Euskal itzulpengintza gaur: argitaletxeen funtzioa euskarazko literatur itzulpenetan
Artikulu honetan, euskarara egiten diren literatur itzulpenak izan ditugu aztergai. Gure helburua ez da izan, ordea, itzulpen horien ezaugarri linguistikoak aztertzea, baizik eta itzulpen horien atzean dagoen errealitatea ezagutzera ematea, prozesu horretan argitaletxeek duten funtzioan arreta jarriz. Orain arte gutxi jorratutako arlo bat izanik, ez dugu gai honen inguruko ia bibliografiarik eskuragarri, eta, horregatik, lan honetan plazaratutako ondorioak hamar argitaletxerekin zuzenean harremanetan jarriz lortutako informazioan oinarritutakoak dira. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, badirela elkarrizketatutako argitaletxeez gain euskarazko literatur itzulpenak argitaratzen dituzten beste zenbait argitaletxe ere, eta hemen bildutako ondorioak, beraz, ezin direla ondorio absolutu gisa hartu.
Sarrera
Izenburuak iradokitzen duen bezala, argitaletxeek euskarazko literatur itzulpenean betetzen duten funtzioa izango dugu lan honetan aztergai.[1] Euskal literatur itzulpenei dagokienez, orain arte egindako azterketa gehienek itzulpenean bertan jarri izan dute arreta, baina gutxitan aztertu izan da itzulpen bat egiten den testuinguru soziolinguistikoak zer-nolako eragina duen itzulpen horietan. Horregatik, gure helburua ez da izan literatur itzulpenen ezaugarri linguistikoak aztertzea, baizik eta testuinguruak, eta bereziki argitaletxeek, itzulpen horietan zer-nolako eragina duten ikertzea. Horretarako, elkarrizketa bidezko metodoa erabiliko dugu.
Lehenik eta behin, euskarazko literatur itzulpenak argitaratzen dituzten argitaletxeak zein diren eta zer ezaugarritako lanak argitaratzen dituzten aztertu dugu: itzulpenak soilik edo sormen lanak ere argitaratzen dituzten, eta, hala balitz, itzulpenek zenbateko pisua duten, euskarara egindako itzulpenez gain bestelako hizkuntzetara egindako itzulpenak ere argitaratzen dituzten, zer hizkuntzatatik itzultzen duten nagusiki euskarara, zer generotako lanak izaten diren eta lan horiek jatorrizko hizkuntzetatik edo zubi hizkuntzak erabiliz itzultzen ote diren.
Behin euskarazko literatur itzulpenaren ikuspegi hori ulertuta, itzulgaiak eta itzultzaileak nola aukeratzen diren aztertu dugu, eta, horren harira, itzultzaileek zer baldintzatan lan egiten duten ere ezagutu nahi izan dugu.
Jarraian, itzulpenari eta itzultzaileari ematen zaien ikusgarritasunari erreparatu diogu, liburuen elementu paratestualetan arreta jarriz. Lanaren azken atalean, itzulpenen salmentaren inguruko informazioa bildu dugu, euskarazko literatur itzulpenek merkatuan zer-nolako pisua duten ezagutzeko asmotan.
Behin elkarrizketetatik ateratako ondorioak plazaratuta, azken ondorio batzuk atera ditugu, lanean zehar aipatutako ondorio aipagarrienak laburbilduz eta etorkizunera begira euskarazko literatur itzulpenari mesede egingo lioketen proposamenak aurkeztuz.
Metodologia
Lan hau egiteko, euskal itzulpenak argitaratzen dituzten 14 argitaletxetara jo genuen, laguntzeko prest leudekeen galdetuz, baina, arrazoi batengatik edo bestearengatik, azkenean, 10ekin baino ez genuen lortu harremanetan jartzea. Lan honetan bildutako datuak eta haietatik ateratako ondorioak, beraz, 10 argitaletxe horien erantzunetan oinarrituta ateratakoak dira. Hona hemen gure galderei erantzun zieten argitaletxeen zerrenda: Alberdania, Elkar, Erein, Igela, Maiatz, Meettok, Pamiela, Pasazaite, Susa eta Txalaparta.
Eskertzekoa da argitaletxe horiek gure ikerketan laguntzeko agertu duten prestutasuna eta interesa, haien laguntzarik gabe nekez aterako baitzen lan hau aurrera.
Elkarrizketetarako erabilitako kanalari dagokionez, gure lehen asmoa elkarrizketak aurrez aurre egitea bazen ere, argitaletxe batzuek hala eskatuta bestelako bideak ere erabili behar izan ditugu. Horrela, azkenean, 6 izan dira aurrez aurre egindako elkarrizketak, 2 telefono bidezkoak eta beste 2 idatziz egindakoak (galdetegia pasatu, eta erantzunak idatziz jaso genituen).
Behin argitaletxe guztiei elkarrizketa egindakoan, datu guztiak bildu eta ondorioak atera genituen, gaur egungo joera nagusiak identifikatzeko asmoz. Ondorio horiekin, gaur egun euskal literatur itzulpenak bizi duen egoeraren inguruko ikuspegi orokor bat ematen ahalegindu gara. Hala ere, aitortu behar da ondorio horiek ezin direla ondorio absolutu gisa hartu, azterketa honek ez baititu argitaletxe guztiak kontuan hartzen eta horretarako ezinbestekoa bailitzateke azterketa sakonago bat egitea.
Euskal itzulpengintzaren ikuspegi orokorra
Argitalpen motak: sormen lanak eta itzulpenak
Elkarrizketatutako argitaletxeen artean, itzulpenak nagusi diren bi argitaletxe ditugu: alde batetik, % 100 esklusiboki itzulpenak argitaratzen dituen Pasazaite argitaletxea dugu, eta, bestetik, Igela argitaletxea (ekoizpen osoaren % 97 osatzen dute itzulpenek argitaletxe horretan). Joera nagusia, ordea, argitaletxeek itzulpenak sormen lanekin (aurrerantzean, SL) uztartzea da. Argitaletxe horien barruan, bada itzulpenek SLek baino pisu handiago duten argitaletxe bat (Meettok), baina oro har SLek itzulpenek baino pisu handiagoa hartzen dute argitaletxe gehienetan (Alberdania, Elkar, Erein, Maiatz, Pamiela, Susa eta Txalaparta).
Itzulpenen barruan, xede hizkuntzari erreparatuta, bi azpitaldetan sailka genitzake argitaletxeak: alde batetik, euskarazko itzulpenak baino argitaratzen ez dituztenak (Elkar, Igela, Susa, Pasazaite), eta, bestetik, euskarara eta beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenak argitaratzen dituztenak —nagusiki gaztelaniara, Maiatz argitaletxea salbuespen gisa hartuta— (Alberdania, Erein, Maiatz, Meettok, Pamiela eta Txalaparta).
Jatorri hizkuntzak: ingelesaren nagusitasuna
Jatorri hizkuntzei dagokienez (aurrerantzean, JH), argitaletxeak bat datoz ingelesa dela euskarara ekartzen diren lanen hizkuntza iturri nagusia, eta, ingelesaren atzetik, beste bi hizkuntza nagusi genituzke: gaztelania eta frantsesa. Datu hori egiaztatzeko, Nor da Nor datu basean bilaketa bat egin besterik ez dugu. Datu base horretan erregistratuta dauden euskarazko 3.805 itzulpenetatik 1.077 izan dira ingelesetik itzulitakoak, 857 gaztelaniatik eta 601 frantsesetik.[2]
JHan aniztasun handiena duten argitaletxeak Pasazaite eta Susa argitaletxeko MPK bilduma dira.[3] Argitaletxe horiek ahalegin berezia egiten dute JHak ahalik eta heterogeneoenak eta ugarienak izan daitezen, eta, aurrerago ikusiko dugun bezala, alderdi horrek eragina du itzulgaiak aukeratzeko orduan.
JHekin amaitzeko, aipagarria da Maiatz argitaletxearen kasua, eta bereziki argitaletxe horrek hizkuntza gutxituekin duen sentiberatasuna. Maiatzek argitaratutako itzulpenetan, euskararen antzeko egoeran dauden hizkuntzetatik (okzitaniera, bretoiera, galesera, etab.) itzultzeko joera garbi bat ikus daiteke.
Generoa: narrazioa guztiaren gainetik
10 argitaletxeetatik 8 bat datoz narrazioa dela euskarara ekartzen den genero nagusia. Poesia eta saiakera lan batzuk ere itzultzen dira, baina, narrazioaren aldean, oso proportzio txikietan. Joera horren salbuespen dira Maiatz eta MPK bilduma. Maiatz argitaletxean egiten diren itzulpen gehienen generoa poesia da (% 65 inguru), eta, MPK bildumari dagokionez, itzulpenen % 100 dagokio poesiari.
Narrazioaren barruan ere, bada nabarmendu beharreko azpigenero bat, eleberriarena hain zuzen ere; izan ere, narrazioa nagusi den 8 argitaletxeetatik 5ek azpimarratu zuten eleberrien nagusitasuna.
Zeharkako itzulpena edo zubi hizkuntzen erabilera
Zubi hizkuntzez (ZH) hitz egiten hasi aurretik, bada argitu beharreko kontu bat, gaizki-ulertuak ekiditeko. ZHez hitz egitean esan nahi dena da itzultzaileak JHa ezagutu gabe eta % 100 beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenetan oinarrituta egindako itzulpenak direla; hau da, jatorri testua ez den bigarren testu batetik abiatuta egindako itzulpenak direla.
Behin ZHak zer diren argituta, azter dezagun literatur testuak euskarara itzultzean mota horretako itzulpenik egiten ote den. ZHen erabilera lotuta dago euskaratzen diren lanen JHekin. Ikusi dugun bezala, oro har, euskarara Europako mendebaldeko eta Ipar Amerikako hizkuntza hegemonikoetatik itzultzen denez, badira hizkuntz konbinazio horiek ezagutzen dituzten itzultzaileak, eta, beraz, ez da ZHrik erabili behar izaten. Hizkuntza horietatik ateraz gero, ordea, zailtasunak izaten dira itzultzaileak aurkitzeko, bai Europako ekialdeko hizkuntzekin, eta bai, zer esanik ez, Asiako eta Afrikako hizkuntzekin; beraz, zenbat eta hizkuntza urrunagokoa izan, orduan eta ohikoagoa da ZHak erabiltzea, ez baitago hizkuntza horiek ezagutzen dituen euskal itzultzailerik.
Pasazaite argitaletxea genuke joera horren nolabaiteko salbuespena. Argitaletxe horrek hizkuntza nagusi horiez gain hizkuntza periferikoagoetan idatzitako lanak itzultzen dituenez, ZHak erabiltzeko joera handiagoa du beste argitaletxeen aldean.
ZHak erabili diren kasuetan, editoreek diote itzultzaileek ezagutzen dituzten eta eskuragarri dauden hizkuntzetako bertsioak erabiltzen dituztela, baina nagusiki ingelesezko, frantsesezko eta gaztelaniazko itzulpenak hartzen dituztela erreferentzia gisa.
Itzulgaien aukeraketa
Liburu bat argitaratzeak —eta, zer esanik ez, itzultzeak— eskatzen duen denbora kontuan izanik, eta, horrez gain, dirulaguntzak jaso ahal izateko aurrez dirulaguntza ematen duen erakundeari argitalpenen zerrenda bat helarazi behar zaionez, argitaletxeek urtebeteko (edo, kasu batzuetan, hortik gorako) aurrerapenarekin erabakitzen dute zer itzuliko den, eta urteko plangintza bat zehazten dute, nahiz eta gero beti egoten den aldaketaren bat. Elkarrizketatutako argitaletxeen artean bakarra da itzulpenei dagokienez planifikaziorik gabe funtzionatzen duena eta jasotako proposamenen arabera argitaratzen duena.
Normalean, itzulgaien aukeraketa hori argitaletxeen esku egoten da. Hala ere, argitaletxe guztiek aipatu zuten batzuetan proposamenak ere jasotzen dituztela kanpotik lan jakin batzuk itzultzeko eta horrelakoak ere argitaratu izan dituztela (betiere argitaletxe bakoitzaren ildoarekin bat etorriz gero).
Ikusi dugu, beraz, itzulgaien aukeraketan argitaletxeek zeresan handia dutela, baina zertan oinarritzen dira erabaki horiek hartzeko orduan? Elkarrizketatutako argitaletxeek itzulgaiak aukeratzeko irizpide ezberdinak aipatu dituzte. Gehien errepikatu diren irizpideak kalitatea eta interes edo erakargarritasun literarioa izan dira (10 argitaletxeetatik 6k aipatu dituzte faktore horiek). Interes literarioaz hitz egiten dugunean, izan daiteke argitaletxeak berak interes berezia izatea lan jakin bat itzultzeko, edo gizartearen aldetik lan horrekiko interesa egon daitekeela sumatzea eta horregatik erabakitzea lan horren itzulpena egitea.
Bi argitaletxek interes komertziala ere aipatu zuten; hau da, merkatuan ondo funtziona dezaketen lanak hautatzen ahalegintzen dira. Azken finean, argitaletxeen jarduna merkatuaren baldintzapean dago, eta, salmentak eskasak badira, argitaletxeek ez dute baliabide ekonomiko nahikorik izango hurrengo lanek sortutako gastuak ordaindu ahal izateko. Argitaletxe batek esana da gainerako merkatuetan (batez ere gaztelaniazko merkatuan) lan batek zer-nolako ibilbidea izan duen aintzat hartzen dutela lan hori euskaratu ala ez erabakitzeko. Horri lotuta, bi argitaletxek onartu dute jatorrizko lanaren luzera erabakigarria izan daitekeela lan bat itzuli ala ez erabakitzeko orduan (zenbat eta lan luzeagoa orduan eta altuagoak baitira inprenta kostuak). Horrez gain, eta alderdi ekonomikoarekin amaitzeko, argitaletxe batek kontuan izaten du lan jakin bat itzultzeko erakunderen baten dirulaguntzarik jasoko duen ala ez.
Beste bi argitaletxek itzulpenen aniztasunari erreparatzen diote beren plangintza zehazteko orduan, eta ahalegintzen dira ahalik eta hizkuntza eta kultura gehienetako lanak itzultzen. Horri lotuta, beste bi argitaletxek azpimarratu zuten katalogoan dauden hutsuneak betetzen lagun dezaketen lanak aukeratzen dituztela itzultzeko: gai edo genero jakin batekoak (ordura arte jorratu ez direlako), egile emakumeen lanak (erabaki hori berariaz hartu ezean, de facto gizonezkoen lanak nagusi direlako), herrialde jakin bateko literatura (esaterako, afrikar literatura)…
Beste bi irizpide ere badira argitaletxe batek itzulgaiak aukeratzerakoan kontuan hartzen dituenak: jatorrizko lanaren argitaratze urtea (argitaletxearen helburuetako bat lan garaikideak itzultzea baita) eta hizkuntz konbinazio jakin batean itzultzeko prest egongo den itzultzailerik ba ote den.
Itzulpenek jasotzen dituzten dirulaguntzak
Itzulpen kostuen harira, esanguratsua iruditu zitzaigun argitaletxeek itzulpenak argitaratzeko dirulaguntzaren bat jasotzen ote duten aztertzea. Editoreek gehien aipatu duten dirulaguntza Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskarazko argitalpenei ematen diena izan da. Hala ere, komeni da kontuan izatea laguntza hori itzulpenentzat ez ezik SLentzat ere badela (laguntza jasotzeko baldintza da erabilitako hizkuntza euskara izatea), eta, beraz, ezin kontsidera daiteke itzulpenetara bideratutako dirulaguntza esklusibo gisa.
Horrez gain, euskarara egindako itzulpenek Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta Frantziako Kultura Ministerioaren laguntzak ere jaso izan dituzte, eta bi argitaletxek aipatu dute Europar Batasuneko Culture Programme[4] ekimenari esker ere zenbait itzulpen egindakoak direla.
Horiez gain, jatorrizko lanaren hizkuntza bultzatzen duten erakundeen laguntza ere jaso dute zenbait itzulpenek; besteak beste, Finlandiako FILI erakundearena, Danimarkako Arteen Kontseiluarena (Statens Kunstrad Danish Arts Council), Galesko literatur erakunde batena (Cyfnewidfa Lên Cymru), Alemaniako Goethe institutuarena eta Kataluniako Ramon Llull institutuarena.
Hori ikusirik, badirudi askotariko laguntzak daudela itzulpenak egiteko, baina kontu handiz erreparatu behar zaie datuei; izan ere, Eusko Jaurlaritzak euskarazko ekoizpenagatik ematen duen laguntzaz gain, gutxi dira itzulpenak finantzatzeko argitaletxeek jasotzen dituzten dirulaguntzak, eta argitaletxeek azpimarratu dute horrelakoak salbuespenak baino ez direla izaten. Eusko Jaurlaritzaren laguntzei dagokienez, ikusi dugu laguntza hori ez dela itzulpenak bultzatzeko berariazko laguntza bat, eta, gainera, komeni da kontuan izatea baldintza jakin batzuk betetzea ezinbestekoa dela laguntza hori jaso ahal izateko. Horregatik, batez ere argitaletxe txikiek zailtasunak izaten dituzte laguntza hori lortzeko. Bi argitaletxek, esaterako, tiradaren baldintza aipatu zuten laguntza hori jaso ahal izateko zailtasun gisa.
Itzultzaileen aukeraketa eta lan baldintzak
Itzultzaileak aukeratzeko orduan, hiru joera nagusi bereiz daitezke elkarrizketatutako argitaletxeetan. Lehenik eta behin, badira itzultzaile talde finko samar batekin lan egiten duten bi argitaletxe (horietako bat ahalegintzen da egile bera itzultzeko itzultzaile berarekin lan egiten). Beste bi argitaletxeren kasuan, aurkakoa gertatzen dela esan genezake; argitaletxe horiek ez dute lehentasun berezirik itzultzaile jakin batzuekin, eta itzultzaile askorekin egin ohi dute lan, horien artean itzultzaile berriekin. Bada hirugarren joera bat aurreko bi taldeen artean kokatuko genukeena: bost argitaletxek jakinarazi digute ez dutela itzultzaile saldo finkorik eta itzultzaile ugarirekin egin ohi dutela lan, baina itzultzaile horiek kontsakratuak edo esperientziadunak izaten dira normalean.[5] Argitaletxe horiek itzuli beharreko lan bakoitzaren ezaugarrietara (hizkuntz konbinaketa, gaia, autorearen estiloa…) ondoen egokitzen den itzultzailearekin harremanetan jartzen dira, horretarako itzultzaileen ibilbidea kontuan izanik; hau da, argitaletxeak aurrez erreferentziak dituzten itzultzaileekin lan egiten ahalegintzen dira.
Azken argitaletxe batek itzultzaileak nola aukeratzen dituen azaltzea geratuko litzaiguke. Lehen aipatu bezala, elkarrizketatutako argitaletxe batek ez du plangintzarik egiten zer itzuliko den erabakitzeko, eta proposamenak iritsi ahala (batzuetan jada itzulita, besteetan itzuli gabe) erabakitzen du itzulpenak argitaratzea. Lana itzuli behar den kasuetan, argitaletxeko norbaitek edo ezagunen batek egiten du itzulpena, fabore gisa. Argitaletxeek eurek esplizituki adierazi ez badute ere, argitaletxeen webguneetan eta Nor da Nor datu basean eskuragarri dauden datuetan oinarrituta, ikusi dugu beste zenbait argitaletxetan ere ohikoa dela argitaletxeko bertako norbaitek itzultzaile gisa jardutea.
Ikusten dugu, beraz, itzultzaileak aukeratzeko orduan indar handia duen faktore bat dela esperientzia: alde batetik, argitaletxeen erdiek baino gehiagok aipatu dute itzultzaileak aukeratzerakoan kontuan hartzen duten faktorea dela, eta, bestetik, itzultzaile saldo jakin bat duten argitaletxeen kasuan ere, itzulpen munduan esperientzia duten itzultzaileak izan ohi dira. Esperientziaren garrantziak lotura zuzena du itzulpen laginekin. Argitaletxeek itzultzaile esperientziadunekin lan egiteak esan nahi du argitaletxeek aurrez badituztela itzultzaile horien erreferentziak, hala nola zer hizkuntz konbinaziotan lan egiten duten, zer motatako lanak itzuli dituzten edo nolako idazketa estiloa duten. Hori kontuan izanik, gehienetan, argitaletxeek zuzenean esleitzen diote itzulpen enkargua itzultzaile bati, inongo laginik eskatu gabe. Argitaletxeak bat datoz laginak eskatzea ez dela ohiko joera eta itzultzaile ezezagunak diren kasuetara mugatzen direla.
Aurrerago ikusiko dugun bezala, zenbait kasutan (elkarrizketatuen artean bik aipatu digute), itzultzaileak aukeratzeko orduan zeresana ematen duen beste faktore bat itzulpen epeak izan daitezke; hau da, itzultzaile bat kontratatzeko orduan, kontuan hartzen da ea itzultzaileak itzulpena prest izango duen eskatutako eperako.
Itzultzaileen baldintzak: epeak eta tarifak
Behin itzultzaileak nola aukeratzen diren ikusi ondoren, zer baldintzatan lan egiten duten jakin nahi izan dugu, eta, horretarako, itzulpenen munduan zeresan handia ematen duten bi alderdi aztertu ditugu: itzulpen epeak eta itzulpen tarifak.
Itzulpenen epeak direla-eta, askotariko erantzunak jaso ditugu argitaletxeen aldetik: argitaletxe batek aitortu du epeak ezartzen zaizkiola itzultzaileari; ildo beretik, argitaletxe batek onartu du askotan, kanpo faktoreek bultzatuta, presa sartu behar izaten diela itzultzaileei; beste argitaletxe baten kasuan, urtebeteko aurrerapenarekin entregatzen zaie itzulgaia itzultzaileei, eta ez zaie itzulpena entregatzeko egun konkreturik zehazten, baina bai urtea; lau argitaletxek diote epeak itzultzailearekin adosten direla (hala ere, lehenago aipatu bezala, horietatik bik nabarmendu zuten epea erabakigarria izan daitekeela itzultzailea aukeratzeko orduan); azkenik, hiru argitaletxek malgutasuna erakutsi dute epeekin, eta itzultzaileek eurek markatzen dute itzulpen erritmoa.[6]
Epeekiko malgutasun hori lotuta dago hurrengo puntuarekin; tarifekin, hain zuzen ere. Itzulpen epeekin eskuzabaltasuna erakusten duten hiru argitaletxeetatik bik aipatu zuten itzultzaileei emandako ordainsaria EIZIEk proposatuak zituen tarifetatik behera egoten dela (salbu eta dirulaguntzaren bat jasotzen ez badute, orduan ahalik eta tarifa duinena eskaintzen ahalegintzen baitira) eta, diruz ordaindu ezin duten hori nolabait konpentsatu nahian, epeekin malguak izaten ahalegintzen direla. Epeekin malgutasuna erakusteaz gain, itzultzaileei gustuko dituzten autoreak itzultzeko aukera eskaintzen die argitaletxe horietako batek. Epea itzultzaileen esku uzten duen hirugarren argitaletxearen kasuan, itzultzaileei ez zaie ezer ordaintzen itzulpenak egiteagatik.
Elkarrizketatutakoen artean, beste bi argitaletxek aitortu digute itzultzaileei garai batean EIZIEk gomendatzen zituen tarifen arabera ordaintzen dietela. Gainerako bost argitaletxeen kasuan, tarifak itzultzaileekin adosten saiatzen dira, betiere itzultzaileek eskatzen dutena eta argitaletxeak ordain dezakeena kontuan izanda. Bost argitaletxe horietatik lauk adierazi digute argitaletxeak tarifa propioak dituela baina tarifa hori itzultzailearekin adosten ahalegintzen direla.
Tarifen zenbateko zehatzari dagokionez, hiru argitaletxek eman digute beren tarifen berri. Horietako bik orriko (bi kasuetan, 1.800-2.000 karaktere bitartean) ordaintzen diete itzultzaileei: lehenak 16-20 euro orriko, eta bigarrenak, 18 euro orriko. Hirugarren argitaletxearen kasuan, antologiako ordaintzen zaio itzultzaileari (300 bat euro antologiako). Argitaletxe horretako arduradunak onartu du poesia nekez saltzen dela eta horregatik oso zaila dela itzultzaileei tarifa duinak eskaintzea.
Itzulpenen zuzenketak
Elkarrizketatutako hamar argitaletxeetatik bederatzik itzultzaileen lana gainbegiratzen dute argitaratu aurretik. Argitaletxe bakarra da itzulpenen zuzenketarik egiten ez duena; argitaletxe horren kasuan, itzultzaileari ematen zaio ardura guztia, eta itzultzailearen proposamena ez da aldatzen salbu eta akats larriren bat ez badago (gehienetan, ortografia akatsen bat).
Zuzenketak egiten diren bederatzi kasuetatik, ohikoena da (zazpi argitaletxetan egiten da horrela) argitaletxeko norbait arduratzea zuzenketa lan horretaz; kasu gehienetan, editorea izan ohi da. Joera horren salbuespen ditugu bi argitaletxe; bi kasu horietan, argitaletxekoa ez den hirugarren pertsona bat arduratzen da zuzenketak egiteaz (normalean, beste itzultzaile bat), eta itzultzaileek berek aukeratutakoa izaten da.[7]
Itzultzaileen ikusgarritasuna: elementu paratestualak
Atal honetan, irakurleari itzulpen baten aurrean dagoela jakinarazten dioten elementu paratestualak aztertu nahi izan dira, eta baita literatur itzultzaileei ematen zaien ikusgarritasuna ere. Horretarako, hiru alderdi aztertu ditugu: lehenik eta behin, aipatu berri dugun itzultzaileen ikusgarritasunari lotuta, itzultzailearen aipamena liburuko zer ataletan egiten den aztertu dugu; bigarrenik, jatorrizko lanaren izenburua aipatzen den (eta, hala bada, non) jakin nahi izan dugu; eta, azkenik, interesgarria iruditu zaigu ZHak erabiltzen diren kasuetan hizkuntza horiek zehazten diren ala ez aztertzea (eta, hala bada, non egiten den aitortza hori).
Itzultzailearen izenarekin hasiz, argitaletxe guztiek adierazten dute liburuko atalen batean nork egina den itzulpena, eta aipamen hori egiteko hiru leku adierazi dituzte: kreditu orria, barruko azala eta kanpoko azala. Itzultzailearen izena kreditu orrian adierazten duten argitaletxeak bederatzi dira, eta, beraz, ohiko joeratzat har genezake kreditu orrian itzultzailearen izena aipatzea. Barruko azalari dagokionez ere, bederatzi argitaletxek aipatzen dute liburuko zati horretan nork itzuli duen liburua. Baina, zalantzarik gabe, itzultzaileari ikusgarritasun handiena ematen dion liburuko atala kanpoko azala da, horixe baita irakurleen begietan atalik agerikoena. Elkarrizketatutako argitaletxeen artean, MPK bilduman eta Elkar, Igela (Literatura eta Enigma sailetan), Pasazaite, Txalaparta eta Meettok argitaletxeek argitaratutako liburuetan ikus daiteke itzultzailearen izena azalean. Azken bi argitaletxeen kasuan, aipatu behar da ez dagoela joera homogeneorik itzultzailearen izena azalean aitortzeari dagokionez, lan batzuetan aipamena egiten baita baina beste batzuetan ez. Erabaki hori hartzeko orduan, bi irizpide aipatu dituzte argitaletxeek: ea argitaletxeari esanguratsua iruditzen zaion itzultzaile horren izena azalean aipatzea, edo ea itzultzaileak berak bere izena azalean agertzerik nahi duen.
Itzultzailearen izenaz aparte, normalean ez da itzultzailearen bestelako daturik txertatzen liburuetan. Pare bat argitaletxek aipatu dute noiz edo noiz txertatu izan direla hitzaurrean itzultzailearen edo itzulpenaren inguruko datu batzuk, baina oso kasu bakanetan. Elkarrizketatutakoen artean, argitaletxe bakarrean ikus daiteke itzultzaileen datuak txertatzeko ohitura; Pasazaite argitaletxearen kasuan, hain zuzen. Argitaletxe horrek bere webgunean[8] aitortzen duen bezala, ahalegin berezia egiten du itzultzaileei ikusgarritasuna emateko asmoz:
Pasazaiteko liburuetan itzultzailea ez [d]a kredituetan agertzen den izen bat soilik, merezi duen garrantzia eman nahi [d]iogu, leku berezi bat eman nahi baitiogu gure web orrian eta presentzia eraginkorra Pasazaiteren jardueretan (Pasazaite, 2018).
Ideia horri jarraikiz, Pasazaite argitaletxeak itzultzailearen inguruko biografia labur bat gehitzen du hegalean egilearen biografiarekin batera, eta, horrez gain, liburu bakoitzaren itzultzaileak itzulpen prozesuan zehar izandako inpresio, gogoeta, zailtasun eta bitxikerien inguruko azalpenak ematen dituen bideo bat (6-7 minutu ingurukoa) grabatu eta Pasazaiteko webgunean jartzen dute ikusgai.
Jatorrizko lanaren izenburuari dagokionez, 10 argitaletxeetatik 8k adierazten dute kreditu orrian jatorrizko lanaren izenburua. Jatorrizkoaren izenburua kreditu orrian zehazten ez duten bi argitaletxeak Maiatz eta MPK bilduma dira. Hala ere, komeni da kontuan hartzea argitaletxe horietako lanek ezaugarri bereziak dituztela gainerakoen aldean: lehenak bertsio elebidun edo eleaniztunak egiten dituenez, itzulpenarekin batera, jatorri testua ere irakurleen eskura jartzen du, eta, MPK bildumari dagokionez, poesia antologiak argitaratzen dituztenez, poetaren izena baino ez da adierazten (handiz, azalean).
Azkenik, ZHen aitortzari dagokionez, oso kasu gutxitan adierazten da itzulpenak egiteko ZHez baliatu izana. Bost argitaletxek aitortu dute noizbait ZHak erabili izana aipatu dutela beren lanetan, baina guztiek onartu dute ZHen berri ematerakoan ez dutela koherentziaz jokatzen eta ez dutela ZHak adierazteari dagokionez irizpide finkorik. Badirudi, gainera, ZHen aitorpenak ez duela leku finkorik, argitaletxeek liburuko atal batean baino gehiagotan egiten baitute aipamen hori: kreditu orrian, hitzaurrean, edo liburuaren hasieran, ohar gisa.
Euskal literatur itzulpenen salmenta
Elkarrizketatutako argitaletxe guztiak bat datoz euskarazko itzulpenak saltzea ez dela batere erraza, eta argitaletxeen erdiek aipatu dute itzulpenak okerrago saltzen direla oro har SLen aldean. Bi argitaletxek esan digute euskal itzulpenen inguruan aurreiritzi asko daudela aspalditik, hala nola ez daudela ondo itzulita, ez dutela graziarik edo zailak direla ulertzen, eta aldarrikatu dute ezinbestekoa dela aurreiritzi horiei lehenbailehen aurre egitea.
Euskal itzulpenek merkatuan bizi duten egoera ikusita, ez da harritzekoa oro har itzulpenen tiradak SLenak baino txikiagoak izatea —hala ere, esan behar da badirela SLak adina ale inprimatzen dituzten bi argitaletxe ere—. Tiradei dagokienez, ikusi dugu argitaletxe batetik bestera alde handia dagoela; 150 aletik hasi eta 1.500 alera arteko tiradak dituzte elkarrizketatutako argitaletxeek. Datu horiek gehiago zehaztearren, argitaletxeak bi multzo nagusitan bana genitzake: lehenik eta behin, badira oso tirada txikia (150-300 ale bitartekoa) duten 3 argitaletxe,[9] eta, bigarrenik, 700 aletik gorako tiradak dituzten 6 argitaletxe. Aipagarria da 6 horietatik 3 argitaletxe 1.500 aleko tiradetara ere iritsi izan direla zenbait lanekin. Argitaletxe baten kasuan, ez dugu tiradaren inguruko informaziorik.
Tiraden arteko alde horiek ulertzeko, badira kontuan izan beharreko zenbait faktore: argitaletxeak harpidedunak dituen ala ez (Txalaparta eta MPKen kasua), generoa (narrazioa da guztien artean errazen saltzen dena; beraz, tiradak ere handiagoak izan ohi dira), egilea (ezagunak badira, errazagoa da lan horiek saltzea), dirulaguntzak jasotzeko baldintzak (Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzeko, esaterako, orain arte tiradak 600 alekoa izan behar zuen gutxienez), garaia, espazio arazoak (argitaletxe txikienek batez ere, liburuak jasotzeko espazio gutxi dutenez, nahiago dute tirada txikitan inprimatu eta beharrezkoa bada bigarren inprimaketa bat egin).
Azkenik, itzulpenen salmentek izandako bilakaeraz galdetu genien argitaletxeei. Esan behar da kasu gehienetan erantzunak editoreen pertzepzioan oinarritutakoak direla, argitaletxe bakarrak eman baitigu bere salmenten zifrak ikusteko aukera.[10] Lehenik eta behin, badira itzulpenen salmentari dagokionez goranzko bilakaera izan duten bi argitaletxe. Hala ere, kontuan izan behar da bi argitaletxe horiek duela gutxi hasiak direla itzulpenak argitaratzen eta, beraz, urte gutxiko ibilbidea izan dutela bilakaeraz hitz egiteko. Beste hiru argitaletxeren ustez, bilakaera nahiko egonkortuta dago, hau da, ez du ez gora eta ez behera egin urteen poderioz, eta horietako batek aipatu zigun gorabeherak ez direla horrenbeste denborarekin lotuak, baizik eta lanaren araberakoak. Gainerako bost argitaletxeek beheranzko bilakaera ikusten dute euskal itzulpenen salmentan. Are gehiago, bost horietatik lauk diote beheranzko bilakaera horrek itzulpen lanei ez ezik orokorrean euskal literatura guztiari eragiten diola; hau da, orokorrean gero eta euskal literatura gutxiago kontsumitzen dela (bai itzulpenak eta bai SLak).[11] Argitaletxe batek aipatu zuen literaturari ikusgarritasun gutxi ematen zaiola oraindik ere hedabideetan eta horrek ez duela batere laguntzen euskal literaturaren kontsumoan.
Bestalde, lau argitaletxek adierazi dute badirela salmentei bulkada handia ematen dieten hainbat faktore: irakaskuntza planetan sartzen diren liburuak, indar handia hartzen ari diren irakurketa klubak eta askotariko kultur ekitaldiak (liburu azokak, poesia errezitaldiak, egile/itzultzailearekiko solasaldiak…).
Ondorioak
Azterketa honen bidez, euskaratutako literatur itzulpenen atzean dagoen errealitatea ezagutu nahi izan dugu, kanpo faktoreek eta, horien artean argitaletxeek, egiten diren itzulpenetan zenbaterainoko eragina duten ezagutu ahal izateko.
Lehenik eta behin, ikusi dugu itzulgaiak aukeratzeko orduan, argitaletxeen esku egoten dela oro har erabakia. Zenbaitetan, argitaletxeei proposamenak ere iristen zaizkie (argitaletxearen arabera, pisu handiagoa edo txikiagoa hartzen dute), baina, kasu horietan ere, argitaletxeak dira azken finean proposamenak onartzeko edo ez onartzeko eskumena dutenak. Badirudi, beraz, argitaletxeek zeresan handia dutela itzulgaien aukeraketan, baina ez dugu ahaztu behar erabaki horiek bestelako faktoreek baldintzatuta egoten direla maiz: gizartean daukan interes literarioa, lan batek merkatuan izan dezakeen oihartzun komertziala, erakundeek emandako dirulaguntzak, lan jakin bat itzultzeko prest leudekeen itzultzaileak izatea... Hortaz, argitaletxeek itzulgaien aukeraketan zeresan handia badute ere, ezin esan dezakegu % 100 argitaletxeek hartutako erabakia izaten denik, bestelako faktoreek ere baldintzatzen baitituzte argitaletxeen erabakiak.
Era berean, itzultzaileak aukeratzerakoan ere argi ikusten da argitaletxeen erabakiek pisu handia dutela, argitaletxeak izaten baitira oro har itzultzaileekin harremanetan jartzen direnak (argitaletxe bakoitzak bere irizpideei jarraituz). Itzultzaileen baldintzak direla-eta, ordea, argitaletxeekin batera, bestelako eragileek ere zeresan handia izaten dute. Epeei dagokienez, kasu batzuetan, epeak ezartzen zaizkie itzultzaileei, baina joera nagusia itzulpen epea itzultzaileekin adostea edo euren esku uztea da. Tarifen kasuan, itzultzaileez gain (gogora dezagun bost argitaletxek adierazi digutela tarifa itzultzailearekin adosten ahalegintzen direla), argitaletxeen egoera ekonomikoak ere badu eragina (hori, era berean, merkatuaren —hau da, salmenten— eta jasotako dirulaguntzen araberakoa litzateke).
Zalantzarik gabe, argitaletxeen hautuak ere erabakigarriak dira itzultzaileei emandako ikusgarritasunean. Euskal argitaletxeen kasuan, ikusten da argitaletxeek egiten dutela itzultzaileei egindako lana aitortzeko ahalegina; kreditu orrian itzultzailearen izena aipatzeaz gain, barruko azalean eta kasu askotan baita kanpoko azalean ere adierazten dute itzultzailearen izena. Hala ere, itzultzailearen izena aipatzeaz gain, ez da itzultzailearen inguruko datu gehiagorik txertatzen, normalean, liburuetan.
Bukatzeko, inprimaketa eta salmenta direla-eta, argitaletxeek zeresan gutxi dute horretan, alderdi horiek merkatuaren, gizarteko irakurketa ohituren eta literatur itzulpenei emandako ikusgarritasunaren (hedabideetan, esaterako) araberakoak izaten baitira, besteak beste. Hori kontuan izanik, interesgarria litzateke literatur itzulpenen salmentak izandako bilakaera orokorraren inguruan gehiago sakontzea. Argi dagoena da euskal itzulpenen harreraren inguruan aztertu eta dauden aurreiritziei aurre egiteak, bai eta literaturari ikusgarritasun handiagoa emateak ere, mesede egingo liokeela euskarazko literatur itzulpenen salmentari.
Bibliografia
EIZIE. Nor da Nor [Azken kontsulta-data: 2019ko martxoaren 28a]
Elkar Fundazioa eta Siadeco. (2018): Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren ikerketa. [Azken kontsulta-data: 2018ko maiatzaren 21a]
Pasazaite argitaletxea [Azken kontsulta-data: 2018ko maiatzaren 24a]
Prospekzio Soziologikoen Kabinetea eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza. (2018): 66. Euskal Soziometroa. [Azken kontsulta-data: 2018ko maiatzaren 21a]
Oharrak
1. Lan hau helduen literaturara bideratuta dago soilik, ez du haur literatura barne hartzen. Espazio arrazoiengatik mugatu behar izan genuen gure aztergaia.
2. 2019ko martxoaren 28ko datuak. Iturria: Nor da Nor (EIZIE)
3. Hemendik aurrera, Susa argitaletxeari erreferentzia egiteko, Munduko Poesia Kaierak bildumaz hitz egingo dugu, horixe baita Susa argitaletxearen barruan itzulpenera bideratutako bilduma bakarra; gainerakoak sormen lanak dira.
4. Europako hizkuntzetatik Europako hizkuntzetara egindako itzulpenak finantzatzeko EBk emandako laguntzak.
5. Komeni da aipatzea bost argitaletxe horietako batek aipatu zigula normalean itzultzaile kontsakratuekin lan egiten duela, baina itzultzaile berriei ere lekua egiten ahalegintzen ari direla. Beraz, argitaletxe hau bigarren eta hirugarren multzoaren artean koka genezake.
6. Salbuespenen bat egon daiteke, esaterako, euskarazko bertsioa gaztelaniazkoa baino geroago argitaratu nahi ez denean, baina, oro har, itzultzaileek eurek zehazten dute lan erritmoa.
7. Berriki tarifez hitz egiten aritu garenez, aipagarria da argitaletxe horietako batek nabarmendu zuela zuzentzaileei ere ordaintzen zaiela. Beste argitaletxearen kasuan, ez dugu horren inguruko informaziorik jaso.
8. Pasazaite [Azken kontsulta-data: 2018ko maiatzaren 24a]
9. Horietako baten kasuan, tirada 700 aleraino iritsi izan da zenbait lanekin, baina tiradaren batez bestekoa 250 alekoa dela adierazi zigun. Era guztietara, lehen talde honetan sailkatuko genuke, hurrengo multzoan sailkatu ditugun argitaletxeek hortik gorako tiradak baitituzte.
10. Datu horiek ikusirik, argi dago argitaletxe horren salmentek beheranzko bilakaera izan dutela azken urteetan. Gainera, argitaletxe berak aipatu zuen lehen ohikoa zela 2.000 aleko tiradak egitea baina gaur egun 1.500 ale baino gehiago inprimatzea ez dela bideragarria eta bigarren inprimaketak ere ez direla batere ohikoak. Hala ere, euskal itzulpenen bilakaera orokorraz hitz egin ahal izateko, ezinbestekoa litzateke argitaletxe guztien bilakaera banan-banan aztertzea.
11. Euskal liburugintzak izandako bilakaeraren inguruan gehiago jakin nahi izanez gero, ikusi Elkar Fundazioak eta Siadeco ikerketa elkarteak euskarazko kultur kontsumoari buruz egindako ikerketa edo Eusko Jaurlaritzaren 66. Euskal Soziometroa.