Joyce itzultzen: ikuspuntu euskaldun bat
John Beattie, Haizea Urtiaga, Sonia M. Amunárriz

Artikulu honetan, James Joyceren obra itzultzeak planteatzen dituen gai nagusietariko batzuk tratatzen dira, bereziki kontuan izanik haren lehendabiziko obra garrantzitsua, 'Dubliners' kontakizun-bilduma, eta euskarazko itzulpenak erronka horren aurrean eman duen erantzuna. Konparaketak ere egin dira penintsulako beste hizkuntza batzuetan egindako itzulpenekin, eta euskarazko itzulpenaren merezimenduak behar bezala balioesten dira, 'Dublindarrak' euskal letra garaikideen kanonaren barruan kokatzeko ahaleginean.

Jatorrizkoa ingelesez argitaratu zen paperean.

Itzulpena: Itziar Otegi

Harry Levin-ek eman zuen aditzera estreinakoz, Joyce hizpide hartuta, idazle batek igaro beharreko probaldia, garaikide izateari utzi eta klasiko bihurtzeko, luzea eta korapilatsua dela1. Hainbesteko zorroztasuna darabilen probaldia gurutze eramangarriagoa gertatzen da, jakina, zenbait faktore bereiziren laguntza izanez gero; hala nola, jeinutasun-frogak idazlearen aldetik, harrera sutsua jatorrizko irakurleen aldetik, eta idazle horrek sortutako obraren merituaren aitortza, kritikoen aldetik. Hiru faktore horietako bakoitza, bakarka hartuta, edota hiruen arteko konbinazio bortitzen bat.

Uste osoa dugu, haatik, laugarren faktore bat ere badela, eta garaikide izatetik klasiko bihurtzera daroan trantsizio horretan esangura neurgarria duena gainera: itzulpenaren egokitasuna. Alderdi horretatik, Joyceren obraren itzal orokorra, arestian aipaturiko hiru faktore horien ekarpen erabakigarriek indar handiz bultzatu duten auzia, laugarren faktore horrek ere bikain sustatu du. Itzulpenaren ekarpen horiek modu grafikoan adieraz daitezke, lehenik eta behin, zenbaki hutsen bidez, eta agerian uzten dute arras zerbitzu ona egin diotela Joyceren kausari haren itzultzaileek, inondik ere. Berriki argitaratu den zenbaketa2 batek Joyceren lanen edo lan zatien 40 hizkuntzatatik gorako itzulpenak biltzen ditu, zeinen artean Dubliners guztira hogeita hamazazpi hizkuntzatara itzulia izan baita, euskara3 barne, Ulysses hogeita hamabitara, A Portrait of the Artist as a Young Man hogeita hamaikatara, euskara barne4, Exiles hamalautara, eta "itzulezintzat" jotzen den Finnegans Wake bera frantsesera, alemanera, japonierara eta nederlanderara itzulita dago oso-osorik, eta zati esanguratsuetan gutxienez beste hamar hizkuntzatara. Artikulu honen helburuetarako, Irene Aldasororen Dublindarrak itzulpen saritua5 hautatu dugu, Joyceren testuen itzultzaileek gainditu beharreko erronken adibideak emateko asmoz; bai eta, ondo bidean, Joyceren beranduagoko obrei heltzean itzulpenaren praxian irizpide garrantzitsuak zehazteko ere.

Argitaratutako itzulpenen kopuruak, eta itzulpen horien xede-hizkuntzek, ordea, Joyceri mundu osoan emandako itzulpen bidezko erantzunaren aurkia soilik erakusten dute. Zenbaki hutsak ez dira kalitatearen berme; izan ere, Joyceri itzulpen bidez heltzea, sarri askotan eurak ere idazle profesionalak izanik beste ororen gainetik haren lanarekiko interesak, miresmenak edo jakin-min hutsak bultzatuta ekin diotenen eskutik, literatur itzulpenaren eremuan pareko gutxi dituen erronka linguistiko eta intelektuala da. Baina erronkari aurre egin zaio, eta, ikuspegi partikular batetik hartuta; hau da, Espainiako hizkuntzen (gaztelania, katalana, galiziera eta euskara) ikuspegitik, irudimen handiz egin zaio aurre, zeinak itzultzaileak egindako ahalegin eskergaren meritua islatzen baitu. Ahalegin hori 80 urtez luzatu da, 1926an Dámaso Alonsoren A Portrait of the Artist6 obraren gaztelaniarako itzulpen sentibera eta aitzindariarekin hasiera eman zitzaionez gero, eta duela gutxi bulkada berri bat eman zaio penintsulako testuinguru geografiko eta linguistiko berriagoetan, Francisco García Tortosak egindako Ulysses7 obraren gaztelaniarako itzulpen konplituarekin.

Molderik orokorrenean adierazita, eta nagusiki, baina inolaz ere ez bakarrik, Ulysses obraren itzulpenari gagozkiolarik, Joyceren lanetara hurbildu den itzultzaileak aurkitutako zailtasunak honela laburbil daitezke:

" ... behin onartzen dugunean itzulpen batek ezin duela, hizkuntzaren izaera berean, gauza oro izan irakurle ororentzat (Ulysses hala da, antza) agian jabetuko gara ez dakigula zer espero daitekeen, zentzuz, itzulpen batetik. Zein dira itzulpenaren betekizun behinenak? Zuzentasuna, zehaztasuna, barne koherentzia, edo gai, lotura, zeharkako aipamen, gainegitura sinboliko, tonu, doinu eta beste askori eustearen moduko printzipioez adostasunik ez badago, eta argi dago ez dagoela, zein dira lehentasunak? Itzultzailea behartuta dago sostengurik gabe moldatzera, ahal duen ondoen...

Itzulpena, ere, daitekeenaren artea da, eta jatorrizkoari etengabeko zehar-begiratuak eginez ezinezkoa da itzulpenaren lorpenen meritu osoa aitortzea. Soilik utziko ditu agerian haren hutsak"8.

Oso litekeena da Joycek erronka bereziki nabarmenak ezartzea itzultzaileari, beste autoreen kasuan eskakizun maila apalagokoak diren hainbat fronteetan; ordea, aitortu beharra dago, itzultzailearen defentsan, oro har Joyce itzultzerakoan, eta bereziki Ulyssesi heltzerakoan, honakoa:

"Itzultzaileak ez direnez orojakile, ... zail da horrelako akatsak saihesten. Izan ere, askoz ere egoera okerragoan baitago itzultzailea, kritikoak eta iruzkingileak baino. Haiei zilegi zaie hautakor izatea, eta beren zolitasun eta erudizio printzen erakustaldia egitea, liburuaren ezein lekutan erosotasun berberaz aritzearen itxura emanez, baina itzultzailea ezin zaio itzuri auzi bakar bati ere9.

Beste autoreen itzultzaileek ere, noski, arazo horietako batzuei, edo guztiei, aurre egin behar izaten diete, baina normalean ez Joyceren itzultzaileek kausitzen dituzten forma muturrekoetan edo dentsitatean, eta, biziki interesgarria, bereziki egia da hori Joyce goiztiarrenarengan. Dubliners obrako The Sisters istorioaren lehen orrialdetik bertatik, faints and worms distilazio prozesuarekiko erreferentzia ilun nahiz etxekoiarekin, berehala ohartzen gara sartu garela mundu batean non, aintzat hartuta aipamen sozio-kulturalen maila arras ebokatzailea, autorearen ikuspegi ironiko ezaxola samarra, eta ondoen kasik kazetaritzako reportage modura deskriba daitekeen estiloa —kontakizun-bildumari buruz Grant Richards argitaratzaileari zuzenduriko eskutitz batean autoreak erabilitako hitzetan: Idatzi dut, gehienbat, zekenkeria zorrotzezko estilo batean10— maila goreneko erronka ezartzen baitzaio itzultzailearen oharmen eta buru-argitasunari: Joyceren berezko hizkuntzaren ertz ugaritako adierazkortasunari modu egokian erantzutea, gehiegizko idazketan, azalpenetan edo omisioan erori gabe. O'Neill-en hurbilketa egokiaren bidez adierazita, ezein literatur testuren itzulpenean ("batetik bestera ekartzean") desberdintasun esplizitu nahiz inplizituen negoziazioa dago:

"Ezein itzultzailek, ezein itzulpen saiakeratan ebatzi beharreko auzi nagusia, horrenbestez, hau da: desberdintasunak negoziatzeko estrategiaren bat hartu beharra, direla hizkuntza batetik besterako desberdintasunak, kultura batetik besterakoak, edo testu batetik besterakoak, hala eta guztiz ere testu "bera" erreproduzituta. Itzulpena, beste modu batera esanda, negoziazio segida batean datza, berdintasun ahaleginen eta desberdintasunen artekoa" 11.

Iberiar penintsulako testuinguru geografiko eta eleanitzean itzultzaileek emandako erantzuna esangura berezikoa da goian adierazitakoarekiko, hainbat arrazoirengatik, zeinen azterketa bereziki interesgarria gertatzen baita sortzen diren paralelismoen argitan. Izan ere, Joyceren lehen lanetan dagoeneko antzematen diren tentsioak, ingeles eta irlandar hizkuntzen artean, eta Espainian gaztelaniaren hegemonia zentralistaren eta kultur programa sarritan aurkakoa duten hizkuntz komunitate periferikoen —hau da, Kataluniaren, Galiziaren eta Euskal Herriaren— arteko hizkuntz eta kultur erlazioak kutsatu dituzten tentsioak ez dira oso desberdinak. Komunitate horietan, zentro geografikotik sortua zela sumatzen zen "inperialismo" politiko, kultural eta linguistikoa mendeetan zehar gaitzetsi eta borrokatu izan dute.

Joycek, irakurlego ahalik eta zabalenaren bila dabilen idazle ikasi orok bezalaxe, ingeles estandarrean idatzi zituen bere narratibak, eta, bere lehen lanetan behintzat (Dubliners eta Portrait of the Artist), bere pertsonaien pentsamendu eta berbaldiak, ekintzez gain, gehienbat ingeles estandarrean adierazteko nobela-tradizioari jarraitu zion. Alta, autorearen irlandar jatorria agerian geratzen da, baita narratzailearen ahots neutroan ere, noizbehinka agertzen diren ezaugarri anglo-irlandarren bidez, nahiz eta ezaugarri horien erabilera, Joyceren lana oro har hartuta, ez den beti-batekoa izan. Nabarmenagoa da, adibidez, Ulysses eta Wake obretan Dubliners edo A Portrait lanetan baino; eta Chamber Music lanean inondik ere agertu ez eta, aitzitik, Wake nobelan izugarri erabilia izateak aditzera ematen du, neurri batean, nola egin zuen gora Joyceren dialektoarekiko interesak, eta nola areagotu zuen haren erabilera, idazle moduan heltzen eta bere estiloa garatzen joan zen ahala.

Dublinersen moduko testu goiztiar batean ere, ordea, Joycek berariaz ekartzen ditu irakurlearen gogora ingeles eta irlandar hizkuntzen arteko tentsioak, lexikoan eta gramatikan ezaugarri anglo-irlandarren erabilera maizko eta zorrotzaren bitartez. Izan ere, bildumako hamabost istorioetatik soilik hirutan —Eveline, After the Race eta A Painful Case— ez da ageri dialektoaren erabilera argirik. Irlandar sustratuko ingeles forma gramatikal ez-estandarrak gaztelania, katalan, galego eta euskararen moduko hizkuntzetan ematea -1) erlatibozko perpaus pronominalaren modura jokatzen duen and egitura askea; 2) erlatibozko izenordainaren omisioa nominatiboan; 3) do/does be egitura ohiko orainaldiarentzat, edo 4) sarrerarik gabeko menpeko perpausak, Dublingo argotaren erabilera zabalarekin batera. Elementu horien guztien baturak ia gainditu ezinezko erronka osatzen du, eta, tamalez, horren ondorioz nabaritzen den itzulpen galera orok testuari kendu egiten dio Joycek elkarrizketa jostagarrietarako duen belarri finaren bizitasuna, bai eta Dublingo gizarte mailaketa beti aldakorrean pertsonaiak bereizteko garaian elkarrizketa horiek betetzen duten funtzio garrantzitsua ere.

Baliokidetza idiomatikoa kosta ahala kosta lortzeko ahalegina auzitan jartzerakoan, haatik, ez daiteke urrunegi joan. Dublindarrak itzulpenean, adibidez, Dublingo kaleetako hizkera gordin eta biziaren itzulpenean datza, beharbada, galerarik nabarmenena12, haatik Fernando eta Flavellek behar bezala ohartarazten gaituzte hizkera arrunten arteko baliokidetzaren bilaketa ia desesperatuaren aurka, emaitzak testuan duen eraginari begiratu gabe: "...itzultzaile gehienengan xede-hizkuntzan esapide idiomatiko bat aurkitzeko antsia gogor inkontzientea, desegokia izango bada ere" 13.

Efektu idiomatiko ia ezinezkoaren xerkatze horren adibide dira Pat Keegan-ek Dublingo Alkate Jaun berriari buruz egindako hitz-tarte gordinak Ivy Day in the Committee Room istorioan: He'd live on the smell of an oil rag (D:128) - "Belea egondako hesola aski luke horrek bizitzeko" - Istorio berean Jack zaharrak bere seme iriolearekiko adierazten duen aienea: Sure, amn't I never done at the drunken bowsy ever since he left school? (D:120) - "Jakina, eta zertan ari naiz, bada, bestela, mozkor tzar horrekin eskolatik irten zenetik?" - edo Ivy Day istorioan ageri den katalogo oparoa, Dublingo politikari "okerrak" izendatzeko: tinkers (D:121) - "eltze-konpontzaile" - shoeboy (D:123) - "Zapata-garbitzaile" - shoneens (D:121) - "kokots-larri" eta hunker-sliding (D:121) - "ipur-zurikeriarik gabekoa", non ondo emandako esapide batzuk; hala nola, "zurtz utziko", leave us in the lurch (D:121), "katu-larruarekin", the spondulics (D:122), edo "Gazteluaren saripekoak", Castle hacks (D:125), dagokien lekua hartzen baitute beste zenbait aukera motelxeagorekin alderatuta. Gisa honetako adibideek, gure iritziz, protagonistak Dublingo koipekeria politikoaz egiten duen kritika ikaragarriaren indarra ahuldu egiten dute, nabarmen —eta hori, Dubliners bildumaren barruan apartekoa den istorio batean, ia osorik elkarrizketaz osatutakoa izateagatik eta, oso adierazgarria, autoreak bereziki maitea zuena—.

Istorio gutxiren ospea bada modu eraginkorrean indartzen Dubliners14 obrako gaztelaniarako itzulpenetan, arrazoi nagusia ez da hizkera arrunta eta anglo-irlandar aldaerak gaztelaniaz behar bezala ez ematea, ezpada bildumaren osotasunaren atzean dauden Joyceren erretorika-helburuen gogatzeei erantzun akastuna ematea. Dubliners obrak, idatzia izanik kasik kazetaritzako reportage estilo lau batean, zeina —istantean esan behar da, haien defentsan—, mundu osoko itzultzaileen zorigaitza den, nahiz autorearen intentzio adieraziei; hau da, bere testua "estilo zeken zorrotzean" ontzeko intentzioari, izugarri ondo erantzuten dion, ataka estuan jartzen du itzultzaileek modu zehatz eta soilean idazteko behar duen abilezia, eta, bereziki, Joycek "repetitio", "dispositio", "imitatio" edo hitzen etimologiaren moduko baliabideez egiten duen erabilerari antzemateko gaitasuna.

Umorea alde batera utzita, egia borobila darabil Hugh Kenner's-ek, Joyceri buruz esaten duenean literaturako "Moldatzaile Bakartia" 15 dela; izan ere, autoreak elementu lexikalez berariaz egindako hautua, kokapena eta errepikapena da ekarpenik handiena egiten diona Dubliners obrak agertzen duen "lautasun" kalkulatu horri, ez baitu jozen oraindik Joyceren beranduagoko lanetan ageri den nabarmenkeria metaforikora. Ezen Dubliners bezalako obra goiztiar batekiko itzulpen hurbilketa beranduagoko lanen ezagutzaz koloreztatuta badago, zail izango da neurri batean behintzat jatorrizkoaren "gehiegizko idazketaren" tentazioan ez erortzea. Dublinerseko zenbait istorio, oraindik, hasberri-lanak diren arren, gehienak maisulan txikiak dira argi eta garbi, eta beren kasa ere, beranduagoko lanen konfirmaziorik gabe, Joyceren artearen testigantza eman dezakete. Haatik, nabaria da, batez ere Dubliners obraren gaztelaniarako itzulpenetan, Joyceren errepikapenaren eta kokapenaren erabilera arretatsua baztertu eta esperimentazio lexikalaren eta sinonimiaren erabilera nabarmenagoa egiten dela. Irene Aldasororen meritua da, beraz, argi eta garbi sumatzen duela Joycek elementu lexikal garrantzitsuen kokapen sotilaren eta errepikapen sarriaren indar erretorikoa, bestela jatorrizko testuaren gehiegizko idazketan eroriko bailitzateke itzulpena, edo Joycek adierazitako "batezbestekotasun" estilistikoaren printzipioa tradituko bailuke16.

Istorio gehienei darien giro ilunantz nabariari penintsulako itzulpenek emandako erantzunak adibide egoki izan daitezke. Araby istorioaren sarreran, adibidez, Joycek errepikapenaren erabilera sarria egiten du efektu estilistiko jakin baten bila, giro iluna, ia alienatzailea, sortzeko. Iluntasunaren eta argiaren gaiak kontakizun-bildumaren osotasunean duen garrantzia dusk, sombre, dark, shadow, gloomy eta darkness (D:31-35) hitzak behin eta berriz erabilita adierazten da, eta horrenbestez, ingurunearen moteltasun erabatekoa indartzen da. Giro arras itogarri hori oso urardotuta ematen dute Joyceren espainolerako itzultzaileek. Ikusten dugu nola Cabrera-Infantek hiding-place (espainolez escondite) bihurtzen duen shadow; eta Chamorrok, berriz, penumbra, eta nola Abellók hitz hori bera emateko elipsira eta sinonimoen erabilerara jotzen duen. Katalanez17 Joaquim Mallafrèk gertutasun egokiz jarraitzen dio Joyceren lexikoari obran zehar, baina omisiora jotzen du, Joyceren errepikapenaren "astuna" arindu nahian edo, eta galizierazko itzulpenak18 ere ez du errespetatzen Joycek shadow hitzarekin baliatzen duen motibo hirukuna, itzulpen osoan sinonimoak erabilita. Arabyren euskarazko itzulpenean, ordea, Irene Aldasorok meritu handiz ulertu du elementu lexikal beraren erabilera esanguratsuen errepikapena islatzearen garrantzia, sinonimoen bila ibili gabe. Horrenbestez, Joyceren dark muddy lanes (D:30) itzuli du "bidexka ilun lokaztuetatik", the dark, dripping gardens (D:30), berriz, "baratze ilun bustietako", edo we hid in the shadow ... we watched her from our shadow ... eta we left our shadow (D:30), hurrenez hurren, "ilunpetan ezkutatzen ginen", ... "begira egoten gintzaizkion ilunpetatik", ... eta "ilunpetatik irten" eman ditu.

Ezein itzultzaileren defentsan, esan beharra dago jatorrizko autorearen intentzioaren hautemate mugatua izaten dela testu itzuliaren akatsik hedatuena, baina ulergarria da hori; izan ere, itzultzaileak, beste gauza asko izan badaitez ere, ez dira derrigorrez Joyceren diskurtsoaren hain hurbileko irakurleak, adibidez, haren kritikoak beste. Edo litekeena da beti-beti ez izatea behar besteko sentiberatasuna, edo, besterik gabe, kritikari jakitunek adinako sakontasunaz zehar-aipamen guzti-guztiak egiaztatzeko aski denbora hartzerik ez izatea. Hala egin behar lukete, ezen Joycek bere irakurleei ezartzen dien eskakizun maila arras altua baita, jakina, baina errealitateak, argitaratzaileen epeek eta biziraupen-printzipioak tartean sartzeko modua egin ohi dute. Joyceren motibazio erretoriko kontzienteen harira itzulpen printzipio formulatu bat aipa badadi, egoki litzateke azken hitza Peter Newmani ematea: "Edozein hitz, sorburu hizkuntzako testuan errepikatutako gako nahiz leitmotif, errepikatu egin behar litzateke itzulpenean ere, inoiz ez sinonimo batez ordezkatu" 19.

Espainolerako itzulpenak, kasu zehatz honetan jatorrizkoa "urardotzen" dutenez, gure ikuspegiaren froga gisa balia ditzakegu; hau da, itzulpenak jatorrizkoaren beste irakurketa bat izateaz gain jatorrizkoaren ondoz ondoko iruzkin bat egiteko ere balia daitezkeela, eta, gehiegizko idazketa bidez jatorrizkoa manipulatu dutenez, azken finean jatorrizkoaren balio erretorikoa indartu egiten dutela, irakurlearen arretaren aurre-aurrean jartzeraino nabarmentzen baitute. Berariazko errepikapen lexikora eta adjektibo esanguratsuaren kokapen zehatzera jotze hau, euskarazko itzulpenean atsegin handiz seinalatzen duguna, Arabyren moduko istorio goiztiar batean ere aurki daiteke.

Joycek ez ditu giroa sortzeko soilik moldatzen bere esaldiak, jakina, Araby edo Two Gallants istorioren sarreretan bezala, edo merezi bezain laudatua den The Dead istorioaren gibel solasean bezala. Gramatika eta lexikoa bata bestearekin konbinatuz moldatzeko Joycek duen modu zorrotzaren adibide gisa, har dezagun the man nominatibo soilaren erabilera errepikakor bortitza, Counterparts istorioan Farrington eskribau zorigaitzekoaz egiten den deskribapenean. Istorioaren lehen eta hirugarren tableaux horietan 29 bider aipatzen denez Farrington the man modura, zeinek etxean nahiz bulegoan duen estatus despertsonalizatua azpimarratzen baitu, ez da espero izatekoa itzultzailerik oharkabeenak ere errepikapena ez sumatzea. Haatik, Musleraren espainolerako itzulpenean aipamen horietako lautatik bat modulatzen da aldaera nominal edo eliptikoak —hala nola, un individuo, el otro, el empleado edo are lo pronominala— erabiliz; efektu baliokidea bilatuz, bada, beharrezkoa ez denean. Eta Abellóren itzulpenak, berriz, Joyceren 29 errepikapenak 6 bider soilik errepikatzea lortzen du, 6 aipatu gabe utzita; eta jatorrizkoari egindako kaltea are urrunago eramaten du Farringtoni Kellyren bahitetxeko the consignor gisa egindako aipamenari el cajero (=the cashier) ordain okerra ematen dionean (D:93), zeinek irakurlea behartzen baitu egoeraren absurduaz gogoeta egitera: Farrington saiatuko litzateke, itxuran, bere buruari bahituran utzi dion erlojua berreskuratzen. Elkarren kideak euskarazko itzulpenean Aldasorok zuhurtzia handiz lehen tableau horretan agertzen diren 23 errepikapenak errespetatzen ditu, eta hirugarrengoan agertzen diren seiak, zeinek berriz ere aditzera ematen baitu Aldasorok jatorrizko testuaz egindako irakurketa sakona eta Joyceren poetikaren errespetu argia.

Istorioaren hiru tableaux horietako bigarrenean Farrington "izen propio" estatusera goratuta, are gehiago indartzen du jokoa Joycek, erreferentzi "kodifikatuak" trukatu eta Farringtonen lagun zaharrak the boys izendatzen dituenean, eta, ironiaz, the men. Abellók goitik behera huts egiten du "rol" trukatze hau, the boys itzultzeko los amigos, ellos izenordaina eta, beranduago, los muchachos erabiltzen baititu, eta the men itzultzeko, berriz, los amigos, los hombres, eta todos elipsiduna. Eta erdiko atal guztian izendatzen den man bakarra ere —the curate (=barman) (D:96), Farrington eta Weathers-en artean gertatzen den indar-neurketaren testigu— izen-ahanztura horretara kondenatzen du, beste izenordain forma batekin itzulita. Aldasorok, aitzitik, Joycek errepikapenaz egiten duen erabilera islatzeko duen abilezia baieztatzen du berriz ere, istorio osoan the boys itzultzeko "mutilak" baliatuz, eta the men itzultzeko, berriz, "gizonak".

Leku mugek galarazten dute Joyceren testuak jarritako erronken eta espainolerako itzultzaileek testuaren dimentsio erretorikoari emandako erantzun epelen analisi xehearekin jarraitzea. Seinalatuko ditut, ordea, beste itzulpenetan ondo ebatzi gabeko auzi zehatzak —Joyceren poetika sotilaren bide-seinale modura jokatzeaz gain testu goiztiar bikain honen ospea indartzen dutenak—, aldiz euskaraz gehienetan oso modu profesionalean ebatziak izan direnak. Testuaren erronken artean, besteak beste, honako hauek seinala ditzakegu:

1) Two Gallants istorioaren sarreran gertatzen den kaleko eszenaren deskripzioa, bilduman parerik ez duena, figura erretoriko kontzentratuen geruza oso bat erabiltzen baita bertan. Dublindarrak itzulpenean, Joyceren grey warm evening (D:49) — "arrats gris epela" — egoki kontrajarrita agertzen da "warm grey evening air" esamoldearekin (D:49) — "arratseko aire gris epeletara", changing shape and hue unceasingly (D:49) esaldi poetikoki errepikakorra — "forma- eta ñabardura-aldaketa etengabean" behar bezala parekatuta agertzen da an unchanging unceasing murmur (D:49) esapidearekin  — "murmurio aldagaitz etengabe", baina helburu erretorikoengatik bata bestearen ondoan jarritako ... in the streets. The streets ... (D:49) errepikakorra euskaraz emateko aukera nolabait ahulduta ageri da: "kaleetean (...). Kaleak,".

2) Eveline istorioko emakumezko protagonistaren gogoeten izaera artikulatu gabea, Joyceren berariazko errepikapen lexikalaren eta aditz moldeen bidez adierazia. Adibide modura: ... Her head was leaned against the window curtains and in her nostrils was the odour of dusty cretonne (D:36), zeina ondo itzulita baitago, ondoko esaldiaren bidez: "Leihoko errezelaren kontra zuen burua, eta kretona hautseztatuaren usaina sudur-zuloetan", kasik Eveline bere gorputzaren mugimenduen edo sentipenen jabe aktibo ez balitz bezala, edo oharkabekoak balitzaizkio bezala.

3) Clay istorioko emakumezko protagonista den Mariaren deskripzioan behin eta berriz ageri diren errepikapen lexikalak, haren gorputzari dagokionez: She found it a nice tidy little body (D:101)  — "gorputz ñimiño hainbat aldiz apaindu izan zuen hari" — edo Maria was a very, very small person (D:99) — "Emakume txiki-txikia zen Maria".

4) Itzulpen galera nabaria The Sister istorioan agertzen den mutil narratzailearen "sofistikazio" lexikalari heltzerakoan. Autoreekin izandako eskutitz trukean, Irene Aldasorok adierazten du jakitun zela zenbait elementu lexikalek —hala nola, paralysis, gnomon eta simony (D:9)— zeukaten esanguraz, baina ez dugu aurkitzen aipamenik honako hauekiko: apaiz hilaren hitzak idle (D:9) — "hutsak" izatea — hilkutxan dagoela haren bularraren gainean jarritako kaliza ere idle (D:18) - berriz ere "hutsak" diren bezalaxe — apaizaren musuzapi gorria, bitxia izanagatik, inefficacious (D:12) "alfer-alferrik" modura deskribatua izatea — edo Elizaren aiten gaitasunari egindako aipamena elucidating all these intricate questions (D:13); elucidate aditza "argitzeko" dago itzulita, eta beraz, "argi" ematearen ideia mantentzen den arren, illumination prosaikoagoaren eta elucidation erudituagoaren artean dagoen progresio lexikal nabarmena ez da islatzen.

5) The Boarding House istorioan Polly Mooney-ri egindako aipamen nabarmen paradoxikoak; hala nola, little perverse Madonna (D: 62-63) eta haren wise innocence (D:64) noiz-nolakoa. Biak daude ondo emanak euskaraz: "madonnatxo gaizto" eta "inuzentean, zuhurki".

6) Duffy jaunaren odd autobiographical habit (D:108), A Painful Case istorioan, zein, itzulpen axolagabe batean oharkabean huts egin litekeen arren, behar bezala hautemana eta emana baitago euskaraz. Esaldiak eratzeko duen moduaren adibide adierazgarrien artean dago ... a short sentence about himself containing a subject in the third person and a predicate in the past tense (D:108), zeina haren desintegrazio existentziala obsesiboki azpian hartzera iristen baita istorioaren azken paragrafoan, adibide hauen bidez adierazten den bezala: ... He turned back the way he had come ... , ... He began to doubt the reality of what memory told him ... , edo ... He felt that he was alone ... (D:117), euskaraz modu literalean, eta beraz, esanguratsuan, honela emanak, hurrenez hurren: ... "Etorri zen aldetik itzuli zen berriro", "zalantzan jartzen hasi zen", eta "Konturatu zen bakarrik zegoela".

Hitz edo esaldi esanguratsuen baliatze berariazko eta sotila, bereziki Dublingo gizarte-, kultura-, politika- eta erlijio-bizitzari dagokionez, suzko bataio bereziki zorrotza da itzultzailearen trebetasunarentzat; halarik ere, berriz ere nabaria da itzultzaileak ikerketa ugari egin izanaren fruitu dela Dublindarrak20. Aldi honetan ere, laburtasunaren amorez, adibiderik esanguratsuenak zerrendatzen ditugu:

1) Erreparatu Two Gallants istorioan Kildare kalean harpa-jotzaileari entzuten daudenak izendatzeko strangers (D:54) hitzak duen konnotazio indartsuari gaztelaniazko bertsioek emandako erantzun epelei. Strangers inbaditzaile ingelesa izendatzeko modu bat bada, ez da oso egokia besterik gabe listeners, new-comers, spectators edo are gate-crashers moduan ematea. Zenbatez atsegingarriago irakurtzea, adibidez, katalanezko itzulpenean, forasters moduko ordain bat, zeinak modu egokian bateratzen baititu zentzu nabaria eta esangura ezkutua, eta euskarazkoan, "arrotzen", zeinak ez baitu soilik strangers hitzaren zentzua, baita outsiders hitzarena ere, eta gaizki hartutakoena, gainera.

2) Araby istorioko narratzaile gazteak egiten duen aipamen politiko diskretu baina esanguraz zamatua: the troubles in our native land (D:31). Irakurle garaikideen ikuspegia Irlandaren naziotasunaren eta independentzia politikoaren aldeko aldarrikapenen zuzenbidea begi onez ikustera helduko litzateke; haatik, itzulpen galera arras nabarmena dago hemen ere, espainolerako itzulpenek ordain anbiguoak ematen baitituzte; hala nola, los líos de la tierra, edo las desdichas de nuestra tierra natal. Musleraren itzulpena, las luchas de nuestra tierra natal, hobea da, eta Abellók nuestra patria indartsu bat jartzen du troubles itzultzeko acontecimientos bezalako ordain zeharo urardotu baten ondoan. Interesgarria da ikustea katalanerako itzulpena dela, atzetik galizierara egindakoa duela, zehar-aipamen politikoari justizia egiten diona, lehenak les dissorts del nostre país natal ordainarekin, eta bigarrenak as loitas da nosa terra esaldiarekin, nahiz eta aztertu ditugun sei itzulpenetatik batek bakarrik baliatzen duen patriari egindako aipamen aberkoi argia. Dublindarrak itzulpenak ere, kasu honetan, erantzun zertxobait urardotua ematen du, "gure jaioterriko arazoei", beharbada ez duelako atzeman irlandar nazioaren independentziaren aldeko borroka politikoari egindako zehar-aipamen nabarmena.

3) Heriotz-epaileak Sinico andrearen heriotzaren gaineko ikerketarekin egiten duen sarraldi bortitza, ordura arte bare-bare aurrera doan A Painful Case istorioan. Itzulpenetako batzuek, ez dutenez asmatzen deskripziotik reportage erregistrora aldatzen, Joyceren kazetaritza-parodia bikaina are gehiago nabarmendu besterik ez dute egiten. Kasu honetan euskarazko bertsioak modu miresgarrian atzematen du jatorrizkoaren egunkari albistean Joycek berak ... The threadbare phrases, the inane expressions of sympathy ... (D:115) hitzekin deskribatzen duena, ... "Esaldi josi gabe haiek, elkartasunezko adierazpen tentel haiek" ..., berariaz hartutako estilo diskretu batean, kontra eginez jatorrizkoaren reportage lau, prosaiko hori, finean suizidio bidezko heriotza narras eta itsusia izan denari buruzkoa, nolabaiteko dramatizazio loriatsu bihurtzeko tentazioari.

4) Besteak beste, Castle hacks eta Major Sirri egindako aipamenak (D:125), Ivy Day in the Committee Room istorioan. Nahiz eta polemika politikoaren auzia ez den istorio sorta honen gai nagusietakoa, ez da onargarria itzultzaileek the Castle (Dublin Castle) aipamenaz ez ulertzea Irlandako britainiar administrazioa izendatzeko kode argia. Gainerantzean konnotazioari dagokionez egokiak diren arren, a sueldo de la Corona, pagados por el gobierno inglés edo mercenarios de la Corona itzulpenek ez dute jasotzen the Castle izendapenaren garrantzia, irlandar abertzaleentzat esangura ia mitikoz jantzita dagoen eraikina den aldetik. Zeinen atsegina, berriz ere, irakurtzea euskal itzulpenak ... those little jokers? Half of them are in the pay of the Castle (D:125) esaldia honela ematen duela: "... txilibitu horiei? Uste dut erdiak Gazteluak pagatuta daudela ...", eta ... They are Castle hacks ... (D:125), honela: "Gazteluaren saripekoak dira horiek ...". Haatik, abertzaleen etsaien katalogoan leku pribilegiatuan dagoen Major Sirri egindako aipamena, konnotazio aldetik oso indartsua, tamalez bi itzulpenetan soilik gordetzen da, Judas ordainaren bidez: Cabrero Infanteren espainolerako bertsioan eta galizierara egindakoan. Euskarazko itzulpenak "Horra hor Sirr komandantearen ondorengo zuzena" ... baino ez du ematen ... There's a lineal descendant of Major Sirr for you if you like! (D:125) esaldirako, zeinak, oin-ohar baten faltan, euskal irakurlea jatorrizkoan ageri den satira gordinaz ezjakin utz bailezake.

5) Joe Hynes-ek Charles Stuart Parnellen oroimenez errezitatzen duen oda abertzalearen poetika erretoriko higatuzko pastixe loriatsua, Ivy Day in the Committee Room istorioan. Ziurrenik atal honetan datza istorio sorta osoko itzulpen erronka gorena: berariaz "gaizki", eta hala ere bikain idatzitako neurtitzen erretorika ematearena. Katalanerako itzulpenak, adibidez, oda abertzaleak katalanezko bertsogintzan oinarrizko elementu direla profitatuz, emaitza bikaina lortzen du jatorrizkoaren erretorika hanpatua birsortuta. Aldiz, espainolerako bertsioek, jatorrizkoa "ahuldu" egiten dute, kasik Parnellen heriotzari buruzko iruzkin ia periodistikoa, azalekoa eta prosaikoa, bihurtuta. Dublindarrak bertsioak, espainolerakoek ez bezala, sekulako itzulpena eskaintzen du. Nahiz eta Crofton jaunaren azken hitzetan modu soil —eta ironikoan— ... a very fine piece of writing ... (D:135) deskribatzen den, argi dago, berak esan baitzuen Ivy Day istorioa zuela kuttunena, atal honen kalitateaz jakitun zela autorea. Zeinen jatorrizkoaren duineko, beraz, Aldasororen itzulpenarekin batera neurtzea, zeinek harmoniaz esposatzen baititu euskarari emaniko halako kutsu arkaiko bat, ondo konpondutako errima antolaera bat (euskarazkoan abab errima ia oda osoan, zeinak ondo itxuratzen baitu Joyceren abcb jatorrizkoan), eta zehaztasun lexikal akatsgabe bat. Izan bitez testigantza emaile azken bi ahapaldi gorenak, gure iritziz, behinik behin, itzulpen praktikako adibide modu ezin bikainagoan konpondua den horrena:

They had their way: they laid him low.
But Erin, list, his spirit may
Rise, like the Phoenix from the flames,
When breaks the dawning of the day

The day that brings us Freedom's reign.
And on that day may Erin well
Pledge in the cup she lifts to Joy
One grief — the memory of Parnell
(D:135)

"Barena eginda, beheratu dute,
Baina erne, Erin, zeren haren hatsa
Fenix sugarraren artetik bezala
Egun argi batez jaikitzen ahal da"

"Askatasunaren egun argi hartan
Kopa altxatzean, pozari lotuta
Erinen bihotzak erakutsiko du
Nahigabe handi bat: Parnellen gomuta"

6) Azkenik, A Mother istorioan agertzen diren Irish Revival (D:137) eta language movement (D:138) aipamenak. Ez da egokia lehena modu arranditsuan itzultzea, oro har arteen Errenazimendua balitz bezala, espainolerako itzulpenetan gertatzen den bezala, eta tamala da Aldasorok ere the Irish Revival "Irlandar Berpizkundea" itzuli izana, arteen Errenazimendu orokor bat izan balitz bezala, egiaz irlandar ethos nazionalaren definizio berri bat, eta, hain zuzen, definizio zelta baten bila abiatu zen literatur mugimendu bat izan zenean. Berriz ere, katalanaren eta galegoaren moduko hizkuntza periferikoek ematen dituzte erantzunik egokienak. Mallafrèk modu zinez bikainean itzultzen ditu aipamenok katalanera, la Renaixença irlandesa erabiliz, eta Kathleen Kearney, ... a believer in the language movement...(D:138) izatea era partidària del moviment de defensa de la llengua ematen du. Galizierazko bertsioak bide beretik jarraitzen dio, o Rexurdimento Irlandés eta cría no renacer da lingua baliatuz. Euskarazko itzulpenak language movement aipamena errespetatzen duenez "... eta hizkuntza-mugimenduaren aldekoa" emanda, pentsa dezakegu penintsulako testuinguruan hizkuntza periferikoetara egindako itzulpenak direla laudorio gorenak merezi dituztenak, kultura "minoritarioetako" hizkuntza horiek elkartzen dituzten oihartzunez jabetzen direlako, penintsulan gaztelaniaren presentzia monolitiko, eta, sarritan, mehatxagarriaren aurrean, ingelesak irlandar hizkuntzari egiten dion mehatxuaren parekoa.

Ondorio modura, Joyceren lan handien artean goiztiarrenaren euskarazko itzulpena azterturik, eta bereziki penintsulako beste hizkuntzetara egindako itzulpenekin alderatzean, frogabidea aurkitu dugu baieztatzeko itzuri ezinezko beharra dela itzultzaileentzat jatorrizkoaren irakurketarik ahalik eta sakonena egitea, uste osoa izatea irakurketa horretatik ateratako ondorioetan, eta ondorio horietan oinarritzea. Begi-bistakoa den zerbait adieraztea izan litekeen arren, baieztapen hori ez zaio Joyceren testuei gutxiago egokitzen, soilik maiz entzuten dugulako. Urrunago ere joan gaitezke, eta baieztatu Joyceren itzultzaileak jatorrizkoa ezagutzeaz gain ulertu ere egin behar lukeela, eta hori esatea ez da, beti, begi-bistako zerbait esatea (Dublinersen espainolerako itzulpen batzuk anbiguotasun oso nahasgarrietan erortzen dira hainbat pasartetan, edo are ulermenaren erabateko hausturan), eta hori itzulpenak aztertzen dituztenek (geu ere barne izanik) alaiki seinalatzen dute maiz. Joyce ikertu dutenengan gehiegi bermatzeak, aldiz, itzultzailea interpretazioaren arriskuetan sartzea dakar, eta interpretazioak garrantzirik gabekoa eta zentzurik gabekoa, biak bultza ditzake.

Joyceren kasuan, noski, beste arrisku bat ere egon daiteke, Fritz Senn-ek bere ibilbide profesionalaren talaiatik behin eta berriz esan duen bezala: ez Joyceren pasarte batek zertaz diharduen ez ulertzeko arriskua, baizik eta, paradoxikoki, zertaz diharduen ulertzekoa, edo "erabat" ulertzekoa, betiere halakorik posible dela onartuta. Ez da soilik hitz bakoitzak bere funtzioa duela eta dagokion lekuan dagoela, baizik eta hitzen, esaldien, metaforen eta gainerako guztiaren funtzioa anitza eta konplexua dela. Normalean esan ohi dugu literatur testuak "hainbat mailatan funtzionatzen duela", eta Joyceren estiloak bereizgarri du da halako "gain-determinazio" bat, zeinaren parera heltzeko egundoko lana egin behar baitute itzultzaileek.

Haatik, heldu egin behar zaio erronkari. Joyce itzultzea ez da beste hizkuntza batean gordetzea merezi duen beste edozein idazle itzultzea baino zailago. Itzultzaile garen aldetik, literatura "arruntagotik" aparte dagoen mundu batean gaudela sinesteko joera orori aurka egin behar genioke, hori izanik Dubliners obraren espainolerako itzultzaileek nabarmen erakusten duten huts egitea, aldiz hizkuntza periferikoetara egindako itzulpenak, eta, bereziki, euskarazko eta katalanezko bertsioak, saihesten ahalegintzen direna.

Senn-ek, Ulyssesen hainbat itzulpeni buruzko analisiaren ondorioak ateratzerakoan, honakoa ematen du aditzera testu itzuliaren balioaz, bai jatorrizkoaren iruzkin modura, bai xede-hizkuntzaren kulturako literatur kanona zabaldu nahi lukeen lan modura:

Honen bidez ez da ukatu nahi lagin modura jaso eta —nahiz zenbaitetan modu bidegabean— aztertu ditugun itzulpen guztien mereziendu izugarria. Guzti-guztiek, nik dakidala, frogatua dute beren balioa... beren herrialdeko literaturan eragin dute eta beren garaiko giroa moldatzen lagundu. Guzti-guztiek argitzen eta interpretatzen dute liburu bat, zeinak interpretazio horien beharra baitu beranduagoko lanen itzaletik aterako bada. Itzulpen horien azterketak berebiziko interesa du. Beren akatsak, ere, aurkikuntzen atari bihurtzen dira21.

Gure azken argudioa da gauza bera esan litekeela ziurrenik Dublindarrak itzulpenari buruz. Itzulpen modura, oso kontuan hartzea merezi du, ez soilik Joyceren fikzio obra handietan lehena beranduagoko obren itzaletik ateratzen laguntzen duelako, baita bere xede-hizkuntzako literaturan izan duen eragin garrantzitsuagatik ere. Arrazoi horiek aski lirateke itzulpena beharrezkoa dela baieztatzeko, eta eginkizun inplizituki "ezinezkoa" izateak ez dio ezer kentzen beharrezkotasun horri. Izan ere, egoki litzateke defendatzea, Sennen balioespen22 zuzenari jarraituz, hain zuzen ere zentzu batean ezinezkoa izateak egiten duela Dublinersen itzulpena —edota Joyceren ezein obrarena—, hain lantegi mereziduna.


Oharrak

1. Levin, H. (ed.), (1946), A James Joyce Reader, The Viking Press, New York, Editorearen hitzaurrea, 1 or.

2. O'Neill, P. (2005), Polyglot Joyce: Fictions of Translation, University of Toronto Press, Toronto, 26 or.

3. Dublindarrak (euskaratzailea Irene Aldasoro), (1999), Alberdania, Irun, artikulu honek aztergai duen itzulpena.

4. Artistaren Gaztetako Portreta (euskaratzailea Irene Aldasoro), (1992), Ibaizabal, Amorebieta.

5. Dublindarrak itzulpenak Euskadi literatur saria jaso zuen 2000 urtean, euskarara egindako urteko itzulpen onena izateagatik. Epai-mahaiaren hitzetan, Irene Aldasorok "... Joyceren mundu konplexua eta idazkera milimetrikoa zehaztasun bikainez euskara jorian eman (zuen), jatorrizko testuko ñabardura guztiei eutsiz".

6. Lehenik Alfonso Donado izengoitipean itzulita agertu zen, honela: (1926) El artista adolescente (retrato), Biblioteca Nueva, Madril.

7. García Tortosa, F.; Mª Teresa Venegas, (1999), Ulises, Ediciones Cátedra, Letras Universales, Madril.

8. Senn, F. (1984), Joyce's Dislocutions: Essays on Reading as Translation, John Paul Riquelme (ed.), Johns Hopkins University Press, Baltimore MD, 20 or. Ondorengo eztabaidan, Fritz Senn-ek Joyce itzuliari buruz, berezko erronka linguistiko eta intelektual modura hartuta, egindako ikerketa aitzindariekiko duten zor sakona aitortzen dute egileek.

9. Senn, (1977), 'Seven against Ulysses', James Joyce Quarterly, University of Tulsa, Tulsa OK, 4, 176 or.

10. Ellmann, R. (ed.), (1975), Selected Letters of James Joyce, Faber and Faber, Londres, 83 or.

11. O'Neill, op. cit., 98 or.

12. Egileei zuzenduriko komunikazio batean, Irene Aldasorok adierazten du Dublindarrak itzulpenaren lorpen bat dela euskara maila batuago,"normalago" bat ondu izana narrazioan, eta euskara maila "arruntago" bat, istorio sortako elkarrizketetan. Ados gaude bi baieztapenekin; hala ere iruditzen zaigu jatorrizkoaren dimentsio bat galdu egin dela, kontuan izanik Dublingo hizkeraren gatzaz eta piperraz zipriztindutako elkarrizketa bizi-biziak ontzeko Joycek zuen "belarri" aparta.

13. Fernando, C. eta R. Flavell, (1981), 'On Idiom: Critical Views and Perspectives', in Exeter Linguistic Studies, University of Exeter, 5, 85 or.

14. a) Abelló, I. (1942), Gente de Dublín, Editorial Tartessos, Bartzelona, b) Muslera, O. (1961), Gente de Dublín, Compañía General Fabril Editora, Buenos Aires, c) Cabrera Infante, G. (1972), Dublineses, Editorial Lumen, Bartzelona, d) Chamorro, E. (1993), Dublineses, Ediciones Cátedra, Letras Universales, Madril.

15. Kenner's-en hitz-joko ederrak "The Lone Ranger" [I.O.: Ibiltari Bakartia], 1950eko hamarkadan ezaguna egin zen irrati eta telebistako sailaren izenburua, esapidearen oihartzuna baliatzen du.

16. Egileei zuzendutako komunikazio batean, eta Joycek errepikapenaz egiten duen erabilera jakinaren gainean egonez baliatu zuen galderari erantzunez, Aldasorok esaten du: 'Sí, es algo que se hace muy evidente. ¿Cómo lo afronté? Pues, manteniendo la repetición, cuando es posible'.

17. Mallafrè, J. (1989), Dublinesos, Edhasa, Clàssics Moderns, Bartzelona.

18. Ramonde, D.; Rafael Ferradáns; Xela Arias, (1990), Dublineses, Edicións Xerais de Galicia, Vigo.

19. Newmark, P., (1997), 'Paragraphs on Translation - 48', The Linguist, 36, 2. zkia.

20. Egileei zuzendutako komunikazio batean, Irene Aldasorok adierazten du istorio sortako aipamen sozio-kulturalak eta beren konnotazioak izan zirela, alde handiz, itzulpenak aurkezten zuen zailtasun nagusia. Gure iritziz, beste itzultzaileek, eta bereziki espainolerako itzultzaileek, ez bezala, Aldasorok modu apartan erantzun dio erronkari.

21. Senn, (1967), 'Seven against Ulysses', James Joyce Quarterly, University of Tulsa, Tulsa OK, IV, 192 or.

22. Senn, op.cit., 192 or.