Duela hamazazpi urteko itzulmoldeak Julio Cortázarren 'Hegoaldeko autopista'n
Artikulua PDFn.
Lau herroketako autobideak xede baino ez direnean, Deep Northern haren neguaren gutiziaz abiatu ninduan, eta xendra lohizuen buztin urak mirail xume nitialarik, hire itxura, hire irria, hire haserrea bilatzen nian hotzak erdiotu ezpainetan.
(Itxaro Borda: «Deep Northern Way»)
«Langintza xeheki» sail honetarako ea zerbait idatziko nuen proposatu zidatenean, pentsatu nuen onena zela behialako itzulpen bat hautatzea. Hasieran, Gatsby handiari begi eman nion, orotariko iruzkin handinahi bat egin nahirik: Fitzgerald-en estilo zilarginari erreparatu; ingelesezko esaldigintza miatu; polisistemen teoriari jarraituz, liburuaren harrera ikertu leku-denbora bakoitzean (ikus Ibarluzea, 2011); Jack Clayton-en filma landu, itzulpen intersemiotikoaren alderdiak lantzeko... Pentsatze hutsak kirioak airean jartzen zizkidan. Dendarik denda bila aritu ondoan, argitaletxera idatzi behar izan nuen ea alerik geratzen zen haien biltegian, eta, hara, amaitua zegoela erantzun zidan Xabier Olarrak adeitsu. Arnasa hartu nuen lasaiturik. Olarrak esan zidan liburua berrargitaratzeko asmotan zirela beharrezko aldaketak-eta eginda, urteak ez baitira alferrik joan. Editorearen erantzuna, jabetuko garenez, ez zen hutsala izan.
Horrenbestez, langai xerka hasi nintzen berriro; oraingoan, neurrizko testu bat aurkitu nahian, testugintza berariaz aztertzeko. Etxeko liburutegira jo, eta hantxe zegoen Julio Cortázarren Cuentos completos I turkesa keinuka trebeska. «Hegoaldeko autopista» ipuina etorri zitzaidan, bri-brau, burura. Duela hamabost bat urte irakurri nuen Ereinek argitaratutako Ipuin gogoangarriak antologian (euskaraz, beraz), eta handik urte batzuetara jatorrizko erdarazkoa. Inpresio bera eragin zidaten bi testuek —hala iruditzen zait orain, bederen—, itzulia eta jatorrizkoa ez bereizteko maneran. Hori bai, lehenbiziko irakurraldiaren harridurarik gabe, Juan Luis Zabalari ere gertatu bezala:
Estreinakoz jatorrizko hizkuntzan irakurri nuenean adinako harridurarik gabe egokitu zait ipuin honen euskarazko irakurketa, baina hala ere, Markuletaren itzulpena irakurri ahala, interesez ekarri ditut berriro gogora [...]. (Zabala, 1995)
Oroimenaren zuloak berdinduak zituen bi testuak, zedarri agerikorik gabe. Sentipen horrek eta Gerardo Markuletaren ofizio ezagunak gogatu ninduten, azkenean, itzulpen hori aukeratzera, jakituria-gose denaren gisan. Nork uko egingo, gainera, Cortázarren testua xehatzeko tirriari? Hegoaldeko autobidean galduko bagina ere, ez genuke leku hoberik aurkituko galbiderako.
Gerora ohartuko nintzenez, ordea, orduko irakurle hura ez da oraingo irakurle hau (gauza jakina da, baina), eta itzultzailea ere ez. Gerardo Markuletak bestera egingo luke gaur itzulpena; orduko itzultzaile onenen mailan aritu zen bezala, orain ere onenen pare jardungo litzateke. Horrek beharrezko patxada eman dit, ahoan legarrik ez dudala kontu egiteko itzulpenari, jakinik orduan izan zitekeen onena zela baina gaur egun hobetu litekeela. Ez dira alferrik hainbeste corpus, hiztegi, arau, artikulu eta lan ekoitzi urteotan guztiotan. Ez dugu alferrik eskura amaraunen amarauna, duela hamazazpi urte artean ez zena. Gu ez gara lehengoak, ezta lanbidea ere; ez horixe. Horrexegatik da eskertzekoa, eskertzekoa denez, EIZIEk «Literatura Unibertsal»eko lanak txukunduta berrargitaratzeko hartutako erabakia. Gurean, hizkuntza oraindik finkatzen ari baita, inon baino egia berdaderoagoa da harako esakune klasikoa: belaunaldi bakoitzak itzuli behar dituela berriro klasikoak.
Nolanahi ere, irakurle, ez iezaiezu behar baino gehiago galdatu orrialdeoi: testu-iruzkin xume bat baizik ez duzu aurkituko; iruzkin diakroniko bat, jakina. John Updike-ren kritikarako «hexalogo»ari jarraituz, gainera, adibide ugariz eta zabalez hornitu dugu azalpena, nork bere iritzia osa dezan.
2. Give enough direct quotation-at least one extended passage-of the book's prose so the review's reader can form his own impression, can get his own taste3. Confirm your description of the book with quotation from the book, if only phrase-long, rather than proceeding by fuzzy précis. (De Bellis, 2000: 329) .
Ahalegindu gara, orobat, nola edo hala sistematizatzen azterlana, testuaren ibilbideari eta sorkuntzatik harako alderdiei heldu gabe (sarrera gisa zenbait datu emango ditudan arren); ezinezkoa gertatu zaigu, ikusiko duzuenez. Alde batetik, Cortázarren prosaren estilo-osagaiak euskarazko testuan nola jaso diren ikusiko dugu, eta, bestetik, gaztelaniatik euskaratzean agertu ohi diren arazoak garanduko ditugu. Here we go.
Sarrera
Testua Todos los fuegos el fuego liburuan agertu zen lehenbizi, 1966an, «La señorita Cora» eta beste ipuin hauta batzuekin batera. Argentinarraren istorio-bildumarik onena da hori, aditu askoren iritzian.
Euskarazko itzulpena Erein argitaletxearen «Milabidai» bilduman karrikaratu zen lehen aldiz. Bilduma berezia izan zen hura, tamaina eta salneurri txikiko liburuek osatu baitzuten, Espainian Alianza argitaletxeak ateratako «Alianza 100» bildumaren plegukoa (100, liburuak ehun pezetan saltzen zirelako). Garai hartan, Elkarrek ere ezaugarri bertsuko «Enbido txikira» saila abiarazi zuen. Batak zein besteak ez zuten luze iraun, ordea.
Handik gutxira, Ereinek berriro argitaratu zuen ipuina, Ipuin gogoangarriak izeneko ipuin klasikoen antologia batean, koma bakar bat ere aldatu gabe itzulpenean. Bide batez, esan dezagun liburu horretan langai bikainak aurkituko lituzkeela edozein ikertzailek itzulpenen arteko konparantza-lana egiteko: Marcel Schwob-en «Paolo Ucello, pintore» ipuinaren Juan Garziaren bi itzulpenak (liburukoa eta Literatura Unibertsalekoa, zeinean pintorea margolari bilakatu baitzen); James Joyceren Dublindarrak laneko «Hodeitxo bat» ipuinaren Juan Mari Mendizabalen eta Irene Aldasororen itzulpenak (lehenbizikoarentzat, «Hodei txiki bat» zen)...
Gaur egun, zorigaitzez, ezin eskura daiteke edizio horien alerik, bigarren eskuko merkatuan ez bada, zeren duela zenbait urte uholde batek txikitu baitzuen argitaletxearen biltegia, eta, harekin batera, liburuon ale guztiak.
Testuaren sorburuan dago idazleak Italiako egunkari batean irakurritako albiste bat (hasierako aipuan ageri dena), telebista-saio bati eskainitako elkarrizketa batean aitortu zuenez. Ez da, beraz, norberaren bizikizunetan oinarritutako testua, Cortázar artean egon gabea baitzen horrelako auto-pilaketa batean, elkarrizketa berean zioenez. Testu aurreko aipua, hala, argigarri da, erabakigarri:
El antetexto marca bien la tesis que el propio Cortázar quiere fabular: el atasco en la autopista carece de historia externa, sólo puede ser medido en términos de su propia impresión y no dice ninguna otra cosa. A partir de este universo interno, autosuficiente, Cortázar va a fabular la constitución de una Historia fundacional, originaria, el mito simbólico de la sociedad como ordenación tribal, espejo de la nuestra. (Pozuelo, 1989: 180)
Ipuinaren interpretazioaz luze hitz egin da, baina, gure asmoa ez denez testuaren literatura-iruzkin zehatz bat egitea, aski izango dugu Hebe Monges argentinar irakasleak liburuaren edizio baterako apailatutako sarrera gisako hau:
«La autopista del Sur» es el símbolo de la vida misma; todo lo que sucede en esta situación aislada temporalmente del resto del mundo es lo que sucede en la vida: amor, amistad, enfermedad, muerte, solidaridad, aislamiento, acción, inercia y donde también todo está destinado a finalizar, a perderse, a acabar. (Cortázar, 1995: 133)
Liburuaren harreraz, esan dezagun Cortázarrek ipuina idatzi zuenerako ospe handia irabazia zuela gaztelaniazko literaturan (ordurako, Bestiario eta Rayuela argitaratuak zituen, kasurako). Gaur egun, irabazia du bere lekua ipuingintzako klasikoen artean. Horren erakusgarri dateke Alfaguara argitaletxeak, berriki, haren ipuin guztien bilduma prestatu duela, Faulkner, Sábato edo Scott Fitzgerald-enekin batera (Cortázar, 2010). Víctor Barrera mexikar idazleak asmatutako alfaguarizazio hitzak goia jotzen du kasu honetan; hitza erabilia da gaztelaniazko literatura-merkatuaren gorena eta, aldi berean, latinoamerikar argitaletxeen morrontza ia koloniala izendatzeko:
La «alfaguarización» ha creado un nuevo horizonte de expectativas, sobre todo a los lectores jóvenes, que han accedido (y asociado) a nuestro canon con esta nueva industria editorial; la relación es inevitable. Para los noveles lectores, por ejemplo, Cortázar es una estrella más del catálogo de Alfaguara; obviamente, hay una doble lectura en esto, tanto negativa como positiva, pues su simple difusión es ya un beneficio. (Barrera, 2008)
Euskaraz, ordea, Cortázarren ipuinak euskaratzerako, ohartuak ginen klasiko baten aurrean geundela, eta halaxe argitaratu dira haren lanak: «Literatura Unibertsala» bilduman (Oktaedroa, Ibaizabal), kontakizun laburren bilduma batean (Ipuin gogoangarriak, Erein) edo antologia pertsonal batean (Antologia apetatsua, Txalaparta).
Cortázarren estiloaren gakoak
Periodo luzeko esaldiz osatua dago testua, ia kontzientziaren jarioaren urratsean egina, hirugarren pertsonan kontatua ez balego. Urregintza horretan, zenbait behaztopa-harri ditu euskal itzultzaileak. Ahaleginduko gara estilo horren baliabideak azaleratzen, banaka-banaka, euskaraz nola emanak diren aztertzeko.
Ekintza-kate amaigabeak
Ekintza sorta luzeak eratzen ditu Cortázarrek, auto-ilaren itxurakoak. Denak lotuta ageri dira, komen bidez estekatuta, eta lantzean behin azaleratzen diren tarteki parentesidunek eta zenbait erlatibok baizik ez dute pinportatzen saltsa gurin hori.
[...] y, apenas salidos de Fontainebleau, han tenido que ponerse al paso, detenerse, seis filas a cada lado (ya se sabe que los domingos la autopista está íntegramente reservada a los que regresan a la capital), poner en marcha el motor, avanzar tres metros, detenerse, charlar con las dos monjas del 2HP a la derecha, con la muchacha del Dauphine a la izquierda, mirar por el retrovisor al hombre pálido que conduce un Caravelle, envidiar irónicamente la felicidad avícola del matrimonio del Peugeot 203 (detrás del Dauphine de la muchacha) que juega con su niñita y hace bromas y come queso, o sufrir de a ratos los desbordes exasperados de los dos jovencitos del Simca que precede al Peugeot 404, y hasta bajarse de los altos y explorar sin alejarse mucho [...]
Halakoek ez diote aparteko lanik ematen itzultzaileari, ez eta irakurleari ere —erdaraz baino handiagorik, ez behintzat—.
[...] ze horiek, Fontainebleautik irten berriak, autoa abiada geldoan jarri behar izan baitzuten, gelditu, sei auto ilara alde bakoitzeko (gauza jakina da igandeetan autopista osoa erreserbaturik izaten dela hiriburura itzuli nahi dutenentzat), motorea martxan jarri, hiru metrotan aurrera egin, gelditu, eskuinetara 2HPko mojekin solas egin, ezkerretara Dauphineko neskarekin, atzeranzko ispilutik Caravelle-a gidatzen zuen gizonezko zurbilari begiratu, Peugeot 203ko (neskaren Dauphinearen atzean) senar-emazteen oilo-zoriona ironikoki inbidiatu, alabatxoarekin jolasean eta txantxetan eta gazta jaten ari baitziren, edota noizean behin Peugeot 404aren aurreko Simcako gaztetxo bien lotsagabekeria erretxinduak jasan, bai eta, tarteka, errepide gaintxoetan, automobiletik jaitsi ere [...]
Hasieran aditz modala eman (behar izan), eta ondotik aditz partizipioen segida aletu. Ez da besterik egin behar, testua bizi-bizi joan dadin. Dena dela, gaztelaniatik euskaratzean izaten diren koskez jardutean ikusiko dugunez, aditz laguntzailea noiz-nola isildu garbi ez izateak sortuko ditu zenbait nahaspila.
Aposizioak
Aposizioak ugariak dira, eta, denok dakigunez, ez dira beti erraz egokitzen euskararen joskerara. Itzultzaileak, ordea, lortu du batera edo bestera horiek euskaratzea. Ikus ditzagun adibide batzuk:
A veces llegaba un extranjero, alguien que se deslizaba entre los autos viniendo desde el otro lado de la pista o desde la filas exteriores de la derecha, y que traía alguna noticia probablemente falsa repetida de auto en auto a lo largo de calientes kilómetros.
Aposizioarekin batera erlatibo bat ageri da: beharleku latza, beraz.
Noizean behin arrotzen bat heltzen zen, errepidearen bestaldetik edo eskuinaldeko kanpoko ilaretatik irtenda, autoen artean ziri-zara mugitu, eta albisteren bat ekartzen zuen, segur asko faltsua, autotik autora kilometro luze-beroetan barrena.
Markuletak aposizioa eta erlatiboa desegitea erabakitzen du, eta, nahiz semantikoki galerarik ez den, ukaezina da doinua ez dela bera, alguien que horren ondoko pausu dramatikoa aienatzen baita (badakigu haren ondotik braustadan etorriko direla hitzak). Euskarazkoan, gainera, komen oihanak ez du batere errazten irakurketa.
Beste batzuetan, berriz, buru egiten die aposizioei.
En algún momento (ya era noche cerrada) llegaron extranjeros con más noticias, tan contradictorias como las otras ya olvidadas.
Noizbait (gaua itxia zen ordurako) arrotzak heldu ziren beste albiste zenbaitekin, dagoeneko ahaztutako lehengo haiek bezalaxe, hauek ere kontraesanez josiak.
Lehen ikusian ohartuko gara gaztelaniazko testuan generoak argitzen duela zein diren kontraesanezkoak: noticias contradictorias, eta ez, extranjeros contradictorias. Euskaraz, ostera, ez dakigu xuxen zein diren kontraesanez josiak direnak, arrotzak ala albisteak, funtsean esanahia askorik mudatzen ez den arren (arrotzak kontraesanez josita daude kontraesanezko albisteak dakartzatelako; barka aho-korapiloa). Bestetik, koma bi erabiltzeak ez dio laguntzen aposizioari: erdarazkoa argiago zedarritua dago.
Eta borroka horretan sarri zalantzazko komunztadurak edo komunztadura ezak sortzen dira, gaur egun ere erabat trenkatuak ez ditugunak. Gaia azpildura ugarikoa da (aposizioa diskurtsoaren hari nagusiari zenbateraino lotuta dagoen, komunztaduran fokalizazioak eraginik duen...). Haatik, badirudi erlatibo aposatuetan ezinbestekoa dela komunztadurari eustea; klasikoei kasu egitera, behinik behin: Eta pena hark, gerok geure borondatez hartzen dugunak, eramaiten dio aitzin aldea bertze penari, bertzek emaiten derakunari, pazientki errezibitua izanagatik ere (Axular, 1643: 105).
Hacia el amanecer los ganó el sueño, esa necesidad de estar a cubierto que nacía con la grisalla del alba. Eguna argitze aldera menderatu zituen loak, aterbean sartu behar horrek, argisentiko abre gaiztoak sorturikoa.
Hor badira zenbait kontu. Bateko, ez dakigu xuxen ergatiboak hondarreko erlatibo horri (sorturikoa) ere eragin behar liokeen —ikusi dugunez, segurutik hala behar luke—, eta, besteko, erlatibo trokatu edo aposatu horrek hautsi egiten du erdaraz segida bakarrean ematen den aposizioa. Erlatiboa aurreratuz gero, ordea, bi arazoak konponduko genituzke: argisentiko abre gaiztoak sorturiko aterbean sartu behar horrek. Ez komunztadura-kezkarik, ez segida-etenik.
Erlatiboak
Testuak badu berezitasun bat: bait- erako erlatiboek sorturiko anbiguotasun sintaktikoa. Ezagun denez, ekialdeko zenbait hizkeratan bait- menderagailu soila erabilia da erlatiboak eratzeko. Zenbait egilek ere zabaldu eta sustatu dute horien erabilera (Garzia, 1997: 402-407). Hala ere, nahasgarri da sarritan testuan. Euskaltzaindiak berak gaztigatzen digunez: «Funtsean, anbiguitatea ez da hain bitxia gogoan hartzen badugu BAIT-erlatiboak beti erlatibo aposatuak direla, eta erlatibo aposatuek balio esplikatiboa izan dezaketela» (EGLU V: 246). Errepara diezaiogun adibide honi:
[...] motorea martxan jarri, hiru metrotan aurrera egin, gelditu, eskuinetara 2HPko mojekin solas egin, ezkerretara Dauphineko neskarekin, atzeranzko ispilutik Caravelle-a gidatzen zuen gizonezko zurbilari begiratu, Peugeot 203ko (neskaren Dauphinearen atzean) senar-emazteen oilo-zoriona ironikoki inbidiatu, alabatxoarekin jolasean eta txantxetan eta gazta jaten ari baitziren [...]
Markuletak ez du egundo erabiltzen zein partikula aurretik, seinalatzaile gisa guztiz ahaltsua den arren, segurutik garai hartan (gaur ere hala ote den) ez zuelako entzute onik. Izan ere, bait- menderagailua, kausa adierazten duelarik ere, askotan biluz-biluzik ageri da testu honetan (beste batzuetan ze partikula du aurretik, eze[n]en forma laburtua, nahiz zeren egokiago litzatekeen), eta ez dago lehen ikusian jakiterik zer adiera duen. Bestela, ikus honako hau:
[...] eta Dauphinea bizkarraldean utzita, DKW bat aurkitu zuen, eta beste 2HP bat, Fiat 600 bat, eta De Soto baten ondoan gelditu zen berba zenbait egiteko Washingtoneko turista aztoratu harekin, frantsesez apenas ulertzen baitzuen [...]
Ez dago erraz antzematerik kausazkoa den ala ez.
Lekuzko erlatibo erromanikoekin (non... bait-) ere antzera jokatzen du itzultzaileak, modalizazioaren bidez testua antzaldaturik. Adibide honetan, esaterako, azalpen-kutsuko kausal bilakatzen du.
Mirando todo eso, inclinado sobre el volante donde había un libro abierto que no le interesaba demasiado, el ingeniero se preguntó por qué los expedicionarios tardaban tanto en regresar; Hari guztiari begira, burua bolante gainera makurtuta, hantxe zuen-eta irekita liburu bat interes handiegirik pizten ez ziona, ingeniariak bere kautan galdegin zuen zergatik ote zen esploratzaileak hainbeste berandatzea;
Puntuazioa
Cortázarren puntuazioak albait traba gutxien egin nahi dio jarioari. Ez ditu xorrotx bereizten perpausak, ia osoki kometan oinarritua baitago puntuatzea, txorta luzeetan, nahiz batzuetan irakurle akituari errukitzen zaion eta puntu eta koma batzuk tartekatzen dituen. Denetariko aburuak daude horren inguruan, puntuazioa erabat kalkatu behar den ala ez. Nago batzuetan, nahitaez, xede-hizkuntzaren arauak gorde behar direla, gaitz-ulerturik izan ez dadin behintzat. Azter dezagun adibidetxo bat.
Nunca faltaban del todo el agua o las conservas, aunque los fondos del grupo disminuían y Taunus y el ingeniero se preguntaban qué ocurriría el día en que no hubiera más dinero para Porsche.
Ura eta kontserbak ez ziren sekula erabat agortzen, baina taldearen diru-kutxa murriztuz zihoan, eta Taunus eta ingeniariaren kezka zen, zer gertatuko ote zen Porscherentzako dirurik batere gabe geratzean.
Markuletak etaren aurretik koma jartzen du, aurreko perpausetik bereizteko (Cortázarrek ez bezala), eta perpaus osagarriaren aurretik koma bat itzurtzen zaio, Cortázarrek halakorik egin ez arren.
Itzulpenaren puntuazio bereziaren beste ezaugarri bat da bi puntuen erabilera ezohikoa. Kasu honetan, esaterako, denborazko perpaus baten partez darabil.
Quizá ya era medianoche cuando una de las monjas le ofreció tímidamente un sándwich de jamón, suponiendo que tendría hambre.
Gauerdia izango zen agian: mojetako batek urdaiazpiko otarteko bat eskaini zion, erdi lotsak, goserik izango zela pentsatuta.
Beste batzuetan, berriz, ez dira bi puntuak erabiltzen, orotariko koma baino egokiago izan litezkeen arren.
A nadie le cabía duda de que algún accidente muy grave debía haberse producido en la zona, única explicación de una lentitud tan increíble.
Inork ez zuen duda izpirik ere, istripu larriren bat gertatua bide zen han inguruan, ez zen beste esplikaziorik halako geldotasun sinestezin hartarako.
Tartekiak dira testuaren musikaltasuna itxuratzen duten beste osagai batzuk, jarioaren eten diren aldetik. Batzuetan marra luze eta parentesiak darabiltza Cortázarrek, eta haren bidetik segitzen du itzultzaileak.
Coincidió con nuevos anuncios de la radio (que casi nadie escuchaba, salvo Taunus que se sentía obligado a mantenerse al corriente); Iragarki berriak eman zituzten irratiek ere (inork ez zituen entzuten baina, Taunus izan ezik, egoerari adi egon beharrean sentitzen baitzen);
Beste batzuetan, ordea, idazleak komak darabiltza, eta itzultzaileak, euskaratzean, mailaz goititzen du puntuazioa, oso egoki, eta marra luzea edo parentesia baliatzen.
Por pura broma, ahora que había reconquistado la amistad del 404, les gritaba que la columna iba a moverse;
Txantxa hutsez-404aren adiskidetasuna berreskuratua zuen-, oihu egiten zien ilarak aurrera egingo zuela;
Ez dezagun ahantz komaren erabilerak askotarikoak direla eta marra luzeek nahiz parentesiek erabilera espezifikoagoa dutela tartekietan (Cassany, 2007: 122-123).
Askotan, ordea, erdarazko maila beheititu horretan dihardu itzultzaileak, alborakuntzaz juntaturiko perpausen eta tartekien arteko muga aienaturik.
[...] para contarles que alguien había llegado un rato antes con la noticia de que un Piper Club se había estrellado en plena autopista, varios muertos.
[...] eta kontatu zuen lehentxeago norbait etorria zela albiste batekin: Piper Club batek [sic] autopista erdian erori eta lehertua zela, hildako zenbait.
Halakoetan, nire iritzian, ahal dela, jatorrizkoaren puntuazio moldeari atxiki behar gatzaizkio, bitxitasun- edo normaltasun-maila bera lortze aldera.
Errepikak
Musikan bezala idazkuntzan ere osagaien errepikak osatzen du testuaren doinua; harilkatu egiten du. Itzultzaileak bere dohaina agertzen du horiei antzematean, zeren batzuetan, jatorrizkoaren osagai berak berritzerik izan ez arren, beste osagai batzuk errepikatzen baititu.
A la cuarta vez de encontrarse con todo eso, de hacer todo eso, el ingeniero había decidido no salir más de su coche, a la espera de que la policía disolviese de alguna manera el embotellamiento.
Horixe guztiarekin laugarren aldiz topo egitean, horixe guztia laugarren aldiz egindakoan, ingeniariak hartua zuen erabakia bere autotik berriz ere ez irteteko, zain geratzeko harik eta poliziak nola edo hala tapoi-gunea askatu arte.
Itzurbideren bat aurkitzen du beti Markuletak horiei eusteko, hitzez hitzeko hariaren ezinen gainetik ere; zabalkuntzaz kasu honetan.
[...] pero ese tiempo empezaba a parecer casi nimio ahora que el sol, acostándose hacia la izquierda de la ruta, volcaba en cada auto una última avalancha de jalea anaranjada que hacía hervir los metales y ofuscaba la vista, sin que jamás una copa de árbol desapareciera del todo a la espalda, sin que otra sombra apenas entrevista a la distancia se acercara [...]
[...] baina aldi horrek hutsaren hurrengoa zirudien ordurako, eguzkia bidearen ezkerraldera abailtzen ari baitzen, eta autoen gainetan amilkada bana laranjazko jelatina, azkena, iraultzen baitzuen, metalak irakiten eta begiak itsu jartzen zituela, sekulan ere zuhaitz-kaskorik bizkarrean guztiz desagertzen ez zela, sekulan ere urrutira sumatutako itzalik hurbiltzen ez zela [...]
Gabe gibeleratu baten esperantzan barik aurre-aurrean sartzen du sekulan ere aditzondoa, jatorrizko ahaireari egoki bai egoki datorkiona.
Itzultzaileak, inoizka, bere ekarpenik egiten du, errepika hutsetik harago joanez.
Si por lo menos hiciera menos calor en los condenados autos, si esos árboles de la derecha quedaran por fin a la espalda, si la última cifra del cuentakilómetros acabara de caer en su agujerito negro en vez de seguir suspendida por la cola, interminablemente.
Auto barruan hain bero ez balego sikiera, eskuinaldeko zuhaitz horiek bizkarraldean geratuko balira behintzat, kilometro zenbagailuko azken zenbakia, behingoan, bere zulotxo beltzean eroriko balitz behinik-behin, hor buztanetik zintzilik, amaigabe, jarraitu beharrean.
Efektua bikaina da, inondik ere, desira nabarmentzen baita behin eta berriro sinonimo horien bitartez.
Polisindetona
Cortázarrek behin baino sarriagotan darabil polisindetona (juntagailuak errepikatzea, zinezko premiarik ez dela ere), prosaren erritmoa kolpekatzeko. Itzultzaileak, itxura batean bederen, ez dauka arazorik horretan.
Ezkerreko besoa luzatuta, 404ak Dauphineren eskua bilatu zuen, behatz mutturrak apenas ukitu, haren aurpegian itxaropen sinesgogorra adierazten zuen irribarrea ikusi, eta pentsatu zuen Parisera helduko zirela eta bainu bat hartuko zutela, norabaitera joango zirela elkarrekin, bere etxera edo neskarenera, zerbait jatera, amaigabeko bainua hartzera eta jan-edatera, eta gero altzariak izango zirela eta bainugela bat, eta bertan xaboi-aparra, bizarra benetan kentzekoa, eta komunak, jatekoak eta komunak eta izarak. Paris horixe zen: komun bat eta bi izara eta ur beroa bular eta zangoetan behera, eta azkazaletarako guraize batzuk, eta ardo txuria, ardo txuria edango baitzuten musuka hasi eta beren burua labanda eta kolonia usainean sentitu baino lehen [... ]
Eta halaxe da, izan.
Gaztelaniatik euskararako korapiloak
Adierazkortasun semantikoa
Lexikologiako arauetan lehena da hitzek elkarrekiko harremanean hartzen dutela esanahia, esanahi-sare baten barruan. Bigarrena litzateke hitzek, denotatzeaz landa, konnotatu egiten dutela, alegia, ideia-elkarketa jakin batzuk pizten dituztela hiztunaren baitan. Izan ere, hiztegiek jasotako informazioa baino gehiago adierazten dute hitzek; hortik datorkieke hiztegi elebidunei beren moxtasuna. Ikus dezagun testuan.
El calor de agosto se sumaba a ese tiempo a ras de neumáticos para que la inmovilidad fuese cada vez más enervante.
Neumatikoen alturako denbora hari, abuztuko beroa gainjartzen zitzaion, eta mugiezintasuna are ernegarriago bihurtzen.
Ezin uka itzulpen txukuna denik, baina ras horrek zerbait gehiago eskatzen du. Larru arras, kosta arras eta beste ezagun zaizkigu; ez dakit, baina, hortik atarramentu onik atera litekeen; pneumatikoei atxikitako denbora ere izan zitekeen.
Y con eso el gobierno, el calor, los impuestos, la vialidad, un tópico tras otro, tres metros, otro lugar común, cinco metros, una frase sentenciosa o una maldición contenida.
Eta horrekin batera, gobernua, sargoria, zergak, errepide sarea, topikoak bata bestearen segidan, hiru metro, beste gai ohikoren bat, bost metro, epai antzeko esaldiren bat, edo biraoren bat, nekez eutsitakoa.
Ñabarduratxo bat falta du euskarazko ordainak, gaztelaniazko lugar común hori erretorikaren eremuari lotua baitago: maila jasoagokoa da, beraz. Alemanez, frantsesez, italieraz edo gaztelaniaz halakorik badarabilte, zer dela eta ez genuke guk, bada, leku komun erabili behar?
Beste adibide honek argituko dizkigu, beharbada, jokabide horren nondik norakoak.
El ingeniero le estaba contando a la muchacha del Dauphine su circuito por la periferia (era la una de la tarde, y el sol los acorralaba en los autos) cuando ella lo interrumpió con un gesto y le señaló el Simca.
Ingeniaria inguruetatik egindako ibilaldia kontatzen ari zitzaion Dauphineko neskari (eguerdiko ordubata zen, eta eguzkiak auto barruetan inguratuta zituen guztiak), eta halako batean neskak, bat-batean, keinu batez hitza eten eta Simcari erreparatzeko adierazi zion.
Denona den gaitza erakusten digu adibideak: garbizaletasuna. Itzultzaileak eskura zituen zirkuitu, periferia eta setiatu, baina, adierazgarritasunaren kaltean, halako denotaziorik ez duten hitzak hautatu zituen. Zirkuitua ibilgailuei lotuta dago, auto-lasterketei, elektrizitateari... Periferiak bazterrekoa salatzen du, mugakoa, ertza... Setiatuk gerrara garamatza, hiri harresidunetara, bonbardatuetara... Ibilbide, inguru eta inguratu, berriz, aseptikoagoak dira.
Kolokazioak
Mona Baker irakasleak oso argi azaldu du zer diren kolokazioak. Zertarako gu saiatu, hain azalpen lañoa izanik?
When two words collocate, the relationship can hold between all or several of their various forms, combined in any grammatically acceptable order. For example, achieving aims, aims having been achieved, achievable aims, and the achievement of an aim are all equally acceptable and typical in English. On the other hand, it is often the case that words will collocate with other words in some of their forms but not in others. We bend rules in English but are unlikely to describe rules as unbendable. Instead, we usually talk of rules being inflexible.
It would seem, then, that the patterns of collocation are largely arbitrary and independent of meaning. This is so both within and across languages. The same degree of mismatch that can be observed when comparing the collocational patterns of synonyms and near-synonyms within the same language is evident in the collocation patterning of 'dictionary equivalents/near equivalents' in two languages. (Baker, 1992: 48)
Gaurko euskararen demetako bat da hori, Markuletaren itzulpenean ere ageri denez.
[...] el hombre pálido del Caravelle se encogió de hombros y dijo que le daba lo mismo, que hicieran lo que les pareciese mejor.
[...] Caravelleko gizon zurbilak sorbaldak altxa eta berdin zitzaiola esan zuen, ongien zeritzotena egiteko.
Pasarte horrek gomutara ekarri zidan Jon Alonsok behiala idatzia:
Gure literatur hizkeraren beste ahultasun puntu bat da nik aberastasunik gabeko aniztasuna deitzen dudana da [sic].
Badakizu zenbat modutan idazten den euskaraz gaztelaniaz ia ahobatez encogerse de hombros idazten den ekintza fisiko xumea? Erantzungo dut: ez dakit. Ez dakit baina susmoa dut zenbat euskal idazle, hainbat modu dagoela. Begira: sei orduz ibili naiz gaurko euskal idazleen testuak arakatzen, eta hauxe aurkitu dut: sorbalda jaso, bizkarrak uzkurtu, bizkarrak harrotu, sorbaldak altxatu, sorbaldak kixkurtu. [...]
Agerian utzi nahi izan dut [...] adibide xume honen bidez, literatura bere arauak dituen artifizio bat dela, eta guk ez ditugula, ezta gutxiagorik ere, arau horiek guztiak oraindik behar bezala finkatu. (Alonso, 2001: 83-84)
Alonsoren esanak berresten ditu itzulpenak: orrialde batzuk lehenago sorbaldak jaso esapidea erabilia du Markuletak. Bide batez, gogoratu dezagun Alonsok berak zenbait gogoeta utzi dizkigula Cortázar itzultzeko esperientziaz Astrolabio lanean (Alonso, 2007).
Gutxitan hitz egin da kolokazioez euskaraz; lan bakan horietatik, gomendatzekoa da Xabier Altzibarrek idatzitako artikulu bat: «Kolokazioak euskaraz. Zer axola duten» (Altzibar, 2004). Ez dira gutxi uste izan dutenak gurean ezinezko litzatekeela gaztelaniazko Redes hiztegiaren modukorik egitea edo tesauro kolokaziodun bat apailatzea, baina badirudi uste hori gaindituxea dugula; horren erakusgarri dugu, esaterako, UPV/EHUko Euskara Institutua prestatzen ari den Egungo Euskararen Hiztegia, non kolokazio eta lokuzioei leku egiten baitzaie sarrera askotan.
Esapide ihartuak
Klixeak, esapide ihartuak euskaratzeak buru-hauste franko ematen digu: egokitu, kalkatu ala baliokidetzak bilatu. Beti ez da erraz izaten.
Como la columna no se movería hasta el alba (era algo que se sentía en el aire, que venía desde el horizonte de autos inmóviles en la noche) el ingeniero y Taunus se sentaron a fumar y a charlar con el campesino del Ariane y el soldado.
Nolaz-eta ilara ez baitzen egunsentia arte mugituko (eguratsean senti zitekeen, gauean geldiarazitako autoez osatu ortzemugatik zetorren), ingeniaria eta Taunus eseri egin ziren erretzera eta solas egitera nekazaria eta soldaduarekin.
Ezinbestez galdu beharreko ñabardura ote den. Ez genuke inoiz ahaztu behar Barthes-ek testuartekotasunaz idatzitako hura: «Itzultzaileak jakin behar luke itzulgaiaren "barrenak" ez direla lehendik osatutako hiztegi bat besterik, non hitzak soilik azaldu baitaitezke lehendik esandako beste hitz batzuen bidez» (Barthes, 2002: 69). Airearen edo haizearen aipua ez dagokio bakarrik gaztelaniaren eremuari. Ingelesek ere hor dituzte Sinatra-ren «Love is in the Air» edo Bob Dylan-en «Blowin' in the Wind». Aski nazioartekoa da irudizko esapide hori; ez, kultura-eremu jakin bati lotua. Egurats horrek, aldiz, ez dakar ezelako durundirik (hitz garbiaren balioa baizik ez du). Airean garabiltza esapideak, nazioarteko kultura-eduki hori nola guretu erabaki ezinik.
Aditz-isiltzeak
Euskarak badu testuen aringarri seguru bat: aditz laguntzailea, aditz jokatugabeen markak edo, are, aditz osoa isiltzea. Nolanahi ere, isiltze horrek arau jakin batzuk ditu, eta ezin da nahierara egin. Adibide honetan, esaterako, aditz jokatugabeak markaz gabetzeak ageriko anakoluto bat sortzen du.
[...] aienatzen ikusi zuten gero, nostalgia sumindu batez, Taunusaren gainetik hegan, atso-agureen ID morearen gainetik, Fiat 600erantz joan, 404 jada ikustezinaren gainetik, Simcaren aldera itzuli, han esku ehiztari bat alferrik saiatu harrapatzen, nekazarien Arianearen gainean —zerbait jaten ari bide ziren— hegalei eragin maitegarriro, eta gero eskuinalderantz desagertu.
Honela beharko zuen: ikusi beharko zuten hegan, joaten, itzultzen, hegalei eragiten eta desagertzen. Bestela, ezin liteke esaldia uler.
Aditz laguntzailea isiltzeko ere betekizun batzuk ezinbestekoak dira, beti-beti konplitzen ez diren arren.
Kanpindenda baten atalekin, gaztetxoek 404ko leihoak estali, eta wagon-lita anbulantzia bilakatu zen, atsoak nolabaiteko ilunbean har zezan atseden.
Zalantzazkoa da perpaus juntatuetan aditz laguntzailea isildu ote daitekeen bat bera ez denean. Esaldia osoki ulertzen da, baina ez ongi uztartzen.
Itzultzaileak tartekietan, inoiz, aditz osoa ezkutatzea erabakitzen du.
[...] autoa hirutan baino ez zuen mugitu behar izan —bertan, atso-agureak lotan-edo—, hurrengo geldialdia arte ilararekin batera aurrera egiteko.
Emaitza bitxi samarra da kasu horretan. Zentzuak atso-agureak lotan-edo zeudela eskatzen digu, ezta?
Hartara, hitzak aurreztea ez da beti haizu, baldin eta, zama arindu arren, testua arrozten bada. Hala ere, oraintsura arte hutsune handia egon da gai honen inguruan (Amundarain, 2002), eta barkakizun dira okerreko erabilera horiek guztiak.
Tokiko kolorea
Itzulpenak beharrik gabe herri-hizkerako edo erregistro apaleko esapidez zipriztintzeko aztura oso zabaldua egon da urte askoan. Batzuetan, testuak hala eskatzen du, jakina, aukeratutako ordainaren artifizialtasuna gorabehera (adibide honetako tope arraioan lokuzioa erabilia izan da inoiz; gerora, bai, behintzat). Kontuan izan dezagun berriki arte ez dugula hain eskura izan Intza, Mokoroa, Ereduzko Prosa Gaur edo antzeko corpusik.
Casi todo el mundo escuchaba sus radios, los del Simca la habían puesto a todo trapo y coreaban un twist con sacudidas que hacían vibrar la carrocería
Ia mundu guztia ari zen irratia entzuten, eta Simcakoak, berriz, tope arraioan, twist bat koroan abesten zutela, halako astinduez ze, autoko karrozeria dardarka jartzen baitzuten;
Beste batzuetan, aldiz, halako jatorkerien beharrik izan ez arren —originala guztiz bestelako erregistro bati baitagokio—, itzultzaileak halakoetara jotzen du testua bertakotzeko edo itzulpenaren arrotz-kutsua berdintzeko asmoz.
Los pilotos del Floride y del DKW no hicieron observaciones, y el americano del De Soto los miró asombrado y dijo algo sobre la voluntad de Dios.
Florideko eta DKWko gidariek ez zuten ningunorik jarri, eta De Sotoko amerikarrak harriturik begiratu zien, eta zer edo zer esan zuen, Jaungoikoaren borondatearen gainean.
Adibidean, kasurako, aski izango zen ez zuten deus/kontrakorik esan arrunt eta soil bat. Ongi justifikatua egon behar luke tokiko kolore horrek, jatorrizko testuaren argitan betiere.
Ondorioak
Artikulu honen irakurleak enpatiaz hartu behar luke itzultzailearen emaitza. Ez dira alferrik joan hamazazpi urte. Arras aldatua da itzultzailearen lana. Hizkuntzaz denaz bezainbatean, asko aurreratu dugu: Hiztegi Batua osatzen ari da; EGLUren lana laster bururatuko da; testu-hizkuntzalaritzak ikusgarriro egin du aitzina; hamaikatxo estilo-liburu argitaratu dira; sareko baliabidez enpo egina dago itzultzaileen zakutoa... Enpatia hori beharrezko dugu, hartara, uneko hizkuntza-modez eta beldurrez jabetzeko (ez genuke inoiz ahaztu behar denok, noizbait, gazte izan ginela).
Txikikeria asko utzi ditugu aipatu gabe bazterrean, garrantzizkoa ez baitzen halako edo holako hitzaren grafia (aldiberean, behinik-behin, berariz) bestela arautu dela nabarmentzea edo adizki batzuk (bailituen) akademiak txarretsi dituela adieraztea. Egingo nuke horiek ez direla traba gaur egungo irakurlearentzat (ezta zuzentzaile honentzat ere).
Gure asmoa izan da estilistikako gako batzuk aurkeztea, duela hamazazpi urte hain aintzat hartzen ez zirenak —premia handiagoko auzi batzuk baitziren, bistan denez—, eta erakustea gaur dakiguntxotik beste aukera batzuk lehenets litezkeela.
Ohartu gara, orobat, euskarazko itzulpenak gazterik zahartzen direla eta duela hamazazpi urte ereduzko eta bikain zen lan batek zer orrazturik duela gaur egun (gaur egungo mokofinentzat, bederen). Hala eta guztiz ere, nork uka oraindik gozagarri eta atsegingarri denik Markuletaren itzulpen deskatalogatu hau.
BIBLIOGRAFIA
ALDEKOA, Iñaki (ed.): Ipuin gogoangarriak, Erein, Donostia, 1997.
ALONSO, Jon: Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk, Pamiela, Iruñea, 2001.
ALONSO, Jon: Astrolabioa, Pamiela, Iruñea, 2007.
ALTZIBAR, Xabier: «Kolokazioak euskaraz. Zer axola duten» in Euskarazko kazetaritzaren I. kongresua, Argia.com. Azken kontsulta: 2010-04-20.
AMUNDARAIN, Iñaki: Juntadura eta elipsia euskaraz, UPV/EHU, Leioa, 2002.
AXULAR [Pedro Agerre Azpilkueta]: Gero, G. Millanges baitha, Bordele, 1643.
BAKER, Mona: In Other Words: Coursebook on Translation, Routledge, Londres, 1992.
BARRERA, Víctor: Literatura y globalización, Casa de las Américas, Habana, 2008.
BARTHES, Ronald: El susurro del lenguaje: más allá de la palabra y de la escritura, Paidós, Bartzelona, 2002.
CASSANY, Daniel: Afilar el lapicero, Anagrama, Bartzelona, 2007.
CORTÁZAR, Julio: Los venenos y otros textos: antología I, Colihue, Buenos Aires, 1995.
CORTÁZAR, Julio: Cuentos completos I (1945-1966), Madril, 2010.
CORTÁZAR, Julio: Antologia apetatsua, Txalaparta, Tafalla, 2005 (itz.: Jon Alonso).
CORTÁZAR, Julio: Istorio hiperlaburrak, Erein, Donostia, 1995 (itz.: Gerardo Markuleta).
CORTÁZAR, Julio: Hegoaldeko autopista, Erein, Donostia, 1994 (itz.: Gerardo Markuleta).
CORTÁZAR, Julio: Oktaedroa, Ibaizabal, Zornotza, 1992 (itz.: Gerardo Markuleta).
DE BELLIS, Jack: The John Updike Encyclopedia, Greenwood, Westport (AEB), 2000.
EUSKALTZAINDIAREN GRAMATIKA BATZORDEA: EGLU V (Mendeko perpausak 2), Euskaltzaindia, Bilbo, 1999.
GARZIA, Juan: Joskera lantegi, IVAP, Oñati, 1997.
IBARLUZEA, Miren: Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak: dibulgazio-kritikaren azterketa, Labayru ikastegia eta Zornotzako Udala, 2011.
POZUELO, Jose María: «Tiempo del relato y representación subjetiva» (Un problema teórico y unos cuentos de J. Cortázar)» in Mercedes Blanco (ed.): Le Temps du récit: colloque, Casa de Velázquez, Madril, 1989.
ZABALA, Juan Luis: «Mikrokosmos iradokorra», Euskaldunon Egunkaria, 1995-01-29.