Euskal itzulpenen azterketa kuantitatiboa (2008-2018)
Iñigo Satrustegi

Lan honetan, izenak berak iradokitzen duen moduan, 2008. eta 2018. urteen artean euskarara ekarritako literatur lanen azterketa kuantitatiboa egin dugu. Manu Lopez Gasenik orain dela urte batzuk egin zuen azterketaren jarraipen gisa aurkezten dugu; izan ere, lan hori bera izan dugu abiapuntu gisa. Gaur egungo euskal literatur itzulpenaren sistema aztertu nahi izan dugu, Lopez Gasenik lortutako emaitzekin nolabaiteko alderaketa bat egiteko, eta, ahal izanez gero, egun balizko joerak zein diren identifikatzeko.

Sarrera

Duela 11 urte, Senez aldizkariaren 37. zenbakian, «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)» lana publikatu zuen Manu Lopez Gasenik. Lan horrek EIZIEk etorkizunean Literatura Unibertsala bilduman txertatu behar lituzkeen tituluen ezaugarriak proposatzeko balio izan zuen, eta, horretarako, beharrezkoa zen euskarara ekarritako testuen azterketa kuantitatiboa zein kualitatiboa egitea.

Jarraian aurkeztuko dugun lana, berriz, EHUko Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketen Gradu Amaierako Lan gisa aurkeztu genuen, 2019ko ekainean, Isabel Etxeberriaren tutoretzapean. 10 urte igaroak ziren, beraz, Manu Lopez Gaseniren azterketa kaleratu zenetik guk gure lana egiteari ekin genion arte. Denbora tarte aski luzea zela iritzita, eta zifra borobila aitzakia gisa hartuta, Manu Lopez Gaseniren lanaren jarraipen gisako bat egin genuen[1].

Gainera, aintzat hartu genuen urte horietan guztietan euskal literatur sisteman aldaketa ugari egon zirela, hala nola: argitaletxe berrien agerpena, Interneteko baliabideen ugaritzea eta baita literatur itzulpenak bultzatzeko hainbat ekimen ere.

Halaber, itzulpengintzaren jarduerari buruzko gogoeta eta behar berriak mahaigaineratu dira. Senez aldizkarian bertan, itzultzaileen generoari, euskaratzen diren genero literarioen arteko arrakalari eta hizkuntza txikien arteko literatura itzultzeari buruzko lanak kaleratu izan dira.

Mugimendu handia sumatu genuen urte horietan, eta, beraz, literatur itzulpen sisteman eraginik izan ote duen jakiteko, datutan kuantifikatu nahi izan genuen.

Beraz, lan honen helburu nagusia aurrekari dugun inbentario eta azterketa horrekin alderaketa egin eta lortutako datu esanguratsuenetan oinarrituta balizko joera berri horiek hautematea da.

Metodologia

Manu Lopez Gaseniren lanetik abiatuta, orain dela hamar urte erabili zuen metodologiaren antzekoa erabili genuen guk ere. Hala ere, ez genuen alboratu denboraren poderioz sortu eta esanguratsuak izan zitezkeen beste aztergai eta parametro batzuk aztertzeko aukera.

EIZIEk kudeatzen duen Nor da Nor (NdN) datu basea izan genuen iturri nagusia. Datu base horretan, liburuak zein Interneten publikatutako itzulpenak biltzen dira. «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)» lanean, liburu formatuan kaleratutakoak baino ez zituen bildu Lopez Gasenik; guk, ordea, pentsatu genuen interesgarria izan zitekeela Interneten ikusgai daudenak aztertzea ere, paperezko itzulpenen emaitzak sareetako emaitzekin alderatzeko.

Prozedura honi jarraitu genion:

Hasteko, NdN bilatzailean bilatu genituen 2008tik[2] 2018rako tartea, euskara xede hizkuntza eta «Literatura» etiketa duten liburuak. Guztira, 586 lan bildu genituen 2019ko apirilaren 1ean egindako bilaketan. Jarraian, eskuzko orrazketa bat egin behar izan genuen, zenbait izenburu kentzeko (itzulpen ez baizik eta laburpen/moldaketak zirenak, eta abar). Horretarako, NdN kudeatzen duen Bego Montorioren laguntza izan genuen. Beraz, gure azterketan, liburuen datuak lortzeko, 520ko zifraren gainean lan egin genuen, eta, bestelakoetan, 506ren gainean.

Aztergaiei dagokienez, Lopez Gasenik lau genero aztertu zituen: narratiba, saiakera, poesia eta antzerkia. Guk bosgarren bat gehitu genuen, komikia, susmoa baikenuen gora egin zuela.

Hala, bada, liburuen/monografien kategoriarako Lopez Gasenik bere ikerketan landu zituen parametro berak aztertu genituen guk ere, orduko eta gaur egungo datuak konparatu ahal izateko. Honako hauek dira:

  • Genero literarioa
  • Jatorrizkoen hizkuntzak
  • Jatorrizkoen herrialdeak
  • Jatorrizkoen argitalpen data
  • Jatorrizkoen egileak
  • Itzulpenen argitalpen data
  • Itzulpenen egileak
  • Argitaletxeak

Parametro horiei beste parametro hauek gehitzea pentsatu genuen, informazio esanguratsua eman ziezaguketelakoan, aurretik aipatu ditugun kezka edo behar horiei erantzuna emateko asmoz:

  • Itzultzailearen generoa
  • Elkarlanean egindako itzulpenak

Halaber, «Bestelakoak» atalean biltzen diren lanetan, azterketa antzekoa egin genuen. Antzekoa diogu, NdNk atal horretan dakarren informazioaren gainean egin baikenuen lan, eta, beraz, jatorrizkoen herrialdearen parametroa kanpo utzi genuen, eta, jatorrizko argitalpen datari dagokionez, adibidez, ezin izan genuen liburu guztien datuekin lan egin.

Informazio guztia eskaintzeko, zenbait taula eredu baliatu ditugu, eskura genuen informazioren arabera.

Datuen analisia

Metodologiaren atalean esan bezala, euskarrietako bakoitzean parametroak aztertzen hasi baino lehen, lortutako datuen osotasuna aurkeztuko dugu.

1. taula_euskarria.jpg
1. taula: euskarria

Monografiak

Monografia esaten diegu liburu osoaren formatua duten liburu guztiei.

Genero literarioa

2. taula_genero literarioa.jpg
2. taula: genero literarioa. MGL: Manu Lopez Gaseniren azterketa (2009)

Narratiba da gehien itzultzen dena; are gehiago, itzulpenen erdiak baino gehiago genero horretakoak dira. Saiakerak, hala ere, espazio garrantzitsua du itzulpenen sisteman. Poesia, eta, neurri txikiagoan, komikia eta antzerkia ere ekarri dira azken urteetan. «Besteak» atalean, Teresa Avilakoaren Idazlan guztiak antologia bildu dugu. NdN datu basean, «Literatura» etiketapean aurkitu dugu; izan ere, poemak, saiakera erlijiosoak, gutunak eta askotariko testuak biltzen ditu.

Narratiba izan zen, halaber, 2009ra arte gehien landu zen generoa, baina, orduko datuekin alderatuta, ia 9 puntuko beherakada izan zuen, saiakeraren, poesiaren eta komikiaren mesedetan (6 puntu, 4 puntu eta 4 puntu inguruko gorakada, hurrenez hurren). Antzerkia gutxi itzultzen zen lehen ere, eta ematen du gero eta gutxiago ari dela itzultzen (Antzerti aldizkaria ekoizteari utzi izanaren ondorioz beharbada): ekoizpena erdira murriztu da.

Jatorrizkoen hizkuntzak

3. taula_jatorrizkoen hizkuntzak.jpg
3. taula: jatorrizkoen hizkuntzak

Besteak:  

  • Japoniera
  • Arabiera
  • Greziera
  • Txekiera
  • Daniera
  • Errumaniera
  • Hebreera
  • Islandiera
  • Kroaziera
  • Latina
  • Suediera
  • Suomiera/ finlandiera
  • Txinera
  • Aragoiera
  • Bengalera
  • Galesa
  • Hungariera
  • Lituaniera
  • Poloniera
  • Serbiera
  • Serbokroaziera
  • Azerbaijanera

Euskarak, azken hamaika urte hauetan, 31 hizkuntzatako obrak jaso ditu; hala ere, horrek ez du esan nahi itzultzeko orduan SHa (Sorburu Hizkuntza) kasu guztietan jatorrizko liburuarena izan denik, bai baitakigu, NdN-n adierazten denez, hainbat itzulpenetan zubi hizkuntzak erabili direla. Zalantzarik ez zegoen arren, ingelesa da oraindik ere euskarara gehien inportatzen dugun SHa, ekoizpenen herena baino gehiago ingelesetik itzuli baitzen (% 35); frantsesarekin (% 19) eta gaztelaniarekin (% 15,6) batera, itzulpen-merkatuaren % 70 baino gehiago hartzen dute. Nabaria da, bestalde, Espainiako beste hizkuntza koofizialekin egon den atxikimendua; izan ere, katalanaren eta galegoaren artean, % 4,8 lortu dute. «Besteak» atalaren barruan, askotariko hizkuntzak bildu ditugu; guztira, 21. Haien artean, japonieratik sei liburu (% 1,15) eta arabieratik bost (% 0,96) itzuli ziren; grezieratik eta txekieratik, launa liburu (% 0,77); hebreeratik eta latinetik bina liburu (% 0,38); eta, aragoieratik, galesetik, bengaleratik edo tankerako hizkuntza «exotiko»etatik, lan bana (% 0,19).

Orain dela hamar urteko azterketan jasotako datuak gure analisian lortutako emaitzen oso antzekoak izan ziren. Bost hizkuntza itzulienak berak dira, eta ordena berean. Ingelesak arinki gora egin du; frantsesak, gaztelaniak, alemanak, italierak eta errusierak, berriz, beherakada arina izan dute. Latinaren kasuan, % 3 izatetik % 0,38 izatera pasatu da.

Jatorrizkoen herrialdeak

4. taula_jatorrizkoen herrialdeak.jpg
4. taula: jatorrizkoen herrialdeak

* Erresuma Batua[3]

Besteak: 

  • Irlanda
  • Txekia
  • Japonia
  • Kanada
  • Portugal
  • Brasil
  • Errumania
  • India
  • Jugoslavia
  • Maroko
  • Afganistan
  • Belgika
  • Danimarka
  • Finlandia
  • Grezia
  • Herbehereak
  • Islandia
  • Mexiko
  • Suitza
  • Txina
  • Aljeria
  • Egipto
  • Ekuador
  • Erromatar Inperioa
  • Hegoafrika
  • Hungaria
  • Israel
  • Kroazia
  • Lituania
  • Martinika
  • Maurizio
  • Paraguai
  • Peru
  • Polonia
  • Prusia
  • SESB
  • Suedia
  • Ukraina
  • Uruguai
  • Vietnam
  • Zeelanda Berria

Frantzia da lan gehien inportatzen dizkiguna. Atzetik, AEB, Erresuma Batua, Espainia, Euskal Herria (hemengo liburuak) eta Italia. «Besteak» atalean, 42 herrialde bildu ditugu. Taulan, 13 garrantzitsuenak daude jasota, eta argi ikusten da Europa dugula jomuga nagusia. Are gehiago, itzulpenen % 60k baino gehiagok Europako herrialderen batean sortutako lanak dituzte abiapuntu. Ipar Amerikako lanek (AEB eta Kanada) % 14 osatzen dute; Erdialdeko eta Hego Amerikako herrialdeetako obrek % 3; Asiatik ekarritako liburuek % 2; Afrikako herrietako itzulpenak % 1 dira; eta Ozeaniatik lan bakarra jaso dugu, Zeelanda Berritik, eta % 0,19 osatzen du.

Atal honetako datuak interpretatzean, hala ere, kontuan hartu behar da jatorri ezagunik gabekoen kopurua oso altua dela (87, zehazki, hau da, % 16 baino gehiago), eta, horrenbestez, lortutako datuak orientagarriak baino ez dira.

Dagoeneko, AEB ez da gure esportatzaile nagusia, ehunekotan mantendu —eta arinki igo— bada ere. Izan ere, Frantzia asko igo da (ia 4 puntu), eta lehen postuan jarri da. Ingalaterrak, Erresuma Batuak eta Eskoziak orain dela hamar urteko datuen antzekoak lortu dituzte (% 11 inguru). Euskal Herriko, Alemaniako eta Italiako lanen ehunekoak jaitsi egin dira, eta Espainiakoak, berriz, nolabait mantendu.

Jatorrizkoen argitalpen data

Jatorrizko liburuen argitalpen data multzokatzeko, hiru aldi nagusi izan ditugu irizpide: XX. mendearen aurrekoak, XX. mendeko liburuak eta XXI. mendekoak. Lehen tartean, mendeka banatu ditugu; bigarrenean, hamarkadaka (01 bukaera duten urteekin hasi eta 00 bukaera dutenekin bukatuz, biak barne); eta, azken mendean, datu guztiak multzo berean eman ditugu.

5. taula_jatorrizkoen argitalpen data.jpg
5. taula: jatorrizkoen argitalpen data

6. taula_jatorrizkoen argitalpen data, MLG.jpg
6. taula: jatorrizkoen argitalpen data, Manu Lopez Gaseniren azterketa

Lehenengo blokean, XII. mendean hasi, eta xix. mendera arteko itzulpenak aurki ditzakegu, eta, zehazki, azken multzo horretan daude blokeko liburuen erdiak baino gehiago. XX. mendearen hasierako ezer gutxi itzuli da. 1910eko hamarkadatik 1970eko hamarkadara bitartean, 15 eta 22 liburu artean itzuli ziren. Gorakada nabaria da 1980ko eta 1990eko hamarkadetako itzulpenetan. Azkenik, XXI. mendean bereizi ditugun tarteetan, liburuen ia bi herenak azken 11 urteetakoak dira. Orokorrean, literatura garaikidea itzuli da, eta, are gehiago, herena baino gehiago (% 35) xxi. mendeko literatura da.

Lopez Gaseniren datuak antolatzeko modua desberdina da, baina, hala ere, balio digu konparatzeko. Gure lehenengo blokeari dagokionez, berak % 35eko datua eman zuen bost estratotan bilduta; guk, berriz, % 11 inguru, eta, bietan, XVIII. mendekoak dira datu altuenak. Orain dela hamar urte, itzulpen lanen % 61 ziren XX. mendekoak; gaur egun, 20 puntu gutxiago (% 40) baditu ere, beste garaiekin alderatuta nabarmen gailentzen da bi azterketetan.

Hemen ere, datarik gabeko liburuak asko dira; beraz, soilik ideia orokor bat egin dezakegu.

Jatorrizkoen egileak

7. taula_jatorrizkoen egileak.jpg
7. taula: jatorrizkoen egileak
8. taula_jatorrizkoen egileak, MLG.jpg
8. taula: jatorrizkoen egileak, Manu Lopez Gaseniren azterketan

Guztira, 392 autore —gehi beste bi autore ezezagun— itzuli dira euskarara azken 11 urte hauetan. Pentsatzekoa den moduan, portzentajeak oso apalak dira, baina balio dute ideia orokor bat egiteko: gehien itzuli diren 10 idazleen artean, 6 emakume eta 4 gizon ditugu; 5 bizirik daude, hots, idazle garaikideak dira, eta beste 5ak hilik daude; eta bi euskal herritar ditugu. Era berean, itzuliena Euskal Herrikoa eta emakumea izatea esanguratsua iruditu zaigu.

Shakespeare eta Christie dira Lopez Gaseniren azterketan eta gurean errepikatzen diren bi izenak, ehuneko antzekoetan. Emakumezkorik ez zen ia azterketa hartan. Datuei begi kolpe hutsean erreparatuta, pentsa genezake «salgarritasun»ak kanonikotasuna ordezkatu duela. Baieztapen hori egiaztatzeko, ordea, Lopez Gasenik bildu zituen beste autoreen zerrenda osoa gurearekin alderatu behar genuke, eta hori gure lan honen helburutik kanpo geratzen da.

Itzulpenen argitalpen data

1. grafikoa_agitalpenak urteka.jpg
1. grafikoa: argitalpenak urteka

Grafiko horretan ikus ditzakegu azken hamaika urteetan urtez urte kaleratutako itzulpen kopurua. Eskuineko zutabek batezbestekoa adierazten du (47,27). Lehenengo urteetan (2008-2012), ugariagoak ziren itzulpenak. Krisiaren eraginez, beharbada, 2013an beherakada nabaria izan zen (31), eta, harrezkero, azken 5 urteetan (2014-2018), urtean 40 itzulpen inguru ekoizten dira; batezbestekoaren azpitik, betiere. Hala ere, NdN datu basea elikatzeko, lan periodikoak egiten dira, eta baliteke oraindik 2018ko liburu denak identifikatuta ez egotea.

Itzulpenen egileak

Kasu honetan, 520 liburu publikatu diren arren, kontuan izan behar da zenbait itzulpen elkarlanean egin direla. Horrenbestez, berdin zenbatu ditugu itzultzaileek banaka zein beste bat(zu)ekin egindako itzulpenak. Emaitza, eta ehunekoak egiteko zenbatekoa, hortaz, 576 da.

9. taula_itzultzaileak.jpg
9. taula: itzultzaileak
10. taula_itzultzaileak, MLG.jpg
10. taula: itzultzaileak, Manu Lopez gaseniren azterketan

Egileekin gertatu bezala, hemen ere kuota baxuak lortu ditugu. 263 itzultzaile identifikatu ditugu guztira aurreko inbentariotik gaur egunerako tartean aritu direnak. Gehien itzuli duten lehen hamarren artean hiru emakume baino ez ditugu, eta denak dira itzulpengintzan ibilbide luzea egindakoak. Adin-tarteari dagokionez, Iñigo Roque da gazteena (1970eko hamarkadakoa) eta Julen Kaltzada zaharrena (1930eko hamarkadakoa). Haien jatorriari erreparatuta, bi baino ez dira nafarrak; hiru bizkaitarrak dira; eta gehienak gipuzkoarrak dira, lehen hamarreko zerrendatik erdiak (5). Arabarrik eta Iparraldeko itzultzailerik ez dago lan gehien argitaratu dutenen artean.

Olarra, Navarro, Garzia eta Rey «gailurrean» mantendu dira, eta, oro har, aldaketa handirik gabeko portzentajeak lortu dituzte. Mendiguren Bereziartuk eta Dorronsorok, gure datuen arabera, liburu bakarra itzuli dute guk aztergai dugun denbora tartean, Bigurik hiru eta Galarretak bat ere ez. Aipatzekoak dira haien ordez indarrez sartu direnak, besteak beste: Josu Zabaleta, Gerardo Markuleta eta Bego Montorio. Gainera, portzentajeak txikitu egin direnez, esan dezakegu lana atomizatu dela.

Itzultzaileen generoa

Generoari dagozkion datuak bi taulatan bereizi ditugu. Lehenengo taulan, guztira zenbat itzultzaile aritu diren zenbatu dugu, eta haien artean zenbat diren gizonak eta zenbat emakumeak. Bigarren taulan, adierazi dugu itzulpen guztien artean zenbat izan diren gizonek eginak eta zenbat emakumeek eginak.

11. taula_itzultzaileen generoa.jpg
11. taula: itzultzaileen generoa

12. taula.jpg
12. taula: itzulpen kopurua generoaren arabera

Esan bezala, 263 itzultzaile zenbatu ditugu. Oraindik ere gizonezkoak dira literatura itzulian nagusi: % 64,77. Murgiondok (2017) egindako ikerketaren ondorioekin bat gatoz gu ere (% 71 gizonezkoak eta % 29 emakumeak).

Emaitza bertsuak lortu ditugu itzulpen kopuruari dagokionez: itzulpen guztien % 64,5 gizonek eginak dira, eta % 33,5 emakumeek eginak. Aldiz, azken hamaika urteetan, 171 gizonek 372 liburu itzuli dituzte, batez beste 2,18 lan; eta 81 emakumek 193 lan, hots, batezbestekoa 2,38koa da. Datuok adierazten digute emakumeek, gutxiago diren arren, lan gehiago argitaratzen dutela eta gizonen artean lana banatuago dagoela.

Elkarlanean egindako itzulpenak

Azken urte hauetako itzulpen guztien artean, 40 egin dira elkarlanean, hau da, kopuru osoaren % 8 baino gehiago bi lagun edo gehiagoren artean egin dira. Itzulpenotan, 76 lagunek parte hartu dute.

2. grafikoa_itzultzaileak elkarlanean.jpg
2. grafikoa: itzultzaileak elkarlanean

Grafiko horretan, hainbat datu lor ditzakegu. Marradun sektoreetan, inoiz elkarlanean aritu diren itzultzaile kopurua dago adierazita[4], lehenago esan bezala 76; itzultzaileen kopuru osoarekin alderatuz gero, % 28,90. Genero bakoitzaren proportzioari begira, gizonezkoen % 21,64 (37 gizon, 171tik) dira elkarlanean aritu direnak; emakumeengan, proportzioa altuagoa da, % 48,15koa baita (39 emakume, 81etik) beste norbaitekin aritu direnen kuota.

13. taula.jpg
13. taula: elkarlanean egindako izulpenen konbinazioak

Konbinazioetan, bikoteena da nagusi, eta gehien errepikatzen den formula bikote mistoarena da. Bi kide baino gehiagoko konbinazioetan, 3, 4, 5 eta baita 6 lagunek ere egindako itzulpenak aurkitu ditugu.

Olarra eta Rey izan dira beste itzultzaile batzuekin gehien aritu direnak; 6 eta 4 itzulpenetan, hurrenez hurren. Aiora Jakak eta Amaia Apalauzak hiruna itzulpen egin dituzte beste norbaitekin batera.

Argitaletxeak

14. taula_argitaletxeak.jpg
14. taula: argitaletxeak

15. taula_argitaletxeak, MLG.jpg
15. taula: argitaletxeak, Manu Lopez Gaseniren azterketan

Gure taulan adierazten den moduan, euskarara itzulitako liburuen ia % 63 Euskal Herriko 12 argitaletxeren ekoizpenak izan dira. Esanguratsua iruditu zaigu itzulpenen % 11 baino gehiago argitaletxe baten baino gehiagoren artean egindakoak izatea (ikus 16. taula). Lopez Gaseniren datuekin alderatu baino lehen, azpimarratzekoa iruditu zaigu «Besteak» atalean sartu ditugun argitaletxeen kopurua: 58 argitaletxe. Haien artean, garrantzitsuenak ditugu: armiarma.eus atari digitala (10 liburu eta % 1,92), Katakrak (9 liburu, % 1,73); Astiberri (8 liburu, % 1,54); Booktegi, Artezblai eta Hiria (7na liburu eta % 1,35 argitaletxe bakoitzarentzat); Maiatz (5 liburu, % 0,96).

16. taula.jpg
16. taula: argitaletxeen elkarlanean egindako itzulpenak

Argitaletxeei dagokienez, hirugarren taula honetan ikus dezakegu liburu itzulpen gehien argitaratu dituzten 5 argitaletxeetatik 4 elkarlanean ibili direla euren artean, eta, 14. taulan adierazitako liburuez gain, Ereinek eta Alberdaniak elkarlanean jardun dute beste 34 liburutan; Igelak beste 25etan eta Elkarrek beste 22tan. Esan beharra dago elkarlan askoren atzean LU bilduma dagoela (Erein, Igela eta Alberdania; Elkar eta Alberdania; Erein eta Igela). Alberdaniak eta Ereinek elkarlanean jarduten dute Batera Saila bilduman, eta Elkarrek eta Jakinek Eskafandra bilduman biltzen dituzte lanak.

Manu Lopez Gasenik lortutako datuekin alderatuz gero, baditugu begi kolpe batez deigarri egiten diren bi datu esanguratsu: batetik, Klasikoak bildumako ekoizpenak izan ziren 2008ra bitarteko ugarienak. Bestetik, Ibaizabal argitaletxearen inguruko datuak ditugu; garai horretan LU bildumaren lehen aroan hainbat itzulpen argitaratu ostean, argi ikus dezakegu helduentzako literatura itzulia ekoizteari utzi diotela. Orokorrean, esan dezakegu argitaletxeen lanaren atomizazioa gertatu dela, hau da, duela 10 urteko azterketaren arabera, 7 argitaletxe edo markaren artean % 60 inguru ekoizten zuten, eta orain, berriz, lan masa antzekoa (% 62) ekoizten dute 12 argitaletxe eta markaren artean.

Bestelakoak

Lehenago ere esan dugu kategoria honetako fitxa bakoitzaren atzean dagoen testu kopurua ez dagoela zehaztuta (ez da zehazten, adibidez, datu baseko sarrera bakar baten atzean poema bakar bat edo poema batzuk biltzen diren), eta, horrenbestez, hemen bildu ditugun datuek joera nagusiak aztertzeko balioko digute. 506 lan aztertuko ditugu atal honetan.

Genero literarioa

17. taula_genero literarioa.jpg
17. taula: genero literarioa

Monografietan ez bezala, poesia da generorik ugariena Interneteko baliabide eta aldizkarietan (ia % 72). Itzulpenen laurdenak narratibakoak dira, eta ia ez dago saiakerarik ez antzerkirik. Komikiak euskarri berezia behar duen heinean, zaila da blogetara egokitzea; gainera, aldizkarietan, luzera kontuan hartu beharreko faktorea da.

Jatorrizkoen hizkuntzak

18. taula_jatorrizkoen hizkuntzak.jpg
18. taula: jatorrizkoen hizkuntzak

Besteak: 

  • Greziera
  • Txekiera
  • Suomiera/finlandiera
  • Poloniera
  • Hebreera
  • Hungariera
  • Okzitaniera
  • Suediera
  • Zazakia
  • Bengalera
  • Bosniera
  • Bretoiera
  • Daniera
  • Errumaniera
  • Frisiera
  • Haitiko Kreolera
  • Iknuita
  • Islandiera
  • Koreera
  • Korsikera
  • Latina
  • Letoniera
  • Lituaniera
  • Mazedoniera
  • Nederlandera
  • Txinera
  • Vietnamera

Ingelesak, gaztelaniak eta frantsesak garrantzi berezia dute «Bestelakoak» atalean, hiru hizkuntzen artean itzulpenen erdiak baino gehiago baitira. Asturiera laugarren hizkuntza itzuliena da Interneteko baliabideetan; izan ere, Karlos del Olmok poema sorta bat itzuli zuen Senez aldizkariaren 43. alerako. Antzera gertatzen da nepaleraren kasuan; Koldo Izagirrek zenbait poema argitaratu zituen armiarma.eus atarian, 2015ean. Bitxia da alemana, italiera eta errusiera eta halako hizkuntza handiek zer emaitza txikiak dituzten liburuen argitalpenekin alderatuta. Orotara 41 hizkuntzatako lanak euskaratu dira, eta tartean dira bengalera, Haitiko kreolera, iknuita, korsikera, mazedoniera, okzitaniera, vietnamera edo zazakia hizkuntza «exotiko» eta txikiak.

Euskarri hauetan lan gutxiago diren arren, liburuetan baino 10 hizkuntza gehiago topatu ditugu, eta, orokorrean, badaude monografietan hain ohikoak ez diren hizkuntzak.

Jatorrizkoen argitalpen data

Parametro honetan, informazioa oso mugatua da, lan guztietatik 182 baino ez baita biltzen. Ideia orokor bat egiteko balioko digu, baina jakitun izanik datuen parte handi bat falta dugula.

19. taula_jatorrizkoen itzulpen data.png
19. taula: jatorrizkoen itzulpen data

Testuen % 35 ingururi buruzko datuak baino ez ditugu. Hala ere, nabaria da XX. mendeko testuen eta beste garaietakoen arteko aldea. Mende horretako lanak, hamarkadaka antolatuta, 10-22 artean dira. Deigarria egin zaigu XIX. mendetik aurrerako obrak bakarrik egotea eta haien artean mende bukaera gailentz, hau da, esan dezakegu nahiko lan garaikideak euskaratu direla.

Liburuetan XXI. mendeak portzentaje handia zuen arren, hemen, garai horretako lanak % 6,5 baino ez dira.

Jatorrizkoen egileak

20. taula_jatorrizkoen egileak.jpg
20. taula: jatorrizkoen egileak

Gutxi dira 3 lanetik gora itzuli zaizkien autoreak, eta, gainera, Interneteko atari edo aldizkarietan publikatutako lanak, maiz, bilduma txikiak edota testu laburrak baino ez dira izaten. Itzulienen artean, izen handiko idazleak eta, orokorrean, gizonezkoak izatea da joera. Sala- Valldaura eta Schweblin baino ez daude bizirik, eta, hildakoen artean, lau XXI. mendean hil dira; beste hirurak, berriz, XX.ean. Poesia da idazle horiek gehien jorratzen zuten generoa; hala ere, Leonard Cohen-en eta Jacques Brel-en kasuan, kantak itzuli dira. Guztira, 386 autore identifikatu ditugu, eta beste hiru ezezagunak dira.

Itzulpenen argitalpen data

3. grafikoa_itzulpenak urteka.jpg
3. grafikoa: itzulpenak urteka

Hiru bloke argi bereizten dira bestelako euskarrietan argitaratutako itzulpenetan. 2008. eta 2011. urteen artean, 17-24 lan argitaratu ziren. Bigarren blokean, nabarmen gainditzen da batezbestekoa (46). Hori ulertzeko, gogora ekarri nahi dugu Elearazi, 31 eskutik eta Berbaratza blogak tarte honetan sortu zirela (2012an aurreneko biak, 2015ean hirugarrena). Era berean, itzulpen lanak 2017tik aurrera jaistearen arrazoietako bat blog horien amaierarekin lot dezakegu.

Itzulpenen egileak

Itzulpenak zenbatzeko, berdin kontatu ditugu, hemen ere, bakarka zein elkarlanean egindako itzulpenak. Beraz, atal honetarako itzulpen lanak orotara ez dira 506 izango, baizik eta 512.

21. taula_itzulpenen egileak.jpg
21. taula: itzulpenen egileak

Interneteko atari digitaletan, aldizkarietan eta txataletan gehien itzuli duena Koldo Izagirre da. Gainera, haren atzetik dator Karlos del Olmo, itzulitako lanen erdiarekin. Sarriugarte eta Arrula dira emakumezko bakarrak, biak Elearaziko kideak. Itzultzaileen adinari dagokionez, urte-tarteak motzagoak dira liburuetan baino, 1950eko hamarkadatik 1980era, eta joera argia da: itzultzaileak gazteagoak dira itzulpenotan, monografietan baino. Ranking honetan ere, gipuzkoarrak dira nagusi (7), atzetik datoz bi bizkaitar eta bi nafar; eta arabarrak eta Iparraldekoak kanpoan geratu dira.

Itzultzaileen generoa

22. taula_itzultzaileen generoa.jpg
22. taula: itzultzaileen generoa
23. taula.jpg
23. taula: itzultzaileen lan zama generoaren arabera

Itzultzaileak 102 izan dira guztira, eta 512 lan euskaratu dituzte. Emakumeak ez dira itzultzaile guztien % 30era iritsi, eta gizonak dira, berriro ere, nagusi. Are gehiago, lan zamaren taulan ikus dezakegu «Bestelakoak» etiketapeko lanen % 75 gizonek egin dituztela.

Batez beste, emakumeek 4,03 lan itzuli dituzte eta gizonek 6,37. Liburu formatuan baino itzultzaile gutxiago daude bestelako hauetan, eta ez dago ia alderik euskarri hauetara ekarritako lanen kopuruetan (520 monografia, 506 bestelakoak).

Elkarlanean egindako itzulpenak

Oso gutxi dira elkarlanean itzuli diren lanak: 506 obratatik, 5 baino ez (% 0,99).

24. taula_elkarlanean egindako itzulpenak.jpg
24. taula: elkarlanean egindako itzulpenak

Denak izan dira bikoteka; hortaz, 10 lagun aritu dira jardun horretan: 7 gizon eta 3 emakume. 3 bikote misto eta 2 gizon bikote izan dira konbinazioak.

Aldez aurretik espero genuen kopuruak baxuak izatea; izan ere, poema gutxi batzuk edo luzera laburreko testuak itzultzeko ez da bi lagun edo gehiago behar.

Argitaratzaileak

25. taula_argitaratzaileak eta euskarria.png
25. taula: argitaratzaileak eta euskarriak

Armiarmako Euskarari ekarriak atala da kategoria honetako testuak publikatzeko gehien hautatutako euskarria. EIZIEren euskarriak ere itzulpen lanetarako plaza on bat izan dira, Senez, Elearazi eta 31 eskutik-en artean % 27,5 osatzen baitute. DSS2016.eu ekimen puntuala izan zen; Donostiak 2016an Europako Kulturaren Hiriburutza eskuratzearekin batera, beste kultur ekimen batzuekin batera, literatur lanak ere itzuli zituzten. Deigarria egin zaigu Ihes Ederra Hedoi Etxarteren eta Alain M. Urrutiaren eleberri ilustratuak. Lan horretan, 9 poema itzuli tartekatu ziren.

Euskarriei dagokienez, aldizkariak eta Interneteko atari digitalak nahiko parekatuta daude. Txatalei dagokienez (nagusiki itzulpenak ez diren liburuetan txertatutako itzulpen laginak), oso gutxi topatu ditugu.

Ondorioak

Datuotatik joera berririk identifikatzea zilegi bada, honako hauek emango ditugu balizko joera gisara:

Argi ikusi genuen Munduko Poesia Kaierak edo Zientzia Irakurle Ororentzat bildumek, besteak beste, poesian eta saiakera itzulian izan duten eragina. Eragina bertsua izan da antzerkian, baina balio negatiboetan, Antzerti aldizkariaren desagerpenaren ondorioz. Adibideok ikusita, ondorioztatu genuen genero jakin baten aldeko ekimenek «hutsuneak» betetzen lagundu dezaketela, eta, horregatik, uste dugu antzerkian zein komikian halakoen parekoak sortzeko beharra dagoela.

Hizkuntza hegemoniko klasikoak jaitsi egin dira, hizkuntza berri eta txikiagoetara jo delako. Horren adibide argiena «Bestelakoak» atalean bildu dugun hizkuntza sorta da. Joera horren arrazoiaren atzean beste hizkuntza gutxituekiko atxikimendua egon daiteke.

Exotikotasuna bilatu nahi izateak ere eragina izan duelakoan gaude.

Hegoamerikako, Ertamerikako, Afrikako, Asiako eta Ozeaniako lanak oso urriak dira, eta ia bitxikeria modura har daitezke. Gutxi inportatu ditugun hizkuntza eta herrialde horietako lanak gurera ekartzeko, kontuan hartu beharko dugu hizkuntza oztopoa izan daitekeen arren lanak itzul daitezkeela zubi hizkuntzak erabiliz.

Badirudi irakurleen edota argitaratzaileen erreferenteak aldatu direla. Izan ere, XX. mendearen aurreko oso lan gutxi itzuli dira, eta batez ere XX. zein XXI. mendeetako lanak ekarri ditugu; gertutasun kronologikoagatik, ziurrenik.

Egileen parametroa aztertu dugunean, kanonikotasuna eta salgarritasuna aipatu ditugu. Momentu oro kontuan hartu behar dugu literatura gutxi kontsumitzen den kultur adierazpena dela eta are gutxiago kontsumitzen dela itzulpena, kontuan izanik irakurleen artean prestigiorik ez duen jarduna dela. Hala bada, ulergarria da argitaletxeek irakurleen eta moden arabera jokatzea, interes ekonomikoak baitaude tarteko. Feminismoa adibide hartuta, Eskafandra bildumak primeran jakin du irakurleen nahiari erantzuten, eta aukera paregabea dela deritzogu, beste autore ezezagun batzuk eta euren ideiak gurera ekartzeko.

Lan merkatuan gizon eta emakumeen artean dagoen arrakala ez da itzulpengintzatik desagertu. EHUko graduan zein EIZIEko bazkideen artean, emakumeak dira nagusi, baina gizonek dihardute literatura euskaratzen. Letren mundua gizonena izan da historikoki, eta oraindik hala dela ematen du, baina ikusi beharko dugu zer-nolako bilakaera duen euskal itzulpengintzak, egungo itzultzaileak erretiratu eta belaunaldi aldaketa erabatekoa denean.

Elkarlanean aritzeak eragina izan dezake itzulpenaren osotasunean. Lan zama arintzeaz gain, kideetako batek hobeto jakin dezake sorburu hizkuntza eta bestea(k), berriz, gure hizkuntzaren estiloan hobeto molda daite(z)ke. Horregatik, batzuetan, euskara eta sorburu hizkuntza dakiten (edo ama hizkuntza duten) itzultzaileen konbinazioa ikusten dugu liburuen azaletan.

Hasieran esan dugun moduan, argitaletxe eta argitaratzaileen panorama aldatzen ari da. Lana atomizatuz doa, orokorrean, itzulpenak kaleratzen dituzten espazio gehiago daudelako, eta gainera, askotarikoak dira.

Azterketa kuantitatibo honekin, datu objektiboak eman ditugu. Atea zabalik uzten diogu, nahi duenari, gure azterketa datuon gaineko azterketa kualitatibo batekin osatzeko.

BIBLIOGRAFIA

Lopez Gaseni, M. (2009): «Euskal itzulpenen inbentarioa eta azterketa (1976-2008)», Senez: itzulpen aldizkaria. 37, 299-311.

Murgiondo Agirre, I. (2019): «Zenbat emakume itzultzailek itzultzen dugu euskarara?».

Nor da Nor datu basea, (Azken kontsulta: apirilaren 1ean).

Torrealdai, J.M. (2007): 30 urte liburugintzan. Donostia: Jakin.


Oharrak

1. EIZIEren webgunean dira azterketa honen eranskinak (inbentarioa).

2. Manu Lopez Gasenik 2008. urtera bitarteko lanak aztertu zituen, 2008koak barne. Ikerketa 2009an egin zuela kontuan hartuta, uste dugu 2008ko itzulpenen informazioa «berriegia» izan zitekeela, eta, horrenbestez, guztiz osatu gabea. Haren datuak eta gureak kontrastatu ostean, ikusi genuen aldea nabaria dela (35 izatetik, 61 izatera pasatu ziren), eta, beraz, guk ere gure azterketaren barruan sartu genituen 2008ko lanak.  

3. Erresuma Batuaren barruan sartu ditugu NdN datu-basean «Erresuma Batua», «Ingalaterra» eta «Eskozia» etiketak zituztenak. Manu Lopez Gaseniren azterketan «Ingalaterra» gisa etiketatuta zeudenekin alderatu ditugu.

4. Beste itzultzaile bat(zu)ekin aritu diren itzultzaileak sektore marradunetan sartu ditugu, eta kolore solidoa duten sektoreetan, soilik bakarrik aritu direnak, hau da, ez dugu itzultzailerik errepikatu, bi jardunetan aritu bada.