Ahots orokorraz
Patxi Zubizarreta

Ekialdea noizean behin deskubritzea dugu
Europako tradizioetako bat:
Herodoto, Biblia, Marko Polo eta Kipling
dira burura lehen-lehenik datozkigun izenak.
Baina guztietan nabarmenena
Mila gau eta bat gehiago liburua dugu.
Ekialde kontzeptua bertan laburbilduko balitz bezala.
J. L. Borges

Aurre gogoeta zenbait

Inkomunikazioak, ezjakintasunak, aurreiritziek sarritan errezeloa pizten dute, eta herra, eta gerra. Hala gertatu izan da eta gertatzen da oraindik ere Mendebaldearen eta Ekialdearen artean. Hona hemen antzinako adibide bi:

a) «Fedegabeak higuingarriak ziren, asto aurpegia eta tximino gorputza zuten —...—. Islamaren armadek inguratu, eta eraso egin zieten. Zazpi ahalak egin zituzten eta azkenean lortu egin zuten fedegabetasunaren, egoskorkeriaren eta saldukeriaren zimentarri hura birrintzea». (Mila gau eta bat gehiago).

b) «Entzuna duzue zakur sarrazeno horiek zein gogor eta zital mendekatu zuten apezpikua, izan ere hainbeste kristau hil zuten nekez egin baitaiteke hildakoen kontaduria; horrekin batera hainbat eta hainbat lur hondatu eta porrokatu zituzten» (Marko Polo, Mirarien liburua).

Itzulpena dugu inkomunikazioa gainditzeko ezinbesteko zubi eta bestearekiko jakin-minaren erakusgarri. Eta ezin uka egon direla halako ahaleginak ere, hala nola Erdi Aroko Toledoko edo Bagdadeko itzulpen eskoletan. Alain de Liberak, esate baterako, kontatzen digu Toledon nola itzulia izan zen Avicena filosofo eta sendagile pertsia­rraren lana[1]: antza, Ibn Daud juduak arabie­ratik gaztelaniara ozen itzultzen zuen bitar­tean, Dominicus Gondisalvi kristaua arduratzen zen ahozko itzulpena latinera bihurtzen eta papereratzen. Aditu frantsesak honela gaineratzen du: «Bagdad eta Toledo benetako ikasgaiak dira, izan ere itzultzeari uzten dion gizartea heriotzara gainbehera baitoa. Horixe gertatu zitzaion mundu musulmanari Toledoko garaian: itzultzeari utzi, besteen jakituriari buruzko kezka galdu eta horra, une batetik bestera, elkarbizitzaren porrota».

Paradoxikoa da: itzulpena izan daiteke norberak gutxietsia duen eta begien bistan daukan lana atzera berriz preziatzen hasteko bidea. Horixe gertatu zen Ekialdean Antoine Galland orientalistaren itzulpenekin. Europako jauregi giroetarako itzuli —egokitu— zituen besteak beste Ali Baba, Aladin eta Sinbaden historiak eta Mendebaldean Mila gau eta bat gehiago aintzat hartu eta goretsi eta gero hasi ziren Ekialdean liburua —hango karrika eta azoketan ahoz kontatzen zena— behar bezala laudatzen.

Esanguratsua da: gaur egun ere itzulpena baimentzea edo galaraztea norberaren aurreiritzien eragina izan daiteke. Halaxe gertatu zen Nagib Mahfuzen Mirarien kalezuloa —eta, bide batez, Mila eta bat gauen gauak— liburuekin. Itzulpenak amaiturik zeuden, baina baimenik iristen ez. Hainbat gestio egin ziren, izan Eusko Jaurlaritzaren bitartez, izan Cervantes Institutuaren bi­tartez, betiere EIZIE tarteko, baina baimena iristen ez. Urte batzuen buruan, Txalapartako editoreen ekimenez, argitu zen eragozpena ez zegoela —uste bezala— Kairoko agenteenean, Madrilen bertan baizik. "Kontua da, zera, Mahfuz, zera, idazle bakezalea dela...". Horra aurreiritzien zama non eta kulturgune estrategiko batean; horra jakin-minaren kontrako arbuioa: euskara, bortizkeria, politika... Txalapartako editoreek erabaki zuten, baimenarekin ala gabe, liburua argitaratu egingo zutela, eta bazuten horretarako babesik, alegia, hainbat editore katalan, madrildar, e.a.; eta ongitxo zekiten, halaber, horrek ekarriko ziela isunik. Ororen buru, heldu zen baimena, eta heldu ziren bi itzulpen hauek liburutegi eta liburu-dendetara, bestearekiko izan dezakegun jakin-mina asetze aldera.

Guztiarekin, formak forma eta espazioak espazio, azken finean gizakion zinezko gabeziak, ahuldadeak eta sentimenduak berdinak dira Kairon, New Yorken edo Euskal Herrian. Mahfuzen beraren Mirarien kalezuloa horren adibide ezin argiagoa da, izan ere Jorge Fons-ek nobela horretan oinarritutako film bikaina Kairon ez, baina Mexiko D.F.-n errodatu baitzuen. Eta berriro ere Borgesen esana: «Literatura oro sinbolikoa da; esperientzia unibertsalak gutxi batzuk baino ez dira eta, horiek adie­raz­tearren, ez dio axola idazleak fantastikota­sunera jotzea, edo errealtasunera, izan Macbethengana izan Raskolnikovengana; Belgikako inbasiora 64ko abuztuan edo Martitzeko inbasio batera».

Munduak hots asko baditu, itzulpena da hots horiek nire hizkuntzan
entzuteko modua. Euskarak oraindik izendatu ez dituen sentimendu,
emozio, ikuskera, bihurgune eta bihozkada asko dago munduaren eta
literaturaren bazterretan —...—. Itzulpena dugu bide bakarra zubi egiteko:
beste hizkuntzen eta gurearen artean; kultura unibertsalaren eta euskal
gizabanako bakoitzaren artean. Itzulpena beste giro, pertsonaia eta paisaiak
geure begiokin ikusteko modua dugu, geure ahotsa ahots orokorrarekin
bat egiteko modu ezinbesteko bezain joria.

Anjel Lertxundi, Mentura dugun artean

Itzulpenaz hitz bi

«Ikuspegi erlijiosotik nahiz filosofokotik begiraturik, gure historia emozioak pizteko gai diren gorputzez gabetua dago, izan filosofia klasikoan —Platon— izan modernoan. Esate batera, "Pentsatzen dut, beraz, banaiz" dio Descartesek, baina ez "Maite dut, beraz, banaiz" edota "Ukitzen dut, haztatzen dut, beraz, banaiz"». Sebastià Serrano semiologo katalanaren hitzak dira, eta niri baliagarriak zaizkit adierazteko Ekialdeko literatura Mendebaldekoa baino askoz sentsualagoa, ukigarriagoa eta koloretsuagoa iruditzen zaidala, gehienbat -eta asko orokortuz- arrazoiaren bitartez ez, baina zentzumenen bidez datorkigulako.

Nire orain arteko irakurketek hala erakutsi izan didate behinik behin eta hala ageri da, besteak beste, Fatima Mernissiren hitzetan[2]: «Mila gau eta bat gehiagoko emakumeek ez zuten iraultzaz idazten, nahiago zuten iraultza besterik gabe bizi, molde arriskutsuan eta sentsualean, eta beti lortzen zuten beren arazoen konponbidea —...—. Orduan erabaki bat hartu nuen: egunen batean emakumearen askabidearen aldeko borrokaren baten ardura hartzen baldin banuen, ez nuela sentsualitatea sekula ahantziko. Izeba Habibak zioen bezala: "Zertarako matxinatu eta mundua aldatu zure bizitzak falta duena lortzerik ez baduzu? Eta gure bizitzek eskas dutena argi dago: amodioa eta lizunkeria. Zertarako iraultza egin mundu berriak emozio basamortua izan behar baldin badu?"».

Gurean ere antzeko zerbait adierazi zuen Joseba Sarrionandiak idatzi zuenean euskal literaturan apenas landu zela kolorea, eta azterketa zehatza eginez gero, hortik segi zitekeela gure liburuak zuri-beltzean idatziak zirela...[3]

Hori guztia irakurle gisara sentitu dut: beste sentsualitate bat, beste kadentzia bat. Idazle gisara ere egina dut ahalegin bat baino gehiago, eta horrekin batera Antoine Gallanden hiru ipuin[4] eta Nagib Mahfuzen bi nobela itzultzea egokitu zait. Alde, ordu arteko nire irakurketak nituen; kontra, idazle egiptoarrari dagokionez, eragozpen nagusi bat: arabiera ez jakitea, eta argi dago ezintasun hori gure inkomunikazioaren isla garbia dela eta euskal itzulpengintzak noizbait ere ikasgai hori ere gainditu beharra daukala.

Hala bada, Mirarien kalezuloa nobela frantses, ingeles eta espainoleko itzulpenetatik eratorria da nolabait ere, eta betiere irizpide argi batetik, nola hala Mohamed Txukriren gogoetatik ikasi dudana: «Ene esaldia ez da arabiarra. Esaldi europartua da, batzuetan telegrafikoa, izan ere esaldi arabiarra luzea baita, proustiarra kasik. Nik hondatu egin dut. Ene estilo propioa lortu dut Faulkner, Joyce, Wolf eta Camus irakurri ostean»[5]. Nagib Mahfuzek ere idazle horien ezagutza handia du, baina haren esaldia, hala ere, arabiarra da, izan, eta poesiarako nahiz oratoriarako ezin hobea den Koranaren hizkuntza darabil, eraberriturik, kasik ordu arte arrotza zen nobelara egokiturik, baina irakurle xumearengandik urrundu gabe. Eta hori da nik itzulpenaren kadentzia lortzeko erabili dudan irizpidea, gurean Frantzisko Laphitzena edo Jon Etxaiderena bezalakoxe estiloa oroitarazten zidana.

Kadentzia eta sentsualitate hori batik bat begiradaren eta gorputzaren arlo semantikoan antzeman daitezke:

a) Felipe Uriartek noizbait honela nabarmendu zuen begiradaren kontu hori: «Sartaldeak eta Sortaldeak ez dute begirada bera. Gaingiroki, azaletik begiratzen zaie Sartaldean jende eta gauzei. Xamurra da, biziki, Sortaldeko begirada, beroa, zuhurra, berezko taupada duena. Maiz gertatzen da begirada irribarrearen bidekide izatea». Mahfuzenean, adibideak zientoka aurki ditzakegu:

- Begiek sotilki egin zioten irribarre.
- Gizonak, begiak ezustean altxaturik, neskak luzatzen zion begirakune hozmindu, setatsu eta mehatxukorrari erreparatu zion.
- Eta begirakuneak, pospoloak nola, halatsu piztu zizkion hainbat eta hainbat oroitzapen.
- Berriro ere ordurako itxia zegoen dendaren aurretik igaro zelarik, begirakune lizuna josi zion.
- Hitz egizu begien bidez. Ez al duzu begien hizkuntza ezagutzen?
- Eta begirakunea —hizketa moldea bezala, sarri— izan daiteke: ilun, ilaun, maleziatsu, lausotu, itzali, zurtu, mehatxukor, erronkari, herratsu, betizu...

b) Hona, esate batera, begirakunea eta gorputza lotzen dituen paragrafo bat: «Haren­ begiak liluragarriak zitzaizkion, haren begitartea desio zuen, haren gorputzak eta gerri lirainak, hain zuzen ere agureak aztoratu, eta erreparoak hutsean uzten zituztenek, begiak betetzen zizkioten. Harengan Indiako espezia eta urrin guztiak arnasten ahal ziren. Haur denboratik ezagutzen zuen, amak henna eta beste gai batzuk erostera bidaltzen zuenetik. Bularrak ikusiak zizkion, apenas bi loto lili izatetik palmondoen bi fruitu izatera igaro, eta azkenik bi granada mardul bilakatu zirenak. Gerria artean laua zela ikusia zion, eta nola biribildu zen oharkabean, harik eta oraingo kurbatura, graziaz eta emetasunez betea, lortu zuen arte». Eta pailardiza, eta pailardatu, eta irritsa, eta gurikeria, eta limurtasuna, eta antsia, eta xarmatzaile..., arlo horretako hitzen bila egindako deskubrimenduak.

Anjel Lertxundiri noizbait irakurria diot euskarazko "albiste" hitzak arabierazko "al-bisara" hitzean duela oinarria, hau da, berri ona adierazi nahi duela. Eta zentzu horretan ezin uka, ezintasunak ezintasun —oraindik ere pertsona eta toki izen arabiarrak euskaraz emateko irizpide argien faltan gaude—, albiste, baraka ona izan dela niretzat itzulpen hauek egitea, eta egiteko hori berriro ere plazerezkoa gertatu zaidala. Eta ezin uka, azkenik, nire ahalegina fintzeko eta doitzeko Jon Suarezen eta Inazio Mujikaren oharrak eta zuzenketak ezinbesteko izan ditudala. Hemendik aurrera, hori guztia izango du euskal irakurleak eskura.

Hitza zilarrezkoa baldin bada, isiltasuna urrezkoa da.

Bibliografia lagungarria

BEN JELLOUN Tahar, Bakarkako isolamendua, Susa (Itz. Bego Montorio)

CHAREF Mehdi, Arkimederen haren-eko te hura, Desclée, Bilbao (Itz. Gerardo Markuleta)

GALLAND Antoine, Ali Baba eta berrogei lapurrak, Pamiela (Itz. Patxi Zubizarreta)

GALLAND Antoine, Aladin eta argiontzi miresgarria, Pamiela (Itz. Patxi Zubizarreta)

GALLAND Antoine, Sinbad marinela, Pamiela (Itz. Patxi Zubizarreta)

KHAYYAM Omar, Rubaiyatak, Erein (Itz. Joxemari Iturralde)

MAHFUZ Nagib, Mirarien kalezuloa, Elkar&Alberdania (Itz. Patxi Zubizarreta)

MAHFUZ Nagib, Mila eta bat gauen gauak, Txalaparta (Itz. Patxi Zubizarreta)

SCHAMI Rafik, Eskua bete izar, Elkar, Donostia (Itz. Xabier Mendiguren)

TAIA Abdela, Salbazioko armada, Alberdania (Itz. Patxi Zubizarreta)

TXILIKU, Xerazaderen gauak, Elkar (antologia)

ZUBIZARRETA Patxi, Mila eta bat gauen gauak, Erein (antologia)

ZUBIZARRETA Patxi, Gutun harrigarri bat, Elkar

ZUBIZARRETA Patxi, Eztia eta ozpina, Alberdania

ZUBIZARRETA Patxi, Atlas sentimentala, Alberdania

ZUBIZARRETA Patxi, "Zikoinaren hegaldia" in Poxpolo kaxa bat bezala, Pamiela.


OHARRAK:

1. STEVA Jordi, Mil y una voces, El País-Aguilar, Madrid.

2. MERNISSI, Fátima, Sueños en el umbral, Muchnik, Bartzelona.

3. Agian on da gogoraraztea Patziku Perurenaren Koloreak euskal usarioan (Erein) liburua oso lagungarri izan daitekeela arlo hori landu nahi izatekotan.

4. Antoine Galland-en Ali Baba, Aladin eta Sinbad itzulpenak Pamielako Tamaina Ttikia bilduman daude. Ali Babaren itzulpena egiten ari nintzela, haren euskal bertsio harrigarria topatu nuen Joxe Arratibelen "Lapurren leizea" —in Kontu zaharrak, Erein— ipuinean, non "Sesamo, zabaldu!" formularen ordez "Abrite portas, klis-klas!" ageri den.

5. Txukriren estilotik hurbil dago oraintsu itzultzea egokitu zaidan Abdela Taiaren Salbazioko armada nobela, baina idazle marokoar gazteak —jatorri arabiarreko idazle europartu askoren antzera— zuzenean frantsesez idazten du.