Eskarmentuak erakutsi diguna. Interpretazioaz bi hitz
Mikel Garmendia

Idazlan honen helburua ez da inola ere interpretazioari alde teorikotik heltzea edo maila horretako ekarpenik egitea. Maila praktikoa izan nahi dut abiapuntu eta maila horretan ikusi-ikasitakoetatik saiatuko naiz ondorioak ateratzen.

Eusko Legebiltzarra aurrenekoz osatu zenean —1980. urteaz ari gara— hasi nintzen interpretazioaren munduan lehen urratsak egiten. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren hastapenak ziren, ia hutsetik abiatzen ginen, eta zer esanik ez euskaratik gaztelaniarako eta alderantzizko aldibereko interpretazioari dagokionez. Ibilbide luze eta korapilatsua izan da ordutik honakoa. Ez naiz, ordea, bataila txiki, pasadizo eta antzekoetan entretenituko. Prestakuntza handirik gabe inoiz kabina batean sartu eta interpretazio-saio bat egiten saiatu denak badaki, noski, zertaz ari garen. Argi erakusten digu, bi hitzetan, Bego Montorio interprete beterano bikainak nolakoa izaten zen garai hartan lantegi honi ekin genionon hasiera: "Oso esperientzia gogorra izan zen lehen bataio hura. Bilkura astelehenean hastekoa zen, aurreko larunbatean joan ginen frogak egitera, erabili beharreko tramankuluak zer ziren ere ez baikenekien zehazki. Larunbat arratsa eta igande osoa igaro nuen pentsatzen: «Deituko dut eta esango dut gaixorik nagoela eta ezin dudala joan». Azkenean, joan egin nintzen, gazte eta ausartagoa nintzen, baina orain ikusita, pentsatzen dut izugarria dela ni sartu nintzen bezala sartzea lehenengo aldiz interpretazio kabinara[1].

Sartu ginen, bada, sartu interpretazioaren munduan, ekin genion erronkari. Jarraian hasi ginen gu baino aurrerago zebiltzan herrialdeetatik ikasi eta EIZIEren bitartez antolatutako ikastaro laburretan geure buruak ahal bezala prestatzen. Nolabait ere tamaina hartuz joan ginen kabinako lanari. Hasieran, bi norabideetan interpretatzeari ekin genion: euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara. Laster ohartu ginen, ordea, alferrik genbiltzala gaztelaniatik euskarara, inork ez baitzuen jartzen entzungailurik. Bego horretan kontua.

Esan dezakegu, beraz, geure kabuz joan ginela bidea urratzen eta eskarmentua hartzen. Bide-urratze horretan behin eta berriro errepikatzen zitzaizkigun arazoak identifikatzen hasi ginen:

  • Testu idatziak irakurtzen dituzten hizlariei testuok aldez aurretik interpreteari eskuratzeko eskatzea. Labur esanda, horretan hizlariak poliki-poliki hezi beharra, beti eta denak ez baitira jabetzen azken finean haien onerako ari garela, haien diskurtsoak hobetzen, alegia.
  • Gaiak aldez aurretik prestatzearen garrantzia.
  • Betelana, isilunerik ez uztearen garrantzia.
  • Alde psikologikoa: beldur eszenikoa, kabinara ondo esnatuta eta "motorra berotuta" sartzearen garrantzia.

Arazo horiei, zer esanik ez, geure kabuz bilatu behar izan diegu aterabidea. Batetik, esan bezala, hizlariekin halako konplizitate moduko bat joan gara sortzen: zuk behar nauzu, nik behar zaitut. Bestetik, gaur egun ez zaigu bururatzen kabinara sartzea gaia aldez aurretik hein batean bederen aztertu gabe. Jardunaren jardunez ikasi dugu, bestetik, etenik ez egiten eta esanahiaren aldetik ezer kendu edo gehitzen ez duten makuluak erabiltzen: ciertamente, de alguna manera, digamos que, efectivamente, en realidad... Jardunaren jardunez ikasi dugu, berebat, euskarazko astakeria hitzaren ordain bakarra ez dela burrada, hortxe daukagula, esate baterako, disparate hitza ere hizkera-maila zertxobait zaintzea komeni izatez gerotan. Jardunaren jardunez ikasi dugu, baita ere, euskarazko hitz eta aditzik errazenak izaten direla askotan itzultzen zailenak: neurriak hartu-ren ordaintzat adoptar medidas esango dugu automatikoki, hau da, ez gara pentsatzen hasiko hartu aditza tomar, coger edo auskalo nola eman behar dugun. Neurriak hartu entzun bezain pronto etorriko zaigu burura adoptar aditza. Gauza bera gertatuko zaigu lehen itxura batean oso hitz itzultzen erraz eta inozoa dirudien bide hitzarekin, eta eratorriekin: bideratu, bide egin, bide eman... Horrelakoak itzultzen behin trabatzea aski izaten da, hurrengorako ordaina ondo prestatuta edukitzeko. Euskara/gaztelania interpreteari encauzar ordaina etorriko zaio bideratu entzun orduko, pentsatzen segundo erdia galdu gabe.

Gauza jakina da huts eginez ikasten dela, ibiliz egiten dela bidea. Hala, aurreko arazoei aurre egin ahala eta huts egiteetatik ikasiz, esango nuke baleko bertsioak ematetik bertsio itxuroso, landu eta maila onekoak ematera pasatu garela.

Ez dut aukera baliatu gabe utzi nahi Jagoba Zallo interprete zailduaren hausnarketa interesgarri bat hona ekarri gabe. Irakurri nuenean, interpreteontzat gauza jakina eta askotan bizitakoa izan arren, halako lasaitasun edo segurtasun sentsazio moduko bat sentitu nuen eta bat etorri izan dira horretan pasartea irakurri eta horretaz mintzatzeko parada izan dudan beste hainbat interprete ere. Hona Jagoba Zalloren gogoeta: "Edo, adibide moduan, ikus dezagun zer gertatzen zaigun guri geuri aldibereko itzulpenekin: eman dezagun aldibereko itzultzaile bat entzuten ari garela kaskoak jarrita eta hitzaldia ematen ari dena kanpoko hizlariren bat dela, esate baterako alemaneraz edo errusieraz hitz egiten duena. Eta interpretea entzuten ari garen bitartean, pentsatzen dugula: «ze ondo egiten duen itzulpena». Baina zelan pentsa genezake hori, ez baitiogu ezer ulertzen jatorrizko hizlariari? Zergatik gertatzen da? Ez dugulako beste erreferenterik guk ulertzen dugun hizkuntzarena baizik, jatorrizko hizkuntzaren erreferentea ez baitugu[2].

Hasiera batean garrantzi handiko kontua ez badirudi ere, oso lagungarri izango zaio interpreteari kontu hori gogoan izatea: bere bertsioa izango da balio duena, entzungo dena. Zer esan nahi dugu horrekin? Entzuleak ez digula jatorrizkoaren eta geure bertsioaren arteko fideltasun, zehaztasun eta horrelako konturik eskatuko. Hori bai, geure bertsioa txukuna, ulergarria, jarraitzeko modukoa eta, ahal dela, atsegina izatea, horiek dira entzuleak eskatuko eta estimatuko dizkigunak. Hori argi izateak jatorrizkoarekiko distantzia hartzen lagunduko digu, eta ez gara estropezuka itzultzen arituko. Horrexek emango digu aukera gure kasuan (euskaratik gaztelaniarako norabideko interpretazioan) aditzaren zain egon eta entzuleari deseroso egingo zaizkion isilune luzeak­ egin ordez, intuizioz aditza aurreratzeko eta gero egin beharreko auto-zuzenketak, konpentsazioak eta modulazioak egiteko. Esan beharrik ez dago askoz ere errazagoa izango zaigula hala jokatzea hizlaria bera, haren pentsaera eta eskuartean darabilgun gaia ondo ezagutzen baditugu. Horrek, jakina, interpretearen aldez aurreko lana eskatzen du.

Eta badugu, azkenik, lehen aipatu besterik egin ez dugun alderdia, alderdi psikologikoa deitu duguna. Hortxe sartuko ditugu beldur eszenikoa gainditzea, nork bere ahotsa errekonozitzea eta berarekin adiskidetzea, doinu egokia... auto-kontrola, azken finean, Bego Montorioren hitzetan esanda: "Horrez gain, auto-kontrola ere oso garrantzizkoa dela iruditzen zait. Kabinako lana estres handiko lana da, beraz norberaren mugak ondo kontrolatzen ikasi beharra dago[3].

Alderdi psikologikoa deitu diogun atalean aipatu dugu, baita ere, kabinara "motorra berotuta" sartzearen garrantzia. Adibide batekin adieraziko dut zertaz ari garen: esperientziak erakutsita dakigu edozein bileratan parte hartzen dugunean, hasieran, kosta egiten dela besteengana naturaltasunez iristea, hautsi beharra izaten da, nolabait esateko, besteen eta norberaren arteko distantzia hotza. Dena delako bilerak eta dena delako eztabaidak aurrera egin ahala eta bilerakideak behin eta berriro hitz egin ondoren, hautsi egiten da distantzia hori, hoztasun hori, eta batere konplexu eta lotsarik gabe azaltzen ditu nork bere iritziak, berotu egiten da bilerako giroa. Egoera horretan komeni da kabinara sartzea, horri deitzen diogu kabinara "motorra berotuta" sartzea.

Orain arte aipatutako faktore horiek guztiak zaindu beharra erakutsi digu, beraz, eskarmentuak. Esan gabe doa, Fernandoren egia botatzea bada ere, zenbat eta konpetentzia handiagoa hartzen dugun bai sorburu hizkuntzan bai xede hizkuntzan, orduan eta kontrolatuagoa izango dugula egoera, ez baita gauza bera sorburu hizkuntzako termino, esamolde edo hitz bakoitzeko xede hizkuntzan ordain bakarra izatea edo, aldez aurretik glosategiak eginez eta abar egindako lanari esker, sorburu hizkuntzako unitate horietako bakoitzarentzako ordain ugari izatea (sinonimoak, lokuzioak, baliokidetzak...).

Konpetentzia-hartze hau, oratoria eta erretorika baliabideak lantzearekin batera, oso garrantzitsua izango da eta ez soilik interpreteontzat, baita jendaurrean hitz egin behar duen nornahirentzat ere. Hona, esandakoaren harira, Santiago A. López Navia irakaslearen hitz ezin argiagoak: "En términos teóricos la competencia comunicativa de un hablante debería ir ligado a su competencia científica, pero la calidad de la expresión oral de muchos profesionales se aleja bastante de esa pretensión"[4].

Interpretazio-praktikak EHUko Itzulpengintza eta interpretazio lizentziaturan

2003-04 ikasturtean interpretazio-praktikak euskara/gaztelania ikasgaiaren ardura hartu nuen EHUko itzulpengintza eta interpretazio lizentziatura sortu berriaren barruan. Hasierako urte hartatik egundaino laugarren ikasturtea beteko dugu aurten eta lau ekitaldi horien balantzea egiterakoan argi ikusi dut nire ibilbide profesionalean izandako beharrizan eta gabeziak lantzea izan behar duela, hain juxtu, praktika-eskola horien helburu nagusia. Izan ere, arestian identifikatu ditugun landu beharreko alorra dira eskolan lantzen saiatu garenak eta emaitzak —nik bederen baikorki baloratzen baititut— ekarri dizkigutenak.

Ikasgaia bi lau hilekotan dago banatua eta hainbat ikaslek bi lau hilekoak burutzen badituzte ere, ez da derrigorrekoa, eta bada lau hileko bakarrarekin konformatzen denik ere. Gauzak horrela eta kontuan izanik astean hiru ordu besterik ez dizkiogula eskainiko gure ikasgaiari, komeni da gauzak argi eduki eta hasieratik heltzea zezenari adarretatik, eskoloi eskainitako denbora laburrari etekinik atera nahi badiogu.

Lau ekitaldi hauetan kabinetan egindako lanak erakutsi digu oso denbora laburrean aurrerapauso handiak egin daitezkeela. Ze, jakina, beste edozein lanbidetan bezala, urtetan jarduteak emango baitio interpreteari lanean aritzeko segurtasuna, patxada eta bikaintasuna edo, hitz bakarrean esanda, profesionaltasuna. Hona, zerrendaturik, ezinbestean egin beharreko pausook:

  1. Beldur eszenikoa menderatzea.
  2. Norbere ahotsarekin adiskidetzea.
  3. Gaia aldez aurretik prestatzea.
  4. Idatzizko testuak interpretatzeko prestatzen ikastea (osorik itzuli gabe, alegia).
  5. Beta-lanaren eta auto-zuzenketaren bitartez hizlariarekiko hein bateko distantzia hartu eta, autokontrolaren bidez, interpretearen­ diskurtso propioa eraikitzen ahalegintzea.

Esan bezala, puntuok landuz, oso emaitza onak izaten dituzte ikasleek oso denbora-tarte laburrean eta, hori horrela, eta ikasleekin kontrastaturik, oso komenigarritzat joko genuke zehaztutako alderdiak (hasieran alderdi psikologikoan sartu ditugunak batez ere) Itzulpengintza eta interpretazioa lizentziaturaren lehen urtetik hasita eskaintzea. Hala, bete-beteko zentzua ikusiko genioke "Oratoria eta Erretorika baliabideak" edo halatsuko ikasgai bat txertatzeari abian den lizentziatura berriari eta, esan bezala, lehenengo urtetik hasita.


Oharrak

1. "Bego Montoriorekin solasean". Gotzon Egia eta Arantzazu Royo. SENEZ 25. alea (2002).

2. "Bigarren Zutaberako Itzulpena". Jagoba Zallo. Administrazioa euskaraz, 32. alea (2001eko urtarrila).

3. "Bego Montoriorekin solasean". Gotzon Egia eta Arantzazu Royo. SENEZ 25. alea (2002).

4. La Formación retórica del profesor. Santiago A. López Navia. Universidad Europea-CEES. Dep. Fil. Española. Documentos de trabajo 3/96.