Joxan Ormazabal eta itzulpengintza
J.M. Olaizola Lazkano

1

Joan da Joxan gure artetik, eta norbait joaten zaigunean badirudi ezinbestekoa dela haren aipamenak eta gorantzak egitea, are gehiago Joxanen kasuan bezala heriotzak hain kutsu tragikoa utzi duenean.

Hala ere, oraingoan ez dago aitzakia beharrik, ezta arakatze luzeetan ibili beharrik Ormazabalen eta itzulpengintzaren arteko loturak aurkitzeko.

Hark itzulpengintzan egindako lanei begiratzen hasi naizenean ikusi dut laurehun (400) liburu eta liburuxkatik gora dituela itzuliak edo moldatuak, era eta tamaina guztietakoak.

Lan itzela.

Gainera, itzulpen horien arrastoari jarraitzen badiogu, haur eta gazteen literatura itzuliak Euskal Herrian egindako bidearen aztarnak erraz suma genitzake.

Haur eta gazteentzat egindako literatura asko aldatu da azkeneko hogeita hamar urteetan, eta Joxanek itzulitako liburuek erakutsiko digute, neurri batean, nola joan den bideratzen aldaketa hori, itzulpenari dagokionez behintzat.

Abia gaitezen.

Hasteko, gogora dezagun aurreko mendeko hirurogeiko hamarkadan euskararen munduak zuen inguru agorra. Euskaraz zegoen materiala (ikasteko, irakurtzeko, ikusteko...) zeharo urria zen. Gabezia horrek bultzatuta, ordea, hainbat euskaltzalek gogor ekin zion lanari: "ez badago, egin egin behar da" zioen belaunaldiko jendea zen.

Irakurtzeko libururik ez bazegoen, idatzi egin behar ziren; ikaslibururik ez bazegoen, egin edo itzuli.

Esate baterako, euskarazko testurik ez zegoenez, itzuli egin behar ziren, eta dena itzultzea lan handia zenez, banatu egiten zen itzulpen-lana: hainbat orri ikastola bakoitzeko, adibidez. Hau da, ikasliburua ataletan zatikatzen zen, eta ikastola bakoitzak zegokion atala itzuli behar izaten zuen, gero atal guztiak bildu, begiratu bat eman eta testua horrela edo hala, multikopista zahar batean bazen ere, argitaratu eta erabiltzeko. Ez da, jakina, liburu baten itzulpena egiteko modurik egokiena, beharbada, baina egin beharra zegoen eta egin egiten zen.

Horrelako lanetan egingo zituen, seguru asko, lehenengo itzulpenak Joxan Ormazabalek, testu horien itzultze-lanetan aritu baitzen ikasliburu berriak sortzen hasi aurretik (Joxanen beste ofizio bat, aspaldikoa baina ahaztezina: ikasmaterial sortzailea).

Bueno, kontua da ezak ekartzen duen eduki nahiaren antsia horretan, euskalgintza hainbat gauza egiten hasi zela: euskara ikasteko eta irakasteko metodoak, ikastoletarako liburuak, irakurtzekoak... eta ia saltsa horietan guztietan ibili zen Ormazabal.

Halako garaiak ziren, eta halako jokaerak, baina "geu" izan beharrak gauzak urrutiegira eraman zituen zenbaitetan. Itzulpenari buruz, esaterako, bazen begi okerrez ikusten zuenik ere. Esan nahi da, predikua gisa honetakoa zela: geuk egin behar ditugu liburuak, geuk geure ikuspegi propiotik eginak, eta behar-beharrezkoa den hori soilik itzuli. Ikuspegi horrek indar handiz bultzatu zuen "geurea" goratzea eta itzulpena beheratzea.

Bide horrek alde on bat edo beste bazuen, eta, neurri batean, horrelako ikuspegiak bultzatu zuen ahozko euskal literaturaren altxorrak (bildumetan idatzita zeudenak, batik bat, egia esan behar bada) arakatu eta hango ipuinak berritzea eta moldatzea. Joxani zuzenean dagokionez, aipatzekoak dira Axut sailean (Elkar argitaletxea) 81. urtean moldatutako Lau anaia umezurtz ipuina, 83. urteko Martixio asmatzaile eta 85.eko Otsoa eta azeria eta Zakurra, katua...

Axut sailean herri-ipuinak eta kondairak biltzen ziren, kolorezko marrazkiekin, azal mehe eta gogorrarekin eta garaiko euskarazko haur eta gazteen literaturarako ezohikoa zen luxuarekin.

Lan horiek, itzulpenak baino gehiago moldaketak direnak, goian aipatutako giro horretan koka daitezke, 81. urtean Joxanek idatzitako Pernando Amezketarra bera bezalatsu.

Autarkiaren teoriak teoria, etxekoek egindakoak ez zuen, ordea, asetzen euskal munduak orduan eskatzen zuena, eta itzulpenen beharra berehala egin zen nabarmen: irakurtzeko, zegoena baino material gehiago behar zen; ikasteko, zer esanik ez. Hori garbi zegoen.

Franco hil (1975) eta ondorengo dozena erdi bat urtean asko ugaritu ziren liburu itzuliak. Liburu itzulien sailak sortu zituzten argitaletxeek:

1974an Cinsa hasi zen zenbait libururekin (Sandokanen istorioak barne).

1976an Gero-Mensajero Kimu saila osatzen hasi zen.

1979an Hordagok Tximista saila eta Elkarrek Itzul saila sortu zituzten.

1981ean Elkarrek Bostak saila hasi zuen.

Sail berri horien guztien hasieran bazegoen itzultzaileen eta irakasleen arteko nolabaiteko lotura sendoa. Itzultzaileak, askotan, irakasleak berak ziren, euskaraz edo euskara irakasten zutenak, beharra sumatzen zutenak eta itzulpenak egin egiten zituztenak.

Sail berri horietatik Ormazabalek Bostak eta Itzul sailekin izan zuen zerikusi zuzena.

Bostak sailean edizio-lana egin zuen. Sail osoan nabarmena da garaiko profesionalizatu gabeko itzultzailearen irudia, material beharrak lan egitera bultzatzen zuen jendearen arrastoa, itzultzaile gehienak irakasleak baitziren.

Itzul sailaren hasieran Joxanen itzultzaile-lana begi-bistakoa da, hiru liburu berak itzuliak baitira: Ketxusen zooa, Norena da basoa? eta Jolas egiteko ipuinak.

Hiru liburu horietan ikus daitekeenez, Joxanen itzulpenek bazuten helburu garbia: hizkera naturala izango zuten liburuak nahi zituen. Izan ere, bazen behin baino gehiagotan aipatzen zuen euskara mota bat berak itzulpenetan nahi ez zuena: euskara ortopedikoa. Sintaxiaren, morfologiaren eta arauen aldetik zuzen zegoen euskarari deitzen zion horrela, euskara zuzena baina arimarik gabekoa, komunikatzeko hotza, adierazkortasun gutxikoa, goxotasunik ez zuena. Joxanek ez zuen nahi horrelako euskara ortopedikorik itzulpenetan.

2

Euskarazko liburugintza itzulpenera zabaldu zen garaian (eta lehenagotik ere bai zenbait kasutan), Espainian frankismo garaian zokoratuak egondako hizkuntzen berpizte nahia nabarmena egin zen, batez ere katalanarena. Elkartzea eta elkarrekin lan egitea helburu bilakatu zen. 1974. urtetik aurrera La Galera (argitaletxe katalana) hasia zegoen euskaraz Apurrak saileko liburuxkak argitaratzen. Formatu txikiko koadernoak ziren, koloretan, ume txikiek irakurtzen lehen urratsak egiteko. 1980. urtetik aurrera Elkar argitaletxearekin koedizioan argitaratu ziren Joxanek itzulita edo moldatuta.

Bestalde, frankismoaren ondorengo urteetan pedagogia munduarekin lotutako hainbat gai eztabaidatzen ziren: irakurketa-metodoak, irakurgaiak zenbait interesguneren inguruan lantzea, ezagutza esanguratsuak bihurtzea... Horrek guztiak sortutako aldaketak ordura artekoak ez bezalako liburu motak sortu beharra ekarri zuen. Esaterako, 1979. urtean hasi zen Teo saila. Liburu horietan Teo da pertsonaia nagusia eta liburu bakoitzean interesgune bat (kanpina, azoka, oporrak, parkea, igerilekua...) da liburuaren bizkarrezurra. Joxan Ormazabalek lotura handia izan zuen Teo sailarekin, eta 1983. urtetik hasi eta 2000. urtera arte hogeita lau liburu itzuli zituen.

Horrek ez du esan nahi, dena dela, betiko ipuin herrikoien garaia erabat pasatua zenik. La Galerarekin egindako elkarlanetan La Galera ipuinak saila dago. Bilduma horretarako, Lehoia eta kilkerra, Usoa eta inurria eta Belea eta azeria ipuinen itzulpenak Joxanek egin zituen.

Kutsu berriagoko liburuetara itzuliz, Teo sailaren antzekoa da Ibai saila. Beste ikuspegi batetik, baina egitura bertsuarekin Ibai sailak, argumentu-egitura sinple baten bidez, ofizio, lanbide edo afizio bat aurkezten digu liburu bakoitzean. 1983. urtetik 1993. urtea bitartean, Ibai saileko hogeita lau liburu itzuli zituen Joxanek.

Bitxikeria bat, 1983. urtearen inguruan gabiltzanez.

Urte horretan itzuli zuen Joxanek Eduardo Galeanoren La piedra que arde (Harria sutan).

Joxanek bereziki maite zuen liburua zen, eta Galeanoren liburua asko gustatzen zitzaiolako itzuli zuen, ordura arte esku artean zituen sailetatik kanpo geratzen zen liburua izanik ere. Kartoizko azalarekin eta koloretan egina, garaiko ohiko austeritatetik aparteko liburua da (ia luxuzkoa orduan).

Jendeak ez zion berak nahiko zukeen harrera egin. Liburuak sailen barruan atera behar zirela esan ohi zuen ondoren...

Urte horretan bertan, indarrak batze aldera, Galaxia argitaletxe galiziarrak, La Galera katalanak eta Elkarrek beste sail bat sortu zuten, hiru hizkuntzetan batera argitaratzeko, eta beste zenbaitetara zabaltzeko asmoarekin (Arango okzitanieraz ere argitaratu ziren zenbait liburu). Sailak Txalupa izena zuen (euskaraz, behintzat) eta 1992. urtera arte jarraitu zuen liburu berriak sortzen. Joxanek itzuli zituen kanpotik zetozen liburuak euskarara. Haur txikientzako liburuak zirenez, eskatzen zuten euskara goxoan egin zituen, betiere. Hogeita hamazazpi liburu izan ziren denera.

Urte berekoa da, baita ere, Perkax saila. Sail horretan edizio-lanetan aritu zen Ormazabal, euskaraz sortutako liburuentzako saila baita. Hala ere, badu Joxanek sail horretarako itzulpen bat egina: Seve Callejaren Bakarnek ez du lagunik.

Joxanek lagun ugari zituen, eta gustatzen zitzaion haiei mesedeak egitea...

3

Aireak leku askotatik jotzen du hogeita hamar urtean, eta ezin izan beste era batera 1980tik 2010 bitarteko hogeita hamarretan ere. Esan nahi da, eragin eta eragile asko ibili izan zirela liburuen inguruan urte horietan; era askotako eragileak (ikuskizunak, komikiak, telebista, zinema...), eta argitaletxe batean edizio eta itzulpengintzan zebilenak erantzun egin behar zien halako eragileei. Aldizkako fenomenoak izango ziren, agian, baina modan zeuden bitartean erantzuna eman beharrekoak. Hemen Joxan Ormazabalek itzulitako adibide batzuk:

Babar saila, 3 liburu itzuliak.

Charlie Rivel saila, 6 liburu. Charlie Rivel pailazoaren pertsonaia eta irudia Kataluniatik etorritakoak ziren.

Lucky Luke saila, 5 koaderno. Komikietatik marrazki bizidunetara eta marrazkietatik berriz liburuetara etorritako pertsonaiaren fenomenoa.

Lulu txikia saila, 12 liburuxka; hau ere telebistako marrazkietatik etorria.

Komikien itzulpenak egiten oso goiz hasi zen Joxan. Imanol Tapiarekin batera Tintin sailaren itzulpen- eta edizio-lanak egiten aritu zen. Bien artean itzulitakoak dira Urrezko hagindun karramarroa, Ikatz stocka eta Castafioriren bitxiak.

Haur eta gazte literaturaren inguruan urteetan zehar jotako haizeez ari garenez, ezin utzi aipatu gabe noizbehinka sortzen diren haize-zurrunbilo bihurriak, unean uneko modak, tiradizo handiko mementoko kontuak. Esaterako, liburu interaktibo deituek arrakasta itzela izan zuten garaitxo batean (interaktibitatea sarean bazela jakiteak ekarritakoa, agian?). Kontua da 85-86 inguru horretan munduko aurkikuntza handiena balira bezala aurkeztu zizkigutela liburu interaktiboak, sortzaileak emandako eta irakurleak egindako aukeren bitartez eraikitzen joaten zirenak. "Aukera ezazu zeure abentura" moduko liburuak ziren, eta norberak argumentua bideratzeko aukeratxo bat ematen zuten.

Txikientzat ere iritsi ziren horrelakoak. Timun Mas argitaletxearekin batera, era horretako hainbat liburu editatu zituen Elkarrek. Globo Berdea izena zuen sailak eta 86 eta 88 bitartean hamabi liburu itzuli zituen Joxanek.

Liburu interaktiboak bezain nabarmenak izan ez baziren ere, geroztik etorri ziren beste zurrunbilo batzuk. Horien artean aipatu beharrekoa da XX. mendea amaitzekotan zegoela beldur eta izuzko kontakizunek izan zuten arrakasta. Ttarttalo argitaletxearekin Ipuin beldurgarriak saileko bi liburu itzuli zituen Joxanek.

4

Modek sortutako liburuei eskainitako parentesi hori itxita, itzul gaitezen 1987. urte aldera. Garai hartan, La Galera eta Elkarrek sail berri bat hasi zuten, Sirena. Haur txikiei zuzendutako saila zen, eta 1992. urtera bitartean hogeita hamalau liburu sortu zituen. Katalanek lehenagotik zuten bilduma bat zen, eta Joxanek egin zituen liburu guztien itzulpenak.

Antzeko zerbait esan daiteke Timun Mas argitaletxearekin koedizioan egindako Xanti eta Ane (1988-89) eta Kiriko sailekin (1988-1997). Itzulpenak Joxanek egin zituen.

Xanti eta Ane saila, hamabi liburu eta sei osagarri.

Kiriko saila, hogeita bi liburu eta hiru osagarri.

1989koak dira OT aztia eta Parramon sailak. OT aztia saila 1989 eta 1995 urteen artean argitaratu zen eta saileko sei liburuak Joxanek itzuli zituen. Oraintsu (2009. urteko amaiera) berritzen ari zen sail hori.

OT aztiak Joxani hainbeste gustatzen zitzaion ukitu poetiko-surrealista zuen, Josep Lluis Martínez Picanyol egile eta marrazkilariak irudi sinple eta garbiz apaindua.

Bestelakoa zen Parramon saila.

Hainbat gauza era apalean, sinplean, haurrei erakustea eta irakastea zen liburuxka horien helburua. Alde horretatik, arlo horretako liburuen artean jorratzen den beste ikuspuntu bat zuten: ezagutzazko liburuak haur eta gazteentzat.

Parramon saileko hamasei liburu Joxanek itzuli zituen.

Ezagutzako liburuxka horiek oso maiteak zituen Joxanek, baina baita eskulanetakoak ere. Horrela, 1990. urtean, Nire eskulanak sailean argitaratzeko hamar liburu itzuli zituen.

Eskulan-liburuen garai bertsukoa da Oihaneko historiak saila (beste bost liburu) eta Dortokaren liburuak saila (hamar liburu).

Ez da erraza jakiten zenbat liburu itzuli zituen Joxan Ormazabalek garai horretan. Behin baino gehiagotan esan zuen hainbat liburutxotan ez zuela itzultzailearen izenik jarri (berea, alegia), hango lanak ez zuelako itzulpen izena merezi...

5

Itzul saileko liburuak ez ziren liburutxoak, testu dezente zuten liburuak baino. 1992. urtean eman zitzaion amaiera sailari. Handik gutxira, bildumako zenbait liburu jasotzen hasi zen Xaguxar sail berria. Sail horrek euskaraz sortutako liburu asko zituen, Itzulsailetik jasotako beste batzuk eta, gainera, zenbait itzulpen berri. Ormazabalek kariño handiz egin zituen horietako batzuk: Amona sagar gainean, Pippi itsasorako asmotan, Pippi hegoaldeko itsasoetan, Deabrua gorputzean eta Katuaren irribarrea.

1996an argitaratu zuen Elkarrek, La Galerarekin koedizioan, umeentzako hainbat ipuin klasiko, marrazkilari ausarten irudiekin, kartoizko azaleko liburu dotoreetan eta estetika berritzailearekin egindako beste sail bat: Betiko ipuinak. Katu botaduna, Epotx saltaria, Berunezko soldadutxoa, Azeria eta zikoina, Bremengo musikariak, Mari Errauskin, Hamelingo txirularia, Basoko loti ederra, Ali Baba eta berrogei lapurrak, Aladino eta kriseilu miresgarria, Ahatetxo itsusia, Edurnezuri. Itzulpenak Joxanek egin zituen, jakina.

Urte berean, Joxanek asko maite zuen gai baten inguruan (animaliak eta haien bizitza) Lau urtaroak sailean hainbat liburu itzuli zuen (2001. urtea bitartean hamasei liburu). Gai bera dute Ttarttalok 1995. urtean argitaratutako Animalia bitxiak sailak (lau liburu) eta 1996ko Animaliatxoak (zortzi itzulpen).

Ume txikientzako liburuak dira, aldiz, Ttarttaloko Ipuin klasiko trokelatuak (zortzi liburuxka), eta baita Margotu eta erantsi sailekoak ere (jolaserako osagarriak, sei koaderno).

6

Haur eta gazteen literaturak arrakasta garrantzitsua izan duela diote (azken urteetako literatura mota horren booma aipatu ohi da), baina oraindik ere euskaraz egindako haur eta gazte literaturaz bizi ahal izatea gauza zaila da, batez ere tituluak ugaritu eta tiradak jaitsi direnetik. Bestalde, behin eta berriz errepikatu izan da eremu urriko zenbait hizkuntza elkartuz gero gauzak erraztu eta aukerak handitu egingo liratekeela.

Indarrak eta argitaletxeak elkartu direnean, ordea, emaitzak ez dira espero adinakoak izan, seguru asko eremu bakoitzean hiztunek badutelako bere unibertso propio txikia, kanpotik datozen eraginetatik babesteko eraikia eta automatikoki funtzionatzen duena, kanpoko idazleari eta literaturari muga-zerga ordainaraziz. Gauza bertsua esan daiteke eremu urriko hizkuntzetakook gaztelaniaz argitaratu eta ohiko gaztelaniazko merkatuan konpetentzian hasten garen bakoitzean.

Dena dela, bide hori (hainbat argitaletxe txiki elkartu eta euren ekoizpenak eremu zabalagoan hedatzen saiatzea) behin baino gehiagotan jorratu izan da. Joxan partaide izan zen bide horietan egindako hainbat saio seriotan. Horietako batean, Argitaletxe elkartuak sortu zen (Editores asociados, Editors associats, Editores asociaos, Editors asoziatos) eremu urriko hainbat hizkuntzatan (gailegoa, katalana, asturiera, aragoiera...) eta gaztelaniaz liburuak argitaratzeko.

Argitaletxe horren babesean sortu zen 1996. urtean Zazpi saila. Argitaletxe elkartuek argitaratzen zuten gaztelaniaz eta lekuko argitaletxe bakoitzak bere hizkuntzan. Esperimentuak 1999. urtera arte iraun zuen. Sail horretan badira hamasei liburu Joxanek itzuliak.

Bestalde, indar batu horiei etekina atera nahiz, Apirila saria antolatu zen, eta baita Eta zer? saila ere, Joxanek bereziki atsegin zuena. Desberdina izateko eskubidea agertzeko antolatutako saila zen. Itzulpen-lanetan ere aritu zen sail horretan: Nire aita etxekoandrea da, eta zer? (2000), Potoloa naiz, eta zer? (2000) eta Horrelakoa da nire arreba, eta zer? (2001).

Elkarrekin lan egiteak ez zuen baztertzen, ordea, bestelako hainbat bitxikeriatan aritzea gure Joxan. Noizbehinka bazuen bereziki "bere" sumatzen zuen libururen bat, edo egileren bat. Horrelakoetan, lan hori bere hegalpean hartu ohi zuen, eta esku artean zituen beste hainbat lanen artean gustu hutsez itzultzen zuen. Hemen kasu batzuk:

Miru sail euskaldunean Zainorilandia itzuli zion Julia Otxoari 1997. urtean eta Ni eta nire metroa Amado Gómez Ugarteri 1999an.

Lamia sail euskaldunerako Mister Daffodil eta bere denda Axun Balzolari 2001. urtean.

Batela sailerako Punpuiluaren bidaia Pako Sagarzazuri 2007an.

7

2000tik aurrera, denbora-pasak eta jokoak itzultzeko gai bihurtu ziren Joxanentzat. Egia da beti izan zituela gustukoak bai hitz-jokoak eta baita bestelako denbora-pasak ere (matematikoak, logikoak, irudizkoak...), baina azken hamar urteetan arreta berezia jarri zuen horrelako materialetan.

Era horretako material mordo bat du itzulia Joxanek:

  1. Ipuin klasikoetako denbora-pasak (Ttarttalo, 2000), 6 liburuxka.
  2. Totoren denbora-pasak (Ttarttalo, 2000), 4 liburuxka.
  3. Erantsi, margotu eta idatzi (Ttarttalo, 2000), 4 liburuxka.
  4. Eranskailu mugikorrekin... (Ttarttalo, 2000), 4 liburuxka.
  5. Jolastu eta margotu (Ttarttalo, 2000), 4 liburuxka.
  6. Nire jolas liburuak (Ttarttalo, 2000), 4 liburuxka.
  7. Tabi denbora-pasak (Ttarttalo, 2004), 4 liburuxka.
  8. Lehen hezkuntza. 1/2 ikasturteak. Ikusmen, logika eta orientazio jokoak (Elkar, 2004), 8 liburuxka.

Jolas horiez gain, badira garai bertsuan Ormazabalek egindako liburu txikien itzulpenak. Ttarttalon argitaratuak 1999. urtetik aurrerakoak dira, neurri handi batean. Ikusi hauek:

  1. • Goazen barrura saila (Ttarttalo, 1999), 4 liburu.
  2. Urrezko ipuinak saila (Ttarttalo, 2000), 8 liburu.
  3. Mozorroka saila (Ttarttalo, 2000), 4 liburuxka.
  4. Nire lehen liburua koloretan saila (Ttarttalo, 2000), 4 liburu.
  5. Nire superliburua saila (Ttarttalo, 2000), 4 liburu.
  6. Animalia dibertigarriak saila (Ttarttalo, 2002), 4 liburu.
  7. Ireki saila (Ttarttalo, 2003), 2 liburu.
  8. Sirenatxoak saila (Ttarttalo, 2006-7), 3 liburu.
  9. Irudi biziak saila (Ttarttalo, 2007), 4 liburu.

8

Haur eta gazte literaturaren mundutxo txikian albumek garrantzi berezia hartu dute azken aldian, eta gure artean (haurren literaturako mundu txiki horretako euskal txoko txikian) ere bai. Zenbait, nire irudiz, halakoei neurriz kanpoko garrantzia ematen aritu bada ere, agian, ezin ukatu azken urteotako liburu-erreginak bilakatu direla.

Album bat egiteaz gain, 2002. urtetik aurrera Joxanek hainbat album itzuli zituen:

  • • Beti aurrera, Ttarttalo, 2002.
  • Denak du konponbidea, Ttarttalo, 2002.
  • Erraldoia eta txoriak, Ttarttalo, 2003.
  • Dortokaren sekretua, Ttarttalo, 2004.
  • Sagu txikia, Ttarttalo, 2004.
  • Munstro bat ohe azpian, Ttarttalo, 2005.
  • Hotsen liburua, Ttarttalo, 2006.

9

Haur eta gazteen literaturaren inguruneari arreta pittin bat jartzen saiatuz, Joxan Ormazabalen itzulpengintza-lana aztertzen ahalegindu naiz, uste baitut (sortze-lanak inoiz ahaztu gabe) itzulpengintzaren arloan lan itzela egindako gizona dela.

Txiki edo handi, laurehun liburutik gora itzuliak ditu, eta 1980. urte inguruan hasita hogeita hamar urteko etengabeko jarduera du.

Zerbait galtzen dugunean hasten omen zaigu hartaz genuen estimua indartzen, eta badirudi oraingoan ere hala izan beharko duela: Joxan galdu dugunean ikusten dugu hark egindako lanaren tamaina eta balioa.

Sit tibi terra levis.

Izan bekizu arina lurra, adiskide.