetzen hasi zen. Arazoa sortu zen estrategia bera aplikatu nahi izan zitzaienean helburu guztiei. Eta ez da gauza bera xedetzat hizkuntza planifikazioa duen terminologia, batetik, eta bestetik, normalizazioa, zentzu industrialean, helburu duena. Nolanahi ere, terminologia bezalako jakintza arteko alor guztiek oso aldi zailak gainditu behar izaten dituzte sendotzen diren arte".
Nola definituko zenuke zuk lantzen duzun espezialitatea? Hizkuntzalaria zara ala terminologoa?
Lexikologian espezializaturiko hizkuntzalaria naiz, katalan gobernuaren eta Katalan Hizkuntzaren Akademiaren eskaeraz, 1984. urtean, Kataluniarako plangintza terminologiko baten diseinua egitearen ardura hartu zuena. Bide horretatik sartu nintzen ni terminologian, baina ez dut inoiz neure burua terminologo gisa definitu. Beste arrazoien artean, terminologo ogibide batez hitz egiterik ba ote dagoen ere ez dakidalako. Lan terminologikoaz edo ezagutza terminologikoez hitz egin daiteke, hori bai, baina ez terminologo ogibide batez.
Terminologia lexikografiaren barneko azpisail moduan kokatuko al zenuke?
Ez. Terminologia bere lekua eta bere nolakotasun berezia duen alorra da, baina beti ere bestelako ogibideekin eta beste jakintzekin harremanetan dagoena, esate baterako, itzulpen, lexikografia, informatika, dokumentazioa edo hizkuntzalaritza konputazionalarekin.
Terminologia eta jakintza artekotasuna
Nola definituko zenuke terminologia?
Nik esango nuke benetako jakintza dela, hizkuntzalaritza, filosofia eta espezialitateak ez bezalakoa, baina, aldi berean, horietatik datozen osagaietik elikatua. Beste alde batetik, halabeharrez dago lotua informatikarekin eta dokumentazioarekin, eta, alderdi praktikotik, gizartearen behar jakin batzuei erantzuna emateko ere balio du. Oinarri-oinarrian, jakintza arteko materia gisa defini daiteke.
Ba al dago esaterik terminologiaren bereizgarria jakintza artekotasuna dela?
Bai, baina alor horren barruan komunikazio profesional eta espezializatura mugatua dago, ez du komunikazio orokorra lantzen.
Zeintzuk dira hiztegi berezitu baten bereizgarriak?
Hiztegi berezitu baten bereizgarriak, hiztegi orokorraren aldean, dira, lehenik, itxura, egitura, eta bigarren, hitz bilketak hartan bestelako helburuak dituela. Hiztegi berezitua osatzen da, hain zuzen ere, komunikazio profesionalari nolabaiteko bermea emango dioten izendapenak finkatzeko.
Zer alde dago termino baten eta hitz baten artean?
Terminoak espezialitate eremuetan dira termino, ez beste inon. Espezialitatearen eremutik ateratzen diren unean bertan, eta hiztegi orokorreko bihurtzen direnean, termino izateari utzi eta hitz bihurtzen dira. Eta, horrexegatik, ezin dira termino berezituak hiztegi orokorretan terminologia batean bezala definitu. Hiztegi orokorretan, definizioak ulerkorrak gertatu behar zaizkio erabiltzaile arruntari, termino horiek orokor bihurtu direlako. Arazoa da ordea ez dagoela muga zehatzik gauza baten eta bestearen artean. Bizitzako gauza guztietan bezala, mutur-muturrak desberdinak dira, baina, hurbildu ahala, eremu laino bat agertzen da terminoak hedatu diren lekuan, hiztegi orokorraren erabilera arruntera heldu gabe, ordea. Tarteko eremu horrek aldi berean izaten ditu hiztegi orokorraren ezaugarriak eta hiztegi berezituarenak.
Ba al dira hiztegi orokorretik oso hurbil dauden eremu terminologikoak?
Bai, zeren komunikabideen eta irakaskuntzaren hedatzearekin batera demokratizatu egin baita ezagutza. Hori dela eta, zenbat eta kultura zabalagoa, edo alor espezializatuetako kultura maila handiagoa izan, orduan eta gehiago hedatuko da hiztegi orokorra. Izan ere, badira garai batean espezialistek huts-hutsik erabiltzen zituzten terminoak, eta gaur egun hiztun arruntak erabiltzen dituenak.
Esanahia eta definizioa
Nola ikusten duzu zuk esanahiaren arazoa?
Nik esango nuke esanahia eta definizioa bereizi behar direla. Esanahia, izatez, semantikoa da beti. Baina terminologo batek esanahiaz duen ikuspuntua eta hizkuntzalari batek duena desberdinak dira. Hizkuntzalarientzat, hiztegietan ematen da hitzen esanahia. Hiztegietan, esanahitik abiatuta, hitz bat aski berezitua gertatzen da beste hitzen ondoan. Aitzitik, terminologoak finkatu egiten du termino baten esanahia, erabat zehaztua gera dadin. Hizkuntza esanahia alor bereko beste hitzei buruzko oposizioaz zertzen da beti. Terminologiaren kasuan berriz, esanahia ez da oposizioz bakarrik gauzatzen, aitzitik, azalpenaz eta deskribapenaz ere gauzatzen da.
Orduan, termino baten deskribapenak hitz batenak baino askoz zehatzagoa izan behar du.
Askoz ere zehatzagoa. Eta, batzuetan, deskribapen hori ez da bat etortzen hiztunek gauza jakin bati buruz duten ikusmoldearekin. Baleak adibidez, edozein hiztunentzat, arrainak dira. Eta zientzialarientzat, berriz, ugaztunak. Beste adibide bat: geologoentzat, hondarra arroka bat da. Hiztun arrunt batentzat ordea, arroka gauza trinkoa da, gotorra, handia, eta, beraz, hondarraren antzik batere ez duena. Horrek esan nahi du zientzialari batek errealitatea antzemateko duen era eta hiztun arrunt batek duena desberdinak direla. Errealitatea berbera da, baina modu desberdinean jasoa.
Esan al genezake terminologiak, terminoetan gauzatuta, jakintza bakoitzak munduaz duen ikusmoldea agertzen duela?
Bai, baina mugatu ere mugatzen du. Nik beti esaten dut terminologiak, ahalik eta zehaztasun handiena lortu nahian, munduaren ikusmolde orokorra txikiagotzen duela. Baina horrek ez du erremediorik, zientziak formalizazioa behar baitu aurrera egin ahal izateko.
Har al daiteke terminologia jakintza zientifikotzat?
Ikusmolde klasikoenak gai tekniko eta zientzifikotzat hartzen zuen terminologia. Baina, aurrera egin ahala, eguneroko jarduneko beste eremu batzuk sartu dira hiztegi berezituan. Gaur egun, eremu horiei jardun alorrak esaten zaie. Eguneroko bizitzako edozein jardunek behar du terminologia jakin bat, baina jardun alor bateko terminologia maila ez da puntako zientzia edo zientzia abstraktu baten maila bera. Alde horiek guk abstrakzio gradu deritzogunari dagokie.
Uste duzu hizkuntza berezituek hiztun arruntarentzat ulerkorrago beharko luketela izan?
Ez. Nire ustez, komunikazio egoera bakoitzak abstrakzio maila jakin bat erabiltzea eskatzen du. Eta komunikazio egoera esapideaz adierazi nahi ditut, batez ere, harremanetan jartzen diren solaskideen ezaugarriak. Eman dezagun jakintza sail bereko bi lankide teoria jakin bati buruz eztabaidan ari direla biltzar batean; erabil dezakete, jakina, oso terminologia abstraktua. Baina, lankide horietako bat, une jakin batean, irakasle lanetan ari bada, jaitsi egin beharko du abstrakzio maila ikasleek ulertuko badiote. Edo, beste era batean esanda, beste abstrakzio maila bat hartu behar du terminologian. Eta, adibidez, liburuxka bat egiten bada herritarrei lurrikarei aurre egiteko neurrien berri emanez, orduan are gehiago jo beharko du dibulgaziora terminologia mailak. Hau da, terminologia zehatza erabili behar da beti, beina zehatz izateak ez du esan nahi abstrakzio maila berekoa izan beharra dagoenik. Niretzat, terminologia ezin da ulertu ez bada komunikazioaren baitan.
Zure helburua izango litzateke, batez ere, komunikazio berezituenak hobetzea...
Jakina. Eta edozein ikuspuntutatik gainera, zeren komunikazioaz ari naizenean, bai zientzialarien arteko komunikazioaz, bai zientzialariaren eta entzulego orokorraren artekoaz ari bainaiz, eta prozesu horretan sartzen ditut gainera komunikazio bitartekariak, besteen komunikazioa errazten dutenak: itzultzaileak eta interpretariak.
Giza zientzietarako terminologia bat
Zer gertatzen da, jakintza baten baitan, esanahi bakarra ez duten terminoekin? Adibidez, testu terminoak, hizkuntzalaritzan, ez du definizio bakarra.
Terminologia jaio zen, oinarri-oinarrian, gai zientifiko eta teknikoen barruan, eta oso helburu zehatz batekin: izendapenak finkatzea, diziplinen arteko komunikazioa unibokoa izan zedin. Baina badira uste dutenak jakintza guztiek arau berberen mende behar dutela egon. Eta giza zientzien baitan gauzak ez dira bai ala ez. Are gehiago, gertaera beraren aurrean, ikusmolde desberdinak proposatzen dira. Hizkuntzalari gisa badakigu morfema hitzak esanahi desberdinak dituela teorien arabera. Eta gauza bera gertatzen da, adibidez, argumentu hitzarekin; baina hizkuntzalaritzaren hiztegi orokorra egin nahi bada, zehaztu egin beharko da zein esanahi duen termino bakoitzak eskola bakoitzean, horixe baita hizkuntzalaritzaren errealitate berezitua. Alegia, jakintza bat formalizazio artifizial baten mende jartzeak ez du inoiz onik ekartzen. Hori, terminologia termino, kontzeptu berezituen bilduma gisa ulertzen badugu. Baina, terminologia huts-hutsik komunikazioaren zerbitzura dagoela pentsatu beharrean, pentsatzen badugu, adibidez, dokumentuen sailkapenaren zerbitzura dagoela, terminologiaren erabilera metalinguistiko edo metaterminologiko baten aurrean aurkituko gara. Dokumentalistek beren tesauruak osatzeko erabiltzen dituzte hizkuntza naturalaren atalak, informazioa sailkatzeko bitarteko gisa, eta informaziora errazago iristeko. Hori, ordea, ez da terminologiaren erabilera naturala. Terminologiaren erabilera naturala komunikazioa da: espezialisten arteko komunikazioa edo dibulgazio diskurtsoko komunikazioa, espezialisten eta jendearen artekoa. Bestalde, nik ez dut uste erabateko etena dagoenik hizkuntzaren eta terminologiaren artean, edo lexikoaren eta terminologiaren artean, hizkuntzalari sentitzen naizelako agian. Dena den, azterketa objektu gisa, alor interesgarria da terminologia, eta hizkuntzalaritzak ez du ukitu. Eta ez du ukitu, praktikak, bere balio politiko eta komertzialak, terminologia gehiegi markatu duelako. Geure erantzukizuna da, ordea, terminologiari beste lekuetatik heltzea. Orain, gure institutuan, testu bankuen antolamenduan dihardugu, ez banku terminologikoen antolamenduan, zeren testuak baitira guretzat terminologiaren habia naturala. Testu berezituen analisia interesatzen zaigu, ezagutza zientifikoa ez baita terminoen bidez iristen, testuen bidez baizik. Terminoak, izatekotan, puntu esanguratsuak dira, ezagutza irakurtzea edo diagonalean ezartzea ahalbidetzen dutenak.
Gainera, testu banku batek eraman gaitzake termino banku batera, baina ez alderantziz.
Garbi dago hori, nik uste. Hala ere, oso zaila gertatzen zait jendea horretaz komentzitzea, paraje hauetan batez ere. Kontua da jende guztiak pentsatzen duela banku terminologikoak osatu behar direla, eta nik berriz ezagutza testuetan agertzen dela uste dut, ez terminoetan. Adibidez, terminologiak beti baztertu izan ditu elkarketa partikulak edo elementu gramatikalak, eta hori zalantzan jartzen da orain. Eta ez bakarrik jakintza hau ikusteko moduak ugaritu egin direlako; teoria askoz gehiago lantzen delako ere bai. Nik esango nuke une hauetan bide sozioterminologiko bat zabaltzen ari dela, eta aldi berean garrantzia hasi zaie ematen testu eta sintaxi motako fenomenoei. Eta orain arte, ez alderdi sozialak, ez sintagmatikoak, ez dira inoiz azterketa terminologikoen parte izan.
Horrek esan nahi du terminologia, jakintza gisa, zabaltzen ari dela.
Bai, ikusmoldeak eta ideiak zabaltzen ari direlako. Orobat ere, egia da terminologiaren jarduna beharrezkoa dela helburu jakin batzuetarako, esate baterako, glosarioak sortzeko. Baina terminologiaren eremua ez da horretara mugatzen.
Nola lantzen da itzultzaileentzako glosario elebidun bat?
Nire abiapuntua da itzultzaileak, definizioak baino areago, testuak behar dituela. Hortaz, itzultzaile batentzako glosario bat egin beharko banu, aurrena, zer eratako glosarioa behar duen aztertuko nuke. Glosario deskribatzaile bat beharko balu, sarrera bakoitzaren erabileraren testu adierazgarrienetako batzuk bilduko nituzke hiztegiko artikulu bakoitzean, eta kategoria sintaktikoari buruzko datu batzuk ere erantsiko nizkioke. Baina, batez ere, testuinguruak bilduko nituzke.
Esan berri diguzunez, gaur egun, testuen corpusak ikertzen diharduzu. Zein eratako testutan oinarritzen duzu ikerketa?
Lege, ekonomia eta ingurugiroari buruzko testuak ikertzen ari naiz. Gainera, multimediaren bidez ari gara lantzen terminologia. Beste alde batetik, ingurune katalanean ari garenez gero, hizkuntzaren erabilera funtzioarentzat sortzen dugu terminologia, eta aurrean dugu beti terminoek erabileran duten inplantazioaren arazo soziala. Ez ditugu sortu nahi gero apaletan geratuko diren glosarioak, edo hizkuntzaren zuzentasunak edo kalitateak bakarrik kezkatzen dituen pertsonek erabiliko dituztenak. Gure kezka da glosarioekin zer egin, erabilera errealaren parte izatera irten daitezen. Hizkuntza bateko hiztun arruntari ez zaizkio interesatzen, zuzenean behitzat, terminoak; ideiak interesatzen zaizkio. Ingurugiroaz arduratzen den norbaitek gai horri buruzko testuak irakurriko ditu, ez ditu glosarioak irakurriko. Eta horrexegatik, testuaren baitako terminologiaren aurkezpen sistema bat hasi gara lantzen, hipertestuaren bitartez, irudiarekin batera.
Nola agertuko zenioke, irakurle ez tekniko bati, testuaren eta hipertestuaren arteko aldea?
Hipertestua da, besterik gabe, testu baten askotariko irakurketa bideratzen duen estrategia bat. Testu baten irakurketa sekuentziala izan daiteke, edo ikuspuntu desberdinetan oinarritua. Testu bati hipertestu programa bat aplikatzen zaionean, nabigazio lerroak eratzen dira testu hori korritzeko. Nabigazio lerro horiek kontzeptu sistemak dira, testu horren atzean dagoen pentsamendua.
Eta pentsamendua, noski, ez da inoiz linealki gauzatzen...
Halaxe da. Hipertestuak askotariko irakurketa ahalbidetzen du, testuaren edukia aldi bereko ikuspuntu anitzetatik sakonduz, irakurketa sekuentzialean inork sortuko ez lituzkeen erlazioak sortzen baititu.
Terminologiaren teoria
Zein posiziotan zaude zu terminologiaren teoriaren baitan?
Nik beti esaten dut nire azterketa objektua, terminologian, ahozko hizkuntza artikulatua dela. Ez hizkuntza idatzia, hori niretzat ahozkoaren osagarria da-eta. Horretan badu zerikusia hizkuntzalari izateak, jakina. Baina, bestalde, pentsakera linguistikotik ere urrundu naiz zertxobait; izan ere, hizkuntzalariek uste dute terminologia lexikologiaren adar bat dela, batere berezitasunik gabea. Nire posizioa da terminologiaren bitartez ikus daitezkeela hainbat fenomeno lexikoaren azterketaren parte ez direnak. Har dezagun adibide gisa katalana bezalako hizkuntza bat, badituena grafia batzuk erabilera landuari dagozkionak, adibidez, "l" bikia ("l" bikoitza), latinetik datorrena. "L" biki hau askoz sarriago agertzen da terminologian hiztegi arruntean baino. Zergatik? Bada, besterik gabe, terminologiak askoz ere maizago jo duelako oinarri greko-latinera hiztegi arruntak baino. Horregatik, morfologikoki eta grafikoki (ez naiz ausartzen "fonetikoki" esatera) errejistro landuari dagozkien grafia horiek dituzten hizkuntzetan, terminologiak egoera berezia du. Bestelako elementu batzuk ere badira, pentsarazten digutenak terminologiak badituela bere berezitasunak, fenomeno semantiko jakin batzuen trataera adibidez. Esaten da terminologian ez dagoela polisemiarik, eta, bestalde, hiztegi arrunta, garbi-garbi, polisemikoa da. Hori arrazoi batengatik gertatzen da: komunikazio berezituan bakarrik ez dute terminoek beren balioa hartzen, kontzeptu alor jakin batean ere hartzen dute. Orduan, hiztegi arruntean polisemia dena, homonimia da terminologian, ez baita inoiz agertuko termino bat, alorren arabera dituen adiera desberdinekin, hiztegi berean. Har dezagun adibide moduan birus terminoa. Hiztegi orokor batean, birus sarreran, agertuko dira medikuntzako adiera, informatikakoa, arkitekturakoa, eta hitz horrek izan dezakeen beste edozein. Baina, terminologian, informazio hori eskuratzeko, hiru hiztegi desberdinetara jo beharra dago. Era horretan, hiztegi arruntak berez duen polisemia gutxitu egiten da hiztegi berezituetan, eta horregatik aipatzen da terminologiaren zehaztasun semantiko handiagoa. Gainera, terminologia klasikoan, garrantzitsuenak izenak izan dira (ez aditzak edo adjektiboak), helburu nagusia erreferenteen izendapenak finkatzea zuelako, errealitate berezitu baten barruan. Aipatu ditudan auzi horiek ez ditut orain sakonduko, ez baitut astirik, baina halako berezitasun bat emango liokete terminologiari jakintza gisa; izan ere, askoz bereziatuago dago praktikaren aldetik. Terminologian, lan praktiko ortodoxoak onomasiologiara jotzen du. Lexikografian berriz, eredu semasiologikoen gainean jardun gara beti. Hiztegi bat egiteko, aurrenik, definitu behar dugunaren izendegia osatzen dugu. Terminologian berriz alderantziz aritzen gara: kontzeptu sistema bat finkatzen dugu, eta gero kontzeptu horiei izenak ematen dizkiegu.
Lan nekezagoa al da terminologoarentzat glosario elebidunak osatzea?
Bai. Glosario horietan gainera terminologia egiteko jarduna eta itzultzea nahasten dira oso maiz. Orduan, kalkoez eta existitzen ez diren hitzez betetzen dira hizkuntzak. Aurreko batean, Europako Batasunaren glosario bat, tabakoari buruzkoa, aztertzen ari nintzen ikasleekin, eta oso gauza bitxia aurkitu nuen. Nik dakidala, Hispanoameriketan inon ez zaio esaten hosto baten zainari costilla. Hala ere, hiztegi horretan, espainierarentzat, temino hori ageri da beti. Eta hori gertatzen da frantses hitzetik (côte) itzuli delako. Horrelakoak asko eta asko aurkitu ditut. Eta, berriz diot, arazoa da terminologia eta itzulpena nahasten direla.
Eta bi eremu guztiz desberdinak dira...
Bai, guztiz desberdinak. Terminologia egitea da kontzeptu sistema bat antolatzea eta kontzeptu horiek dituzten izendapen errealak idatziz jasotzea. Askotan entzuten da gizarte guztiek garapen maila bera ez dutenez, kultura bateko errealitate batzuk, batzuetan, ez dutela izendapenik bestean. Baina hori ez da egia; errealitateak ezagutzen badira, izendapena ere izango dute. Nik askotan esaten dut ez zientzialariek ez teknologiariariek ez dutela beren lana eteten termino bat falta dutelako. Hitzen faltagatik ez da sekula komunikazioa eteten. Horrelakorik gertatzen bada, ideia faltagatik izaten da. Horregatik, ez du zentzurik "terminologiarik ez dago" esateak. Beti dago terminologia. Esatekotan, esan genezake ez dugula nahi dugun terminologia, edo egokiena, edo gure hizkuntzan adierazia, baina hori beste arazo bat da, neologia edo terminologia planifikatuarena. Zoritxarrez, era horretako esanek pentsarazten didate nahasmen handia dagoela oraindik ere gure alorrean.
Eta nondik uste duzu datorrela nahasmen hori?
Leku askotatik. Hasteko, nire ustez, jakintza guztietara saiatu gara aplikatzen agian teknikan eta zientzietan bakarrik erabil daitekeen metodologia bat. Lehen, giza ikasketak eta gizartearenak ez ziren zientziatzat hartzen, eta inork ez zituen lantzen. Baina lantzen hasi zirenean, tekniken eta zientzien metodologia erabiltzen hasi zen, konturatu gabe alor horiek ez zituztela ez ezaugarri ez baldintza berak. Eta hortik arazo bat sortu zen, gero, terminologiaren barruan, beste era batean bideratu behar izan zena. Baina bestelako arrazoiak ere izan ziren nahasmen horretan. Terminologia zientzialariek elkar ulertzeko zuten beharretik jaio zen, baina, gero, bestelako bideak hartu zituen, eta bestelako eginkizunak betetzen hasi zen. Arazoa sortu zen estrategia bera aplikatu nahi izan zitzaienean helburu guztiei. Eta ez da gauza bera xedetzat hizkuntza planifikazioa duen terminologia, batetik, eta bestetik, normalizazioa, zentzu industrialean, helburu duena. Nolanahi ere, terminologia bezalako jakintza arteko alor guztiek oso aldi zailak gainditu behar izaten dituzte sendotzen diren arte. Hizkuntzalaritzan, esate baterako, aurrera egiten hasi berriak ginen, teoria batetik kanpo aritzeak, nahitaez, emaitza subjektibo eta zientifikotasun eskasekoak ekartzen zituelako ideiaz jabetu ginenean.
Arauak eta terminologia
Garbi dago gainditu nahi duzula terminologia soilil-soilik hitz zerrendak egitean datzalako ideia.
Bai, baina, zoritxarrez, finkatze, berdintze eta arautze ideiei lotua ageri da gehienetan terminologia.
Eta ideia hori bera izan ohi du erabiltzaileak gramatikaz. Gramatika beti hartzen da arauemailetzat, inoiz ez deskribatzailetzat...
Ez zitzaidan konparazio hori inoiz bururatu, eta hemendik aurrera erabili egingo dut, halaxe da eta. Nolanahi ere, ez dut baztertu nahi terminologiaren erabilera arauemailea. Izan ere, gramatika arauemaileak diren bezala, egin daitezke lan arauemaileak terminologian ere. Gauza da lan horiek ez dituztela besteak baztertu behar. Antzeko gauza gertatzen da hiztegiekin. Bada jendea uste duena hizkuntza batek hiztegi bat izan beharko lukeela. Ez dute ulertzen era askotako hiztegiak daudela. Eta hiztegi arauemaile bat hiztegi deskribatzaile bat baino aski mugatuagoa izango da. Hala ere, gauza ona da hizkuntza bat bere ohiko erabileran deskribatzea.
Zer pentsatzen du terminologo batek, edo hizkuntzalari batek, Errege Akademiako hiztegiaz?
Nire ustez, Akademiari arauak ematea dagokio, eta gero bestelako lanak egiten utzi. Nik zuzendu dut katalan hizkuntzaren hiztegi arauemailearen eguneratze lana, 1932az gero egin ez dena. 40.000 hitz berri erantsi ditugu, eta 120.000 adiera berri. Hiztegi hau arauemaile gisa aurkeztu da. Horrek esan nahi du hiztegian agertzen dena dela Akademiak egokitzat hartzen duena. Baina horrek ez du esan nahi han agertzen ez dena desegokia denik.
Terminologiari dagokionez, zer esan nahi du planifikazio hitzak?
Esan nahi du, batez ere, hizkuntza baten erabileraren hedapena, eta hizkuntza minorizatuei buruz erabiltzen da. Quebecen, adibidez, hango hizkuntza-egoera dela eta, teoria sail bat sortu zen hizkuntza baten erabileraren hedapena helburu zuena, oso interesgarria. Biztanle gehienak frantses hiztunak ziren, eta enpresa koadroak ingeles hiztunak. Katalunian, berriz, langile gehienak gaztelaniaz mintzatzen ziren, eta zuzendariak katalanez. Horregatik, katalan hizkuntzaren hedatze plangintza askoz malguagoa izan da derrigortzeari dagokionean. Quebeceko kasuan, gobernuak esku hartu ahal izan zuen ingeles hiztunak zuzendari zirelako, eta, horregatik, aginte postuak betetzen zituztelako enpresetan. Katalunian berriz, langileen masan esku hartu behar zen, eta horrek, hasieratik bertatik, arazo sozial bat sortu zuen, eta baita sindikala ere. Horregatik, katalanaren egokitze, planifikatze eta normalizatze sistema Quebecen baino askoz ere astiroago egin da, eta, gainera, garrantzi handiagoa eman zaio eskola garaiko lanari. Terminologiak, bere aldetik, katalan hizkuntzaren normalizazio orokorraren plangintza hori beretu du, gure abiapuntua izan baita erabilera guztientzako egokia den hizkuntza batek baino ezin duela aurrera egin. Eta erabilera horietako bat profesionala da. Horregatik, hizkuntza baten presentzia sendotu nahi bada, komunikazioan izan daitezkeen erregistro guztietaraino iristeko baliapideak eman behar zaizkio. Bestela, hiztunek beste hizkuntza batera joko dute, denetarako balioko dien hizkuntzara.
* Elkarrizketa hau Voces aldizkarian argitaratu zen (21 zk., 1996ko apirila).
María Teresa Cabré Castellví doktorea da Hizkuntzalaritza Erromanikoan, Hizkuntzalaritza Deskribatzaileko irakasle izan da Bartzelonako Unibertsitatean eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Terminologiako katedraduna da; Pompeu Fabran Hizkuntzalaritza Aplikatuko Institutuan lanean ari da. Terminologiako Iberoamerikar Sarearen sortzailea da, TERMCATen lehen zuzendaria izan zen eta La terminología. Teoría, metodología, aplicaciones obraren egilea da (Bartzelona: Antártida, 1993).