'Zelestina' tragikomediako esaera zaharrak XXI. mendean euskaratzea: Joxe Antonio Sarasolaren itzulpen estrategiak
Karlos del Olmo

Nola hel diezaioke XXI. mendeko euskal itzultzaile batek XV. mendeko gaztelaniazko testu kanoniko ezagun-ezagun horri, adituek Kixote ospetsuaren hurrengotzat dutela jakinda? Zer motatako estrategia erabili beharko du? Zelako hizkuntz eredua aukeratu beharko du gaurko euskal irakurleari emateko orduan? Eta artikulu honen xederako garrantzikoagoa dena, nola eman XXI. mendean euskal tradizioan ordain idatzizko ezagunik ez duten atsotitzak -eta parekide ezaguna dutenen artean, zein eman batek baino gehiagok korritu izan duenean-? Itzultzaileak, jakina, aldez aurretik itzulpen horren zertarakoa zehaztu beharko du: kontuan izanik itzulpena Literatura Unibertsala bilduman agertuko dela, zer hartzaile/irakurle mota izango du gogoan gaztelaniazko kanonetik euskarazko kanon itzulira ekarri behar duela gomutan? Eta testuaren beraren ezaugarriei gagozkiela, alegia, ahoz esateko (antzezteko?) idatzita ei dagoela, ahalegin berezia egin beharko du euskarazko ahozko estilistikaren ezaugarriak eransteko. Horiek denak jakinda, Joxe Antonio Sarasolak esakune zaharrak ordaintzean erabiliriko zenbait itzulpen estrategia aztertzeko saio hau, nolanahi ere den, datozen urteotan antzeko lanak itzuli gura dituenari bidelagun gerta dakioke, baita eginkizun filologikoagoetan ere (eginkizun pragmatikoago bat ere badu: ekialdeko euskaldunei jatorrizkoa ulergarriagoa egitea). Eta zer dela-eta esaera zaharrak? Osagai linguistiko moduan halako autonomia bat dutelako testuaren barruan eta, zertan esanik ez, haietako batzuek, literatur balioen ikuspegitik, osagai poetiko ukaezinaren jabe direlako. Bestalde, oinarritzat hartzen badugu gaztelaniak eta euskarak garai hartan errealitate bera partekatzen zutela, ezin interesgarriago gertatzen da haietako bakoitzak inguru bera nola zedarritzen duen aztertzea.

Amparo Hurtado Albir-en arabera, estrategiak itzultzaileak darabiltzan banako prozedurak dira (kontzienteak eta ez-kontzientzeak, hitzezkoak eta berbarik bakoak, barrukoak -kognitiboak- nahiz kanpokoak), itzuli ahala topatzen dituen zailtasunak ebatzi eta behar espezifikoen arabera eraginkortasuna hobetzekoak. Hala, estrategiak zuzenean datxezkio itzulpen korapiloak askatu beharrari, eta itzultzailearen jakiunde orokorrarekin zuzeneko hartu-emanetan daude. Zerikusi handia dute estrategiok itzultzeko prozesuarekin, erabakitzaileak direnez gero arazoak konpontzeko eragiketetan eta erabakitzeko prozeduretan. Gauza da, eta itzultzen entseatzen dena berehala jabetu ohi da horretaz, hori dena oso prozesu korapilatsua gertatzen dela. Jarduera horren abiaburuan, egia teoriko eta enpiriko garrantzizko bat datza: itzultzailea jatorrizko testuaren hartzailea ez ezik, itzuliaren igorlea ere izatea. Bestela esanda, bi eragiketa kognitibo eta komunikatibo ditugu inplikaturik: zentzua ulertzea (analisia) eta mami hori xede hizkuntzan formulatzea (sintesia). Ikerle batzuek bi aldi horien artean beste bat ezartzen dute -hitzezko azala alde batera utzita, semantikaren alorrera igarotzean datzana-, baina tarteko horren gaineko ikerketa eta frogabideak neketsuagoak dira. Zertan esanik ez, idatzizko itzulpenari (beste hiru aldiak interpretazioari ere badagozkio-eta) laugarren prozesu bat erantsi behar diogu: egiaztatzea, zuzentzea, berrikustea. Jakina, azken hori edozein testu paratzean ere bete behar izaten du dena delako idazleak, baina itzulpengintzan oso bestelako dimentsioa du, itzultzailearen laprastadak jatorrizko egilearen okertzat har daitezkeen neurrian.

Faseak edo aldiak deskribatuta, prozesuaren zailtasuna azaltzen hasi besterik ez dugu egin. Itzultzaile bakoitzak bere erara ibiliko ditu bide komun horiek, nork bere itzulpen gaitasunaren arabera (hau da, prozesua behar den moduan aurrera eramateko noraezeko gertatzen diren ezaguera, trebetasun eta abileziak genituzke aipagai). Hori dena oso kontu pertsonala da, oroimenean eta hartan metatutako jakiturian funtsatzen delako. Eta zelako ezagupenak behar ditu itzultzaileak? Linguistikoak (bi hizkuntzetan) nahiz bestelakoak: entziklopedikoak, tematikoak, kulturakoak, itzulgai bakoitzaren inguruabarren gainekoak...

Bestalde, esan beharrekoa da itzultzailearen ibilbidea ez dela lineala, atzera-aurrera askoko bidaia baizen; alegia, jatorrizkoa ulertzetik hura beste hizkuntzan berridaztera eta berridaztetik ulermenera ibili beharrean egongo da, inoiz ere amaitzen ez den joan-etorri batean. Zer edo zertan bada munta handikoa elkarreraginaren kontzeptua, itzulpengintzan dugu, hain suertez: fase sintaktikoa, semantikoa eta pragmatikoa ez doaz elkarren atzean eta hurrenkera antolatuan, goranzko eta beheranzko prozesamendu batean (zehatzetik orokorrera eta orokorretik zehatzera). Bestela esanda, ulermen zentrifugoa (unitatekakoa) eta zentripetoa (globala) etengabeko zabuka batean egongo dira, makroegituratik mikroegiturara. Testua ez da modu linealean prozesatzen, elementu guztien elkarreraginean baizik (egitura, ezagupen estralinguistikoak...): idatzizkoan itzulpen ulermena ez da aldi bakarrekoa, testu zati jakin bat era askotan itzul daitekeelako, baita testuaren buru errepresentazioa aldatuko duten hainbat modutan irakurri ere. Itzulpen unitateak elkarren atzean prozesa daitezke edo itzulitako unitateetara berriro bueltatuta eta ostera ere aurrera joanda.

Faktore exogeno bat ere ez da ahaztu beharrekoa: denbora. Denboratasunaren alderdirik ikusgarriena itzulpena egiteko epea bera dugu, horrek ikaragarri baldintzatzen dituelako gainerako faktore eragile guzti-guztiak. Baina horrezaz gain, denborak berak oinarritzen ditu itzulpenaren azpiprozesu elkarreragile ez-lineal hauek: analisia, interpretazioa, konparazioa, analogia, inferentzia, aukerak haztatzea, planifikatzea... Nolanahi ere den, ulermenetik beste hizkuntzan berridaztera eta alderantziz doan etengabeko joan-etorri horretan, itzulitako unitate bakoitzak ia berez lekarke lehendik itzulitako beste unitateren bat berrikusi eta bestela itzuli beharra, oinarrian denborazko harreman dinamiko halako bat ezarririk, elkarreragin etengabea. Itzulpen estrategien aldetik, esaterako, ukaezina da segituan agertzen den zerrendako berbaera horietako batzuen artean dagokeen hartu-eman zuzen-zuzenekoa -itzultzaileak, igarri denez, ondo baino hobeto ezagutua eta ikusia- ("El amor no admite sino solo amor por paga: Maitasunak ez du onartzen beste ordainik, ezpada maitasuna". "Pero el amor nunca se paga sino con puro amor: Baina maitasuna ez da sekula ordaintzen maitasunaz baizik"), haietako bakoitza ematean erabiliriko estrategien arteko lotura -biak jatorrizko egiturarekiko fideltasunean oinarrituak-, baita euskal tradizioan jasotako esaldi horien pareko beste bat ere, "Amor con amor se paga", adierazteko Gotzon Garatek jasotako "Ogia, ordainez" edo "Bihotzera indarrez ezin iritsi" esaera zaharrak eratzeko egiturekiko dagoen aldea ere.

Eredu holistikoan oinarrituriko ikerketek galdesortak, zuzenean behatzea, ikus-entzunezkoak eta baliabide informatikoak erabili izan dituzte itzultzailearen lanbidezko eginak aztertzeko; eta, ondorioztatu ahal izan dutenez, itzultzeko prozesua, jardunbidea, ez da lineala (jatorrizkoa leitzea, kontsultatzea -beste hainbat ekintza eroan ditzake barruan-, idaztea, jatorrizkora bueltatzea, itzulpena aldatzea -unean uneko unitatean zein besteren batean-, berriro jatorrizkora itzultzea). Estrategiak, jakina, mota askotakoak dirateke: jatorrizkoarekin alderatzea, elementuak azpimarratzea edo nabarmentzea, oharrak eranstea, hainbat kontsulta mota bideratzea... Itzultzaile bakoitzak bere hurrenkera darabil eta estrategiak ez dira lotuta egon ohi arazo mota jakin bat ebazteari. Informazioa prozesatzean erabilitako jardunbide batzuk kontrolatuak dira; beste batzuk, ordea, ez. Seguru asko, intuizioaren mendekoak, halako kontzienteak ez direnak, sistematizatzen eta aztertzen zailagoak dira. Eredu kognitiboaren arabera, halako bi prozesatze zentro badirela postula daiteke: bat kontrolatu samarra da, bestea ez hainbeste. Bigarrenak epe luzeko oroimenean metaturiko datuak sintetizatzen ditu, era ez-kontzientean, jatorrizko testuari aurre egitean, gainerako kanpo elementu eragileak lagun direla. Baina bi zentro, bi prozesagailu horiei "samar" adjektiboa ezarri behar diegu gura eta gura ez, itzultzean ezer ez baita erabat kontrolatua edo guztiz kontzientziaz kanpotikoa. Bestalde, prozesu bat arin-arina edo inkontzientea izateak itzulpen ahalegina berezkoa eta esfortzurik gabea dela lirudike, baina, bene-benetan, ezin da halakoa izan. Gauza da psikolinguistikak oso gutxi dakiela hiztun arruntak esaldi jakin bat eratzean edo sortzean darabiltzan estrategiez; eta, are gutxiago, itzultzaile jakin batenei buruz.

Itzultzeko prozesua bestela ere azter daiteke: arazoak ezagutu eta ebazteko prozesu moduan, erabakiak hartu eta estrategiak erabakitzeko jardunbide erara. Itzulpen arazoak ebazteak estrategiak eta teknikak erabili beharra dakar ezinbesteko bidaide, eta zertan esanik ez, erabaki behar noraezeko bat. Itzulpen teknikek eta estrategiek guztiz baldinpetzen dute emakaria, baina estrategia jakin bat edo besteren bat zergatik erabiltzen den enpirikoki ez dago oso ikertuta, eta mota honetako lanek argi apur bat egin dezakete, zuhur-hitzen aztergaia oso unibertso zedarritua denez gero. Noiz egiten dio aurre itzultzaileak itzulpen zailtasun edo arazo bati? Ikertzaile batzuek dioskutenez, bestela baitakoan, automatikoki, elementuak behin-behinekoz itzultzen ez dituen bakoitzean. Zein elementu diren arazotsu, jakina, itzultzaileen arabera aldatzen dira, baina kanpotik behatuta, erraz igartzekoak dira: etenaldiak, omisioak, zuzendu beharra, estrategia motaren batera jo beharra... Automatikotasunik ez hori beharkizuna da denboran halako urrun dagoen testu bateko atsotitzak garai bereko altxor idatzi ezagunik ez duen hizkuntza batez emateko unean. Bestela esanda: esakune zahar hauetako bakoitza ebazkizuntzat jo dezakegu, itzulpen arazotzat. Eta haietako bakoitzak barruko nahiz kanpoko estrategiak abian jartzeko eskatu dio Sarasolari (bilaketa dokumentalak -jatorrizko zentzua argitzeko eta euskarazko esaera bildumetan ordain ezagunak topatzekoak-, parafraseatzea, laguntza mnemoteknikoak, testuinguruan bestela txertatzea edo hura birmoldatzea...). Azterkizun dugun eremuan itzultzaile bakarra eta oso arazo mota jakina izateak ez dakar baitezpadako ondoriotzat ebatzi beharrekoaren eta estrategiaren artean harreman unibokoa izaterik: arazo mota beraren aurrean, hainbat estrategia erabili ditu Zelestinaren itzultzaileak.

Itzultzailearen erabaki bakoitzak eragina du alderdi globaletan (metodoren bat ala beste bat erabiltzea, lana planifikatzea...) nahiz itzulpen unitateen osagai makroegiturazkoekin eta mikroegiturazkoekin. Eta prozesuaren beraren ezaugarri ez-lineal eta elkarreragileen ondorioz, itzultzailearen gogoa, ezaguera, etengabe aldatuz doa, estrategiak erabiltzearen ondorioz (informazio zabalagoa eskura jarri eta arazoak konpontzen laguntzen dutenez gero) nahiz beste eragile batzuen eraginez (testuak emaniko argibide berriak, beste testu zatietan berez topatutako soluzioak edo proposamenak...): lehen itzulirikoak edo behin-behinekoz emanak nahiz itzuli gabe utzitako zatiak itzuli, zuzendu edo berridazteko asmoz atzera egitea dugu horren erakusgarririk nabarmenena. Bestaldetik, itzultzailea erabakiz doa, eta erabaki mota ezberdin horiek itzultzeko prozesuaren faseetan eragina izaten dute: elementu bat nola interpretatu, zein dokumentutan begiratu, nola birformulatu edukia (alegia, itzulpen teknika jakin bat...). Erabakitzeko gaitasuna eta horren tasunak itzultzaile adituaren ezaugarri nabarmen-nabarmenak dira: zenbat eta itzultzeko gaitasun handiagoa, orduan eta erabaki kopuru handiagoa eta erabaki ez-linguistiko gehiago. Itzultzailearen gaitasunak (ezagupenak, eskarmentua...), itzulpenaren helburuak, lan metodoak, itzulpen motak eta modalitateak arazo ezberdinak azalarazten dituzte eta oso bestelako estrategiak eskatzen. Gorago esan bezala, Zelestina testu kanonikoa Literatura Unibertsala bilduman XXI. mendean plazaratu beharrak estrategia berezi-bereziak behar zituen orokorrean (testuaren ahozkotasuna, lexiko eta egitura arkaikoak, poemak) testua egokiro eman ahal izateko eta, zertan esanik ez, atsotitzei gagozkiela. Itzultzailea beti bi ugazabaren morroia izaten bada, honako honetan nabarmenagoa da: jatorrizko testua itzaltsuetan itzaltsu-itzaltsua da, baina XXI. mendeko euskara zailduagoaren baliabideekin ordaindu behar da, ezinezkoa delako XV. mendeko euskara gaur egun erabiltzea sasiko emaitza lortzeke. Kontuan izan behar dugu, grafia zaharra gorabehera, hiztun erdaldunek ere ezin dutela testua ondo ulertu gaurko gaztelaniara itzuli ezik badute; bestela esanda, gaurko hiztunak itzulpen ariketa baten beharra du gaztelaniaz ulertuko badu. Beraz, egungo euskaratzaileak noraezeko du argitze eta esplizitatze ariketa bat egitea, ezinezkoa baitzaio, guztiz, XV. mendeko euskara erabiltzea (lekukotasun ugariagoak bagenitu ere, inoiz ez genekike garai hartakoek zelan esango zuten esaera zahar jakin hura, Euskal Herrian bertan ere gaztelaniaz ezaguna izan zitekeena). Baina beste horrenbeste jazoko zaio gaurko euskaldunari Refranes y sentencias bildumari ekiten badio -hau da, itzuli beharra-, honako honetan ere grafia gorabehera.

Itzultzailearen gaitasun estrategikoa erabakitzailea da itzulpen gaitasuna osatzen duten azpigaitasunen multzoan, okerrak zuzendu, beste azpigaitasunen hutsuneak konpondu eta abarrerako balio duelako.

Alor honetan gogora ekarri beharrekoak dira Touryren legeak, argi-argiak direlako langai dugun alorrean: Estandarizazio Hazkorraren Legea eta Interferentziaren Legea. Lehenengoaren arabera, itzultzean ezinbestekoa da "testemak" "errepertorema" bihurtzea; alegia, jatorrizko testuko osagai berezkoa edo espezifikoa errepertorio estandarizatuago baten arabera eman ohi dute itzultzaileek, gura eta gura ez. Bestela ere baderitzote horri: Konbertsioaren Legea, hau da, jatorrizko testuko testu harremanak sarri ere sarri itxuraldatu egiten dituzte itzultzaileek xede kulturak eskaintzen dituen aukera ohikoagoen alde. Jorra xede dugun alorrean ukaezina da aukera ezagunagoen aldeko hautu behartu hori, materialki ezinezkoa zaigu-eta XV. mendeko gramatika, hiztegia eta esaera bildumak (eta horiek besterik ez, hurrengo mendeetako ekarpenik gabe) erabiltzea. Azken batean, desanbiguazioa eta halako sinplifikazio handiago bat izaten da. Bigarren legeak dioenaren arabera, sorburu testuan osagai arruntak diren alderdiak xede testura transferitzeko joera gertatzen da. Interferentzia positiboa izan daiteke (itzulpena ez da desbideratzen xede hizkuntzan ekanduzkoa den erabileratik) ala negatiboa (itzulpena ohiko testuan arruntena den erabileratik desbideratzen da). Kontua da irakurleak ikusten ez duen arren, interferentzia beti izaten dela han, ezkutuago ala ageriago; hobeto jasan ohi dugu sorburu hizkuntza edo kultura ospe handikoa denean, areago xede kultura edo hizkuntza gutxitua delarik. Itzultzaileak bat ala bestea erabil dezake, baita biak batera ere (hau da, estandarizatzeaz gain, interferentziazko elementuak gehitu ditzake). Touryren arabera, xede hizkuntzako arauen aurka itzultzea larrutik ordaindu ohi du itzultzaileak, nahiz eta, urtea joan urtea etorri, arautik desbideraturiko itzulpen batzuek lege edo hizkuntza erabilera berriak sortu ohi dituzten xede hizkuntzan edo kulturan. Lege horiek, bestalde, txanpon beraren aldetzat jo daitezke, haietako bat sorburu hizkuntzari begira dagoela, besteak xede hizkuntzari edo kulturari begiratzen dio. Estandarizazioari dagokionez, zenbat eta periferikoagoa itzulpengintzaren estatusa, orduan eta areago egokituko da itzulpena eredu eta errepertorio ondo finkatuetara, estandarizatuagoetara. Hau da, lege hori gizarteak baldintzatzen du. Eta ukaezina da interferentzia ere faktore soziokulturalen araberakoa dela: zenbat eta estatus handiagoa izan sorburu testuak eta hizkuntzak, txikiagoa xede hizkuntzan normalizatzeko joera. Dena dela, itzultzaileak unitate bat itzultzean darabiltzan estrategiak ez dira asko ezberdintzen ezein hiztun arruntek komunikatzeko orduan mezua ematean aukeratzen dituen estrategietatik (bi-biak aldez edo moldez ulergaitz gertatzeko arriskuan egoten dira). Estandarizazioaren eta interferentziaren uren artean igeri egin behar izaten du itzultzaileak, eta biek ere biek busti egiten dute, noraezean.

Itzulpen estrategien alorra berezi-berezia da, hainbat mailatakoa den aldetik. Batetik, kontuan izan beharra dago badirela hainbat motatako estrategiak. Hara hor testu mota bakoitzari ekiteko orduan erabiltzen direnak, jatorrizko testua ulertzekoak: diskurtso mota bereiztekoak, testuaren egitura identifikatzekoak, informazioaren edo edukiaren progresioa eta kateamendua argitzekoak, ideia edo kontzeptu nagusiak eta bigarren mailakoak bereiztekoak... Alegia, jatorrizko testuan bertan garatzen diren estrategiak. Jatorrizkoa xede hizkuntzan berridazteko orduan, ordea, beste estrategia batzuk abiarazten ditu itzultzaileak: adierazpen mota aukeratzea, jatorrizkoaren ezaugarrietara egokitzekoak, xede hizkuntzako igorlearen eginkizunari eustekoak, sorburukoaren egilearen alter ego izatekoak, testuan naturaltasuna bilatzekoak, parafraseatzeko estrategiak, itzulitako unitateak berridazteko estrategiak, lagun aizunak ezagutu eta alde batera uztekoak... Bigarren sail honetako estrategien paraleloan, dokumentatzearekin zerikusia dutenak genituzke: informazioa hainbat euskarritan bilatzea, testu paraleloak erabiltzea, inferentziak egitea, bilaketak antolatzeko estrategiak, memorizatzekoak, testua irudikatzeko estrategiak... Dena dela, lanabes horiek guztiak ez dira maila berean mamitzen. Batzuk globalak dira, ia testu osoarekin daude-eta harremanetan. Beste mota batekoak lokalagoak dira, unitate mota jakin edo prozesuaren alderdi zehatz batekin erlazionaturik daudenez gero (honako honetan legez, esaera zaharrei heltzeko orduan teknika eta estrategia bat baino gehiago antolatu beharrean egon da- eta Sarasola). Azken buruan, itzulpen arazo batzuk makroarazoak dira; beste batzuk, berriz, mikroarazo, azken buruan, ez-lineala eta elkarreragilea den jardunbide baten aurrean gara. Bestalde, eta Pelloren egia dirudien arren, ez dugu ahaztu behar balitekeela itzultzaile bakoitzak bere teknika eta estrategiak erabiltzea arazo baten aurrean, eta horiek guztiak erabat ezberdin gertatzea elkarrengandik. Arazo beraren aurrean, estrategiak aldatu egiten dira subjektuaren beharrizanen arabera. Estrategien alor honetan, sail berezi bat dugu itzulpen prozesuaren eraginkortasuna eta behin-behineko emaitzak hobetzeko estrategiena: itzulpena berrikustea, zuzentzea, ezin askatuzko korapiloak atzeratu eta amaieran ebazteko estrategiak, jatorrizkoa eta itzulia alderatzekoak...

Gauza ageria denez gero itzulpen arazoen eta estrategien artean oso zuzeneko lokarriak direla, arazoak ebaztearen faseak, gutxi gorabehera, honela zerrenda ditzakegu: a) arazoari antzematea (itzulpen arazo berezirik ikusten ez badu itzultzaileak, ez du teknika edo estrategia berezirik abian jarriko), b) arazoa definitu eta irudikatzea, c) ebazteko estrategia aukeratzea, d) estrategia aplikatu ahal izateko informazioa antolatzea, e) baliabideak erabiltzea, f) prozesua bera gauzatzea eta g) konponbidea ebaluatzea, azken urrats horretatik, beharbada, berriro ere hasi beharra izango baita, konponbidea egokia izan ez bada.

1596. urteko euskarazko Refranes y sentencias esaera zaharren bilduma aztertzeko edizio kiritikoan Joseba Lakarrak dioenez, XV. mendearen amaierako espainierazko literaturan esaera zaharrak erabiltzeko joera askozaz ere errotuago zegoen literatura frantsesean edo italiarrean baino. Euskal literatura zaharraren lekukotasun gutxi heldu zaigula gauza ezagun-ezaguna da; dena dela, euskaraz ere atsotitzen inguruko kezkaren bat bazela uste izateko bidea badugu, Zelestina eta aipatu bilduma mendekideak diren aldetik. Jakina, ezin zedarri dezakegu esamoldeen garrantzia euskal literaturan (ahozko literaturan eta lirikan muntadunak zirela uste izateko harroina dugun arren); halere, XX. mendean bertan euskalarien azterkizunik gogoenetako bat izan dira (Mokoroa, Gotzon Garate, Kaltzakorta, Labayru institutua, Urkizu...). Azterlan honi dagokionez, ezinago egoki dugu horrelako bilduma bat eskura izatea, aipatu dugun denborazko hurbiltasun horren ondorioz oso bide emankorra ematen baitu bilduman zerrendaturikoen morfojoskera itzultzaileak XXI. mendean aukeratu dituen soluzio morfosintaktikoekin erkatzeko. Euskarazkoen bildumarik ospetsuena Oihenartena dugu, XVI. mendekoa. Lakarrarren arabera, errefrau bildumak "16. mendearen akabuko eta 17. mendearen hasierako literatur molde" nagusietakoak ditugu mende-erdi oso batean eta ia lurralde letradun guztietan. Axularrek "erran komunak" oso langai berebizikotzat zituen. Garai horretatik aurrera euskal hiztegigileek paratutako lanetan oso zama agerikoa izan dute atsotitzek, alegia, paremiologiak. Beraz, Zelestinako erran komunak ordaintzeko estrategiak antolatzean, ezinbestekoa izan du Joxe Antonio Sarasolak esaera zaharren bildumetara jotzea, eta berberak aitortu bezala, batez ere Gotzon Garatek bildutakoetara jo du. Soil-soilik eskuartean erabili izan dituen materialen artean jatorrizkoak emateko euskal tradizioko ordain egokirik topatu ez duenean jo du berberak ordainak asmatzera.

Paremiologia konparatuak erakusten duenez, kultura jakin bateko gizakiek haien bizi eskarmentua bildu eta irakaskizun geroko belaunaldiei esaera zaharren bidez ondaretzat uzteko jardunbidean inguraturiko errepertorioak, aldez edo moldez, komunak dira, edukien aldetik, ezen ez formaz, geografiaren edo historiaren ikuspegitik elkarrengandik urrun diren herrien artean. Zertan esanik ez dago, hurbiltasun geografiko eta historikoa partekatzen dituzten hizkuntzen artean errazago gerta daiteke eduki aldetiko kidetasuna gertatzea. Kultura batetik bestera hizkuntz unitateak itzultzean sor daitezkeen arazoetako batzuk errazago gaindi daitezke hitzen mailatik atsotitzaren mailara igarotzean. Larregizkoa izan liteke errefrau bildumak goitik behera itzulgarriak direla adieraztea, baina ez da gehiegikeria esatea erran zaharrik ezagunenak komunak direla hizkuntza askotan, formaz zein edukiz. Errefrauen eta esaeren artean bereizten dute aditu batzuek: errefrauak erraz igarotzen dira hizkuntzatik hizkuntzara; esaerak, ordea, ez. Dena dela, zer da Zelestinan agertzen den "las paredes han oídos" esaldia? Egileak berak "como dicen" esamoldeaz aurkezten du, hau da, XV. mendean irakurleek edo hiztunek sano ezaguna zutela iradokitzen digu. Beharbada esaera besterik ez bide zen sorburuko lekuan eta garaian; gaur egun, ordea, atsotitz bihurtuta dago hainbat berbetatan. Hizkuntzatik hizkuntzarako esportazio-inportazio horien lekuko izaten da hizkuntza horietako batean elkarren antzekoak diren esamoldeak beste hizkuntzaren batean ere biak agertzea; esate baterako, arestian aipaturiko "No es oro quanto reluze: Ez dauka zertan urrea izan distiratzen duen guztiak", "No es todo oro quanto amarillo reluze: Ez eta urre ere distiratzen duten gauza hori guztiak". Lerratze linguistiko horietan beste gertaera jakingarri bat izaten da: errefrau batzuk errimatuak izatea. Eta lantzean behin, errima moduren bati eutsi ohi diete batetik bestera igarotzean: "A dineros pagados, brazos e piernas quebrados: Kobratu arte larri, kobratutakoan nagi". Ageri-agerikoa da errimak lagundu egiten duela bai atsotitza beregain bihurtzen, bai eta oroimenean gordetzen. Eta bi ezaugarri horiek oso arruntak dira mundu zabaleko ahozko literaturetan. Jakina, bilakatze hori ez da berez agitzen beti, alegia, errimei ez diete beti-beti eusten. Bai, berriz, esaerek diskurtsoan duten autonomia mailari. Batzuetan, lexiko aldetik antzekotasunak izaten dira hizkuntzen artean (ez bakarrik eskuartean darabiltzagun hauei gagozkiela), adibidez: "¿Adónde yrá el buey que no are?: Nora joango da idia goldera ez bada?"; edo gaztelaniazko "Aunque la mona se vista de seda", latinezkoak eta alemanezkoak ere animalia bera aipatzen baitute (euskaraz ere badu bertsiorik: "Ziminioa xapeletan ere zimino"). Guztiarekin ere, idatzizko lekukotasunik zaharrenean ere atsotitz moduan agertzen denerako, zilegi dakiguke pentsatzea esamoldea dena delako berbetan sustraitu samar dagoela. Dena dela, itaun nagusiak erantzuteke dirau: kalko linguistiko hutsen aurrean gaude? Ezin behar bezala erantzun, baina bada atsotitz bat, Zelestinan ere jasoa, jatorri ezagun-ezagunekoa eta hainbat hizkuntzatan agertzen dena, eta itzulpenak halakoetan jokatu ohi duen eginkizuna ondo agerian hartzen du: "Enara batek ez du egiten uda": "Una golondrina no hace verano", "Eine Schwalbe macht noch keinen Sommer", "Une hirondelle no fait pas le printemps", "One swallow does not make a summer", "Eene zwaluw maakt jeen zorner", "Ein Swala jör ingen Sommar"... Aristotelesengandik letorke, Nikomakorentzako etika lanetik, Esoporen bitartez Europako hizkuntzetara heldua. Azken honi dagokionez, ia aldaketarik barik igaro dela egiaztatzen da. Beste zenbaitetan, aldatuz joaten dira, Eszipionen "Hosti non solum dandam esse viam ad fugiendum, sed etiam muniendam" esaera "A enemigo que huye, puente de plata" bihurtu zen gaztelaniaz; ingelesez eta alemanez, ordea, "urrezko zubia" aipatzen dute. Euskaraz zubia kandela egin zigun baten batek: "Arerioari sarritan kandela bigaz argi egin behar zaio". Zenbait atsotitzen gainean uste sendoa izan dezakegu, batzuk itzultzaile bakar batek eginiko bertsioaren bidez heltzen diren arren herri xeheak barreiatu eta gorde (ala ahaztu) ohi dituela, Bibliaren bidez munduan zehar hizkuntza kristautu gehienetan jazo legetxe, esaera erlijioso ugariak ere bere egin ditu-eta hiztun xeheak, entzunaren eta sinestearen poderioz.

Adituek Zelestinan sakon ere sakon azterturiko alorra dugu erran zaharrena: neurketak egin izan dituzte, kapituluko eta 100 lerroko zenbat agertzen diren argitu nahian. XIII. kapitulutik aurrera gutxiago izatetik abiatzen dira ikerlari batzuk esateko tragikomediak egile bat baino gehiago izan zituela. Kontua da, dena dela, ekitaldien artean ezberdintasun handiak direla luzera aldetik; beraz, alderaketa matematiko horrek argi apur bat egin arren, kontuz erabili beharrekoa da, askozaz ere egokiagoa baitirudi lerroen araberako neurketa, kapitulu mugak alde batera utzita. Euskarazko itzulpenean ere argi ikusten denez, zenbait zatitan 100 lerroko ia 8 esaera zahar agertzen dira. Eta kontuan izan beharrekoa da gutxi gorabehera 444 eta 446 atsotitz "kanoniko" edo onarturen gainean berba egiten dugula.

Toury berriro ekarri behar dugu akordura, egileak operazionaltzat definituriko arauetara, hain suertez, itzuli ahala hartzen diren erabakietara. Arau horien artean matrizialak daude (xede hizkuntzan sorburu hizkuntzako materiala ordezkatzeko dagoen materiala antolatzekoak, material horrek testuan duen posizioa eta testu segmentazioa gobernatzen dituztenak) eta linguistiko-testualak (xede testua formulatu edo jatorrizkoa ordezkatzeko materiala aukeratzerekin erlazionatuak). Zertan aipaturik ez dago, alderdi lingustiko-testualak interesatzen zaizkigu gehienbat esaera zahar hauei emandako soluzioak aztertzerakoan, baina alderdi matrizialak ere izan behar ditugu ondo begien aurrean, esaera zahar guztiak ez dituelako unitate edo segmentu beregaintzat jo Sarasolak (oso gutxi badira ere).

Exotikotasunera jo beharrean, naturalizazioaren alde egin du itzultzaileak orokorrean; alegia, hizketa estandarizatu samarra erabili du, sintaxia ere naturala -kontuan izanda haietako batzuek berezko dutela sintaxi era behartu samar bat, poesiatik hurbil daudenez gero-, gaztelaniazko hitz gutxi, kalko larregirik ez -erabiliriko ordain estandarizatu horietako batzuk kalko zaharrak ote diren argitzea oso bestelako auzia da-, euskarazko oraingo usadioaren araberako puntuazioa eta euskaraz garai honetan ohikoa den esaldi zatikatzea.

Zelestinan agertzen diren zenbait atsotitz eta esamolderen itzulpenak

Gaztelaniazko osagai nagusiaren arabera, alfabeto hurrenkeran emanda doaz. Oinarritzat Clasicos Castellanos bildumarako Julio Cejador y Fraucak 1913ko argitalpenerako egindako edizioan agertzen den zerrenda erabili dugu, nahiz eta bizpahiru esamolde kendu beharra izan den, ezin izan ditugulako aurkitu eskuartean erabili dugun Zelestinaren gaztelaniazko bertsioan (itzultzaileak erabili zuena da, Crítica argitaletxekoa).

Orokorrean, eta zerrenda kanoniko horretako atsotitzei dagokienez, ondorioztatu beharra dago, orokorrean, esaera zahar edo esamolde mailako osagai gehienei ondo samar antzeman die itzultzaileak, baita zenbaitetan euskaraz maila bereko osagai linguistikoz ordaindu ere, alegia, euskal errepertorioetako esaera zaharrekin. Beste batzuk, ordea, esamolde unitatetzat antzeman arren, ez ditu atsotitzen mailako ordainekin ordezkatu. Azkenik, bat edo beste ez du esaera zahar beregaintzat ezagutu, eta osagai linguistiko arruntagoen trataera bera jaso dute (egokitasuna egokitasun). Nolanahi ere den, ekialdeko euskal irakurleei eta gaztelania arkaiko hori hain ondo menderatzen ez duten mendebaldeko euskaldun batzuei ere, Sarasolak emandako ordainek argi egokia egin diezaiekete Zelestinari heltzeko orduan, mendebaldeko nahiz ekialdeko euskalkietatik edan baitu.

El abad de do canta de allí viste:
Abadea ere aldaretik abesten du eta aldaretik janzten da.

Quien mucho abarca poco suele apretar:
Sobera hartzen duenak gaizki tinkatzen baitu.

Un solo acto no haze hábito:
Egintza bakar batek ez du egiten ohitura.

Poco sabes de achaque de yglesia:
Zer dakizu zuk zigorrei buruz (...).

En achaque de trama, etc.:
Hementxe pasadizoan egokitu naizenez, etxean al da andrea?, etab.

No digo yo que adevinas?:
Esan ez dut igarlea dela?

El duro adversario entibia las yras e sañas:
Arerio gogorrak beretu egiten ditu haserreak eta amorruak.

Coger agua en cesto:
Ura saskian hartu nahi izatea bezala da.

Meter aguja y sacar reja:
Ez baituzu pausorik ematen etekina ateratzeko ez bada.

El axuar de la frontera:
Soldaduak gerrara eraman ohi dituenak.

Más mal hay que suena:
Ba ez dut oraindik dena esan.

Una alma sola ni canta ni llora:
Arima bakar batek ez du ez kantatzen ez negar egiten.

Conciértame essos amigos:
Ezinezkoa guk elkarrekin ongi eramatea.

El cierto amigo en la cosa incierta se conosce, en las adversidades se prueva:
Lagun onena egoera txarrenetan ezagutzen da, zorigaitzetan frogatzen da.

Más vale ser buena amiga que mala casada:
Hobe baita lagun ona izatea ezen ez emazte txarra.

El amor no admite sino solo amor por paga:
Maitasunak ez du onartzen beste ordainik, ezpada maitasuna.

Pero el amor nunca se paga sino con puro amor:
Baina maitasuna ez da sekula ordaintzen maitasunaz baizik.

El amor impervio todas las cosas vence:
Amodio iritsi ezinak gauza guztiak garaitzen baititu.

¡Andar!, ¡passe!:
Zer egingo zaio!

Sacar aradores a pala e açadón:
Sarna zigarrak aitzurrarekin erauzi nahi izatea bezain zentzugabea dena.

Quien a buen árbol se arrima:
Arbola onera hurbiltzen dena...

Do vino el asno verná el albarda:
Astoa datorren lekura etorriko d(el)a arbalda ere.

No ay lugar tan alto que vn asno cargado de oro no le suba:
Ez da munduan gailurrik urrez zamaturiko asto bat igoko ez denik.

Xo que te estriego asna coxa (mas hauias de madrugar):
So, asto herrena, hi baino azkarragoa behar dik ni harrapatzeko.

A la segunda azadonada saco agua:
Bigarren aitzurkadan ura atera.

Deuemos echar nuestras baruas en remojo:
Garaia dugu geure bizarrak beratzen jartzeko.

Uno piensa el vayo e otro el que lo ensilla:
Gauza bat pentsatzen du zaldiak eta beste bat hura zelatzen duenak.

Quien bien quiere a Beltran, a todas sus cosas ama:
Ongi nahi dionak nagusiari ongi nahi dio haren txakurrari.

Quien menos procura, alcança más bien:
Gutxien saiatzen denak, harexek ateratzen du etekin handiena.

Dile que cierre la boca e comience abrir la bolsa:
Esaiozu behingoz ahoa itxi eta hasteko poltsa zabaltzen.

Cada bohonero alaba sus agujas:
Kinkilari bakoitzak bere merkantzia goresten du(ela).

Dígole que se vaya y abáxasse las bragas:
Nik alde egiteko esan eta besteak kuleroak erantzi.

¿Adónde yrá el buey que no are?:
 Nora joango da idia goldera ez bada?

A cabo de un año, tarde e con mal:
Urtean behin etortzen zara eta orduan ere arrazoi txarra besterik ez duzu ekartzen!

A cada cabo ay tres leguas de mal quebranto:
Bide tartetxo eroso bakoitzeko eragozpen eta zailtasunez beteriko hiru legoa egoten dira.

Al cabo estoy:
Ulertu dut. Jakitun nago.

El que está en muchos cabos, está en ninguno:
Leku askotan dagoena, inon ere ez dago.

Tomar calças de Villadiego:
Ihesari eman.

Cada camino descubre sus dañosos e hondos barrancos:
Bide bakoitzak aurkezten ditu bere amildegi galgarri eta sakonak.

Capa de pecadores:
Bekatarien estalkia.

Rinieron sobre la capa del justo:
Liskarra sortu.

En casa llena presto se adereça cena:
Etxe aberatsean erraz hornitzen da mahaia.

Nunca tú harás casa con sobrado:
Horrela ez duzu etxeko ganbara hornituko.

Poneldos en vn palo, tambien dires que es gentil:
Jantzi iezazkiozu (jantziak) hesola bati, eta hura ere "liraina" dela esango duzu!

No terná cera en el oydo:
Ezer gabe utzi.

Por demás es la cítola en el molino:
Alferrik ibiliko dira zapatak urratzen.

Un clavo con otro se espele e un dolor con otro:
Iltze bat beste iltze batekin ateratzen den bezalaxe, oinaze bat ere beste batekin ezabatzen da.

Entre col e col lechuga:
Aza eta azaren artean letxuga.

Mal me quieren mis comadres, etc.:
Eta dena egiak esateagatik!

Tresquílanme en concejo e no lo saben en mi casa:
Jendaurrean iraindu naute eta etxean ez dakite ezer.

Toda comparación es odiosa:
Konparazio oro gorrotagarria da.

A los flacos coraçones el dolor los arguye:
Zeren ezbeharrean nabarmentzen baitira bihotz ahulak.

Quien me vido e quien me vee agora, no sé cómo no quiebra su coraçón de dolor:
Ai nork ikusi ninduen orduan eta nork ikusten nauen orain! Ez dakit nolaz ez zaidan atsekabez bihotza lehertzen.

Corderica mansa mama su madre e la ajena:
Bere amagandik ez ezik, besterenagandik ere edoskitzen duen arkumetxo mantsoak bezala.

Tan presto se va el cordero como el carnero:
Aharia bezain azkar, andrea, joaten da arkumea.

De ninguna cosa es alegre possesión sin compañía:
Ezeren jabetza ez baita pozgarri konpainiarik ezean.

Ni ay cosa tan provechosa, que en llegando aproveche:
Gauzarik probetxugarrienak ere bere denbora behar du probetxurik egingo badu.

De cossario a cossario no se pierden sino los barriles:
Orgazain batetik bestera gehienez ere ontzi hutsak galtzen dira.

Nunca mucho costó poco:
Sekula ez zen asko lortu gutxiren truke.

Múdanse costumbres con la mudança del cabello e variación:
Ilea aldatzen denean aldatzen dira ohiturak.

Mudar costumbre es a par de muerte, e piedra mouediza que nunca moho la cobija:
Usadioak aldatzea hiltzea bezala da, eta dabilen harria ez duela sekula goroldioak babesten.

Que me tresquilen a mi a cruzes (ilea zabarki moztea):
Jo nazala zeruko tximistak.

Crié cueruo que me sacasse el ojo:
Hazi nuen belea eta begia erauzi zidan.

Questión de Sant Juan, paz para todo el año:
San Joanetako borroka (...) urte guztirako bakea.

Ninguno da lo que no tiene:
Inork ezin eman ez daukanik.

La presta dádiva su efeto ha doblado:
Opari goiztiarrak bikoiztu egin du bere efektua.

No quiero en este mundo sino día e victo e parte en parayso:
Ez dut eskatzen mundu honetan egunean egunekoa eta paradisuaren zati bat besterik.

Los días no se van en balde:
Egunak ez direla alferrik igarotzen.

Vale más un día del hombre discreto, que toda la vida del nescio:
Gehiago balio duela pertsona zuhurraren egun bakar batek zentzugabe eta inozoaren bizitza osoak baino.

Oyrá el diablo:
Entzun horrek?

Vaya el diablo para ruyn:
Eta hor konpon Mari-Anton!

A dineros pagados, brazos e piernas quebrados:
Kobratu arte larri, kobratutakoan nagi.

Sobre dinero no ay amistad:
Diru kontuetan ez dago balio duen adiskidetasunik.

Todo lo puede el dinero:
Dena dezake diruak.

Quando Dios quería:
Hark ere bazekien batzuetan horrela hitz egiten.

Da Dios havas a quien no tiene quixadas:
Jainkoak galtzak ematen dizkio ipurdirik ez daukanari.

De Dios en ayuso:
Jainkoak sortu bazuen ere.

Dios os salve (amen batean jotako sastakadaren ebakiondoa):
Jainkoak salba zaitzala.

Dios te diesse buena manderecha con tu amo:
Jainkoa lagun, zure ugazabarekin fortuna onik izaten banuen.

Mas vale a quien dios ayuda etc.:
Hobe da Jainkoak laguntzen diona..., etab.

Dos a dos:
Binaka.

De los enemigos los menos:
Etsaiak, zenbat eta gutxiago hobe!

Quien engaña al engañador:
Asko badaki azeriak, gehiago hura harrapatzen duenak.

A buen entendedor...:
Ulertzaile onari...

Quien yerra e se enmienda etc.:
Bekatu egin ondoren onbideratzen dena, etab.

No quiero arrendar tus esgamoches:
Ez nuke bizi nahi zure soberakinetatik.

Ya tienes tu escudilla:
Zeuk ere baduzu zeure anoa.

Jamas al esfuerzo desayudo la fortuna:
Fortunak ez dio sekula bere laguntza ukatzen kemenari.

Ofrescer mucho al que poco pide es especie de negar:
Zeren esaten baita ukatzea bezala dela gutxi eskatzen duenari asko eskaintzea.

La esperiencia e escarmiento haze los hombres arteros:
Esperientziak eta eskarmentuak egiten ditu gizonak maltzur.

Estremo es creer a todos e yerro no creer a ninguno:
Gehiegikeria da denei sinestea, baina okerra da, halaber, inori ez sinestea ere.

Dize cada uno de la feria segund le va en ella:
Ikusten dut bai gauzak irten zaizkizun eraren arabera hitz egiten duzula feriaz.

Quanto mayor es la fortuna, tanto es menos segura:
Zeren zenbat eta handiagoa izan fortuna orduan eta arriskutsuagoa baita.

La fortuna ayuda a los osados:
Fortunak ausartei laguntzen die.

Al le sueno, al freyr lo vera:
Laster igarriko dio zer nahi dudan, laster igarriko dionez.

Mucha fuerça tiene el amor:
Ahaltsua da maitasuna.

Biva la gallina con su pepita:
Bizi dadila oiloa bere pipitarekin.

No le arriendo la ganancia:
Ez du nahi duena lortuko.

Una golondrina no haze verano:
Enara batek ez du egiten uda.

Un solo golpe no derriba un roble:
Aizkorakada bakar batek ez du botatzen haritza.

Continua gotera horaca una piedra:
Etengabeko tantakak harria zulatzen.

Nuestro gozo en el pozo:
Gure poza putzuan.

El gusto dañado, muchas veces juzga por dulce lo amargo:
Dastamena galdua daukanak askotan gozo irizten dio garratzari.

Cargado de hierro e cargado de miedo:
Burdinaz kargaturik eta beldurrez kargaturik.

Con lo que sana el hígado enferma la bolsa:
Gibela sendatzen duenak diru zorroa hondatzen du.

Tenemos hijo o hija:
Esadazu zer dugun, kale ala bale.

Al hilo de la gente:
Denak dabiltzan bidetik joatea izango dut onena.

Nunca mas perro a molino:
Sekula ez gehiago txakurra errotara!

Que te hizo alcalde mengua de hombres buenos:
(Esango dute) Gizon presturik ez zegoelako egin zintuztela alkate.

Al hombre vergonçoso el diablo le traxo a palacio:
Gizon lotsatia deabruak jauregira eraman baitzuen.

De los hombres es errar e bestial es la porfía:
Gizonarena da okerra egitea, animaliarena okerrean tematzea.

El hombre apercebido, medio combatido:
Gizon zuhurrak irabazia dauka batailaren erdia.

Honrra sin prouecho, anillo en el dedo:
Zeren ohoreak probetxu gabe ez baitu balio eraztunak behatzean baino gehiago.

Honra y provecho no caben en un saco:
Eta bi gauza horiek (ohorea eta probetxua) zaku berean ezin sar daitezkeenez.

Viuiendo con el conde, que no matase el hombre:
Kondearekin biziz ez gizonik hiltzeko.

Si con el furto soy tomada:
Lapurretan harrapatzen banaute (...).

Vaya e venga:
Joan eta etorri ibili.

Las yras de los amigos siempre suelen ser reintegración del amor:
Lagunen arteko haserreak onginahiaren bezpera izaten baitira.

No paguen justos por pecadores:
Ez bezate ordain zuzenek bekatarien ordez.

Madre pues tres vezes dizen que es bueno e honesto (beber): todos los que escriuieron:
Baina, ama, ez al dute esaten hiru zurrutada dela ona eta egokia, horri buruz idatzi duten guztiek.

Lágrimas e sospiros mucho desenconan el coraçón dolorido:
Malkoek eta zizpuruek asko gozatzen baitute bihotz minberatua.

Ir por lana y volver trasquilado:
Nik astinduko dizkizuet hautsak!

El lobo es en la conseja:
Otsoa aipatu eta otsoa atean.

De los locos es estimar a todos los otros de su calidad:
Eroarena da gainerako guztiak bere enda berekoak direla uste izatea.

El loco por la pena es cuerdo:
Eroxka samarra da baina zigorrak zentzaraziko du.

O es loco o priuado:
Edo eroren bat da edo lagun minen bat.

Si la locura fuesse dolores, en cada casa auría bozes:
Erokeria mingarria balitz, etxe guztietan entzungo lirateke garrasiak.

Llegar e recabdar:
Iritsi besterik ez eta saria jaso.

Por mucho madrugar, no amanece más ayna:
Hobe da Jainkoa alde edukitzea oso goiz jaikitzea baino.

Con mal está el huso, quando la barva no anda de suso:
Gaizki dabil gorua, gainean bizarrik ez badauka, iruteko.

Mal ageno de pelo cuelga:
Inoren gaitzak azkar ahazten.

Buenas son mangas passada la pasqua:
Hobe berandu inoiz ez baino.

Un manjar solo continuo presto pone hastío:
Jakirik finenak ere, aldatu ezean, gogaitu egiten du azkenean.

Está en manos el pandero que lo sabrá bien tañer:
Ongi jotzen dakienaren eskuetan dago eta panderoa.

Quien las sabe las tane:
Gehiago daki deabruak zaharra delako.

Es más cierto médico el esperimentado que el letrado:
Seguruagoa da esperientzia duen medikua liburuetatik asko ikasitakoa baino.

De los discretos mensajeros es hazer lo que el tiempo quiere:
Mezulari zuhurrak jakiten du une oro zer egin behar den.

A mesa puesta con tus manos lauadas e poca vergüença:
Etorri baino ez eta mahaira lotsa gutxirekin!

Vale más una migaja de pan con paz, que toda la casa llena de viandas con renzilla:
Hobe dela ogi apur bat bakean, ezen ez etxe guztia janariz betea baina bakerik gabe.

Mocedad ociosa acarrea la vejez arrepentida e trabajosa:
Gaztaro nagiak zahartzaro damutu eta lanpetua baitakar.

Del monte sale con que se arde:
Basoak sortzen du basoa erretzeko gaia.

Mueran e biuamos:
Hilak lurpera eta biziak asera.

Mientras más moros, más ganancia:
Zenbat eta mairu gehiago bahiturik orduan eta irabazi handiagoak.

El moço del escudero gallego ("El mozo del escudero gallego que andaba todo el año descalzo, y por un dia queria matar al zapatero" (porque no le acababa aquel dia los zapatos):
Galiziar ezkutariaren morroia.

A muertos e a ydos:
Hildakoak lurpera eta....

Los muertos abren los ojos de los que biuen:
Hildakoek bizi direnei begiak zabaltzen.

Prouerbio es antigo: que quando al mundo es o crece o descrece:
Esaera zaharra da mundu honetako gauza guztiak edo gehituz edo gutxituz joaten direla.

El mur que no sabe sino un horado:
Zulo bat besterik ez dakien sagua.

A nuevo negocio nuevo consejo:
Eginkizuna aldatzean erabakiak ere aldatu egin behar dira.

De las obras dudo, quanto más de las palabras:
Ekintzez ere ez naiz ni gehiegi fidatzen eta are gutxiago hitzez.

Las obras hazen linaje:
Ekintzek egiten dute inor leinargi.

Ay ojos, que de lagaña se agradan:
Zenbait begirentzat makarrak ere eder.

No es oro quanto reluze:
Ez dauka zertan urrea izan distiratzen duen guztiak.

No es todo oro quanto amarillo reluze:
Ez eta urre ere distiratzen duten gauza hori guztiak.

Guay de quien en palacio envejece:
Errukarria jauregian zahartzen den morroia!

Comer el pan con corteza:
Ogia azal eta guzti jan.

Con su pan se lo coma:
Bere ogiarekin jan dezala.

No se le cueze el pan:
Ez dauka ezertarako sosegurik.

Pan e vino anda camino, que no moço garrido:
Gizonik ezean, ogia eta ardoa eta segi etsi-etsian.

Picar el pan en el puño:
Zure eskutik ogi apurrak jatea.

Adiós, paredes:
Agur, etxeko hormak!

Las paredes han oídos:
Hormek belarriak dauzkate.

Pequena causa desparte conformes amigos:
Huskeria bat nahikoa (izaten dela) benetako adiskideak etsaitzeko.

Ninguna humana passión es perpetua ni durable:
Giza sumindura oro iragankorra izaten baita.

No da paso seguro quien corre por el muro:
Ez du ematen pauso segururik hormaren kontra dabilen ibiltarik.

Mal pecado:
Zoritxarrez.

Quien peque e pague:
Egunero aurkituko duzu bekatu egiten duenik eta ordaintzen duenik.

Mucho va de Pedro a Pedro:
Anttonio ez da Antonio?

Aunque muda el pelo la raposa, su natural no despoja:
Azeriak bezala, ilajea aldatzen badu ere bere izaera ez du sekula aldatuko.

Hazientes e consintientes merecen ygual pena:
Okerra egiten dutenek eta hura eragozten ez dutenek zigor berdina merezi dute(la).

Perdido es quien tras perdido anda:
Galdua da galduaren atzetik dabilena.

A otro perro con ese huesso:
Beste txakur bati hezur horrekin.

A perro viejo no cuz cuz:
Zakur zaharrari kus-kus gutxi.

A tal perra vieja:
Ez ibiltzeko santuarena egiten ni bezalako txakur zahar batekin.

El perro del ortolano:
Ez izan baratzezainaren txakurra: ez berak jan eta ez jaten utzi.

Nunca más perro a molino:
Sekula ez gehiago txakurra errotara!

Si me quebré el pie, fue por mi bien:
Oina hautsi bazidaten, onerako izan zen, (orain lehen baino ospetsuago bainaiz).

Como piedras a tablado:
Harri zaparrada bezain ugari.

Piedra mouediza nunca moho la cobija:
Dabilen harria ez duela sekula goroldioak babesten.

El plazer no comunicado no es plazer:
Ezein oparotasunen jabetza ez d(el)a ona norekin partekatu eduki ezean.

Que me plaze:
Bai pozik ere.

De lo poco, poco; de lo mucho, nada:
Gutxitik gutxi; askotik ezer ez.

Buena pro haga las çapatas:
Osasunarekin urratu zapatatzar horiek!

El propósito muda el sabio:
Jakintsuarena da asmoz aldatzea.

A essotra puerta tan muerto es como mi abuelo:
Ez dago zer eginik! Gure aitona bezain akabatua dago.

Cuando una puerta se cierra, otra se abre:
Ate bat ixten denean beste bat zabaltzen (bait) du fortunak.

Si sabe mucho la raposa, más el que la toma:
Asko badaki azeriak, gehiago hura harrapatzen duenak.

Hacer raya en el agua:
Urean marra bat egin.

Hablando con reverencia:
Barkatu esateagatik.

A río buelto ganancia de pescadores:
Ibai nahasia arrantzaleentzako irabazia.

Nunca faltan rogadores para mitigar las penas:
Behin ere ez dira falta izaten erregutzaileak zigorrak arintzeko.

Quien sola una ropa tiene presto la envegece:
Soineko bat besterik ez daukanak laster maizten du.

Ande su rueda:
Jarrai dezala biraka.

Por demás es ruego a quien no puede haver misericordia:
Alferrik (bait) da errukirik ezin eduki duenari erreguka aritzea.

Más es el ruydo que las nuezes:
Beti izaten da hotsa gehiago intxaurrak baino.

Ruyn sea quien por ruyn se tiene:
Doilorra da bere burua doilortzat daukana.

La que las sabe las tañe:
Badakienak badaki.

Quien las sabe las tañe:
Gehiago daki deabruak zaharra delako, eta abar.

Al sabor y no al olor:
(Ikusten dut) ez zarela konformatzen negozio honen usainarekin eta zaporea ere dastatu nahi zenukeela.

Malo es esperar salud en muerte agena:
Nahiz eta txarra den inoren heriotzatik onura espero izatea.

A saluo está el que repica:
Seguru dago alarma jotzen duena.

Aquel va más sano que anda por llano:
Seguruagoa da bidea aldaparik gabea.

Dize el sano al doliente, Dios te dé salud:
Osasuntsuak gaixoari diotso, Jainkoak eman diezazula osasuna.

Serle ha sano:
Bere hobe beharrez.

Quitar a un sancto para poner en otro:
Santu bat janzteko beste bat biluztea.

Echa otra sardina, que otro ruin viene:
Falta zaigun gauza bakarra zalditegiko morroiarentzat ere norbait aurkitzea dela.

A quien dizes el secreto das tu libertad:
Sekretua esaten diozunari zeure askatasuna ematen diozu(lako).

Asaz es señal mortal no querer sanar:
Gaixotasun hilgarriaren seinale aski argia da sendatu nahi ez izatea.

Mala señal es de amor huyr e boluer la cara:
Amodio seinale eskasa da ihes egitea eta aurpegia bestaldera jiratzea.

Quien a otro sirue, no es libre:
Badakizu inoren morroi dena ez dela libre.

Si agora le diessen una lançada en el calcañar, que saliessen más sesos que de la cabeça!:
Orain bertan orpo hezurra hautsiko baliote muin gehiago irtengo litzaioke handik buruan daukana baino.

Irán allá la soga e el calderón:
Hala joango dira putzura uhoitza eta soka.

No quiebre la soga por lo mas delgado:
Ez dadila eten soka puntu ahulenetik.

Que de muy alto grandes caydas se dan:
Oso goitik izaten dir(el)a eroriko larrienak.

Quien torpemente sube a lo alto, más ayna cae que subió:
Gailurrera maltzurkeriaz igotzen dena hasieran zegoen baino ere beherago amiltzen da.

Al te sueño:
Laster igarriko dio zer nahi dudan.

Decir el sueño y la soltura:
Jakin beharreko guztiaren jakinaren gainean jarri.

Tablilla de mesón, que para sí no tiene abrigo y dale a todos:
Beleak zozoari ipurbeltz.

Quanto thesoro ay en Uenecia:
(Onura gehiago egingo dik kezkarik gabeko lo eder batek) Veneziako altxor guztiek baino.

Un testigo solo: no es entera fe:
Lekuko bakar bat ez da nahikoa gertaeraren fede emateko.

Por dios, dexemos enojo: e al tiempo el consejo:
Utz ditzagun geroko kontuak geroko; goza dezagun daukagunaz.

No se puede dezir sin tiempo fecho lo que en todo tiempo se puede fazer:
Ez dago esaterik berandu denik edozein ordutan egin daitekeen gauza baterako.

Quien tiempo tiene e mejor le espera, tiempo viene, que se arrepiente:
Aukera eduki eta geroko uzten duenari gero damutzeko ordua etortzen baitzaio.

Sin que las sienta la tierra:
Inortxo ere ohartu gabe.

Toman antes al mentiroso que al que coxquea:
Azkarrago harrapatzen baita gezurtia ezen ez herrena.

Todo aquello alegra, que con poco trabajo se gana:
Betiere pozgarria da neke gutxirekin irabazten dena.

A un traidor dos alevosos:
Traidore batentzat bi azpisuge.

Tres al mohíno:
Hiru elkar hartuta bakarraren aurka.

No se toman truchas, etc.:
Amuarrainak nahi dituenak, etab.

A tuerto o a derecho, nuestra casa hasta el techo:
Oker edo zuzen, etxean beti gizen.

Ser uña y carne:
Hezur eta jaki.

Más vale prevenir que ser preuenidos:
Hobe dugu heriotzari geuk aurre hartzea eta ez alderantziz.

Valiera más solo, que mal acompañado:
Hobeto nengoke bakarrik ezen ez konpainia txarrarekin.

A tres me parece que va la vencida:
Sagua harrapatzeko hiru salto egin behar katuak.

Si te vi, burleme:
Ikusi banauzu, har iezadazu kargu, bestela, ixo.

No me castigues, por dios, a mi vejez:
Ez nazazu zigortu, Jainkoarren, neure zahartzaroan.

La vieja, como yo, que alce sus haldas al passar del vado:
Zaharrak, ni bezalakoak, jaso ditzala gonak ubera zeharkatzeko.

Quando el vil está rico, no tiene pariente ni amigo:
Doilorrak, ordea, behin aberasten denean, ez dauka ez ahaiderik ez adiskiderik.

Vive comigo e busca quien te mantenga:
Bizi zaitez nirekin eta aurki ezazu mantenduko zaituen norbait.

Como de lo vivo a lo pintado:
Bizidunetik margotura.

Yerro es no creer e culpa creerlo todo:
Gehiegikeria da denei sinestea, baina okerra da, halaber, inori ez sinestea ere.

En vna hora no se gano Zamora:
Ez baitzen ordubetean irabazi Zamora.

BIBLIOGRAFIA

Hurtado Albir, Amparo, 2001, Traducción y Traductología. Crítica.
De Rojas, Fernando, 2000, La Celestina. Crítica. Editorea: J. Lobera eta beste batzuk.
De Rojas, Fernando, 1999, Tragicomedia de Calisto y Melibea: V centenario, 1499-1999, 3. alea (Floresta celestinesca), Reichenberger. Editorea: Fernando Cantalapiedra Erostarbe.
Lakarra, Joseba, 1996, Refranes y sentencias. Euskaltzaindia.
Marret, Constantin P. eta Estévez Díez, Cristina, "Los refranes: ¿Mero calco lingüístico? Una aportación a la paremiología comparada", Didáctica, 4, 113-120. Editorial Complutense. Madril. 1992.
Toury, Gideon, 2004, Los estudios descriptivos de traducción y más allá: metodología de la investigación en estudios de traducción. Cátedra.