Itzulpengintzaren eta interpretazioaren etika profesional baterantz
Artikulu honetan aurkezten duguna Itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren alderdi deontologikoak eta profesionalak izeneko doktore tesiaren baitan egindako ikerketa da. Proiektua Malagako Unibertsitateko irakasle titular Emilio Ortega Arjonilla doktoreak zuzendu zuen, eta bikain cum laude eman zioten aho batez. Doktore tesi hau Malagako Unibertsitateko «Itzulpengintza ikasketak: Itzulpen eta Interpretazio berezituetako ikerketak» doktoretza programaren barruan egin zen (MECen kalitate aipamena du programak. Kodea: MCD2003-00810), eta irakurri ondoren, Malagako Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuan publikatu zen.
Egilearen aurkezpen labur bat
Julia Lobato Patricio 2004an lizentziatu zen Itzulpengintza eta Interpretazioan Granadako Unibertsitatean. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialean eta Interpretazio komunitarioan unibertsitate aditu izateko lehenbiziko promozioko ikasle izan zen, 2005-2006 ikasturtean.
Itzulpengintza eta Interpretazioan doktore gradua lortu zuen 2008an Malagako Unibertsitatean.
Bi mila eta bostaz geroztik ingelesetiko zinpeko interprete ari da, Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioak izendatuta.
Bi mila eta lautik aurrera itzulpengintzaren eta interpretazioaren praktika profesionalarekin eta dimentsio etikoarekin lotutako ikerketa proiektu batzuetan parte hartu du, HUM 767 Itzulpengintza, Komunikazio eta Hizkuntzalaritza Aplikatuko unibertsitate arteko ikerketa taldeko kide gisa.
Gaur egun Sevillako Pablo de Olavide Unibertsitateko Filologia eta Itzulpengintza Departamentuko irakasle da.
Itzulpengintzaren eta interpretazioaren etika profesional baterantz
1- Sarrera
Artikulu honetan aurkezten duguna Itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren alderdi deontologikoak eta profesionalak izeneko doktore tesiaren baitan egindako ikerketa da. Proiektua Malagako Unibertsitateko irakasle titular Emilio Ortega Arjonilla doktoreak zuzendu zuen, eta bikain cum laude eman zioten aho batez. Doktore tesi hau Malagako Unibertsitateko "Itzulpengintza ikasketak: Itzulpen eta Interpretazio berezituetako ikerketak" doktoretza programaren barruan egin zen (MECen kalitate aipamena du programak. Kodea: MCD2003-00810), eta irakurri ondoren, Malagako Unibertsitatearen Argitalpen Zerbitzuan publikatu zen.
2- Helburuak
Jarritako helburuak bitan banatu genituen: prozedura edo helburu orokorrak —lan hau egitekoan lagun izan ditugun ikerketa ildo nagusiak zedarritzeko modua eman digutenak— eta helburu espezifikoak, ikerketaren garapena xeheago deskribatu eta ikerketa lan honetatik atera den egitura justifikatzen dutenak.
Lehenbiziko sail horretatik, hauek nabarmenduko genituzke:
a) Arlo juridiko, zinpeko eta judizialeko itzulpen lan profesionala bereizten duten alderdien ikerketa xehakatua.
b) Itzulpenaren eta interpretazioaren alorrean, oro har, eta itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialarenean, bereziki, nazio nahiz nazioartean "den erregulazioa"ren kode deontologiko eta lege xedapen adierazgarrienetan diren faktore deontologiko, etiko eta profesionalen ikerketa xehakatua.
c) Eduki "etikoak" itzulpenaren didaktikan itzultzaile eta interprete profesional berrien prestakuntza hobetzeko erabil daitezkeen ikertzea.
Helburu espezifikoetatik, berriz, beste hauek nabarmenduko genituzke:
a) Europar Batasunean nahiz batasunetik kanpora itzulpenaren eta interpretazioaren praktika arautzeko indarrean diren kode deontologikoen eta lege xedapenen testu corpus bat egin eta ikertzea, erreferentzia gisa balioko diena itzulpen eta interpretazio lana, oro har, eta bereziki itzulpen eta interpretazio juridikoa, zinpekoa eta judiziala egiten duten profesionalei eta ikerlariei.
b) Corpus hori oinarritzat hartu eta itzulpen berezitu horretan profesionalki aritzeko etika eta deontologia profesionalarekin lotutako elementuen tipologia eta konparazio bat egitea.
c) Ikertutako kode deontologiko eta lege guztietan agertzen diren faktoreak atera eta ikertzea, "Europar Batasuneko eta/edo batasunaz gaindiko (erakunde eta nazioarteko) kode deontologiko nazioartekoa"n sartu behar liratekeenak, halakorik egingo balitz.
d) Gaiaren egoera aztertu eta gero: itzulpen juridikoaren, zinpekoaren eta judizialaren kontzeptua zedarriztatzea; praktika profesionala ikuspegi deontologikotik eta etikotik aztertzea, eta itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren didaktika aztertzea, espainiar unibertsitatearen esparruan, eta, hala, iruditu zaigu egoki dela ikerketa honen eduki eta emaitzen erabilgarritasunean sartu-irten bat egitea. Horregatik jarri dugu helburutzat, lehengoek hala ekarririk, itzulpen berezituaren didaktikan elementu etiko batzuk sartzeko proposamen bat egitea, hain zuzen ere itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialarenen didaktikan.
e) Azkenik, erakusgarri modura, kasu praktiko batzuk aztertzea ere proposatzen dugu: dimentsio etikoak paper handia duen kasuak, itzulpenaren eta interpretazioaren praktikari dagokionez. Azkeneko helburu horrek balio beza bi puntu hauen premia indartzeko:
i) Itzulpenaren eta interpretazioaren jarduera profesionala (juridikoa, zinpekoa nahiz judiziala) arautu beharra, hemen eta nazioartean, hizkuntz eta kultur bitartekaritzaren praktika hau arautuko duten kode deontologikoak eta legeak abian jarrita.
ii) Itzultzaileen eta interpreteen prestakuntzan sartzea alderdi horiek. Hartara, aberastu egingo litzateke unibertsitatean egiten duten ikasketa, eta prestatu egingo lirateke, ahal den neurrian, paradoxa eta arazo etiko bat baino gehiago dituen merkatu libre batean itzultzaile profesional gisa aritzeko.
3- Doktore tesiaren laburpena
Doktore tesi honetan itzulpenaren eta, bereziki, itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren alderdi etikoak, deontologikoak eta profesionalak ikertzea eta aztertzea planteatzen da.
Emaitzei dagokienez, iruditzen zaigu jarritako helburuak ondo samar bete direla.
4- Doktore tesiaren egitura
Aho batez bikain cum laude eman zioten doktore tesi hau hamar kapitulutan banatuta dago, eta itzulpenaren, bereziki itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren, alderdi etikoak, deontologikoak eta profesionalak ikertzea eta aztertzea planteatzen du.
Lehenbiziko kapituluan sarrera egiten da, eta ikerketarako jarritako helburuak azaltzen.
Tesia, era berean, hiru bloketan banatuta dago. Aurrenekoak, II. kapitulua hartzen du, eta itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren inguruko kontzeptu batzuk zedarritzen ditu. Atal horretan, itzulpen juridiko, zinpeko eta judiziala ez da alderdi teorikotik begiratuta bakarrik aztertzen, baizik eta hiru arlo berezitu horietako jarduera profesionalak berekin duen errealitatea ere kontuan hartuta aztertzen da.
Bigarren blokean, Europar Batasunean nahiz batasunetik kanpora itzulpenaren eta interpretazioaren praktika arautzeko indarrean diren kode deontologikoak eta lege xedapenak bilatu, itzuli, aztertu eta konparatu egiten dira. Bloke horretan, III., IV., V. eta VI. kapituluak sartzen dira.
Hala, III. eta V. kapituluetan, gaztelaniaz ziren kodeak eta legeak eta, ingelesez eta frantsesez zirenak, gaztelaniara itzulita jarri ditugu, eta bakoitzaren iruzkina egin dugu.
Iruzkindutako kode edo lege bakoitzaren bukaeran taula bat jarri dugu, eta hor dator bakoitzaren azterketa xehe bezain mehea. Hauxe da, adibidez, Buenos Airesko Itzultzaile Publikoen Elkargoaren Kode Etikoarekin egin dugun fitxa:
AZALPEN FITXA
Buenos Airesko Itzultzaile Publikoen Elkargoaren Kode Etikoa | |
---|---|
Hizkuntza | Gaztelania |
Jatorri herrialdea | Argentina |
Zabalera: kapitulu, artikulu... kopurua |
Lehen partea: 31 artikulu, hainbat ataletan banatuta. Bigarren partea: 33 artikulu, hainbat ataletan banatuta. |
Definizioak | Ez |
Aztertutako gaiak |
Arauen aplikagarritasuna Ahozko edo idatzizko konpromisoak errespetatzea Aurrez jakinarazi gabe zerbitzurik ez etetea Kodeak eta legeak dakartzaten arauak errespetatu eta betetzea Leialtasuna, argitasuna, zehaztasuna Itzulpenaren erantzukizuna hartzea Matrikulatutako hizkuntzara bestetara ez itzultzea Asmo txarrez ez jokatzea Elkartasun profesionala Lanbidea famatzea Publizitate duina eta neurritsua Sekretu profesionala gordetzea Lansariak/Komisiorik ez onartzea Enkarguak eskuordetzea Kodea urratzen duten ekintzen preskripzioa Zehapenak Jokabide epaimahaia (antolaketa eta funtzionamendua) |
Lege termino ohikoenak |
Behatu, berretsi, preskribitu, zehapen, esleipen, ezespen, salaketa, epai, epaitza, apelazio, lege xedapen, ebazpen, gauza epaitua, Jokabide epaimahaia, salatua/salatzailea, froga |
Termino etiko ohikoenak | Jokabidea, leialtasuna, printzipioak, sekretu profesionala |
Era berean, III. eta V. kapitulu horien bukaeran taula orokor batzuk ere badira, eta horietan, aztertutako kode deontologiko eta lege guztietan berdin ageri diren alderdi linguistikoak eta testualak, alderdi etikoak eta lege terminoak alderatu ditugu.
Bestalde, IV. eta VI. kapituluetan, hurrenez hurren, kodeen eta legeen gaineko iruzkinak daude, eta aztertutako kodeetan eta legeetan aurkitutako antzekotasunak eta aldeak bildu ditugu.
Hirugarren blokea itzulpenaren eta interpretazioaren irakaskuntzan deontologia sartzeari dagokio; VII. Eta VIII. kapituluak hartzen ditu, eta itzultzaileen eta interpreteen etikari buruzko unitate didaktiko bat proposatu dugu, Itzulpen juridikoa ikasgaiko programa batean txertatuta. VIII. kapituluan benetako kasu batzuk azaldu ditugu, erabaki etikoek paper handia izan duten kasuak. Hona hemen tesian jaso dugun kasuetako bat:
1. KASU PRAKTIKOA |
|
---|---|
Bezeroa | Frantziako enpresa bat, arma lantegi baten mendekoa |
Itzulpen edo interpretazio mota | Produktu informatikoak itzultzea |
Enkargua | Enpresaren web orria itzultzea |
Hizkuntza konbinazioa | Frantsesa-Italiera |
Zer arazo etiko dakarren |
Dakarren arazoa da enpresa horren izaera itzultzaileen printzipio etikoen kontra doala. Itzulpena eginez gero, armak saltzen eta, ondorioz, gatazka armatuak izaten lagunduko lukete itzultzaileek. |
Deontologia profesionalarekiko harremana |
Itzuli beharreko gaia itzultzaileen printzipioen kontrakoa denez, kontzientzia eragozpenera biltzeko aukera izatea, eta ea agindutakoa egiteak dilema moralik ekarriko dion itzultzaileari. |
Hartutako erabaki etikoa |
Kontzientzia eragozpenari heldu eta itzulpenik ez egitea erabaki zuten itzultzaileek |
Itzultzaileen eta interpreteen elkargo profesionalen zerrenda bat dakar, berriz, IX. kapituluak. Horren helburua da elkargo horien berri ematea eta lanbidean jarduteko erreferente izatea.
Azkenik, X. kapituluan, ondorio batzuk datoz, I. kapituluan planteatutako helburuen araberakoak.
Erabilitako bibliografia dugu tesiaren azkeneko kapitulua osatzen duena. Gaika eta hizkuntzaka banatuta aurkeztu dugu.
Eranskin bat ere badu tesiak, osagarri gisa. Hor dira kode deontologikoen eta lege xedapenen bertsio orijinalak (gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez) eta ingelesez eta frantsesez zirenen itzulpenak (gaztelerara).
5- Itzulpenaren eta interpretazioaren etika profesionalari buruzko galdetegia
Hemen aurkeztu behar ditugun ondorio hauek Espainian nahiz beste toki batzuetan lanbidez itzultzaile eta/edo interprete aritzen diren 30 profesionali itzulpenaren eta interpretazioaren etika profesionalari buruz pasatutako galdetegi bati emandako erantzunak aztertu eta atera ditugun ondorioak dira.
Ekimen hau proiektu honen egileak aurkeztu eta Emilio Ortega Arjonilla doktoreak zuzendutako Itzulpen juridiko, zinpeko eta judizialaren alderdi deontologikoak eta profesionalak izeneko doktore tesiaren jarraipen gisa sortu zen.
Lehenik eta behin, eskerrak eman behar dizkiet galdetegian planteatutako galderei erantzun eta proiektu honetan eskuzabaltasun eta onginahi hutsez laguntzeko prest izan ditudan itzultzaile eta interprete profesional guztiei, haien erantzunik gabe ez nuen ikerketa hau egiteko modurik izango eta. Eskerrik asko denei.
Horrenbestez, bada, hauxe dugu gero aurkeztu eta aztertuko dugun informazioa ateratzeko balio izan digun galdetegia, etika profesionalari buruzkoa.
1- Profila:
Sexua:
Gizonezkoa
Emakumezkoa
Adina:
30 urte baino gutxiago
30-35 bitarte
40-45 bitarte
35-40 bitarte
45-50 bitarte
50-55 bitarte
55-60 bitarte
60 urte baino gehiago
2- Prestakuntza akademikoa:
Itzulpengintza eta interpretazioan lizentziaduna
Itzulpengintza eta interpretazioan doktorea
Beste zerbait
3- Lanbide esperientzia:
0-2 urte
2-5 urte
5-10 urte
10 urtetik gora
4- Arduraldia:
Denbora osoan
Denbora zati batean
5- Beste lanbideren batekin osatzen duzu?
Ez
Bai. Zeinekin?
6- Elkargo profesionalen batekoa zara?
Ez
Bai. Zeinetakoa? (Bat baino gehiago badira, jarri denak)
7- Zer mesede ateratzen duzula iruditzen zaizu hor(ieta)ko kide izateagatik?
8- Bazkide kuota bat al dator elkargoak ematen dituen zerbitzuekin?
9- Zinpeko interpretea zara?
Ez
Bai (zehaztu hizkuntza)
10- Lanbideari ekin baino lehen bazenekien zure lanbidearen kode etikorik bazenik?
11- Ikasten ari zinen bitartean, eman zizuten itzultzaile/interpretearen kode etikoen gaineko informaziorik?
12- Kode etikoko zein printzipio iruditzen zaizkizu inportanteenak? Zergatik?
13- Inoiz edo behin kode etikoaren printzipioak hautsi beharrik izan duzu?
14- Iruditzen zaizu zure bezeroek badakitela itzultzaileek eta interpreteek badituztela errespetatu eta bete beharreko kode etiko batzuk?
15- Bezeroren batek bultzatu al zaitu noizbait kode etikoko printzipioren bat haustera?
Ez
Bai. Komentatuko zenuke kasua?
16- Kode etikoak eta itzulpen-interpretazioen etika profesionalean prestatzea itzultzaileen eta interpreteen prestakuntzako oinarrizko alderdiak izan behar direla iruditzen zaizu?
Ez. Zergatik?
Bai. Zergatik?
17- Itzulpengintza eta interpretazioa graduko ikasketetan Itzulpenaren eta interpretazioaren etika ikasgaia sartzeak mesede ekarriko lukeela iruditzen zaizu?
Eskerrik asko zure denbora eta laguntzagatik!
Betetakoan, helbide honetara bidali, mesedez, galdetegia: julialobato@gmail.com
*Ikertzaileak hitz ematen du ez duela erakutsiko beren borondatez ikerketa hau egiten lagundu duten itzultzaile/interpreteen ez informazio konfidentzialik ez eta datu pertsonalik.
Galdetegiaren lehenengo zatia. 1-11 bitarteko galderak
Galdetegietatik ateratako datuen azterketa
Galdetegi hau itzulpen eta interpretazio alorreko profesionalei bidali zitzaien, e-postaz eta baita itzulpen eta interpretazio profesionalaren inguruko erakunde eta elkarte nazional eta nazioartekoetako foro eta banaketa zerrenden bitartez ere.
Gure azterketaren lagina 30 galdetegik osatzen dute. Galdetegi bakoitzak 17 galdera ditu, eta, beraz, 510 erantzun ditugu ondorioak ateratzeko. Badakigu 30 galdetegi gutxitxo izango liratekeela proiektu hau beste ikerketa esparru batekoa izango balitz —esate baterako, zientzietakoa, telekomunikazioetakoa edo informatikakoa—, literatura handia baitago eremu horietan, eta baita askoz jende gehiago ere gai horiek ikertzen; baina, iruditzen zaigu jaso dugun erantzun kopurua esanahitsua eta nahikoa dela ondorioak atera eta baieztapen orokor batzuk egiteko, kontuan izanik ikergaiaren objektu den galdetegiaren izaera (erantzun luzekoa) eta aztergai dugun alorraren espezifikotasuna (itzulpen eta interpretazio lanen etika), literatura falta ikaragarria baita alor horretan.
Lanbideari mesede egitea beste asmorik gabe galdetegi bat datu batzuekin bete eta atzera bidaltzeak ahalegin bat egitea eta denbora bat enplegatzea eskatzen du, jende askok egin nahi ez duena. Horrezaz gainera, guk bidalitako galdetegiak dituen 17 galderetatik 7 pixka bat landuta erantzun beharrekoak direla eta beste 10 erantzun laburrekoak edo aukera batzuen artetik bat aukeratu beharrekoak direla kontuan izanez gero, uste dugu 30 galdetegi beteta jasotzea ez dela batere emaitza txarra.
Inkestatutakoen profila
Inkesta pasatu diegun 30 pertsonetako 8 gizonezkoak dira. Datu hori lanbidearen isla da; izan ere, itzultzaile eta interprete lanbidean emakumezkoak dira nagusi, nabarmen. Itzulpengintza eta interpretazioa graduko ikasketak ematen dituzten Espainiako unibertsitateetako eskoletan ere ikus daiteke hori. Ikasleen 10etatik ia 8 emakumezkoak dira, eta 2 besterik ez gizonezkoak, nahiz eta azkeneko urte hauetan pitin bat gora egin duen unibertsitatean itzulpen eta interpretazio ikasketak egitea aukeratzen duen gizonezkoen kopuruak.
Inkestatutakoen adina
Inkestatutakoen artean nagusi den adin tartea 30-35 urte bitartekoa da (inkestatutako 30etatik 14). Inkestatutakoetako 7k 30 urte baino gutxiago ditu; 3 pertsona 40-45 urte bitartekoak dira; 2 lagun 50-55 bitartekoak eta 1 besterik ez 60 urte baino zaharragoa.
Inkestatutakoen esperientzia profesionala
Azkeneko datu hori inkestatutakoen esperientzia profesionalarekin estu lotuta dago. Esan beharrik ez dago gazteek zaharrek baino esperientzia profesional txikiagoa dutela itzulpenean eta/edo interpretazioan. Inkestako datuen arabera, 3 pertsonak besterik ez du 2 urte edo gutxiagoko esperientzia profesionala; 4 pertsonak 2 eta 5 urte bitarteko esperientzia profesionala du; beste 11 pertsonak 5-10 urte bitartekoa eta 12k 10 urte baino gehiago darama lanbidean. Azkeneko talde hori (10 urte baino gehiagoko esperientzia profesionala dutenena) inkestatutako talderik handiena izateak zehaztasuna ematen dio ikerketa honi, eskuartean erabili ditugun daturik eta emaitzarik gehienak esperientzia profesional handiko pertsonetatik datozelako, aditutzat jotzeko moduko pertsonetatik, eta, beraz, erreferentziatzat hartzeko modukoak direlako.
Inkestatutako prestakuntza akademikoa
Inkestatutako 30 pertsonetatik, 20 itzulpenean eta interpretazioan lizentziadunak dira. Horietako 1ek, atzerriko unibertsitate batean atera zuen titulua, eta beste bat Zuzenbidean lizentziaduna eta Itzulpenean doktore ere bada.
Beste 5 pertsonek, Itzulpen eta interpretazioko doktore titulua dute.
Gainera, 5 pertsonek beste ikasketa batzuk dituzte —Filologia Hispanikoko lizentziatura, Ingeles Filologiakoa edota Zuzenbideko lizentziatura, konparazio baterako—, baina itzulpenean eta interpretazioan ere zerbaiten prestakuntzaren bat (ez dute zer mailatakoa zehazten) izan dutela aitortzen dute bostek ala bostek ere.
Garbi ikusten da inkestatutako profesionalik gehienek unibertsitate mailako itzulpen eta interpretazio prestakuntza jaso dutela. Datu hori oso ona da lanbidearentzat, lanbidearen errealitate guztia hala izango balitz itzultzaile eta interprete kolektiboari hainbeste min egin dion intrusismoa errotik murriztuko litzateke eta.
Itzulpen edo interpretazio lanera emandako dedikazio aldia
Galdetegian pertsona bakoitzak itzultzaile edo interprete profesional gisa zenbateko dedikazioa duen ere galdetu genuen. Emaitzak aztertuta, atera dezakegun ondorioa da inkestatutako 30 pertsonetatik erdiak baino gutxiago direla (12) denbora osoan itzultzaile edo interprete aritzen direnak; alegia, pertsona horiek itzultzaile edo interprete lan egitea beste dirubiderik ez dute, eta, alde horretatik, jotzen dugu hortik ateratzen dutena beren beharren arabera bizi maila on bat izateko adina badela. Beste aldera, ordea, 18 pertsonek itzultzaile eta interprete lanbidea beste jardueraren batekin uztartzen dute. Hala, denbora guztian itzultzaile edo interprete aritzen ez diren 18 lagun horietako gehienek (14k) irakaskuntzarekin batera uztartzen dute itzultzaile edo interprete lanbidea. Eta, irakaskuntzan ere jarduten duten 14 horietatik 9 unibertsitatean aritzen dira. Inkestatutakoek itzultzaile edo interprete lanbidearekin batera egiten dituzten beste lan batzuk turismo gida izatea, kazetari izatea edota hizkuntzekin lotuta dagoen enpresa bateko administrari izatea ditugu.
Puntu honetara bitartekoak inkestatuen profila osatzeko xedez eskatutako datu objektiboak dira. Baina, galdetegiko 6. galderatik aurrera —Elkargo profesionalen batekoa zara? galderatik aurrera, alegia—, etika profesionalaren kutsua hartzen du galdetegiak, eta, izan ere, horixe da ikerketa honetan benetako interesa duen gaia.
Kasu honetan ia erabat berdinduta dago balantza, zeren inkestatutako 30etatik 14k ez direla inongo itzultzaileen edo interpreteen elkargo profesionaletako kide erantzun baitzuten, eta 16k baietz, bazirela elkargoren bateko kide, eta, gainera, berentzat nahiz lanbidearentzat mesedegarria zela hori. Gure inkestatuak kide diren elkargoen artean, nabarmen ditzagun, besteak beste, Asetrad (Asociación Española de Traductores, Correctores e Intérpretes), ATIJC (Associació de Traductors i Intèrprets Jurats de Catalunya), AGPTI, IATIS (International Association for Translation and Intercultural Studies), AIIC (Professional Conference Interpreters Worldwide), SFT (Société Française de Traduction), APT, EIETI edota ATIRA (Asociación de Traductores, Intérpretes y Redactores de Andalucía).
Elkargo profesionalen bateko kide diren gehienek nabarmentzen dutena da lehen esan ditugun elkarte horien erako elkargo profesionalen bateko kide izateak dakartzaten alderdirik handienetakoak aholkularitza eta informazioa izateko bidea edukitzea eta lanbide bereko beste profesional batzuekin harremanetan izatea direla, eta, harreman horiei esker, itzultzaile autonomoak bere etxetik lan egiteagatik izan ohi duen bakardadea hausteko modua izatea. Hurrengo alderdirik onena, galdetegitik jasotako erantzunen arabera, itzultzailearen edo interpretearen birziklapena da; izan ere, elkargoek prestakuntza ikastaroak antolatzen baitituzte, esate baterako lanbidearekin lotuta dauden teknologia berriak erabiltzen ikasteko, eta oso modu ona da hori profesionala egunean egon dadin.
Inkestatutakoek nabarmentzen dituzten beste abantaila batzuk dira zalantza terminologikoak nahiz beste edozein eratakoak foroetan edo e-postaz galdetu eta erabakitzeko bidea izatea; profesionalen kolektiboak harrera ona egitea lanbidean hasitakoan eta, oro har, elkargoak itzultzaileen eta interpreteen eskubideak eta lan baldintzak erakundeetan defendatzea; elkarren artean partitzen diren klase guztietako baliabideak; lana aurkitzeko bitarteko ona izatea, elkargoen web orrietan argitaratzen diren lan eskaintzen bidez; edota zenbait elkargotako kide izateak izen ona ematea itzultzaileari edo interpreteari, batez ere bezeroak itzultzailea edo interpretea ezagutzen ez duenean erreferentzia bat izaten dela eta.
Era berean, elkargo horietako kide izan eta horregatik onura asko izaten direla esaten dutenek, bazkide kuota eta elkargoak ematen dituen zerbitzuak, oro har, neurri egokian izaten direla jotzen dute.
Erantzun guzti-guztiak ez dira, ordea, aldekoak. Bi pertsonak (bat elkargo profesional bateko kide izan zen eta bestea oraindik ere bada, nahiz eta alderdi handirik ikusten ez dion) mesede gutxi edo batere mesederik ez diote ikusten elkargo profesional bateko kide izateari, eta, beraz, uste dute bazkide kuota ez datorrela bat bazkideek horren trukean jasotzen dituzten zerbitzuekin. Pertsona horietako batek salatzen du elkargoak antolatzen dituen ikastaro guztiak hura bizi den hiritik kanpora izaten direla, eta, horrela, harentzat oso nekosoa izaten dela beti-beti kanpora joan behar izatea ikastaroak egitera.
Inkestatutako pertsonetatik jakin nahi genuen beste gauza bat zen —inportantea, guretzat— ea zenbatek zuten Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioak ematen duen zinpeko interprete izendapena. Hogeita hamar erantzunetatik, 19k baiezkoa esan ziguten, bazutela zinpeko interprete izendapena, eta beste 12k ezetz, ez zutela. Zinpeko interprete izateko baimena dutenek betez ere hizkuntza hauetarako dute: ingelesa (18tatik 10ek) eta frantsesa (18tatik 3k). Era berean, badira galegoko 2 interprete zinpeko, alemaneko bat, portugeseko beste bat eta txekierako beste bat.
Galdetegiaren bigarren zatia. 12-17 bitarteko galderak
Puntu honetatik aurrera, galdetegiak lanbidearen kode deontologikoei heltzen die bete-betean, gaia pixka bat gehiago sakontzeko eta itzultzaile eta interprete profesionalen egoera eta gai honen inguruko iritziak jakiteko, gure ustez funtsezko gauza baita hori lanbidean ondo jarduteko.
Hala, 10. galderak zioen: Lanbideari ekin baino lehen bazenekien zure lanbidearen kode etikorik bazenik? Galdera horri, 30etatik 19k baietz erantzun zioten, nahiz eta gehienek esan zuten itzultzaile eta interprete lanbidean hasi baino lehen gauza gutxi edo gauza oso orokorrak zekizkitela kode etikoen edo jokabide pauten gainean. Gainerako 11 lagunek, berriz, aitortu zuten lanbideari ekin baino lehen ez zekitela lanbidearen kode etikorik zenik.
Hurrengo galderaren bitartez, jakin nahi genuen ea ikasten ari ziren bitartean itzultzaile/interpretearen kode etikoen gaineko informaziorik eman zieten. Eta, unibertsitate mailako itzulpen eta interpretazio ikasketak (lizentziatura edo doktoretza) zituzten 20 pertsonetatik, 9k baietz erantzun ziguten, jaso zutela jokabide arauen edo kode etiko baten edukien gaineko informazio moduren bat ikasle garaian, eta beste 11ek ezetz esan ziguten, unibertsitatean egin zituzten ikasketetan ez zietela itzulpenaren eta/edo interpretazioaren alderdi deontologikoei buruzko informaziorik eman. Ikasketetan prestakuntza hori ere jaso zutenetako gehienek ikasgairen bateko irakaslearen beraren ekimenez jaso zuten, eta, batek, ikasten ari zen fakultatean lanbidearen alderdi deontologikoei buruz antolatu zuten mintegi baten bitartez jaso zuen informazio hori. Eta batik ere ez da ikasgaiaren parte bat itzulpenaren eta interpretazioaren etika orokorrean eta sistematikoki lantzen duenik, eta oraindik eta gutxiago ikasgai bat osoa gai horri eskainia.
Galdekizuneko galderarik garrantzitsuenetako bat 12.a da: Kode etikoko zein printzipio iruditzen zaizkizu inportanteenak? Zergatik?
Itzulpenean eta interpretazioan ondo jarduteko printzipiorik inportanteenak konfidentzialtasuna eta sekretu profesionala dira gehienentzat. Hurrena, zintzotasun intelektuala dator, alegia norbera egiteko gai ez den lanik ez hartzea, itzulpenen kalitateari zuzenean eragin eta hondatu egin dezakeelako horrek, eta, hala, kalte egin dena delako lana egiteko garaian halako edo bestelako itzultzailearekin edo interpretearekin fidatu den bezeroari. Inkestatutako pertsona batentzat, zintzotasuna da edozein prozesu edo komunikazio trukeren giltzarria eta zentzuzko ekintza guztiak mugitzen dituen ardatza.
Oinarri horien segidan datoz: jatorrizko testuarekiko leialtasuna, diskrezioa, hartutako lanak neutraltasunez egitea (komunikazio prozesu batean inoren alde ez jartzea edota ez eragitea; adibidez, interprete batek epaiketa batean), bezeroarekin hitzartutako baldintzak errespetatzea (epeak, tarifak, formatua...) edota bidegabeko lehiarik ez egitea lanbideko kideei (nahiz eta printzipio etiko hori betetzea zail samarra izaten den, itzultzaileen artean dagoen lehia handia dela eta). Oinarri hori ez betetzeak itzultzaile askok beren prezioak elkargoek aholkatutako tarifak baino gehiago jaistea ekartzen du askotan, eta horrek, berriz, lan merkatuak batere egonkortasunik ez izatea ekartzen du, denentzat, baina batez ere itzultzaile autonomoentzat.
Azkenik, nahiz eta horrek ez duen esan nahi axola gutxiagoko kontua denik, inkestatutakoek itzulpenaren edo interpretazioaren kalitatea nabarmentzen dute, funtsezko gauza dena itzulpenean eta interpretazioan ez eze, beste edozein lanbidetan ere zerbitzu on bat emateko, bezeroak espero zuena baino zerbitzu hobea edo haren mailakoa behintzat.
Inkestari erantzundako pertsona batek bakarrik aitortu du inoiz ere ez duela kode etikorik kontsultatu.
Galdekizuneko beste galdera bat da, kode deontologikoek jartzen dituzten printzipioen ildotik doana, ea inoiz edo behin printzipio horiek hautsi beharrik izan zuten. Galderari erantzundako 30 profesionaletatik 21ek ezezko biribila erantzun zuten. Beste batek, berriz, aitortu zuen batez ere lanean hasi berritan printzipioren bat edo beste ez zuela bete, adibidez prezioak onargarri jotzen zirenetik behera jaistea, eta lanbideko kideekiko bidegabeko lehiatzat jo daitekeela hori, baina bestela zerbitzu hori izateko modurik izango ez zuenari zerbitzua emateagatik egin zuela (arazo ekonomikoak zituzten etorkinei-eta). Hori bera edo antzeko gauza erantzun zuten beste 5 lagunek ere. Beste batek, berriz, esan zuen hark ez zuela printzipio bat bera ere hautsi, baina proposamen lizun batzuk baietz, egin zizkiotela itzulpen agentzia batzuek; berari zinpeko interprete zigilua alokatzea, konparazio baterako, itzulpen ofizialak sinatu ahal izateko hartara.
Jardunbide hori —espero zitekeena baino gehiago zabalduta dagoena, tamalez—, indarrean diren legeetan galarazita izateaz gainera, delitua da, besteren identitatearen usurpazioa; izan ere, itzulpen prozesuan parte hartu ez duen pertsona baten zigiluarekin sinatzen baititu agentziak itzulpenak.
Inkestatutako beste bik, aitortu zuten kalitatearen printzipioa hautsi zutela —lanbidean hasi berritan haiek ere—, lan batzuk hartu zituztelako haiek egiteko behar adina prestakuntzarik ez izan arren; alderantzizko itzulpenak egitea edota menderatzen ez zituzten gaien inguruko itzulpenak egitea, adibidez. Baina, esaten dute jabetzen direla horretaz eta orain, lanbidean urte batzuk aritu eta gero, beste lankide batzuengana jotzen dutela alderantzizko itzulpenei begiratzeko, nahiago dutela dokumentazio prozesu zehatzagoa egin kalitate txarreko lan bat entregatu baino, eta baita lan bat uztea ere behar den prestakuntzarik izan gabe hura egiten hastea baino.
Itzultzaileei eta interpreteei ea bezeroek badakiten itzultzaileek eta bezeroek, biek, badituztela errespetatu beharreko kode etiko batzuk galderari, gehienek ezetz erantzun zioten, oro har ez dakitela. Bezeroei denik eta errespeturik handiena zor badiegu ere —gehienetan haiek baitira gure diru iturri printzipala—, inkestatu ditugun gehienek uste dute bezeroek ez dakitela itzulpen munduak nola funtzionatzen duen. Beste pertsona batek dio hark freelance edo kanpoko kolaboratzaile gisa lan egiten duen itzulpen agentzia askok ere ez dakitela kode etiko batzuk badirenik, besteak beste itzultzaileentzako lan baldintza duin batzuk (prezio aldetik, epe aldetik eta abar) bermatzea begiratzen duten kodeak; eta esaten du joan deneko 15 urte hauetan tarifa berbera ordaintzen diotela agentzia horiek. Beste 6 lagun, ordea, ez datoz iritzi horrekin bat, eta pentsatzen dute bezeroek, batez ere agentziek, badakitela kode etiko horien berri, eta ondo asko zaintzen dutela itzultzaileek batez ere konfidentzialtasun printzipioa betetzen duten. Kode etikoen berri izateak ez du esan nahi beti-beti praktikan jartzen dituztenik. Beste bi lagunek diote bezeroak itzultzaileen gremiokoak edo lanbide horrekin zerikusi handia duen besteren batekoak badira, asko begiratzen diotela kode etikoetan jarritako printzipioak betetzeari.
Inkestatutako hogeita hamar pertsonetatik hamabostek ezetz erantzun zion ea bezeroren batek noizbait kode deontologikoaren printzipioren bat haustera bultzatu ote zuen galderari. Beste guztiek, ordea, baietz erantzun zuten. Hauek dira azaldu zizkiguten kasu batzuk:
- Badira bezero batzuk zinpeko interpreteak jatorrizko testuaren edukia itzulpenean aldatuta ematea nahi dutenak, eta baita itzultzaileak bezeroak berak aurretik egindako itzulpen bat zigiluz jo eta sinatzea nahi izaten dutenak ere, tarifa baxuagoa lortzeko.
- Beste pertsona batek aipatu zuen sinatu eta zigilu ofiziala emandako orri zuri batzuk utz zitzan eskatu ziola itzulpen agentzia batek, denbora aurreratuko zutela hala eta.
- Itzultzaile batek lan baldintza batzuk hitzartu zituen agentzia batekin ahoz, eta agentziari baldintza haiek idatziz eskatu zizkionean, ahoz hitzartutakoekin antz handirik ez zutela ikusi zuen.
- Bezero batek zuzenean harentzat lan egitea eskatu zion itzultzaile bati, elkarrekin harremanetan jarri zituen agentziaren bitartez aritu gabe, bidegabeko lehia eginez agentziari.
- Inkestatutako pertsona batek nahiko maiz egiten zuen lan agentzia batentzat. Halako batean, agentziak esan zion beraren helbidea zeraman eta zinpeko beste interprete batek egindako itzulpenak zinpetzen zituen zigilua egitea onartzen bazuen, alderantziko zinpeko itzulpen (ingeleserakoak) gehiago, dezente gehiago, emango zizkiola, nahiz inkestatutako pertsonak berak ere eskaintzen zituen alderantzizko itzulpen zinpekoak, berak eginak. Indarrean diren legeetan ez du jartzen legez kontrakoa denik nahi dugun helbidea eta telefono zenbakia jartzen dituen zigilua egitea, baina garbi dagoena da zinpeko itzultzaile batek zigilu bat besterik ez daukala izaterik.
Galdetegiko azkeneko bi galderak itzulpenaren etikak itzulpen eta interpretazio ikasketetan jokatzen duten paperaren gainekoak dira. Hala, 16. galderak dio: Kode etikoak eta itzulpen-interpretazioen etika profesionalean prestatzea itzultzaileen eta interpreteen prestakuntzako oinarrizko alderdiak izan behar direla iruditzen zaizu? Inkestatutako guztiek nabarmentzen dute etikak paper handia duela itzultzaileen eta interpreteen prestakuntzan.
Iruditzen zaigu ezinezkoa dela etikatik kanpo aritzea, errealitatean dena dagoela haren eraginpean. Inportantea da itzultzaileek eta interpreteek hasiera-hasieratik jakin dezaten badirela batzuk, urteetako eskarmentuaren ondoren, arau batzuk idatziz jarri dituztenak, oso zentzuzko arauak, baina araua, askotan, zentzurik eza izaten denez, gogora ekarri eta paperean jarri behar dira, behar dugun guztian begiratu eta kontuan izan ditzagun. Era berean, garrantzia handikoa da ikasleak, ikasten ari den bitartean, jakin dezan badirela errespetatu beharreko printzipio batzuk, ez dagoela bezeroari, beste lankide bati edota lanbideari berari kalte egiteko moduan aritzerik, bere buruari kalte egin eta karrera guztia arriskuan jarriko lukeelako bestela.
Inkestatutako beste pertsona batek dio itzultzaileen eta interpreteen prestakuntzan etika sartzeak ekarriko lukeen mesedeetako bat lanbidean aritzen diren profesionalak printzipio etiko batzuk errespetatzen eta erabiltzen ohitzea izango litzatekeela, batez ere lanbidea eta lankideak errespetatzen.
Alde horretatik, baten erantzunak dio zinpeko itzulpenetan kontu inportantea dela hori, ez erantzukizun moralagatik bakarrik, baita lanbide honetan lan egiteak dakarren erantzukizun penalagatik ere, fede publikoa ematen baita.
Eta hauxe da gure galdekizuneko azkeneko galdera: Itzulpengintza eta interpretazioa graduko ikasketetan Itzulpenaren eta interpretazioaren etika ikasgaia sartzeak mesede ekarriko lukeela iruditzen zaizu?
Galdera honi emandako erantzunak ez dira aurreko galderari emandakoak bezain homogeneoak, nahiz eta batek bakarrik erantzun zuen ezezkoa, unibertsitateko ikasketetan itzulpenaren eta interpretazioaren etikari buruzko ikasgai bat izateak ez liokeela onik egingo lanbideari. Beste gainetiko 29ak neurri horren alde daude, zenbait alderditan denak bat ez badatoz ere. Batzuei iruditzen zaie (29tik 6ri) mesedegarria izango litzatekeela, baina, akaso, ez lukeela ikasgai independente bat izan behar, baizik eta beste ikasgai batzuen parte izan behar lukeela, itzulpenaren eta interpretazioaren alderdi etikoak ez daudelako ikasgai bakar batean apartatzerik, baizik eta zehar-lerro gisa erakutsi behar direlako. Horretarako, itzulpeneko edo interpretazioko ikasgairen bat ematen duen irakasleak, adibideak eman, kode deontologikoko artikuluak iruzkindu edota arau etiko horiek azaltzen dituzten artikulu batzuk irakur ditzake, konparazio baterako.
Beste pertsona batek, berriz, proposatzen du lan merkatuarekin lotutako ikasgai zabalagoren baten barruan ematea etikarena ere, eta, hartara, beste gai inportante batzuk ere landuko liratekeela (bezeroekiko harremanak, lana bilatzea eta abar).
Azkenik, beste 17rentzat egokia edo oso egokia da itzulpenaren eta interpretazioaren etikari buruzko ikasgai bat sartzea unibertsitateko ikasketetan.