Administrazio eta Justiziako euskal itzultzaileak: egoera eta estatus profesionala
Lurdes Auzmendi

Sarrera

Euskal itzulpenaren alorrean itzultzaile-talderik aspaldikoena eta handiena administrazioko itzultzaileek osatzen dute zalantzarik gabe. 1980an Autonomi Estatutua onartu eta ondorioz Euskararen Normalizaziorako Legea eta berau garatzen duten zenbait dekretu indarrean sartu zirenetik ari dira lanean itzultzaileak euskal administrazioan.

Euskara normalizatzeko politikaren barruan txertaturik, udal administrazioan, foru administrazioan eta gobernu administrazioan poliki-poliki itzultzaile postuak sortzen eta hornitzen joan dira, gaur egun 150 itzultzaile baino gehiago daudelarik alor horietan lanean.

Postuen sorrera eta hornikuntza ez ziren, ordea, aldi berean gertatu alor ezberdinetan. Pentsatzekoa den bezala, lehenik herri edo lurralderik euskaldunenak (Gipuzkoako zenbait herri eta Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak) izan ziren pauso hori eman zutenak Eusko Jaurlaritzako Aldizkari Ofizialarekin batera.

EIZIE elkartean, bestalde, sorreratik bertatik izan dira eta daude administrazioko itzultzaileak. Ikusten denez, beraz, begibistako pisua du itzultzaile talde honek maila guztietan: hizkuntzaren normalizazioan, itzulpen kantitatean, hizkeraren eguneratzean eta normalizatzean, etabarretan. Halere, Euskal Herrian oraindik aztertzen hasi gabe geunden itzultzaile multzo honen egoera. Izan dira tarteka-marteka eta han-hemenka inoiz osatu diren lan eta azterketa-taldetxoak, baina horiek arazo terminologikoak edo hizkuntza mailako beste arlo batzuk aztertzeko eratu izan dira.

Aintzindariak

Ez dira hitz asko behar euskal itzulpenak Euskal Herriko administrazioan historian zehar izan duen pisua aipatzeko (edonola, gai honi buruzko argi gehiago ondorengo urteetan izango dugu, historiaren eta zuzenbidearen alorretatik hasiak direlako hain beharrezkoak zaizkigun ikerketak egiten). Ez noa hemen Euskal Herriaren historia aipatzera, esan behar da, halere, herrialde honetan instituzio politiko propioak Ertarotik egon arren, euskara ez dela izan beraietan erabilitako hizkuntza, eta horregatik euskararen erabilera administratiboa, joan den mendeko zenbait adibide solte izan ezik, ez da mende honetararte errealitate bat izan. Joan den mendeko bi datu besterik ez ditut aipatuko: Nafarroako erresuman Foru-garaiaren azken aldera (1828an bildu ziren azken aldiz Nafarroako Gorteak) Korrejidoreak Batzar Nagusien hasieran egin ohi zuen hitzaldia euskarara itzultzen zen, eta 1887ko urriaren 10ean argitaratutako Usurbill-ko erriyaren ordenantzak aipatu behar dira, azken horiek ere gaztelaratik itzuliak zirelarik.

Ondoren 1936. urtera egin behar dugu salto, "Eusko Araudia" edo Estatutua indarrean egon zen aldira hain zuzen. Orduko Eusko Jaurlaritzaren Agintaritzaren Aldizkarian ikus daitezke gazteleratik euskarara egindako itzulpenak.

Ondoren, 1937tik 1978an Eusko Kontseilu Nagusia sortu zen arte erabateko etena egon zen. Horrela, 1978ko maiatzaren 15ean Aldizkari Ofiziala bi hizkuntzetan argitaratzen hasi zen. Autonomi Estatutua 1980an eta Nafarroako Foruaren Hobekuntza 1982an onartu eta gero Euskararen Normalizatzeko Legeak indarrean sartzearekin, Euskal Herriko administrazioetan euskara txertatzeko itzultzaileak kontratatzeari ekin zitzaion. 

Hain zuzen, 1980. urtean Xabier Mendigurenek Euskaltzaindiaren eskariz eta galdeketa baten bidez euskal itzulpengintzari eta euskal itzultzaileei buruzko azterketa bat egin zuen Itzultzaile Eskola martxan jartzeko hainbat informazio eskuratu nahirik. Handik sei urtera, Jesus Zabaletak Martuteneko Itzultzaile Eskolako irakasle zela beste azterketa bat egin zuen; lehenengo galdeketa itzulpenen bat argitaratuta zeukatenei bidali zitzaien; bigarrena, berriz, gutxienez itzulpen-liburu bat argitaratuei eta administrazioan nahiz kultur erakunderen batean itzultzaile lanetan ari zirenei. Itzultzaileen adina eta jatorria, ikasketa maila, erabiltzen zuten euskara mota, prestakuntza, etabarri buruz galdetzen zen bi galdeketetan. Lehenengo galdeketa egin zenean, hau da, 80. urtean (30 erantzun jaso ziren), apenas zegoen administrazioan lanean ari zen itzultzailerik; bigarrena egin zenerako, handik sei urtera (86 erantzun jaso ziren), bazen Administrazioan itzultzaile lanetan ari zen multzo eder bat (erdiek aitortzen zuten Administraziorako egiten zutela lan).

1986an Administraziorako itzulpen lanak egiten zituztenen artetik heren bat zen erakunde publikoren bateko funtzionarioa edo kontratatua, besteak enplegatuak, aldi baterako kontratatuak, etabar dira. Beste bi datu interesgarri: itzultzaile gehienek autodidaktoak zirela aitortzen zuten eta itzulpen lizentziaturaren premia aldarrikatzen.

Administrazioko eta justiziako euskal itzultzaileen egungo egoera

Lehenago esan dugu 1980an hasi zirela Administrazioan euskal itzultzaileak kontratatzen. Hau zen lau urte geroago HAEEko Jose Inazio Berasategik osatu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko itzultzaileen banaketa:

(SENEZ, 1. zkia., 1984, 69-80 or.)

Lanean
Lanpostua betetzeke
Jaurlaritzan
Legebiltzarrean
Arabako Foru Aldundian
Bizkaiko Foru Aldundian
Gipuzkoako Foru Aldundian
Arabako udaletan
Bizkaiko udaletan
Gipuzkoako udaletan
GUZTIRA
8
3
1
5
2
1
15
24
59
2
4
2
-
4
2
1
3
18

Aztertzen ari garen alorreko itzultzaileen egoera orokorra ezagutu nahirik, inkesta bat osatu eta Herri Arduralaritzako Euskal Erakundeko Itzulpen Zerbitzu Ofizialak daukan itzultzaileen erregistroan ageri diren itzultzaile guztiei bidali genien. Guztira 64 erantzun jaso dira.

Aipatutako erregistroaren arabera, hau da gaur egun Euskal Herriko Administrazioan eta Justizian dagoen itzultzaile kopurua eta dagokien banaketa:

auzmendi_2.jpg

auzmendi_3.jpg

Aurrera jarraitu baino lehen gauza bat argitu behar da: Euskal Herriko administrazio erakundeen itzulpen premia guztiak ez dituzte betetzen kontratatuta dauden itzultzaileek. Itzultzaile horiez gainera, itzulpen enpresen eta beraien kontura lan egiten duten itzultzaileen artean urtean ehundaka orri itzultzen dituzte. Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietako aldizkari ofizialak, esate baterako, dagozkien erakundeetatik kanpo itzultzen dira; Arartekotik, Euskal Herriko Unibertsitatetik, Jaurlaritzako hainbat sailetatik eta udal handietatik ere kanpora lan asko eta asko atera ohi da. Zentzu horretan, une honetan badira Euskal Herrian, batez ere Donostian eta Bilbon, itzulpen enpresa handi eta ezagunak, nagusiki Administrazioarentzat lan egiten dutenak. Noizbait euskal itzulpenak Administrazioan duen pisu osoa baloratzerakoan kontuan hartu beharko ditugu, beraz, itzulpen enpresa horiek ere.

Eta galdeketara itzuliaz, esan dezagun honako 12 atal hauetan banatuta dagoela (ikus galde-sorta osoa txosten honen bukaeran):

1.-Postuaren zer-nolakoak.

2.-Prestakuntza, posturako eskaturiko ezagupenak.

3.-Postuaren funtzioa, zereginak eta iharduerak.

4.-Lan-taldeetan esku hartzea.

5.-Arau eta argibideak.

6.-Gainbegiratzea.

7.-Lanaren hartzaileak.

8.-Isilpeko informazioa.

9.-Instalakuntza, makinak eta ondarea.

10.-Lan-baldintza bereziak.

11.-Bestelako lan-baldintzak.

12.-Bestelako iruzkinak.

Ikusten den bezala, administrazio eta justiziako itzultzaileentzako bereziki prestatutako galdeketa da, orain arte sumatu bai baina zehatz-mehatz ezagutzen ez genituen hainbat datu ezagutzera bideratua. Emaitzak azaltzean Justiziako itzultzaileen egoera aparte aztertuko dut, gutxi diren arren daukaten pisua eta garrantzi handia eta daukaten egoera orokorra besteekin konparatuaz nahiko ezberdina delako.

Hitzaldi honen helburua, ordea, ez da itzultzaileen azterketa soziologiko zehatza egitea. Aurrerago EIZIEko administrazio batzordeak zehatz-mehatz aztertu eta baloratuko ditu erantzun guztiak. Orain nahiko orokorrean ikusiko ditugu izultzaileek emandako erantzunen araberako hainbat aspektu.

1.- Postuaren ezaugarriei dagokienez ondoko hauek aipa ditzakegu: itzultzaile gehienen postuaren izena Itzultzailea da, hamar batena itzultzaile-interpretaria eta apur batzuk teknikari laguntzaileak dira. Ia guztiak dira funtzionarioak eta antzinatasunik handieneko itzultzaileak foru administraziokoak dira. Udal administrazioan, halere, lan kontratudunak ere askotxo dira, eta bada 80tik kontratatuta lanean ari denen bat. Lehenago esan dugu 80an hasi zirela administrazio erakundeak itzultzaileak kontratatzen. Jaso ditugun erantzunetan, ordea, gutxi dira lan horretan 10-12 urtetik gora daramatzatenak. Horrek zer esan nahi du? Itzultzaile asko administrazioan lanean hasi baina beste lanbide batzuetara pasatu direla zenbait urteren buruan.

2.- Prestakuntzari eta posturako eskatutako ezagupenei dagokienez gauza batean ia denek ezaugarri bera dute: lanpostua sortu zenean batxilergoa edo gehienez erdi mailako titulua eskatu zieten. Administrazio erakundeetan lanpostuen balorazioak egin zirenean erdi edo goi mailako ikasketekin parekatu zituzten. Parekatze hori kasu batzuetan automatikoa izan zen, ordurako ikasketa maila horiek bazituztelako, eta beste batzuetan, oposaketa bat gaindituz. Alde handiak nabari dira, ordea, postuari dagokion sailkapen taldeari edo maila hierarkikoari dagokionez. Orohar, foru eta autonomi administrazioan A eta B taldeetan daude, baita udal handietakoak ere, udal txiki eta justiziakoak, ordea, C taldean eta maila hierarkikoan dezente bajuago ageri dira, soldata gordinean erlazio zuzenarekin. Maila hierarkikoan mailarik gorenetan daudenak Bizkaiko foru administrazioko itzultzaileak dira. Justiziako itzultzaileak dira guztien artean gutxien irabazten dutenak, urteko soldata gordina 2.000.000 pezeta ingurukoa daukatelarik.

Atal horretako beste aspektu batzuetan, ordea, alde txikiagoak nabari dira. Itzultzaile gehienen ustez, lanpostua ahalik eta ondoen gauzatzeko maila guztietako prestakuntza (itzulpena, interpretaritza, terminologia, informatika, administrazioko gai orokorrak, legedia, etabar.) litzateke beharrezkoa, eta zentzu horretan ikusten da HAEE-IZOk, UZEIk, UEUk urtero antolatzen dituzten ikastaroek arrakasta handia daukatela itzultzaileen artean, ia beti lantokian baimena ematen zaielarik ikastaro horietara joateko. Askoren iritziz, prestaketa jarraitua behar dute lanean diharduten administrazioko itzultzaileek. Bestetik, galdetzen ez zen arren, galdeketari erantzun dioten itzultzaile askok itzulpen lizentziatura edo ikasketa arautuen premia ere adierazten dute.

Administrazioko itzultzaileen ikasketa mailari buruzko ohar pare bat: gehienak euskaldun zaharrak dira, Euskal Filologiako nahiz Irakasle Eskolako ikasketadunak, Deustuko eta Euskal Herriko Unibertsitateko itzulpen masterra egindakoak ere dezente dira, eta aipatzekoa da Martuteneko eta HAEEko itzultzaile eskoletan ikasketak egindakoak ere askotxo direla.

3.- Postuaren funtzioa, zereginak eta iharduerak. Administrazioko eta Justiziako itzultzaile gehienek, lanpostuaren izenak agintzen dien eran itzuli egiten dute, eta kasu askotan orri asko itzuli ere. Alde nabarmen samarrak daude, ordea, administrazio mailen arabera: Eusko Jaurlaritzan, aldizkari ofizialean egunean 5-6 orri itzultzen dituzten bitartean (Jaurlaritzatik gainerantzeko sailetako erantzun gutxi jaso ditugu, eta jasotako apurrak HABEtik itzultzaile lanetara pasatutakoenak izan dira, atal honi dagozkion erantzunak ez dira batere adierazgarriak), Nafarroako Gobernuan egunean bataz beste 8-10 orri itzultzen dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiko itzultzaileek egunean 10-15 bat itzultzen dituzte, Bizkaikoek 10 bat Euskal Herriko Unibertsitateko itzultzaileen antzera, egunean 10-12 bat itzultzen dituztela aitortzen baitute. Zenbaki horiek txikiagoak dira udal administrazioan, izan ere udal handiak kenduta (horietan foru administrazioen neurrietara iristen baitira) besteetan bataz beste egunean 5 bat orri itzultzen dituztelako.

Horrek ez du esan nahi, inondik ere, udal administrazioan lan gutxiago egiten dutenik; gertatzen dena hau da: goi mailetako administrazioko itzultzaileen eginkizuna itzulpenak eta dagokienean interpretaritza lanak egitera mugatzen da; udaletan, berriz, kultur sustatzaileak, liburuzainak, hizkuntz plangintzen jarraipen-egileak etabar ere badira, itzultzaileak izateaz gain. Aspektu hau asko azpimarratzen dute udal itzultzaile gehienek: lan sakabanaketa, lan desberdin asko egin beharra, eta badirudi horrek halako etsipen edo nekea eragiten diela.

Euskal administrazioan egiten diren hamar itzulpenetatik bederatzi edo gehiago gazteleratik euskarara eginak dira; alderantzizkoa egin beharra, ordea, oso gutxitan suertatzen da (bada osorik euskaraz funtzionatzen duen udalen bateko itzultzailea ia dena euskaratik itzuli behar izaten duena; zentzu berean Gipuzkoako Foru Aldundian eta askoz neurri txikiagoan Bizkaikoan udal horietatik iritsitako dokumentuak eta politikoren baten idatziak dira nagusiki erderatu beharrekoak).

Erakundeetako itzultzaile lanpostuen kopurua gaur egun nahikoa den galderari emandako erantzunak berdin banatzen dira: erdiek baietz dioten bitartean beste erdiek ezetz erantzuten dute. Alegia, itzultzaile asko (eta horiek berdintsu banatzen dira udal eta foru administrazioen artean) lanez gainezka daude eta itzultzaile postu gehiagoren beharra ikusten dute.

4.- Lan-taldeetan esku hartzea atala bera bezain laburra da erantzunen sailkapena: itzultzaile gehienek ez dute beraien lanbidearekin zerikusia duen inolako lantaldetan parte hartzen. Foru Administrazioko itzultzaileak, eta zehazkiago Gipuzkoakoak dira ezbairik gabe eginkizun horretan gehien sartuta daudenak, itzultzaileen arteko mintegi bat osaturik baitaukate eta HAEErekin batera administrazio hiztegi bat lantzen ari baitira administrazioko beste zenbait itzultzailerekin batera.

5.- Arau eta argibideak. Ze eratako lanak egiten dituzte Administrazioko itzultzaileek? Autonomia eta foru erakundeetako itzultzaileek arauak eta dekretuak, erabakiak, aginduak, ebazpenak eta inprimakiak itzultzen dituzte batez ere. Udal administraziokoek, berriz, aktak, agiriak eta inprimakiak, beraien lanean izarra aktak direla azpimarratzen dutelarik. Eta testu horiek itzultzeko orduan zein eratako aholkuak eta nori eskatzen dizkioten atalari emandako erantzunek garbi adierazten dute hitzak, adierak eta estilo arazoak direla zalantza gehien sortzen dizkietenak, eta horiek argitzeko legelari, ekonomilari, zinegotzi, alkate, lankide, ahal dutenarengana jotzen dute. Bada gaztelerazko testua aldatzeko baimena eskatzen duela adierazten duenik ere.

Lan asko, askotan jatorrizko testuekin arazoak eta itzulpena gainbegiratzeko laguntzarik gabe. Hori da lan baldintzetan daukaten errealitatea. Batez ere udaletako itzultzaile ia guztiak bakarka ari dira lanean, eta horiek ez daukate egiten duten itzulpena gainbegiratzeko nori pasaturik. Foru eta autonomi administrazioan ia beti daude itzultzaile bat baino gehiago elkarrekin, eta horien artetik itzulpenak beste norbaitek begiratzen dituen kasuan ia beti beraiek hala nahi dutelako eta barne antolaketari esker egiten dute. Gure administrazioetan zuzentzailearen figura dagoenean ia beti jatorrizko testuak begiratzeko soilik izaten da. Itzultzaile batek baino gehiagok erantzun du ez daukala egiten duten lana gainbegiratuko duenik, baina eduki nahiko luketela.

6.- Administrazioko eta Justiziako itzultzaileen organigrama, bestalde, oso sinplea da, itzultzaile taldeak dauden leku batzuetan bakarrik (Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundietan eta Jaurlaritzan Aldizkari Ofizialekoak) daude hierarkikoki banatuta, eta banaketa hori oso sinplea da: badago arduradun bat eta beste guztiak haren menpean daude, nahiz eta eskrupuloengatik-edo hori horrela dela ez aitortu.

7.- Lanaren hartzaileak. Hasieran esan dugu Administrazioko euskal itzultzaileak Administrazioa euskalduntzeko bidea izan zirela eta direla gaur oraindik. Administrazioak euskaraz jaulkitzen dituen ia idazki guztiak itzulpenak dira, eta lehen ikusi dugu zer itzultzen den. Horren arabera argi ikusten da honako hau: Administrazioak berak bere funtzionamendurako sortzen dituen testuak dira lehenik gehien itzultzen direnak (aktak, dekretuak eta arauak), inprimakiak eta herritarrei zuzendutako testuak daude jarraian, eta ondoren deialdiak, liburuak, iragarkiak etabar.

Lan hizkuntzak, bestalde, lurraldeko bi hizkuntza ofizialak dira: lehenago esan den bezala ia dena gaztelarik euskararako itzulpena da, orohar oso gutxi itzultzen da euskaratik gaztelerara, eta bestelako hizkuntzak, frantsesa edo ingelesa oso noiz behinka erabiltzen ditu itzultzaileren batek foru administrazioan. Euskarara itzultzen da, beraz, eta gainera euskara batura. Euskalkien erabilera oso-oso murritza da idatzizkoetan: bizkaiera nekazariei zuzendutako testuetan (1), bandoetan (1), euskaldun zaharrengana zuzentzean (1) eta beste kasu apur batzuetan, nafarrera (1). Aldibereko eta esanosteko interpretaritzan eta hiritarrekiko ahozko harremanetan ere erabiltzen dira euskalkiak (gipuzkera, bizkaiera eta behe-nafarrera).

Euskal Herriko Administrazioan eta Justizian interpretaritzaren erabilera, bestalde, nahiko zabaldua dago. Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinetan (hezkuntza, lana, etabar.), hiru lurraldeetako batzar nagusietan, udal handi nahiz txikiagoetan, batez ere Gipuzkoan, epaitegietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean osoko bilkuretan eta batzordeen bileretan, eta epaitegien kasuan prozeduretan eta epaiketetan euskarak badu nahiko presentzia hedatua. Udaletxe askotxotan eta Justizian esanosteko interpretaritza egiten da nagusiki, batzar nagusietan, unibertsitatean eta parlamentuetan, berriz, aldiberekoa. Eta beste kasu askotan gertatzen den bezala, erakundea zenbat eta maila goragokoa, tresneria orduan eta hobea da.

8.- Isilpeko informazioari dagokionez, hemen ere aldeak erakunde mailaren araberakoak dira. Udal administrazioan isilpeko informazioa erabiltzen dutenen eta erabiltzen ez dutenen banaketa antzekoa da, isilpean gorde beharreko materiala ia beti lanpostu-azterketak izaten direlarik. Foru administrazioan, aldiz, zergadunen datuak, goi karguen arteko komunikazioak eta foru arau eta dekretuak izan ohi dira era horretako materialak, azken horiek gobernuetako itzultzaileei ere tokatzen zaizkielarik. Justiziako itzultzaileen kasuan, sekretupean jartzen diren sumarioak, epaiak eta erabakiak dira isilpean gorde beharrekoak.

Estatuko beste hizkuntzetan bezala, gurean ere baditugu gazteleratik euskararako zinpeko itzultzaileak, eta pentsatzekoa litzateke era horretako itzulpenek zinpekoak izan beharko luketela; halere, nik dakidala bederen, Administrazioak oso gutxitan eskatzen ditu zinpeko itzulpenak.

9.- Instalakuntzak, makinak eta ondarea ez dira itzultzaileei kezka handienak eragiten dizkieten gauzak. Justiziako itzultzaileek salbu (idazmakinekin jarraitzen dute lanean), beste guztiek dauzkate ordenagailua (gehienek PCak) eta oinarrizko altzariak (mahaia, aulkia eta fitxero-armairua). Bakarka dauden itzultzaileen kasuan ia denek Administrazioko beste langile batzurekin partekatzen dituzte bulegoa eta beste zenbait zerbitzu: fotokopiadora, inprimigailua, etabar. Modema, posta elektronikoa eta Interneti lotuta egotea apur batzuen pribilegioa dira.

Lanerako erabiltzen dituzten bitartekoak antzekoak dira ia kasu guztietan: hiztegi, gramatika gutxiago, estilo liburu gutxiago, entziklopedia eta glosategiz ongi hornituta daude eta itzultzaile guztiek erabiltzen dituzte. Gipuzkoako itzultzaileak (berdin herri nahiz foru administraziokoak) Euskalterm izeneko datu-base terminologikoarekin lotuta daude. Eta horrezaz gain, beste datu adierazgarri batzuk: Nafarroako Parlamentuko eta Gobernuko itzultzaileek badute Nafarroako Aldizkari Ofizialen Datu Base bat (STAIRS), Gipuzkoako Foru Aldundiko itzultzaileek itzulpen-argitalpenak eta Bizkaikoek lege-administrazioko testuak erabili ohi dituzte. 

10.- Lan-baldintza bereziak jasan behar dituztenak interpretariak dira nagusiki. Kabinetan tenperatura gora-behera handiegiak, zaratak gaizki isolatuta daudelako edo transkriptoreekin batera aldi berean erabili behar direlako, horiek dira arazo nagusiak.

11.- Azkenik, bestelako lan-baldintzei buruz galdetzen zitzaien: foru administrazioetakoek ez ia beste itzultzaile guztiek bateraezintasuna daukatela aitortzen dute; halere, bateraezintasuna eduki arren beraien erakundetik kanporako itzulpenak egiten dituenik ere bada, batez ere literatura itzultzen duenik.

Bestelako iruzkinak egiteko aukera ematen zitzaien itzultzaileei. Oso gutxi izan dira, ordea, erantzun dutenak, eta erantzun dutenean, gehienak udal administraziokoak izan dira eta beraien lan egoerarengatik kezka eta kexa azaltzeko izan da: zerbitzuaren antolaketa okerra, lan sakabanaketa izugarria, etabar.

Honaino, beraz, Administrazio eta Justiziako itzultzaileen egungo egoeraren azterketa. Hasieran esan dut, ordea, Justiziako itzultzaileen egoerari buruz aparteko azterketa labur bat egingo nuela.

Euskal Herriko Justizi auzitegietarako bost itzultzaile daude kontrataturik. Itzultzaile hauek zuzenean Justizia Ministerioak kontratatuta daude eta duela bi-hiru hilabete Madrilgo Gobernuak Eusko Jaurlaritzari egindako transferentzien bidez denbora gutxi barru Eusko Jaurlaritzaren ardurapean geratuko dira.

Lan horretan denbora gehien daramanak sei urte t'erdiko lan esperientzia dauka alor horretan. Batxilergo titulua eta EGA eskatu zitzaien lanpostuan sartzeko, baina orain dauden bost itzultzaileetatik lau itzultzaile eskoletan ikasketak eginak dira, eta sailkapen taldeari dagokionez C taldean daude.

Zuzenbideko ezagutzez eta interpretaritzako praktikaz arduratuak, nahiz itzulpen idatzietan nahiz esanosteko interpretaritzan euskaratik gaztelerara eta alderantziz itzuli behar izaten dute. Beraien lan baldintzak, bestalde, nahiko gogorrak dira: Donostiako Auzitegi Probintzialeko eta Bilbon egoitza daukan Euskal Herriko Justizi Auzitegi Nagusiko interpretariek beraien lurraldeetan dauden beste epaitegietara joan behar izaten dute ahozko itzulpen beharrak daudenean, eta hori oso sarritan gertatzen da. Horregatik, bi hiriburuetarako itzultzaile gehiagoren beharra aldarrikatzen dute itzultzaileek.

Erreguak, probidentziak, autoak, salaketak, jakinarazpenak, epaiak, etabar itzuli behar izaten dituzte, eta interpretaritza, berriz, epai prozesuetan beharra dagoen pauso guztietan. Lehenago genioen bezala, eta ezaugarri hau itzultzaileena bakarrik ez bada ere berriro aipatzekoa da: idazmakinak erabiltzen dituzte oraindik (justiziaren aurrerakuntzen adibidea).

Lan baldintzak, berez, ez dira bereziki gogorrak, baina badira bi ezaugarri beste itzultzaileen kasuan ez bezala egoera asko okertzen dietenak: alde batetik epaile, magistratu eta idazkari askoren itzultzaileekiko mespretxua. Izan da sei orduz itzultzailea epaiketa batean zutik egotera derrigortu duen epailerik, ezaguna da komunikabideetan itzultzailearen lana gogor kritikatu zuen epailearen kasua eta ezagunak dira, tamalez, abokaturen batzuen aldetik inoiz jasotzen dituzten tratu ez oso errespetuzkoak. Guzti horrek, esan bezala, askoz nekezagoa eta zailagoa bihurtzen du beraien lana eta uste baino sarriagotan aurkitzen dira baja hartu beharrean estresarengatik eta antzeko gaisotasunengatik.

Laburbilduaz, beraz, eta Administrazioko itzultzaileei gagozkielarik, hau litzateke itzultzaileen perfila:

  • Gehienen lanpostuaren izena "itzultzailea" da, funtzionario harremana daukate erakundearekin eta batez beste 5-6 urte daramatzate lanean.
  • Erdi edo goi mailako ikasketak eginak, euskaldun zaharrak, B edo C sailkapen taldean daude (A-B taldean foru eta autonomia administraziokoak, B-C taldean udaletakoak), 2.750.000-3.500.000 pezetako soldata gordina daukate urtean.
  • Berain formazioaz arduratuak, oso ongi ohartzen dira zein eratako prestaketa jarraitua behar duten eta erakundearen baimenarekin ikastaroetara nahiko sarri joan ohi dira. Askotxo dira Euskal Herrian itzulpen ikasketa arautuen (lizentziatura) premia aldarrikatzen dutenak.
  • Postuaren funtzioei dagokienez, erakunde politiko nagusietan batez ere itzuli egiten dute (aldizkari ofiziala, arauak, etabar); udal administrazioan ere asko dira gehienbat itzulpen lanak egiten dituztenak (aktak, iragarkiak, etabar), baina euskararekin zerikusia duten beste lan asko ere egin behar izaten dituzte. Itzultzaile-interpretarien kasuan, bi lanak uztartzen dituzte.
  • Itzultzaile askoren ustez, batez ere udal administrazioan badira oraindik itzultzaile gehiago kontratzea justifikatzen duten premiak. Egunean itzultzen duten orri kopuruari dagokionez alde handiak daude: Jaurlaritzan, aldizkari ofizialean egunean 5-6 orri itzultzen dituzten bitartean, Nafarroako Gobernuan egunean bataz beste 8-10 orri itzultzen dituzte; Gipuzkoako Foru Aldundian 10-15 bat, Bizkaikoek 10 bat udal handietako eta Euskal Herriko Unibertsitateko itzultzaileen antzera, eta udal txikietan egunean 5 bat orri.
  • Orohar itzultzaileek ez dute beraien lanbidearekin zerikusia duen inolako lantaldetan parte hartzen (Gipuzkoako Foru Diputaziokoak eta beste itzultzaile batzuk salbu), eta jatorrizko testuetan aurkitzen dituzten arazoak argitzeko (lexikoa, adiera, estiloa) sailean dagoen aditu edo lankideen gana jotzen dute. Aldiz, itzulpenarekin arazoak edo zalantzak dauzkatenean bakarka lanean ari direnek (nagusiki udal itzultzaileek) ez daukate norengana jo.
  • Lan gehiena administrazioak bere funtzionamendurako gaztelaraz sortzen dituen testuak itzultzean datza, alderantzizko itzulpena kasu gehienetan erabat sinbolikoa delarik (Autonomi Estatutua onartu zenetik 16 urte igaro eta gero, euskara ez da oraindik iritsi Administrazioko eguneroko lan-hizkuntza izatera, ez behintzat kasu gehienetan). Idatzizko itzulpenetan ia beti euskara batua erabiltzen da, gauza txikietan edo ahozko itzulpen-harremanetan euskalkiak ere erabiltzen diren arren.
  • Isilpeko informazio askotxo erabiltzen dute itzultzaileek (lanpostuetarako azterketak, zergadunen datuak, politikoen erabakiak, etabar).
  • Instalakuntza, ondare eta hornikuntza aldetik nahiko ongi daude, ordenagailuak badituzte, baita hiztegiak, gramatikak, entziklopediak, etabar ere, eta normalean, interpretarien kasuan salbu, ez dute baldintza berezietan lanik egin behar izaten.
  • Gehienei bateraezintasuna eskatu zaien arren, literatura, gidoiak, herri aldizkariak, etabar itzultzen ere saiatzen dira.

  • Administrazioan euskara maila guztietan normalizatzea tokatzen zaien itzultzaile hauen lanak (euskara normalizatu, hizkuntza bera normalizatzen joan, komunikazioa bermatu, etabar) merezi du, dudarik gabe dagokion aitorpena eta eskerrona. Ongi prestatutako itzultzaileak, beraien formazioaz eta egiten duten lanaz nola arduratzen eta saiatzen diren ikusita itzultzaileon mugak gainditu eta gizartearen onarmena eta maila guztietako agintarien aitorpena behar dutelakoan nago. Zentzu honetan, bestalde, jakin ezazue EIZIE elkarteak azterketa honekin jarraituko duela, emaitza osoagoak atera eta itzultzaieen maila guztietako hobekuntzak eta prestaketak lortzeko.

 

ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA ALORRETAKO ITZULTZAILEAK
GALDE-SORTA

1.- Postuaren nolakoak

1.1.- Zein erakundetan egiten duzu lan?

....................................................................................................................................................................................................................................

1.2.- Postuaren izena (indarreko Organigramaren arabera):

....................................................................................................................................................................................................................................

1.3.- Zer nolako lan harremana duzu erakundearekin?

a) funtzionarioa
b) aldi baterako lan kontratuduna
c) behin betiko lan kontratuduna
d) bekaduna

1.4.- Zenbat denbora daramazu lan horretan?

....................................................................................................................................................................................................................................

2.- Prestakuntza, posturako eskaturiko ezagupenak

2.1.- Postua eskuratzeko eskaturiko oinarrizko prestakuntza edo ikasketa-agiria:

....................................................................................................................................................................................................................................

2.2.- Postuari dagokion Sailkapen Taldea adieraz ezazu (Zirkulu batez inguratu)

A  B  C  D  E

2.3.- Postuari dagokion Maila Hierarkikoa adieraz ezazu (Zirkulu batez inguratu)

6  7  8  9  10  11  12  13  14  15  16  17  18  19  20  21  22  23  24  25  26  27  28  29  30

ARCEPAFEren arabera

Jaurlaritzako hitzarmenaren arabera

2.4.- Zein da zure urteko soldata gordina?

a) 2.000.000 baino gutxiago
b) 2.000.000tik 2.250.000ra
c) 2.250~000tik 2.500.000ra
d) 2.500.000tik 2.750 000ra
e) 2.750.000tik 3.000.000ra
f) 3.000.000tik 3.500.000ra
g) 3.500.000tik gora

2.5.- Esandako ikasketez gain, a) zein trebakuntza osagarri izango litzateke beharrezkoa lanpostua ahalik eta ondoen gauzatzeko? b) Zein gai edo alorretan egon behar da etengabe egunean? c) Noizero eguneratu beharra dago?

....................................................................................................................................................................................................................................

(Ahal izanez gero, agiri honi lanpostuko deialdiaren oinarriak erantsi iezazkiozu)

2.6.- Zure lanpostuarekin zerikusia duten zein ikastarotara joan zara?

....................................................................................................................................................................................................................................

2.7.- Lantokian baimena eman dizute ikastaro horietara joateko?

BAI
EZ

2.8.- Nolako euskara ikasketak dituzu?

a) euskaldun berria
b) euskaldun zaharra
Euskal Filologia
Itzultzaile Eskola
Magisterio
Besterik zer? ............................. .

3.- Postuaren funtzioa, zereginak eta jarduerak

3.1.- Postuaren funtziorik oinarrizkoena:

(Postuaren funtziorik behinena ahalik eta laburren -esaldi bat edo bi- definitzen ahalegindu)

....................................................................................................................................................................................................................................

3.2.- Postuaren zeregin eta jarduerak:

Aipaturiko postuaren funtziorik oinarrizkoena behar bezala gauzatzeko lanpostuari izendatu zaizkion zereginak deskriba itzazu, horietan zenbateraino parte hartzen duzun azaldurik, baita, zure iritziz, jardunaldiaren zein % erabiltzen duzun haietariko bakoitzerako (denboraldi luzeak kontuan izanik, adibidez, urtea).

ZEREGINAREN DESKRIBAPENA

- ..................................................................................................................................................................................................................................

- ..................................................................................................................................................................................................................................

JARDUNALDIAREN %

- ..................................................................................................................................................................................................................................

- ..................................................................................................................................................................................................................................

3.3.- Zure erakundean dagoen itzultzaile lanpostuen kopurua nahikoa al da gaur egun dagoen lan bolumenerako?

BAI
EZ

3.4.- Batez beste, zenbat orri itzultzen dituzu egunean?

....................................................................................................................................................................................................................................

4.- Lan-taldeetan esku hartzea

4.1.- Parte hartzen al duzu zure lanbidearekin zerikusia duen lantalderen batean?

BAI
EZ
a) EIZIE
b) Terminologia lantzeko talde bat. Zein? .................................................... .
c) Hiztegigintza. Zein? ............................................................................. .
d) Besterik zer? ............................................................................................ .

5.- Arau eta argibideak

5.1.- Ze eratako lanak egiten dituzu? (Garrantziaren edo maiztasunaren arabera antolatu)

....................................................................................................................................................................................................................................

5.2.- Zein erabaki motatan eskatzen diozu aholkua zure nagusiari edo lankideren bati?

....................................................................................................................................................................................................................................

5.3.- Beste lagunen batek gainbegiratzen du zure lana? Nor da?

6.- Gainbegiratzea

6.1.- Ba duzu lanposturik zeure menpean? (Zirkulu batez ingura ezazu)

BAI
EZ

6.2.- Aztertzen ari denaren menpean ZUZENEAN dauden postuak adieraz itzazu.

POSTUAK

....................................................................................................................................................................................................................................

ZENBAT LAGUN

....................................................................................................................................................................................................................................

6.3.- Postu honen menpean dagoen LAGUN kopurua (zuzenean edo aurreko ataleko postuen bitartez):

....................................................................................................................................................................................................................................

6.4.- Menpekoen zereginak:
(Postu hau betetzen duenaren menpean zuzenean dauden lagunen zereginak, postua eta sailkapen-taldea deskriba itzazu).

....................................................................................................................................................................................................................................

7.- Lanaren hartzaileak

7.1.- Ze eratako itzulpenak egiten dituzu?

a) Aktak
b) Inprimakiak
c) Dekretu eta arauak
d) Herritarrei zuzendutako testuak
e) Liburuak
d) Beste (zehaztu) ........................................................................................ .

7.2.- Euskaratik gaztelerarako itzulpenik egiten al duzu?

BAI
EZ
Zer? ............................................................................................................. .

7.3.- Ahozko itzulpenik egiten duzu?

BAI
EZ
a) Aldiberekoa
b) Esanostekoa
c) Telefonozko itzulpena (erakundetik bertatik eskatuta)

7.4.- Beste lan hizkuntzarik erabiltzen duzu zure lantokian?

BAI
EZ
Zeintzuk? .....................................................................................................

7.5.- Euskalkirik erabiltzen duzu zure lanean?
BAI
EZ
Zein euskalki eta zein kasutan? .....................................................................

8.- Isilpeko informazioa

Isilpeko informaziotzat administrazioaren barne-jarduerari edo horrek kanpoan duen jarrerari kalterik ez egitearren kontuz erabili beharreko informazio gordea joko da.

8.1.- Erabiltzen al da postu horretan isilpeko informaziorik?

BAI
EZ

8.2.- Erantzuna baiezkoa izatekotan, zer informazio-mota den eta noizero erabiltzen duzun azal ezazu:

INFORMAZIO-MOTA

....................................................................................................................................................................................................................................

MAIZTASUNA
(Noizbehinka, egunero, astero)

....................................................................................................................................................................................................................................

9.- Instalazioak, makinak eta ondarea

9.1.- Zein instalakuntza, makina eta/edo ondare (azpiegitura edo berezko bitarteko) izendatu zaio postua betetzen duenari?

....................................................................................................................................................................................................................................

9.2.- Aldibereko interpretarien kasuan, adierazi ze eratako instalazioa dagoen.

....................................................................................................................................................................................................................................

9.3.- Zehaztu lanerako erabiltzen dituzun honako hauek:

a) hiztegiak 
b) gramatikak 
c) estilo liburuak 
d) entziklopediak
e) glosategiak
f) Euskalterm
g) beste (zehaztu)

10.- Lan baldintza bereziak

10.1.- Izendatu zaizkizun zereginak burutzeko orduan, baldintza berezietan lana egin behar izaten duzu?

BAI 
EZ
(Baiezko kasuan) Lana desatsegin bilaka dezaketen edo bilakatzen duten elementuak (zarata, zikinkeria, hotza, beroa, etabar) ohikoak ez diren mailetan dauden lokaletan lana egin behar izaten dut.

11.- Bestelako lan baldintzak

11.1.- Bateraezintasunik eskatu zaizu, hau da, UDALeko lanpostuan baino ez aritzeko; alegia, irabazteko xededun beste jardueraren bat egiteko debekurik ezarri zaizu? (Zirkulu batez marka ezazu)

BAI
EZ

11.2.- Zure erakundetik kanporako Itzulpenik egiten al duzu?

BAI
EZ
Zein eratakoak? ..........................................................................................

12.- Bestelako iruzkinak

Zure iritziz aurreko atalen bitartez lanpostuaren benetako ezaugarriak ondo adierazterik ez badago, iruzkinak segituan aipa ditzakezu:

....................................................................................................................................................................................................................................