In memoriam: Piarres Andiazabal
Joan den maiatzaren 16an, Piarres Andiazabal apaiz urruñarra zendu berri da Kanbon, 97 urte zituelarik. Haren oroimenez idatzitako lerrootan, haren ibilbide luze bezain oparoa ekartzen dugu gogora. Lehenik, Baionako elizbarrutian bete zituen hainbat kargu, irakasle eta administratzaile gisa. Ondoren, euskara arloan egin zuen lan eskerga: euskal komunikabideetako kolaboratzaile saiatua, eta batez ere liturgia testuen euskaratzaile nekaezina, hain zuzen «euskarazko liturgiaren aita» titulua mereziarazi zion jarduna, eliz kantugintzan egin ekarpena ahantzi gabe. Gizon apal honek Euskaltzaindiaren eta EIZIE elkartearen aitortza jaso zuen; zehazki, ohorezko euskaltzain eta ohorezko kide izendatu zuten, hurrenez hurren.
Hain aztoratuta gauzkan pandemia garai honetan, hainbat euskaltzale joan zaizkigu zarata handirik atera gabe; haien artean, Piarres Andiazabal kalonjea. Urruñako Plaza Errotan sortua 1923ko urtarrilaren 18an eta 2020ko maiatzaren 16an zendua Kanboko Arditeya erretreta etxean, 97 urte eginda, ondo betetako bizitza baten ondoren. Ama urruñarra zuen, eta aita Azkainetik etorria eiherazain lanetara. Hogeita lau urterekin apeztu, eta berehala ekin zion irakasle lanari, Hazparneko mutilen kolegio pribatuan lehenik eta Uztaritzeko Seminario Ttipian gerora. 1979. urtetik aurrera, Baionako elizbarrutiko administrazio karguak bete zituen, hala nola elizbarruti arteko seminarioaren administratzailearena eta Baionako elizbarruti etxearen arduradunarena. Karguez gain, 1994ko apirilaren 20an, Baionako katedraleko kalonje titulua jaso zuen.
Halere, zerbait azpimarratzekoa bada urruñar honen bizitzan, euskara arloan egin zuen lan eskerga da, idazle, itzultzaile eta musikari gisa. Mila bederatziehun eta berrogeita hamarreko hamarkadaz geroztik, zenbait hedabidetako kolaboratzailea izan zen, Vatikanoko II. kontzilioko ideiei jarraikiz, Gernika aldizkarian, Herria astekarian eta Lapurdi Irratian, non erlijio gaietan euskarazko kronika bat astero egotea bermatzen baitzuen. Halaber, 1990az geroztik, Euskal Telebistan zabaldu euskarazko mezen Iparraldeko arduradun eta ordezkaria izan zen hogei bat urtez. Gogoeta astea izeneko kristau pentsamendu taldearen sortzaile eta animatzailea ere izan zen hogeita bost bat urtez. Baina, ororen gainetik, erran daiteke Piarres Andiazabal izan dela 1964az geroztik liturgiaren euskaratze lan erraldoiaren egile nagusia Baionako elizbarrutian, eta haren ordezkaria Euskal Herriko elizbarruti arteko batzordean. Xipri Arbelbideren esanetan, «euskarazko liturgiaren aita» tituluaren mereziduna.
Haren idazlanen artean, izenburu hauek aurkitzen ditugu:
- Meza denborako deiak (1961)
- Igandetako eta bestetako salmo-leloak (1974)
- Igandetan Elizan, parrokientzat egin bilduma, hainbat aldiz berrargitaratua 1968tik 1988ra bitartean
- Mezetako deiak (1986-1988)
Andiazabal, Kanta Jaunari, Euskal Herriko parrokia abesbatzen batzordeko kidea ere bazen, eta kantutegiari lotutako bi lan plazaratu zituen: Kantikak (1988) euskarazko kantiken hitz bilduma eta Euskarazko kantiken partitura bilduma organo-jotzaileentzat.
Euskarazko liturgiaren bultzatzaile eta bideratzaile nekaezin honek Euskaltzaindiaren aitortza jaso zuen ohorezko euskaltzain izendatu zutelarik 2000ko urriaren 27an. Geroztik, 2019ko martxoaren 28an, erakunde berak ohorezko ezaugarria eman zion, liturgiaren euskaratze lanean egile nagusietako bat izan zelako. Bestalde, 2002an, EIZIE elkarteak ohorezko bazkide egin zuen, euskal itzulpenari egindako ekarpenarengatik. EIZIEk argitaratutako Itzulpen antologia III liburuan aurki dezakegu haren aipamena (2002), Eustasio Etxezarretaren «Eliz testuen itzultzaileen berri» izeneko artikuluan.
Bere bizitza oparoan, ondo merezitako ohoreak ez zuen lortu, haatik, gizon isil eta apal honen irudia ezabatzea.
Goian bego.