'Auzo madarikatua'ren bedeinkazioa
Aingeru Epaltza Ruiz de Alda

Felix Urabayenen 'Auzo madarikatua' nobelaren itzulpenaren gorabeheren berri ematen du egileak artikulu honetan, itzulpengintzan nahiz literaturan izandako eskarmentutik abiatuta. Itzultzaile eta aldi berean idazle izanik, zein nagusitu zaion zeini azaltzen digu, besteak beste, lerro hauetan.

Itzulpengintza izan dut bizibide. Literatura dut arnasbide. Bi diziplinak uztarturik itzulpen literarioan aritzera izendatua nintzen, hartara. Salbuespenez baizik ez dut egin hain berezko, hain natural zirudien jauzia.

Erretiroa hartu arte, 30 urtez izan naiz Nafarroako Gobernuko itzultzaile. Foru Komunitateko Aldizkari Ofizialaren euskarazko edizioa hornitu dut funtzio publikoan egin dudan ibilbidearen zatirik handienean. Foru dekretu eta foru lege, agindu eta ebazpen, deialdi eta ordenantza. Poesia guti, ene lanean. Turismorako liburuxkak edo museoren bateko gidak esku artean izan ditudanean ibili naiz literaturatik hurbilen lantokiko sarrera-irteerak fitxatu bitarteko denboran.

Bistan da, ez da niretzat guztiz zapaldu gabeko alorra. Urrats apalak, dena dela, nireak. Eta aspaldikoak. 1987an, nire lehenbiziko nobela argitaratu eta urtebetera, Xabi Otero argazkilariaren Martiartu: kupelgileak ederraren euskarazko bertsioaz arduratu nintzen. Hiru urte geroago, egile berak Sahara paregabearen testua utzi zuen nire eskuetan, gurera bihur nezan. Kazetaritzan nenbilen oraindik eta lanbide horretatik heldu zen nire jakinduria urria, erran nahi baita, nagusiki erdaraz gauzatzen zen errealitatea egunero euskaratu beharretik. Zorionez, biak ala biak argazki liburuak izanik, bigarren mailako osagai zuten testua, Oteroren kamerak hartutako irudien mutil.

Literaturari bagagozkio, euskal itzultzaile gehienek ez bezala lan gehiago egin dut liburuak erdaratzen, euskaratzen baino. Norenak eta neureak, baina. Garazi Arrulak bere doktoretza tesian (Autoitzulpenaren teoria eta praktika Euskal Herrian, 2018) azterturiko kasuetariko bat naiz. Nire hiru libururi aplikatu nion tratamendua. Gisa hartara, Tigre ehizan (1996) Cazadores de tigres bilakatu zen 1998an, Rock’n’roll (2000) izenburu berarekin argitaratu zen 2003an, eta Lasto suako narrazioak (2005) Fuego de paja izenburupean plazaratu ziren 2007an. Idazleak kexa guti itzultzaileari. Ez dut geroztik errepikatu. Horien aitzinetik eta batik bat horien ondotik nire bertze liburu batzuk erdaratu direlarik, bertze batzuen ardura izan da zubi lana. Ni baino finago aritu ez ezik, ni baino fidelagoak izan zaizkio jatorrizko testuari.

Horrelako eskarmentu nolabaitekoarekin ekin nion, kasik 20 urte geroago, Felix Urabayenen El barrio maldito euskaratzeari.

Proiektua ez nuen nik mamitu. Iruñeko Komunikabideak Fundazioaren ekimena izan zen. Hark egin zidan proposamena eta nik onartu. Zergatik Urabayen? Eta zergatik El barrio maldito?

Mendeurrena

«Ez gara idiotak. Denok dakigu erdaraz». Gabriel Arestik jaulki omen zuen behin, ez dakit norekin eztabaida bizian ari zela. Beharbada hori dela eta, argitalpen instituzionalak salbu, euskarari ekarritako liburuen artean multzo ttikia osatzen dute jatorrizko hizkuntza gaztelania dutenek. Irudipena dut, gainera, horien artean klasiko hegoamerikarren lanek aiseago gainditzen dutela gure argitaletxeen bahea Iberiar penintsulako literaturgileenek baino. Zaku horretan ditugu Hego Euskal Herriko erdal idazleak ere —ez nahitaez gure erruz—, aldaketa zantzuren bat bada ere han eta hemen aspaldi honetan. XX. mendeko idazleetan, Baroja eta Unamuno, Celaya eta Otero ditugu gure hizkuntzan; haien lanaren zati bat bai, behinik behin.

Felix Urabayenek (Ultzurrun, 1883) ez du haiek bezain izen handia estatuko parnasoan, baina bazen nor 1936ko gerra aitzineko Espainiako literatur munduan. Haren lanek irakurleen oniritzia zuten; haren iritziak, Madrilgo inguru errepublikanoen estimazioa. Kartzela, bazterketa eta ahanztura izan ziren horren ordaina, frankismoaren garaipenaren ondorioz. 1943an hil zen, Madrilen, denen isilpean. Berrogei urte baino gehiago iraganak ziren haren izena eta haren lana berreskuratzen hasi zirelarik, 1980ko hamarkadaren hondar aldean. Ez Espainiako estatuko hiriburuan, haren sorterrian baizik. Geroztik, gehienbat Nafarroako argitaletxe euskaltzaleen eskutik etorri da Urabayenen liburuen berrargitalpena.

Urabayen gazte atera zen Nafarroatik, eta Toledon eman zituen, ongi erroturik, hil arteko urte gehienak. Izatez, Gaztela Berriko hirian kokatuak daude haren nobeletariko franko, agian Espainia aldean gehien zabaldu zirenak XX. mendeko 20ko eta 30eko hamarraldietan. Haren bertze idazlan batzuek Nafarroa dute gertaleku, sorterriarekiko atxikimendua inoiz galdu ez zuelako marka. Lan horiexei dagozkie mende honetako berrargitalpen guztiak; adierazgarria da, inork ez du bertzeez interes handirik agertu. Bigarren aukera hori izan dutenen artean, El barrio maldito dugu ezagunena; adituen ustez, hoberena ere bai. Hori, berez, bazen euskaratua izateko aski merezimendu. Bada, nolanahi ere, bertze saihets bat eleberri hau berezi egiten duena (Auzo madarikatua, 2025, Pamiela, 93. or.): 

Uztailaren 6an, arratsaldeko lauretan, bezpera famatuekin hausten ziren ohiko kateak, mutilak lantegiari eta bulegoari, mostradoreari eta ikasgeletako bankuei lotzen zituztenak. Eromenak bere huntz orri-makila dantzatzen zuen; Bakok korrok egiten zuen demokratikoki; Apolok, berriz, irri murritz, eta are aita Jupiter ere bere izpiak alde batera uztera makurtzen zen zilipurdi bat egiteko gauza zela erakutsi beharrez…
Gizon sainduek, apezpiku lebitadun eta ziridunek edo integrismoaren borne jakintsuek Ultzama aldera egiten zuten ihes, loriatuak bakanal burrunbatsu baina xaloki herritar horretatik itzurtzeagatik. Eta iruindarra, bizkitartean, dantzan, irriz, kantan eta mozkorkerian, gure aitatxi maiteen airostasun basatiarekin orangutanen hain eite handia zuten aro zoriontsuan.

Las tradicionales cadenas que amarraban la mocería al taller y a la oficina, al mostrador y a los bancos de las aulas, rompíanse el 6 de Julio a las cuatro de la tarde con las célebres vísperas. La locura agitaba su tirso; Baco eructaba democráticamente; sonreía Apolo, y hasta el padre Júpiter se dignaba dejar a un lado sus rayos para marcarse una pirueta…
Los santos varones, los obispos de levita y cirio o los bornes sesudos del integrismo, huían hacia la Ulzama, dichosos de escapar a esta bacanal estruendosa aunque ingenuamente pueblerina. Y el pamplonés bailaba, reía, cantaba y se emborrachaba, con la salvaje donosura de nuestros amados abuelos durante la época feliz en que tanto se parecían a los orangutanes.

Mende batean gauzak ez dira sobera aldatu, ala?

Zinean bezala, literaturan ere ez dira guti sanferminetan girotu edo, gutienez, sanferminak luze aipatzen dituzten fikzio lanak. Gaur egun ere, erdaraz, Nafarroan kasik urtero argitaratzen da halako bat edo bat, genero beltzekoa gehienetan. Uste hedatuenari kasu egitera, Ernest Hemingwayren Fiesta. Eguzkia jaikitzen da litzateke haietan lehena. Alabaina, estatubatuar bizar- zuriak besta basa hauek munduari deskubritu baino lehen, hemengoek bazuten haien berri. Baita haietariko batek literatur lan batean txertatu ere hark baino lehenago. Fiesta 1926koa da. Orduko El barrio malditok urte bat zuen liburu dendetan. Hain justu ere, Urabayenen liburuaren mendeurrenaren aitzakian bulkatu zuen haren itzulpena Iruñeko Komunikabideak Fundazioak. Itzultzaile honen moteltasunagatik ere, Auzo madarikatuak ez zion urteurrenari huts egin, 2025eko udaberrian ikusi baitzuen argia.

Prosa pindartsua

Lehen behakoan, aise egiteko moduko lana iduri zuen. 1925eko lehen edizioan, Madrilgo Calpe argitaletxearenean, liburuak 263 orrialde zituen; Iruñeko Pamielarenean (1988), berriz, 232, eta Tafallako Txalapartarenean (2015), azkenik, 230. Lanaren lehen irakurraldiak iragarri zidan uste baino malda pikoagoa igo beharko nuela.

Urabayenen estiloa urrun dago Baroja garaikidearen sotiltasunetik. Gehiago iduri du Pablo Antoñanaren aurrekari argitsu eta zirtolari bat, maisu vianarraren iluntasun barrokoaren aitaorde alaia. Arestian ikusi dugu: Auzo madarikatuak prosa pindartsua du, koloretsua, pintore inpresionista baten paletak bezain (62. or.):

Oraindik hamalau bertsok osatzen dute aita Bidasoak bere tinta urdinarekin bailarako orrialde berdearen gainean idazten duen soneto georgikoa… Eta ugalde garbi eta klasiko horri —Baztan goitizena paratu diote ibarra trabeskatzen duen bitartean— barrenek dar-dar egiten diote herri bakoitzaren sarreran. Sirena baten saihetsak oroitarazten dituzten haren bizkar berde eta biribilen gainean da erortzen nahasgabe, garbi edo urdin ez den guztia. Latorrizko poteez, fruta-azalez eta janari-hondakinez ihaurri ageri dira haren uhinen erraiak, hain gardenak goialdean. Horregatik ere, amuarrainak eta izokinak, arrain txukun eta akademikoak inon bada-eta, ugaldean goiti joaten dira ihesi, iturburuen birjintasunaren bila. Baizik ere, han baserritarraren dinamita dute esperoan!…

Catorce versos forman todavía el soneto geórgico que el padre Bidasoa va escribiendo con su tinta azul sobre la verde página del valle… Y a este río, limpio y clásico, a quien han puesto el mote de río Baztán, miientras atraviesa el valle, le tiemblan las carnes a la entrada de cada pueblo. Sobre sus lomos verdes y curvos, que recuerdan los flancos de una sirena, va cayendo todo cuanto no es puro, ni limpio, ni azul. Sus ondas, tan transparentes en lo alto, enseñan unas entrañas henchidas de botes de hojalata, cáscaras de fruta y residuos alimenticios. Por eso la trucha y el salmón, peces pulcros y académicos por excelencia, huyen río arriba, buscando la virginidad de los manantiales. ¡Sólo que allí les aguarda la dinamita del casero!…

Urabayenek tokien eta jendeen deskribapen luzeetara jotzen du. Joria da adjektiboetan, esaldi eta paragrafo amaigabeen zalea, tartekien eta eranskin informatiboen maitalea, puntuazio apetatsukoa, erreferente klasiko eta biblikoen ekarle etengabea (148. or.):

Apaizgaitegiko errektoreak —gizon azkarra bera, gero emakume pedagogo itsusi-itsusi batekin ihes egin zuena— Lasarteri erakutsi nahi izan zion kopa okertzea gordean egin beharreko otoitz modua izan behar dela, apezgo katolikoaren barrenean behinik behin. Lasartek, berriz, behaketa aunitzetan bermaturik, arrazoitu zuen bere kofradiakide gehienek karramarro egosien eiteko aurpegia zutela, eta errektoreak onartu behar izan zuen xehetasun hori, nahiz eta argudiatu holakoek ez zutela eskandalurik ematen. Mindu zen eztabaida, eta hondarrean Lasarte beharturik egon zen abituak uztera, ikusirik bere botozko eskaintzak ez zitezkeela inoiz isil-gordekoak izan, zalapartatsuak, apaingarriak eta prozesio itxurakoak baizik, Heladeko itsasoak bustitzen duen herrialde eztian bezala…
El rector del Seminario, hombre sagaz que luego se escapó con una pedagoga muy fea, quiso demostrar a Lasarte que el empinar el codo ha de ser un culto interno, al menos dentro del sacerdocio católico. Argüyó Lasarte, sacando en su abono numerosas observaciones, que la mayor parte de sus cofrades tenían una cara muy semejante a la de los cangrejos cocidos, detalle que hubo de reconocer el rector, si bien argumentando que no daban escándalo. Se agrió la controversia, y al cabo Lasarte vióse obligado a ahorcar los hábitos, en vista de que sus ofrendas votivas no podrían ser nunca recatadas ni sordas, sino tumultuosas, decorativas y procesionales, igual que en la dulce tierra que baña el mar de la Hélade…

Ironia etengabea

Bistan da, ironia etengabe bat eraikitzeko tresna da guztia. Ez da liburuaren lehen orrialdean hautematen den zerbait. Ez zaio beti agerikoa gertatzen XXI. mendeko lehen hereneko irakurleari, zeinak gaztelaniazko prosak mende batean izan duen bilakaerari egozten ahal baitio Urabayenen idazmolde itxuraz hanpatuarekiko urruntasuna. Hainbertzeko piroteknia lexiko eta fraseologikoa zergatik eta zertarako den jabetzen delarik, ordea, handituz doa haren gozamena. Itzultzaile honi, bederen, horrela agitu zitzaion liburuaren lehen irakurraldian. Handik aitzina, euskarazko ordainak gaztelaniazko jatorrizkoaren ezaugarri horiek guztiak atxikitzera bideratu ditu bere ahaleginak (202. or.):

Azio-lagunaren aldeko haurridetasunak zuen alkate berria Etxenikeren alde egitera bulkatzen. Hogeita hamar urteko kontrabando lanak maitasun handiagoa erein zuen bien artean anaiak balira baino. Aldiz, erretorea aspertua zen baztandarrak agot ederrekin ohaideturik ikusteaz. Arraza madarikatua gorroto bai, baina parada sortu orduko likiski amorante bilakatzen. Arizkunen berean, halakoak franko. Oraingo alkateaz, hobe ez mintzatzea; arraza gorrotatuaren bihurgune harmoniatsuak ezagutzen zituen Frantziara joateko Gorramendiko bidexkak baino seguruago. Akabaila eman behar zitzaion horri; Elizak ez zituen onartzen ahal halako elkartze legez kontrakoak. Eta apez ona kar izugarrian bildu zitzaion azpilanari…
El flamante alcalde favorecía a Echeñique por fraternidad de compinche. Treinta años de contrabando les habían hecho quererse más que si fuesen hermanos. En cuanto al párroco, estaba cansado de ver aquellos amancebamientos de baztaneses con agotas hermosas. Mucho odiar a la maldita raza, pero a la primera ocasión se abarraganaban soezmente. En el mismo Arizcun, los casos eran frecuentes. Del actual alcalde, más valía no hablar; conocía las armoniosas curvas de la raza aborrecida, con más seguridad que los senderos del Gorra Mendi que conducen a Francia. Precisaba acabar con aquello; la Iglesia no podía tolerar estos ayuntamientos ilícitos. Y el buen sacerdote sumábase entusiasmado a aquella labor subterránea…

Langintza horretan, onerako edo txarrerako, idazleak irabazi dio bataila itzultzaileari. Egiazki halako batailarik izan bada. Azken batez, «idazle guztiok gara, neurri batean, itzultzaile; itzultzaileak ere bai idazle», dio Andu Lertxundik Itzuliz usu begiak saiakera gogoangarrian.

Gauzak bertzela egin nitzakeen, dudarik ez. Emaitza arras desberdina izanen zatekeen bertze norbaiten eskuetan. Beharbada, irakurle batzuek gehiago eskertuko zuketen hizkera neutro batera jo izan banu, euskal itzulpengintzaren XXI. mende honetako lehen hereneko parametro estandarretatik urrundu gabe. Barka nazatela, ezin izan dut. Karga handia dute literaturara emana egin ditudan 40 urteek. Bertzerik ezinean, nahiago izan dut ni izan, zernahi den hori. Eta, dudak agertuz gero, imajinatzen saiatzea nola jokatuko zukeen garai hartako idazle batek Auzoa lehen aldiz argitaratu zelarik itzulpenaren enkargua hartu izan balu. Erran gabe doa ez naizela edozein idazlez ari, orduko idazle nafarrez baizik: Larreko, Manezaundi, Tapia Perurena… Hirurak aparte zebiltzan, bakoitza bere gisara, gure mendebaldean orduan nagusi zen garbizaletasunetik, eta hirurek hobesten zituzten Iparraldeko literatur tradizioaren moldeak hala hiztegian nola testuaren eraikuntzan. Nik ere halaxe egin dut, ekialdeari so dut lexikoa hautatu eta esaldiak esaldiei lotu, aditza aurreratzeko beldurrik gabe eta galdegaia nabarmentzeko bertzelako baliabideei uko egin gabe. Ez dira hain joera arrotzak gaur egungo euskal itzulpengintzan.

Hondar hitz

Neska gaxte agotaren eta gizon baztandar alargunaren arteko maitasun istorioa. Gordean posible izan zitekeen, baina agerian ezinezko, hautsiko ez baziren Baztango herritarrek Bozateko bizilagunei ezartzen zieten mendez mendeko bazterketaren arau idatzi gabeak. Sanferminak sanfermin, horra, itxura batean, liburu honen mamia. Romeo eta Julieta, Veronan gabe, Arizkunen. Amodiozko istorio erromantiko baten mozorropean, garai hartako gizartea, garai hartako Nafarroa zirikatzeko eta are larrutzeko artefaktua da Auzo madarikatua.

Aurreikuspen guztien kontra, argitalpena ez da oharkabean joan, ez euskal irakurlearen aldetik, harrera beroa egin baitio, ezta erdaldunarenetik ere. Auzo madarikatuaren argitalpenak El barrio malditoren eta Felix Urabayenen alderako interesa arrapiztu du euskaraz ez dakitenen artean ere. Ez da maiz gertatzen gure itzulpenekin. Auzo madarikatuaren bedeinkazioa, agian.