Espainiako Estatuko hizkuntzen arteko literatur itzulpena: Euskara
Josu Zabaleta

Jaun/Andereak:

Penintsula honetako hizkuntzen arteko itzulpenak gure artean, Euskal Herrian izan duen historiaren azalpen labur bat egingo al dudan eskatu dit mintegi honetarako Espainiako Estatuko beste hizkuntzetatik euskarara eta euskaratik haietara izan diren literatur itzulpenen iragana eta oraina dut aditzera eman behar dizuedan gaia.

Ahalik eta azalpen laburrenean ahaleginduko natzaizue gai honetaz dudan ikuspegia aditzera ematen. Iragana eta oraina hartzen baditut gai, mugak jarri behar dizkiot iraganari harunztik eta orainari hemendik. Izan ere, nire ondoren Koldo Izagirre jauna mintzatzekoa da hemen aipatzen ari garen itzulpenaren etorkizunaz.

Iraganak hasieran bertan du berezko muga. Gauza jakina da euskal itzulpena hasi, J. Leizarragaren Bibli itzulpenekin hasten dela egiaz. Orainari, muga definitzeko, baina orainak etorkizuna dakarren moduan definitu hain zuzen, denborak dakarren abiadaren zentzua isladatuko den moduan alegia, zailagoa da, eta nonbait jartzeagatik 1986ko liburu argitaratuen zerrendetan jarri diot muga hori.

Ez nuke euskal itzulpenaren azaleko historiara eta joera formalen azterketara mugatu nahi ordea nire azalpen hau: zertzuk eta nola itzuli diren euskarara zerrenda egin eta komentarioa azaltzera.

Deskribapen historiko soila den horretatik abiaturik, historia hori eragin duen barne dinamika ulertzera hurbildu nahi nuke saio honetan. Deskribapen soilak ezkutuan uzten bait du maizenik gertakariaren funtsezko "zentzua"; Estatu honetako itzultzaileak elkarlanerako eta elkarren ulermenerako bilduz joan nahi dugun honetan, gure jarduera profesionalak Estatu honetako hizkuntza bakoitzaren egoeran duen zentzua eta gaudenera ekarri gaituen bideak izan duena ulertzen ahaleginduz ekin beharko bait genioke sailari.

Euskal itzulpenaren ikuspegi historikoa

Euskaratik Espainiako Estatu barreneko beste hizkuntzetara eta haietatik euskararako itzulpen literarioa egiaz izan duen lekuan kokatzeko, euskarara eta euskaratik egin den itzulpena bere osotasunean definitzen duten beste bi parametroen artean behar da kokatu. Alde batetik Espainiako beste hizkuntzetatik euskarara eta kontrako zentzuan egin izan diren itzulpenen artean literatur itzulpenak duen tokia aztertu beharko da, eta bestetik euskarara edo euskaratik egiten diren literatur itzulpenetan aipatu hizkuntzetara edo hizkuntzetatikoak duen lekua begiratu. Kontutan hartu behar da, laburtzeko, aztergai dugun itzulpen mota hau beste multzo handi batzuen azpimultzoa dela, eta halaxe begiratu behar dela bere garrantzia erlatiboa ezagutu nahi badugu.

Euskal itzulpenaren historiaz aritu direnek bi aldi nagusitan banatu ohi dute historia hori, euskal literaturaren historia banatu ohi den bezalaxe:

a) Lehenengo aldia, euskarazko lehenengo liburua argitara ematen denetik, 1545an Bernart Etxeparek Linguæ Vasconum Primitiæ argitaratu zuenetik, edo guri dagokigunean Joanes Leizarragak Jesus Christen Testament Berria argitaratu zuenetik, 1876an Foruak galdu, edo 1879an Lore Jokoak ospatzen hasten direnera arte doana, gertakari historiko jakin bat aldaketa baten islada izan litekeen zentzuan.

b) Bigarren epe bat bezala hartu ohi da Lore Jokoen ospaketak hastetik gure garaietarainokoa. Literaturari dagokionean garbi dago bigarren epe hau lehenengotik berezi litekeena dela. Data horietatik aurrerako literaturak aurreko aldietakoak ez bezalako arazoei erantzuten die. Aldaketa hori ez da bat batean gertatzen, uste izatekoa zenez, baina XIX mendearen azken laurdenean euskal gizartean agertzen hasten dira hurrengo hamarkadetan izango dena eragingo duten faktoreak. Gauza berbera gertatzen da literaturari dagokionean, eta itzulpenak ez dio, noski, lege horri ihes egiten.

c) Gaur egun bestalde, nahikoa arrazoi badugu, nik uste, azkeneko hamar urteotan, bai literaturan, eta seguruenik arrazoi askoz ere gehiagoz itzulpenean, lehengoak ez bezalako aro desberdin batean gaudela uste izateko, haietan ez bezalako premiak ditugula, haietan ez bezalako dinamika bati erantzuten diola bai literaturak eta bai itzulpenak. Literaturaren historiatik begira ziurtzat eman litekeen hori, askoz ere ziurragotzat eman liteke, seguruenera, itzulpenaren historiaren ikuspegitik.

Hiru garaiok, ordea, ikuspegi soziolinguistiko batetik deskribatu beharra dago, labur-labur bada ere, itzulpenak beroietan izan zuen eginkizuna ulertuko bada; hain zuzen ere, beren hizkuntzaren historia, eta une bakoitzeko egoera, gurea ez bezalakoa izan duten bestelako hizkuntz egoera batzuetatik ez bait da ulertzen erraza, nik uste, gurea bezalako historia.

a. Lehen aldia

Euskal itzulpenaren eta literaturaren lehen garai hau hurrengoen desberdin egiten duten zenbait ezaugarri aipatu behar ditut lehenik.

Lehenik eta behin, aipatzen ari garen garaiotan Euskal Herria ia erabat euskalduna da, herri mailan bederen. Hizkuntzak geografiazko muga aski zehatzak ditu, mugaz alde batetik hizkuntza bat erabiltzen dela, eta bestetik bestea esateko moduan, beti ere hizkuntz mugetako bereziak diren fenomenoak ukatu gabe.

Ezin liteke gauza bera esan gizarte mailez.

Gizarte maila apalenak, laborariak, langileria orokorrean, euskaraz mintzatzen den barrutian, badirudi XIX mendea aski aurreratua den arte, euskaldun soilak, elebakardunak direla, gehienean. Aita Larramendik, Kardaberazek etabarrek diotena lekuko. J.I. Iztuetak 1847an argitara eman zuen Guipuzcoaco provinciaren condairaren sarreran bertan, umore ondo garratzez, dakartzan datuak adierazkor askoak dira zentzu honetan: "Provinciar labur onetaco mugapean contatcen dira eun ta oguei milla arima bezalatsu; oetatic eun milla bederic izango dira Euskara beste itzcuntzaric ezdaquitenac: gainerontceco oguei milla-etan beguira izan eztitezquean erdiac bano gueiago, Euscararen ugazume arrotz, nongoac eta noren odolecoac dira berac ere ez daquitenac, eta azquenengo amar milla-etan ere izango dira guichienaz sei millarano, Euscaraz charqui, eta gaztelaniaz gaizqui itzegiten dutenac, beren buru arroac guizon andi ta jaquintsu eguiteagatic".

Iztuetak berak ematen du aditzera gizarte maila aberatsagoak erdal zaleak direla bere garaian. Gauza bera salatua zuen Aita Larramendik. Eta historiak ere erakusten du: Euskal burgeseriak gazteleraren alde jokatu zuen apustua ia salbuespenik gabe. Besteren artean, Gaztelaren eskribau hornitzaile izan zen.

Elizari aitortu behar zaio aldi horretan ia erabateko protagonismoa euskararen erabilera idatzian, liburugintzan. Protagonismo horren zentzua eztabaidatuagoa da. Eliza bera elebidun izanik, gutxienez —gogora bitez puntu honetan Larramendik hainbat hizkuntza garbi eta egokian predikatzeko gauza ez ziren predikariei egiten zizkien salakuntzak— bere pastoral premietarako erabili du bakarrik euskara beharbada. Esan izan den bezala, euskal kleroak bete du, XIX mende bukaerara arte, euskal herri xehe elebakardunaren intelektual organikoaren papera. Zentzu horretan ez da harritzekoa Etxeparerengandik hasi eta 1879 bitartean argitaratzen diren 195 liburuetatik %89 erlijio gaiezkoak izatea. %11 liburu besterik ez dira euskaraz, hirurehun eta gehiago urte horietan argitaratutakoetatik, itzuliak nahiz sortzezkoak, erlijio gaia ez dutenak.

Testuinguru horretan oso zaila da literatur produkzio idatzia aurkitzea, eta are zailagoa literatur itzulpena. Eta uste izatekoa zen bezala gertatzen da, gertatu ere. Hiru mende igaroak hartzen dituen epe horretan literatur itzulpenezko banaka batzuk besterik ez dira:

  1. Bizenta Mogelen Ipuin Onac (1804): Esoporen fabulen itzulpena.
  2. P. Iturriagaren Fabulas y otras composiciones en verso vascongado (1842), Samaniegoren alegien eta Vigilioren eglogen itzulpena.
  3. P. Iturriagaren Jolasac (1842), euskaraz eta gazteleraz.
  4. Archuren Fableac edo Alegiac (1852) La Fontaineren fabulen itzulpena.
  5. Goyetcheren Fableac edo Alegiac (1852) La Fontaineren fabulen itzulpena.
  6. R. Dasconaguerreren Atheka Gaitzeko oihartzunak (1870), frantsesetik autorearen lagunen batek itzulia.

Horien artetik Espainiako Estatuko hizkuntzetatik itzuliak ez direnak bakantzen baldin badira, uzta laburra geratzen da aldi honetan aipatzen ari garen itzulpen modurako.

Literatur itzulpen hau, gainera, urria ez ezik, epe honetan egiten den itzulpen bikainena ere ez da.

Lehentxoago zorroztasun beharrez alde batera utzi ditugun erlijio gaiezko itzulpenak, erlijiozko literatur itzulpena kontutan hartzen baldin badugu, hartan aurkituko ditugu euskal itzulpenaren historiak bere lehen mendetan eman izan dituen itzultzaile handien eta aipagarrienak: Joannes Leizarraga, Silvain Pouvreau, Haraneder, M. Chourio, B. Larreguy, M. Maister, M. Duhalde, M. Inchauspe, P.A. Anibarro, J.C. Echeverria, P. Uriarte.

Erlijio gaiezko literatur itzulpenean ere, ordea, Espainiako Estatuko hizkuntzen artean egindakoak ez du aipatzea merezi duen pisurik, euskal literaturaren historiaren lehen mendeetan, XIXaren hasierara arte batez ere, Euskal Herriaren Ipar aldeko idazleek, gaztelaniazko literaturatik baino frantsesetik gehiago edaten zutenek, lehentasuna izan bait zuten guztian.

Azkenik, lehen aldi honi dagokiona bukatzeko, begiratu beharra iruditzen zaigu, itzulpenak euskal liburugintzan izan duen, eta aurrerantzean ere izango duen pisua ezagutzeko beste indize bat, sormenezko eta itzulpenezko obren arteko proportzioa, alegia: Hala I. Sarasolak euskal literaturaren hastapenetik Lore Jokoen hasierara arte kontatzen dituen 194 obra desberdinen artean, 93 itzulpenak dira, eta 101 besterik ez dira sormenezkoak, nola halako egokipena ere sormenezko hauen artean kontaturik.

Horrek, besterik gabe, garbi erakusten du euskal literaturaren itzulpenak hasieratik duen pisua.

b. Bigarren aldia

XIX mendearen azken laurdenarekin batera garrantzi handiko aldakuntzak hasten dira gertatzen Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian batez ere, bai politikari dagokionean, bai egoera soziolinguistikoari dagokionean: 1876an Foruak galtzen dira, 1879an, lehen esan bezala Lore Jokoak ospatzen hasten. Mendearen azken hamarkadak Euskal Herriko burgeseriaren zati bat bere baitan bilduz gerora Alderdi nazionalista bat izango denaren sorrera ikusten du, Alderdi sozialistaren sorrera ere ikusko duen bezala.

Burgeseriaren parte batek, beraz, aukera politikoarekin batera, hizkuntz aukera egiten du, euskararen alde. Euskal Herriaren nazio proiektuaren osagarri bezala euskara sartzen da.

Aldi beretsuan, ordea, Euskal Herriko gizarte maila guztiak elebidun bihurtzen hasten dira, luze iraungo duen prozesu batean.

Baina ordura arte gizarte maila apalenetan behintzat hizkuntzazko mugak geografiazko mugekin bat zetozenak, iragazkorragoak bilakatzen dira, eskolaren bidez batez ere.

Eta horrekin batera, hizkuntz eredua, ordura arteko tradizioan aski finkoa izana zena, zalantzan jartzen da, Hego Euskal Herriko idazle eta itzultzaileen artean batez ere. Tradizioaren aurrean era bateko edo besteko garbizalekeriak, XX mendea orain arte markatu dutenak eta oraindik ere zenbait bazter sektoretan indarra dutenak, eratzen dira.

Bere burua Larramendiren jarraitzaile nahi duen hizkuntz garbizalekeria porrokatua, euskaratik gaztelaniaren antza —gaztelaniarena bereziki— duen oro urrutira uxatu nahiko lukeena, neologismo sortzaile agortu ezina aldi berean, politikan Arana-Goiriren jarraitzaileen artean zabaldua eta justifikatua, batetik.

Bestetik garbizalekeria sotilagoa, bere burua garbizaletzat aitortzen ez duena, garbizalekeriaren arbuiatzailetzat baizik, garbizalekeria sintaxi alorrean duena, R.M. Azkue berarengandik hasi, eta gaur egun oraindik sektore aski zabaletan hitzez arbuiatu baina egitateetan indarrean dagoena.

Joera horiek Ipar Euskal Herriko idazleen artean ez zuten horrenbesteko eraginik izan, baina guri dagokigunean, Penintsulako hizkuntzetiko itzulpenak Hego Euskal Herrian egin bait ziren hain zuzen, berebiziko garrantzia izan zuten.

Lexikozko hizkuntz garbizalekeria ia itzulpenean besterik gauzatzen ez den joera da. Garbizalekeriarik lehiatuena itzulpenean burutzen da, eta ez sormenezko literaturan. Hartan, ordea, testuaren komunikaziozko funtzioa ia erabat deusezteraino iristen da. Hala ere garbizalekeriarik bortitzena poliki-poliki apalduz joango da.

Aldi honetan idatz ahalegin handia hasiko da egiten, ia bat batean, itzulpenean ere igarriko dena. Itzulpenetan erabiltzen diren gaiei dagokienez, kolpetik ez bada ere, ugalduz eta aniztuz joango dira, nahiz eta erlijio gaiezko literatura oraindik epe luzerako izango den, sorkuntzaz nahiz itzulpenez, gehiengoa izango duena. Hala bestelako gai askoz hasten da garai horretan euskaraz argitaratzen: historia, gizarte gaiak, medikuntza, berria. Zentzu berean literatur itzulpenak ere nabarmenki ugaltzen dira epe honen hasieratik bertatik.

Itzulpen horiek gaztelania dute askotan jatorrizko hizkuntza, hizkuntzaren aniztasunerako eta zabalkunderako ahaleginik handiena euskara gaztelaniarekin harremanetan dagoen hego Euskal Herriko alde honetan ari bait da egiten, ari ere.

Hala, 1881ean L. Iza Agirrek Zalameako Alkatia, Calderonen obraren zati bat argitaratuko du, oso egokia ez den itzulpen batean.

1885ean Jose Colaren Euskal naparren joaera edo emigrazioa argitaratu zen, Marcelino Soroak itzulirik.

1887an, sensu stricto literatur itzulpena ez bada ere, zinez aipagarria den itzulpen batean Sarda i Salvany-ren Liberalen dotrina pecatu da argitaratuko da, itzultzailearen izenik gabe, baina Gregorio Arrueren lumatik ziurrenera Bartzelonan.

1905ean Cervantesen Kixote-ren sarrera eta hasierako zenbait kapitulu eman ziren argitara, Duvoisin kapitainak euskarara itzuliak.

1900 aurreko urteetan garrantzi handiko papera jokatu zuten zenbait aldizkarik ere. Itzulpenari dagokionean aipagarri da Euskaltzale aldizkaria, Resurreccion Maria Azkue jaunak argitaratzen zuena. Bizirik iraun zuen azkeneko urtean euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu bait zen, oso-osorik, "por orden gubernativa", gero hain ohiturik egongo ginen bezala.

Mende honetan aurrera sarturik, mende hasieratik gerra bitarteko aldiari begiratzen baldin badiogu (1900-1936), itzultzen den gaiari dagokionez aldaketa handirik ez da gertatzen, salbu eta gerra aurretxoan, lehenengo ikastolak sortzen direlarik, haietarako testugintzari ekiten zaiolako.

Liburu argitalpena ugalduz doan eran, itzulpenak ere leku gehiago du epe honetan. Hiru itzulpen mota nagusitan bana liteke, hiru premia desberdini erantzuten diotelako, garai honetako literatur itzulpena:

Zenbait obra klasikoren itzulpenari ekiten zaio, gerra ostean fruitu ugariago emango duen itzulpen irizpide bat finkatuz. Horien artean Tormesko Itsu-mutila, Nikolas Ormaetxea "Orixe"-k itzulia, eta 1929an argitaratua, da aipagarrien eta esanguratsuena.

Bestaldetik, gerora fruitu ugari eman behar duten bi literatur itzulpen motari ekiten zaio garai honetan: Euskal folklorearen gaztelaniarako itzulpena: R.M. Azkueren Euskalerriaren Yakintza Literatura Popular del Pais Vasco (1935-47), eta euskal gaiezko gaztelaniazko literaturaren euskararako itzulpena.

Hirugarren itzulpen mota garrantzitsua garai horretako euskal olerkaririk ezagunenen zenbait obren gaztelaniazko itzulpena da. Lizardi, Orixe, Lauaxetaren olerki bildumak gaztelaniara itzultzen dira, eta euskaraz eta gaztelaniaz bitara argitaratzen. Itzulpen horiek egileak berak paratuak izan ohi ziren maizetan. Ezin esan liteke arbuiagarriak direnik, baina jatorrizko testuaren aldean indarge eta ilaun geratzen dira.

Bestalde, literatur itzulpenaren zati handi bat aldizkarietan, edo maizenik gaztelaniaz argitaratzen diren euskal kultura eta folklorezko aldizkarien euskarazko gehigarrietan argitaratzen da oraindik.

Hala, adibidez, Balmesen El Criterio euskaraz. Irizpidea J. Zinkunegik itzuli eta 1919an Euskal Esnalea aldizkarian zatiz zati osorik argitaratua. Aldizkariotan, normala den bezala, liburu zatiak, kapituluak, ipuinak eta orohar pieza laburrak argitaratu ohi ziren maizenik euskarara itzulirik.

1936ko gerra zibilak erabat eten zuen haren aurre-aurrean erne eta loratzen ari zen hizkuntz, literatur eta kultur garapenerako mugimendua. Idazle eta itzultzaile asko gerran desagertu zen. Beste askok erbestera aldegin behar izan zuen. Gerra aurrean indartzen hasi eta etenik geratu zen mugimenduak, erbesteak eragiten dituen ezintasunetan garatu eta eman behar izan zituen fruituak.

Berrogeiko hamarkadan aurrera sartuta hasiko dira argitaratzen lehendabiziko euskal liburuak. Garai honetako itzultzaile guztien gailen den Orixeren eta Euzko Gogoa aldizkariaren inguruan gerra aurretik geratzen diren idazle eta itzultzaileak biltzen dira. Gerra aurretik pentsatuta zegoen hizkuntz politikari jarraitzen zaizkio, bi zentzutan batez ere: munduko literaturako klasikoen itzulpena, eta gaztelaniazko euskal gaieko literaturaren itzulpena bultzatzea batez ere.

Bestetik, euskal folklorearen gaztelerarako itzulpena egiten jarraitzen da.

Hala, munduko literaturaren itzulpenari eta bereziki Espainiako Estatuko hizkuntzetako literaturarenari dagokionez, Shakespeareren ondoan J.R. Jimenezen Platero eta biok (1953) itzuliko du B. Amezagak.

Itunbe izenaren azpian ezkutatzen diren hiru itzultzaileek Hugo Wasten Bide izkutua itzuliko dute (1956).

Jon Etxaide Ithartek 1959an Pio Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia itzuliko du, Itxasoa laño dago tituluarekin.

Garai berean beste hizkuntzetatik itzultzen dena konparatu ahal izateko, hona autore izen batzuk: Lonfellow, Sofokles, Shakespeare, Svenson, Homero, Platon, Hemingway, R. Tagore.

Bestaldetik, gerra aurretik datorren itzulpen politikazko iritziari jarraituz, euskal gaiezko gaztelerazko literaturaren itzulpenean ere egiten dira zenbait saio. Beste zenbait euskara-gaztelaniazko ediziotan argitaratzen. Aipatu dugu Pio Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia-ren kasua.

1955ean Elezaharrak - Arraun ta Amets izenpean, Arturo Campionen Narraciones Vascas-etik hartutako zenbait kontakizun labur argitaratzen da euskarara itzulirik.

1958an A. Campionen Erraondoko azken danbolinteroa, argitaratzen du itzulita J.M. Mokoroak.

Urte berean euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen da Buenos Airesen E. Iberoren Eusko Ami.

1960an J.L. Muñoyerroren Lartaun Eguzki-Semea argitaratuko da baldintza berberetan.

Zentzu bera du geroago ere, 1963an E. García Vellosoren Gernikako Arbola, D. Jakak itzuliak.

Euskal folklore eta herri literaturaren gaztelerarako itzulpenari dagokionez, Euskalerriaren Yakintza-ren argitalpenaren jarraipenaz gainera (1947), J. Riezuren Flor de las canciones populares vascas (194X), J. Gorostiagaren Antologia de la poesía popular vasca (1955) eta J.M. Barandiaranen El mundo en la mente popular vasca (1962) bildumak aipatzekoak dira.

c. Hirurogeiko hamarkada: bitarte epea

Hirurogeiko hamarkadan hurrengo bi hamarkadetan euskal literaturan eta kultur mugimenduan protagonismoa bere esku hartuko duen belaunaldi berria plazaratzen da.

Horrela, hamarkadaren hasieran, aurreko epearen jarraipena besterik ez denik, hamarkadaren bukaerarako hirurogeitamarkadan euskal kulturan sortuko diren fenomeno berrien azalera ikusiko du.

Euskal Herriko bizitza politiko eta kulturazkoak berebiziko radikalizazio bat ezagutuko du.

Politikazko radikalizazioarekin batera, garai beretsuan, ikastolen fenomeno zabalaren sorrera gertatzen da, hirurogeita lehenengoetan.

Hamarkadaren bukaerarako euskararen normatibizaziorako eta euskara batua finkatzeko urratsik oinarrizkoenak ematen dira.

Aldi berean euskal liburu argitalpenak ugalduz doaz urtez urte.

Egoera aldaketa geroz eta bizkorrago doa burutuz.

Hala hasieran aurreko urteetarako aipatu dugun dinamika ia ez da ezertan aldatzen, liburu eta itzulpen modu beretsuak argitaratzen dira.

1962an B. Gandiagaren Elorri poema liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen da. Salbuespentzat jo behar da, ordea, itzulpena "por orden gubernativa" egiten bait da. 1964an Gabriel Arestiren Harri eta Herri argitaratzen da, euskaraz eta gaztelaniaz. 1967an autore berak Euskal harria / La piedra Vasca. L.M. Muxikaren Urdin eta Burni / Azul y Hierro (1965) da euskaratik gaztelaniara itzulita bietara argitaratuko den beste poema liburu bat. 1969an J.M. Arozamenak Ene ixil-oiuak / Voces de mi silencioera berean argitaratuko du.

Euskal gaiezko gaztelaniazko literaturaren euskarazko itzulpenak ere argitaratzen dira: J. Acostak idatzi eta R. Muruak itzulita argitaratutako Asarre bidetan / Peregrino de la ira (1966). Hurrengo urtean, argitalpen mota berean J.L. Muñoyerroren Ilargian ere euskeraz, eta R. Zulaicaren Ipuin jatorrak argitaratuko dira. 1966ko urte berean Tx. Agirreren Auñamendiko Lorea kontakizuna I. Goikoetxeak egindako gaztelaniazko itzulpenarekin batera argitaratuko da.

Garrantzi handiko zenbait literatur itzulpen ere hasten dira argitaratzen:

1967: C.J. Celaren Paskual Duarte, Jautarkolek itzulia.

1968: T. Meaberen Hamalau alegia, G. Arestik itzulia.

Itzulpenen jatorria, Espainiako Estatuko hizkuntzen artean ere anizten hasten da:

1966an Egan aldizkarian S. Espriu-ren El llibre de Sinera argitaratuko da, Juan San Martin jaunak euskarara bihurturik. Autore berarenak, itzultzaile beraren eskutik hurrengo urteetan Pais Basc eta La pell de brau argitaratuko dira.

Urte horietan berorietan, katalanetik egiten diren itzulpenekin jarraituz, Pedrolo (Homes e no) eta Ricard Salvaten obrak itzuli eta antzesten dira.

1967an J.A. Etxebarriak Kataluna'ko Olerkariak, olerki bildumatxoa argitaratzen du.

Galegotiko lehenengo obra Gabriel Arestik itzultzen du 1969an: Marcos de Portelaren Catecismo do labrego / Nekazariaren dotriña izenburuarekin argitaratua. Hurrengo itzulpena 1976an argitaratuko da: A. Rdez. Castelaoren Kristalezko begia, Koldo Izagirre jaunak itzulia.

Hemendik aurrera aipamenak banan banan egingo bagenitu, titulu zerrendak luzatu besterik ez genuke egingo.

Egiaz garrantzia duena, une honetan, Euskal Herrian hizkuntzari dagokionez gertatzen den aldaketa da zinez. Izan ere, populazioaren zati handi baten aldetik aukera garbia eta oharrezkoa egiten bait da herri honen bizitza euskaraz izan dadin, eta atzera ezinezko pausoak hasten dira ematen bide horretatik.

Itzulpena, hemendik aurrera, hizkuntz egoera normaldua duen herri bat izatera iristeko zentzuan planteatuko da geroz eta gehiago.

d. Azken aldia

Hirurogeitamarreko hamarkadaren erdialdetik hona euskal itzulpenaren historian orain arte izan ez diren baldintzak sortu dira ia bat batean. Hirurogeiko hamarkadan sorturiko kultur eta politika mugimenduaren ondorioz, eta Autogobernua iritsirik, Euskal Herriaren gizarte bizitzazko eta kulturazko premiei euskaraz erantzuten parte hartzeko herronka dugu euskal itzultzaileok.

Euskal Herria berebiziko ahaleginak ari da egiten bertako biztanlegia eta gizarte bizitza euskalduntzeko. Alde askotan gauzatzen da ahalegin hori; gazte eta larrientzeko hizkuntz irakaskuntzan, komunikabideetan, administrazioaren euskalduntzean, hizkuntz normalizaziorako ahaleginetan.

Euskal itzultzaileok gaur egun dugun egoera ulertzeko kontutan hartu behar den lehenengo datua da Euskal Herria auto itzultzailea dela lehenik. Itzulpen ahaleginik handienak bertako gizarte bizitza eta bertan sortzen den testu produkzioa euskaratzera dago bideratua, Administrazioan, Irakaskuntzan, Komunikabideetan. Egoera honetara ere ez gara iritsi, ordea, bat batean. Hirurogeitamarreko hamarkadaren lehen erdian, artean Autonomiarik ez zegoela euskarazko irakaskuntzaren proiektua aurrera ateratzea izan zen kultur herronkarik handiena. Hartara bideratu ziren ahalmenik eta ahaleginik handienak. Hartarako egin ziren itzulpen ahaleginik handienak ere. Irakaskuntzarako testu eta irakurgaien produkzioa.

Lehen urteetan, 70eko hamarkadaren hasieran, "Rosa Sensat" taldeak eta Kataluniako beste zenbait argitaletxek eragin handia izan zuten Ikastoletarako egin ziren lehenengo itzulpenetan. Harrez gero katalanetiko itzulpen ugari egin izan da haur literaturan.

1976-1986 hamarkadan 60 haur literaturako liburu edo liburutxo itzuli dira katalanetik euskarara. Honen arrazoia aipatu dugun hasierako itzala, edo Kataluniako argitaletxeek burutu duten zabalkunde politika izan liteke.

Bestalde galdera ikur bat jarri beharra dago askotan itzulpenon sorburu hizkuntzari dagokionean, zeren kasu askotan zalantzarik gabe katalanetik itzuli baldin badira ere, beste askotan ez bait da gauza segurua, eta pentsatzekoa da gaztelaniazko itzulpenaz baliatuz burutu dela euskarazkoa; aipatzen ari garen liburu hauetako asko eta asko Kataluniako argitaletxeek beraiek argitaratu bai dituzte gaztelaniaz ere, eta gero euskaraz.

Azken hamar urteotan katalanetik euskarara egin den literatur itzulpena ia osorik haur literaturara mugatzen da.

Alor horretatik kanpora aipatzekoa da Merce Rodoredaren 5 ipuinen itzulpena, M. Gonzalezek burutua eta Ipuin Hautatuak izenarekin argitara emana (1984).

Gaztelaniatik egin diren itzulpenei dagokienez, banaketa orekatuxeagoa da. Egia da lehentasuna haur literaturazko itzulpenak duela honetan ere, azkeneko hamarkadan gaztelaniatik euskarara egin diren 134 itzulpenetatik 98 jenero horretakoak bait dira. Baina beste 33 obra literatur itzulpen soilak dira.

Berorien artean badira garrantzi handiko zenbait obra: Cervantesen Kixote (1976) Pedro Berrondok itzulia, G. Garcia Marquezen Heriotza iragarritako baten kronika (1982), Xalbador Garmendiak itzulia, edo J. Rulforen Lautada sutan (1986), J. Etxabek itzulia.

Honetan, ordea, susmoa katalunieratiko itzulpenei buruz adierazi dugun bestelakoa da. Alegia gaztelania izan dela beste hizkuntza zenbaitetatiko bitarteko hizkuntza, haur literaturari dagokionean batez ere.

Galegotik berriz, urte asko joan dira ezer itzuli gabe, harik eta 1984an A. M. Labaienek R. Castelaoren Os vellos non deben de namorarse eta 1986an idazle beraren 4 obra itzuli eta argitara ematen diren arte: Gauzak, Betiko biak, Beti Galizan eta Zirtzilak.


Oharra: Ponentzia hau Madrilen Espainiako Estatutuko Hizkuntzen Arteko Literatur Itzulpenari buruzko Jardunaldietan irakurri zen. Geroztik Nouvelles de la FIT - FIT Newsletter aldizkarian argitaratu da (VIII - nº 1-2).